www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa  

LXXXVIII.garren OTOITZ-GAIA

MEZA

 

        Aldareko Sakramentuaren ondasunak, eta ondasun orien irabazbideak ekusi ondoan, ekusi bear ditugu Mezarenak ere, oriek jakin bagez, gal ez dizagun aisa ta erraz irabaz ditzakegula. Asi gaitezen ondasunetatik.

 

 

A.

Zein andiak diran,
ta nola atera ditezken
Mezako ondasunak

 

        Norañokoan diran Mezaren ondasunak ekusiko dugu, ekusi ezkero zer den Meza, ta zertako den. Ekus ditzagun, bada, bata ta bertzea banaka; ta lenbiziko lekuan zer den Meza.

        Meza da, gure Jaungoikoari egiten zaion, Sakrifizio, ofrend, edo present andi bat; baña present, Elizak artarako berezi dituen soñeko, zeremonia ta otoitz bear bezalakoekin, egiten zaiona.— Jaungoikoari, zeren gure guzien Jauna den, zor zaizka bere presentak; eta izandu ere baditu gizonen denbora guzietan era bateko, edo besteko presentak, eta Lege zarrean nioiz ere baño geiago ta andiagoak.

        Lege zarreko, ta lenagoko ofrendak edo presentak, Mezako presentaren aldean, present guztiz laburrak ziran; bada guziak ziran, edo garizkoak, edo ogizkoak, edo ardozkoak, edo bildots, ari, idi, zezen ill-erreak, edo beste zenbait orrelako gauza, ta, lurrak zekarrena baño andiagorik ez bein ere; baña Mezako presenta, zerutik datorkigun presenta da, ta zeru-lurra baño geiago balio duen gauzazko presenta; bada da Jaungoiko-gizon Jesus maitezko presenta; Mezan alabaña ematen zaio gure Jaungoikoari, Jaungoiko beraren ooretan, ta gure onerako iltzez josirik len judatarrak gurutze batean illik iutzi zuten Jaungoiko-gizon sakramentatu bat, edo gure Jesus maitagarria. Eta au bakarrik jakitea aski da, jakiteko zertsu den Meza, ta zein andi ondasunduna.

        Alere, agiriagoan ta obeki ekusiko dituzu Mezaren izate andia ta ondasunak, bigarren gauza, edo Meza zertako den, ekusten dezula.— Meza da, santo Tomasek dionaz (r. 2. q. 102. art. 3. ad 10) laur gauzetarako: edo gure Jaungoikoaren ooretako, gure zorren alde, Jaungoiko berak egin dizkigun ontarteei guk erantzuteko, ta beraren ontarte berriak guk irabazteko; ta, laur gauz oriek izanik ekusten dezun bezalakoak, Mezan badira guzien diñako ondasunak, eta geiago ta geiago ere: ta orregatik dira guztiz andiak. Goazen ikusiz.

        1. Meza da benik bein, gure Jaungoikoaren ooretan egiten den presenta.

        Berea du Jaungoikoak, eta betikoa du, duen izatea; ta Jaungoikoaren eskukoa da guk duguna; bada, Jaungoikoak gu geren ezer-ezetik ez ateratzera, ezer-ezean egoin giñan gu gaur ta beti, eternidade guzian egondu garan bezala.— Jaungoikoa, berezkoa ta betikoa ezezik, ezin andiagoa, ezin aaltsuagoa, ezin aberatsagoa, ezin jakintsuagoa da, ta ezinobea: ta gu gara gerez ezin txarragoak, ezin ezer-ezagoak, eta Jaungoikoaren ezin beartiagoak; bada bera bage deus bat ezin dagikegu guk bein ere, ta guziagatik zor diegu guk geren Jaungoikoari biotz-buruzko agur alik andiena, ta present bazterrik bageko bat.

        Ekusirik Lege zarrekoak beren zor andi au, ta etzutela nondik atera zor onek eskatzen zuen presenta, naigabez betetzen ziran, batzuek beintzat, eta eskez zegozkan gure Jaungoikoari, igor zezala lenbaitlen present onen gaia.

