www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXVIII.garren OTOITZ-GAIA

ONGI KOMUNIATZEN DENARI
LAGUNTZEN DIO JESUSEK
BIRTUTEAK IRABAZTEN

 

        Anima bekatariak bere etsaiak aienatzea, anima berak bere pasione galgarriak eskuratzea, bere zauriak sendatzea, ta flakiak uztea, bere gauzak gero bear den eran egiteko, bide onean anima sartzea da: baña, ezer-ez bat bezala da, au guzia, ezpada ibiltzen gero anima, ibilli bear den, eran, ta bere bidez, edo bere gauzak ongi, ta zuzen egiten dituela: bada gañerako guzia lizake, Andaluziako zaldi galant bat ederki prestaturik bidera ateratzea bezala, an geldi-geldia, ta arri baten eran idukitzeko.

        Zaldia bidez ibiltzeko da; ta anima ibilliera onez birtute eder anitz irabazteko, ta orien lorez bere burua ongi apaintzeko. Animak ori ez egitera, nai dituen beste gauza guziak egiñagatik, galdua da anima.

        Bere egiteko au egin nai badu animak, artarako bearko dituen indar guziak emain diozka gure Jesus maitagarriak animan, anima bera ongi komuniatzen den aldi guzietan.

 

 

A.

Lirio zuri-ederren erako birtutea
irabazten laguntzen dio Jesusek,
ongi konuniatzen den animari

 

        1. Gure birtute guziak guztiz edarrak dira gure Jesusen begietan; ta, edozein gure birtute Jesusek ekusi orduko, egiten diozka Jesusek gure animari bere amoriozko begiratzeak; eta bere birtuteak anima birtutedunak ez galtzera, ez ditu Jesusek argandik kenduko bein ere bere begi-gogo-asmoak.

        Alere badira guzien artean, zenbait birtute, begi obekin gure Jesusek anima birtute-dunetan ekusi oi dituenak; eta orietatik da lirio zuri ederraren aintzura duen bat.

        Birtute au da seigarren mandamentuak eskatzen duen garbiera edo kastidadea: ta kastidadearekin edo garbiera eder onekin arkitzen diran animen artean egon oi da gure Jesus maitagarria naiez, gogoz, ta biotzez, ta egon oi da beti gauez ta egunez, edo anima garbi-eder oriek bere zeruan sarrerazi artean. Ori da anima santak, edo onen izenean Espiritu Santuak, esaten edo adirazten digun egia: dilectas meus... pascitur inter lilia, donec aspiret dies... Cant. 2. 16.

        Orregatik, beste zenbait birtute irabazten baño nai-iduri andiago batekin laguntzen dio Jesus maitagarriak animari, birtute zuri eder au irabazten, anima bera ongi komuniatzen den aldietan, ta beste edozeinetan, anima berak Jesus artara ezkero, edo Jesusi bere laguntza eskatzen dion aldietan. Au guri adirazi zigun nola-ere-bait Zakarias profetak, erran zigunean, Jaungoikoaren gauz on-ederra dela, Jaungoikoak beretako artuak daduzkanen ogia, ta ongi komuniatzen diranen animak aragiaren loi-pitsik bage, ta, aingeru beren garbitasuna dirudien garbitasun batekin uzten dituen ardoa: Frumentum electorum, et vinum germinans virgines. Cap. 9. v. 17.

        Eta nola besterik egin zezaken gure Jesus maitagarriak: Jesus denean (den bezala) Jaungoiko-Gizon ezin garbi-ederragoa; ta nork-nai nai ditu beraren erakoak bere guziak; eta ez dira ezin garbi-ederragoaren erakoak, al duten garbitasun ederrarekin arkitzen ez diran animak.

        Baña nola laguntzen ote dio Jesusek ongi komuniatzen den animari liriozko garbitasun au, edo bere kastidadea irabazten.— Jesusek berak bere Sakramentuan egiten duena, edo an ark egiten dituenen erako gauzaren batzuek egiteko bear duen laguntza ta grazia anima berari ematen diola.

        Baña zer ote da gure Jesusek aldareko bere Sakramentuan egiten duen gauza zuzen au?— Beinik bein goganberrik, edo sospetxarako biderik ematen ez duela, an egotea, edo bear bezalako toki batean, arinkeririk bage, ta aingeruz inguruturik egotea.

