www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXIII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN ALDARERATZEA;
TA BERAREN ALDAREKO
ETXE-GELAK ETA SOÑEKOA

 

 

A.

Jesusen aldaderatzea

 

        1. Jesus bera berez, edo berak konsagrazioko itzak erraten zituela, jarri zen lenbiziko aldian Ostegun santuz aldareko Sakramentu onetan. Jarri zen emen, naigaberik batere bage jarri zen emen, emen egoteko ogi-ardoen azalak, soñekoak, aintzurak, iduriak, edo akzidenteak bukatu artean; ta egondu ere zen, au an gertatu arteko denbora guzian.

        Ordu berean, bada, edo Jesusek bere lan andi au egin izandu zuen denboran, eman izandu zien bere Apostoluei, ta gañerako Apez guziei, lan andi berau egiteko bear zuten esku guzia; ta ordu artatik beartua gelditu zen, edo bere itza emanik gure Jesus maitagarria, berak bere konsagrazioan esan zituen itz berak oriek erran orduko, egiñen zuela, Apostolu berak orduan ekusi zutena; ta egiñen zuela orduan bezala.

        Orregatik bada, ta zeren den, den bezalakoa, gure Jesus maitagarria, Apezak konsagrazioko itzak erran orduko, aldarean arkitzen da Jesus, ta an arkitzen da sakramentatua, edo ogi-ardoen iduriz, aintzuraz, edo akzidentez estalia: ta, emen sakramentatua arkitzen den denbora berean arkitzen da bere Aita eternoaren eskoietik bere zeruan.

        Orra zein laster egiten duen gure Jesusek zerutik aldarerañoko bere bide luze au, itz bi apezak erran bitartean!— Berebat egiñen luke gure Jesus maitagarriak, urrutiago ta urrutiago arkitzen baliz ere, apez berak bere itz biak erraten dituen denboran; utsik egiten ez duena da alabaña gure Jesus maitagarria, ta ez len, ta ez orain egin dezakena; ta aldi artan ori ez egitea, dagiken bezala, utsegitea lizake; ta utsegite guztiz arrigarria.

        Ongi: ta egiten ote dezu zuk, nere anima, ori bera, edo zuk dagikezuna, ta aldian aldiako zure itzak eskatzen dutena? Zenbat itz eman ote dituzu zuk, zu bataiatu zinduzten ordutik egungo egunetaraño?— Eman zenuen zuk ordutik itza (ezin uka dezakezu), etziñala nastuko bein ere zu mundu arroaren egiteko galdu edo galgarrietan; etzenuela egiñen zuk bein ere, Satanas gaistoak eragin oi dituen gauza gaistoetatik bat ere; ta garaituko zenituela zuk zere aragiaren naikunde makur-lizun guziak.

        Orduko zere itz ori aski ez iritzirik bezala ordu berean eman zenuen zuk, Jesusen eran beti zu bizitzeko itza; baita aldian aldiako gauz on guziak zuzen egiteko, ta zere neke guzien gurutzearekin birtutez birtute Jesusen ondoren ibiltzeko itz oso bat ere. Baña egin izandu dezu beti zuk, zure itz on oriek dioten guzi-guzia?— Ez noski, ta laurdenetan ere; ta orregatik arkitzen zara zu gaur, gaur zuk dituzun adiña bekaturekin; ta, bear zenituken birtuteetatik batere bage.

        Begira nora zoazen zu, gaurgero zu orrela bazabiltza. Ez da ori, ez, gaur zuri gure Jesusek erakusten dizun lana ta egitekoa. Egizu bada zuk zere egiteko au; ta egizu beti, gure Jesus maitagarriak bezala, edo lenbaitlen, ta alik zuzenen-zuzenena: zaduzkan gero zu berekin beti bere zeruan gure Jesus maitagarriak.

        2. Nola egiten ote du Jesusek, apaizaren itzak aditu orduko, aldareko bere Sakramentuan arkitze au?

        Batere begiratu bage nor den, edo nolakoa den, konsagrazioko itzak erraten dituen apeza. Batere begiratu bage zer dadukan bere gogoan apezak, bere Meza ematen duen denboran; edo zertako den apaiz beraren Meza ematea. Batere begiratu bage, nolakoak diran apezak aldarera daramatzien soñekoak, edo nolakoa den aldare bera, edo Mez-eman-tokia.— Naiz ona dela, bada, ta naiz galdu-galgarri zikiña, Mez ematen dagoen apeza, an arkitzen da gure Jesus maitagarria, apez beraren eskuetan apaizak eskuetan duen ore edo osti gañean, edo kalizari begira dagoela, konsagrazioko itzak erran orduko.