        Jaungoiko berari eskerrak, badugu guk, oriek erditsi etzuten present andi au; bada, berak igorri zigun, guk bear orduko, ta anitz lenago ere, Seme-Jaungoikoa gizon egin, ta aldareko Sakramentuan gelditu zenetik.— Geroztik Aita eternoari egin dakioke Mezoro, zor zaion diñako presenta, edo present bazterrik bageko bat; bada bazterrik bagekoa da Mezako presentaren, edo Jesus maitagarriaren izate-balioa; ta orregatik da Mezako presenta, present ezin-andiagoa, ezin-ederragoa, ezinobea, ta bidenabar, da Ait-eternoari ezin geiagoraño atsegin egiten dion presenta; ez da alabaña Ait-eternoarentzat bere Seme Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria bezalako gauzarik.

        Ekusten dezu zein andia den, Mezan, alde ontatik guk begiratzen diogunean, agertzen zaikun ondasuna?

        2. Ondasun au obeki zuk ezagutzeko, zoaz Meza berari begiratuz bertze aldeetatik ere; eta oraingo aldian begir-egiozu zere zorren aldetik.— Bekaturatzen denean bat, sartzen da, berez ezin atera ditzakeen zorretan; irabazten ditu, sulezean arkitzen diran betiko neke arrigarriak; eta iuzten du guztiz aserretua, gaistoak sulezeratzen dituen bere Jaungoikoa.

        Zer egin dezake, bada, aserre dadukan bere Jaungoikoa palakatzeko, bere burua bekatuaren zorpetik ateratzeko, sulezeko bide gaistoa galtzeko, ta bere Jaunarekin bat, edo adiskide egiñik, gelditzeko? Jesusen Amaz, Birjina, Martire, ta zeru guziko Santuz, Santaz, ta aingeruz baliatu, artekoz bezala, oriek beren irabaziak edo merezimentuak agertzen dituztela, ta al dituzten eskatze, ta otoitz guziekin dagiten aren alde, dezaken guzia?— Bide ona da ori artarako; bada zeruko guziak, eta gañerakoekin batean Jesusen Amak, artu ezkero beren gain egiteko andi au, anitz dagikee bekatariaren alde, ta Jaungoikoak dion bekatari gaisoari, edo eman dezon, aitormen edo konfesio zuzen bat egiteko, ta, dagoen toki gaistotik ateratzeko, bearko duen laguntza ta grazia. Baña orien izate, irabazi, ta otoitz guziak baño, agitz eta agitz geiago balio du orretarako, ta Aita eternoa bekatariaz urrikaldurik iutzteko, Mezan, edozein apezen eskuz egiten zaion presentak; bada present onetan arkitzen dira Jaungoiko-gizon, Jesusen izatea, beraren bazterrik bageko irabaziak edo merezimentuak, eta bekatariaren ta Aita eternoaren artekotasuna; ta ekusten dezu, ez dutela zer-ekusi, aiek oiekin.

        Mezako presentari, edo Mezan Jesusek gugatik egiten duenari zor dio noaska munduak, munduan ez gertatzea, len gertatu oi ziran gauz arrigarrietatik zenbait, edo agian andiagoak.— Len ubelde batek utzi zituen itoak, munduan ziran guzietatik, zortzi ez beste guziak: puaci, id est octo animae salvae facfae sunt per aquam. 1. Petr. 3. 20. Lan au eragin zioten gure Jaungoikoari ordukoen bekatuak; Meza denetik onarañoko urteetan badira mundu berean bekatuak, eta bear bada orduan edo geiago ta andiagoak; eta alere ez dator ubelderik.

        Len Benjamindarren erri batean zikindu zuten gizatxar batzuek besteren bizikide bat; eta orien zikinkeriagatik ezpatez illak gelditu ziran ogeita bost milla benjamintar. Bi milla urtetara doa, Mezarekin arkitzen dela mundua. Nork asma, geroztik gertatu diran, eskonduen era bereko zikintzak eta itsusiagoak ere; ta alere noiz ikusi dugu orduan bezalako odol-isurtzerik?

        Bekatu txikiagoakgatik ere egin izandu zituen len gure Jaungoikoak bertze ikuskari izugarriak edo arrigarriak, edo arrigarrizko kastiguak; eta Meza dugunetik, ekusten ditu gure Jaungoikoak sakrilejio arrigarriak are, orrelakorik egin bage. Zergatik uste dezu? Mezagatik dirudi; edo zeren instanteoro munduaren bazterren batean, edo bestean apezak egiten dioten Aita eternoari Jaungoiko-gizon, gure bitarteko Salbatzallearen Mezako presenta. Nai badugu, bada, digun guri gure Jaungoikoak gure bekatuei dagozten nekeak ez ekusteko, ta bekatu berak damuz, ta bear den eran urratzeko, ta oriek urratu edo barkatu ta ere, gelditzen diran zor-kutsuak kentzeko bear duguna, ez dugu Mezaz baliatzea baizik; bada Mezako presentan arkitzen dira, orretarako bear diran ondasunak eta geiago.

        3. Bai, geiago: arkitzen dira alabaña, gure Jaunari zor zaizkan ontarteei edo faboreei: erantzuteko bear diranak ere. Oriek nolakoak diran ekusteko, begiratu bear diogu bazter onetatik ere geren Mezari.

        Anitz da, dugun izatearen gain guk geren Jaunagandik artu izandu duguna; bada bataioan berean eman dizkigu bere grazia ta adiskidetasuna; baita graziak dakartzien birtuteak, eta Espiritu Santuaren doaiak ere.— Ekusi nai badezu, emate onetan gure Jaungoikoari guk zor diogun ontartea, ekusi zazu, ori zuretzat irabazteko, Jesusek egin, eraman, ta ekusi zuena.— Egin zuen Jesusek orretarako, dakizun bezala, gosez ta egarriz beterikako bizitza luze bat.— Eraman zituen, burutik oñetaraño urratu zuten nekeak eta tormentuak; eta ekusi zuen zure, ta nere, ta gañerako guzien eskergabea; baña gurutzeko bere odol-isurtzea, ta eriotz ezin-gogorragoa ere.

        Onenbat kosta zitzaion gure Jaungoiko-gizonari bere bataioan zuri eginikako ontartea. Ekusten dezu zein andia?— Ontart onen erakoak dira beste Sakramentuetan, ta, Sakramenturik bage ere, zure Jaungoikoak zuri egin dizkitzunak.

        Sakramentuetako ontarteak ageriak dira; bada konfesiokoan (bekatuarekin konfesatzen bazara zu) itzultzen dizkitzu zere Jaungoikoak, bekatuz galdu dituzun bataioko ondasunak, eta geroztik zerorrek egiñikako, zeruko irabaziak; eta oriekin batean ematen dizkitzu grazia-zati berriak, birtuteen azitzea, doaien anditzea; ta, bekatu berririk ez egiteko, bear dezun, Jaun beraren laguntza ta grazia.— Eta, len barkatuak dauden bekatuak, edo bekatu txikiak baizik ez daramazunean zere konfesionera, ateratzen dituzu zuk zere Jaunagandik, dezun grazi guziaren luzatze, birtuteen azitze, ta doaien anditze andiagoak, eta bidenabar ateratzen dituzu, zere bear orduetarako, zere Jaungoiko beraren anitz laguntza ta grazia.

        Aldareko Sakramentuan, edo zere komunionean (komuniatzen zarala bear den eran, edo garbiro ta ongi prestaturik) ematen ditzkitzu zuri zere Jaungoikoak animako jan-edan ederrak, edo Jesusen gorputz-odol jaungoikotuak; eta orduko zure animaren tokiak, egoerak, edo disposizioneak ar dezaken grazia, ta indar guzia; ta geiago ta geiago ematen ezpadizu, zuk tokirik izan bagez da, edo zeren prestatu bage zoazen zu, geiago artzeko.— Berriz ta berriz ere komuniatzen bazara zu, berriz ta berriz ematen dizu zere Jaungoiko maiteak, zuk aldian artu ala; ta gau ta egun, ta beti prest dago gure Jaungoikoa zuri emateko, len emanen gain, aldioroko zure tokiak, edo etorrerak eskatzen duen animako indarrak, sustentoa ta grazia.

