Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
12
Maleta itzultzean, izeba Nabouk Nabou txikia aurkeztu zidanan; adiskideen etxe guztietan ere aurkeztu zinan, era berean.
Neu arduratu nintzelako sartu zunan Nabou txikia frantses eskolan. Adinean aurrera, izebaren itzal babesgarriari esker ikasi zinan saltsa gozoen sekretua, lisatzeko burdina eta mortairua nola erabili. Haren izebak ez zinan inoiz ere abagunea galtzen Nabou txikiari bere errege jatorria gogora ekartzeko. Eta emazteki baten dohainik behinena esanekoa izatea zela erakutsi zionan.
Zertifikatuaren ondoren, eta urte bat edo beste lizeoan eman ondoren, Estatuko Emagin Eskolarako sarrera-lehiaketara aurkezteko aholkua eman zionan Nabou zaharrak: «Ona dun eskola hori; hezi egingo haute hor. Koroarik ez buru gainean. Neska zuhurrak, belarritakorik gabe, zuriz jantzita, hori baita garbitasunaren kolorea. Ederra dun hik hor ikasiko dunan lanbidea: bizia irabaziko dun, eta, Mohammeden[18] zerbitzariei jaiotzen lagunduz, paradisurako graziak erdietsiko. Egia esan, ez dun gehiegi bultzatu behar emazteki baten jakitatea. Gainera, egun osoa mintza eta mintza pasatzen badu, neure buruari galdetzen zionat nola irabaz dezakeen emakume batek bere bizitza».
Beraz, Nabou txikia emagin gertatu zunan. Egun batez, Nabou nagusiak deitu zinan Mawdo, eta esan zionan: «Nire anaia Farbak Nabou txikia eman dik emaztetzat, merezi bezala hezi dudalako esker onez. Emaztetzat gordetzen ez baduk, ez nauk aurrerakoan osasun onean biziko. Gaixoaldiak baino azkarrago hiltzen baitu lotsak».
Nik banekinan. Modouk ere bai. Herriak bazekinan. Heuk, ordea, heuk ez hion ezeri usainik hartzen.
Eta haren amak eztei gauerako data hartua zuelako, andre guztiek ahapeka xuxurlatzen zutena hiri esateko ausardia erakutsi zinan Mawdok: bahuela emaztekidea, alegia. «Zahartzen ari dun ama. Bizitzako kolpeak eta etsipenak ahuldu diten bere bihotza. Haur hau errefusatzen badut, ama hil egingo dun». Sendagileak zionan hori, ez semeak. Pentsa, anaiaren alaba, Nabouk berak kontu handiz hazia, semeak gaitzetsia. Zer lotsa jendearen aurrean!
«Ama lotsaz eta nahigabez heriotzara bidean ez jartzearren» hartua zinan Mawdok eztei gaueko hitzordura joateko erabakia. Lege basati haien alde barrenak sutan, zer egin zezakeen Mawdo Bāk moral zaharrean tinko errotutako amaren aurrean? Lan astunak akituta, zahartzen ari zunan; gainera, erresistentzia ńimińorik ere erakutsi al zuen? Borroka egiteko gogorik? Nabou txikia hain zunan tentagarri…
Horra ba, Aissatou, hortik aurrera hik ez huen axola. Denbora eta maitasuna kili-kolo hire supazterrean? Berehala ahazten diren huskeriak ditun. Hire haurrak? Ez zitenan eragin handirik izan ama bere “gizon bakarrarekin” berradiskidetu zenean. Hik ez huen deus ere axola, hire lau seme-alabek ere ez: horiek ez ditun sekula Nabou txikiaren pareko izango.
Nabou txikiaren haurrak goratuz, griotek esango diten: «Odola bere iturburura itzuli da».
Hire seme-alabek ez zitenan axola. Mawdoren amak, printzesa horrek, ezin zinan bere burua bitxi-saltzailearen semearen pareko ikusi.
Gainera, bitxi-saltzaile batek ba ote du duintasunik, ohorerik? Hik bihotzik eta haragirik ba ote dunan galdetzea bezala zunan. Ai! Batzuentzat, bitxi-saltzailearen ohorea eta samina gutxiago ditun, askozaz ere gutxiago, Guélewar[19] baten ohorea eta samina baino.
