Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
1
Aissatou:
Jaso dinat hire hitza. Erantzun ahal izateko, nahasmenean eusgarri, koaderno berria ireki dinat, konfidentziak mina goxatzen duela erakutsi baitit gure arteko harreman luzeak.
Hire existentzia ez dun kasualitatea gertatu nire bizitzan. Hire amamaren eta nirearen arteko etxebizitzak harresi batez zeudenan bereiziak. Osaba-izebak zaintzeko lehian bizi izan zitunan bion amak. Guk biok, berriz, Koranaren eskolara zeraman bide harritsu berberean gastatu ditinagu oihal eta oinetako. Eta zulo berberean ezkutatu gure esne-hortzak, sagu maitagarriari berriak ekartzeko eskatzen geniola.
Urteen eta gertakarien joanean ametsak ahaztu egiten badira ere, garbi gordetzen ditinat orduko oroitzapenak, nire memoriaren gatza baitira.
Hire izena burura etorri orduko, joana berpiztu egiten dun niregan emozioen segizioarekin. Begiak itxi, eta hara hor sentsazioen jarioa etenik gabeko joan-etorrian: egur-sua, berotasuna eta lilura; gure ahozuriko gozamena mangoari eta piper minari txandaka hozka egitean. Begiak itxi, eta bazoazan eta bazatozan irudiak: hire amaren aurpegia, izerdi tantaz izartua sukaldetik irteten zenean. Bazatorren iturritik urketara joanak ziren neskatxen berbotsa.
Bide berberak eraman gaitin oraina emankor bihurtu duen nerabezarotik heldutasunera.
Ai, enetxo, enetxo, enetxo! Hiru aldiz egiten dinat dei[1]. Atzo dibortziatu hintzen. Gaur alarguna naun!
Nola esan? Modou hil dun. Ezin destinoarekin hitzordurik erabaki. Nahi duenean nahi duenari heltzen zion halabeharrak. Desioen bidetik ekartzen din osotasuna. Baina oreka galarazi eta jo ere bai, gehienetan. Sufritu beharra dun orduan. Telefono dei bat, eta hara nire bizitza azpikoz gain.
Taxi! Taxi! Azkar! Azkarrago, mesedez! Nire aho-lehorra! Bola geldi mingarria bularrean! Azkar ba! Ospitalera! Zornearen eta eterraren usain nahasiak. Aurpegi suminduak. Ezagunen talde bat negarrari emana. Ezbehar beldurgarriaren gogoz kontrako lekukoak.
Amaitzen ez den pasillo luze bat. Gero eta luzeagoa. Eta, han, gela bat. Gelan, ohea. Ohean, Modou. Oihal zurian bilduta zerraldo. Bizidunen mundutik bakartua. Bazatorren dardaraz esku bat; desestaltzen din gorputza poliki-poliki. Alkandora urdinaren anabasan, bularra, betikotasun lasaian, iletsua. Aurpegi hori, ezusteko minean higatua, bere-berea din, bai. Eta kopeta soildu hori, guztiz berea. Eta aho erdi ireki hori. Beraren eskua estutu nahi dinat. Baina atzera botatzen naiten. Haren adiskide Mawdo entzuten dinat azalpenak eman nahian: bihotzeko ezbeharrak bat-batean jo duela gutun bat diktatzen ari zela. Eta burura zatorkidan: «Hil eta gero, sendagile». Bihotz masajearen keinua egiten zidan, eta alferrikako ahoz ahokoarena. Eta, nire buruan, oihartzunak: bihotzekoa, masajea, ahoz ahokoa. Jainkoaren nahiaren aurkako arma barregarriak.
Atmosfera berria sortzen duten hitzak entzuten ditinat inguruan, eta bertan murgiltzen naun, arrotz eta gurutzean josia. Heriotza, kontrajarritako bi munduren arteko pasabide meharra: zalapartatsua bata, higatua bestea.
Non etzango naiz? Itxura oneko adinak baditin duintasun exijentziak. Arrosarioari heltzen natzaion. Zutik irauten dudan bitartean, arduraz aletzen dinat belaun dardartien gainean. Haurgintzaren kadentzian astintzen naiten giltzurrunek.
Atentzio eske zabiltzan nire buruan, ustekabean, bizitzako puskak, Koranaren txatal handiosak eta kontsolamenduzko hitz nobleak.
Jaiotza, mirari alaia; heriotza, mirari beldurgarria. Bien artean, bizitza, destinoa. Hala zionan Mawdo Bāk.
Adi begiratzen zionat Mawdori. Haren blusa zuria ohi baino handiagoa iruditzen zaidan. Argala ikusten dinat. Haren begi gorrituak berrogei urteko adiskidetasunaren lekuko ditun. Edertasun bikaineko eskuak erreparatzen ditinat, finak, gaitza sumatzeko esku zalu. Hor zauden, biluzi; ez adiskidetasunak ez jakituriaren zorrotzak ez diten laguna salbatu.
[1] Hiru aldiz errepikatzeak aipatzera doan gaiaren larritasuna adierazten du. (Oharrak egilearenak dira, besterik adierazi ez denean.)