Nere adiskide Bonifazio Latxa-ri sendagaia
(1905)
Bere gaitzaren sendagai billa
neregana dator Boni,
eta nik eziñ uka neioke
al deranik lagun oni;
bañan oinbeste samintasun da
oñaze, sugar ta agoni,
nola nai dezu nik kendutzia
zu bezela banago ni?
Boni, txit ondo ezagutzen det
zuri gertatzen zaizuna,
aiñ aundiya da zuk biyotzian
senti dezun naitasuna,
oroiturikan biziya eta
bularra eman zizuna!
Bañan, ai!, Boni, au ez da gaitza,
au da gure osasuna.
Egiya da, bat eziñ etsiyak
errukigarri jartzen du,
zergatik bere oroitz gozuak
eziñ dituben atzendu;
ala ere, Boni, ez dezazula
arren arantz ori kendu,
kupigarriyak giñake egiyaz
naitasunik ez bagendu.
Asko ikusten dira lur ontan
beste aldera emanak,
nun sortu ziran eta nor diran
oroitutzen ez diranak.
Zertako dira naitasun gabe
diru, jan eta edanak?
Zu ta ni baño gaizkigo bizi
dira orrelako danak.
Txorakeriyak dirala oiek
aditu arren askori,
etzaitezela, Jainkuagatik,
alde ortara erori.
Beti nai izan biar diyogu
zuk ondo dakizu nori,
kutun bat balitz bezela gorde
zazu arantz santu ori.
Ez dezagula gugandik utzi,
arantza onekiñ gabiltzan;
ori gaberik biyok giñake
txit negargarrikeritzan.
Egunen batez bera joango da,
Boni, ez bildurrik izan,
lur maiteari muñ ematian
Iparragirreren gisan.
Pello-Mari
|