Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
22
Sekulako nekea nabari dinat. Arimatik zatorkidan, eta gorputza astunago bihurtzen din neke horrek.
Ousmanek, nire txikienak, gutuna eman zidan. Sei urte ditin. «Izeba Aissatourena da» esan zinan.
Lehentasuna din hire gutun guztiak eskura emateko. Zertan ezagutzen dituen? Seiluan? Kartazalean? Hire ispilu den idazkera zainduan? Darion izpiliku usainean? Haurrek baditizten gureen antzik ez duten zedarriak. Ousmanek ahogozatu egiten din bere aurkikuntza. Irabazi din.
Goxatzen nauten hitz txeratsu hauek hireak ditun, bai. Eta “azkenaren” berri ematen didan. Kontua ateratzen ari naun. Bihar amaitzen dun nire itxialdia. Hor izango haut hi, eskuaren, ahotsaren, begiradaren eskumenera.
«Amaiera ala hasiera berria?». Nire begiek hire aldaketarik txikienak ere antzemango ditizten. Nire aldetik, egina dinat nireen kontua. Itxialdiak ondu egin nain. Arrangurek, zimurtu; nire koipea urtu egin dun. Hezurra ukitzen dinat haragia mamitzen ari zen lekuan.
Garrantzizkoena ez dun gorputzean ageri dena. Biziarazten gaituen bihotzaren edukia dun garrantzizkoa; betetzen gaituen izerdi bizigarriaren kalitatea dun oinarrizkoa. Sarri erakutsi didan maitasunaren gainetik dagoela adiskidetasuna. Denborak sendotu ditin elkarren arteko loturak, urruntasunak oroitzapen komunak bezainbeste, eta gure haurrak anai-arreba bihurtu. Batera zenbatuko ditugu loraldi zimelduak ala hazi berriak lurperatuko ditugu ekoizpen berrietarako?
Dabaren oin hotsak entzuten ari naun. Blaise Diagne lizeotik zetorren, hara joan baitzen nire ordez, bilera-dei bati erantzunez. Mawdo Fall[31] nire semeak filosofiako irakaslearekin duen konponezina baretzera. Sarrikoak ditun beren arteko haserrealdiak maisuak zuzendutako idazlanak eskuratzean.
Dabaren eta Mawdo Fallen urteen tartea, bi haurdunaldi galduen hutsa bitarteko, nabarmena dun; hori badakin.
Irakaslearen eta ikaslearen arteko korapiloa askatzera joan dun Daba, sei hilabetean hirugarrenez. Literaturarako gaitasun bikainak ditin Mawdo Fallek. Seigarren urtetik hona, nagusi izan dun gai horretan bere gelan; baina, aurten, maiuskula bat ahaztu zaiolako, koma batzuk utzi dituelako, hitz bat oker idatzi duelako, puntu bat edo bi kentzen zizkion irakasleak. Horregatik, Jean-Claude, Zuri bat, betiko bigarrenak, gaina harrapatu zion. Irakasleak ezin din eraman Beltz bat filosofian lehena izatea. Eta Mawdo Fall marmarrean aritzen dun. Ondorioz, irakaslearen eta ikaslearen arteko liskarra eta bilera-deia.
Daba prest zegonan irakasleari gertatutakoa latz adierazteko. Apur bat eztitu dinat. Etenik gabe konponketa bilatu beharrekoa dun bizitza. Azterketako idazlana dun garrantzizkoa, azaldu zionat… Lan hori, ordea, zuzentzailearen esku zagon. Inork ez din eraginik izango beragan. Horrela bada, zertarako asaldatu irakaslea ikaslearen zoria aldatuko ez duten puntu baten edo biren gorabeheragatik?
Hau esaten zienat beti nire haurrei: gurasoek zaindutako ikasleak zarete. Egizue lan haien nekeak merezi bezala. Aurka egin ordez, serio ahalegindu, bada. Handiak izango zaretenean, zuen iritziak ontzat hartuak izan daitezen, diploma bitartez ziurtatutako jakitatetik jario beharko dute. Diploma ez da mitoa. Diploma ez da dena, jakina. Baina jakitate bat saritzen du, ahalegin bat. Jarri bihar agintean nahi duzuena, komeniko zaizuena. Zuen aukerak zuzenduko baitu herria, ez gureak.
Kanpotik ekarritako grina gaiztoen eta bertute zaharren erresistentzia itsuaren artean, bere oinarri sakonenetan astindua dago gure gizartea.
Igoera sozial azkarraren ametsak seme-alabak heztera baino jakitatea ematera bultzatzen ditu gurasoak. Bai giroan eta bai bihotzetan, zeharo sartua dago kutsadura hori.
Joanarenak gaitun, “antigoalekoak”, “atzean utziak”, “hondatuak”; baliteken. Baina gu laurok, zehaztasunez oratuak, kontzientzia zorrozteko eta geure buruari galdera garratzak zuzentzeko gai gaitun. Gure senarrek, Aissatou, ezkontzaren bukaera hain mingarria izan bada ere, bazitenan bikaintasuna. Garaipenak ihes egin bazien ere, aurrera eraman zitenan bizitzako borroka; milaka urtetako pisua gainditzea ez baita erraza.
