Usurbilgo ordenantzak
(1888)
USURBILL-KO ERRIYAREN
ORDENANZAK.
Itzaurrea.
Erriko agintaritza egiten du Alkateak bere ordekoakin, Legeak agintzen duten moduan.
Erriko batzarre edo Aiuntamentuak erabakitzen du derizkiona legeak bere mende ipintzen dituen gauzetan.
Usurbill-ko erri onen mugak dira: Sartaldetik, Zizurkill, Ondardi deritzaion tokian, eta Aya, Loazu eta Olabarrieta izendatzen diranetan: Ifar-aldetik, Orio, Gaztelu-ko errekan, eta Igeldo, Mendizorrotzen; Sortaldetik, Donostia, Maskolatz eta Guruzegi-ko erreketan, eta Eguatik, Ernani, Munigi esaten zayon lekuan eta Lasarteko erriberetan.
Erria eta bere mendeko lurrak, berezitzen dira echadi edo eche-talde oetan:
1.koa Erria bera, edo Eleizaldea, Inchuspe-ko errekatik asi eta Bustinzulokoraño.
2.garrena Usurbill-zarreko echadia, Bustinzulo-ko errekatik Maskolatzaño.
3.garrena Agiñaga-ko echadia, Inchuspe-ko errekatik asi ta Gaztelukoraño.
4.garrena San Esteban edo Urdayaga-ko echadia. Bere mugak dira: Oria ibaya, Zubieta-ko echetaldea, eta Zizurkill eta Aya-ko lurrak Ondardi eta Loazu izendatzen diran tokiyetan.
5.garrena Zubieta-ko echadia, Oria ibaya, Urdayaga-ko echadia eta Donostia-ko mugaren artean.
Erri onetan bizi diran jende guztiak, eta bertan pasaizoz arkitzen diranak obeditu eta errespetatu bear dituzte erriko autoridade edo agintaritza daukatenak ematen dituzten neurriak.
Autoridade edo agintaritza orren mendeko diranak, eta bere izenean beartuak daudenak aren agindu guziak gorderazitzera, bear dute jende guztia moduz tratatu, naiz dala aginte berriren bat aditzera eman bear diotenean, naiz eta bear ez dan gauzaren bat egin dutelako, kontuan ipiñi bear diranean berriz alako gauzarik ez egiteko.
LENBIZIKO BURUA.
GIZALEGE ONAREN GAÑEKO AGINDUAK.
Lenbiziko zatia. Erlijiyo eta gauza santuai
dagozkiotenak.
Gizatalde eta erriak gobernatzeko gauzarik beárrena eta sostengatzallerik onena, da Jaungoikoaren bíldur santua. Argatik, gizonak egiten dituzten lege guztiak, lege egiazkoak izango badira eta jendeak errespetatuko baditu, bear dira egin Jaungoikoaren Lege Santuari begiratuaz, zergatik Lege Santu oni zor zaion errespeto eta obedienzia da agintaritza edo autoridadearen zimendua. Orregatik, eta nola agintaritza edo autoridade au daukaten guztien lenbiziko eginbidea dan, Erlijiyo Santuko gauzak eta Ebanjelioan agintzen diranak anparatzea, eskudatzea eta alegiña guzian gorderazitzea, Erri onetako Batzarrak erabaki du:
1.koa Legeak agintzen duten moduan kastigatuak izango dira, jende-aurrean, arneguzko itzak, juramentu gaiztoak, birau edo maldizioak, eta beste edozeiñ itz char esaten dituztenak Jaungoikoaren, Santuen eta Eleizako gauzen kontra.
2.garrena Debekatzen da igande ta jai-egun ezagutu guztietan, agirian lanik egitea.
3.garrena Premiya aundiren bategatik, kanpo-lan edo beste lanen bat egin bear izango balitz, eskatuko zaio eskubidea erriko autoridadeari. Onek emango du eskatzen zaion baimena, bidezkoa bada, orretarako entenditurik Eleizako autoridadearekin.
4.garrena Eleiz-funzioak galeragiten dituztenak, edo beretara joaten diranen sentimentuak edozeiñ modutan minberatzen dituztenak, izango dira Tribunaletara entregatuak, kastigatu ditezen legeari eta beren utsegiteari dagokion moduan.