        Eman dezala apezak bere Meza, bere Jaunari atsegin egin naiez, edo eman dezala bere gogo gaistoren bati atsegin egiteagatik, ez du Jesusek orretara begiratzen, aldarera etortzeko; begiratzen dio orretarako emanik dadukan bere itzari; ta apaizaren konsagrazioko itzekin batean, an da kalizan, ta an orean edo ostian gure Jesus maitagarria.

        Berebat gertatzen zaio gañerakoan gure Jesus maitagarriari; bada, naiz zarra dela apeza, ta naiz gaztea; naiz ederra dela, ta naiz itsusia; naiz zuzena naiz elbarri, erdi-eri bat dela, naiz indartsu sendorra, ez du orretara batere begiratzen gure Jesus maitagarriak.— Nolakoa, nai dela, bada, Mez-ematen dagoen apeza, Jesus beraren izena, eskua, ta lekua daduzka, ta Jesus beraren izenean erraten ditu konsagrazioko bere itzak; eta oriek erran orduko, egiñik gelditzen da orren itzak diotena; ta an dago bertan Jesus Aldareko bere Sakramentuan.

        3. Eta gauz orietara begiratzen ez duen Jesus maitagarriak, anitz begiratuko duela deritzazu gañerako gauzetara; edo begiratuko duela, deritzazu Mez emateko den aldarera, ekusteko garbia dagoen edo zikiña; gauz-oial eder-meez, edo zar zatar-zikinskotez estalia dagoen aldarea, berari dagokan eran ezpadago, ara ez etortzeko?— Nolanai egon dedilla Mezako maia, edo aldarea, an arkitzen da Jesus maitagarria apaizaren konsagrazioko itzekin batean.

        Eta orra guk ere, geren eran egin bear genuken gauza, edo egitekoa; baña egiteko, edo gauza, askotan, ta askotan guk egiten ez deguna.

        Ez da zure gurasoa, edo zure aita, edo ama, zuk nai bezalakoa; moldakaitz mintzatzen zaitzu, zerbait zuri manatzen dizunean, ta nagitzen zara zu aren erranak egiteko.— Nai zenuke zuk legizkeen zure senide zarragoak, zuri zere etxekoak eragiten dizkitzuten gauzak; eta zu, zere senide beren itz bat aditu orduko, mindurik gelditzen zara orietara; ta, erraten dizkitzuten gauzak egin bearrean, erriertan, ta furrustadaka.— Ozpin tanta batekin igortzi orduko zuri zere konfesariak, edo predikatzalleak zere animako zauriak edo aztura gaistoak, edo zere onerako zuri oriek, edo besteren batzuek itz ez-leun bi erraten badizkitzute, erretzen zaitzu zere biotz barren guzia, ta gelditzen zara zu, oinpean erdi lertu duten suge txar bat bezala; gelditzen zara zu ongi sutua, zaran guzia, ta izurriz ta bendekuz betea.

        Orra zuk askotan ta askotan egin oi dezuna. Eta orra Jesus maitagarriak gaur erakusten digunaren bidetik urrun dabillenen egitekoa! Etzenuke zuk, ez, era orretako gauzarik egiñen bein ere, baldin zuk begiratzen bazenu, lendabizitik zuk, edo zere bataiotik zere Jaungoiko ongilleari emanikako zere itzetara.— Etzenuke zuk egiñen, ez, era orretako txarkeririk, zu ongi oartzera beartua zaudela zu, (zauden bezela) kristio edo kristautasunagatik zuzen, ta fite edo laster egitera, zure Jaungoikoak aldi orietan, ta era orretako beste edozeinetan zugandik nai duena; ta beartua zaudela zu, ori egiteta eme-emeki, ta asaldatu bage; ta beartua zaudela ori zuk egitera, naiz datorkizula zere gauz orren eginbidea guraso moldakaitzetatik, aurride, senide, edo askazi mukerretatik, auzoko gaistoetatik, edo edozein beste saiets, edo alde on edo gaistotatik.

        Etzenuke zuk egiñen, ez, era orretako gauzetatik batere, begiratzen bazenio zuk gure Jesusen, orain ekusi dugun zerutik aldarera etortze zuzen bere-berealakoari.

        Baña ez dezu zuk egiten, ez askotan beintzat, irur begir-era orietatik bat ere; ta zer da gero zuk egiten dezuna?

