 |
Berri on bat
(1903)
Unamuno-ko Migel
maisu jakintsuna,
ospatsu askok agur
egiten dizuna,
euskal kanta goxuak
siaskan entzuna,
zer da ordia oraiñ
gertatzen zaizuna?
Galtzen dijualako
gure osasuna,
ta sendatu nayian
miñ oñazeduna,
esanaz diguzula
lengo naitasuna,
lepua moztutzeko,
o, Jaungoiko Jauna!
Ez da ori azkenik
eskatzen dezuna,
txit mesedez degula
derizkiyotzuna?
Ara or sendakai bat
ez genekiguna,
ta sinista erazi
ezin diguzuna.
Zer gogorra dan zure
biribiltasuna!
Salamanka-tik irten
da argitasuna
euskaldun batengandik
—zer edertasuna!—,
ikusi arazteko
onkarri zaiguna,
gureganatutzeko
zoriontasuna!...
Anaiak, poz gaitezen
badator eguna,
erritar altsur batek
bidezten diguna,
ta betiko doatsu
egingo gaituna:
utzi dezagun gure
izkuntza astuna,
jendien arterako
baliyo eztuna,
eta betor erdera
eder eta leuna
—biyak jakitia da
txit gauza illuna!—.
Egin zagun Migelek
esaten diguna,
eta guretzako da
berriontasuna.
Tubai-en kastarentzat
zer etorkizuna!
Euskalduntasuna!
* * *
Edaririk onena
zer da? Beazuna.
Au da semiengandik,
Amatxo kuttuna,
kañaberaren puntan
artu biazuna,
ezagutu dezazun
gure maitasuna.
|
 |