www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN SEMETASUNA;
SEMETASUNARI DITXEZKON GAUZAK,
ETA ALDARERA JESUSEK DAKARTZIEN
BERE IRABAZI GUZIAK

 

        Andiak dira, ederrak dira, ta agitz maitagarriak dira, oraindañokoan guk aldareko Sakramentuan ekusi ditugun gauza guziak; baña gauz andiagoak dira, gauz ederragoak dira, ta gauz agitz maitagarriagoak dira, aldi onetan guk ekusi uste ditugun, ta orain ekustera goazen gauzak: eta orregatik ez izatera, ez lirake diran diñakoak, len guk ekusi ditugun gauzak.

        Len ekusi ditugun gauzak berak obeki ekusteko bada, ta ekusteko guk bidenabar, Jesusek aldarean ematen dizkigun gañerako gauzak, orain ekusi bear ditugu Jesusen Semetasuna, ta bere Semetasun onekin bat den beraren Jaungoikotasuna; ta Jaungoikotasun onekin bat diran Aitatasuna, ta Espiritu-Santutasuna; baita Jesus beraren irabazi guzi-guziak ere.

 

 

A.

Jesusen Semetasunaren,
ta Semetasun oni ditxezkon
Aldareko gauzen egoera

 

        1. Aita eternoa egin ziteken gizon Semearen lekuan, baita Espiritu Santua ere, Jaungoikoak ala nai izatera: baña ez bata egin zen gizon, ta ez bestea; gugatik gizon egin zena da Seme-Jaungoiko maitagarria.

        Jaungoiko-Semeak, gizon egiñik gelditzeko, artu izandu zituen gureen erako gorputz-animak: eta bere gorputz onekin arkitzen da gure Jesus gerozko denboran, ta arkituko da eternidade guzi-guzian ere; ta arkitzen ezpaliz ere bazter guzietan, arkitzen den bezala, gure Jaungoiko-Seme maitagarria, arkituko lizake, beraren gorputz au arkitzen den toki guzietan.

        Orregatik, bada, ore-piskara, edo Mezako ostira datorrenean Jaungoiko-Seme-Jesus maitagarriaren gorputz eder au, an bertan arkitzen da, bere gorputz berarekin, bazter guziak betetzen dituen gure Jaungoiko maitagarriaren Semetasuna; ta an arkitzen da, bestetan ez bezala; bada Jaungoiko-seme au berez, bere zeruan baizik ezpalego ere, aldarerako lizake, aldareratzen diranean Jaungoiko-Seme Jesus beraren gorputza, ta oni ditxezkon Odola ta Anima; artuak daduzka alabaña beregana Jaungoikoaren Semetasunak bere gorputz-odol-animak, kate mallak malla baño agitz barrenago, ta agitz obeki; ta, beste batean sarturik arkitzen den malla ezin dagoke, dakizun bezala, bera bakarrik, eta berekin dadukan beste malla bage.

        Baña ez dago bere gizatasun bakarrarekin, ez, aldareko bere Sakramentuan gure Jesusen Semetasuna: an dago, Jesusen Semetasun guziarekin batean, Jesus beraren Jaungoikotasun guzi-guzia ere; bada Jesusen, edo Jaungoikoaren Semetasuna, ta Jaungoiko-Semearen Jaungoikotasuna ez dira, ez, gure gorputz-animak bezala bereis ditezkeen bi gauza; bakar-bakar bat dira Jesusen bitasun oriek; eta tasun bata dagoen tokian egon bearra da bestea; ta Jesusen Semetasuna dagoen tokian dago, nai-ta-ez, Jesus beraren Jaungoikotasuna ere.— Eta orra non arkitzen den aldareko Sakramentuan, Jesusen gorputz-odol ta gizatasuna guziarekin, Jaungoiko-Jesusen Semetasuna; baita Jaungoiko Sema Jesus guzi-guzia ere.

        Arkitzen ote da zerbait geiago, aldareko Sakramentu andi onetan?— Arkitzen da, bai.

        Zer ote?— Aita eternotasuna, ta Espiritutasuna; bada tasun oriek biak, eta Jesusen Semetasuna, irurtasun izanagatik; eta tasun irur, elkarren artean ongi bereziak; irurak bat dira Jaungoikotasunean, ta ez dute irur Personatasunak Jaungoikotasun bat bera baizik; eta, ezin dagoke Jesusen Semetasuna bere Jaungoikotasunarekin aldareko bere Sakramentuan, an arkitzen ez dirala Aitatasuna, ta Espiritutasuna; izanik oriek, diran bezala, Jesusen Semetasuna bezain bat Jesus beraren Jaungoikotasurekin.