        Zeer? Zerurako anitz eta anitz zere irabazi galtzea: zere anima gaisoa oben-kulpen loi zikiñez galdurik uztea; zuretzat zure Jaungoikoak zedukan anitz laguntza galtzea; zuk onetsi bear zenituken zere itxekoekin, zere zarragoekin, ta zurekin jarduki oi dutenetatik zenbaitekin edo beintzat batzuekin zu gaizki gelditzea. Ez da ori, ez, gure Jesusek bere-berealako bere aldareratzeakin erakasten dizun bigarren gauza.

        4. Jesusek era onetako bere aldareratzearekin egiten duen beste gauza da, aldareratzea bear den denbora guzian, asaldatu gabe ta ixil-ixillik an egoteko.

        Bein Sakramentura ezkero ez da, ez, Jesus maitagarria andik ateratzen, ustelduak edo galduak gelditu artean, an bera estaltzen duten ogi-ardoen soñekoak, aintzura-iduriak, edo akzidenteak.

        Eta soñeko oriek eun urtez, edo geiagoz irautera (iraun duten bezala Alkalan, Jesusen konpañiako elizan gordeak dauden forma txiki konsagratu batzuenak), oriez gorderik an egoin da Jesus denbora orretan guzian, ta oriek irauten duteño: ta egoin da, itzik atera bage; ta ara zenean bezain guganako amore andiarekin.— Egoeraren ederra! ta orrek guri erakusten diguna!

        Zer ote da Jesusek bere Sakramentuko egoera orrekin guri erakusten digun au?— Gu gauden tokian, eman diguten lanean, edo geren egitekoan dakargun bizitzan, ta beste edozein geren gauzetan, asaldu bage, ta naigaberik artzen ez dugula, guk irautea gure Jaunak guri, edo Jaun-ordekoak besterik eragin artean.

        Aisa, ta erraz orretarako gara guk ezagutu ezkero, ori dela aldi artan gure Jaungoikoak gugandik nai duena.— Eta ezaguturik bizi zaitezke, bai, ori dela zure Jaungoikak nai duena, zuri eginkizunen bat datorkizunean, ori zuri etorriagatik, zure gurasoen, edo zu beren eskupean zaduzkatenen aisolakabetik datorrela dirudiela; bada orien utsetatik ere zure ona nai du atera zure Jaungoiko maitagarriak.

        A nik an egin izandu banu era orretako aldi orietan! Izain ez nituen nik, ez, izandu ditudan adiña nere barreneko erretze ta kezka; ta egiñen nituen nik irabazi andiak; eta gaur beartua bezala nedukan nik nere Jaungoikoa, urrengo aldietan laguntza obeak eta obeak niri emateko.— Au nik oraindañokoan egin bageaz ongi damuturik, artzen dut orain, gaurgero beti-beti nik au egiteko asmoa.— Indazu zuk nere Jesus maitagarria, zere aldarerako etorrera ederrarekin erakusten didazun guzi au, bear den eran, ta guztiz zuzen egiteko, zere laguntza, ta guzia. Bai arren, bai!

 

 

B.

Jesusek aldareratzen denetan
izan oi dituen etxeak,
etxeen apaintzak eta gelak

 

        1. Baditu Jesusek, bai, mundu onetako laur zatietan; baita mundu beraren zati bakoitzeko anitz eta anitz erritan ere bere etxeak, edo bere elizak; eta bere eliz, edo etxe orietara dator Jesus maitagarria, bere Sakramentura datorren aldi guzietan.

        Baña nola egon oi dira, gure Jesus orrara datorreneko, ta Jesus or arkitzen den denboran, beraren etxe ta eliz oriek?— Erri andietako zenbait obekiseago maneatuak, edo apainduak; baña oriek ere ez bear bezala, ta Jesus maitagarriari dagokan eran. Ez lirake, Jesusi dagokan eran beraren etxe-eliz oriek apaintzeko diña, edo aski, mundu guzian arkitzen diran urre-zillarrak, itsaso guzietako perlak, lurpeko ta mendietako diamante, topazio, ta gañerako arri eder guziak; ez eta bazter guzietako loreak, eta zeru bereko izar argigilleak ere; naiz letozela izar oriek beren eguzkiarekin, eta lurreko loreak, eta beste gauza guziak, oraindañoko guzian izandu dutena baño, milletan ta milletan edertasun andiagoarekin: Jesus da alabaña errege guzien Erregea; zeruan, ta lurrean arkitzen diran gauza guzien Jauna ta Jabea; ta gure Jaungoiko-gizon andi-maitagarria; ta ezer-ez bat bezala da, Errege-Jaungoiko-gizon andi oni dagokanaren aldean, zeru-lurrak, eta itsasoko bazterrak eman dezakeen guzi-guzia ere.