Gazteei begira jartzen naun. Non da prestutasun hori, ohore irainduak eskatzen duenean erantzuna emateko, begiak erne? Non, lur eremu bat osoa auzolanera eramaten zuen harrotasun kemen hura? Bizi-goseak bizi-duintasuna hiltzen din.
Argi ikusten dun Mawdo Fallen arazotik urruntzen ari naizela.
Lizeoko zuzendariak leial zehazten din Mawdo Fallen eta irakaslearen arteko tirabira. Baina hoa irakaslearen aurka ikasleari arrazoi ematera!
Hor zagon Daba, nire alboan, bizi, zeregina ondo bete duela eta hortz guztiekin irribarre.
Etxeko lanek ez diten Daba lehertuko. Berak bezain ondo atontzen din senarrak arroza: «Daba nire emaztea da. Ez da nire esklaboa, nire neskamea ere ez» aldarrikatzen din emaztea “galbidera” daramala diodanean.
Nabari dinat nola doan zentzatzen bikote gazte horren samurtasuna; nik amets egiten dudan bikotearen irudia dun. Bata bestearekin bat egitera iristen ditun, guztiaz aritzen ditun eztabaidan konponbidearen bila.
Hala eta guztiz ere, dardara nagon Dabagatik. Halako ezustekoak ditin bizitzak! Horretaz mintzatzen natzaionean, bizkarrak jasotzen ditin: «Ezkontza ez da katea. Bata bestearekiko bizi-egitasmoari atxikitzea da. Gainera, gutako batek ez baldin badu aurrerakoan bere burua batasun honetan aurkitzen, zer dela-eta geratu beharko luke lotuta? Abou (senarra) izan liteke, neu izan naiteke. Emazteak ere har dezake hausturaren iniziatiba».
Guztiaz ematen zinan arrazoia ume honek. Sarri esaten zidanan: «Nik ez dut politikarik egin nahi, eta ez da herriaren zoria eta batez ere emakumearena axola ez zaidalako. Baina alderdi baten barnean eztabaida antzuak entzutean, gizonengan dagoen aginte-gosea aztertzen dudanean, nahiago dut politikari uko egin.
«Ez, ez naiz ideologia mailan borrokaren beldur; baina, politikako alderdi batean, urria da emakume batek aurki dezakeen zirrikitua. Erabakitzeko agintea gizonen eskuetan geratuko da luzaroan, baina, denok dakigun bezala, hiria emakumearen alorra da. Nahiago dut nire elkartea; hor ez dago lehiarik, ez bereizketarik, ez kalumniarik, ez bata bestearen bultzaka ibili beharrik: ez dago erdibanatu beharreko kargurik, ez bete beharreko lekurik. Urtero aldatzen da zuzendaritza. Gutako bakoitzak aukera berbera dauka bere ideiak aurrera ateratzeko. Gaitasunaren arabera gara erabiliak emakumearen promozioa bilatzen duten elkarretaratze eta antolamenduetan. Ekimen humanitarioak laguntzeko dira diru sarrerak. Edozein militantziaren antzeko onurak bultzatzen gaitu, baina militantzia leiala da, barne betetasuna beste saririk ez duena».
Arrazoi onak ematen zitinan umeak… Gauza guztiez zitinan iritziak.
Daba alaba zaharrenari begira nagon, beraren anai-arrebengan zoragarriro ordezten bainau. Hire homonimo Aissatouk hartu din txanda etxeko zereginetan.
Aissatouk egiten din txikien garbiketa: Oumar zortzi urtekoarena eta Ousmane hire adiskidearena. Beren kabuz moldatzen ditun besteak. Amyk eta oinarrizkoak erakusten dizkion bere biki Awak laguntzen zioten Aissatouri bere lanetan.
Hain ditun antzekoak nire bikiak, ezen, batzuetan ez ditinat bereizten. Bihurriak ditun, eta gaiztakeriak egiten zizkioten mundu guztiari. Awak ez din Aminatak bezain ongi lan egiten. Gorputzez hain antzeko, nola ote dira hain aiurri ezberdineko?
Gazteenek ez diten zaintzeko eta hezteko arazo latzik sortzen; garbituak, elikatuak, zainduak, begiratuak, hazten ari ditun; noski, nabarmen ona naun eguneroko bataila zauri, katarro, buruko min eta halakoen aurkako borrokan.
Benetako gaixoaldiak gertatzen direnean, Mawdo Bā etorri ohi dun laguntza ematera. Haren ahuldadea zirikatzen dut zuen arteko loturak hautsi dituelakoan, baina, hala ere, zinez goratzen dinat ematen didan laguntzagatik. Haren adiskide Modouk etxetik alde egin badigu ere, edozein unetan esna zezakenat.
[31] Mawdo Bāren homonimo eta aita-jauna.