        Eta orra gure Jesus maitagarriak bere aldareko egoerarekin bere erako anima garbiei beren komunionean erakusten dien lenbiziko gauza; ots txarreko etxe ta lekuetatik urrun bizitzea; jostaketa ariñetan ez sartzea; ta aingeruen erako lagunekin, edo lagun birtutedun on garbiekin, ibiltzea. Erakusten dien gauz eder garbi onetarako, ematen die Jesusek anima berei beren komunionean, gauz au errazki egiteko bearko duten zeruko gogargia, biotz-ukiera, ta bere graziaren laguntza; ta ematen die ori guzia ordu berean, edo bere ordurako.

        Zorionekoa ni, baldin nik, nere Jesusen gauz oriez ongi baliaturik, egiten badut, Jesusek berak egiten duenarekin erakutsi didan, ta guztiz ederki dirudien, gauza eder garbi au.

        2. Bigarren gauza, gure Jesusek aldareko bere Sakramentuan egiten duena, ta guri, gu ongi ta garbiro bizitzeko, eragin nai diguna, da soñekoari dagokana.

        Nola jaunzirik arkitzen ote da gure Jesus maitagarria aldareko bere Sakramentuan?— Soñekotxo garbi guztiz merke batekin; ta ongi-ongi estalia.

        Eta nola nai du Jesus maitagarriak ibilli ditezen, ongi komuniatzen diran animak?— Nor bere erako, edo berari dagokan soñekoekin, ta garestiagorik edo oberik, egun batez ere, jaunzten ez duela; ta denbora berean agertze zikiñak, edo ekusten duten animen zikingarriak aldebat uzten dituela; baita, ez dagozkan zinta, ta arrotasuneko apaintze guziak ere.— Au ez egitera, ez dio Jesusi atsegin egiten bere komunionetan, Jesus bera artzen duen animak; gizonei, edo ekusten duten begi ariñei atsegin egiten dio era onetako komuniatzalleak.

        Begira egiozu zuk leneko zere ibillerari; ta begira etorkizunari; ta begira orretarako, aldarean Jesusek dadukan egoerari, ta soñekoari.

        3. Zer ote da, gure Jesus maitagarriak aldareko bere Sakramentuan egiten duen, ta guri eragin nai digun irurgarren gauza, ark guri orregatik emateko, animako lirio eder kastidadearen loreak eskatzen duen laguntza?— Bere begiak, bere bearriak, bere miia, ta bere gorputz guzia ongi-ongi gorderik idukitzea da Jesusek aldareko bere Sakramentuan egiten digun, ta guri erakusten digun, irurgarren gauza.

        Ez dezu ekusten zein gordeak daduzkan gure Jesusek bere gauza oriek guziak? Ez diozu ekusten zuk, ez; ez eta ekusiko ere bere gorputzeko gauzarik txikiena, orretarako gau ta egun zu beraren Sakramentu orretara begira-begira egonagatik.

        A, baña gu ezin gaudezke gisa orretan, egiñen baditugu guk, gure kontura dauden geren gauzak!— Ala da: baña badagikegu guk, gure Jesusek guri bere erakus-aldi onetan eskatzen diguna.

        Zer ote da, diozu, Jesusek guri bere egoera estali onekin eskatzen diguna?— Ez begiratzea guk, edo beintzat begira ez egotea gu, gogorazio txarrak, edo oroitzapen liznuak ekarri oi dituzten gauzetara; ta ara begiak itzultzen diranetan, lenbaitlen begi berak andik kentzea, ta denbora berean animaren begiak, edo buru-biotzak, Jaungoiko emalle onagana, beraren laguntza onaren ta zeruko graziaren eske igortzea, edo bidaltzea, oartukabeko, edo berariazko begiratze ariñetatik datozen oroitzapen lizunak bertan aienatzeko.

        Zer geiago eskatzen ote digu gure Jesusek guri, aldi onetako bere erakuste estali gordearekin?— Guk geren bearriak ongi zaitzea; adi ez ditzaten oriek soñu txar-galgarriak, kanta lizun-ariñak, aragi-kutsuzko itzak eta lausengak; lagun-urkoari ez dagozkan itzketak eta marmariak: eta, ezinbestez aditzen baditugu guk, era orretako zenbait ele ta gauza, ez-aditu guk egitea, ta bertatik, eta batere guk geren gogoan lekurik egin bage, guziak aienatzea.— Ori guzia guk egitera, ez dira zikinduko, ez, gure bearriak; ez eta gure animak ere, alde onetatik beintzat; edo gordeko ditugu guk geren bearriak Jesusen eran, ta gure Jesusek nai bezala.

