Hain gutun luzea
Mariama Bā
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bā
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muńoz

Biografiak

 

 

21

 

Bihar? Bai laburra gogoetari ematen zaion denbora bizitza osorako erabaki bat hartu behar denean, are gehiago duela gutxi etsipenaren malko mingotsak ezagutu dituenarentzat! Daouda Diengen begirada zorrotza aztertzen ari naun, baita nahita eragindako bere ezpainen imintzioa ere, lagun hurkoarengandik ona baino jasotzen ez zuen gizon zintzo haren gozotasunarekin kontrajartzen bainuen. Zeinu bakoitza sinbolo den liburu ireki batean bezala ukitzen ninan bere esanahia, ulerterraza baitzen niretzat.

      Nire bihotza ez dun jada putinka hasten esaten zaizkion hitzen zirimolan. Zinez esandako hitzek ukitzen naiten, baina ez erakartzen; samurtasunaren gose-egarritik nigan sortutako zoramena desagertu egiten dun orduen dantzarekin.

      Ezin naun orain apainketan hasi. Aipatutako festak ez nain zirikatzen. Nire bihotzak ez din Daouda Dieng maite. Neure buruak aintzat hartzen din gizon hori. Baina bihotza eta burua ez zatozan sarri bat.

      Ai, zenbateraino nahiko nukeen gizon horrek bereganatzea eta “bai” esateko gauza izatea! Ez dun desagertuaren oroitzapena astun zaidalako. Hildakoek ez diten ematen zaien edo banatu dituzten faboreen pisua baino. Koxkortu gabeko haurren bizitzak ere ez zidan traba egiten; abandonatu zituen aitaren rola joka zezaken etorri berriak. Hogeita hamar urte iragan ondoren, nire izatearen ezezko berberak baldintzatzen nain, ez beste ezerk. Zehatz dezakedan arrazoirik ez dinat aurkitzen. Elkarren aurkakoak ditun gure fluidoak. Daouda Diengen izen onaren benetakotasuna ez dinat nik eraikiko.

      Senar ona? Noski. Kaleko marmarrak ez din behin ere hitz egin haren burugabekeriez, hain gaiztoa eta zurrumurru zalea izanik ere pertsona ospetsuekin. Haren emazte eta lehengusina ni baino bost urte geroago ezkondua zunan, herritar betebeharragatik eta ez maitasunagatik, eta hark eman zizkionan haurrak. Emazte eta haur begirune mailara eraman ditin zereginaren menpeko gizon honek, eta jendearen eta are beraren babes irrikagarria jasotzen dinate. Ez zinan inoiz ere erabakirik hartzen emaztea berekin ez bazuen. Bere ekimen politikora ere biltzen zinan, joan-etorri ugarietara, babes ekimenetara —alderdi bezeroak ugaltzeko abagune—.

      Farmatak, kaurietako griotak, honako hau bota zidanan alde egin baino lehen: «Hire amak arrazoia zinan. Daouda zoragarria dun. Zer géerek[27] ematen din gaur egun bost mila frankoko billetea? Daoudak ez din emaztea aldatu, ezta haurrak abandonatu ere; berriro hire bila baldin badator, hi, zahartua eta familiaz zamatua, maite hauela esan nahi din; gai dun heu eta hire haurrak batera eramateko. Har ezan gogoan. Onar ezan».

      Aukera guztiak! Baina zer dira aukera horiek kontrolaezin den xarmaren legean! Nire teilapean mindu nahi ez, eta Farmata bidali nionan gutun itxi batekin: «Emaztearen eta haurren begietatik urrun, berari ez beste inori eman gutun hau».

      Farmataz baliatzen nintzen lehen aldia zunan,eta amorrua eman zidanan. Bera? Pozez zoratzen, gazteak ginenetik lanbide horrekin egina baitzen amets… Baina ni neu bakarrik aritzen nindunan beti; bera ez zunan behin ere nire arazoetan tarteko, jakinaren gainean jarria baino ez, ganorabako baten antzera bazterrera utzia, eta kexu zunan. Pozez zoratzen zegonan, gupidarik gabeko mezu baten eroale zela jakin gabe.

      Daoudaren kontsulta-bulegoa ez zegonan Fallene txaletetik urrun. Bus azkarrek bazeukatenan geralekua atetik metro gutxira.

