Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
10
Sindikatu lanean goi mailara igo zunan Modou. Pertsonei eta gauzei buruz zuen ulermenak beregana biltzen zitinan enpresaburu eta soldatapekoak. Erraz lor zitezkeen erronketan jartzen zinan ahalegina, horiek bihurtzen baitzuten lana arinago eta bizitza gozoago. Langileen egoeraren hobetze praktikora bideratzen zitinan indarrak. Haren slogana: zertarako jarri agerian posible ez denaren lilura? “Posible” dena lortzea garaipena dun. Ez zetozenan denak bat beraren ikusteko moduarekin, baina itxaropena jarria zitenan beraren errealismo praktikoan.
Mawdok ez zinan sindikatuetan eta politikan sartzeko denborarik. Gaixoz gainezka zegoen erietxeko zereginean preso, beraren sendagile fama gero eta sendotzenago zihoanan, jendea ez baitzen lehen bezala sendatzaile tradizionalengana joaten, eritasun ezberdinetarako sendabide berberak zituzten-eta haiek beti.
Denek irakurtzen zitiztenan egunkari eta aldizkariak. Irakiten hasia zunan Ipar Afrika.
Iritziak bat egitera zetozenan, edo elkar baztertzera, elkar osatzera edo elkar arbuiatzera. Amairik gabeko eztabaidak; Afrika berriaren irudia osatu al zenuten?
Gure pentsaera eta izaera beraren arragora erakarri nahi zituen kolonizatzailearen amets asimilazionisten ezaugarriak zitunan: pipa muturrean kea dariola, ilaje kizkurraren babeserako kaskoa, izter beltzen gaineko praka motz zuriak, ondo torneatutako zango biribilen gaineko gona motz-motzak… Bat-batean ohartu zunan txitak berotzen baino ez zela ari zuen belaunaldia, barregarri.
Gupidarik gabe zihoanan aurrera historia. Eztabaidak astindua ageri zunan mendebaleko Afrika, bide onenaren bila. Ausartenek espetxea ezagutu zitenan. Haien arrastora, beste batzuek jarraitu zitenan haiek hasitako lana.
Gure belaunaldiaren pribilegioa izan dun bi garai historikoren arteko giltzarri gertatzea; mendetasunarena bata, independentziarena bestea. Proiektuen bultzatzaile ginelako iraun geninan gazte eta eraginkor. Independentzia eskuratu genuenean, han geundenan gu Errepublikaren sorreran, ereserkiaren jaiotzan eta ikurrina jasotzean.
Behin eta berriz entzuten ninan herriko indar bizi guztiek mugitu behar zutela. Baina guk, joera bateko edo besteko eta nolanahiko gizarte ereduaren aldeko, horren guztiaren gainetik aitortzen geninan batasun nazionala zela behar-beharrezkoena, beste horiek saihestezinak baziren ere. Gure arteko askok garaile azaltzen zen alderdiarekin egin zitenan bat, indar berria erakartzeko. Besoak gurutzatu eta kanpotik kopiatutako ideologietan babesa hartzea baino hobea zunan borroka hartan emankor gertatzea.
Modouk, praktikoa baitzen beti, gobernuarekin lankidetzan aritzera eraman zitinan sindikatuak, beren taldeei ahal zutena baino gehiago eskatu gabe. Purrustaka ibili zunan enbaxada ugariren ezarpen azkarregiaren aurka, garestitzat jotzen baitzituen gure herri azpigaratuarentzat. Handikeria hutsagatiko alferrikako odol xurgatze, atzerrikoen hainbeste gonbidatze, alferrik xahututako hainbeste diru! Eta burua bere soldatapekoengan zuela marmar bizian: «Ai, zenbat eskola eta ospitaletako ekipamendu galduak! Hileroko zenbat soldata! Zenbat bide asfaltatu!».
Mawdok eta biok entzun egiten zenioten. Goi gailurretan geundenan. Bitartean, semearen ondoan zorion betean ikusten hinduen hire amaginarrebak; beraren semea gero eta sarriago hire aitaren burdinolara joaten zela jabetzean, hire amari gorputzez sendoago eta hobeto jantzita begiratzean, hire amaginarrebak gero eta sukar beroagoz pentsatzen zinan mendekuan.