Mawdok ez hinduen etxetik botatzen. Bere beharretara joaten zunan hura, eta hi etxean geratzea nahi zinan. Nabou txikia amarenean biziko zunan; heu baihaiz Mawdok maite duena. Bi egunetik behin, amarenera joango zunan, gauez, beste emaztea ikustera, bere ama “hil ez zedin”, “beharra betetzearren”.
Zenbateraino bikain izan hintzen hi, hire zorionarekin sator-lanean ibili zirenak baino!
Konponbideak aholkatzen zitiztenan: «Fruituak ematen ari den arbola ez dun sutara botatzen».
Mami-mamian mehatxu egiten zitenan: «Mutikoak ezin ditun aita gabe aurrera atera».
Ez hien jaramonik egin.
Garai batean emazte hezigaitzen burua makurrarazteko balio izan zuten egia borobilek ez zitenan miraria lortu; ez hinduten hire aukeratik desbideratu. Haustea aukeratu huen, itzulerarik gabeko ihesa egitea hire lau mutikoekin, Mawdorentzat gutun hau begi bistan lagata biona izan zen ohe gainean. Zehatz asko zeukanat gogoan haren edukia:
Mawdo:
Betebeharrak ohoratzearren, printzeek sentimenduak menderatu ohi ditiztek. “Besteok”, berriz, garondoa makurtuz, isilik onartzen diagu umiliatzen gaituen zoria. Hara, gure gizartearen bereizketa burugabearen barne araudia koadro laburrean. Ni, ordea, ez nauk horra makurtuko. Ez diat hik gaur eskaintzen diadaana jarriko geurea izan zen zorionaren trukean. Hik, maitasuna, besterik gabe, maitasun fisikotik banandu nahi duk. Haragizko komunioa, gutxieneko neurri batean bederen, bihotzaren onarpenik gabe ezinezkoa dela ihardesten diat nik.
Umeak egiteko gai bahaiz gainbehera datorren ama baten harrokeria asetzeko baino ez bada ere, doilor aurkitzen haut. Horratx, zilipurdi egiten duk nik etengabe jaso haudan duintasun mailatik behera. Ezin diat onartu banatzeko ematen duan arrazoia: alde batetik, neu, «hire bizitza, hire kuttuna, hire aukera»; bestetik, «Nabou txikia, halabeharrez jasan behar dudana».
Gizakia bakarra duk, Mawdo, handitasuna eta aberetasuna nahasian. Haren keinu bakar bat ere ez duk guztiz garbia. Haren keinu bakar bat ere ez duk abere-keinu huts.
Hire maitasunetik eranzten nauk, hire izenetik erauzten. Balio didan jantzi bakarraz, duintasunaz, jantzita, banoak nire bidean.
Adio,
Aissatou
Eta joan egin hintzen. Kemen harrigarria erakutsi huen heure burua babesteko. Etxe bat alokatu, eta bertan jarri hintzen bizitzen. Eta, atzera begiratu gabe, etorkizunari so jarri hintzen egoskor. Asmo zaila aukeratu huen; eta nire presentziatik eta bultzadatik areago, liburuek salbatu hinduten. Hire babesleku gertatuta, liburuek eutsi zinaten.
Liburuen ahalmena giza inteligentzia azkarraren asmamen liluragarria dun. Hotsetan bildutako zeinu askotarikoak; hitza moldeatzen duten hots ezberdinak. Ideia, pentsamendua, historia, zientzia, bizia sortzen duten hitzen antolamendua. Harreman eta kultura tresna bakarra, hartzeko eta emateko bitarteko ezin hobea. Liburuek lotzen ditizten belaunaldiak aurrerapen iraunkor berberera. Haiek altxarazi hinduten. Haiek eman zinaten gizarteak ukatu zinana. Arrakastaz egindako azterketek Frantziara eraman hinduten hi ere. Interprete Eskolak Senegalgo enbaxadarako izendapena ekarri zinan Estatu Batuetan. Bizitza nasairako adina irabazten dun. Hire gutunek diotenez, erosotasunean habil, gozamen hutsalen bilatzaileengandik eta atxikimendu errazetatik ihesi.
Mawdo? Bere familiarekin loturak berritzen. Diakhakoek hartua zaukaten bere etxea; Diakhakoek eusten baitiote Nabou txikiari. Baina Mawdok jakin, bazakin, alde ederra dagoela hire eta Nabou txikiaren artean; hain ederra hi, hain gozoa. Hik bahekien senarraren kopeta eztitzen; erabat doakoa baitzen hik eskaintzen hion barru-barruko samurtasuna; hik bahituen senarra arintzeko hitz egokiak.