        Geren miia, edo mingaña ere gorde bearko dugu guk, begi-bearriak bezala, ongi komuniatzen garala, guk geren komunione onetan gure Jesus maitagarriagandik erdisteko, animako birtute zuri garbiak, edo kastidadeak eskatzen duen laguntza ta grazia.

        Baña nola gordetzen ote da, Jesusek gordetzen duen eran, gure mii edo mingain au?— Isillik idukitzen dela, itz egin bear ez den denboretan; ta bein ere uzten etzaiola, ongi ez dirudien itzik egiten; ta, alik ongiena isilerazten duela, gaizki ta ez garbiro darausanarena.— Ori egiten duenaren miira, edo mingañera pozik doa, bai, beraren komunionean gure Jesus maitagarria; ta ematen diozka itz onak, bear den ordurako, edo laguntzen dio poz andiarekin Jesusek oriek erraten.

        4. Baña ez da aski, ez, au guzia, Jesus maitagarriak guri arrerazi nai digun garbitasunerako, edo liriozko birtute ederrerako. Au irabaziko duen komuniatzalleak gorde bearko ditu garbiro bere gorputza, ta bere buru guzia ere; edo ez dio eman bearko bere buruari zillegi ez diran atsegin txar-loietatik batere: ez du egin bear bein ere ongi ez dirudien ibillerarik, egoterik, edo ukitzerik; eta ez dio, munduan deni utzi bear, era orretako gauzarik egiten; ez eta egiteko bideratzen ere; ta orretarako iges egin bear du bere alegin guzian, gauz orietara litezkeen begietatik; bada san Gregoriok dionaz, begiratzez ere zikin diteke anima garbia: etiam aspectu violatur sancta virginitas.

        Au egiten dutenak, len erran ditugun beste gauzekin batean, gordetzen dituzte beren animen bost ate-leioak, edo kanpoko sentiduak. Eta barreneko beren leioekin berebat egiten dutela, badituzte lirio eder birtute garbi onen sei osto zuriak (ez ditu geiago liriorik andienak ere); eta idukiko dute atsegin andiarekin Jesus oriei begira.

        Zein ote dira barrengo gure leio oriek?— Oriek dira oroitzapena, adimentua, ta naibidea, edo borondatea.

        Al-baz ez dezu zuk oroitu bear aragi-kontuz, edo aragiaren lizunkerietarako diran gogorazioz.— Era onetako oroitzapenik ez datorkizun, edo, etortzen badira, guziak arras zuk eta lenbaitlen, aienatzeko, adimentuko begiz zuk, begiratuko, diezu zere Jaungoiko maitagarriaren edertasunari, zere bekatu lizunen itsustasunari, ta, zere bekatu berei darraizten sulezeko neke arrigarriei; zere neke-bekatuak begitan ziñez arturik, asi zaitezen zu naiez ta biotzez zere Jauna billatzen; ta, zere Jaun au zuk ziñez maitatzen dezula, erditsi dezazun zere komunioneetan, ta beste zenbait aldiz, garbi-garbiro bizitzeko bearko dezun Jesusen laguntza ta grazia.

        Au ez da, ez, gure gogo gaistoak, eta loiezko gorputzak nai dutena: baña au da, au, gure Jesus garbi-garbi-maitagarriak nai duena: au da, au, gure Jesusen pozezko lagunzak bere alde dituen gauza; ta, au, guri ongien-ongien dagokiguna, ta eternidade guzi-guzian gu, gure Jesus gurekin dugula, atsegin-kontentuz beterik iduki gaitzaken gauza.

        Eta ez naz ni, guziagatik ere, artara saiatako?— Bai, ta nere lan orretan guzian gure Jesusi atsegin egitea, beste ondasunik ezpanu ere: bada ori guzia, ta eun milla milloi bider geiago ta geiago ere zor diot nik nere Jesus maitagarriari, Aldarean berak erakusten didan bere ongi naiagatik, eta ezin kont-al adiña bere beste ontartegatik ere.

        Jesusek berak lagun dizadala, guzia zuzen, ta garbiro beti nik egiten. Bai arren bai!

