Kubako gure anaiai
(1896)
Gure lenengo guraso aita
Adan ta ama Ebaren
lendabiziko semeak Kain
ta Abel izan ziraden;
bañan, kondairan ikusten danez,
biak anai sortu arren,
beñere eziñ bizitu ziran
txit adiskide elkarren;
orra guda ta gizon illtzeak
sustraia nondik dakarren.
Ez al diruri gauza gogorra,
izanik bi anai bakar,
nola etziran oiek iritxi
obeto artzera alkar?
Kain gaiztoak Abel prestua
ill zuen al beziñ azkar,
geroztik onuntz esan liteke
bizi gerala su ta gar,
oraindik ere zuzendutzeko
itxura gutxitxo dakar.
Mundutar danak ibillitzeko
geroztik esan dan gisan,
guk ez dakigu zergatik, baño
nonbait ala komeni zan;
iya sei milla urtez ondoren
begira nola gabiltzan,
bañan beartu izan geranez
gerran edo gudaritzan,
españitarrak añekorikan
ez da beste iñor izan.
Nork entzun ez du txit antziñako
Altabizkarko kantua?
Zeñek ez daki Ronzesballesko
Carlo Magno'ren patua?
Navas de Tolosa'ko muslimen
indartza purrakatua,
ta Numanzian eta Sagunton
espanolai gertatua?
Gauz oien jabe dan dierria
izan zagun maitatua.
Ezaguturik Guzman el Bueno'k
zer egin zuen Tarifan,
atzerritarrak ikusten dira
oraindik arriturikan;
eta Isabel la Católica'k
moroak Granadatikan
biraltzen ditu kristandadea
indartutzeagatikan,
gero Kolon'i lagundutzeko
bere patrikaratikan.
Arerioak edo etsaiak
gu estali nai arren loiz,
Españiako leoi portitza
nol'ez dan izutu iñoiz,
ez du galdetzen zenbat diraden,
nondik datozen edo noiz;
sorterri ontan beti bizirik
daude Velarde ta Daoiz,
zeren biotza azitzen zaion
dabillenari arrazoiz.
Ixil erazten dizkit gauz asko
bukatu bearrak laster;
español denak orla izanik
euskaldunakgatikan zer
esan nezake, oien laguntzik
gabe iya iñon ezer
egiñ ez bada? Ematen diot
Jaungoiko onari esker,
guretzat gorde dituelako
orrenbeste gauza eder.
Zenbat erauntsi sartu diraden
Españiko errietan,
asko iritxi izandu dira
agintzera egietan,
Ebrotik aruntz ezagututzen
ditugun alderdietan;
bañan Aitorren arrazak bere
lurra maite du ziñetan,
ta euskaldunak libre bizitu
dira beren mendietan.
Nola Erromak mundu geiena
arturik zeukan mendean,
guztiz sinismen aundia zuen
bere gudari jendean;
ta Octavio Augusto asi
zan euskaldunen galdean,
esanaz bere gerra-gizonai:
«Oraindik libre daude an!
Ea ekarri zaizkidatzute
auntzak bezela taldean».
Lekobide zan buruzagia
orduko euskaldunena,
eun urte eta anbat geiago
igaroak zituena;
gero Otzoal bere lagunak
agintzen zuen urrena,
Lartaun gaztea oien esana
zintzo egiten zuena,
ta ondorengo jende guztiya
aien antzekoa dena.
Sartu ziraden erromatarrak
gure lur maite ontara,
bañan etzuten euskaldunikan
menperatzen iñontara;
Lekobide ta bere mutillak
belaun bat lurrean para
eta tiratzen zuten etsaiak
illtzen zituen dardara;
azkenerako berak joan bear
izan zuten Erromara.
Erromatarrak talde gogorrak,
lur asko zuten berendu,
ta Lekobidek zarrai deituaz
onela itzegiten du:
«Jaunak, Ernion denok luzaro
eziñ gintezke mantendu
nere iritziz obe genduke
alperrik gaudenak kendu,
ta sasoikoak saia litezke
ori egingo bagendu».
Gerrari zarrak erantzun zuten:
«Ederki dago gauz ori,
eta bertatik prest gaude emen
denok jarraitzeko zuri;
gu Ernioko aitzetan beera
bosteun gizon buruzuri
amil gaitezen, eta lenbailen
geren odola ixuri,
ondorengorik erromatarren
mende ez dediñ erori».
