Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
19
Ikusten dun, Aissatou, doluz jantzita ere ez zeukanat lasaibide apurrik.
Tamsiren ondoren, Daouda Dieng… Gogoan al dun? Daouda Dieng, nire antzinako ezkongaia. Esperientzia hura baino nahiago izan ninan eskarmenturik eza, gabezia nahiago haren eskuzabaltasuna baino, haren zuhurtzia baino nahiago abentura.
Modouren hiletara etorria zunan. Dirutza ederra zegonan Fatim-i eman zion zorroan. Eta haren begirada zaletua esanguratsua zunan.
Berari dagokionez, uste dinat egia dela ustekabean topo egiten genuenean esaten ziguna: lehen maitasuna ez dun inoiz ere ahazten.
Tamsir, konkistatzaile irrikak garbitu nituen egun gogoangarri hartatik aurrera bazterrera geratua, eta, ondoren, Daouda Dieng, nire esku eske! Daouda Dieng izan zunan amaren lehenetsia. Haren ahots limurtzailea entzuten dinat niri aholkua ematen: maite duela erakusten dion gizona hartu behar din emakumeak eta ez emakumeak berak maite duena. Hori dun zorion iraunkorrerako sekretua.
Mawdoren eta Moudoren aldean, Daoula Dieng ondo zaindua zegonan. Zahartzaroaren mugan, denboraren eta jardunaren etengabeko erasoei eusten zienan. Kotoizko brodatuekin osatutako janzkera grisak dotorezia ematen zionan; lehengo gizaseme berbera zunan: jasoa, zehatza, bizarra sarri egina. Jende aurrean zuen prestutasunak dudarik gabeko aukera ematen zionan.
Legebiltzar Nazionalean diputatu, bere arrazoiak keinu zehatzez lagunduta, gizon hurbila izaten jarraitzen zinan. Ilaje urdinxkak xarma ematen zionan.
Duela hiru urtetik hona, nahaspila politikoan errespetua irabazia zeukanan ganorazko jardueragatik eta hitzaren zehaztasunagatik. Haren autoa, kolore nazionalekiko intsignia zeramana, aurreko espaloian aparkatuta egon ohi zunan.
Zenbateraino nuen nahiago haren bihotz-pilpira Tamsiren ziurtasuna baino! Ezpainen dardarak salatzen zinan, eta haren begiradak nire aurpegia argiz betetzen. Arrunkerietan gordetzen nindunan ni: «Eta Aminata (haren emaztea)? Eta haurrak? Eta sendagile kontsulta? Eta Legebiltzar Nazionala?».
Etenik gabeko jarioa zitunan nire galderak, bai hura lasaitzeko, bai aspaldian etendako elkarrizketa berritzeko. Labur erantzuten zinan. Baina nire azken galderak bizkarra jasotzea baino ez zinan eragin: «Ondo zagon», erronka gisa jaurtia.
Eta atzetik nik lotu: «Ondo egon behar du, bai, gizonezkoek soilik osatutako legebiltzar horrek!».
Burlaize doinua eman nionan nire esaldiari, begiak biribil mugitzen nituen bitartean. Beti eme, baita doluan ere; seduzitu egin nahi dun, interesa piztu!
Daouda ez zunan iruzur egiteko erraza. Bazekinan bere estuasunetik askatu nahi nuela, eta, urte askoan ehunduta, nire aspaldiko ezkon ezetzagatik banatzen gintuen isiltasun errezel deserosoa urratu.
—Beti menderakaitz, Ramatulaye! Zer dela-eta baieztapen adarjotzaile eta iraingarri hori, Legebiltzarrean emakumeak ere badaudela jakinik?
—Lau emakume, Daouda; ehun ahaldunen artean, lau. Proportzio barregarria! Lurraldeetako ordezkari bakar bat ere ez!
Barre egin zinan Daoudak, barre tolesgabea, irekia, suspertzen ninduena.
Ozen nahastu genitinan barre-algarak. Berriro aurkitzen ninan haren hortzen lerro distiratsua, eta, gainean, azentu zirkunflexu bat bailitzan, bibote beltza, orraztua eta ondo zaindua. Ai! Tarterik gabeko hortz lerrokada hark irabazia zinan amaren konfiantza. «Baina zuek, emakumeok, obusak bezalakoak zarete. Zuek txikitu egiten duzue. Sarraskia eragin. Imajina ezan emakume andana Legebiltzarrean. Dena azpikoz gain geratuko zunan, su eta gar dena».
Eta barre-algarak, berriro.
Kopeta zimurtuz, ohar hau egin nionan: «Baina gu ez gaituk supiztaileak, bizigarriak baizik!». Eta, emakumeen alde, zera esan nionan: «Sail askotan, etsaigorik sortu gabe, nonbaitetik jasotako eta gutxietsi ezin diren aurrerapenez baliatzen gaituk; historiako lezioetatik erauzitako maileguez, alegia. Zuek adinako eskubidea diagu geure buruaren ahalmenaren mugaraino akuilatuak izateko jakitaterako bidean. Baldintza beretan banatu eta zuzen ordaindutako lan eskubidea ere bai. Funtsezko arma duk boto eskubidea. Eta hara non Familia Legea aldarrikatu den, emazterik apalenari ere luzaroan ezetsi zaion duintasuna aitortzen diona».