        Ongi: ta onenbat gauza, ta era onetako gauzak ezer-ez bat bezala badira Jesus maitagarriaren etxeari, jauregiari, edo elizari dagokanaren aldean, orain gure denboretan ezartzen zaizkan gauzak, naiz dela mundu guzian den elizarik onenean ere, zer gauzak izain dira; edo zer izan diteke gure Jaungoiko-gizon Jesus maitearentzat elizarik onena, ta ongien-ongien apaindua ere? Eta zer izain dira gañerako eliza txiki, moldakaitz gaizki apainduak, edo apaindu bageak?

        2. Munduko elizarik geienak erri txar-txikietan arkitzen diran elizak dira, ta errien beren eran egon oi dira elizak berak ere. Nola egoin dira bada oriek guziak gure Jesus-Jaun on andiarendako, erririk andienetako eliz eder-galantak ezpaude, Jaun on maitagarri gure Jesusi dagozkan eran?

        Zoaz, nai badezu, zu zerori zenbait erri txikitara, ta an zuk zere begiz ekusiko dezu. Zoaz, bada, ta sar zaitez an, erri txar bakoitzeko eliza txikian, ta begira zazu bazter guzietara.— Lurretik asten badezu zuk zere lan au, edo ango zere begiratzea, emen ekusiko dezu obi txar itsusi moldakaitz bat, an ta emen lur ez-berdiña, edo aldapaz, ta mendiz egiña dirudiena; emen ta an ekusiko dituzu zuk illen ezurrak. Bazterren batean, edo elizaren erdian ekusiko dituzu alki txar baldanak, eta oialtzar beltz erdi urratuak, eta autsez, argizagiz, ta lurrez diranak beteak; eta ekusiko dituzu an gauzarik geienak, beren tokitik edo lekutik atereak; eta guziak ekusiko dituzu, bear ez bezalakoak, edo bear ez den lekuan utziak.

        Lurretik gero zuk zere begiak jasotzean, ekusiko dituzu elizako paretak gaizki egiñak, leundu bageak, beltztuak, eta, beren tellatatik sartzen zaien urarekin, an ta emen, ta zenbait aldetan guztiz zikinduak.— Ekusiko dezu gero, zenbait elizek beintzat ez dutela gañean lata, ta tell utsa beste estalkirik; eta au ere erdi urratua, ta zuloz betea dadukatela.— Orien gisakoak dira eliza beraren korua, konfesategiak, eta gañerako gauzak.

        Begira zazu gero eliza bereko aldareetara; ta ekusiko den zer eran arkitzen diran oriek, eta eliza baten zein apaingarri txarrak diran guziak! Aldare nagusia onena; ta ura ere erdi-eroria, edo erdi-usteldua, edo laur ardit edo korradu balio ez dituena.— An aldare orretan ekusiko dituzu Santuen, Jesus maitagarriaren, edo onen Ama ederraren zenbait ainztura edo imajina, iñauterietako mozorroen, edo irriz jauntzirik dabiltzan gizatxarren aintzurak edo imajinak diruditenak.

        Gañerako aldareak (bat baizik an arkitzera), aldare nagusiaren erakoak. Orietatik batean, edo nonbait an ekusiko dezu Birjin Ama Soledadekoaren, edo nekez, ta naigabez beterikakoaren aintzura, edo imajina; ta ura ere gañerako guzien laguna. Eta, arkitzen badezu nonbait an Gurutzeko gure jaunarena, ekusiko dezu ez duela, ez gure Jesus maitagarriaren antz andirik; eta begiratzen dionaren debozionea bizteko baño, begiratzallearen debozio guzia galerazteko obea dirudiela.

        Gisa onetakoak, eta era onetan apainduak, edo, ekusi ditugunak bezain apaingarririk bagekoak dira anitz eta anitz erritan Jesus sakramentatuak izan oi dituen jauregiak, edo elizak; zenbait nekazarik erri beretan dituzten etxeak baño txikiagoa, laburragoak, eta moldakaitzagoak.

        Ekusi zazu zer-nolakoak, Jaungoiko-gizon Errege andiarendako era orretako elizak, edo etxeak.

        3. Eta bere etxe orietan gure Jesusi prestatzen zaizkan gelak?— Etxeen beren erakoak! txori-kaiola diñako presondegiak, edo Sagrariak!