Beren semeak artzen bazuten
erromatarren morrontza,
emazte eta alabentzako
seguru zetorren lotsa;
aiton aientzat au pentsatzea
aiñ zan samiñ ta zorrotza,
non naitasunen indarrarekin
altxarik beren biotza,
ondorengoak bizi zitezen
autu zuten eriotza.
Erromatarrak egonagatik
oituak ateratzen jaun,
ikusirikan ezin zutela
lur ontan geiago iraun,
esan zioten aien errira
bost ogeikoren kontra eun
zijoazela; eta arturik
larogei t'emeretzi laun,
joan zan ta gallen an gertatu zan
Oiartzungo seme Lartaun.
Beñere bestek ez du izandu
euskaldunak ainbat barren;
zeñek ez daki zer gertatu zan
bein batez Beotibarren?
Orduan ere arerioak
indar aundiya zekarren,
bañan geienak gelditu ziran
illik, maingu edo erren;
oraindik ere lengoak gera
askok ezetz uste arren.
Miñberatzea gerta liteke
zenbait egiak esanez,
bañan ez dute kejakizunik
Aitorren semeen lanez;
gure dierri edo patria
beartu izandu danez,
naiz serbitzeko orain bezela
premesia'rik izan ez,
Euskalerriak lagundu dio
bere odola emanez.
Noiznai arkitu izandu danez
Españia bearrean,
naiz emen bertan edo urruti,
munduaren bazterrean,
leku beroan edo otzean,
itsasoan, legorrean,
beti azaldu zaio laguntza
kantauritarren lurrean,
ta euskaldunak ikusi dira
beste guztien aurrean.
Tubal'en kastak ezin kontaala
oroimen badadukazki,
mundu guztiak aitortutzen du,
ez da esatea aski:
Okendo, Lezo ta Idiakez,
Txurruka eta Legazpi,
ta beste askok duten omenik
etzuten izango noski,
beren ekintza mirarietan
akindu baziran gaizki.
Oraiñ, azkenik, Españiak txit
berea duen Habana,
erregiñ batek Kolon'en bidez
eskuperatu zubana,
da lotsik eta zentzurik gabe
gure kontra altxa dana.
Nonbait ez daki españitarrak,
bildutzean elkargana,
beti arrazoiz guazela ta
bentzut-eziñak gerana.
Kubako kastak, orain dirala
lareun urte zer ziñaten?
Pixtien gisa jazkairik gabe
biluzgorri zebiltzaten;
ta erakutsi ondorenean
jazten, izketan ta jaten,
ari zerate zeren amari
garratztasunak ematen!
Ikusiko da beiñ betirako
aspertzen ote zeraten.
Ondo dakigu oraingo ontan
etzeratela bakarrak,
zirikatutzen zaituztelako
atzetikan yankeetarrak,
egazti arraparien gisa
luzaturik atzaparrak;
bañan leoia ez du izutzen
basakatuen kalparrak,
eguzkitara guk aterako
ditugu zuen zatarrak.
Zenbat guraso zuekgatikan
gaur negarra dariola
arkitutzen da, ikusirikan
semea falta zaiola!
Zenbat emazte eta andregai
eziñ alaituz iñola!
Ta ala ere ezagutzen da
ez dizutela ajola;
errespetatzen ez dezutenak
inozenteen odola!
Agur, gudari españitarrak,
batez ere euskaldunak;
zuei begira gaude guraso,
senide eta lagunak,
gerok urruti egonagatik
biotza or daukagunak,
beti kontatzen gure ondotik
falta zeraten egunak,
bizi geraden arte beñere
aztuko etzaizkigunak.
Ikusirikan ama negarrez,
semeai laguntza eske,
geren odola eskeñi gabe
gu nola egon gintezke?
Ez, ori eziñ gerta liteke,
beldur gabe bageundezke;
beragatikan, anai leialak,
beti saiatu zaitezte,
progatu dediñ bageradela
izena degun ainbeste.
Seme maiteak, joan zeratenak
gerrara Kuba aldera,
proga zazute gure sorterri
au dala lengoa bera;
eta omen au zabaldurikan
laster mundu zabalera,
otoitz ta malkoz apaindurikan
illtzen diranen galera,
aurki atozte zai daukazuten
amatxoren magalera,
goititurikan milla lekutan
bentzutu duben bandera.
Beraz, manbisak —ja, ja, ja!— guri
artu nai digute goia?
Oiek oiñpean sartu nai dute
Españiako leoia?
Mundu guztia begira dago,
eta oraiñ da sasoia
erakusteko aukeratutzen
degula betiko oia,
botatzen utzi baño lenago
geren aurpegira loia,
zergatik gure alde dauzkagun
indarra ta arrazoia.
|