Euskaldunak Arjentinan dierri onen lokabetasunaren lenengo eunki-mugan
(1910)
Zer gertatzen da Buenos Airesen,
zer Arjentina guztiyan?
Zeri zor zaio alaitasun au
gure bigarren erriyan,
ta gure seme euskalkumeak
jaio ziraden tokiyan?
A, nola denok ez pozkidatu
gaur ospatzen dan eunkiyan?
Eun urte dira dieronde au,
ume zana gizondurik,
lengo gidari eta iñudeak
alde batera kendurik,
zutitu zala kitapetzeko
asmo sendoz goiturik,
ta gaur munduba begira dauka
bera danaz arriturik.
Oraiñ eun urte zan maiatzaren
ogei ta bigarrenguan,
nola erri au besteren mende
txit aspertuba zeguan;
bertako seme ausarditsuak
batzarrean «kabilduan»
bildu ziraden, menpetasunak
astindutzeko asmuan.
Erregeordeko edo «virreya»,
Españaren aurkeztari,
Cisneros jauna arkitutzen zan
lur onetan agintari;
ta gizon portitz biotztsu aiek
esan ziyoten berari:
«Jauna, loturak kentzera gatoz
gu sortu giñan lurrari».
Gizon gidari zentzudun aiek
ontan zeuden bitartian,
zebillen, «Venticinco de Mayo»
deitzen dan plaza batian,
zintzo ta zorrotz begiratubaz,
kabilduaren atian,
erri geiena, bere biziya
jokatutzeko ustian.
Arkiturikan inguratuba
jende sutsu eta beroz,
ta nabaiturik plaz'aundi ura
estaliya erdi-eroz,
bere buruba eskukatubaz
txokoratu zan Cisneros;
Arjentinak ez du nagusirik
au gertatu zan ezkeroz.
Maiatzak ogei ta bost zituban,
egun goguangarriya!
Ura odolen irakitea,
ura biyotzen larriya!
Sortaldetikan eguzki gozo,
paketsu, maitagarriya,
igo zan geldi-geldiro emen
ixuriz bere argiya.
Gogaikarrizko morroitasunak
alderantzirik goi ta be,
len menpetubak zeuden semeak
arkitu ziran lokabe;
eguzki alai aren azpiyan,
odolik ixuri gabe,
zer gauz'ederra gelditutzea
beren burubaren jabe!
Eronde berri bat osaturik
bertatik gizon zuzenak,
bederatzi jaun izandu ziran
izendatutako denak;
oien artean iru gutarrak,
gogoan daude izenak,
euskal odola beren zañetan
garbiro zeramatenak.
Ala gizonak, nola erriyak,
denok dakigun moduban,
geldi-geldika azipuruba
iristen duten orduban,
nagusi edo jaberik beintzat
ez dute nai inguruban;
libertaderik gabe ez dago
aurrerapenik munduban.
Ez da iñolaz arritzekua
iru bederatzitatik
buruzagitzat autatutzea
Tubal'en semietatik,
nola jator dan oiek lan ura
ontzat artzea bertatik,
zeren arraz'au beti librea
izan dan asieratik.
Omen aundiko zenbait euskaldun
argiraturik lenago,
zenbateraño goititu ziran
kondairan jarriya dago;
geroztik ere iñor ez da igo
gutarrak bañan gorago,
beren izenak dira lan ontan
jar leizken baño geiago.
Ez Arjentinan bakarrik, baizik
beste dierri askotan,
txit jakiña da euskal semeak
Amerika zabal ontan
beren ekintzaz mirarizturik
nola dauzkaten abotan;
au ikusirik poztutzen gera
gu bein baño geiagotan.
Lege-emalleak, araujakiñak
eta gudari trebeak
merkatari ta nekazariyak,
larre ta elejabeak,
otsankidari ta sendakiñak
langille paregabeak,
lur eder ontan ziran ta dira
beti Aitorren semeak.
Oraiñ eun urte ta askoz geroztik
jatxi ziranak lurpera,
burubak jaso ta begiratu
al balezate onera,
gaur ez luteke sinistatuko
au dala lur ura bera,
zergatik gauzak aldatu dira
arratsetik egunera.
Lengo eremu zakartsu asko,
gaur jantzirik belar berdez,
ikusten dira beteak zaldiz,
abelgorriz eta artaldez;
bukaerik ez duten soroak
artoz, gariz, nai dan alez,
inguratubak, beren bordakiñ,
jauregiz eta etxaldez.
Len txabolikan etzan tokiyan
erri politen biziya
agertutzen da, sal-erosiko
etxe bikañez jantziya;
burnibideak alde danetan,
non-nai uri bereziya,
ta Buenos Aires danen gañean,
euskaldun batek asiya.
Indar aundiyak artu ditu ta
noski ez liteke galdu,
bañan oraindik —ain da zabala!—
lan berri asko bear du;
lur onek daukan etorkizuna
iñork ezagutzen al du,
zenbateraño iritxiko dan
onela jarraitzen badu.
Aurrerapen au otsanditzeko
lenbiziko eunki-mugan,
ikusten degu mundu guztiyak
zenbat parte artzen duban;
gu, euskaldunok, azaldu gabe
nola geundezke orduban,
aunditze onen indar geiena
arkitutzen bada gugan?
Gure bigarren bizitegiyan
izerdi asko irtenaz,
jarraitu degu txit luzaroan
ondo, gaizki, pozez, penaz;
ondorengoen sorterri on au
laztandutzen degu benaz,
beste zenbaitek maitatuko du,
bañan guk ainbat geienaz.
O, Arjentina, erri gaztea,
oraindik atzo ziñan aur,
eta mundubak zure aurrean
txapela erazten du gaur;
nork daki zenbat igoko zeran
emendik denbora labur?
Euskaldun denon biyotzetikan:
«Agur! Agur! Agur! Agur!».
Bukatu ziran emengo leiak
aitu ziraden auziyak
ta zer ederki egaatzen duban
libre dagon egaztiyak!
Denok maitaro agurtzen degun
maiatzeko eguzkiyak,
aska ditzala euskal lurra ta
katibu dauden guztiyak.
|