www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXIII.garren OTOITZ-GAIA

ZENBAT DEN JESUSEK ALDAREKO
SAKRAMENTUAN EMATEN DIGUNA;
NOLA EMATEN DIGUN; TA ZENBATETAN

 

 

A.

Anitz da Jesusek Aldareko
Sakramentuan ematen diguna

 

        1. Zer ematen ote digu guri gure Jesus maitagarriak Aldarako bere Sakramentuan?— Ez da erraz nik zuri au itzez adiraztea: ez eta, bestek zuri au, bear den eran agertuagatik, ongi beintzat, zuk ezagutzea ere.

        Ezagutu dezazun zuk au, al dezun eran; ta dagizun gero zuk gauz onen ezaguerak zuri eragin bear dizuna, adi zazu, itz bitan nik orain erantzun dezakedana.

        Ematen dizu zuri gure Jesusek Aldareko bere Sakramentuan, ta komunioneko bokaduan, gure Jaungoiko maitagarriak eman dezaken guzi-guzia. Aditzen dezu? Itzaren otsa bai; baña ez noski anitz-anitz geiago.

        Guri au nolerebait adirazi naiez, ematen digu Jaungoiko berak lege zarreko Barazkalera andi baten zerbait berri. Berri au ikasi ezkero, ikasiko, adituko, edo ezagutuko dezu zuk nolerebait, niri orain aditu didazun erantzutea.

        Asuero zeritzan Persiako Errege prestu-andi-aberats batek berezi zien barazkaltze baterako etor-eguna bere Inperioko Zaldun, ta Prinzipe guziei, bere eun ta ogeita zazpi probinzietako Nagusiei, edo Gobernariei, ta soldaduen artean arkitzen ziran kargudun, ta indartsu guziei.— Oriekin batean deitu zituen bere korteko andi ta txiki guziak; eta guzi-guziei egin zien, zazpi egunez iraundu zuen barazkari andi, zegokan bezalako, ta ordurañoko denboran, ta geroztik ere, parerik gabeko bat.

        Barazkariaren erakoak izandu ziran, barazkaltokia, ta barazkarirako maiak.— Barazkaltzean, nor bere tokian arkitzen zen maian; ta an arkitzen zen Errege bera ere bere Prinzipeen artean; ta arkitzen zen, nork-nai ekusi zezaken eran.

        Orra, mundu guzia arritu zuen Asuero erregeren barazkariak. Eta orra; alere, komunioko bokadu baten itzala baizik ez den gauza, ta barazkaria. Ezin au zuk siñetsi dezu?— Begira egiezu, bada, bein batari, ta gero besteari, ta ekusiko dezu zein aisa siñisten dezun zuk, orain zuk niri aditu didazun au: edo begira egiezu zuk orretarako lenbiziko aldian, barazkari bata ta bestea ematen dituzten Erregeei. Ekusi zazu gero, zer nai ote duten, edo zertarako ematen dituzten Errege oriek beren barazkariak. Ekusi zazu, oriek biak ekusi ondoan, nori ematen diezten Errege oriek batean barazkari berak? Eta ekusi zazu, zere laurgarren ekus aldian, zer gauzak diran, Errege orien barazkari batean ta bestean arkitzen diran gauzak.

        2. Asi zaitez zere lenbiziko ekustetik; eta ekusi zazu zer Errege diran barazkari andi orien Errege emalleak.

        Oriek ziran Persiako errege Asuero bata, ekusi dugun bezala; ta bestea gure Jesus maitagarria.

        Susan zeritzan korteko barazkaria eman zuen Persiako errege Asuerok; eta Komunioneko bere barazkari andi au ematen digu gure Jesus maitagarriak.

        Asuerok gure Jaungoikoak emanik zuen Persiako bere erresuma edo erreinua; ta erreinu, edo erresum au uztera beartua zegoen Asuero, eskutik lenago norbaitek kentzen ezpazion ere, iltzen zeneko: ta an ark, zedukan denboran ere, etzuen bere erresuman lurreko zati labur bat baizik.