        Arkitzen dira bada Jesusen aldareko Sakramentuan Jaungoiko-gizon guziarekin batean Aita eternoa, ta Espiritu Santua ere, edo arkitzen da Sakramentu andi onetan, gure Jesus maitagarriaren gorputz, Odol, ta gizatasunarekin batean, gure Jaungoikoaren bat-tasuneko Irurtasuna, edo Jaungoikotasun bateko irur Personatasun bereziak.

        Aditzen dezu zenbat den au? Trebe zara zu, guzi-guzi au bokadu bakar batean zuk artzeko?

        2. Zaude zerbaittxo, guti bat nik geiseago bokadu onen gauzak, eta egoera agertu artean.

        Or daude, bai lenago adirazi den bezala gure Jesusen gorputza, Jesusen odola, ta Jesus beraren anima; ta or daude, len adirazi ditugun argi ta edertasun guzi-guziarekin.— Or dago, bai, gure Jaungoiko-Semea; ta or daude gure Jaungoiko-Semeak, gizon-egitean, beretu zituen gorputz-odol-animak.

        Gure Jaungoiko-Seme au da Jaungoikoaren itza, ta jakiundea. Au da eternidade guzian Aita eternoagandik datorren, ta etorriko den, Jakindea; baña Aita eternoaren Jakiunde, Aita berarekin bat bera den Jaungoikoa.— Jaungoiko-Seme au da, gizon egiñik, emen giz-artean ogeita amairur urtez bizitu zen gure Jaungoikoa; ta au bera da itz birekin, edo, nai zuen eran, illak bizten zituen Jaungoiko-gizona.

        Au bera da, eriak sendatzen zituen, sulezekoak aienatzen zituen, gaistoak ontzen zituen, onak ondasunez betetzen zituen, ta nai zuen guzia egiten zuen Jakiunde Jaungoikoa.— Eta au berau da, aldareko bere Sakramentuan arkitzen den, ta gu komuniatzen garanetan, gure animan guk bear ditugun gauzak egin ditzaken, ta egin naiez datorren jakiundea ta Jaungoikoa.

        Bere Jakiunde Jaungoiko-Seme onekin batean arkitzen da emen aldareko Sakramentu berean Aita eternoa ere; ta arkitzen da emen au ere, guganako amore ezin andiagorekin.

        Len, guri ongi naiez, gizon egiñik eman izandu zigun Aita eternoak, geren onerako, bere jakiunde uts, Aita bera diñako Jaungoiko-Seme bakar maitagarria.— Baña etzen ase, ez, Aita eternoaren amore bazterrik bagekoa, bere Seme au guri bein ematearekin; ta ematen digu bere Seme bera berriz, ta berriz ere, ta egunoro, aldareko gure Sakramentuan; ta berebat egiteko dago, gure mundu onen bukaera datorren arte guzian.— Eta, guti balitz bezala, era onetako Seme bat, gu bezalako artzalle txarrei bein ta berriz, ta askotan ematea, Aita eterno bera ere bere Semearekin batean emen datorkigu geren barrenera, gu komuniatzen garan aldi guzietan guk, orduan gauden eran, artu-al adiña on ta ondasun guri egitara.

        Eta, nola Aita-Semeekin Jaungoiko bat bera den Espiritu Santua, au ere arkitzen da aldareko gure Sakramentuan, ta gugana dator, gu komuniatzen garan aldi guzietan.

        Izanik, bada, den diñakoa gure Jaungoikoa; baita Jaungoiko beraren Irurtasun au ere, aldarean dago guzia, dakusazun bezala; ta aldarean dago, ezer-ez baten eran, ta ore-zati bat, edo ogi-apur bat baizik ez dirudiela.

        Baña, bear den eran komuniatzen den edozeiñek laster aski, edo anitz luzatu bage, ezagutzen du, bai, nor den bere barrenera datorkiona, ta zein egi zuzena den, S. Juan Ebanjelariak diona, erraten digunean (ep. 1. c. 5. 7.) Irur dira zeruan dena, den bezala, adirazten dutenak: Aita, Semea, ta Espiritu Santua; ta irurak bat dira; ezagutzen du alabaña ongi komuniatzen denak zenbat indar datorkion komuniatzen den aldietan, gauza gaistoak eragotzi ta onak egiteko, guzia dezaken Aita eternoagandik; ezagutzen du zein andi-onak diran Seme-Jakindearen komunione oneko erakuste ederrak eta gogargiak; baita zein leun maitagarria den ere, Espiritu Santuak berari an ematen dion obetu-ta-obetu naia.

