Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
11
Bazakinat, astindu egiten haut, labana zarabilenat zauri osatu gabean; baina zer nahi dun, bakardade eta giltzape honetara behartua bainaiz, ezin ateak itxi burura datorkidanari.
Mawdoren ama izeba Nabou dun gu biontzat eta Seynabou besteentzat. Sineko izen ospetsua zeraman: Diouf. Bour-Sineren ondorengoa dun. Mundua aldatzen ari dela ohartu gabe bizi zunan lehen. Egia zaharrei atxikia egoskorki. Jatorriko pribilegioei hain estu lotua zenez, uste zinan odolarekin datorkigula bertutea, eta etenik gabe burua astinduz errepikatzen zinan jaiotzako nobleziarik eza portaeran ikusten dela gero. Baina bizitzak ez zion barkatu. Berehala galdu zinan kostatako senarra. Kemen handiz hezi zinan bere lehen seme Mawdo, eta bi alabak, ondo ezkonduak biak. Tigre emearen atxikimenduz maite zinan bere “gizon bakarra”: Mawdo Bā. Eta, zin egiten zuenean bere “gizon bakarraren” sudurraren gainean, dena esana zegonan, biziaren sinbolo baitzen. Orain, bere “gizon bakarrak” ihes egiten zion bitxi-saltzaile madarikatu horren erruz, griot emazteki bat baino gaiztoagoa baita. Griot emaztekia zorion ekarle dun. Baina bitxi-saltzaileak... guztia erretzen din bere bidean, burdinolako sua bailitzan.
Hire ezkontza arazo konpondua zela iritzita lasai bizi ginen bitartean, Mawdoren amak gogoetan ematen zitinan gauak eta egunak, hire kontra mendekua nola hartuko, bitxi-saltzaile hori!
Egun batez, Farba Diouf ikustera joan behar zuela erabaki zinan. Beraren anaia gazteena zunan, usadio-burua Diakhaon. Neuri eskatutako maleta batean tolestu zitinan kontu handiz aukeratutako jantzi batzuk, eta saski batean pilatu zitinan zenbait erosketa: janari garestiak, Sinen ikusten ez diren Frantziako gazta eta konfiturak, ilobentzako jostailuak, anaiarentzako eta haren lau emazteentzako oihal txatalak.
Modouri eskatutako bankuko billete batzuk kontu handiz bere diru-zorroan gorde, ilea apain-apain jarrarazi, eta bere oin eta eskuak hennaz tindatu. Jantzita, apainduta, bazihoanan.
Ruffisque-ko bidea bitan banatzen dun gaur egun Diamniadio-ko bidegurutzean: I errepide nazionala eskuinera, Mbour-etik harago Sine-Saloum-era daramana; II errepide nazionalak, aldiz, Saint-Louis aldera jotzen din, garai bateko Senegalgo hiriburura, Thičs eta Tivaouane (Tidianismoaren[13] sehaska) zeharkatuz. Izeba Nabouk ez zeukanan leku batetik bestera joateko gaurko erraztasunik. Bide malkar haietan barrena, autobusez, bere oroitzapenetan murgildu zunan. Haurtzaroko lekuetara zeraman ibilgailuaren abiada zoroak ez zionan garai bateko etxondoko paisaia ezagutzea eragotzi. Hara, Sindia; gero, ezkerrera, Popenguine, non Mendekoste eguna ospatu ohi duten gourmetteek[14].
Zenbat belaunaldi ikusi ote ditu pasatzen bazter urratu honek! Izeba Nabouk argi ikusten zinan zein hauskorrak garen izakiok naturaren betikotasunaren aurrean. Iraupenaz egiten zion aurre naturak denborari, eta aurka mendeku hartu.
Baobabek zerurantz zabaltzen zitiztenan beren adarretako korapilo erraldoiak. Nagi pasatzen zitenan bidea behiek, eta beren begirada hilekin desafio egiten ibilgailuari. Behizainek, praka motz harroetan jantziak, akuilua eskuan edo bizkarrean zutela zuzentzen zitenan ganadua. Gizon eta abere, bat zegitenan aroen hondotik datorren koadroa osatuz.
Ibilgailu batekin gurutzatzen ziren bakoitzean, izeba Nabouk begiak ixten zitinan. Kamioitzarren karga ikaragarri haiek beldur-ikara ematen ziotenan.
Medinatou-Minaouara meskita ikusgarria ez zegonan artean Islamaren gloriarako eraikia. Baina gizon eta emakumeek bihozkada berberean otoitz zegitenan bide bazterrean. «Tradizioen iraupenaz sinesteko, Dakarretik irten behar», zionan marmarka izeba Nabouk.
Arantzadun landareek mugatzen zitenan ezkerretara Ndiassaneko oihana; tximinoak basotik ateratzen zitunan argiz horditu nahian.
Hara, bertan, Thiadiaye, Tataguine, Diouroupe; atzerago, Ndioudiouf, eta, azkenik, Fatick, Sineko buru. Arnasestuka eta kedarra zeriola, ezkerretara jo zinan busak. Haiek astinduak, haiek! Behin eta berriz. Diakhao azkenean, Diakhao erregerena, Diakhao Bour-Sinetarren sorburu eta hilobi, beraren aurrekoen Diakhao, Diakhao kuttuna, jauregi zaharraren lursail zabalarekin.
Larrialdi berberek nahigabetzen ziotenan bihotza aurrekoen lurrera zetorren bakoitzean. Beste ezer baino lehen, garbitzeko ura eta otoitz egiteko oinpekoa, aitasoen hilobi aurrean barnebiltzeko. Gero, tristurak erabat hartuta eta joandakoen historiaz karga-karga, beste hilobien gainera eraman zitinan begiak. Hilak eta biziak bizikide ditun hemen, familiaren etxaldean: errege bakoitzak, oliaduraren ondoren, bi zuhaitz aldatzen zitinan errege patioan, bere azken egoitza mugatzeko. Nabouri, bihotza bero, salmo-bertsoak jalgi zitzaizkionan hilarri haiei begira. Maskara tragikoaren aurpegia jarri zitzaionan Djou-djoungaren[15] erritmora aurrekoen ospea kantatzen zuten leku sakratu haietan.
Zin egin zinan, Aissatou, hire bizitzak ez duela inolaz ere zikinduko haren ondorengoaren noblezia.
Bere buruan errito zaharrak eta erlijioa bateratuz, gogora etorri zitzaionan espiritu ezkutuen bakea lortzeko Sinera[16] isuri behar zuen esnea. Hurrengo egunean bertan joango zunan begiko gaiztotik gordetzeko eta tuurren[17] onginahia erakartzeko eskaintzak uretan egitera.
Erregina bati dagokion abegi onez hartua, berehala murgildu zunan maiorazkoari zegozkion pribilegioen munduan. Belauna lurrean hitz egiten zitzaionan. Eltzeko onenarekin zerbitzatua, besteengandik aparte hartzen zinan jatekoa.
Alde guztietatik etorri zitzaizkionan bisitariak ohore egitera: odolaren legea zenbateraino zen egiazkoa gogorazten ziotenan horrela. Berritu zitiztenan Bour-Sine aitasoaren balentriak, borroketako hautsa eta aukerako zaldien oldarra… Zaharren errautsak koraren musikara astintzean, intsentsu errearen usain astunean hordi, indarra eta bizia berritu zitinan. Anaiari egin zionan dei:
—Nire bihotza altzariz janzteko neskato baten beharra diat nire alboan —esan zionan—. Nire bi zangoak eta nire eskuin besoa izanen duk haur hori. Zahartzen ari nauk. Beste neu bat bihurtuko diat nik neskatoa. Nireak ezkondu zirenetik hutsik zagok-eta etxea.
Higan zeukanan burua. Mendekua zehazten ari zunan, baina kontu handiz ekidin zinan hire aipamenik egitea; hireganako gorrotoa, alegia.
—Egina zagon —erantzun zionan Farba Dioufek—. Gehiegi nekatuko hindudalakoan ez dinat inoiz ere alabetako bat heztea proposatu. Arrastoan eusteko zailak baititun gaurko gazteak. Har ezan Nabou txikia, hire izenekoa. Hirea dun. Beraren hezurrak baino ez dizkinat eskatzen.
Asebeteta, izeba Nabouk berriro hornitu zinan maleta, eta sartu zitinan saskietan mendian baino aurkitzen ez eta hirian garestiegi diren gauzak: kuskus lehorra, kakahuete pasta errea, sorgoa, arrautzak, esnea, oiloak. Nabou txikiari eskuin eskutik ondo heldu, eta itzulerako bidea hartu zinan.
[13] Senegalgo anaiarte islamiar garrantzitsuenetakoa, Cheik Ahmed Tidjane-rengan inspiratua; haren mausoleoa Fez-en dago, Marokon.
[14] Katoliko beltz eta mestizoak, jatorriz antzinako frantziar kolonia-garaiko funtzio osoko komunetakoak.
[15] Sineko errege atabala.
[16] Lur azpiko ibaia, izen bereko eskualdekoa.
[17] Lagun ikusezinak.