        Baña gure Jesus maitagarria berez da Errege; ta Errege izan bearra, da, mundua mundu den artean, ta eternidade guzi-guzian; ta Jesusen erresumak artzen du, ez lurraren zatiren bat edo beste, baizik mundu guzi-guzia; baita zeru guzia ere: ta orregatik Jesus, Errege ezezik, lurreko errege guzien Errege da, ta denbora berean, zeruko erpiñetik asi, ta lurraren ondoraiño arkitzen diran guzien Errege. Ekusten dezu Komunioko barazkaria ematen duen Jesus erregeren aldean ezer-ez bat bezala dela, beste barazkariaren emalle Asuero; gizon utsa zen alabaña Errege Asuero; ta Jaungoiko-gizona da Jesus maitagarria.

        A nere Jesus maitagarria! ta ezagutu ote zaitut nik oraindañokoan zaran etako? Beldur naz ezetz! Nere begiak, nere esku-oñak, nere biotzak, eta adimentuak ezagu bazintzate gaurdanik badere bere Erregetako!— Egin balitzate beti zuzen zuk manatzen dituzun gauzak?

        3. Zertako egiñak, edo emanak ote dira, ekusi ditugun Errege bien barazkariak?

        Asuero erregek eman izandu zuen berea, Eskritura santak dionaz, agertu naiez zein andiak ziran aren ondasunak, eta zein arrigarriak, edozein gauzetarako, berak zituen ala ta eskua: Ut ostenderet divitias gloriae Regni sui, ac magitudinem, atque jactantiam potentiae suae (Esther 1. 4.)

        Eta zertako eman duela, deritzazu zuk gure Jesusek Komunioneko bere Barazkaria?— Guri agertzeagatik zein andia den Jesusek berak guri digun ongi naia ta amorea; bada amore onen alegiñak agertzeko da Aldareko Sakramentua. Trentoko Konzilioak dio, orain zuk aditzen dezuna: In quo (Eucharistiae Sacramento) divitias divini sui erga homines amoris velut effudit. (Trid. sess. 13.c. 2.)

        Izanik bada, den bezala, bazterrik bagekoa gure Jaunaren ala, eskua, ta amorea, ekusi zazu zein andia den Komunioko Jesusen barazkaria, ataria, edo bokadua: ta zein ezer-eza, oni ongi begiratu ezkero, errege Asuerorena.

        4. Nori emanak ote dira Asueroren ta Jesus maitagarriaren bi barazkariak? Edo zein ote ziran, Asueroren maiera ziran jendeak; eta zein Jesusen maiera bear dutenak?

        Asueroren maiera ziran, anitz beartsuren ta txikiren artean, zenbait Zaldun, Gobernari, ta Prinzipe: baña barazkari artako Prinzipe, Gobernari, Zaldun, ta andi-txiki guziak barazkaldu, ta laster ill ta usteldu bearrak ziran; ta ill ta usteldu bearrak, ill ondorako beren barazkaritik deus bat ateratzen etzutela.— Jesusek bere maiera deitzen dituenak dira, bataiatuak; zeruko graziarekin arkitzen diranak; emen bertan ere Jesusen senideak, eta zeruan gero Prinzipe izan bearrak; Filii Patris vestri: ta Komunioneko barazkaritik, arako irabazi andiak atera ditzaken Prinzipeak.— Eta orregatik Jesusen maiekoak dira, errege Asuerok bere maian izandu zituenak baño agitz, eta agitz andiagoak.

        Eta orra non itzal bat bezala den Asuero Erregeren barazkaria (izanik au den bezain andi-ederra), Jesusen Komunioko barazkariaren aldean, naiz begira dakiela bien Barazkariei emalleen aldetik, naiz beren barazkariarekin emalle biak billatzen zuten aren aldetik, eta naiz bietatik bakoitzak bere maira deitzen dituenen aldetik.