 

 

B.

Arrosa gorri-ederraren erako birtutea,
ta gañerakoak irabazten,
laguntzen dio Jesusek
ongi komuniatzen den animari

 

        Anitz nai dio gure Jesusek, ekusi dugun bezala, liriozko birtutearekin, edo kastidade garbiarekin arkitzen den arimari; ta gure Jesusek oni anbat ez nai izatera, ez lizake biziko Jesus gogoz ta biotzez, bizi den eran, era orretako animen artean.

        Baña baldinbere birtute zuri eder orrekin batean, badu anima berak, arrosa gorri-ederraren idurikoa, edo karidadea deitzen zaion, gure Jaungoikoaren amoriozko birtutea, agitz eta agitz maiteago du Jesusek anima: birtute au da alabaña, birtute guzien erregiña bezala, ta gañerako birtute guziak berekin dakartzien birtutea. Eta orregatik Jesusek bere poz andiarekin laguntzen dio ongi komuniatzen den animari, amoriozko birtute gorri-eder au irabazten.

        Arrosazko birtute eder au, edo karidadea, da gure Jaungoiko maitagarriari guk ongi nai izatea, ta gure Jaungoiko bera biotzez guk zinki ta guztiz maitatzea; ta era orretan guk geren Jaungoiko bera maitatzea, zeren den, den bezalakoa; edo zeren den ezinobea, ezin-ongilleagoa, ezin-andiagoa, ezin-ederragoa, ezin-jakintsuagoa, ta (itz bian erran dezagun erran-al guzi-guzia), zeren den ezin-maitagarriagoa; ta guk geren Jaungoiko ezin maitagarriago au maitatzea, atsegin andi bat artzen dugula, zeren bere baitan, ta beretzat dituen gure Jaungoiko guztiz maitagarri onek, izan ditezkeen gauz on, ta ondasun guzi-guziak: eta maitatzea guk geren Jaungoiko onen maitagarri au, geren buruak ederki nekatzen ditugula, gure maitatze onek, edo gure Jaungoikoaren amoreak eragiten dituen nekezko lanekin.

        Izan ote dezu zuk oraindañokoan amoriozko birtute gorri eder au? Maitatu izandu ote dezu zuk zere Jaungoiko maitagarria, maitaera eder-garbi-zuzen onetaz? Egin izandu ote dituzu zuk orretarako diran, ta maitatze orretatik datozen birtutezko zere gauzak?

        Egin ezpadituzu, ez da izandu, ez, orretan zuri Jesusek ez lagundu naiez; bada guztiz prest arkitzen da beti gure Jesus maitagarria, ongi komuniatzen den animari, orretan laguntzeko, ta anima berak nai duela, lagunduko dio, nai ta atsegin andiarekin; nai du alabaña, ta atsegin andia du gure Jesus maitagarriak gu ekustean gure Jaungoikoaren gauza zuzen-ederretan.

        Zer gauz ote dira gure Jaungoikoaren maitatze ederrak eragin oi dituen, nekezko gure gauz oriek? Jaungoiko berari dagozkanak batzuek; eta gañerakoak lagun-urkoarenak. Ekus ditzagun bein Jaungoikoari dagozkanak.

        2. Gure Jaungoikoaren maitatze ederrak eskatzen dituen, ta gure Jaungoikoari dagozkan, gauzak dira, Jaungoiko beraren amoreari amorez erantzutea, ta Jaungoikoaren amore onek eskatzen dituen gauzak egitea.

        Zer gauza ote dira gure Jaungoikoaren amore onek eskatzen dituen gauz oriek?— Igandean igandekoak, astean astekoak, orduan ordukoak, eta aldian aldikoak.

        Guziak zuzen egiteko, baditu karidadeak birtute lagunak; eta birtute bakoitza, bere gauzetarako, bear bezalakoa. Lenbizikoa da fedea, edo siñistea.

        Egin nai badituzu zuk, zure karidadeak, edo zere Jaungoikoaren amoreak eskatzen dituen gauza guziak, gogoan erabilli bearko dezu zuk geienean, edo beintzat askotan ta maiz, zere Jaun ongille-maitari andia, zeruko argiarekin ekusteko zuk Jaun oni zor diozuna, ta zor diozunari eranzuteko egin bearko dezuna.— Zere Jaunaren zure gogoratze au, zure gogoratz oni darraikon zeruko argiz beste gauzak ekustea, siniste onaten, edo fedearen lanak dira: ta orregatik zeruko siñiste on au, edo siñisterako birtutea, edo fedea, da karidadearen aldetik bein ere, lurrean deño, kentzen ez den lenbiziko birtute-laguna.— Fede berak, edo zeruko siñiste onek agertzen du, bertze gauzen artean, karidadeak eskatzen dituen gauzak egiteko, bearko dugula guk geren Jaunaren laguntza, ta grazia; baña Jaunak berak emain dizkigula noiz ere-nai oriek, umilki guk, eta bear den eran eskatu ezkero.

        Ala gertatuko delako ustea, karidadearen bigarren birtute-lagun esperantzaren egitekoa da.

        Siñiste onen, ta ustearen ondoren datoz bertze egitego, ta nekezko lan, karidadeak eskatzen dituenak. Orietatik dira jai-oroko, ta igandeetako mezak, eta egun orietako gañerako gauz onak, aldian aldiazko konfesa-komekatzeak, eta etsaiaren tent-aldietan egin bear diran gauzak, aldi orietan bear ez den gauzarik ez egiteko.— Karidade berak eskatzen dituen nekezko gauzetatik dira goizetik arratseraño kontuz, ta debotki bizitzea; ta bizitzea geren asmo-gogorazio, ta gañerako geren gauza guziak, gure Jaungoiko maitagarriagana zuzentzen ditugula, ta gure Jaungoiko beraren legeak eskatzen dituen guzietatik bat ere uzten ez dugula.

        Au guzia, ta beste anitz gauza ere egin bearko ditu, bere Jaungoikoari diozkan zorrak aterako dituenak, edo bere Jaungoiko bera bear bezala, ta beste gauza guziak baño maiteago duenak.

        Eta ekusten dezu zenbat diran, edo guztiz andiak dirala, au egiteak berak eskatzen dituen nekeak; bada eskatzen ditu, besteen artean, anitz pazienzia, anitz ildura ta mortifikazione; anitz damu ta urriki, anitz otoitz eta debozione.— Oriek egiten ez dituenak, egiten ez ditu, bere Jaungoiko maitagarria ziñez ta bear bezala maitatzeko, egin bear dituen nekezko lanak: eta, egiten dituenak ere, egiten ditu, orretarako diran ta karidadearekin dabiltzan birtutez, ta graziarekin esku-oñak bezala diran lagunez baliatzen dela.

        Karidadeari, bada, ta karidadearen birtute lagun guziei beren anditzea, ta indar berriak ematera dator Jesus maitagarria aldareko bere Sakramentuan komuniatzen denagana.— Bai (dio Konzilio Trentokoak) bai, or arkitzen da nire Jaungoiko birtute guzien emallea: in Eucharistia ipse Sanctitatis auctor... est (sess. 13. cap. 3.); ta orrara dator onaratzen diran guziei anditze ta indar andiak eman naiez: ta artzen ezpadituzu zuk zu komuniatzen zaran aldietan, zu prestatu bagez izanen da; ta orregatik zuk zerorrek nai dezula.

        Ekusten dezu zein andia den gure erakeria! Gure Jesusek lagundu nai guri geren biotzak apaintzen bere karidade ederrez, ta birtute guzien soñekoz, ta guk ez nai gure Jesusen laguntza ta birtuteen apaintz!— Ez nai guk, ez; bada guk ori nai izatera, naiko genuke geren aldetik, orretarako eskatzen zaikun lana ta neke guzia; edo kontuz ta zuzen bizitzea, eme-emeki, ta bear den eran emengo kezkak, eta geren barreneko naigabe guziak eramatea; debotki, ongi, ta mugaz, edo garai onez guk geren gauzak egitea; ederki prestataturik, eta maiz, edo usu-usu gu komuniatzea; ta guk geren gauza bakoitza bere adiuntzan, bere orduan, ta zuzen-zuzen egitea.

        Baña ori da, osoro beintzat guk bein ere, edo anitz alditan nai izandu ez duguna: ta orregatik ez dugu guk bitarte orretan ziñez nai izandu arrosaren antzako, edo aintzurako birtute gorri-eder karidadea, edo gauza guzien gañetik guk geren Jaungoiko maitagarria maitatzea: birtute eder au alabaña neke-lan onen artean arkitzen da arros-gorria arantz artean bezala.

        Iraun bear ote du emendik atziña, oraindañoko nere erakeriak?— Ez baldinbere! Ez arren, nere Jesus maitagarria! Nik gaurdanik artu uste dut, oraindañokoan ez bezala, zure esku-laguntza ta grazia. Nik gaurdanik egin uste dut (dena dela), zuk nigandik nai dezuna: ta ori nik gaurdanik zuzen egitera, irabaziko ditut nik nere Jaungoiko maitagarria zinki ta bear den eran maitatzea, ta nere Jaungoikoaren maitatze oni dagokan birtute-salla. Baita geiago ta geiago ere. Ala gerta dedilla bai arren, bai!

        3. Baña zer ote da guk geren Jaungoikoa era onetan maitatze onekin, ta maitatze oni dagozkan birtuteekin batean, irabaz dezakeguna?

        Ori da guk elkar maitatzea, Jesusek gu maitatu ginduzen eran; ta ori da guk geren Jaungoikoa ziñez, ta bear den eran, maitatze orretatik guri datorkiguna.

        Beren Jaungoikoa ziñez ta bear bezala maite dutenak, maite dute, Jaungoiko beragatik, eta zeren ala nai duen gure Jaungoiko maitatuak, lagun urkoa ere, edo beste edozein, dena dela au, ta naiz dela maitatzalle beraren etsaia; bada gu geren etsaiak ere maitatzera beartuak gaude gure Jesus maitagarriaren Legez, ta manuz (hoc est praeceptum meum, ut diligatis invicem... Dilgite inimicos vestros); ta bere Jaungoikoa maite duenak, egiten ditu Jaungoiko beraren manu, lege, ta agintze guziak.

        Guk, Jesusek gu maitatu gaituen eran elkar maitatzeko, agertu bearko ditugu, bideak dakarren aldietan, elkarganako ongi naia ta amorea.

        Nola ote, zer bidez, edo zer eran?— Egiñaz guk elkarri begitarte on-garbiak: lagunduz guk elkarri bein beren animako gauzetan, ta gero lurrekoetan, orien bearrak edo premiak, ori gugandik, eskatzen duenean.

        Laguntzen zaio bati bere animako gauzetan, ater eraziz bere bide gaistotik au, an dabillenean, edo an sarturik arkitzen denean. Berari erakutsiz ark orduan jakin bear dituen gauzak; eta ari berari eragiten zaizkala, ark berak bere aleginean egin bearrak diran gauzak.— Eta lurreko gauzetan laguntzen zaio lagun urko berari, edo proximoari, ari emanaz, beraren gabeak edo premiak eskatzen duen gauza, edo gauzaren irabazbidea; emalle onak orregatik ekusi bearko balu ere zerbait uts, kezka, ta neke; baita esker gaistoak, eta furrustadak argandik artuko dituela, baleki ere.

        Bada ori guzia, ta anitz geiago egin izandu zuen gure Jesus maitagarriak gure amorioz, ta guri elkar onesten erakutsi naiez: eraman zituen alabaña gure Jesus maitagarriak, guk gerok dakigun adiña neke ta tormentu; ta eraman zituen bere neke tormentu guziak, guk dakigun bezain emeki; ta bere neke-tormentu guzien buruan eman izandu zuen gurutze batean iltzez josirik bere bizi guzia, gure guzien ta gañerako bere etsaien onerako.

        Era onetan elkar guk oneste onek neke andiak dakartzi. Ala da; baña andiagoak dira dakartzien irabaziak; bada dakartzi eternidade guziko atsegin-kontentuak, eta animaren birtute ta apaindura ederrak.

        Andiskoteak izanagatik, bada, gure elkar oneste edo maitatze onen nekeak, neke Jesusek arinduko dizkigunak dira, guk geren komunionetan Jesusi eskatu ezkero orretarako bear den laguntza ta grazia; bada badu gure Jaun maitagarriak orretarako, len adirazi ditugun gauzetarako duen esku berbera; baita guri lagundu nai andi bat ere.

        Zoazkio, bada, maiztxo; ta zoaz beti alik ongiena. Egizu zuk zere komunioneetan, aldi orietarako zuri adirazi zaitzuna: ta geldituko da zure anima lirioz, arrosez, ta lor-aldi guziz beterik arkitzen den baratze baten eran, birtutez ta birtutez apaindua, ta Jesusen nai ta amore guziez jabetua. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Infelix ego homo, quis me liberabit
de corpore mortis hujus?
(Interl. de dominio carnis, in qua mors)
gratia Dei per Jesum Christum
Dominum nostrum.

Rom. 7.

 

        Nornai arriturik uzteko aski den gauza da, aldi onetan guk san Pablogandik ikasten duguna! San Pablo gure Jaungoiko maitagarriaren apostolua zen. Graziaz beterik arkitzen zen gizona zen san Pablo. Gure Jaungoiko guztiz andi emalle onaren izena ta lege garbia bazter guzietan banatzen ari zen gizona zen san Pablo, ta orretarako Jesusek berak berezirikako gizon andia Irurgarrren zeruraño igan zen, ta an ango berriz ta jakiundez beterik gelditu zen gizona san Pablo; ta anitz gauz arrigarri bere Jaunaren izenean egiñikako, ta egunoro, edo bear zen aldi guzietan, egiten zituen gizona zen san Pablo; ta ala ere ara zer dion, bere barrengo neke ta aragiaren tentuez mintzo den batean: Gizonaren triste-urrikalgarria ni! Eta nik nere aragiaren aldetik dakusadana! Nork ni aterako nau nere aragi onen atzapar zikin-galgarrietatik, edo onen tentu, tirrikazio, ta naikunde lizunetatik? Nork, ezpada nere Jesus maitagarriak bere graziaren laguntza garbiarekin!

        Ekusten dezu, zein laguntzalle ona den gure Jesus maitagarria, aragiaren gogoera galdu, asmo lizun, ta lan loi-galgarriak gal-erazteko?— Ekusten dezu zein ederki laguntzen dion gure Jesus maitagarriak edozein animari, beretzat irabazten, lirio zuri ederraren aintzura duen birtute, gorputz-animen garbitzalle kastidadea?— Ekusten dezu zein ezer-ezak garan gu, guk irabazteko, norbaitek laguntzen ez digula era orretako birtute zuri kastidadea: bada ez gara gu orretarako anitz legoaz ere, san Pablo diñakoak; eta san Pablo zen, berak dionaz, birtute ori erdisteko ain ezer-eza, ta indarrik bagea?

        Zer da, bada, guk orain birtute beraren irabazte eder beragatik egin dezakeguna? Zer, baizik san Pablorena; edo iges egitea guk, san Pabloren eran, geren buruagandik Jesus onaren oñetara; komuniatu gu alik maizena, ta aldian-aldian baño umilkiago, ta agitz obeki; ta eskatu gero guk gure Jesus maitagarriari bere laguntza ta grazia.

        Eroegia ni, nik au ez egitera; ta eroegi, nere buruaren galgarri bururik bagekoa!

 

 

Qui habet mandata mea, et servat ea,
ille est qui diligit me.

Joan 24. 21.

 

        Zer dela deritzazu zuk gure animako arros eder, amoriozko birtutea, edo guk ziñez eta gauza guzien gañetik geren Jaungoikoa onestea, ta maitatzea? Zer? Gu, geren biotz-begiak negarrez urtuak daduzkagula gelditzea?— Ez, ez; bada ori guzia egiten dute beren senarra, beren umea, edo maite duten beste beren gauzaren bat galdu ondoan, batere Jauna maite ez dutenak ere.

        Zer bada?— Gure Jesusek diona, edo gure Jaunaren legeko gauzetan gu, batere uts egin bage, zuzen ibiltzea; edo guk geren Jaunari zor diogun agur, umillera, ta serbitzu guzia zuzen egitea.

        Nork daki zenbat otz-bero, kezka, ta naigabe-alkekizun, esker gaisto, ta neke gogor ekarri oi dituen gure legeko egiteko onek!— Guziak guk zuzen egitera, edo egiten baditugu, irabaziko ditugu geren Jaunaren maitatze ederrarekin batean, bertze anitz eta anitz birtute ere, ta geldituko da gure Jaunaren begietan ongi edertua gure anima.— Zorionekoak, orretarako bear den guzia zuzen egiten duten animak! Zorionekoak, era orretan birtutez apaindurik arkitzen diranak!