5.garrena Prozesioak pasa bear duten kaleak, egongo dira chit ongi garbituak, gichienez Prozesioak pasa bear duen baño ordu betez lenagotik. Ala egiten ez duten bezino guztiak eranzungo dute bear dan tokian, eta izango dira kastigatuak ordenanz' oek, garbitasunari dagokion buruan, agintzen duten erara.
6.garrena Jai aundietako prozesioetan, Aiuntamentuak erregutuko die jende guztiai apaindu ditzatela, beren leio ta balkoiak al-duten modurik onenean, prozesioak pasa bear duenerako.
7.garrena Prozesioak pasatzen diran tokietan egon bearko dute gizasemeak burutsik, prozesioa pasatzen asten danetik oso bukatu arte, eta eziñ fumatuko dute, ez ere agitz itzegin, keñu edo beste edozer gauza egiñ Eleizako gauzari zor zaion errespetoaren kontra.
8.garrena Debekatzen da prozesioak pasa bear duen tokian dauden taberna eta dendak irikita edukitzea, eta kalean ipintzea pasaizoa galerazten duten gauzak, edo Eleizari izan bear zaion errespetoari ez dagozkion modukoak.
9.garrena Ezta utziko zaldi edo beste abererik, ez ta ere, koche, karro ta gurdirik ibiltzen prozesioak pasatzen diran tokietatik, oek pasatzen diran orduan.
10.garrena Ezta ere utziko, autoridadeak lendanaz artarako eskubidea ematen ez badu, Eleiz-atarian ezer saltzen jartzea.
11.garrena Debekatzen da jai-egunetako eleiz-funzioak diran bitartean, pelotan, boletan edo beste onelako moduko jokoren batean aritzea leku agirikoetan; eta debekatzen da ere erri onen barrunbe guztian billera edo batzar iskanbillazko eta sesiyotirik izatea.
Bigarren zatia. Erriko festak.
12.garrena Musikalari, dantzari eta beste orrelako konparsa edo gizatalde eskean dabiltzanak, eskatu bear diote lendanaz Alkate jaunari orretarako eskubidea.
13.garrena Galdu ez ditezen oraindaño alde oetan gordetzen diran oitura zar maitagarriak, Abe-Maria edo Amezkilla jotzen danetik, isilduko da illunabarrean danboliñ edo beste orrelako dantza-soñua, eta gelditu bearko da dantza.
14.garrena Ez plazan, eta ez beste toki agirikotan, ez da utziko dantzatzen Euskal-errian oitura zarra dan modura ezpada, zergatik erbesteko dantza berriak ez datoz ongi gure izate ta bizimoduarekin.
15.garrena Dantzan ari dan bitartean, eziñ faltatuko zayo iñori itzez, eskuz edo beste moduren batera, eta oraindik guchiago gizabidea zuzentzeko bearrenak diran gauza santuai zor zaioten errespetoari. Ala egiten badu norbaitek, ipiñiko da autoridadearen eskuetan, kastigatu dezan. Etzayo utziko dantzan sartzen edanean pasatua dagoenari.
16.garrena Ez da utziko erriz-erri dabiltzan saltzailleak ipiñi dezatela agirian joko debekaturik. Errifaren bat egin bear badá, eskatu bear da orretarako lendanaz eskubidea.
17.garrena Iñauteri egunetan utziko da kalietan zomorroz jantzita ibiltzen goizeko bederatzietatik illunabarra arte, baña ez Eleiz-funzioak diran bitartean. Debekatua dago Eleiz-jantzirik, edo beste autoridadea dutenentzat izendatuak daudenik jaztea.
18.garrena Debekatzen da ere, Erlijio-Santuaren eta oitura onen kontrako gauzarik: itz charrakin edo bear ez bezelako jardunakin pertsonai kalte egitea, eta beste edozeiñ orrelako gauza gizalege onari ez dagokiona.
19.garrena Bakar-bakarrik autorideak eta bere mendekoak kenerazi lezayoteke arpegian daraman estalkia, orrelako gauzaren bat egiten duenari.
20.garrena Len esan diran aginduai faltatzen dioten zomorroz jantziak, izango dira autoridearen eskuetan ipiñiak, eman dezayoten legezko kastigua.
Irugarren zatia. Kale-funzioak.
