Hain gutun luzea
Mariama Bā
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

 

 

16

 

Nik biziraun baino ez ninan egiten. Lehendik neuzkan betebeharrez gain, Modourenak neureganatu nitinan.

      Oinarrizko janariak erosi beharrak mugiarazi egiten nindinan hilaren amaieran. Azokan eskasten zirenean ere, tomate, olio, patata eta tipulen faltan ez egoteko konpontzen nindunan. Senegalgo etxekoandreek oso gogoko dituzten siam arroz zakuak biltzen nitinan. Diru-kontuen ariketa berrian saiatzen zunan neure burua.

      Argi begiratzen nienan elektrizitatearen eta uraren fakturak ordaintzeko azken datei. Emakume bakarra nindunan, sarri, itxaron lerroan.

      Hondatutako ateetan sarraila eta kisketa berriak jartzea eta kristal hautsien ordezkoak ipintzea bezain aspergarria zunan konketa trabatua askatzeko iturgin baten bila ibiltzea. Mawdo Fall, nire semea, marmar bizian ibili ohi zunan bonbilla errearen ordez berria jarri behar zuenean.

      Biziraun, bada. Lotsatik askatzen nindunan zinemara lagunik gabe joateko; hilabeteak aurrera, gero eta estuasun gutxiagorekin esertzen nindunan zegokidan lekuan. Begien bistara azaltzen zunan lagunik gabeko emakumea nintzela. Ezaxola itxura egiten ninan nik amorruak kirioak mailukatzen zizkidanean, malkoek begiak lausotzen bazizkidaten ere, eutsi ezinik. Jendearen harridurazko begiradetan neurtzen ninan zenbateraino den estua emakumeari ematen zaion askatasuna.

      Goizeko zinema emanaldiek asetzen ninditenan. Batzuen eta besteen ikusmirari aurre egiteko kemena ematen zitenan. Ez ninditenan seme-alabengandik luze urrutiratzen.

      Zinema, itomenetik askatzeko lasaibide indartsua! Film intelektualak, tesidunak, sentimenduzkoak, poliziakoak, barregarriak, suspensekoak; horiek izan zitunan nire lagun. Haietatik ateratzen ninan hazteko gogoa, kemena eta iraupena. Beren ekarpen kulturalak mundu ikuskera sakontzen eta zabaltzen lagundu zidatenan. Besteen oinazeetan parte hartzean, ahaztu egiten nitinan neureak. Aisialdi merkea denez, gozamen osasuntsua ekar lezaken zinemak.

      Bizirauten ninan, bada. Zenbat eta gehiago buruan erabili, neurri berean nintzaionan atseginago Modouri, harreman guztiak moztu nituelako. Iniziatiba neurea izan ez bazen ere, seme-alabek eskatu zidaten irtenbidea ninan: haustura. Gezurra ez zunan garaile atera. Modouk erauzi egin nindinan bere bizitzatik, eta hori oso garbi erakusten zinan bere jarrerarekin.

      Beste gizon ezkonduek zer egiten duten? Plisti-plasta ibili beren ezbaian: sentimendurik eta interesik ez dagoen lekuan ezarri beren presentzia. Hori egiten diten. Ezerk ez ditin inarrosten beren supazterrean: ondo apaindutako andreak, bihotz samurreko seme-alabak, gozo hornitutako janariak. Hor zeuden, harrizko gonbidatu. Bals azkarreko orduen joanaren zain, besterik ez. Gauean, nekea edo gaixoaldia aitzakia, sakon zagiten zurrunga. Gogoz hartzen diten beren gurutze-bideari amaiera emango dion egun-argia!

      Ez nengonan ba oker. Modouk ez zinan batere interesik nigan, eta banekinan. Utzia, abandonatua, airean dabilen hostoa jasoko duen eskurik aurkitu gabe; horrela esango zinan amamak.

      Ausardiaz egiten nionan bizitzari aurre. Betebeharrik ez ninan huts egiten; horiek betetzen zitenan nire denbora, eta bideratzen nire burutazioak. Baina, gauean, bakardadeak, astun, gaina hartzen zinan.

      Ez ditun hain erraz hausten bi izakik ataka gaiztoz zedarritutako bide luzean korapilatu dituzten lotura leunak. Horren bizipena ari nindunan berritzen garai bateko eszena eta berbaldiak gogora ekartzean. Beren orduan, gogora etortzen zitunan garai batean sortutako ohiturak. Gaueko hizketaldi haien behar larria ninan; barre-algara lasaigarri edo konplizeen hutsunea; opioa bezainbat falta zitzaidanan eguneroko gauzak argi jartzeko ordu hura. Itzal beltzekin ninan borroka. Burutapenen noraezak logura uxatzen zidanan. Borroka egin ordez, gaitzaren itzulinguruka nenbilenan.