        Zorioneko umeak, komuniatzen diran aldietan au guzia ezagutzen dutenak; bada ezagun zaie ongi prestatuak komuniatzen dirala, ta atsegin andi bat egiten diotela beren Jaungoikoari, beren barreneratzen duten aldi orietan.

        Etzait, ez, niri orrelakorik gertatu izandu; ta orregatik nabill ni, nere komunione guziak egin ta ere, nabillen eran, ta onen nagi!— Artzen dut nik bein; artzen dut nik berriz; eta artzen dut nik askotan ta askotan ere, ta komuniatzen nazan guzietan, nere Jaungoiko guzi-guzia; eta alere, bein ere deus bat artu ezpanu bezain indar gutirekin arkitzen naz ni azkenean, nere etsaiak garaitzeko, nere asaldazio biziak itotzeko, ta, egin bear ditudan nere gauz onak egiteko!— Zer eskaerak, egunen batean nere Jaungoikoak niri egin bear dizkidanak, onenbat nere artzeren, ta bere artzekoren alde!

        Ez, ez, nere Jesus maitagarria, ez orrelakorik, ez! Ori datorren baño len eman uste dizut nik zuri zor dudan guzi-guzia. Ez dut nik orretarako besterik bear, baizik bizitz on garbi bat artu, ta komuniatzen nazan aldietan orien pagamentua nik zerorri eskatzea; bada onegia zara zu, era orretako orduetan zuri eskatzen zaitzuna zuk ukatzeko; ta badezu zuk niri emateko, nere zor guziak eskatzen dutena diña ondasun, baita anitz eta anitz geiago ere; ta nik ongi eskatzen dizudan guzia niri eman naiez zaude zu or aldareko zere Sakramentuan.

 

 

B.

Jesusek guretako aldarera
dakartzien irabazi andiak

 

        Ez dator nolanai, ez, bere aldarera, ta gero, gu komuniatzen garanetan, gure baitara gure Jesus maitagarria; bere irabazi edo merezimentu ta ondasun guzi-guziekin dator batera, ta bestera; ta guzi-guziak dakartzi, andik eman naiez, urbiltzen zaizkan guziei, oriek aldian arta ar-ala.

        Anitz dira ta andiak, bai segurki, gure Jesusen irabaziak edo merezimentuak.

        Anitz dira lenbiziko lekuan, bai, gure Jesus maitagarriaren irabaziak, edo merezimentuak; bada irabazten ta irabazten egondu zen gure Jesus maitagarria, bere Anima gorputzera zekion puntutik, bere gorputza gurutzean illik utzirik, linborako bidea artu arteko denbora guzian; bitarte orretan irabazten aritu zen alabaña gure Jesus maitagarria, bere irabaztetik instante bat, ere gelditu bage.— Eta, anitz ezezik, andiak ere dira gure Jesusen irabaziak; bada Jesusen irabazi bakoitza, Jaungoiko-gizon baten irabazia da; ta orregatik da irabazi ezinobe-andiagoa.

        Zenbatekoak izain dira bada Jesus onaren irabazi guziak, edo merezimeutuak?— Ezin adirazi ditezkeen diñakoak. Oriekgatik du gure Jesusek, eta izain ere du eternidade edo sekula guzian, asm-al adiña baño atsegin, kontentu, ta glori geiago ta geiago.

        Aita eternoaren Seme bakar gure Jesus maitagarriak bere baitara artu orduko bere gizatasuna, ekusi zuen bere Animaren begiz edo adimentuz etorkizuna, edo gizon galduen alde Jesusek berak bere bizitzan egin ta eraman bearra.— Ordu berean ekusi zuen gizon guzien galduera. Ekusi zituen gizon guziak bein Adanen bekatuagatik ongi loituak; eta gero, berak eginikakoz guztiz beteak; eta beren bi bekatu era oriek dakazten zorrakgatik zerutik erbestetuak; eta denbora berean ekusi zuen gizon berak, beren gauzak zuzentzeko, edo beren zor oriek ateratzeko bear zuten adiña indar etzutela.— Au ekustean, ekusi zituen orien alde Jesusek berak irabaz zitzakeen grazi eder indartsua, laguntza guzia, ta pagamentua; baita nola oriek guziak Jesusek irabazi ere; bada ekusi zuen, irabaz zitzakela berak bere bizitza guzian artu zituen naigabe, kezka, neke, azot-ukaldi, ille tira, odol-isurtze, esku-oñak iltzez urratze, ta gurutzeko bere eriotz arrigarriekin: ta laguntza ori ta grazia guretzat irabazteagatik, erran zion ordu berean Jesusek Aita eternoari, artzen zituela bere gain neke oriek guziak; eta prest zegoela geiago ta geiago ere, ark ala nai zuela, bere gain artzeko: ta bere errate, ta ziñezko nai onekin irabazi zituen Jesus maitagarriak izandu diran, diran, ta etortzeko dauden gizon guziak bear dituzten grazia ta laguntza guziak; eta orain arteko denboran etorri diranak, eta etortzeko dauden guziak etorri ondoan, etortzen balira, oriek guziak baño geiago ta geiago, ta ezin kont-al adiña gizon ta emakume, izain lukee oriek guziak ere bearko lukeen grazia ta laguntza guzia. Ain andia da Jesusen orduko irabazi ta merezimentua.

