Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
4
Ai, Aissatou, kuttun hori, aspertzen haut agian badakizkinan gauzok kontatzean. Ez baititut sekula hainbeste begiratu, ez baitzaizkit horrenbeste axola izan.
Gaur goizean amaitu dun, behingoz, etxeko saloian egin den familia-bilera. Hiretzat erraza dun bertan zein izan diren asmatzea: dama amaginarreba, haren anaia eta anaiaren alaba Binetou, gero eta argalago; Tamsir zaharra, Modouren anaia; Mawdo Bâ, auzoko imana; nire alaba, eta Abdou, haren senarra.
Koranak agindutako Miraasak[10] hildakoaren sekreturik gordeenak erauztera behartzen hau. Besteren esku uzten baita kontu handiz isilpean gordetakoa. Aurkikuntza horiek gordin ekarri ohi diten argira norbaiten jokaera. Izu-ikaraz neurtzen dinat zenbaterainokoa izan den Modouren saldukeria. Haren lehen familiaganako axolagabekeria, nire seme-alabenganakoa eta neureganakoa, alegia; bat baitator beraren bizitzako aukera berriarekin. Zapuztu egin gintinan. Baginela ere kontuan hartu gabe bideratu zinan bere etorkizuna.
Mingain gaiztoek diotenez, funtzio publikoko teknikari posturako promozioak ez zinan ezertan gutxitu aldapan behera zeraman gastuen lehia, horren truke ito baitzuen matxinada sindikala. Txanpon bakar bat ere aurreratu gabe hil dun. Zorren salatariak? Pila bat: oihal- eta urre-saltzaileak, janari-banatzaileak, harakinak, auto-saltzaileak…
Atxiki hakio! Larrutzearen giltza non dagoen? SICAP txaletean zagon giltza: goi mailako standing-a, lau logela, bi bainugela (arrosa bata eta urdina bestea), areto zabala, hiru piezako apartamentua dama amaginarrebarentzat, bigarren patioaren buruan. Emazte berriarentzat, Frantziako altzariak. Eta dama amaginarrebarentzat, bertako ebanistek egindakoak. Modouren kontura dena, jakina.
Neu bizi naizen Fallène txaletaren hipotekaren gainean berak baimendutako banku mailegu bati esker eskuratu zitinan etxebizitza hori eta barneko apaindura aberatsa. Fallène txalet hau, zeinaren oinarrizko tituluak beraren izena daraman, bion ekonomiarekin erositako ondasuna ditun. Ez besterik. Hori ausardia gora bidean!
SICAP hori eskuratzeko, hilero hirurogeita hamar mila franko botatzen jarraitzen zinan. Hori baitzen hamar urteren buruan etxea bereganatzeko baldintza.
Bere egoera pribilegiatua baliatuz, erraztasun handiz jaso zitinan maileguzko lau milioiak. Horri esker, dama amaginarreba eta haren senarra Mekara bidali ahal izan zitinan Hadja eta El-Hadj tituluak lortzeko. Horratx, baita ere, mailaturik txikienagatik Binetouren Alfa Romeoa behin eta berriz aldatzeko erraztasunaren arrazoia.
Bai ondo ulertzen dudala, orain, Modouk biona zen bankuko kontua bazterrera laga izana; maltzurra gizona. Bakarrik eta libre nahi zinan, diru kontuetan askatasunez jokatu ahal izateko.
Gainera, Binetou eskolatik atera zuenez, berrogeita hamar mila frankoko laguntza ematen zionan hilero, soldata finkoa bailitzan. Azkarra izanik, neskak ikasten jarraitu nahi zinan, batxilergoa erdietsi arte. Modouk, azeri maltzur, zera uste zinan: gazteen errukirik gabeko kritikak saihestuko zituela, bere jabegoa ziurtatzeko.
Dama amaginarrebaren baldintza guztiei amore emanez, hilero aipatutako kopurua emateko papera sinatu zinan. Harro erakusten zinan dama amaginarrebak Modouk sinatutako papera, sendo sinetsita baitzegoen Modou hil eta gero ere diru hori jasotzen jarraituko zuela, herentziatik hartuta.
Nire alaba Dabak, ordea, aitaren heriotza egunean bertan ordenantzak emandako SICAP txaleteko ondasunen zerrenda-agiria erakusten zinan. Dama amaginarrebaren eta Binetouren zerrendak ez baitzituen aitatzen zenbait gauza eta altzari. Ilunpetan desagertuak edo gezurretan eramanak nonbait.
Ondo dakin hik zenbateraino naizen minbera. Bai batak, bai besteak erakutsitako jokaerak ez zidanan grazia izpirik egiten…
[10] Defuntuak utzitako ondasunak eta zorrak eguneratu eta ondorengoei haiek banatu edo ordainaraztea, indarrean dagoen gizarte edo erlijio-markoaren arabera (arabieratik wolofera egokitutako hitza).