        Arkituko ote naz ni ere orien eran egunen batean?— Beldur naz ezetz, oraindañokoan baño kontuzago ez egitera nik nere legeko gauzak.— Baña ezin egin ditzaket nik nere gauza oriek ongi, kontuz, ta bear bezala, nik neronek nai dudala, ta nere Jesus maitagarriaren laguntzarekin batean?— Ori ezin uka diteke.

        Ongi da, bada: egin nai ditut nik guzi-guziak, nere Jesus maitagarriak nere lan onetan niri laguntzen didala.— Bai nere Jaungoiko maitea, bai: Besterik izain da, bai, datozen denboretan. Ez dut nik galduko, ez, oraindaño bezala onetako sasoia ta denbora. Nere neke guzia nai dut nik eraman, zu beti nik maite zaitudala, ta nere gauza guziak egin nai ditut nik zure lege garbi zuzenak eskatzen dituen eran. Ori da, bai, zuk orain nigandik nai dezuna; ta ori bera orain niri dagokidana. Indazu orain niri zuk zerorrek, orretarako bearko dudan zure laguntza ta grazia: bai arren, bai!

 

 

In hoc cognoscent omnes,
quia discipuli mei estis,
si dilectionem habueritis ad incicem.

Joan. 13. 35.

 

        Nai dezue zuek, dio gure Jesus maitagarriak; nai dezue, ezagu zaitzaten zuek, zuek ekusten zaituzten jendeak? Nai dezue zuek, ezagu dezaten ekusten zaituzten guziak, nereak zaraztela zuek, eta nere legekoak, eta nere ume, nik ongi maite ditudanak?

        Ez dezue, bada, zuek orretarako bear, elkar maitatzea baizik. Zuen elkar maitatzea ori ekusi ezkero, ekusten zaituzten guziak bertan errain dute, nereak zaraztela zuek, eta nere legekoak; bada, nere legekoena da, nik zuek maitatu zaituztedan bezala, ta era orretan zuek elkar maitatzea; edo elkar maitatzea zuek, batere begiratu bage batek besteari egin diozkatzuen txarkerietara, ta jasotzen ez dituzuela, zeren gain edo kontra aditu dituzuen itz dollor-arin gaizki erranak; eta, al dezuten ona, zeren bear-aldietan elkarri egiten diozuela; ori da alabaña, nik nere etsai gogorrekin ta mundu guziarekin len egin izandu nuena; ta oni, nik len egin izandua, jaio nintzanetik ni, nere etsaiak gurutze batean illik utzi ninduten artean.

        Ekusten dezue, ta aditzen, guri guzioi gure Jesus maitagarriak aldi onetan erraten, edo lanez ta itzez erakusten diguna?

        Ongi: ta norenak izan nai ote dezue zuek? Maite dituzue zuek, edo ongi nai diezue zuek, zeren Jaungoikoaren izenean, ta zeruko amore garbiz munduko guziei? Baita begitan arturik zaduzkaten zeren auzokoei ere? Txarkeri zenbait, eta bidegabe andiak egin izandu dizkitzutenei? Itz onik erraten ez dizuten zeren senideei, aurrideei, ta lagun-kideei? Ez dena asmatu dizuten, ta billatzen zenuzten ezkontza, irabazbidea, edo zerbait ondasun galerazi dizutenei; eta andik, edo emendik naigaberen bat edo beste eman izandu dizutenei ere?

        Ala izatera, Jesusen ume maite on karidadedunetatik zarazte zuek, eta beraren lege garbi-ederrekoak.

        Baña, ori zuek egin bearrean, zaputz gelditzen bazarazte, nai etzenuzten itz bat aditu orduko; esker gabez erantzuten badiozue zuek, gaizkiren bat egin izandu, edo asmatu zizutenei, etzarazte zuek, zeren Jesusen ume on maite orietatik, ez. Etzarazte zuek ez, Jesus beraren laguntzaz baliatzen dirala, birtute ederrak irabazten dituzten animetatik; eta etzarazte zuek, zeruko bidea zuzen daramaten karidadedun onetatik, ez.

        Utzazue bada zuek, orain badere, gaizki daramazutena; eta, zeruko bide zuzenez, egizue Jesusen ume onak egiten dutena, ta eska zaiozue zuek zeren Jesus maitagarriari lenago ez egiñaz, ta len egiñikako uts guzien barkamentua, ziñez erraten diozutela: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa