 |
Aitona eta illoba
Esaera zarra da
gizona zartzean,
eta bere semeak
guraso jartzean,
gero illobatxoak
bereganatzean,
aiton buruzurien
sallean sartzean,
berriz arkitzen dala
gazteen antzean.
Aita batek semea
zenbat maite duan
argiratzeko itzik
ote da munduan?
Bañan aitona on bat
illoben onduan,
etxean, atarian,
oian, otorduan...
Maitetasunak ez du
izenik orduan.
Jaio balitz bezela
seme bat bi aldiz,
aitonak illobari
aiñ naitasun aundiz
begiratutzen dio,
ta beti par-irriz;
pozkidaz betetzen da
aren gaiztakeriz,
esanaz: «Ondo dago;
egiñ zazu berriz».
Illunabartxoa zan
—ain daukat goguan!—,
mendi-bide batean
erriruntz nijuan;
baserri txuri baten
ate inguruan,
aritz baten azpian
aiton bat zeguan,
erdi negar ta farrez
txit desoseguan.
Aitona maitatia
etzegoan lasai,
begiratuaz bere
inguruko gauzai,
eguzkiaren agur
ta azken dizdizai,
eta izar goiztarren
argite eskasai,
eskolara joandako
illoba baten zai.
Alako batez sasi
aldamenekotik
xoxo bat atera zan
presaka gogotik,
sartu zitzaiolako
arri bat ondotik,
ta txakur salatia
saltatu zan goitik;
orduantxe zetorren
aurra eskolatik.
Aitonak, egiñ nairik
benazko papera,
esan zion: «Illoba,
etorri al zera?
Eskolara bidaltzen
zaitut ikastera,
ta oraiñ noa zuri
galdetzen astera;
ez dago afaririk
alperra bazera».
«Buenas tardes, aitona;
Pinto, ago geldi.
Nik berorri maite det,
konsolatu bedi;
no me frunza Vd. el ceño
baldiñ al baledi,
gaur maisuak esan dit
noizbait gizon aundi
ni egiñgo naizela
jaten badet ongi».
«Erakusleak ori
esan dizu beraz?
Gustatu egingo zan
zure izaeraz;
bañan ni arritzen naiz
daukazun izkeraz,
beragatikan emen
jakiñ nai det benaz,
esazu: maisuak bai
al daki euskeraz?».
«Cá, hombre! Ni...». «Ixo!... O!
Jaungoiko aundiya!
O Tubal ta Aitorren
izkuntza garbiya!
Iya gaur iñorekiñ
ez gintezke fiya...
Ta zer erakutsitzen
dizute, txikiya?».
«Estudiatzen ari
naiz jeografiya».
«Jeografiya nola
gauza ona baitan,
zuk ez dakizu zenbat
gustatutzen zaitan.
Esan zazu euskara
zenbat probintzitan
mintzatutzen dan, zenbat
kale ta erritan,
eta al baldin bada
zenbat baserritan».
«Ori erakutsitzen
ez digu maisuak,
nik beste gauzak dauzkat
goguan jasuak».
«Alderdi ona dauka
euskara gaisuak!
Bañan zuk oker eman
dituzun pausuak,
zuzenduko dituzte
zure gurasuak.
Atoz, nere illoba,
goazen afaitera,
zure guraso eta
senide tartera;
aita ta amatxori
noa esatera,
len zabiltzan ortatik
lenbailen atera
ta bidaltzeko beste
eskola batera.
Gu argitasunaren
etsaiak ez gera,
bañan, ai!, zu, illoba,
zuaz buruz-beera
zere jatorritikan
ezkutatutzera...
Beti saia zaitez au
buruan artzera:
euskera da lenengo,
ta gero... euskera».
|
 |