        Ezagu dezazun zuk, nere anima, ordu artatik guk bekatari guziok gure Jesus maitagarriari zor diogun ontarte bazter bagekoa, ekusi bear dugu gaur, zer eran izandu zen gure Jesusen ekuste izugarri ta ziñezko nai andi au.— Ekusi zituen, bada, aldi artan gure Jesus maitagarriak munduko gizon guzi-guziak; eta ekusi zituen, ez naspilla batean, edo nasteka ta illunbean bezala, baizik garbi-garbiro ta banaka, edo ekusi zuen guzi-guzien artean edozein gizon, ura bera baizik izandu ezpaliz bezala; ta guzien artean ekusi zinduen zu ere: ta ekusi zinduen, besterik batere izandu ezpazen bezain ongi ta zuzen; ta ekusi zinduen zere ibillera, zere asmo, zere neke ta gauza guzi-guziekin.— Ekusi zituen, bada, gure Jesus maitagarriak zure txarkeri guziak, eta txarkeri oriek dakazten zorrak. Ekusi zituen zure bearrak, zure eror-bideak, eta zure makur-erak; baita zuk, ortik atera, ta zuzen ibilzeko bearko zenituen zeruko indarrak eta laguntza guziak ere; eta laguntz indar oriek guziak, ta anitz eta anitz geiago ere, irabazi zituen zuretzat gure Jesusek orduko bere nai-on-zuzenarekin.

        Baña etzuen Jesusek au guzia zuretzat irabazi, bortxaz zuri bere irabazia arrerazteko. Irabazi zuen, zuk zerorrek nai zenuela, ta bear zen eran eskatzen zeniola zuri emateko; ta era orretan zuk eskatu ezkero, noiznai gure Jesusek emain dizu bere laguntza, bere grazia, ta animako zere zorren pagu-gaia, edo berak zuretako irabazirik dadukan edozein gauza; bada, Jesusen irabaziari agitzen edo gertatzen zaio, Israelgo andre alargun baten olioari len gertatua.

        Estutzen zuten andre alargun au artzeko zutenak, bere zorren gain; ta, ez jakiñez zer egin, urbildu zen bein Eliseo profetagana, ta agertu zion oni bere bearra ta premia; ta eskatu zion bideren bat, bere burua bere lan-gai gaisto artatik ongai ateratzeko.

        Zer dezu zere etxean? Erraten dio Profetak andre beartsu alargun eskaleari?— Ez dut, Jauna, nik, erantzuten dio, olio guti bat baizik.— Aski da ori, erraten dio Profetak. Zoaz al dituzun ontzien billara; ta, zere etxean sarturik gero, arkitzen dituzun ontzi guziekin, ta zere semeak an laguntzen dizutela, bota zazu ontzi orietara zere olioa, ta ez da zer gelditu, ontzi guziak bete artean.

        Egiten du andre alargunak Profetaren errana. Artzen du bere eskuetan bere oli-ontzi txikia. Ekartzen diozkate bere semeak ontziak ontzien ondoren. Betetzen ditu ontzi guziak; eta ez da gelditzen olioa, ontzi uts guziak bukatu edo beterik gelditu artean. Eta, bere itxean zuen olio-tantatik ateratzen du andre alargunak, bere zorrak ateratzeko, ta beretzat eta bere umeendako bear zuen ondasun guzia.

        Ogi-zatitxo bat dirudi gure Jesus maitagarriak aldareko bere Sakramentuan; baña nai duenak ortik aterako du, bere zorrak ateratzeko, ta bere anima ta animaren lagunak, edo potenziak sendortzeko bear duen gai, indar, laguntza ta grazi guzia.— Ez du, nai duenak, orretarako bere ontziak prestatu ta komuniatzen dela, bere Jaungoikoarekin bere baitan ongi gorderik, au guzia Jaungoiko-gizon-Jesus maitagarriari eskatzea besterik bear.

        Arkitzen zara zu, komuniatzen zaran aldietan ongi konfesatua; baña zere konfesionean Jaungoikoak barkatu zizkitzun, zere bekatu larrien zenbait zorrekin? Etzara saiatzen zu, Purgatoriora bage, zere zor oriek emen ilduraz, baruz, selizioz, ta zere gorputzaren nekez ateratzera? Beldurtzen zara zu, zere zor oriek ateratzeko dezun Purgatorioko suaz oroitzen zaranean? Eska zaiozu, bada, (ta eska zaiozu alik umilkiena) zere komunioneko denboran, zerekin dezun Jesus urrikaltiari, orretarako dituen bere irabazietatik zatiren bat.— Berriz ta berriz ere, ta komuniatzen zaran aldi guzietan, egizu eskaera ori bera; baita zuk zere Meza ematen dezunean, edo entzuten dezun denboran ere, ta zuk aterako dezu gure Jesus maitagarriagandik zure bekatu barkatuen zor guziak eskatzen dutena.

        Arkitzen zara zu, komuniatzen zaran aldietan, zere Jesus maitagarriaren grazian, bai, baña bekatuaren eritasunetik ateraberria bezala, indar gutirekin? Arkitzen zara biotz, gaitz aldera agitz makurturik arkitzen den batekin, ta zere adimentua, bear ez diran oroitzapen galduz, ta asmo lizunez beterik dadukazula?— Eska zaiozu, bada, zere Jesus maitagarriari, bere gogargi ederren zati on bat, gauz onen asmoz zere gogoa beterik erabiltzeko.— Eska zaiozu beraren esk-ukaldi, edo, eman oi duen barreneko ukiera bortiz on bat zure biotzari bertatik ar-erazteko bere beldur ona ta ziñezko amorea; ta denbora berean eska zaiozu zuk amore-beldur oriek eskatzen dituzten gauz on guziak zuzen egiteko, bearko dezun beraren laguntza ta grazia. Izain dezu zuk, bai, au guzia, guzia zuk Jesus maitagarriari bear den eran eskatzera.

        Bai: orretarako dator gugana gure Jesus maitagarria, bere ondasun ta irabazi guziekin, guganatzen den aldioro, gure komunioneetan. Eta artzen ezpadezu zuk ori guzia, ta anitz geiago komuniatzen zaran zere aldietan, artarako zuk zere ontziak prestatu bagez izaten da, ta zeren zuk aldi orietan egiten ez dezun, egin bear zenukena ezperen; ta ekusiko dezu.

 

 

C.

Jesusek, aldareko Sakramentuan
gelditzeagatik, egin zituen irabaziak

 

        Gizon egin zenean, ekusi zuen gure Jesus maitagarriak, gure salbazioko lan gogorra bukatu, ta zerura bera iganagatik, geldi zitekela denbora berean gure janari egiñik emen gure artean; ta au ekustean, ekusi zituen gure Jesusek, beraren emengo gelditze onetatik zetozkikegun ondasun guziak ere.

        Baña au guzia Jesusek ekustean, ekusi zituen bidenabar beraren emengo gelditze oni zerraizkon bidegabe lizunak, eta gizonen txarkeri arrigarriak ere; ta ekusi zituen anitz aldetarako txarkeriak; bada ekusi zituen judatar gogorren txarkeriak, ereje gaistoen txarkeriak eta apez ta gizon eskergabekoen txarkeriak.

        Ekusi zuen Jesusek orduko bere ekus-aldian, gelditzen bazen gurekin emen, edo aldareko bere Sakramentuan, ista ta irria baizik egiñen etziotela judatar galduak; eta errain zutela ausardi andiarekin oriek, ez dela Jaungoikorik aldareko gure Sakramentuan, edo ez dela aldarean, ezer-ezetako den ore zatitxo bat baizik; eta, era orretan oriek esaten zutena ala bailiz bezala, erabilliko zutela gure Jesusen aldareko Sakramentu andi au, noizbait edo ordu gaistoren batean orien eskuetaratzen zenean.