      Kontsulta-bulego hark erraztasuna ematen zionan Daouda Diengi. Estatuak irekia zunan, gogoa erakusten zuten sendagile eta farmazialariei emandako mailegu baten bidez. Ulertua zinan sendagile batek ez duela bere lanbideari uko egiteko eskubiderik; izan ere, sendagilearen prestakuntza geldoa, luzea, nekagarria dun, eta sendagileak ez ditun asko. Beste edozertan baino onuragarriagoak ditun beren lanbidean; gai baldin badira beste jarduerekin batera eramateko, oso ondo. «Baina zer axolagabekeria sendatzeari uko egitea beste edozer gauza egiteko!». Horrela aritzen zunan Daouda gure lagunartean, Mawdo Bā eta Samba Diack tarteko zirela.

      Farmata pazientziaz egon zunan bere txandaren zain, bada, kontsulta aretora heldu zenean; behin Daoudaren aurrean, zigiluz itxitako gutuna eman zionan. Eta Daoudak irakurri:

 

      Daouda:

      Oinazearen hondamen biziak gorabehera, emakume berbera izaten jarraitzen duen baten atzetik habil.

      Hik, maite izan nauen horrek, eta —ez zaukaat zalantza izpirik— oraindik ere maite nauen horrek, uler nazak, faborez.

      Hire dohain ugarik justifikatutako begiramenak eta ez beste ezerk hiregana erakartzen nauten honetan, ez zaukaat nire kontzientziaren malgutasun nahikorik hire emaztea izateari baiezkoa emateko.

      Hik dena merezi duk, eta nik ezin diat beste ezer eskaini. Begiramena ez duk nahikoa nik neure eskarmentuz ezagutzen dudan senar-emazte bizitzako lakio guztiak onartzeko.

      Bestalde, hire emaztea eta haurrak hor egoteak are gehiago korapilatzen dik egoera. Emakume bategatik atzo abandonatua bainaiz, ez naitekek hain arin sar hire eta hire familiaren artean.

      Poligamiaren arazoa erraza dela iruditzen zaik. Horren inguruan mugitzen direnek ezagutzen ditiztek aldatzearen gozamen iragankorraren truke kontzientziaren zama gertatu diren eragozpenak, gezurrak eta bidegabekeriak. Ziur nagok maitasunak bultzatuta habilela, hire ezkontza baino askozaz lehenagokoa den eta halabeharrak gauzatu ez duen maitasunak bultzatuta.

      Mugarik ez duen tristuraz eta malkoak begietan eskaintzen diat nire adiskidetasuna. Onar ezak, Daouda bihotzeko hori. Atseginez hartuko haut nire etxean.

      Laster arte, ezta?

Ramatulaye

 

      Gutuna irribarrez emana zion Farmatak esan zidanan irri aurpegia gaiztotzen joan zitzaiola Daoudari irakurtzen ari zen bitartean. Betileak tolestu, kopeta zimurtu, ezpainak hozka estutu, hasperen egin; senak eta ikuskari zorrotzak goibel mozorroa ezartzen ziotenan.

      Mahai gainean pausatu zinan Daoudak gutuna. Astiro, kartazal bat bete zinan billete urdin sortaz, estu-estu. Txartel baten gainean zirriborratu zinan mediku ikasketa garaian ikasi eta aspaldian banandu gintuen formula beldurgarria: «Dena ala ezer ez. Adio».

      Aissatou, Daouda Dieng ez dun berriro inoiz itzuli.

      «Bissimilai! Bissimilai![28] Zer idatzi dun eta zeren mezulari bihurtu naun! Gizon bat hil dun. Haren aurpegi ilunak deiadar egiten zidanan. Jainkoak bidalia bota dun hire oinazeak arintzeko. Jainkoak berak zigortuko hau, ez baition bake-bideari jarraitu. Uko egin dion handitasunari! Lokatzetan biziko haiz. Odol malkoak isuraraziko dizkiadan beste Modou bat opa dinat.

      Nor haizela uste dun? Berrogeita hamar urterekin, wolere-a[29] haustera ausartu haiz. Hankapean hartu dun hire aukera: Daouda Dieng, aberatsa, diputatua, sendagilea, hire adinekoa, emazte bat baino ez duena. Ziurtasuna eta maitasuna eskaini dizkin, eta hik ezetza eman dion! Zenbat emakumek, Dabaren adinekoak izanda ere, egon nahiko luketen hire lekuan.

      Aitzakiak asmatu ditun. Maitasunaz ari haiz ogiaz mintzatu ordez. Madamuk goragaleak nahi ditin bihotzean. Zergatik ez loreak, zineman bezala?

      Bissimilai! Bissimilai! Hik, hain zimeldua haizen horrek, hemezortzi urteko neskatxak bezala aukeratu nahi dun senarra. Bizitzak gordea din hiretzat ezustekoa, eta, orduan, Ramatulaye, hatzei hozka egingo dien. Ez zakinat zer idatzi duen Daoudak. Baina dirua zagon kartazalean. Benetako Samba Lingere[30] bat dun, lehengo garaietakoa. Jainkoak bete dezala, bete-bete, Daouda Dieng. Nire bihotza harekin zagon».

      Horrelakoa izan zunan Farmataren erasia bere misiotik itzuli zenean. Aztoratu egin nindunan. Gure familien arteko harremanagatik gaztetako adiskide nuen haren egia ezin zunan nirea izan, bere logika interesatuan… Uko egiten nionan beste behin ere nire etorkizun-asmorako erraztasunari. Une txiki batez argitua zen argiunetik bakardadera biltzen nindunan. Bakardade soinekoa janzten ninan eguneroko jantzia janzten den moduan. Ondo zetorkidanan haren ebakera. Farmatari atsegin ez bazitzaion ere, erraztasunez mugitzen nindunan haren barnean. “Beste zerbait” nahi ninan nik bizi. Eta “beste zerbait” hori ezin zunan izan nire bihotzarekin bat ez bazetorren.

 

* * *

 

Tamsir eta Daouda kanporatu ondoren, ez zegonan beste harresirik eskekoen eta nire artean. Orduan ikusi nitinan, ilaran estu inguratzen, etekin errazeko iturri bila zebiltzan agureak eta alferkerian gizendu nahi zuten abenturazale gazteak. Bata bestearen atzetik eman nizkienan ezetzak, esku-eske etorri zirenen herrian “lehoi eme” eta “atzeratu” fama irabaziz.

      Nork askatzen ote zuen ehiza-txakur goseti andana hori nire arrastoen atzetik? Nire xarmak joanak baitziren, haur-egite, urte eta malkoekin. Ai! Ondarea! alaba Dabak eta beraren senarrak erosi eta nire esku jarritako zati potoloa.

      Berek eraman baitzituzten Modouren ondasun banaketako hitzarmenak. Nire suhiak mahai gainean jarri zizkinan SICAP txaletaren aurrerakina eta bost urteko alokairuaren prezioa. Ordenantzaren agiria eskuan, nire alabaren eskura itzuli zunan SICAP txaleta, hark sailkatu baitzuen banan-banan haren edukia, eta dena erosi.

      Fallene txaletaren historia azaldu erraza dun: duela hamar urte Modouren eta bion soldatarekin lortutako banku maileguaren ondorio ditun lur eremua eta eraikina. Duela bi urte berritutako barnea, berriz, nirea dun, eta hori baieztatzeko fakturak erakutsi nitinan. Modouren jantziak geratzen ditun, neuk aukeratuak eta zainduak zirelako ondo ezagunak, eta besteak… beraren bizitzako bigarren zatikoak. Zaila zitzaidanan senarra “gazte-otso” zarpail horietan imajinatzea… Beraren aldeko familiartean banatu zitiztenan.

      Dama amaginarrebari eta haren alabari egindako opari eta bitxiak berenak ditun eskubidez.

      Dama amaginarreba zotinka ari zunan, eta negarretan. Larrutzen ari zirela eta, errukia eskatzen zinan. Ez zinan etxez aldatzerik nahi…

      Daba, ordea, gazte guztien antzera, errukirik gabea dun. «Gogora zaitez zure alabaren adiskiderik kuttunena nintzela. Amaren aurkari bihurtu zenuen Binetou. Gogoan izan hori. Bost urte bitartean, sostengurik gabe utzi zenituen ama eta haren hamabi haurrak. Ez ahaztu hori. Zer sufrikario izan duen amak. Nola lezake emakume batek beste emakume baten zoriona sakailatu. Ez duzu errukirik merezi. Alde hemendik! Binetouri dagokionez, biktima bat baino ez da, zeure biktima. Erruki diot».

      Dama amaginarreba malkotan zegonan. Binetou?... Eserita, ezaxola. Zer axola zitzaion esaten ari zirena? Barrutik hila zegonan… Modourekin ezkondu zenetik.

 

 

[27] Aitoren semea, noblea.

[28] Koranaren lehen suretako hasiera. Eguneroko hizketan erabiltzen da wolof hizkuntzan, harridura, ustekabea adierazteko.

[29] Aspaldiko adiskidetasuna.

[30] Ohore handiko gizona.