        Bai? Bada oraindik obeki au ageriko da, mai batean ta bestean arkitzen diran gauzetara begiratu ezkero.

        5. Zer ote ziran, errege Asuerok bere maira atererazi zituen gauzak?— Ez du Eskritura santak erraten, baizik platerak plateren ondo atera zituztela ango maietara; maiak arkitzen zirala janariz ta jakiz ederki beteak; ta, maietan zeudenei, ematen zietela urrezko kopetan ardorik onenetik.

        Baña, onena ere lurrekoa zen, Asueroren maieko ardoa; ta ango janaria, egaka dabiltzanetatik zen, lurreko gauzetatik zen, ta urekoetatik; eta guzia zen errea, egosia, edo zegokan bere saltsarekin maneatua. Eta sasoirik onenean ateratzen zuten gauza ere, guti bat an oztutzen utzi ezkero, sasoirik bage arkitzen zen gauza zen; ta gauza, naiz ar zedilla, ta naiz ez, andik laster galdu ta usteldu bearra.

        Eta nolakoak ote dira Komunioneko gauzak?— Ezinobeak (azal printzak ezpadira); ta bein ere galtzen ez diranak.

        Zer azal dira Komunioneko gauzen azal oriek?— Ogiaren ta ardoaren azalak, edo akzidenteak.

        Eta mamiak, edo azal oriek estaltzen dituzten Komunioneko gauzak?— Benik bein Jesusen gorputz ederra, ta gorputzak bere zañetan duen odol guzia; ta gero, zeren oriei ditxezkonak diran, Jesusen anima, Jesusen Jaungoikotasuna; ta nola Jaungoikotasun au bera den Aita eternoarena, ta Espiritu Santuarena, Jesusen gauzekin batean an arkitzen dira Aldareko Sakramentuan Aita, ta Espiritu Santua ere.— Ekusten dezu, zer gauzak? Ekusten dezu zer ematen digun Jesusek Aldareko bere Sakramentuan, ta Komunioneko bokadu laburrean? Badute zer ekusi Komunioneko bokadu onekin, Asuero erregeren maira atera ziran janari, ta edari guziak? Ez du Jesusek emen ematen bere bokadu batean, Jaungoiko guztiz altsu batek eman dezaken gauzarik andiena; ta, eman dezaken guzia? Ematen du alabaña bere gorputz-odol ederrekin batean, bere Anima, bere Jaungoikotasuna, ta Jaungoiko guzi-guzia; ta badakizu zuk, ezer-ez bat bezala dira Jaungoikoz osterontzeko gauzak; edo Jaungoikoaren aldean beste guziak; eta badakitzu zuk, orain aditu-ta badere, beste gauza guziak ere arkitzen dirala (ta beregan baño agitz ederkiago) Jaungoiko beraren baitan!

        Atozea; ta ez dira, ogi-ardoen idurian, edo aintzuran Jesusek guri ematen dizkigun bere gauza guziak, bein ere galtzen ez diran gauzak? Atozea; ta ez da oraingo Komunioneko Jesusen Gorputza, milla ta zazpieun urterako Komunione guzietan arkitu izandu den gauza; ta gauza beti osoa; beti bizia; ta beti, ta beti bizi-bearra?— Atozea; ta etzaio berebat gertatzen Jesusen odolari, ta Komunioneko edozein beste gauzari ere?

        Ekusten dezu orain, zenbat den ta nolakoa gure Jesusek Aldareko bere Sakramentuan ematen digun jan-edana, edo barazkaria.

        Bai, nere Jesus maitagarria, bai; ekusten dut nik au guzia; ta ez dakit nik nola arritzen ez naben ni onenbat ekusteak; eta, zuri onenbat lan andi eragin dizkitzun zure amoreak!— Onenbat ondasun niri zuk, nere Jesus maitagarria! Zureak bezain Gorputz-odol-Anima ederrak, ni bezain gauz itsusi-zikin galduari! Eta, oriekin batean zure Jaungoikotasun guzia, ta zure Aita, ta Espiritu Santua nere ezpañetara, nere eztarrira, ta nere biotz ondora, ni komuniatzen nazan aldioro!