        Ekusi zuen Jesusek ereje gaistoak, geienak beintzat, berebat errain zutela; ta orietatik zenbaitek artuko zutela Sakramentu bera, edo artuko zituztela Ostia ta Forma konsagratuak, beren zakurrei ta zaldiei emateko, irakiten zedukaten urean sartzeko ta egosteko, ezpatez ta kanibetaz ebakitzeko, edo urkabean iltzez josirik uzteko. Eta era orretako aldiren batean oriek ekusiagatik ostia, edo forma bera odola zeriola, zakur batena bazen baño geiago etziotela begiratuko, orri zerion odolari ta Sakramentuko mirakulluari.

        Denbora berean ekusi zuen gure Jesus maitagarriak apez zenbaiten, ta gizon-andre gaistoen aldetik ekusi bearko zuena, Sakramentu onetan emen bera gelditzera; edo ekusi zuen nola anitz aldiz, ta askotan ta askotan botako zuten oriek beren barrenetara, aur bat bota liteken bezala, apoz, sugez, ta sierpez beterik dagoen leze batera: edo botako zutela Jesus Sakramentatua, oitura gaistoz, bekatu larriz ta zikinkeri alkegarriz beterikako beren barrenetara. Eta ekusi zuen bidenabar gañerako guzien Sakramenturako oztasuna ta oarkabea.

        Au guzia, ta anitz eta anitz geiago ere ekusi zuen gure Jesus maitagarriak bere lenbiziko ekusaldian; ta alere, atera zezaten ongi bizi naiko zutenak nai adiña ondasun ta grazi, artu zuen gure Jesusek emen aldareko Sakramentuan gurekin gelditzeko asmoa; ta iltzera zijoanean, edo Ostegun santu arratsez, gelditu zen Jesus bere Sakramentu onetan; ta ordu berean bere eskuz eman izandu zien bere Apostoluei lenbiziko komunionea.

        Era onetan gelditzeko bere asmo au artzean, izandu zituen nai-ta-ez, gure Jesus maitagarriak bere biotzeko illuntasun andiak eta tristurak. Ezin zegikeen besterik Jesusen ordu artako anbat ekuste ikaragarrik!

        Baña guzia artu zuen Jesusek bere Aita maitagarriaren izenean ta gure onagatik; eta bere artze maitagarri onetan egin zituen Jesusek irabazi berri andiak; eta oriek ere aldarera dakartzi, Sakramentura datorren guzietan, len adirazi ditugunekin batean; ta guziak dakazki gure utsen alde, ta uts berririk ez dagigun, guri anitz gogargi ta indar onak emateko.

        Ekusten dezu zuk orain, zein edo nor den aldareko Sakramentu andira datorkizuna? Ekusten dezu zuk nola datorkizun, ta zein aberats-emallea, orrara datorkizuna? Nola eraman ote dezu zuk oraindañokoan zere biotza, komuniatu zaran aldietan?— Utsez ta bekatuz ongi-ongi ustua, edo utsik, edo bekaturik batere bage? Graziaz bere nai andi bero baten besoetan; ta eskaera umil anitz-andiak egiten zenituela?

        A nere Jesus maitagarria! Ori zen, bai, ori nik aldi orietan egin bearra! Baña ez dut nik, ez, egin izandu, ori ezezik, orren laurdenik ere, ta orregatik nago ni gaur, nagoen eran, ta damu arrigarri baterako bidez ta gaiez guztiz betea!— Damutu balekit, bada, bear den eran nere oraindañoko urrats, pausu, ta ibillera makur guziez; guziak nik bertatik urratu ondoan, biziera berri on bat artzeko, ordu batez ere luzatu bage. Ala egin uste dut nik, zuk zere graziarekin sendorki laguntzen didazula, nere Jesus maitagarria. Lagun zakizkit, bada, aldare orretan dakartzun zere amore ondasundun bazter bagekoagatik. Bai arren, bai!

 

 

Et ipse stat post parietem nostrum,
respiciens per fenestras,
prospiciens per cancellos.

Can. 2. 9.

 

        Nor ote da, nor, aldareko Sakramentu andi orretan gorderik or arkitzen den ori? Nor ote da, or guk ogiaren aintzuran, edo idurian ekusten dugun ori? Nor izain da? Jesusen gorputza, ta gure Jesus guzi-guzia! Jesusen Jaungoikotasuna, ta Jaungoikotasun onekin bat diran Aita eternoa ta Espiritu Santua.