21.garrena Erriz-erri ibiltzen diran komediante ta beste modu orrelako funzioak emen nai dituztenak, dala toki ichian, dala kalean, erakutsi bear diote lendanaz autoridadeari, esamiñatu eta ontzat eman dezan, egin bear duten funzioaren azaldea.
22.garrena Azalderik ezpadute, nagusi egiten duenak emango du segurantza ez dala ezer egingo Erlijiyo Santu ta oitura onen kontra.
23.garrena Baldin alaz guziaz, bear ez dan gauzaren bat egiten bada, edo agertzen badira komedianteak bear ez bezelako jazkerakin, bertatikan geldituko da funzioa, eta nagusia eta bere jendea irriskatzen dira, ondorengo erakartzen dituzten kalte ta bere ganatzen dituzten kastiguetara.
24.garrena Kosmorama ta beste orrelako gauzen batzuek agertu nai dituztenak, erakutsi bearko diozkate guztiak lendanaz autoridadeari. Beretan arkitzen bada zerbait Erlijiyo-Santuaren eta oitura onen kontrakoa, bereala izango da chautua eta gauzaeztatua.
25.garrena Baldin azaltzen bada autoridadeari esamiñatzeko eta ontzat emateko erakutsi etzayonen bat, kastigatuko da kosmoramaren jabea, ordenanzak agintzen duten moduan.
26.garrena Ez da kale-funziorik egingo, ez ta ere pelota-leku, bola-toki edo beste orrelako berririk ipiñiko, autoridadearen baimenik gabe.
27.garrena Toki edo funzio oyetara joaten diranak eziñ esango dute itz itsusirik, edo an dabiltzanen artean sesioa ipiñi lezakeanik: bestela, kastigatuak izango dira.
28.garrena Erriz-erri ibiltzen diran soñu-jotzalleak, diranak dirala, ezin salduko dute, ez ta ere kantatu, gizon-iltzalleen kondairarik, urkamendiko gertakari ta beste orrelako gauza izugarrienik, ez eta ere, gizon ta emakume arteko bear ez bezelako adiskidetasunaren gañean ipiñitako bersorik, edo beste edozeiñ, oitura onen kontrakorik, zergatik ez duten oiek guziak, buruak nastu eta griñak chartzeko ezpada serbitzen.
29.garrena Debekatzen da, ere, kartakin edo beste moduren batera azti-konturik egitea, eta abere edo pizti gaiztorik eramatea, non ta ez dijoazen loturik iñori gaitzik ez egiteko moduan.
30.garrena Len aitatzen diran funzioak egin bear dituztenak, naiz ta orretarako eskubidea iduki, bukatu bearko dituzte illunabarrean.
31.garrena Zati onetan esaten dan guzia, agintzen da era berean modu onetako bizimodua daramaten guztientzat.
32.garrena Debekatzen da osotoro iñori zinzaralderik ematea, zergatik dan oitura char bat erritarren arteko pake ta anaitasunaren kontrakoa.
Laugarren zatia. Jendea artzen dan tokiak.
OSTATUAK, ARDANDEGIAK, SAGARDOTEGIAK.
33.garrena Orrelako tokiren bat iriki bear danean, esan bear zayo lendanaz Alkate jaunari, artu ditzan bear diran apuntazioak. Ala berean esan bear zayo ostatu, tabernan edo sagardotegiren bat tokiz aldatzen danean.
34.garrena Ostatujabeak artu bearko dituzte beren neurriak jakiteko zer moduzko jendeak diran beren echean gauba pasatu nai dutenak.
35.garrena Debekatua dago, jakiñen gañean, eche oyetan artzea bizimodu charreko gizon ta emakumerik, ta erriz-erri alferkeriyan dabillenik.
36.garrena Erri ontako ostatu, taberna eta sagardotegi guztiak ichi bearko dira arratseko bederatzietan, Urriaren lenbiziko egunetik, Apirillaren azkenengoraño, eta amarretan, Mayatzaren lenbizikotik Agorraren azkenengoraño.
37.garrena Ordu oyek ezkero iñolaere eziñ iñor geldituko da toki oyetan, non eta ez dan echean bizi dana, edo bertan gauba pasa bear duen kanpokoa.
