Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
17
Arnasestuka nagon.
Tiraldi bakarrean jaulki dizkinat hire historia eta neurea. Beharrezkoa zunan, baina ez dinat esan minak urradura berberak berritzen dituela gogora ekartzean, aspaldikoak badira ere.
Hire etsipena neurea gertatu zunan, nire arbuioa hirea gertatu zen bezala. Barka iezadan beste behin ere hire orbana berritu badut. Nirea odol jario zagon beti.
Esango didan: bizitza ez dun, bada, zimurrik gabekoa! Lazturen aurka egiten dinagu tupust. Bazekinat, bai: ez zagon zimurrik gabeko ezkontzarik. Izaera ezberdinen eta sentimenduen indarraren isla ditun. Halako bikoteetan, elkarrizketa orori ezetza emanez samurtasunaren bultzada hausten duen emaztearen biktima dun gizona, bere antsietan bilduta apetatsu. Beste batean, alkoholismoa dun osasuna, ondasunak eta bakea jaten dituen pipia. Norbanakoaren nahasmendua azaleratzen din alkoholak, pertsona hori eszena barregarrietan suntsituz, muturrekoak eta labanaren zemaia baitira, hutsik egin gabe, hurkoa isilarazteko argudiorik sendoenak.
Hemen, erraz irabazteko irrika dun nagusi: jokalari zentzakaitzak, hala tapiz berdeen gainean nola zuhaitz baten itzalean eserita. Deabruzko kiratsez betetako areto beroegiak, jokalari amorratuen begitarte asaldatuak. Karten bals satanikoak denbora, ondasunak eta kontzientzia irensten ditin, eta ez din amaierarik izango horretara jarrita dagoenaren azken arnasa arte.
Nire ezkontzako porrotean neuk eragindako akatsak bahetzen ari naun. Neurri gabe eman dinat, jaso dudana baino gehiago eman ere. Bikotean ez bada, osotasunera iritsi eta beren neurriari dagokion eran hazi ezin diren horietakoa naun. Ulertzen haut; begiramena zionat emakume askeen aukerari, baina ez dinat inoiz ere ulertu zoriona bikotetik kanpo.
Etxea maite izan dinat. Etxea itsasbazter atsegin bilakatu dinat, eta horren lekuko haut. Bertan gauza orok din bere txokoa, koloreen sinfonia harmoniatsua sortuz. Nire sentiberatasuna ezaguna zain, Modouri eskaini diodan neurriz gorako maitasuna ere bai. Gau eta egun etengabe haren zerbitzuan, heu haiz testigu nola hartzen nion aurre haren desiorik txikienari ere.
Moldaerraz gertatu naun haren familiarekin. Gure etxetik alde egin badu ere, sarri etorri ohi ditun haren aita eta ama, anaia Tamsir, arrebak ere bai. Haurrak istorio-misteriorik gabe ari ditun hazten. Nire jaunaren oinetara botatako hainbeste koroa bailiran, haurren eskolako arrakasta dun nire harrotasuna.
Modou ez zegonan preso. Nahi zuena egiten zinan bere denborarekin. Oso ondo ulertzen ninan bere lasaitu beharra. Etxetik kanpo, bere gogoa hala zelako, sindikatuko jardunean aurkitzen zinan osotasuna.
Nire jokabidearen ahuldadeak aztertzen ari naun. Nire biziera soziala iskanbilatsua gerta zitekenan, sindikatuko etorkizunean Modouri itzal egiteraino. Familiak engainatua eta barregarri utzia izan den gizonak eska ote dezake errespetua besteengandik? Bere betebeharra txarto egiten duen emaztearen gizonak eska ote dezake, lotsarik gabe, lanaren ordain justua? Andre erasokorrak edo bigunegiak senarraren gain botatzen din bere jokabideak sortzen duen destaina eta ezinikusia. Goxoa bada, ideologiarik gabe biltzen ahal ditin ekimen baterako laguntzak. Dena esateko, gizonaren lorpen guztiak emakume baten euskarrian oinarritzen ditun.
Eta etenik gabe galdetzen zionat neure buruari. Behin eta berriro galdetu ere. Zergatik? Zer dela-eta alde egin du Modouk? Zer dela-eta sartu du Binetou gure artean?
Arrazoizkoa dun, erantzungo dun hik: joerak ezerezetik jaiotzen ditun sarri; imintzio bat, keinu bat, buruari eusteko modu batek liluratzen din bihotza, eta barruan gorde.
Neure buruari galdegiten zionat. Gazte garaiko maitasunari denen gainetik leial izan natzaiola dun nire egia; negar egiten zionat Modouri, eta ezin dinat ezer egin horren aurrean, Aissatou.