Hain gutun luzea
Mariama Bā
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

 

 

13

 

Hirea baino hiru urte geroago gertatu zunan nire drama. Baina, hire kasuan ez bezala, drama sorrarazi zuena ez zunan izan nire ezkon familia. Modou nire senarrarengan hartu zinan dramak erroa.

      Batxilergoko azterketa prestatzen ari zela, nire alaba Dabak sarri ekartzen zitinan etxera ikaskideak. Neska berbera gehienetan, uzkur samarra, lotsatia, hauskorra; bistakoa zenez, gure bizigiroan ondoeza sentitzen zuena. Baina zein polita, haurtzaro amaieran, beraren jantzi kolore-galdu garbietan! Distira egiten zinan haren edertasun gardenak. Nola ez zuten ba lilura eragingo haren gorputzeko kurba harmoniatsuek!

      Noizbehinka ikusten ninan Modou bi ikasleez interesa agertzen. Ez zinan niregan inolako kezkarik sortzen; Binetou autoan eramateko aurreratzen zenean ere ez. «Berandu baita», zionan Modouk.

      Baina, orduan, Binetouren aldaketa nabaria gertatzen hasi zunan. Bat-batean, prźt ą porter garestiak jantzita etortzen zunan. Alabari azalpenak ematean, barre egiten zinan: «Agure baten poltsikotik ateratzen dinat ordaintzeko dirua».

      Egun batez, eskolatik itzultzean, Binetouk arazo larri bat zuela aitortu zidanan Dabak:

      Prźt ą porter jantziak erosten dizkion aitonak Binetourekin ezkondu nahi du. Imajina ezazu. Batxiler azterketarako hilabete gutxi falta direnean, gurasoek eskolatik atera nahi dute, agure horrekin ezkontzeko.

      —Ezezkoa emateko esaion, erantzun nionan.

      —Eta, aitona horrek txalet bat eskaintzen badio, eta Mekara erromesaldia gurasoentzat, eta autoa, eta hileroko diru-sarrera, eta bitxiak?

      —Horrek guztiak ez din gaztetasunaren kapitala berdintzen.

      —Zeuk bezala pentsatzen dut, ama. Ez amore emateko esango diot Binetouri; baina hain gogo bizia dauka bere amak erdipurdiko egoeratik ateratzeko, eta hainbesteko damua du alabaren edertasuna egurrezko suaren ke artean lizuntzen ikustean, ezen bekaizti begiratzen baitio nik daramadan guztiari; egun osoan ari da marmarrean.

      —Binetou dun inporta dena. Ez dezala amore eman.

      Egun batzuen ostean, hizketa berritu zinan Dabak, ondorio harrigarriak utzita.

      —Ama! Binetou, ozpinduta, “agure”arekin ezkontzera doa. Hainbeste negar egin du bere amak! Gizonak agindu bezala, “benetako etxe batean” eman nahi dio bizitzari azkena, ea ez al dion “pozaldi” hori oparituko esaten dio alabari. Beraz, Binetouk amore eman du.

      —Noiz dira ezkontzekoak?

      —Datorren igandean. Baina ez da festarik egingo. Binetouk ezin ditu jasan lagunen isekak.

      Eta Binetou ezkondu egin zuten hurrengo igandeko egunsentian. Arrandiaz eta ospez jantzita, Modouren anaia Tamsir nire etxera zetorrela ikusi ninan, Mawdo Bāren eta auzoko imanaren artean. Nondik zetozen beren bubu almidoiztatuetan hain uzkur? Modouren bila zetozenan dudarik gabe, hiruretako batek bere gain hartutako misioa, garrantzi handikoa nolanahi ere, betetzera. Modou goizetik alde egina zela esan nienan. Barrez sartu zitunan, alde guztietatik nabari zen intsentsuaren usain sentsuala gogor barreiatuz. Haien aurrean eseri nindunan, barrez neu ere. Imanak hartu zinan aurrea:

      —Ala guztiahaldunak bi izaki bata bestearen ondora ekartzen dituenean, ezin du inork ezer egin aurka.

      —Hala da, bai —azpimarratu zuten beste biek.

      Etenaldia. Eta, arnasa hartu ondoren, jarraitu zinan:

      —Ezer ez da berri mundu honetan.

      —Ez noski —goraipatu zitenan Tamsirrek eta Mawdok.

      —Mingarria zaigun gertaera, beste asko baino gutxiago gerta liteke mingarria.

      Axioma horiek jaurtitzen zituzten ezpainen erdeinuzko mimikari jarraitzen nionan nik, zorioneko ala zorigaiztoko gertaeraren sarrera ote ziren jakin nahian. Nora iritsi nahi ote zuen beste ezer baino gehiago ekaitza adierazten zuen aitzinsolas harekin? Beren etorrera ez zunan, beraz, ustekabea. Ematen al da ba zoritxar baten berri hain dotore jantzita? Ala konfiantza eman nahi zidaten antzezpen hain perfektua eginda?

