Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

 

 

5

 

Harri eta zur utzi hindudan atzo nire ezusteko berriekin; ziur nagon.

      Zoramenak? Txarkeriak? Eutsi ezineko maitasunak? Zer barne iraultzak atera zuen Modou Fall bide zuzenetik, Binetourekin ezkontzeraino?

      Nire sumina menderatu nahian, gizakiaren zorian pentsatzen jarri naun. Bizibide bakoitzak heroismo partzela bat gordetzen din halabeharraren zartailupean, utzikeriaz, ukapenaz eta onarpenaz eraikitako partzela bat. Ilunpetan hiltzen diren mundu zabaleko itsuengan pentsatzen dinat. Baita mundu zabalean arrastaka dabiltzan perlesiadunengan ere. Gorputza pusketatan joaten zaien legenardunengan.

      Aukeratu ez duzuen adur triste baten biktima zuek; zer dira, zuen arranguraren parean jarrita, nire patuan ahalmenik ez duen hildako batek inolako errukirik gabe sorrarazitako borrokak? Zuzen jokatuz, posible zenuten, zuen zoritxarrak bateratuz, ondasunez mozkor dauden horiek beldur-ikaraz dardaran jartzea. Posible zenuten, matxinadan eta nazkan ahaltsu, zuen goseak eskatzen duen ogia bera okaztatzea.

      Zuen egonarriak ez zaituzte erasokor eta beldurgarri bihurtzen, baina bai benetako heroi; zuen egoera miserablea gorabehera, ezezagun zarete historia handiarentzat, ez baituzue inoiz ere nahasten ezarritako ordena.

      Berriro diot: zer dira, zuen aje fisikoen aldean, aje moralak? Haietatik ere libre ez zaudeten arren. Zuengan pentsatzean, eskerrak ematen dizkiot Jainkoari egunero zerua eta lurra besarkatzen dituzten begiengatik. Gaur nekezia moralak gogortzen banau ere, bihar alde egingo dit gorputzetik. Orduan, nire oin askatuek poliki-poliki eramango naute berriro, eta iodoa eta itsasoko urdina izango ditut inguruan. Izar eta laino zuri nireak izango dira. Haizearen bafada izango dut kopetan freskagarri. Etzango naiz, iraulka ibiliko, dardara egingo. Oi, osasun, zaude nigan! Oi, osasun!

      Nire ahaleginek ez naiten etsipenetik luzaroan askatzen. Umezurtz jaioberriarengan jartzen dinat orain neure burua. Bere semearen irribarrea inoiz ere ikusiko ez duen itsuarengan. Besomotzaren kalbarioan. Haiengana zihoanan nire burua. Hala ere, nire gogorik ezak bere horretan dirau; nire etsaigoa barnean zagon, eta oldartzen ditun nigan mugarik gabeko tristeziaren olatuak.

      Zoramena ala gogo txarra? Zer barne nahasmenduk desbideratu zuen Modou Fall, Binetourekin ezkontzeraino?

      Eta gizon hori pasio osoz maite izan dudala aitortu behar; bizitzako hogeita hamar urte eman dizkiodala berari; hamabi bider eraman dudala erraietan haren haurra. Nire bizitzara lehiakide berria ekartzea ez zaion nahikoa izan. Materialki eta moralki erre din bere joana, beste bat maitatzean. Holako ukaziorik! Eta hala ere…

      Hala eta guztiz ere, zer ez zinan bada egin ni bere emaztea gerta nendin!