38.garrena Ostatu, taberna edo sagardotegiko jabeak nai badu, aginduan izendatzen diran orduak ezkero norbait daukalako, bere borondatearen kontra, kastigurik ez izan, esan bearko dio autoridadeari nola eziñ atera duen, bere egiñalakgatik.
39.garrena Autoridadeak, eta beren mendekoak, sartu litezke edozeiñ ordutan, naiz egunez ta naiz gaubaz, ostatu, taberna ta sagardotegietan, ala bear izango balitz bere iritzira, aurretik jabeari eskubiderik eskatu gabe.
40.garrena Debekatzen da, tabernak ichi ezkero, leyo eta ateetatik, ardoa, likoreak eta beste edozeiñ edari saltzea, non ta premia aundiren bat ez dan.
41.garrena Ezta sartzen utziko edaria saltzen dan tokietan, ez ta ere egoten, moskortuta dagoenik.
42.garrena Ez ta utziko ere debekatutako jokorik: bestela, kastigatuko da ango jabea.
43.garrena Debekatzen da osoro edari nastu, char eta osasunaren kontrakorik saltzea.
44.garrena Ardoa, sagardoa edo beste orrelako edariak saltzen diran toki guztiak, tabernak balira bezela juzgatuko dira.
Bostgarren zatia. Erriko pakea.
45.garrena Jende guztiak egon bearko du moduz eta errespetoarekin, toki publiko edo mundu guztia joaten danetan, eta eziñ aterako du, beren arteko pakea ken lezakean erriyerta ta sesiyorik.
46.garrena Autoridadearen baimenik gabe, ezta utziko gaubaz musika-soñurik, ez errespeto gabeko kantarik, ez ta ere lotan dauden jendeak esna ditzakean deadar ta ujujurik, naiz dala kalean, naiz dala baserriyetan.
47.garrena Debekatzen da osotoro, billera sesiyotirik izatea, ez kalean ta ez baserriyetan, ez egunaz eta ez gaubaz.
48.garrena Autoridadearen baimenik gabe, eziñ tirako da tirorik, ez ta ziririku edo beste orrelako polbora-gauzik ere.
49.garrena Debekatzen da gaubaz, jendea izutu lezakean soñurik ateratzea, dala deadarrakin, dala ezkillak jota, dala beste edozeiñ modutan.
50.garrena Eziñ iñori esan leikioke, bere izen onaren kontrako gauzarik, ez ta ere kantatu modu orretako kantik, ezta iñor artu ere farragarritzat.
Seigarren zatia. Azalde agirikoak.
51.garrena Autoridadeak bakarrik ipiñi litzake azaldeak toki agirikoetan.
52.garrena Debekatzen da azalde oriek, bando eta beste edozeiñ paper autoridadeak ipiñitakorik, autsi, zikindu edo kentzea.
53.garrena Baldin norbaitek ipiñi nai badu azalde bat, ala moldizkiratua nola eskuletraz egiña, toki agirikoetan, eskatu bearko dio baimena autoridadeari.
BIGARREN BURUA.
OSASUNARI DAGOKIONA.
Lenbiko zatia.- Obiratzeak, edo lurperatzeak.
54.garrena Eziñ gorputzik lurperatuko da, ill ta ogei ta lau ordu igaro bitartean, eta erriko Juezaren baimenik gabe.
55.garrena Gorputz illak eziñ idukiko dira echean, entierro edo funzioa prestatzeko bear dan denbora ezpada, non ta medikuak agintzen ezpadu bereala eramateko, usteltzen asia dagoelako edo beste orrelako gauzaren bategatik.
Bigarren zatia.- Jateko ta edatekoen saltzea
eta esamiñatzea.
56.garrena Utziko da librekiro saltzen edozer jateko, non ta bere prezioa izendatua ez dagoen erriko errematean.
57.garrena Ogia salduko da oraiñ oitura dan bezelako pisuan, au da, kilogramo, kilogramo-erdi ta orrelakoetan. Ogi bakoitzak iduki bearko du azalean markatua bere pisua ta egillearen izen lonbreen lenbiziko letrak. Edozeiñ eroslek eskatu lezake pisatzeko, ta ezpadago bear bezela, kenduko zayo saltzalleari, ta kastigatuko da.