        Gañerako Sakramentuetan (orietaratzen bazara zu) era berean dabil zurekin zure Jaungoiko maitagarria; ta Sakramentu bakoitzean egiten dizkitzu, zure urbil-erari dagozkan ontarte guziak; eta anitz eta andiak an zuri ark egiñagatik, beti gelditzen da, geiago zuri, ta andiagoak egin naiez.

        Andiak dira ta anitz, dekusazun bezala, zere Jaungoikoak zuri bere Sakramentuz egiten dizkitzun, ontarteak, ongiak, eta faboreak; baña ez dira oriek, ez, egin dizkitzun guziak; egiten dizkitzu beste anitz, eta anitz ere, Sakramenturik bage; ta egiten dizkitzu (dagozkitzunak badira), eskatzen diozun guzietan: ta, zure onerakoak ez diranean zuk eskatzen dituzunak, orien ordez ematen dizkitzu zere esk-aldietan, zure onerako dirala berak dakienak.

        Eta eskatzen badiozu, obenik bage bizitzeko, sulezeko zere etsaiak garaitzeko, egin bearko dituzun zere lan onetarako bear dezun laguntza, ta grazia, ematen dizu beti-beti, ta utsik bage: ta, noizbait zuk zere lanetan utsen bat egiten badezu, izaten da, artan zu ziñez jarri gabez, edo zeren zuk zere Jaunagandik erdisten ez dezun, eskatze utsarekin erditsi zenezaken, Jaun beraren laguntza; ta laguntza, len Jaun berak eman dizuna baño indartsuagoa.

        Beste anitz ontarteren artean zor diozkazu zuk zere Jaungoikoari orain ukituz bezala adirazi ditugunak.— Eta non idiroko dezu zuk, orien beren zorrari erantzuteko askiko den ondasuna?

        Non? Meza batean: bada Mezan dago, ontart oriek ezezik, Jaungoikoak guri eman alak irabazi zituen Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria; ta Mezan dago, guk nai dugun guziaren alde present izateko; ta, guk ori Mezan Jaungoikoari presentzat eman ezkero, erantzuten diogu ederki, ta gure Jaungoiko berak nai bezala, egin dizkigun ontarte guzien zorrari.

        4. Eta ona non, onetarako diran, Mezaren ondasunak ekustean, ekusi ditugun Meza berak dituenak, santo Tomasek agertu zigun laurgarren gauzarako. Oroitzen zara zer gauza den gauza aun?— Au da ontarte berriak guk gure Jaungoiko beragandik artzea.

        Jaungoikoaren bear gara gu gau-ta-egun, egunaren ordu guzietan, ta orduaren zati-oro. Mezan arkitzen den Jaungoiko-gizonak irabazia daduka, gure bearrak estaltzeko bear dugun guzia: gure Jesusen irabazte au agertzen dugula, ta Mezako presentarekin bagoazke gu Aita eternogana, gure animaren onerako den edozein gauzaren eske: ta bagoazke, ukatuko ez digulako uste osoan, eskatu ezkero guk, gure Jaungoiko berak nai duen, ta bear den eran; badakigu alabaña, nai adiña guk ari eskatuagatik; ez diogula guk eskatuko, Mezako gure presentak balio duenaren laurdenik ere.

        Ekusten dezu, zein andiak diran Mezaren ondasunak? Ekusten dezu, aski ta sobera dirala gu geren zorren azpitik ateratzeko ta zerurako aberats egiñak uzteko?— Ote dakizu zuk, zer ondasunak diran, Mezako ondasun andi oriek?— Mezako ondasun txikienak balio du, Indietako urre-zillarrak, itsasoko perlak eta koralak, lurpeko diamante ta arri eder guziak, ta zeru-lurretako gauzak baño geiago ta geiago; ta alere Mezako ondasunak, aisa ta erraz irabazten diran ondasunak dira; bada irabazten dira Mezan egonez ongi oarturik, debotki, ta bear den eran.

        Eta, au onela dela, den bezala, Mezari gaurgero begiratuko ote diozu zuk, oraindañokoan bezala begi otzekin? Utziko ote dezu zuk, len bezala, anitz egunez ekusi ere bage, erraz ekusi, ta entzun dezakezula? Enzute labur baten neke arin bat ez artu naiez, galdu naiko ote dituzu zuk orrenbat ondasun ta irabazte?— Ez dituzu ekusten zuk, itsaso-gizonak, eta mill egitekoren azpian, ta anbat arazoren artean sartuak, lurreko zenbait gauza txar irabazi naiez, irabaziko dituzten edo ez, ez dakitela; ta jakiñaren gañean, irabazten badituzte ere, urbil dutela beren eriotza; ta eriotzaren eskuetan utzi bearko dituztela beren irabazi ta ondasun guziak?

        Eta zuk egunoro, edo maiz, irabaz ditzaketzula, ta uts egin bage; irabaz ditzaketzula, anitz nekatzen etzarala; ta bidenabar ateratzen dituzula zere Jaunari zuk diozkatzun zere zor andiak, galdu naiko dituzu lasaikeriz, ta deusez batean bezala idukiz zuk, zere Jaungoikoak Mezan zuri egiten dizkitzun ontarteak, Mezan agertzen dizkitzun ondasun andiak, eta berari diozkatzun zorren atera-bideak?— Ekusiak ekusirik, ori zuk egitara, beti bildots den ardi txarraren antzan gelditzen zara; ta ez dakit non geldituko zaran zu azkenean!

        Ez arren, nere Jaungoiko maitagarria, ez niri lan onelakorik egiten iutzi! Ezagutu dut, berandu badere, Meza berean zuri nik zor dizudan amorea; ta amore oni amorez erantzuteko, nere zorren alde al dudana egiteko, ta zeruko ondasundun gelditzeagatik, oitu nai dut nik Mezak entzutera; ta enzuten dudan bakoitzetik atera nai dut nik atera dezakedan ondasun guzia.— Nik nai bezala gerta dedin au, indazu zuk artarako bear den zere laguntza ta grazia. Bai arren, nere Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Laudate eum secundum multitudinem
magnitudinis eujs.

Psal. 150. 2.

 

        Jaungoikoa da, eternidade guzian bakar-bakarrik egondu den izate ta gauza bat; baña gauza ta izate ezinobea; gauza ta izate egingarri guzien berria zuena; nai zituen gauza guziak zegizkena; baten ere bearrik etzuena; ta beti-beti atsegin-kontentuz ta gloriaz beterik arkitzen zena.

        Zuen ontasunaren berria eman naiz, orren ta bertzeren bearrik gabe, egin zituen noizbait gizonarentzat, zeruaren erpiñetik lurraren ondorañoko gauza guziak; eta orien ondoren egin zuen lenbiziko gizona, ta egin gaitu gero garan guziok.— Bada zer ez diogu zor guk onenbat bere ontartegatik geren Jaun Egilleari?

        Salmariak dionaz, zor diogu, duen izate andiari, ta izateren edertasun ta perfekzione guziei, dagoten presenta ta laudarioa.— Baña non ori guk arkitu?— Mezan, urrutirago joan bage; ta ez bestetan: bada Mezako Jesusen izatea ta laudarioak dira Jaungoiko-gizonaren izate-laudarioak; eta orregatik dira Jaungoikoari dagokan presenta; ta present, Mezan baizik, arkitzen ez dena.

        Egin uste dut, bada, nik nere Jaun-egille ezin andiagoa, Mez-enzun aldi guzietan. Zure ooretan entzun al banitza nik munduan ematen diran guziak! Indazu, egunorokoa badere, enzuteko bear den osasuna ta debozionea. Bai arren, nere Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Ut finen accipiat peccatum,
et deleatur iniquitas... occidetur Christus.

Dan. 9. 24. et 26.

 

        Badakit nik, bai, nere Jaungoiko maitagarria, zenbat diran oraindañokoan nik eginikako bekatuak; eta orien urratzeko deusez bat bezala dirala nere eginal guziak eta mundu guziarenak, zuk laguntzen ezpadidazu nere lan onetan; andia da alabaña nere bekatuen zorra ta ezer-ez bat dirudien gauza, nik nerez orien alde dagikedana, ta emen arkitzen den guzia.— Ez ematera, bada zuk, dezakezunak bezala, orien alde bear den ofrenda, ta presenta, ez dira nere animatik kenduko bein ere nere bekatuak, edo nere obenak eta gaizkiak.