        Orra non dituzun or, orra Aita-Semeak eta Espiritu Santua; ta orra, or dezu, Aita eternoaren Seme maitagarriak bereturik dadukan bere gizatasuna ere.— Guk ez dugu ekusten au, ez, aldareko Sakramentu andira begira egonagatik; bada or au guzia gorderik dago, ogiaren aintzurazko edo akzidentezko paretaren arako aldetik. Ez du leiorik, ez du zulorik, ez eta zirriturik ere ogiaren paret orrek, edo ostia konsagratuak, guk andik ekusteko barrendik gordeak daduzkan bere gauz andiak.— Baña ostia bera leio, edo ekus-bide utsa da gure Jaungoikoarentzat; eta andik ekusten gaitu ark gu, berak nai bezala, ta begira dagokigu, non gabiltzan gu ta zertan gabiltzan, ezinobeki ekusten duela.

        Zertako ote dira, gure Jesus; zertako ote dira gure Jaungoiko maitagarria, orrenbat zure begiratze, ta begiratze garbi-eder betiko oriek?— Gu ongi ekusi naiez, nere anima! Gu beregana emeki ta zuzen eramateagatik; an gu ondasunez, gogargiz ta doaiez beteak berak uzteko.

        Eta alere, nagi gu, nere anima, ta Jesusen igesi bezala gu, geienetan beintzat! Eta alere, oartzen ez garala gu, begira dagokigunik ere gure Jaungoiko maitagarria!— Ez dugu gaurgero, ez, era onetan bizi bear guk, nere anima Elizara bear dugu guk, eta maiz alere; ta aratzen garan aldioro, an egoin bear dugu guk, guzi-guzia dakusan Errege Jaungoiko altsu-maitagarriaren begietan daudenak egon bear duten eran, edo guztiz umilki, ta geren gogoz, itzez, ta biotzez eunka, ta eun millaka, eskerrak ematen diozkagula; geren begiak an, Jaungoiko berari begitzeko baizik jasotzen ez ditugula; alegin guzian guk bera maitatzen dugula, zor zaion bezala; ta aratzen garan urrengo aldian lur au, orduan baño agitz obeki egiteko indarrak eta laguntzak emain dizkigulako ustean. Ala gerta dedilla, nere Jaungoiko maitagarria: Bai, arren, bai!

 

 

Ingrediens mundum dicit;
hostiam et oblationem noluisti:
corpus autem aptasti mihi... Ecce venio...
ut faciam, Deus, voluntatem tuam.

Hebr. 10. 5.

 

        Orra, Jauna, erraten dio bere Aita eternoari gure Jesus maitagarriak, gizon egiñik gelditu orduko; orra, Jauna, ekusten dut orain nik, ongi aspertua arkitzen zarala zu, zere Lege zarreko olatez ta ostiez; ta au ekuste berean, ekusten dut nik, bein ere aspertuko etzaituen osti bat gurutzeko Aldare gañean ekusi naiez zaudela zu.

        Orretarako eman didazu niri zuk onako nere gorputz minbere artuberri au. Zuk, au niri ematean, nai izandu dezuna da, nik nere gain artzea munduko guzien bekatu guziak; eta nik, nere bizitza guziko naigabe andiarekin, nere Pasione arrigarriko tormentu latzekin, ta gurutze gogor bateko neke guziekin irabaztea, bekatu oriek itotzeko, ta anima gaisoak grazi ederrez, ta zeruko indarrez beterik uzteko bear den guzia, ta anitz eta anitz geiago.

        Ona, bada, ni bertatik prest, ori guzia ta gañerako zuk nai dezuna, zuk nai dezunean, ta zuk nai dezun eran egiteko.— Artu dut, bai, nere Aita eternoa, artu dut nik gaurdanik betiko nere bidea; ta ez naz geldituko, ez, ez-da-baida batean ere, au guzi-guzia nik egin, ta ni nerau gurutze batean zure osti egiñik gelditu artean. Ala nai dut nik, bai, nere Aita eternoa; ta ala izain ere da, zuri nik dizudan amoreagatik, eta zeren urrikari ditudan nik munduko bekatari gaisoak.

        Orra orduan Jesusek bere Ait-eternoari erran izandua: ta orra, orduan erran bezain zuzen bere orduan Jesusek egin izandu zuena.

        Ordu beretik irabazi zuen gure Jesusek, bekatari guziok bearko genuen diña; baita anitz eta anitz geiago ere.— Ordu beteko irabaziak bezain irabazi andiak egin izandu zituen guru Jesusek instanteoro, ill arteko bere denbora guzian: ta geroko ta orduko bere irabazi guziekin datorkigu gure Jesus maitagarria Aldareko bere Sakramentura; ta bere Sakramentu onetara datorkigu, guk nai dugun guzia guri emen ematera; ta ez du eskatzen bere emate andi orretarako, bear bezalako eskaera garbi umil bat baizik.