«Baina, Daouda, murrizketak egon, bazaudek. Sineskera zaharrak berpizten ari dituk; norberekeria nabarmen ageri duk; etsipena duk nagusi arlo politikoan. Kasketaz eta marmarka gordetako ehiza lekua.
«Badituk ia hogei urte independentzia lortu zela! Noizko emakume bat ministro herriaren etorkizuna bideratzen duten erabakietan? Hala eta guztiz ere, emakumeen militantzia eta gaitasuna, konpromisoaren eskuzabaltasuna, ez zeudek frogatu beharrik. Gizon bat baino gehiago altxatu dik emakumeak agintera».
Daoudak entzuten zidanan. Baina uste dinat nire ideiek baino askoz gehiago nire ahotsak liluratzen zuela.
Eta jarraitu ninan: «Heziera oneko gizartea noiz iritsiko ote da balioen arabera eta ez sexuarenera erabakitzera?».
Daouda Dieng nire gain proiektatzen zuen ametsaren gozotasuna ahogozatzen ari zunan. Bitartean, gogoberotzen ari nindunan, luzaroan lotuta egon ondoren askatzen den zaldiaren antzera, zabaldian mozkor. Ai, norberaren aurrean solaskidea, are gehiago, maitalea edukitzearen atsegina!
Ni, betiko Ramatulaye nindunan… apur bat borrokalari.
Daouda Dieng neurekin neramanan nire suan. Gizon zuzena zunan, eta egoerak eskatzen zion bakoitzean borrokatzen zunan justizia sozial gehiagoren alde. Ez zinan aldarteak edo luxuaren grinak eraman politikara, hurkoarenganako maitasunak baizik, bidegabekeria eta injustizia zuzendu nahiaren suminak.
«Nori mintza hatzaio, Ramatulaye? Ba al dun Asanblada Nazionalean neuk emandako hitzaldien oihartzunik? Feminista naizela leporatzen baitzait. Ez naun joko arauak aldatu eta arnas berria erantsi nahian indar egiten duen bakarra. Hemendik aurrera, emakumeak ez din apaingarri huts izan behar; batetik bestera darabilgun objektua, losintxaz ferekatu edo hitz gozoz eztitzen dugun neska-laguna. Lehen erroa, nazioaren oinarria, hor txertatzen baita ekarpen oro, hortik sortzen loraldi guztiak, hori dun emakumea. Bere herriaren zoriaz gehiago ardura dadin zirikatu behar dun emakumea. Marmarrean ari haizen heuk ere gauza publikoa baino nahiago izan dun heure senarra, heure eskola, heure haurrak. Alderdi politikoetan gizonak baino lehiatzen ez badira, zer dela-eta egingo dute amets emakumeekin? Guztiz humanoa dun zatirik onena beretzat gordetzea pastela banatzean.
«Ez hadi egoista izan erantzunean. Besarka ezan herritar guztien zoria. Ez zagon inor merezi adina saritua, ezta gu ere, aberats eta diru-arazorik gabekotzat jotzen bagaituzte ere; honaino jaso gaituztela uste duten hautesle-bezero gosetuen zerbitzuko dun gure ekonomia oro. Herri baten garapena ez dun erraza. Zenbat eta neurri handiagoan izan erantzule, orduan eta gehiago nabari dinagu; miseriak bihotza estutzen din, eta ez daukan hura gerarazteko ahalmenik. Miseria material eta moral guztiez ari naun. Ongizateak bideak behar ditin, itxurazko etxeak, urtegiak, osasun zentroak, botikak, haziak. Neu naun independentziaren jaia lurraldeetan txandaka ospatzea bultzatu duena. Egokia dun ekimena, inbertsioak bideratzen baitu eskualdeen itxuraldatzea».
«Dirua behar da, diru pila bat, emaileengan konfiantza sustatuz lortu behar den dirua. Gure eurialdi bakarrarekin eta gure laborerako landare bakarrarekin, kemenik handienak bultzatuta ere, Senegal ez dun aurrera aterako».
Gaua zerutik erortzen ari zunan laster batean, izaki eta gauza ilunpean harrapatzeko presaka, aretoko pertsianetan zehar. Sarkorra zunan muezinak Timiss[25] otoitzerako egindako deia; Ousmane altxatu zunan oin puntetan, eta pizgailuari eragin zionan. Argia piztu zunan, eta erasokor hartu gintinan.
Daouda zutitu egin zen. Ezagutzen baitzituen nire egoeraren esturak, lanpara zegoen alderaino jaso zinan Ousmane, Ousmanek, besoak gora, karkaraka barre zegien bitartean. Lurrean tinkatu zinan gero. «Bihar arte», esan zinan. «Beste zerbaitetara etorria nindunan. Eztabaida politikoetara eraman naun. Eztabaida oro dun aberasgarri. Bihar arte». Behin eta berriz.
Irribarrea: ondo kokatutako hortzen ilara. Irribarrea berriro; atea ireki zinan. Entzun ninan haren pausoa itzaltzen. Une bat, eta haren auto ahaltsuaren burrunbak eraman zinan etxera.
Zer esango ote dio bere emazte eta lehengusina Aminatari berandu iritsi dela azaltzeko?...
Daouda Dieng biharamunean ere etorri zunan. Baina zoritxarrez beretzat eta zorionez niretzat, nire amaren aldeko izeben bisitak eragotzi zionan aske mintzatzea. Ez zunan luzapenetara ausartu.
[25] Ilunabarra adierazteko wolof hitza.