      Bertan ez zegoenarengan pentsatu ninan. Lakioan harrapatu berri den basapiztiaren orroaz galdegin ninan:

      —Modou?

      Eta imanak aurkitu zinan azkenean bila zebilen hari gidaria, eta ez zinan lagako. Bizi-bizi lotu zitinan hitzak ahoan, txingarrak bailiran:

      —Modou Fall, bai. Zorionez, bizirik hiretzat eta gu guztiontzat, Jainkoari esker. Bigarren emaztea hartu baino ez din egin gaur. Dakar Handiko meskitatik gatozan, han ospatu baita ezkontza.

      Imanak laharrak bidetik baztertu ondoren, Tamsir ausartu zunan:

      —Modouk eskerrak ematen dizkin. Zera zionan: halabeharrak erabakitzen duela gauzei eta pertsonei buruzkoa. Jainkoak bigarren emaztea eman zionan, berak ezin din hor ezer egin. Zorion hitzak baino ez ditin hiretzat, gizaldi laurden batez ezkontide izan haizelako, emazteak senarrari zor dizkion atsegin guztiak eman baitizkio. Haren senitarteak, batez ere neuk, anaia nagusia naizenez, eskertzen dinagu. Ohoratu gaitun. Modouren odoleko garela badakin.

      Eta, gero, gertakaria arindu nahian, betiko hitz jarioa: «Etxea handia bada ere, eta bizitza gozagarria, heu haiz bakarra etxe honetan. Heu haiz lehen emaztea, Modouren ama. Eta kuttuna».

      Tamsirren eztarrian dantzan ari zunan Adamen sagarra. Eskuin hanka tolestatuaren gainean gurutzatuta, ezkerrekoa astintzen zinan. Haren oinetakoek, babutxa zuriek, hauts geruza gorri arin bat zeukatenan, ibili zuten bidearen kolore. Hauts berbera zegonan Mawdoren oinetakoei itsatsia. Baita imanarenei ere.

      Mawdo isilik zegonan. Bere drama hausnartuz, nonbait. Hire gutunean zinan burua, hire erreakzioan, hain bainintzen heure antzekoa. Ez zunan fio. Garondoa makur zegonan, borroka baino lehen galtzaile direla uste dutenak bezala.

      Erretzen ninduen edenaren eraginpean bazen ere, baiezkoa eman ninan: «Gizaldi laurden batez ezkontide», «parekorik ez duen emaztea». Haria non eten den atzeman nahian, atzerakako kontuak ateratzen nitinan, eta baita dena harilkatu ere une horretatik aurrera. Amaren hitzak zetozkidanan: «Ederregia, perfektuegia». Eta amaren burutazioa bere amaierarekin osatzen ninan: «Egia izateko». Eten zabal batez bereizitako goiko bi ebakortzetan pentsatzen ninan, maitasunak duela lehentasuna pertsona horrengan, alegia. Moudoren egun osoko absentzian pentsatzen ninan. «Bazkal garaian ez egon nire zain» esan baitzuen, besterik ez. Beste absentzietan pentsatu ninan, hain sarriak azkenaldian, gordin asko agerian jarriak gaur eta sindikatuko aitzakiarekin trebeki estaliak atzo. Jan-edanaren erregimen zorrotza jarraitzen zinan, gainera, barrez zioenez «sabeleko arrautza» puskatzeko; zahartzaroa iragartzen zuen sabel hanpatuko arrautza, noski.

      Arratsero, etxetik irteten zenean, jantzi bat baino gehiago probatzen zitinan, bat hartzeko. Besteak, larritasunez albora utziak, lurrean zeutzanan. Tolestatu eta txukun jaso behar izaten nitinan; eta orain jabetzen naun beste emazteki bat seduzitzeko baino ez nuela egiten gehigarrizko lan hori.

      Ahaleginak egiten nitinan nire barren zurrunbiloari harresia ipintzeko. Batez ere, bisitariei nire nahasmena kontatzeak emango zien betetasuna ez emateko. Irribarretsu, arinkeriaz hartu ninan gertaera, berek egin zuten bezala. Beren betebeharra gizalegez bete dutelako esker ona adierazi. «Aita on eta senar gozo», «adiskide bilakatutako senar», esker on horiek Modouri itzuli. Nire ezkon familiari, imanari, Mawdori esker hitzak adierazi. Irribarretsu. Edatekoak eskaini. Oraindik xurgatzen ari ziren intsentsuaren kiribilen arteko bidean lagundu. Haien eskuak estutu.

      Oi, zein pozik zeuden Mawdo ez besteak; zehatz hartzen baitzuen hark gertakariaren neurria.