        Ekusten dezu zer etorrera, ta zein aberatsa, aldarerako Jesusen etorer-au.— Ekusten dezu zein emalle maitagarria datorkigun bere Sakramentu onetara guru Jesus maitagarria?— Zer ongi-etorriak egin uste diozkatzu zuk, elizaratzen zaran aldietan? Etzara zu lenbaitlen, ori egin naiez elizarako? Etzara zu gerozko denboretan, alik maizen-maizena eliza berarako, au zuk zere Jesus maitagarria ekustera; an zuk Jesus berari zere agur andiak egitera; ta zor diozun amorearen eskerrak ematera? Egizu zuk au guzia; bai arren, bai, egizu; ta ekusiko dezu zenbat ondasun ateratzen dezun zuk zere egiteko eskerdun on orietatik.

 

 

Desiderio desideravi hoc Pascha
manducare vobiscum, ante quam patiar.

Luc. 22. 15.

 

        Bere Animaren asiera beretik, bazekizkien gure Jesus maitagarriak, aldareko Sakramentuan anitzek egiñen ziozkaten gain arrigarri-zikin-gaistoak; eta alere or bere Sakramentuan gurekin gelditu naiez-ta-naiez egondu zen bere bizitza guzi-guzian: ta, azkenean, or gelditzean, erran edo adirazi izandu zien bere Apostoluei; nai andiarekin nai izandu dut nik nere azken-afari au zuekin egitea. Ni, zuen amorez, ta munduko guzien onerako, milla ta milla nekeren artean nere bizi au uztera noa; ta, besterik ezpadere, nerekin daramat orain nik, nere ordu au etorri delako, ta munduko guziekin Sakramentu onetan gelditzen nazalako, atsegin andi bat.

        Ez du gaurgero bere Elizan ekusi nai nere Aita eternoak, oraindañokoak bezalako zezenen, bildotsen, ta era orretako gauzen odol-isurtzerik, edo aragi errerik. Egunero ta beti Eliza berean nere Aitak ekusi nai duen aragi-odola da, nere Sakramentu onetan nik utziko dudan nere Gorputzarena.

        Au ematen zaionean edo Mezakoan, edo komunione onetan (naiz eman dakiola bekatu barkatuen alde, edo orien zorrak ateratzeko, naiz beragandik erdisteko zeruko ondasunak eta ontarte berriak), pozik artuko du beti nere Aita eternoak; eta erditsi ditzatzuen zuek bi gauz-era oriek, orra or gelditzen da aldareko nere Sakramentuan nere Gorputz au bere Odol, ta guziarekin; ta gelditzen da or, or nik iutzirik; eta nik or uzten dizuet au guzia, ongi-ongi dakidala jentilak, herejeak, turkoak , eta kristau gaistoak or niri egiten dizkidatela anitz bidegabe, anitz ista, txarkeri, ta gauza lizun izugarri.

        Eta or bertan uzten dut nik gaur, nere jakite edo ekuste latz onetatik orain niri datorkidan naigabe andia, edo nere naigabe onekin orain nik irabazten dudan guzi-guzia ere.— Oraindanik uzten dut nik or ori guzia, zuen guzien onerako; ta uzten dut ori guzia nik or, nere atsegin-kontentu guztiz andiarekin.— Orra orduan Jesusek bere Apostolu maiteei, ta orien buruan guri adirazia; ta orra geroztik beti Jesusek gurekin egiten duna.

        Au guzia badakigu guk, zuk eta nik, biok; eta ez gara orregatik urtzen gu gure Jesusen amorez, edo Jesusi guk ongi naiez? Eta ez gara gu gure Jesus maitagarriagana urbiltzen, urbiltzen garan bezain bakan, edo banaketan baizik? Eta urbiltzen garanetan ere, zertara urbiltzen ote gagokiozka gu Jesus maitagarriari? Zenbat esker ematera? Zenbat agur egitera? Eta zenbat orduz an Jesus maitagarriarekin amoriozko itzketan egotera?— Gure eskergabeak! Gure zentzurik-ezekoak! Eta guk orretan galdu oi duna!— Era berekoak izain ote gara gu emendik aitziña?— Ez baldinbere! Utz ditzagun, bada, guk emen bertatik leneko gure bide galgarriak, artu bear dugun on bat artzeko: ta asi gaitezen orain, ziñez erratetik: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa