Tolosar biursari gazteari
(1896)
Irakurririk zure itz neurtu
eztitsuak La Voz'ian,
oraiñ dirala egun batzuek
joan dan igande goizian,
barka zaidazu, on Emeterio,
orren denbora luzian
erantzun gabe ni egotia;
sentitzen det biotzian.
On Emeterio Arrese, zatoz
zu argi billa nigana,
ez al dakizu pittiña dala
nerekiñ dakarkidana?
Zer ikasiko dezu nik esan
arren zuri dakidana,
zerorri baldin bazera neri
argi egiten dirana?
Asmo senduak izanagatik
askok oi dute gogaitu,
landarerikan onena ere
beti bear da jorraitu,
bestela nai dan etorkizunik
eziñ lezake garaitu;
zer esango det zure izkuntzak
denok arritzen bagaitu?
Illargiaren gisara askok
besterengandik argiya
artu oi dute, nola alperrak
langillien izerdiya;
bañan zu zera, on Emeterio,
aiñ euskal iztun garbiya,
gure illobak autan izango
zaituzten biursariya.
Eguzkiaren irteera da
aiñ pozgarri ta alaia,
gisa berean azaldu zaigu
gaur Tolosako galaia;
zayikan gabe iriñ fiñ utsa
iragazten duben baia,
ez dezazula galdutzen utzi,
oraiñ da zure garaia.
Aipatzen dezun lore-baratza,
Pollitena deritzana,
da arrats batez oso pozkiroz
zurekiñ bildu nintzana.
Zerbait'en billa uso argiya
da Ararat'en izana,
osatu gabe geldi etzediñ
orduan itzegiñ zana.
|