Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
18
Behar bezala ospatu ninan atzo Modouren heriotzaren berrogeigarren eguna. Barkatu egin zionat. Jainkoak entzun bitza egunero haren alde zuzentzen ditudan otoitzak. Neure baitan bilduta ospatu dinat berrogeigarren eguna. Korana irakurri diten ikasiek. Zerurantz igo ditun haien ahots suharrak. Jainkoak har hazala aukeratuen artean, Modou Fall!
Pietatezko betebeharren ondoren, Tamsir etorri dun gelara, hik hain maite huen besaulki urdinean esertzera. Kanpora begira, keinu egin zion Mawdori, baita bere auzoko meskitako imanari ere. Imana eta Mawdo bereganatu zaizkion. Tamsirrek hartu din hitza gaurkoan. Antz harrigarria Modouren eta Tamsiren artekoa, herentziaren lege adierazkaitzaren tik berberak. Ziurtasun osoz mintzo dun Tamsir; gogora zekartzan (beste behin ere) nire ezkontzako urteak, honela amaitzeko: «Irten ondoren (doluminaren amaieran, esan nahi din), neuk hartuko haut emaztetzat. Egoki hatorkit; gero, hemen bizitzen jarraituko dun, Modou hil ez balitz bezala. Anaia gazteenak hartu ohi din zaharrenak utzitako emaztea. Alderantziz gertatuko dun oraingoan. Hi haiz nire fortuna. Esposatzen haut. Bestea baino nahiago haut (Binetou, alegia); arinegia dun, gazteegia. Modouri ere mintzatu nintzaionan ezkontza horren aurka».
Hori dun hori harropuzkeriaz betetako maitasun aitorpena dolu egunak amaitu gabeko etxe batean! Hori ziurtasuna eta hori azala! Zuzen begiratu zionat Tamsiri begietara. Gero, Mawdori. Begiratu zionat imanari. Nire xal beltza estutu dinat. Arrosarioa aletu ere bai, une batez. Oraingoan hitz egingo dinat, bai horixe!
Hogeita hamar urteko isiltasuna ezagutu din nire ahotsak, hogeita hamar urteko iseka. Leher egin din, burlaz eta destainaz leher!
«Erakutsi ote duk ba hik inoiz ere anaiarekiko bihotzik? Sukalde berria eraiki nahi duk oraindik bero dagoen hilotzaren gainean. Modouren alde otoitzean ari garenean, hik hurrengo ezkontzan daukak burua».
«Bai, noski! Ezkongai guztiei aurrea hartzeko kontuak atereak dituk: Mawdori, hik baino alderdi hobeak dituen adiskide leialari, legeari jarraituz berdin har baitezake emaztearen jabegoa. Gauza bat ahaztu zaik: nik ere baditudala bihotza eta arrazoimena, ez naizela eskuz esku aldatzen den objektu bat. Hik ez dakik zer esan nahi duen niretzat ezkontzeak: sinesmen eta maitasun ekimen bat duk ezkontza, norberaren buruaren osoko eskaintza aukeratu duen izaki bati lotzea, aukeran hartu hauen hari». (Aukeratu hitzean tematzen nindunan).
«Eta hire emazteak, Tamsir? Hire diru sarrerek ez ditiztek estaltzen ez haien beharrak ez hamarnaka dituan haurrenak. Hire diru-beharrak berdintzeko, tindaketa lanean jarduten dik hire emazteetako batek, frutak saltzen besteak, josteko makinari etengabe eragiten hirugarrenak. Hi, berriz, jaun ohoratua, patxadan hanka-zabal eserita, haiek hire hatzari eta begiei men egiten dieten bitartean. Ez nauk sekula hire emazte sortaren osagarri gertatuko. Ez eta nire etxea ere hiretzako oasi preziatu: utikan zama erantsiak! Egunero izango nauk txandakoa[24]. Garbitasunean eta luxuan izango hintzateke hi hemen, oparotasunean eta eztitan».
«Hor zaudek, gainera, Daba eta haren senarra finantzarako gaitasuna erakutsi dutenak hire anaia Modouren ondasunak berrerostean. Hori promozioa! Hiri begira jarriko dituk bekaizti hire adiskideak».
Eskuz keinu egin zidanan Mawdok:
—Isil hadi! Hago isilik! Geldi hadi! Nahikoa!
Baina abiada bizian doan sumindura ez dun gerarazten. Eta, inoiz baino gogorrago, honela bukatu ninan:
—Tamsir, okazta itzak hire konkistatzaile ametsak. Berrogei egun iraun ditek. Inoiz ere ez nauk hire emazte izango.
Imanak Jainkoa hartu zinan lekuko:
—Hitz lotsagabeagorik! Dolu jantzitan esanak, gainera!
Beste hitzik gabe jaiki zunan Tamsir. Behar bezala ulertu zinan bere deskalabrua.
Honela hartu ninan urrutiko egun hartako mendekua, hirurak, azpisuge, Modou Fallen eta Binetouren arteko ezkontzaren berri eman zidatenekoa.
[24] Emazte bakoitzaren gelan poligamoak arauz pasatu behar duen denbora (Egilearen oharra). Tour jatorrizkoan (Itzultzailearen oharra).