58.garrena Eziñ salduko da ezer, usteltzen asitakorik, edo bear bezela ez dagoenik. Ala aragi, bakallau, urdai gazi, nola ardo, olio ta edariak edo beste edozeiñ, ikusi litzake autoridadeak onak dauden, eta galeragiñ osasunaren kontrakoak saltzea.
59.garrena Abelgorri ta cherriak, ill baño len, esamiñatuko ditu onak diran Aiuntamentuak artarako izendatzen duenak.
60.garrena Aragi freskoak izango dira kontrapisatuak, autoridadeak ala baderizkio, edo erosleak ala eskatzen badu.
61.garrena Aragia ta urdaya saltzeko tokiyak, garbiak egon bearko dute.
62.garrena Saleran bear diran neurri ta pisuak, bear dute izan Sistema metrico deritzaion berrietakoak, eta ondo dauden autoridadeak ikusiak ta ontzat emanak.
Irugarren zatia.- Osasuna ta garbitasuna.
63.garrena Bear dute garbitu eche-aurreko losa ta kalea erditaraño egunero, echeko bizitzarik beekoenean bizi diranak, eta dendarik badago, dendan daudenak.
64.garrena Baserrietan bizi diranak iduki bearko dituzte garbi eche-atari ta sarrerak, putzu ta lokatzik gabe, bada bestela etortzen dira kalteak beren eginbideetarako ta osasunarako.
65.garrena Eramango dituzte alik maizena beren lurretara, ukullutako zimaur ta gorotz mota guztiak, zergatik eche barrunbean sortu litzateke jendeen ta abelgorrien artean gaitz char asko, zergatik ayek botatzen dituzten kemearrak, usteltzen ari diran artean, dira chit kaltetsuak osasunarentzat.
66.garrena Abere illak lurperatuko dira echeetatik urruti, eta guchienaz metroterdi barrena dituen zuloan.
67.garrena Eziñ botako da kalera ta bideetara, ur, arri, zikinkeri edo zikindu edo gaitz egin lezakean gauzarik.
68.garrena Aiuntamentuak agintzen duen guztian, bearko dituzte eche-jabeak beren eche-aurreak zuritu.
69.garrena Bero aundiak diranean gorputzarentzat premiazkoa da bañua artzea. Baña ez da utziko bañurik artzen metro bat ur baño geyago dagon tokian, ez ta korrentak indar aundia daukanean ere, jendearen segurantzagatik, eta zorigaitzeko gertaerarik izan ez dedin.
70.garrena Bañua artzen dutenak oitura onai ez dagokioten moduan, izango dira gogorki kastigatuak.
71.garrena Ezta eskoletan utziko chertatu gabe dagoen aurrik sartzen, ez ta ere oso sendatu arte, eskabi, charranpiñ edo beste orrelako eritasunen bat daukanik. Mediku jaunaren agiriarekin probatu bearko du chertatua dagoana eta osasun ona daukana.
72.garrena Eskolara joateko edadea duten aurrak, arkitzen badira kalean edo bideetan jostatzen, eskolako orduetan, izango dira beren gurasoai edo buru egiten dutenai entregatuak, edo bestela eramango dira eskolara.
IRUGARREN BURUA.
PERSONEN, ECHEEN ETA KANPOEN SEGURANTZA.
Lenbiziko zatia.- Errekaiak edo erraz su-artzen
duten gauzak.
73.garrena Debekatzen da kaleko echietan ipintzea, dinamita, polbora ta petrolio-almazen aundirik. Orrelakorik ipiñi nai bada, ipiñi bearko da erritik kanpora, beste eche guziakgandik berezi edo aparte, ta autoridadearen ezaguerarekin eta bitartekotasunarekin.
74.garrena Arri-olio mota guztiak dendetan dauzkaten ontziak, izan bearko dute metalezkoak ta egon bearko dute ongi ichiak, beren kanillakiñ salera-lanetarako: eziñ ipiñiko dira elkarren gainka, ez ta ere argiyaren aldean.
75.garrena Chimini guztiak garbituko dira gichienaz urtean beiñ, echean bizi diranen kontura.
76.garrena Eziñ pillan ipiñiko da lasto, orbel, garo ta orrelakorik, eche ta mendi arbol lunetatik ogei metro baño alderago.
77.garrena Autoridadearen baimenik gabe, eziñ sugarralderik piztuko da kalean, ez ta beste echeren inguruan ere.