Mawdo? Zer ez zinan ba esaten? «Galduta nagon. Egina dagoen gizonaren ohiturak ez ditun aldatzen. Alkandora eta praka lehengo tokian bilatzen ditinat, hutsa baino ez dinat ukitzen».
Ez naun Mawdoren erruki.
«Nire etxea Diakharen auzoa baino ez dun. Ezin dinat bertan atsedenik hartu. Dena zikin. Nabouk bisitariei ematen zizkien nire janari eta jantziak ».
Mawdoren erasiari entzungor egina nagon:
«Norbaitek esan zidanan atzo Aissatourekin ikusi hindutela. Egia al da? Han al dago? Nola dago? Eta nire semeak?».
Ez zionat Mawdori erantzuten.
Enigma baitzen Mawdo niretzat, eta bere bidez, baita gizon guztiak ere. Hik alde egiteak erabat hautsita utzi zinan. Nabarmena zunan haren goibeltasuna. Hitaz mintzatzen zenean, ahotsaren gorabeherak gogortzen zitinan. Baina haren itxaropen galdu aireak, etxeko kritika mingotsek, dena hankaz gora jartzen zuten purrustadek, ez zitenan ekiditen Nabou txikiaren sabela bete-betean azaltzea aldian-aldian. Bi mutiko jaioak zitunan ordurako.
Begi bistakoak ziren gertaera haien aurrean, Mawdo haserre suminetan jartzen zunan, Nabou txikiarekin zituen harreman intimoen adierazle. Beraren begiradak zigortzen nindinan: «Ea, ez ezan tentelarena egin. Nola nahi dun gizon bat sorgor izatea garatzen ari den emakumearen aurrean, etxean harekin etengabeko harremanetan egonik?». Eta, hori erakusteko, zera gehitzen zinan: «Film bat ikusi dinat, hegazkin istripu batean bizirik ateratakoek hilotzen zatiak janez iraun zutenekoa. Gertaera horrek arrazoi ematen zien gizakiarengan ezkutu dauden grinei. Burua oso argi badu ere, grina horiek mendean hartzen diten gizakia. Hustu hadi gehiegizko ameskeria sentimentaletik. Onar ezan errealitatea bere itsuskeria zakarrean».
«Ezin zaion jantzia eta janaria exijitzen duen ezinbesteko legeari kontra egin. Lege berak bultzatzen din “harra” beste nonbaitera. Eta, “harra” esatean, zuzen ari naun, senaren aberekeria markatzeko… Ulertzen dun… Behin betiko ulertu behar din emakumeak, eta barkatu; ez din sufritu behar haragizko “traizioak” direla eta. Hor dagoena dun garrantzizkoa, bihotzean dagoena, alegia; horrek batzen ditin barnean bi izaki…». (Eta bularra jotzen zinan bihotzaren parean).
«Erresistentziaren azken mugetan estu-estu hartua, eskura daukadanarekin janaritzen naun. Itsusia bada ere hori esatea. Itsusia dun egia ere, aztertzen dugunean».
Horrela, bere burua zuritzeko, “janari”aren mailara jaisten zinan Nabou txikia. Eta, horra, “ahogozoa” aldatzeko engainatzen ditizten gizonek emazteak.
Begiak lauso nengonan. Uler nezala eskatzen zidanan. Baina ulertu, zer behar ninan ulertu? Grinaren nagusitasuna? Iruzur egiteko eskubidea? Aldaketa gogoaren aitzakia? Ezin nindunan poligamo joeraren aldeko azaldu. Beraz, ulertu, zer ulertu?
Ai, zein bekaizti nintzen hire azken egonaldiko lasaitasunaz! Han hengoen hi, oinazearen maskaratik aske. Iragarritakoaren aurka, hire semeak egoki ari zitunan hazten. Hi ez hintzen Mawdori buruz larritzen. Bai, ondo hengoen, joana hankapean zapalduz. Tinko hengoen, eta kausa oker baten kaltetu errugabea eta bizi berri baten lehen eragile ausarta hintzen.
[18] Seydina Mohammed, Islamaren Profeta.
[19] Sineko printzesa.