        Eta oriek ere zertazkoak?— Zur-puskaz, edo olez egiñak; eta, geien-geienean urre-apur batez, edo zillarrez estaliak.

        Eta ez dira agitz obeak, ez; ez eta lasaiagoak ere erri andietako eliza-nagusietan Jesus Sakramentatuari berezten zaizkan gelak.

        Orra non dagoen gau ta egun, negu ta uda, ta urte guzi-guzian; baita joan diran milla zazpieun, ta anbat urteetan ere, gure Jesus maitagarri, gure amorez sakramentatua! Orra zer etxe-gelak, gure Jesusek Sakramentura datorren aldi guzietan arkitu oi dituenak!

        Eta etxe beretako gure Jesusen Zaldunak!— Arrak, txoriak, saguak, olloak, eta katuak; bai, geienean, edo beintzat anitz alditan; bada, Mezako denboran ez izatera, erriko guzietatik milagroz urbiltzen da bat, gure Jesus maitagarria an ekustera; ta anitz erritan beintzat, ez da Mezarik ematen aste osoetan.

        Jaio zenean ere, jaioagatik (jaio zen bezala gure Jesus maitagarria) itxola txar erdi-urratu batean, etzuen Jesusek ekusi, emen ekusten duena bezalako bakartasunik; bada, jaio zeneko, an zuen Jesus jaio berriak zeruko bere musika; an zituen mendiko artzaiak; etzuten luzatu urrutiko erreguak; eta, besterik izan ezpalu ere, an zuen beti berekin, gañerako guziak baño milletan ta milletan geiago balio zuen bere Ama maitagarria.

        Au zer ote da gure Jesus maitagarria? Zeruko zere jauregi zabal-ederrean arkitzen zara zu, illen artetik biztu, ta ondoan ara ziñanetik! Or badituzu zuk milloika ta milloika Zaldunik andienak, edo Serafin, ta Kerubin guziak, eta gañerako Aingeruak, orko Santu ta Santa guziekin! Zertara zatoz bada, zu gure artera, gure Jesus maitagarria, onenbat bakartasun emen ekustera, ta onen etxe-gela, edo eliza ta Sagrari txiki txarretan gau ta egun, ta beti egotera?

        Gu ongi doatsuak, edo zorionean jaioak gu, guk egitera gure Jesusen etor-aldi, ta betiko egoera luzetan egin bear duguna! Bada ori guk zuzen egitera, erditsiko ditugu guk gure Jesusek dakazkigun ondasun andietatik anitz zati: bai, Jesusek dakazkigun ondasun andietatik; bada ondasunez beterik, eta gure amorez dator Jesus aldareko bere Sakramentura.

        Au onela izan (den bezala), nere Jesus maitagarria, ta ni, alakorik ezpaliz baño geiago zutaz oroitzen ere ez nazala? Zentzurik bagea naz ni, edo biotzik ez dudana, edo ez dakit nik zer nazan ni!

 

 

C

Jesusen aldareko soñekoa

 

        Nola arkitzen ote da gure Jesus maitagarria elizako bere gelan, edo Sagrarian?

        Ogi-ardoen aintzurez, edo akzidenteen estalkiz jauntzia, edo ogi-zatitxo, edo ardo-txorta bat baliz bezala.

        Ekusten dezu zein laburra, gure Jesusen orko soñekoa? Ore-zati, edo osti txiki-biribil bat diñakoa; ta arere laburragoa; bada gure Jesus Jaungoiko-gizon guzia jauntzirik dago, osti guzian ezezik, ostiaren edozein zatitan ere; ta Jesusen orko soñekoa da, ostiaren edozein apur bezain laburra.

        Egun jaiorikako aurrari egin lekioke, Jaungoiko-gizon gure Jesusen soñeko txiki labur au baño laburragorik?— Zer laburragorik? Aurrik txikienaren soñeko laburrarekin egin litezke Jaungoiko-gizon Jesusek bere Sakramentu onetan duena bezalako berreun soñeko ere.

        Txikia bezain segalla, ta ezer-eza da gure Jesus aldareko soñeko au. Jesusen Sakramentu onetako soñekoaren gaia bezala gai zirzillezko soñekorik, ez lioke egiñen animarik errumesenak, edo bearsuenak ere, bere ume beartsuari. Ur-txorta bat aski ta sobera da Jesusen aldareko soñeko au galdurik uzteko: ta geldirik dagoela ere, dagoen bezala emen gure Jesus maitagarria, ill-bat bete orduko aitu da Jesusen emengo soñeko guzia; da alabaña gure Jesusen soñeko au ogiaren zuritasuna, ta aintzura edo iduria, baña iduri, aintzura, ta zuritasun ogiaren izaterik bagekoa, edo ardoaren aintzura, ta iduri uts-utsa, ta ardorik gabeko iduri-aintzura.— Orra zer soñekoa, gure Jesusek aldareko bere Sakramentuan duen soñeko guzia.