        Eta alere, ez naz atsegin utsez orain lertzen ni? Ez naz ni emen bertan gelditzen zure amorez urtua, ta iltzeko eran? Ez dakit nik beraz, orduan niri gertatzen zaidana; edo ez dut orretara begiratzen nik, zorioneko aldi orietan? A nere zentzugabea, ta eskerrik ez duena!

 

 

B,

Aldareko bere Sakramentuan
Jesusek ematen digun guzia,
ematen digu amore andiarekin

 

        Zer eratan edo nola ematen ote digu Jesusek komunioneko bere barazkarian ematen digun guzia? Persiako errege Asuerok bezala?— Ez, baizik denak bezala, ta Jaungoikoaren eran.

        Errege Asuerok banarazi zuen bere Inperioko bazter guzietan, egin nai zuen gauzaren berria, adirazirik utzi dugun barazkaria eman zuenean.— Deierazi zituen bere probinzia guzietako Zaldunak, Gobernariak, Gizon andiak, eta Prinzipe guziak.— Prestarazi zituen, norinai begiak liluratzeko lekuraño, barazkal tokiak, kataderak, eta gañerako gauzak; era orretan, ta barazkarirako bear ziran gauzak biltzen, ta billatzen, egin zituzten erregeren pekoak eun ta laur-ogei egun: ta batzuen ibillerarekin, besteen kartekin, ta gañerakoen otsarekin iratzarrik zeduzkan Asuerok, eta guztiz erne, ta egitera zijoan lanari begira, bere Inperioko jende guziak.— Eta ori zen errege Asuerok nai zuena: bazter guziei adiraztea zein andia zen, zuen ondasuna; ta zein andia, zuen eskua; beldurturik guziak, eta ikara bezala utzi naiez, eragiteko gero guziei bere gogoak ematen ziona.

        Eta zer egiten ote du gure Jesus maitagarriak, Aldareko bere maia prestaratzen duenean? Ta zer Komunioneko bere barazkarira munduko guziak deitzen dituenean?— Zeer? Jaungoikoarena; ta amoriozko lan eder bat.

        Ematen digu guri gure Jaungoikoak, eman ala, ta ekusi dugun adiña, komuniatzen garan aldioro: baña ematen digu ori guzia, ezer-ez bat bezala, ta ogi apur baten eran.

        Anitz maite gaitu Jesus maitagarriak! Guri ongi naiez gelditurik dago gure Jesus Aldareko bere Sakramentuan.— Eman naiez dago guri, emen eman ala; ta, eman aldia arkitu ezkero, ematen digu guk artu dezakegun adiña; baño ematen digu, deusez baten eran, gosez iltzen dagoenari ezin eman lekikeon gauza dirudiela, edo, ogi-miki baten idurian, bere gorputza, bere odol guzia, bere Anima, ta bere Jaungoikotasun bazterrik bageko guzi-guzia.

        Mana zeritzan, intza bezalako, gauza zuri bat eman zien len Jaungoiko berak israeldarrei, israeldarrak ijitartetik Promisioko bazter onetara eraman zituen denboran.