      Irratien etengabeko emanaldiek laguntzen zidatenan. Kontsolamendu eginkizuna ezartzen nionan irratiari. Gaueko melodiek larritasuna kulunkatzen zitenan. Lehengo eta oraingo kantuen mezuak barneratzen nitinan, itxaropena pizten baitzidaten. Tristurak alde egiten zinan.

      Geratzen zitzaizkidan indar guztiez suhar aritzen nindunan Modouren ordez etorriko zen “beste bati” deika.

      Gauei esnatze mingarriek jarraitzen zietenan. Amatasun maitasunak zutik eutsarazten zidanan. Etxeko zutabe neu, laguntza eta samurtasuna zor nienan etxekoei.

      Modouk neurria hartzen ote zion etxe honetan neurri guztien gainetik zuen lekua hutsik egoteari? Eskaintzen ote zizkidan haurrei eusteko behar nituen indarren gaineko eraginak?

      Mintzaira jostalaria hartzen ninan nire batailoia esnatzeko. Inguruak berotzen eta atmosfera usain gozoz lurrintzen zinan kafeak. Aparretan zeudenan bainugelak; barre-algarak eta txantxak jario. Egun berria ahalegin eske! Egun berria, eta ni, zain…

      Zain! Zeren zain? Haurrek ez zitenan erraz onartuko gizon berri baten presentzia. Aita gaitzetsi ondoren, jasangarri gertatuko ote zitzaien beste bat? Zer gizon ausartuko litzateke, bestalde, begiramenik gabe larrua ere kentzen dioten hamabi begi pare etsaien aurrean?

      Zain! Zeren zain, ordea? Ez nengonan dibortziatuta… Abandonatuta nengonan: hosto hegalari bat nindunan, esku batek ere jaso nahi ez zuena, gure amonak esango zukeen bezala.

      Biziraun! Hori zunan egiten nuena, ez besterik. Herriko garraioen urritasuna ezagutu ninan. Seme-alabek barrez ikasi zitenan hori. Egun batez, Dabak aholku ematen ziela entzun ninan: «Batez ere, amatxori ez esan puntako orduetan itolarria dela autobusetan ibiltzea».

      Pozez eta nahigabez, biak batera, negar egiten ninan. Pozez, haurrek maite nindutelako; nahigabez, gauzak aldatzeko ahalmenik ez nuen ama nintzelako.

      Orduan, asmo txar izpirik gabe, hiri aitortzen ninan nolakoa zen gure bizitzako alderdi mingarriena: Modouren autoak dama amaginarreba herriko bazter guztietan barrena zerabilen bitartean eta Binetouk bere Alfa Romeo gaur zuri bihar gorriarekin bideak urratzen zituen bitartean.

      Ez dinat inoiz ahaztuko, ahizpa kuttun hori, hire erantzuna. Ez dinat inoiz ahaztuko nire ustekabea eta poza Fiateko kontzesionarioak deitu eta hik osorik ordainduko huen autoa aukeratzeko esan zidanean. Alaitasun orroak bota zitiztenan haurrek beren gurutze-bidearen azkena gertu zegoela jakin zutenean. Ikasle gehienen gurutze-bidea gertatzen dena, bestalde.

      Adiskidetasunak badin maiteminak ezagutzen ez duen handitasuna. Zailtasunean, sendotu egiten dun adiskidetasuna, maiteminak heriotzara daraman bitartean. Maiteminak nekearen nekez bikoteak banantzen dituen bitartean, adiskidetasunak eutsi egiten zion. Maiteminak ezagutzen ez dituen gorakadak ditin adiskidetasunak. Hire gabeziak ekarri hizkidan ni laguntzeko; heuk, bitxi-saltzaileak.

      Eta, nire beldurrei gaina hartuz, gidatzen ikasi ninan. Bolantearen eta eserlekuaren artean dagoen leku estu hori neurea gertatu zunan. Enbragea zapaldu, eta abiadurak aldatzen ditin. Frenoak abaila apaltzen din, eta, azkartzeko, azeleragailua zapaldu behar dun. Ez nindunan azeleragailuaz fida. Oinaren eraginik txikienarekin, autoak salto egiten zinan. Pedalen gainean dantza egiten ikasi zitenan nire oinek. Etsipen uneetan, neure buruari esaten nionan: «Zergatik Binetou hori bolantean eta ni ez?». Eta, orobat: ez zionat Aissatouri huts egin behar! Kirioen eta odol hotzaren arteko borroka irabazi ninan. Gidabaimena lortu, eta horren berri eman ninan.

      Esaten ninan: «Eta orain…». Hiri esker, herriko kaleetan barrena hika hitz egin ziezaieketen nire haurrek amaginarreba oparoari eta haren alaba belaxkei, krema koloreko Fiat 125aren atzeko eserlekuan.

      Harri eta zur jardun zunan Modou, ezin sinetsirik, autoaren nondik norakoa aztertzen. Ez zinan inoiz ere onartu benetako historia. Mawdoren amak bezala, berak ere uste zinan bitxi-saltzaileak ez duela bihotzik.