78.garrena Eziñ sartuko da iñor gabaz, ukullu, ganbara ta orrelako beste lekuetan argi bat ez duela metal-sarezko farol batean, ezerk su artu ez dezan moduan.
79.garrena Kanpoan su egiteko premia izan ezkero, eziñ egingo da eche, mendi arbol lun, egurtza ta orbeldietatik eun metro baño alderago.
Erortzeko moduan dauden echeak.
80.garrena Erortzeko moduan dauden echeak izango dira zulatuak, eta eche-jabéak obligatuak izango dira al-duten lasterrena konpontzera.
81.garrena Ala konpondu bitartean, iduki litezke estibaturik, baña obra zarra bota edo berria egiteko bear dan denbora bakarrik. Echejabeak egingo ez balu, lendanaz esan zayon denboran, denbora ura igaro ezkero, egingo du autoridadeak, naiz dala obra zarra botatzea, naiz dala berria jasotzea, eche jabearen kontura, inguruko eche ta pasaizoko jendeai egin lezayozkean kalterik ez izateko.
Bigarren zatia.- Bideak.
82.garrena Eziñ ipiñi liteke kale ta bidietan koche, gurdi, gorotzpilla ta beste gauzarik, ez ta ere utzi zakar, erramienta edo beste edozer gauza pasaizoa galerazi edo zorigaitzen bat ekarri lezakeanik.
83.garrena Nai ta nai ez utzi bear danean gaubaz kalean edo bidean gauz oyetako bat, ipiñiko da farol piztu batekin, an pasatzen diranai adierazteko bidea eragotzia dagoela.
84.garrena Ezin ipiñiko da bideetan pelota-leku, bola-toki edo beste edozeiñ joku, jendeari pasaizoa galerazi lezayokeanik.
85.garrena Ezin eramango da abererik kale ta bidietan jendeari miñ emateko, eta beste kalterik gauzetan egiteko moduan, baizik aurretik joango dira eramantzalleak ongi kontu artuaz, eta gau illunetan argi batekin, au ez kendurik, taberna edo echeetako ondoan loturik lagatzen dituztenean, pasaizoko jendeai zér peligro dagoen adierazteko.
86.garrena Debekatzen da, erri ontako kale, echeatari ta kamio errealean uztea gurdi zimaur, gorotz, arrai edo beste edozer gauza usteltzen asita dagoenik.
87.garrena Eziñ sugarraldetik egingo da kalean, autoridadearen baimenik gabe.
88.garrena Debekatzen dira mutillen arteko burruka, arrika, ta beste edozeiñ jostaketa, norbaiti edo berai miñ eman lezayokeanik, ta pasaizoa galeragiten duenik. Guraso eta mutillen kontua dutenak eranzun bearko dute, mutillak egiten dituzten personen arteko dañu ta kalteakgatik.
89.garrena Eziñ egingo da kalean ta eche-atarietan, garbitasun, apainketa eta beste orrelako lanik, naiz eta gauza abek aurrakin egin.
Irugarren zatia.- Kanpoa.
90.garrena Erriko mugarriak edo beste edozeiñ siñale puskatu edo beste tokiren batera aldatzen dituztenak izango dira Tribunaletara eramanak, biar dan moduan kastigatuak izan ditezen.
91.garrena Debekatzen da, ere, erriaren edo beste edozeñen mugak puskatu edo aldatzea, bideai kalterik egitea, edo berakaz jabetzea.
92.garrena Eziñ utziko dira bakarrik ta libre, bei, cherri ta beste abereak kanpoetan, naiz beren jabearenetan, baldiñ erraz pasa albaditezke besterenetara, ta an kalteak egin, baizik iduki bearko dira loturik, edo norbaitek kontu artzen diotela, edo bestela lur ichietan.
93.garrena Besteren lurretan utziak arkitzen diran abereak geldituko ditu lur onen jabeak, eta eramango ditu autoridadearengana, autoridadeak eskatu dezayon bear dan kontua aberejabeari.
94.garrena Debekatzen da erriko, norbaiten edo bideetako arbolai arririk tiratzea, ta beretara igotzea adarrak ebaki edo kalte egitera.
95.garrena Debekatzen da ibaira ta erreketara polborarik botatzea, edo beste edozer gauza pozoitsua, arraya galdu ta jendearen osasuna ondatu lezakeanik.
96.garrena Debekatzen da chakurrak suelto lagatzea jendeari edo kanpoai kalte egin lezayoteken moduan.
97.garrena Abere-zakur aundi ta beste orrelako gogorrak eramango dute beti bozala. Ala eramango dute ere chakur guztiak autoridadeak noizbait premiazkoa baderizkio.
98.garrena Debekatzen da erretenak istea, esiyak ebakitzea, edo beste edozeiñ kalte egitea kanpo ta basoetan, bide, ur-korrent eta lurraren jabetasunari dagozkion gañerakoetan.
OSAGARRIA.
Erri bateko biztanle guztiak jakin bear dute, erriko ordenanzai guztiak zor diotela obedienzia: guztiak bear diotela lagundu autoridadeari, lege oek ondo kunplitu ditezen: ez dala bidezko gauza, ala kunplitzen ez badira, autoridadeari kulpa guztia ematea, bada errian bizi dan edozeñek dauka zeri begiratu, ta dauka ere zér egiñ, eta ez luke ezer balio ordenanza on batzuek ipintzea, baldin Aiuntamentuari erriko jende guztiak lagunduko ez balio alegiña ongi kunpli ditezen. Nai luke Aiuntamentu onek oraindaño bezela segi dezatela erri ontan oitura onak; nai luke bakoitzaren interesari kalterik ez egin ta erriko guzienai mesede: nai luke denak, batzuek besteentzat izan dezatela erri bateko jendeen artean izan bear duen errespetoa ta onginaia; bateratu ditezen erri onen interesak eskudatzeko; ta uste du agindu oek kunplitzea guztientzat ongi etorriko dala, beren osasuna ta segurantza, eta personen eta ondasunen zaitzerako ta libratuko dituela elkarren arteko pakeak dakazkien ondasun ugariak galtzeko perilletatik. Argatik erregutzen die erriko guztiai egin dezatela al-duten guztia agindu oek ongi kunplitzeko, ta espero du ez duela premiarik izango Errientzako Legeak bere 77-garren agintean esaten duen eskubidea arturik, norbait kastigatzeko.
Usurbill-en 1887-ko Urriaren 10-an.
Franzisko Minteguiaga-koa, Alkatea.
José Mendizabal, Sekretario edo Goarpelaria.
On José Mendizabal, Usurbill-ko Erriaren Batzarreko Goarpelaria.
Ziertotzen det: Batzar onek, gaur izan duen billeran, ontzat eman dituela, batere oarkerarik gabe lege oek.
Ta ala dala agertzeko, ipintzen det au, Alkate jaunaren baimenarekin, Usurbill-en 1887-ko Urriaren 16-an.
Ikusi ta ontzat emana
Franzisko Minteguiaga-ko, Alkateak.
José Mendizabal, Goarpelaria.
Joan den Azaroaren 8.an izan zuen billeran Probinziko Bilgumak eman zuen iritzia ikusirik, Probinziko Gobernutari jaunak ontzat eman ditu ordenanza oek.
Usurbill-en 1888-ko Otzaillaren 8.an - Franzisko Minteguiaga-koa, Alkatea.
Donostian, 1888-ko Marchoaren 8.an - Berriz ikusi ta ontzat emanak.- Moral, Gobernutariak.
Donostiako Euskal-itz-jostaldien Batzarreak Abustuaren 8-an izan duen billeran, ontzat eman du Ordenanza oen Euskal-biurtza.
Non: Usurbill-ko erriyaren ordenanzak, Donostia?, Imprenta Baroja, 1888. Bere pasarte batzuk hemen ere: ZABALETA, J.: Euskal Itzulpenaren Antologia, Lazkao, Pax, 1984, 202 or. eta hh.; eta ZABALETA, J.: «Informazio irabazi eta galerak testu juridiko baten itzulpenean», Senez, 3. zenb., 1985 abendua, 53-71 or.; EUSKARA JURIDIKOAREN MINTEGIA (ATXABAL, Alberto eta beste batzuk): Euskara, zuzenbidearen hizkera, Bilbo, Deustuko Unibertsitatea, 1995, 431-432 or.
Bertsio honen iturria: Imanol Trebiño, Administrazio zibileko testu historikoak, HAEE-IVAP, 2001
|