Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
20
Ostiralean gauden. Erabat garbitu nauen bainua hartu dinat. Poro askatuetan barrena lasaitzen nauen eragin bizigarria nabari dinat.
Xaboiaren usainak inguratzen nain. Piltzar zimurtuen ordez, jantzi garbiak. Gorputzaren garbitasun hau guztiz atsegina zaidan. Begi askoren jo puntu izanik, emakumearen dohainik oinarrizkoena garbitasuna dela uste dinat. Etxolarik apalena ere gustagarri gertatzen dun, ordena eta garbitasuna nagusi badira; luxu handiko bizilekuak ez din erakartzen hautsez zikina badago.
Etxekoandre deitzen diren emakumeek baditen merezimendua. Beren gain hartzen duten etxeko lana, dirutan saritzen ez bada ere, behar-beharrezkoa dun etxean. Ondo lisatutako arropa pila, usain gozoa dariona; oinak txirrista egiten duen lauzadura distiratsua; saldak gantzututako sukalde alaia; hori dun beraren saria. Detailerik txikienean ere nabari dun saiatu izanaren balio handia: harako hartan loratze betean lorontzia, beste hartan zintzilik koadroa, ondo aukeratutako koloretan.
Etxeko antolamendua artelana dun. Gogorra gertatu zaigun horren ikastea, eta ez dun inoiz ere amaitzen. Menuak prestatzea ez dun erraza. Egun bakoitza hiru otordutan banatu ohi dela gogoan hartzen bada, urteko egunen luzeran menuak prestatzea ez dun erraza. Etxeko diru erabilerak malgutasuna eskatzen din, ondo begiratzea eta zuhurtzia, hileko lehen egunetik azkeneraino abentura arriskutsu batera bultzatzen hauen finantza ariketa batean.
Emakume izan! Emakume bizi! Ai, Aissatou! Gau honetan ezin egonik nagon; ez hadi sumindu. Bizitzaren ahogozoa maitasuna dun. Bizitzako gatza, maitasuna, bestela esanda.
Berriro ere etorri zunan Daouda. Lehen bisitako janzki grisaren eta bigarren bisitako txokolate kolorekoaren ordez, kotoizko janzki rombal band[26] bat jantzita.
Ezkaratzetik eraso zinan nik lehen ikustaldian erabili nuen doinu berean, arnasa hartu ere gabe: «Zer moduz habil? Eta haurrak? Legebiltzarra? Eta Ousmane?». Bere izenaren deira, hara bertan Ousmane, aho eta matrail egun osoan darabilen txokolatez makillatua.
Oinak astinduz zalapartan borrokatzen den gizonttoa hartzen din Daoudak. Ipurdian adiskidetasun txaloa joz askatu zinan, eta Ousmanek, marrazki liburua eskuetan, etxeko guztiei erakustera alde egin zinan pozez orroka. «Ez al dago bisitaririk? Gaur nik eramango dinat eztabaida… neuk, gizonon Legebiltzarreko honek». Eta barre egiten zinan maltzur.
—Ez uste izan atsegin zaidalako kritikatzen dudanik. Herriaren egoera aldatu nahi duen demokraziaren hasierak erakartzen naik, eta hor hire alderdiak badik harro egoteko arrazoirik. Zuen ekimenaren muina duk sozialismoa, nire barne irriken adierazpen ere bai, zuen idazkari politikoak dioen bezala gure errealitateari egokitua badago. Ireki duen erreia ez duk gaitzestekoa, eta Senegalek berriro aurkitutako askatasun aurpegia erakusten dik bertan. Aintzat hartzen diat hori guztia, batez ere gure inguruan alderdi bakarreko aginteak ezartzen ari direnean. Alderdi bakarrak ez dik sekula herritarren iritzi bateratua islatzen. Gizabanako guztiak molde berekoak balira, kolektibismo beldurgarri batean geundekek. Ezberdintasunek, benetako abertzaletasunetik sortuak badira eta herritarren zoriona baino ez badute gogoko, garapenerako mesedegarriak gerta litezkeen ideiak eta pertsonak elkarrekin topo egitea zekartek.
—Su-etena politikari, Ramatulaye. Uko egiten zionat aurreko egunean bezala jarraitzeari. Okitua nagon “demokraziaz”, “askatasunaz”, “borrokaz”, eta zertaz ez, egunero itolarrira naramaten hamaika esaeraz. Su-etena, ba, Ramatulaye, su-etena. Entzun nazan behingoz: can-can irratiak berri hau eman zidan: ez dunala Tamsirekin ezkondu nahi. Egia al da?
—Bai.
—Nire txanda dun. Hemen natorkin bigarrenez, hire eskua eskatzera… Doluminetik ateratzen haizenean, noski. Garai bateko berberak ditun hiregana dauzkadan sentimenduak.
Urrutiratzeak, hire ezkontzak, nireak, ez diten hireganako nire maitasuna zulatu. Hobeto esanda, bizkortu baino ez din egin urrutiratzeak; denborak, sendotu; heldutasunak, garbitu, soildu; indar handiz maite haut, baina buru argiz. Haur txikiz inguratutako alarguna haiz. Familia baten buru naun ni. Bizi izandakoaren “pisua” zaramanagu biok, eta horrek lagunduko zigun elkar ulertzen. Zorion berri batera irekitzen dizkinat besoak; nahi al dun?
Begiak zabal-zabal begiratzen nionan, ez harrituta —emakume batek hutsik egin gabe asma zezaken antzeko aitorpen bat—, mozkorraldiak jota baizik. Bai, Aissatou, orain arte balio izan duten hitz zaharrek, oraindik ere balio duten horiexek harrapatu ninditenan. Haien eztia; urteak baziren ere haietatik titigabetua nengoela, txolindu egin ninditenan: ez naun lotsa hiri aitortzean.
Ahaldun jaunak, argi, honela amaitu zinan:
—Ez iezadan berehalakoan erantzun. Egin ezan gogoeta nire eskaintzaz. Bihar etorriko naun ordu berean.
Eta haren aitorpenek nahastuta bezala alde egin zinan Daoudak, irribarre gozo baten ondoren.
Erauntsia bezala sartu zunan haren atzetik Farmata, auzoko griota, bero-bero. Beti zebilenan bere kauriekin errealitateak aurre-ikuskariekin eduki zezakeen adostasunik txikienak asaldatuta etorkizunaren bila.
—Aurkitu dinat kaurietako “bi prakadun” gizon indartsu eta aberatsa. Bost mila franko eman zizkidan.
Eta kliska egin zinan begi zorrotz eta sakonez, beti bezala misterioak arakatu nahian.
—Aholkatzen den bezala, bi kolasen limosna egina ninan hire alde, bata zuria eta bestea gorria; aitortu zidanan. Gu bion zoriak bata bestearenarekin lotuta zeudenan. Hire itzala babes zaidan. Ez dun itzala ematen dinan zuhaitza eraisten. Ureztatu egiten dun. Zaindu.
Farmata alaena, zein urruti hengoen nire burutazioetatik! Aztoratzen ninduen nahasmena eta nirekin borrokan ari zen hura ez zitunan maite borrokaren ezaugarri.
[26] Tindategian erabili ohi den kolore urdina.