        Eta, nondik duela gure Jesusek, uste dezu zuk, emengo bere soñeko onen zirtzill au?— Eskean bezala bildua, ta apezak emana, dio Tertulianok. Bai, apezak ematen dio Jesus maitagarriari bere konsagrazioko itzekin aldareko Sakramentuko bere soñeko zirtzil au.— Bere itz oriek apezak erran artean, ez du Jesusek Sakramentuko soñekorik.

        Apaizaren konzagrazioneko itz oriekin galtzen dira Mezako ogi-ardoak, eta gelditzen dira ogi-ardoen aintzurak, edo iduri utsak; eta ogi-ardo iduri, edo aintzura oien pean gelditzen dira, Jesusen Gorputz Odola, eta gañerako gauzak: etiam in Sacramentis propriis egens mendicitatibus erealis. lib. 1. contra Marc. c. 4.

        Gauz arrigarria; ta Fedeak, edo siñiste onak guri ez erakustera, ezin siñes liteken gauza! Ekusi dugun bezain soñeko labur, segall, ezer-ez batekin, ta soñeko, bestek emanikakoarekin aldareko bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria, izanik Jesus (den bezala) Jaungoiko altsu, lurreko bazterrak lore ederrez, munduko lurra lorez, mendiak belar egokiz, aritzak eta gañerako zur-adarrak ostoz, ta azalez, ta zeru guzia izarrez, bear den eran estaltzen eta jauntzen dituena!

        Era onetako soñekoekin, gure Jesus, izanik Jesus, bazter guziak bere Izate andiarekin ezin-geiagoraño betetzen dituen Aita eternoaren Seme-Jaungoiko-gizon egiña; edo osti txiki baten iduripean gordea, bazter guziak betetzen dituen Aita eternoa diñako gure Jesus maitagarria!— Eta izanik Jesusek (dituen bezala) aldareko Sakramentuan gizonaren esku-oin-begi ederrak, eta gañerako gorputz plantaren gauza guziak, guziak or ogi ardo iduriz estaliak, eta ezer-ez batera bezala bilduak!

        Zergatik au onela gure Jesus maitagarria, edo zeri dagokala!— Guri ongi naiez, bai, gure Jesus maitagarria; ta guri zuk zere aldare orretan erakusteagatik, zu jaio ziñanetik ill arteko zere denbora guzian zere itzez ta egiñez zuk guri erakutsi izandu zeniguna!

        Baña zer ote da len, ta gero zuk guri egiten diguzun erakuste au?— Au da zuk guri atsegin txar loien, ondasun galgarrien, ta arrotasunen naikunde makurrak zuzentzen edo garaitzen erakustea.— Non guk orretarako arki genezake, era onetako erakusterik?

        Orra zein umil, zein ezer-ez dirudiela dagoen or erregen Errege, ta agintzen dutenen manatzalle altsu andi gure Jaungoiko maitagarria!— Orra zein segalla ta zein ezer-ezezkoa, orrek or gure amorez artzen duen soñekoa; ogi-ardoen iduri, edo aintzura utsezkoa. Eta orra zein lasaitasunik bagekoa, gure Jesusek or bere Sakramentu andi orretan arturik dadukan tokitxoa! Bokadu batena baño ere agitz laburragoa!

        Ekusten dezu? Eta alere ibilliko zara zu, zere animaren galgarri egiñik, atsegin txar galduen lurreko gauza lizunen, ta antuste arro eroak eskatzen dituen gauzen ondoren?— Ez arren, ez, gure Jesusi zuk zor diozun amore bazterrik ez duenagatik, eta gal etzaitezen zu sekula guzirako ez berriz orrelakorik, ez!

 

 

Descendi de coelo,
non ut faciam voluntatem meam.

Joan. 6. 38.

 

        Ez nintzan ni etorri, ez, zion len batean gure Jesus maitagarriak, nere gogoak ematen didana emen egitera: ni nere zerutik etorria naz, nere Aita maitagarriak nai duena emen egitera; ta nik nere Aita berari atsegin ori egiteko, egiten dudan guzia egitera, Aitak berak nai duen garai onean edo denboran, ta berak nai duen bezala.

