Gu ta guk
(1906)
Noiz izandu zan, nun eta nola
euskaldunen asiera?
Nondikan dator gure izkuntza,
noiztik gure izaera?
Ipuñak dio Fenix bat zala
eta beti Fenix bera,
egazti ortan, o euskaldunak,
gu bakarrik bizi gera.
Euskalerritik irten da zerbait
mundu korritu dubenak,
ta batez ere Egoaldeko
Ameriketan dagoenak,
ikusten ditu konturatzeko
argibiderik onenak:
non-nai maitaro artutzen gaitu
ezagutzen gaitubenak.
Urte asko da, baña etzait aztu,
beti datorkit gogora,
nola joan nintzan beiñ motz batekiñ
Montevideon kanpora;
etxe batean eraman zuten
Motza sukalde-txokora,
ta ni maiera deitu ninduten
nagusiaren ondora.
Erriko-seme beltzeran bat zan
nagusiya, ortarako,
ta ez ginduzen ezagututzen
len izan ez giñalako.
Zergatik bada bereizte ori:
bestea txarra zalako?
Ez; aiñ ondo ni artu ninduten
euskalduna nintzalako.
Amerikatar ume batekiñ
nonbait arkitutzen banaiz,
badet oitura galdetutzeko:
«Aizak, mutill, nungotarra aiz?».
Pozez beterik entzun izan det
leku askotan eta maiz:
«Ni kriolloa, jauna; gañera
euskaldunen semea naiz».
Askotan uste izaten degu
gutxi geradela, baña
non argiratu da beste iñor
gure aurrekoak aña?
Ondo egiñak ekarritzen du
nekez bada ere ordaña,
Ameriketan goiturik dago
euskaldunen izengaña.
Ala jauregi goitienetan
nola baztarreko bordan,
naiz etxerikan apañenean
edo mendiko txabolan,
itsasoetan da leorrean,
ondo ta gaizki-denboran,
berez euskaldun garbia danak
ez daki ukatzen nor dan.
Ez da euskera beziñ izkuntza
maitagarririk munduban,
jakiña dago deabru zarrak
nola ikasi etzuban.
Aiñ da santuba, eziñ mintzatu
dezakete infernuban,
orregatikan denak euskeraz
kantatzen dute zeruban.
Alperrikako lana irten zan
deabruaren jarduntza,
eziñ eraman izandu zuben
euskerarikan aruntza;
infernuetan ez leike sartu
birau bageko izkuntza,
mantxa gabea dalako dauka
Jaungoikoaren laguntza.
Beiñ infernuko ateondoan
—berak etzekiela non—,
oroitutzen naiz euskaldun bati
zer egokitu zitzaion:
ango atezai adardunari
diasola egin ziyon,
esanaz: «Eup! —Ni nun ote nabill?—
Jainkuak dizula gabon».
Ori entzunik, ango atezai
muturzikiñ itsusiyak
galdetu zuben: «Zer esan nai du
gizon orren erausiyak?».
Ta lagun batek erantzun zion:
«Jakingo du nagusiyak,
zergatik berak ezagututzen
ditu izkuntza guziyak».
Iñork deitzeko premirik gabe
an agertu zan Luzifer,
ta txit aserrez galdetu zuben:
«Zer gertatzen da emen, zer?
Ez al dizutet lenago esan,
gutxienaz milla bider,
nik ez detala euskaldunakiñ
sekulan jakiñ nai ezer?».
Suzko sarde bat atezaiari
sartu ziyon bizkarretik,
ta bota zuben kiskaltzen zegon
tximini-zulo batetik.
«Iñor geiago etortzen bada
—zion— jaun orren lurretik,
nik ikusiko detan baño len
bial zazute aurretik».
Bi adarrakiñ purrustadan jo
ta itxi zuben atia,
esanaz gure erritarrari:
«Ortik urrundu zaitia».
Sarde zorrotza dardaratubaz,
Luzifer, lotsaz betia,
joan zan barrena, purrakatzera
bere mendeko jendia.
Gure anaiak zion beregan:
«Emen gauz onik ez dabill:
au infernuba izan bear du,
surtan eiten dute murgill!
Baña neroni iruditzen zait
oraindik ez naizela ill...
Eziñ antzeman diot iñola,
ametsetan ote nabill?».
Ontan asi zan egaan igotzen
berak jakiñ gabe nora,
tximista baño aguroago
zijoan gora ta gora;
etzuben neurtu bere joaneran
igaro zuben denbora,
goiko lagunak eraman zuten
zeruko atalondora.
Bizarzuridun gizon eder bat
eserita zizelluban,
begiratuba txit barrenkoia,
urrezko giltzak eskuban,
arrigarrizko ate izartsu
baten aurrian zeguan,
ta euskaldunak igerri zion
iritxi zala zeruban.
Jaun aundi ura San Pedro zala
bereala ezaguturik,
biotzak salto egiten zion
iñon eziñ gelditurik;
infernuetan egondu zanak,
beldur gabe zutiturik,
«Jaungoikoak diola egun on»
esan zuben makurturik.
San Pedro jauna begiratubaz
maitati eta gozatsu,
erantzun zion: «Oraiñ betiko
egiñ zerade doatsu.
Guazen barrena, o euskalduna,
atoz, eskuba ekatzu;
emen euskeraz itzegiten da
ta lagunak zai dauzkatzu».
Ez da izkuntzik mintzatutzeko,
sartu zanean barrena,
gutarrak zeukan zoriontasun,
pozkida ta gozamena;
alaitasun da eztitasuna,
doatsunde garaiena,
au izandu zan lendabiziko
berak sentitu zubena.
Belaunikatuz, Jaungoikoari
eskerrak eman onduan,
ikusi zuben nola millakak
arrigarrizko doñuban,
Gernikakoa irudi duben
aritz baten inguruban,
kantatzen zuten gure izkuntzan,
ara zer aditu zuban:
«Gernikako arbolak
zeruban du aita,
onek bialdu zigun
guri ondo naita;
biyak bear ditugu
biotzetik maita,
euskera ez da galduko
zerutarra baita».
|