Iritzi bat
(1905)
(Zamarripa-ko Paulo-ri)
Zure bertsuak edo biurtsak
niganatu dira, Paulo,
eskerrik asko, lagun maitea,
pozez jotzen dizut txalo;
bañan zertako guk malkoz bete
orrenbeste begi-txulo?
Aurrentzat utzi bear ditugu
negarrak, titiya ta lo.
Eri dan amak ikusitzean
seme larri ta indartsuak,
nola gabiltzan buru-makurka,
umill eta negartsuak,
zer egingo du negar besterik,
zer egingo du gaxuak?
Beste sendagai bat bear luke
miñez dagon gurasuak.
Egunen batez illtzen bazaigu
ainbeste nai diyoguna,
zori gaiztuan etortzen bada
aiñ patu beltz ta illuna,
ordubantxe bai negar samiñak,
orduban, nere laguna!
Bañan bizi dan arte ez da ori
guk egiñ biar deguna.
Seme prestuba, limurtzen zera
Ama ikusirik negarrez,
eta biyotza lertutzen zaizu
miñ garratzaren indarrez;
begira zazu beste aldera,
an dago ugazama parrez...
ta joango dira zure malkoak
asarrearen asarrez.
Gure negarrak kendutzen dizka
bere indarrak Amari,
eta zer poza ematen zaion
ugazama zatarrari!
Utzi ditzagun malkuak eta
jarrai zaiogun lanari,
negarti izana damutan dago
zure lagun Pello Mari.
Buenos Aires-en, 1905-eko Azaroaren 20-an.
|