        Ala egin izandu nituen nik nere gauza guziak; eta gauza guziak egin izandu nituen nik garai onean, bear zen eran, ta bein ere uts egin bage. Orra orduan Jesusek ziona.

        Eta egungo egunean ere erran dezake, era bereko zerbait gauz on; bada erran dezake: ona ni, nere Aitak nai zuen egiteko andia bukatu banuen ere gurutzeko nere eriotzarekin, ona non natorren nere Aita berari atsegin egiteagatik, eta munduko gaisoen onerako aldareko nere Sakramentura milla zazpieun ta anbat urtez: ta onara nator ni, nere apezak nai duten aldi guzietan; ta egunoro nator eun milla bider ta anitz eta anitz geiagotan, ta nator beti, apez berak nai duten lekura; ta nitaz nai dutena egiten uztera.— Oriek ni nere aldarean uzten banaute, ez naz ni andik igitzen. Bekatariren baten ezpañetara eramaten banaute, edo eri errumes baten oatzera, ara noa ni oien janari izatera; ta orien barrenean nik Sakramentuko nere soñeko au, edo ogi-iduria galdu artean, an egoin naz ni, andik aldatu gabe.— Orra, bada, gure Jesusek len, ta gero egiten duena, bere Aitari atsegin egiteagatik, eta gure onerako!

        Eta zer ote da orain guk egin bearra gure Jesusen izenean, ta geren onagatik!— Ongi prestatu geren buruak, gure Jaungoiko maitagarriak nai duena, naiz latza izan, ta naiz leun-erraza, beti ta bertan, edo bere aldian egiteko. Ongi prestatu geren biotzak, gauz on guziak arin egiteko, bearko dugun biguintasunarekin.

        Geren bi prestatze oriek guk mug-onean, edo garai onez egitera, egiten dugu guri gure Jesusek erakutsia; ta egiten dugu guk, Jesus bera guganatzen den aldietan atsegin andi bat egiñen dion gauza bat.

        Ez ote diot nik orrenbat zor nere Jesus maitagarriari.— Baita anitz, eta anitz geiago ere.

        Eta ez dut egin uste nik nere zor andien alde, al dezakedana?— Baita pozik ere Jesus maitagarri berak orretan niri sendorki laguntzen didala, ta nere egin alean.

        Ala gerta dedilla, bada, nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Ecce tu pulcher es, dilecte mi, et decorus.
Lectulus noster floridus; tigna domorunt
nostrarum cedrina, laquearia nostra cypressima.

Cant. 1. 17.

 

        Guztiz ederra zara zu, gure Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria (erran dezaket ni gaur, anima santaren eran). Guztiz ederra zara, bai, ta ezin ekustekoagoa, aldareko zere Sakramentura zatozen nere Jesus maitagarria.

        Baña erran ote dezakezu zuk, nere gisako bekatari txarra, aldi artan anima santa berak esan izandu zuen gañerako guzia ere?

        Zorioneko anima zu, zuk egiarekin ori guzia esan al badezakezu!

        Zer zen bada, aldi artan anima orrek erran izandu zuena?— Aldi artan anima orrek esan izandu zuen: Lorez ederki apaindurik dadukat orain nik nere oatzea; ta nere itxeko barren guziak zedro ederrez, ta zipresez egiñak arkitzen dira; edo zu niganatzen zaraneko, nere Jaungoiko maitagarria, birtute ederren lorez, ta lorez ederki apaindua dadukat nik nere biotz au guzi-guzia; ta denbora berean, arrik edo arrotasunik bageko gogorazioz, ta oroitzapen garbiz beterik dadukat nik nere adimentua; ta nere naimentua, edo nere borondatea asmo zuzen bilduz, ta naikunde garbiz ongi edertua. Au zen ark aldi artan esan izandu zuena; ta au bera da, zuk egiaz erratera, askiko dena: zuk eliz eder bat zere animan, ta gela guztiz apaindu bat zere biotz orretan Jesusi prestatzea, komuniatzen zaran aldietako.

        Ala da egia! baña nola nik erran dezaket (diozu) orren erdirik ere? Nere anima txar-galdu gaiso au, geien-geienaz, izandu da oraindañokoan erri txar bateko eliza txiki autsdun-moldakaitz erdi-erori bat bezala. Nere begietatik, nere bearrietatik, eta nere mii txar onetatik sartu oi ziran nere animan, nork daki zenbat ur gaisto, tentu, ta zikinkeri? ta oriek nik artzean, artu izandu ditudan eran, zikintzen zitzaidan niri nere barren au guzia; ta geldiera gaisto onen beldurrez, zerbait nik egiñagatik, oriek kentzeko ez nuen egiten nik eginal guzia, ta orretan nenbillen denboran, kutsatzen nintzan ni, edo zikintzen nintzan zer edo zer.

        Geroztik ere, komuniatzen nazan aldietan, eraman oi ditut nik nere gogo txar-galgarri onetan anitz egiteko, ta, nere biotz berean, bear ez liraken zenbait naikunde makur ta asmo galgarri: ta ez diot nik ematen nere Jesus maitagarriari gela txar, zatarrez erdi-beterikako bat baizik.

        Zer erran dezake bada nere Jesusek, or sartzen denean? Zer, ni era orretan ekusten nabenean?

        Anitz gauza, bai; baña guziak neretzat guztiz alkegarriak!

        Nai ezpaditut nik oriek aditu, asi bearko dut nik nere barren au ongi garbitzen, ta birtutez ta birtutez apaintzen. Ori da orain, ta beti, nigandik nere Jesusek eskatzen duena; ta ori bera, ongi izateko, nik egin bearra. Banegi, bada, emendik aitzina badere! Egin uste dut, bai, nere Jesusek orretan niri laguntzen didala. Lagun zakizkit, bada, nere Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Fili hominis, ostende domiu Israel templum,
et confundantur ab iniquitatibus suis.

Ezech. 43. 10.

 

        Nornai arriturik uztekoa den gauza da, Jesusek aldareko bere Sakramentuan egiten ta erakusten diguna.

        Jesusen gizatasuna, jaungoikotasun guzia bere baitan dadukan Eliz andi-ederra da, dio san Pablok: in ipso inhabitat omnis plenitudo divinitatis corporaliter: ta ala ere, ezer-ez baten eran arkitzen da or aldareko bere Sakramentu andi orretan, tasun andi oriek biak dituen gure Jesus maitagarria.

        Zaldun aberats, ondasun guziak bere eskuan dituen Jaungoiko-gizona da, apezaren konsagrazioko itzak aditu orduko, or sarturik arkitzen den gure Jesus maitagarria; ta or arkitzen da gure Jesus maitagarria ori, lurreko gizonik erresumenak ere artuko ez litukeen soñekoekin, ta ogi-zatitxo bat dirudiela!

        Erregeen Erregea da gure Jesus maitagarria. Aita eternoaren Seme bakarra da; ta Aita bera diñako Jaungoiko-gizona gure Jesus maitagarria; ta orra non arkitzen den or Jesus maitagarri Jaungoiko-gizon ori, ezer ezin dagiken janari-bokadu baten eran, ta ezpañetako aize batek batetik bestera daramaken bezala! Orra nola arkitzen den aldareko bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria.

        Eta zu, bekatari txarra, nola arkitzen ote zara zere bizitzan, zere ibilleran, ta zere asmo-gogoetan? ene! ezin gaizkiago, ta arrigarrizko bide galgarrietan! Bada izanik ni (nazan bezala) ezin-ezer-ezagoa, ta lurpeko ar txar-ustel baten erako umea, ibilli oi naz ni, geienean beintzat, arrotasunez ta antustez guztiz betea, ta, ematen didaten naigabe txar bat ere, ezin eraman dudala! bada izanik ni (nazan bezala), zerurako jaioa, ta ango ondasun andien billan ibilli bearra; ibilli oi naz ni emengo gauza txar-zirtzillen ondoren; ta ibilli oi naz ni bidenabar, nere anima anitz aldetara, ta guztiz lazki zikintzen dudala! ta izanik ni (nazan bezala) errumes txar larrugorrian jaioa, ta, ezer-ez bage mundutik atera bearra, ibilli oi naz ni, ongi jauntzirik erraz, aisa, nere gogara, ta aragiaren atsegin txarrez beterik, eta laur urtetako aur txar batek baño zentzu geiago agertzen ez dudala! ta orregatik, nork daki zenbat bekaturekin!

        Nere galduegia, ta nere betiko galdu bearra, oraindañoko nere asmo arro-lizun-diruzkoak ez uztera nik, orien ordez nik artzeko, gure Jesusek dituenen erako asmo garbiak! Orretarako garbi ditzagun beinik bein geren biotzak, leneko gure uts guzien damu andi bat orain guk artzen dugula; ta erran dezagun itzez ta biotzez: Nere Jesukrito, etc.

 

aurrekoa hurrengoa