        Jesusen eriotza zela, zion Daniel profetak, onetarako presenta. Present au artu zenuen zuk bein Kalbarioko gurutzean. Artu dezakezu berriz, ta berriz ere, edozein Aldareko Mezan.

        Betor bada, bein badere, gure Jesus, orduko bere izate, irabazi, ta neke guziekin, oraindañoko nere gaizkien alde; ta au nik zuri apezaren eskuz agertzean, edo nik nere Meza enzuten dudanean, eman bear didazu, nero bekatuak zuzen konfesatzeko, ziñezko damuz urratzeko, ta orien zor guziak emen ateratzeko bear dudan zere laguntza ta grazia. Bai arren, nere Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Quid retribuam domino pro omnibus,
quae retribuit mihi?
Calicem salutaris accipiam,
et nomem Domini invocabo.

Ps. 115. 12.

 

        Zertaz erantzun nik (erran dezaket nik ere, Salmari eskerdun onak adiña egiarekin): zertaz erantzun nik, nere Jaungoikoak niri egin dizkidan, ontart andi atsegingarriei? Egin ninduenetik; oraindañoko guzian aritu da beti nere Jaungoiko maitagarria, ongiak ongien gain niri egiten ta egiten, instante batez ere bere eskutik uzten ez nabela ni.

        Nere bearrean egon baliz ere, egin zezaken nerekin nere Jaungoikoak, egin duena baño anitz geiago? Eta egin duen ezkero, niri ongi egin nai utsez; ta betiko ni galdu lekuan, beti bizi nadin ni beraren begietan, ta beti atsegin-gloriez betea, ez diot nik, eskerdun onaren eran, egin bear zerbait presenta, noizean bein bada ere; ta egin aldian alik ongiena?— Bai, baña zer present egin dezoket nik nere Jaungoikoa bezalako Jaunari: ta Jaun, egin dizkidan diñako, ontarteak eta gauzak egin dizkidanari?— Zeer? Ederki dagokan bat; eta berak eginikako ontart guziak baño askotan geiago balio duena; Mezako Kaliza; ta kaliz Jesusek, ontart oriek eta Jaungoikoak eman-al guziak guretzat irabazteko, isuri zuen odolarekin, ta odol oni ditxezkon gauza guziekin, arkitzen dena.

        Mezako Kaliz au, bada, ta Meza guzia, gerta dedilla, nere Jaungoiko emalle maitagarria, zure izenean ta niri zuk eginikako ontart guzien alde. Bai arren, bai!

 

 

Hic... sempiternun habet Sacerdotium...
semper vivens ad interpellandum pro nobis.

Hebr, cap. 7. v. 24.

 

        A nere Jaungoiko maitagarria nik zuri zure ontarteen, ta nere zorren alde, nere presenta; egin ez dut egin bear dudan guzia: bada ori egin ta ere, badut oraindik nik best-egiteko bat.

        Zer ote?— Kontuz billatzea nik, etorkitzun dagoen nere bizitz onak eskatzen duena.— Non? Zure esku emalleetan nere Jaun andia.— Zer bidez?— Mezaz, ta Jesusez, edo Mezan Jesusez; bada Jesus apezaren itzez Mezaratzen da; ta Mezan berak apezaren eskuz egiten dizu, betiko apeztasuna duenak bezala, bere buruaren ta berak zure izenean, ta gure alde, egin ta eraman zuen guziaren ofrenda edo presenta; ta ori egitean, eskatzen dizu, guk, zuzen ibiltzeko, ta zureak izateko, bearko duguna: ta eskatzen dizu, eskatzen dizuna baño geiagokoa den presenta egiten dizula.

        Jesusek, bada, Mezan egiten dizun atsegin andiaren izenean, ta Jesusen orduko eskaerakgatik, ez arren ukatu niri, nere Jaungoiko ezin-emalleagoa, nere egitekoak, nere lanak, eta nere zuzen bizi-bearrak eskatzen duten zure laguntza ta grazia.— Eta au niri galerazi ez dezadaten nere oben itsusi galgarriak, indazu lenbiziko lekuan orien damu ta urriki bizi bat; eta lagun zakizkit bear bezala orain erraten; Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa