Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
3
Hirugarren egunean ere, antzeko joan-etorriak: senitartekoak, adiskideak, txiroak, eskaleak, ezezagunak. Herrian hain ezaguna zenez, txutxu-mutxuka zabilen hildakoaren izena; jendetza jarri dun bidean. Abegi onez hartuak ditun denak, ostua edo izorratua izan daitekeen guztitik hustutako nire etxean. Mota guztietako zerri eta alfonbrak nonahi zauden bilduak. Gorabehera honetarako alokatutako burdinazko aulkiak urdin distira dariela zauden eguzkitan.
Bitartean, bizigarri igotzen zaidan Koranaren irakurketa: Jainko hitzak, zeruko oharrak, zigor edo zorion agindu zirraragarriak, on egiteko aholkuak, txarkeriaren aurka argi ibiltzekoak, apaltasunaren eta sinesmenaren gorapenak. Malkoak masailetan behera, hotzikarak hartzen nain. Txatal bakoitzaren amaieran, nire ahots ahulduak herriaren “amen” suharrarekin bat egiten din.
Kalabazetan epeltzen ari den laax-aren[3] usaina pizgarri barreiatzen dun airean. Bazatozan etxean bertan edo inguruko etxeetan egositako arroz gorri eta zurizko palankanak. Fruituen zukua, ura eta esne gatzatua izotz puntuan fresko banatzen ditun plastikozko edalontzietan. Gizonen taldea jaten ari dun, isilik. Beren buruan bueltaka diten agian une bat lehenago sendo lotua, zuloan behera jaitsia eta bertan arduraz itxia zen gorpu gogortua.
Emakumeen artean, berriz, hori zarata: hitz ozenak, deiadarrak eta barre algarak. Zalapartan besarkatzen diten elkar aspaldian ikusi gabeko adiskideek. Merkatuan ikusi berri duten oihalaz ziharduten batzuek. Berek ehundutako jantziaren nondik norakoaz ari ditun besteak. Azken esamesak barreiatzen ditun. Eta, algaraka leher, begiak iraultzen ditizten albokoaren bubuak sortzen dien lilura goraipatzean. Eta henna hautsarekin irudi geometrikoak marraztuz, eskuak eta oinak belzteko era bitxi hori miresten diten.
Noizean behin, gehiago ezinean, gizonezkoen ahots ernegatuak bileraren zertarakoa ekartzen din gogora: arima baten salbazio errituan gaudela, alegia. Baina abisua laster dun ahaztua, eta hor dun berriro, lehen baino ozenago, zalaparta.
Gau aldera zatorren, ordea, hirugarren eguneko momenturik nahasgarriena. Gero eta jende gehiago, hobeto ikusi eta hobeto entzun nahian, elkarri bultzaka. Kidetasunaren, odol loturen, auzoen, asoziazioen arabera, taldeak osatzen ditun. Hiletan zenbateraino parte hartu duen erakutsi nahi din talde bakoitzak. Jenerotan eman ohi zunan garai batean laguntza: abereak, artatxikia, arroza, esnea, irina, olioa, azukrea. Bankuko billetetan nabarmentzen dun gaur egun jendea, eta inork ez din auzoak baino gutxiago eman nahi izaten. Neurtu ezin den barne sentimena dirutan neurtu nahia. Benetan kezkagarri! Hau ere bazatorkidan burura: hildako zenbaitek bizirik iraungo zinan senitarteko eta adiskideek errezeta salbagarrian edo ospitaleko egonaldietan xahutu balute dirua, hileta honetako jatorduetan xahutu ordez.
Diru sarrerak zehatz eta kontu handiz idazten ditun. Antzeko egoera batean berdindu beharreko zorrak baitira. Modouren gurasoek koaderno bat ireki diten. Modouren dama amaginarrebak eta haren alabak agenda bat ekarri diten. Niri dagozkidan sarrerak blok batean idazten ditin Fatim nire ahizpa txikiak kontu handiz.
Hiri honetako familia nagusi batean sortua naun, ezaguna naun gizarteko maila guztietan, ikasleen gurasoekin harreman adeitsuak dituen irakaslea naun, Modouren emazte izan naun azken 30 urte hauetan, eta neuk hartzen ditinat gutun-azal gehienak. Nirekiko arretak hazi egiten nain bestearen begietan, eta dama amaginarrebari tokatzen zaion orain haserre egotea. Alabaren ezkontzarekin hiriko burgesian sartu berria, berak ere biltzen ditin billeteak. Alaba, ordea, mutu, izututa balego bezala, inguruan duen giroari arrotz.
Gure ezkonahizpen deiadarrek ateratzen diten Binetou zurruntasunetik. Bere burua astindu ondoren sartzen dun jokalekuan. Berrehun mila frankoko dirutza galanta eman diten gu “janzteko”[4]. Thiakry[5] gozoa eman zigutenan atzo gure egarriaren asegarri. Fall griota harro zagon, etenik gabe amagandik alabarengana pasatu delako betekizun hori: «Ehun mila franko aitaren aldekoek, ehun mila franko amaren aldekoek».
Banan-banan kontatzen ditin billete urdinak eta arrosak, eta erakusten, honela amaitzeko: «Asko daukat zuetaz esateko, errege odoleko zareten Fall, Damel Madiodioren bilobok. Zoritxarrez, zuetako bat ez dago hemen. Ez da alai egoteko eguna. Zuekin batera deitoratzen dut Modou, zaku bat arroz ematen baitzidan sarri. Arroza-zaku deitzen nion. Har itzazue, bada, eskaintzok, zuek, gizon zuzen baten alargunok».
Modouren jatorriko lehengusu eta lehengusinen bilobei eskainitakoa bikoiztu egingo dun, eta, era berean, bere partea bikoiztera behartua zagon alargun bakoitza.
Horrela, hilobiratu berria den senarraren familiak zaraman nekez osatutako billete sorta, eta erabateko gabezian uzten gaitin horren beharra izango dugunok.
Urrutiko senitarte eta ezagutza zaharren segida zatorren orain: griotak, bitxigileak, bitxi-saltzaileak, laobe[6] kantariak. Bata bestearen ondorengo “ikusi arte” jasangaitzek asaldatzen gaitizten, ez baitira maitasunezkoak eta doakoak, kalitatearen arabera txanpona edo bankuko billetea eskatzen dutenak baizik.
Apurka-apurka hustu dun etxea. Bafada desatseginetan nahasten dun izerdiaren eta janariaren kiratsa. Tu eginez botatako kola arrasto gorriak nonahi: lan handiz zainduak ditudan baldosak, zikin. Koipez likits hormak, zimur-zimur egindako paperen dantza. Hori dun egun bateko balantzea!
Amona zahar baten irudia eskaintzen zidaten nire begi bizkortuek. Nor ote da? Nondik ote dator? Makurtuta, bere bubu hegalak bizkarraldera bilduta, plastikozko zorro batean husten ari dun arroz gorriaren soberakinak. Pasatu duen egun ederraren adierazgarri dun haren aurpegi distiratsua. Seinale bat eraman nahi zien Oukamen, Thiaroyen, Pikinen[7] edo auskalo non bizi diren etxekoei. Zutitu eta nire begirada gaitzeslearekin topo egin duenean, marmarrean hasi dun kolaz gorritutako hortzen artean: «Etxekoandre, bizitza izan den bezain ederra duzu heriotza», desenkusatu dun.
* * *
Zortzigarren eta berrogeigarren egunetan ere gauza bera gertatuko dun zoritxarrez, berandu “jakin dutenek” baliatuko baitituzte egun horiek. Soinaren garbiketa arinak nabarmenduko ditin gerri-ondoko txairotasuna, aldaken borobila, bularretako berria edo kaleko saltzaileari erositakoa, txotxa ahoan, xal zuria edo loratua sorbaldan, intsentsuaren eta gongoaren[8] lurrin betegarria, algara errazeko ahots irtena… Koranean, argi esaten zaigun, hala ere, hirugarren egunerako hanpatu eta ehorzlekua bete egiten duela hildakoak, eta lehertu egiten dela zortzigarren egunerako, eta desegin eta barreiatu, berrogeigarren egunerako. Hori esaten zaigun! Zer esan nahi ote dute, bada, instituzio bilakatuta Jainkoaren miserikordia eskeko otoitzekin batera egiten diren jan-festa zalapartatsu hauek? Nor ote dabil hor etekin bila? Nor ote dago hor egarria ase nahian? Nor dago hor atsekabea erakusteko? Nor, hildakoa gogora ekartzeko?
Gaur arratsean, Binetou, nire emaztekidea, bazoan bere SICAPera[9]. Uf! Azkenean!
Gaixoak, alderraiak, berantiarrak eta alferrak bazatozan betebehar sakratua deritzotena betetzera. Dolumin bisitek bere horretan jarraitzen diten, beraz. Bataio bat huts egin daiteken; dolu bat, inoiz ez. Txanponak eta billeteak saldoka zatozan eskearen galbahera.
Bakarrik bizi naun. Bainu garbitzaileak eta astelehen eta ostiral dolu egunetako jantzien aldaketak soilik eteten diten monotonia.
Nire eginbeharrak zuzen beteko ditudala espero dinat. Erlijio eskakizunekin bat zatorren nire bihotza. Haurtzarotik erlijioaren iturri zorrotzetan janaritua bainaiz, ez dinat uste huts egingo diodanik. Apenas minik ematen didaten lau hilabete eta hamar egunetan, nire zeruertza mugatuko diten horma hauek. Badinat nahiko oroitzapen neuregan bildua bizitzeko. Oroitzapen horiek ditun, bestalde, beldur ditudanak, zapore mingotsa baitute.
Ez dezatela oroitzapenen deiek zikindu ibili behar dudan erabateko garbitasun bidea.
Bihar arte.
[3] Senegalgo jakia, artatxiki-irinaz edo arrozaz egindako orea oinarri duena, eta esne gatzituaz edo kakahuete-kremaz zein baobab-fruituen nahasturaz lagunduta jan ohi dena.
[4] Senarraren arrebei dagokie alargunaren dolu jantziak erostea.
[5] Esne mindu gozoa artatxiki irinari nahastuta egindako edaria, baporetan egosia.
[6] Aizkolari.
[7] Dakarreko bazter auzoak
[8] Usain gozoko hautsa, kitzikagarria.
[9] Société Immobiliaire du Cap-Vert, alokatu eta saltzeko edo soilik alokatzeko txaletak eraikitzen dituena.