 |
Aur gurgarriari
(1896)
Eguzki argitsua
zeru urdiñean
dizdiztuaz Sarako
mendien gañean,
ta gero egi eta
ibar berdiñean,
azaldu zan goiz batez
gis atsegiñean.
Irteten dan bezela
uxoa kabitik,
aingeru txit garbi bat
Sarako erritik
atera zan goiz artan
ait'amen ondotik,
fedearen bidea
jarraitzeagatik.
Konpesatu ta Jauna
Naparroko Beran
artu ta zijoala
Frantziko sarreran,
nola Españia ta
biak zeuden gerran...
Ai, Magalentxo, zeñen
kupigarri zeran!
Gaitzik egiñ gabea
zu zere bizitzan,
katibatu zinduzten
lapur baten gisan,
ta eguzkia laster
odeiz estali zan;
oben aren testigu
etzuen nai izan.
Errukiz gezurtxo bat
eskatu zizuten,
gaitz gabea ziñala
ikusten baitzuten;
ta nola etzenduen
baietz erantzuten,
Pinet gogorragana
eraman zinduzten.
O, Pinet! Zuk amarik
bear etzenduan!
Aingerua illtzeko
agindu zenduan!
Magdalena Larralde
txit alai zeguan,
eta Salve Regina
kantatu onduan,
Doni-Juandik irten ta
sartu zan zeruan.
|
 |