        Goizoro intz edo man artatik biltzen zuenak, neurri txiki bat betetzeko diña, bazuen egun guzirako bere janaria. Ejipto galgarritik zerurako bidea daramagun denbor onetan ere ematen digu guri gure Jesusek geren sustentorako mana zati, edo neurri, israeldarrena baño agitz txikiagoa, edo bokadu txiki bat baño ere laburragoa; baña mana-zati, edo bokadu labur, bear den eran artzen duenari, emendik zeruraño, ta eternidade guzian ere askiko dituen indarrak ematen diozkana: qui maenducat hunc panem vivet in aeternum: ta alere ematen digu gure Jesusek bokadu ezin indartsuago au beren mana israeldarrei baño, agitz merkeago; bada israeldarrak, beren mana au jateko, jaiki bear zutan guztiz goiz, bildu bear zuten zetzan lekuan, eguzkia agertu orduko; zeetu bear zuten gero neke andiarekin, ta meneatu bear zuten bere eran, jatera baño len: baña gure Jesusek guri, gu komuniatzean, ematen digun Aldareko Sakramentuko mana au artzeko, ez dugu guk edozein orduz Aldarera urbiltzea, ta aoa zabaltzea besterik bear; eta ematen digu gure Jesusek guri au guzia, ezer-ez baten eran, ta bokadu guztiz txiki batera bildua.

        Orain ekusten dut nik, bai, nere Jesus maitagarria, zein andia den guk zuri zere emate guztiz andi, onenbat zuk txikitu onetan, zor dizugun amorea; bada Eskriturak dion gauza bat egiazkoa bada (den bezala), onek dionean gizon maitari bat, bere etxean duen guzia eman ondoan, deusez bat ematen duenaren eran gelditu oi dela (Cant. 87.); zein maitari egiñik gelditzen zara zu, gure Jesus maitagarria, zeru-lurrak, eta asma litezkeen ondasun guziak baño geiago ta geiago balio duen gauza bat komuniatzen denari zuk eman ondoan, deus bat eman ezpazenio bezala, ta zordun gelditzen den baten eran bezala gelditzen zaranean zu; ta gelditzen zaranean, berriz ta berriz ere artzalle berari beste anbeste, ta birtute gai guziak eman naiez?

        Bedeika dakiola, onenbaterañoko zure amoreari! Eta a! ezaguturik au nolerebait, egin baneza nik, zuk nere komunioneetako zere emate bazterrik bageko onekin eragin nai zenikedana!

        A, asi banendi ni, geiago luzatu gabe, zuk, nere Jesus emalle maitagarriak, nai dituzua, ta nik neronek egin bear ditudan gauza guziak zuzen egiten! Egin ditzaket, bada (ta aisa alere) komunioneko bokadu laburraren indar onarekin!

 

 

C

Aldareko Sakramentu au
Jesusek ematen diguna,
ematen digu asko lekutan
ta anitz aldiz

 

        1. Zein lekutan, ta zenbat aldiz ematen ote digu guri gure Jesusek komunioneko bere barazkari ondasunduna?— Anitz eta anitz lekutan; eta aldi anitz geiagotan.

        Bai: anitz lekutan ematen digu guri gure Jesus maitagarriak komunioneko bere barazkaria; anitz dira alabaña Españian, anitz dira Franzian, anitz dira Italian, anitz dira Polonian, anitz dira Alemanian, ta anitz-anitz gañera Europak dituen Erreinuetan arkitzen diran gure Legeko elizak.— Beste anbeste ez izan arren, anitz dira Amerika deritzan munduaren laur zatietatik andieneko elizak; eta ez dira orren guti, Asia, ta Afrika derizten Mundu beraren beste bi zatietakoak; eta eliz orietan guzietan ematen du Jesus maitagarriak komunioneko, adirazi dugun bere barazkaria.

        Eta, diran baño anitz eta anitz geiago badira munduko elizak; eta, eliza guziak batetan jendez betetzen balira ere, elizaratzen diran guziak izain lukee komunioneko beren barazkaria; ta, komuniatzen liranetatik, bakoitzak artuko luke, Asuero erregeren barazkari andian agertu zen guzia baño anitz eta anitz geiago; bada artuko luke Jesusen Gorputz guzia, Odola, ta Anima; baita Jesus beraren Jaungoikotasuna ere, Jesus beraren birtute ta ibazi guzi-guziekin.

        Bada, normal arritzekoa bazen, (zen bezala) errege Asuerok len batean zenbaiti eman izandu zien barazkaria; zer barazkari da onenbat lekutan, ta denbora batean nai duten guzi-guziei gure Jesus maitagarriak ematen dien komunioneko bere barazkaria; izanik, Jesusen barazkari onen bokadu bakoitza, Asueroren zazpi egunetako jan-edanak baño anitz, eta asko geiago balio duena, ta Jaungoikoak berak baizik, ongi beintzat, ezin ezagu dezakena?— Bai? Badezu, bada, oraindik geiago ta geiago ere zer ekusi nai badituzu Jesusen barazkari onen emanaldiak.

        Noiz ematen ote du gure Jesus maitagarriak Komunioneko bere barazkari ezin andiago au?

        2. Eun milla milloietan, ta anitz eta anitz geiagotan; bada milla ta zazpieun urte ta geiago dira, egunoro au ematen dagoela gere Jesus maitagarria: ta gutien-gutiena ematen duen egunean, ematen du, aspaldi dela beintzat, berreun milletan; anbat, eta geiago dira alabaña egunoro Meza eman oi dutenak; eta orietatik bakoitzak badu egunoro bere barazkaria edo Komunionea.

        Gañerako bataiatuetatik, geiago ta geiago dira egunoro batez beste komuniatzen diranak.

        Meza emalle, ta Komuniatu oi den bakoitzaren ordez komuniatzen balira ere egunoro milloika, ta milloika, orobat izain lizake: bada guzi-guzietatik bakoitzak izain luke Komunioneko bere barazkaria; ta azkenekoak izain luke lenbizikoak bezain barazkari osoa, ta ongi maneatua.

        Au berau egiñen du gure Jesus maitagarriak emendik aitziña, ta mundua bukatu arteko denbora guzian, edo azken kontuetako eguneraño; ta, egiñen du au guzia, batere bera nekatu gabe; ta egiñen du komuniatzen den bakoitzari emanagatik, aldian ark artu ala, aitu gabe, ta laburtzen ere etzaizkala bere graziaren, bere doaien, ta bere birtuteen ondasunak; eta egiñen du Jesusek au guzia guri ongi naiez, ta gure onagatik.

        Ekusten dezu zuk gure Jesus onarena! Ekusten dezu zuk zer den, ta zenbatekoa den, gure Jesus maitagarriari zuk eta nik, biok, zor diogun amorea?

        Gurekin arkitzen da gure Jesus, ta gau, ta egun, ta beti gure elizetan dago gure Jesus maitagarria; ta guri geren komunione onetan bere gauza guziak eman naiez dago gure Jesus maitagarria!

        Eta anbat, eta anbat, eta guk artu ala, guri geren komunione bakoitzean emanagatik bein ta berriz, ta berriz ere, gure Jesus maitagarria, berriz ta berriz ere guri eman naiez dago Jesus beste anbeste, ta anitz, eta anitz geiago!

        Au guzia nai du gure Jesusek guri ongi naiez, ta guri zorioneko bizitza bana emen eragiteagatik.— Atozea; ta au guzia ezezik, onen erdia ta laurdena ere aski ez da, ta sobera, gutatik edozeñi Jesusen amorearen suan gañez eragiteko?

        Bai gure Jesus maitagarria, bai, ongi guk au ezagutzera, ta astiz ta kontuz guk oni begiratzen bagenio! Baña guztiz eskergabeak izan gu! Zure gauzetarako zentzu gutirekin arkitzen garan jendeak izan gu! ta lurreko gauzetan geiegi sarturik arkitzen garanak!— A, guk begira bageneza gaurdanik badere Aldareko zere Sakramentuan zuri zor dizugun amore bazterbagekoari, ta Sakramentu beretik atera dezakegun zeruko ondasunari; onen atera-naiak, eta zure amoreari erantzun bearrak eraman gintzan gero gugandik zuk nai dezuna zuzen egiteral Ala gerta dedilla, nere Jaungoiko maitagarria; bai arren, bai!

 

 

In Eucharistia ipse sanctitatis Auctor est.

Trid. Sess. 13. cap. 3.

 

        Zer ote da Aldareko Sakramentuan gure begiak ekusten dutena? Zer?— Gure begiak or ekusten duten guzia da ogi mee, edo ostia zuri baten iduri edo aintzura bat.

        Eta zer ote da siñiste onak, edo fedeak or guri agertzen ta erakusten diguna?— Or guri fedeak, edo siñeste onak agertzen dizkigu, ekusteko diran gauzarik andienak; bada agertzen dizkigu, Jesusek dituen, gauza ekustekoak, edo Jesusen gizatasuna, ta Jesus beraren Jaungoikotasuna, ta tasun oriei dagozten gauza guziak.— Zein ederrak oriek! Zein ekuskariak! Eta zein andiak!

        Oriek guziak berekin dituela dator gugana gure Jesus, geren komunionean guk gure Jesus artzen dugunean. Eta guzia dakar gure onerako, ta guri geren gauz onetan bere esku indartsuarekin lagundu naiez.

        Au guzia dakar gure Jesus maitagarriak, niganatzen den aldi guzietan? Au guzia dadukat nik nere bularrean ta nere biotz ondoan, ni komuniatzen nazan aldioro? Eta alere atsegin utsez ez dira lertzen nere biotz au, nere erraiak, eta nere bular guzia?— Ezagun du ez dudala anitz begiratzen nik, aldi orietan nik nerekin dadukadanagana!

        San Juan Bautista amaren sabelean arkitzen zen oraindik, Jesus bera bere Amarekin sartu zenean aren aitaren etxean; ta alere, Jesus aren ondora zeneko, an bertan, bere atsegin-pozak ezin garaituz, asi zen saltoka S. Juan Bautista. Eta Santu beraren ama santa Isabel arriturik gelditu zen, Jesus bera bere Amarekin etxe berean sartu zeneko.

        Eta zu, ta ni, bekatari txarrok, Jesus bera idukiagatik guk geren barrenean komuniatzen garanetan, batera ta bestera begira gaude, ta norekin gauden ere begiratzen ez dugula!— Eskergabearen arrigarria! ta siñistearen otz illuna gure bekatari bion siñiste-eskerrak!

 

 

Vere tu es Deus absconditus,
Deus Israel Salvator.

Isai. 45. 15.

 

        Zu, bai, zu zarala gure Jesus maitagarria, ongi gorderik Aldareko Sakramentuan arkitzen zaran gure Jaungoikoa, ta israeldar guzien Salbatzallea!

        Gorde ziñan zu, bai, ta ongi alere, zere Amaren baitan, gizon egiñik gelditu ziñanean: baña zu jaio artekoa zen, orduko zure gordeera; ta ara zer denbora den, Sakramentu andi orretan zu gorderik arkitzen zarala!

        Lenbiziko zere ogeita amar urteetan etzenuen zuk, ez, nor ziñan anitz agertu izandu; baña orduan ere anitzek ekusten zinduzten zu, ta bazuten, zure bear bezalako berria zure Ama maiteak ta Ait-orde S. Josek; baita S. Juan Bautistak ere: baña nork ekusten zaitu zu or aldareko Sakramentuan?

        Azkeneko zere irur urteetan ekusi zenuen zuk, bai, zerorrek dakizun adiña bidegabe ta txarkeri; ekusi zenuen zuk, milla zere nekeren buruan zere burua arantzez urratua; ta ekusi zenuen zere buru bera lapur biren erdian iltzez josia, ta odolez ta blasfemiez zena betea; baña laster agertu zuten nor ziñan zu, zeruak eguerdiko bere illunarekin, arriak beren erdiratzearekin, lurrak bere dardarekin, ta illak berak beren bizitza berriarekin. Aldareko zere Sakramentuan zaude zu nor zaran zu ageri etzaitzula; ta era orretan or zaude zu, joan diran milla ta zazpieun urtez, ta geiagotan ere.

        Baña, zergatik au onela, gure Jesus maitagarria?— Gugana maiz etorri naiez, zere ondasunez gu, ta zere maitatzez bete-beteak uztera.

        Gorderik ezpazeunde zu or, ta bokadu bat eginik Aldareko zere Sakramentu orretan, ez giñake trebe gu, zu guk jateko, edo komunione batean artzeko; ta galduko genituke guk, zu or artzetik datozkigun laguntzak, graziak eta ondasunak; eta oriek guk gal ez ditzagun, edo oriek guri zuk eman naiez, or zaude zu, ezer-ez baten eran, ta guk zu, alkerik eta lotsarik bage, ar zaitzakegun eran.

        Zorionekoak zure berri au dutenak; eta, zuk nai adiñetan, zuri dagokizun beren animetako garbitasunarekin, ta umilki artzen zaituztenak; bada oriek dira artuko dutenak, onak izateko bear duten zure laguntza ta grazia: ta oriek berak, orrenbat ontarteren eskerrak emen eman ondoan, zerurako diranak, an esker obeak, eta obeki eternidade guzian zuri ematera.

        Ni ere arkitzen banintz gaur, ta beti orien artean! Arki naiteke ni, bai, ori nik neronek ziñez nai dudala?

 

 

Venite; comedite panem,
et bibite vinum, quod miscui vobis.

Prov. 9. 5.

 

        Komunione bakar bateko ondasunakgatik ere, pozik bear genuke guk munduaren bazterrik urrutieneraño: bada badira (ta anitz alere) gutiagoren billan aratzen diranak; balia gure Jesus maitagarriak kendu digu guri orrenbat neke ta bide; ta etorri zaiku, gu gerok bizi garan tokira. Eragin du or Eliza; prestarazi du or bere maia; ta atozte, dio, nere ogi-ardoak artzera; atozte nere gorputz-odol garbien komunionera; atozte bai; bada sartu naiez nago ni zuen biotzetaraño: Bete naiez nago ni zuen animak nere amorez, nere graziaz, nere laguntzaz, ta nere ondasunez!— Atoz bada, bein, ta berriz, ta maiz, eta maiz: aldian obeki artuko zaituztet nik; aldian geiago emain dizuet nik zuei, umilki bazatozte zuek, eta bear den eran: atozte bada, ta atozte: ez da, ez, nagiz, alkez, edo lotsaz zer gelditu.

        Aditzen dezu zuk zure Jesusek gaur zuri erraten dizuna? Usteko dezu zuk zure bearrez dagoela, zerbait egiteko gure Jesus maitagarria? Ez bada: ez du, ez, Jesusek besteren bearrik, nai duena noiznai ta bertan egiteko: ta norbaiten bear izatera gure Jesus maitagarria, milloika ditu Jesusek bere Aingeruak, berak nai duen edozein gauzetarako; ta keñu bat Jesusek oriei egin orduko, an dira guziak, Jesusek nai duen tokian; ta, aditu orduko, egiña dadukate Jesusek eragin nai diena.— Deitzen gaitu, bada, gure Jesus maitagarriak, geren onerako. Deitzen gaitu, guri ongi naiez eta gu ongi ondasundunak egiñak uzteko; ta birtutez birtute garabiltzala, bere zeruan gu sarrerazteko.

        Ongi: ta Komuniorako Jesusen dei bakar bat ain on andia bada, zer on, ta zer ontarte izain ote da onenbat Jesusen deitze ta deitze?— Nola nik erantzun, Jesusi diodan, onen zor andiari? Bizitz umil garbiarekin, ta zinki, ta maiz bera maitatzen dudala.

        Egiteko asmoan arkitzen ote naz ni gaur?

        Bai, nere ustez; ta lenago orretan asi gabeaz, ta asi bagez egin ditudan utsen damuarekin, erraten dudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa