www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXVI.garren OTOITZ-GAIA

GALBARIOKO MENDIAN
JESUSEN AMAK IZANDU ZITUEN
NEKE ARRIGARRIAK

 

 

A.

Bere seme Jesus gurutzean
josi ziotenetik au ill arteko
Amaren nekeak

 

        Ez da erraz adiraztea guk Jesusen Amak bere Semearen gurutze bazterrean beinik bein, ta gero bere bakartasunean, ekusi izandu zuen neke arrigarria; ez eta guk au jakitea ere; bada an guk ongi jakiteko, jakin bear genuke nor den Jesusen Ama, ta norañokoa den Jesusen Amaren animan arkitzen den grazia ta birtutea: ta au guzia dakienik, ongi beintzat, ez da arkitzen gaur, ez mundu guzian; ez eta arkituko ere mundua mundu den denboran.

        Guk dakigun guzia da, bai zuela, Jaungoikoaren Ama Birjiñak, Ama Birjin onelakoari zegokan birtute, grazia ta doaiera guzia: etzuela utsik egin bein ere bere bizitza guzian; ta egin izandu zuela, zuen graziarekin ta birtutearekin, zegiken guzi-guzia; ta maitatu zuela bere Seme Jesus maitagarria ezin geiagoraño, edo berak maitatu al guzi-guzian; ta, zeruko, ta lurreko guziak maitatzen zuten baño obeki, ta agitz ederkiago.

        Ongi da: ta egazti txarrak, otso gogorrak, eta mendiko gaistagiñenak ezin ekusi badute neketan sartua beren umeetatik bat ere; eta ori era orretan oriek ekustean egiten badute guk gerok dakigun adiña, bere nekepetik ori atera naiez, edo niork orri gaitzik egin ez dezon, gaitzen baten beldur diranean; ta ori guzia oriek egiten badute zeren ongi nai dien beren umeei, edo zeren zerbait maite dituzten beren umeak, ezin geiagoraño bere Seme on Jesus maitagarria maite zuen Ama Birjinak, zer naigabeak ekusiko zituen, zer kezkak, eta zer nekeak, gurutze baten ondotik irur orduz begira zegokala, egondu zen bezala, bere Seme Jesus gurutze berean iltzetzar andi-gogorrez josirik arkitzen zenari?

        Zein neke zorrotzak, zein utsak: zein miñak, denbor orretako Ama onen nekeak! Ezin zegiken alabaña, bere Seme Jesus maitagarri nekatuarekin, gañerako amak edo gurasoak, neketan dauden beren umeekin egin oi dutena.

        Edozein guraso, bere ume bat neketan ekusi orduko an da lasterka, ari laguntzera joana; ta bere umeari laguntzen diolako atsegiñarekin zerbait badere arintzen ditu bere naigabeak: baña Jesusen Amak, neke arrigarrietan ekusiagatik bere Seme maitagarria, ezin lagun zezakeon batere; ta bere Seme maite Jesusi ezin lagundu onek zorrozten ziozkan Ama Birjinari, anbat neketan Jesus ekusterik zetozkan, bere naigabe latzak eta gañerako kezkak.

        Ekusten zuen bere seme Jesus Ama Birjiñak anitz arantza buruan sartuak zeduzkala, ta oñazez lertzen: ekusten bere Seme Jesus bera, arantz orietatik bat ezin atera zezoken eran; bada ekusten zuen Jesus bera bi eskuak iltzez bortizki josiak zeduzkala; ta ekusten zuen bidenabar, etzuela berak eskurik batere, arantz zorrotz oriek Jesusi ateratzeko.— Ekusten zuen Ama Birjinak berak, bere buruko arantza zuloetatik Jesus maitagarriari zerion odolak betetzen ziozkala Jesusi bere bi begiak, eta aurpegi guzi-guzia; ta, bere odol ori Jesusi Amak kendu naiagatik, etzioten ango borreroak, eta Jesus zaitzen zeuden soldaduak Jesus ukitzen iutziko.— Ekusten zuen Jesusen Amak Jesus geien-geiena larrugorrian, ta otzez ikara; ta etzuen Jesusen Amak Jesus berotzeko biderik batere, ez eta estaltzekorik ere.

        Egarriz itotzen zegoen Jesus maitagarria; ta ala zegoen Jesusi, nola zegoen zekiela beraren Ama Birjinak, ezin eman zezoken edatera ur tantarik ere.— Urratua daduka Jesusek bere bizkar guzia, ta denbora berean oñazez betea daduka, ta odola dariola; ta alere ezin dagioke beraren Ama maitariak deusere, odola geldirazteko edo oñazeak arintzeko!— Gorpuz guzia daduka Jesusek, bere oñetan, ta eskutan sartuak daduzkan iltzeen gañean; ta Jesusen Amak ezin labur ditzake, bere egoera arrigarri orretatik Jesusek dituen neke izugarriak, ez besoetan Jesus artuz, ta ez beste bide batez ere!

        Ekusten da Jesusen Amak bere Seme Jesus maitagarria blasfemiaz, itza gaistoz, errate gogorrez, ta eun milla bidegabez dena betea; ta itz bat ezin atera dezake Jesusen alde, ta Jesusen etsaiak ixil-erazteko.— Ekusten du, aituz ta aituz doala Jesus, ta azkeneko bere asnaseetan sartzeko abian; ekusten du, salkiaz ezin jaso duela Jesusek bere burua; ta alere ezin eman diotzake Jesusen Amak bere eskuak, nola-ere-bait Jesusi burua idukitzeko.— Ekusten du azkenean Ama birjinak Jaungoikoaren ta bere Seme bakar Jesus bere gurutzean illik oritua; odolez ta karkaisez dena betea, ta bere bi saietsetatik daduzkan lapurren itxurakoa; ta ekusten du ez daudela alere aseak, Jesus artara duten etsai gogorrak.

        Eta onenbat bere ekuste gogorrek, onenbat txarkeri galduk, onenbat naigabe latzek, eta onenbat kezkak, zertara ote zuten Jesusen Ama maitagarria? Nola utzi ote zioten bere biotz minbere maitaria? ta nola bere barren guzia?— Edozein umetan aski lizake Jesusek zeraman neke arrigarriaren laurdena, aren amari bizia kentzeko: nola bada etzen illik gelditu ama guziak beren semeak baño milletan bere Seme Jesus maiteago zuen Ama Birjina, onenbat eta onenbat Jesusen neke ekusi ezkero?

        Ala Jaungoikoak naiez, edo milagroz; ez bestela!

 

 

B.

Jesus ill zenetik
gurutzetik kendu arteko
Ama Birjinaren nekeak

 

        1. Bukatu ote ziran, Jesusen eriotzarekin Jesusen Amaren nekeak?

        Zer bukatu? ordutik anditu ziran, nork daki zenbateraño! galdu zuen alabaña Jesusen Amak Jesusen eriotzarekin ezin-geiagoraño maite zuen bere Seme bakarra; ta era onetako galtzeak ez dira, ez, nekeak arintzeko; nekeak anditzeko ta anditzeko dira.— Eta Jesusen Amaren nekeen anditze onetarako aski ezpalira bezala Jesusen eriotza, ta eriotzerako gauzak, izandu zituen Jesusen Amak nekeen bertze anditzalle arrigarriak ere. Eta lendabizikoa soldadutzar baten eskutik arturikakoa.

        Etzen atera judatar gogorrak nai bezala, Pilatosi judatar berak eskatu ziotena. Pilatosi eskatu zioten judatar gogorrak, autserazi zitzala Jesusen zankoak edo berneak; lenbaitlen berak, eta alik gaizkiena Jesus illerazirik, lurpean sarturik uzteko.— Judatarren eskaera oni erantzun zion Pilatosek, egin zedilla judatar gogorrak nai zutena.— Baña etzuen Jesusen Aita eternoak nai oriek nai zutenik; eta etzen egin, judatar gogorrak eskatu zutena.— Jesusen bi aldeetatik zeuden lapurren zankoak autsi, ta lan bera Jesusekin egitera soldadutzarrak prestatu ziranean, ekusi zuten illik zegoela orduko Jesus maitagarria, ta etzela zertako egin lan ura Jesus maitagarriarekin; ta gelditu zen egiteko.

        Ekusirik, an zeuden soldaduetatik batek, lan artan zebiltzan gizonen geldiera, ta jakin naiez bezala ill ote zen, edo ez gure Jesus maitagarria, edo bere gogortasunak lan au ari eragiten ziola, sartu izandu zion lantza bat Jesusi bere biotzeraño, ta atera zion, an Jesusi gelditu zitzaion odol-xorta.— Lantz-aldi onek etzion miñik eman izandu Jesus maitagarriari, zeren ordurako illik arkitzen zen gure Jesus maitagarria; baña, erdiratua bezala utzi zuen Jesusen Amarena: zen alabaña Jesusi egiñikako txarkeria; ta Jesusi egiñikako txarkeriak, berari egiñak adiña neke ta pena, geiago ezpazen ere, ematen zioten Jesusen Ama maitariari.

        2. Neke berri au ere neke latza zen, lenen gain, Jesusen Amarentzat; baña etzen izandu, ez, Ostiral santu arratsalde artan azkenekoa.

        Bazekusan Jesusen Amak nola zegoen illik Jesus bere gurutzean; baña etzekien nola andik jaitsiko zioten, nolerebait prestatu ta obiratzeko; ta etzuen obirik ere, norbaitek urrikaldurik ez ematera. Soldaduak, Jesus bere gurutzetik kentzera, kenduko zuten an josi zuten bezain baldanki, ta begiratu bage; ta, au ekustera, zein zen Jesus ongi zekien Jesus beraren Ama maitagarriak, zer naigabeak, zer oñaze berriak artu bear etzituen? Gerta zitekelako beldurrak berak ongi naigabeturik idukiko zuen, bai, Jesusen Ama maitagarria.

        Zaude-zaude, Jesusen Ama; zaude beldurtu gabe: ez da gertatuko, ez, zu beldur zaran soldaduen baldankeria. Ez du soldaduk ukituko berriz, ez, ez-eta borrerok ere, gurutze orretan or ekusten dezun zure Seme Jesusen gorputza.— Oriekiko lan guziak bukatuak daude, gauden ordurako; ta errespetuz, ta, bear bezala, erabilliko dute Jesusen gorputza, ori ortik kendu ta obira eraman bear dutenak.— Orretarako baimenaren eske joana da, ta Pilatosi itz egiten dago Jose deritzan zaldun zuzen aberats bat.— Oni bere lan on onetan lagunduko dio, Nikodemus deritzan Jerusalengo gizonik andienetatik batek. Bata ta bestea dira Jesusen eskolakoak, eta beren lotsa ta beldur guziak aldebat utzirik, Jaungoiko-gizon Jesusen gorputzari lan on au lenbaitlen egin naiez daude.— Jesusen gorputza gurutzetik poliki kentzeko, ta gorputz berak bere obirako bearko dituen oial zuri, mirra garbi ta aroma guziak arturik datoz; ta bien artean egiñen dute beren egiteko au, Jaungoiko-gizonaren gorputzari dagokan bezain ongi ezpadere, gizonak dagikeen ongiena. Ez da bada zer naigabetu, Jesusen Ama maitagarria, ez arren, ez!

        A! baña ez egon gaur Jesusen Ama, naigabetu bage egoteko!— Dagoela Jesus bere gurutzean, edo ken dezatela, bere obira eramateko, guzia da Jesusen Amarentzat naigabe-gaia.— An badago Jesus, ekusten du an beraren Amak itxura ezin galduagoan; eta urratzen zaio bere biotza kezkaz ta urrikariz: ta bere begietatik kendu ezkero Jesusen gorputz bera, galdu da Jesusen Amarentzat, ezin maiteagoa duen Semearen gorputza; ta gelditzen da geroz Ama bera bakartasun guztiz arrigarrian!

        Zer egin diteke bada, Jesusen Ama maitagarria? judatar gogorrak eskatzen diote Pilatosi, ken dedilla bere gurutzetik Jesusen gorputz guztiz urratua. Ori bera da Pilatosek diona; eta ori bera da Aita eternoak ere nai duena; ta ori nai du Aita eternoak, etorkizun arkitzen diran gauzetarako.— Eta zer ote da, Jesusen Ama maitagarria, trantze onetan zuk zerorrek nai dezuna?

        Zer naiko du Jesusen Ama maitagarriak, Ait-eternoak nai duena baizik, an bertan oñazez ta naigabez itorik geldituko baliz ere!— Ez orrelakorik, ez: Aitak berak lagunduko dio bere Alaba, Jesusen Ama maitagarriari, lenak bezala, emeki eramaten lan berri onetatik etorriko zaizkan neke guziak ere.

        3. Jose onak, eta Nikodemusek (bearbada, edo agian, an zeuden S. Joan Ebanjelariak, Maria Madalenak eta gañerako onak laguntzen ziela) kentzen dute Jesusen gorputza bere gurutzetik.

        Baña nola ote, edo zer moduz, ta zer eran?— Orretara baño len lurrean belaunikatzen dirala noski; bere oñetan bein, gero bere bular urratuan, ta azkenik bere eskuetan apa ta muñ egiten diotela; ta denbora berean negar ederrak egiten dituztela.

        Jesusen esku-oñetako iltzeak iltzetzar lodi-luzeak ziran; ta ondoraño gurutzearen zurean sartuak zeuden iltzeak; eta orregatik ziran iltze martil-ukaldika ta korrikekin atera bearrak.— Eta alik emekiena beren lan au egiñagatik gizon on oriek, otsandiak egin bear zituzten, bere iltze-tzarrak Jesusi kentzean; ta ezin kenduko ziozkaten, Jesusen esku-oñei zerbait egiten etziela.

        Eta bitartean Jesusen Ama maitagarria!— Oñaze berriz ta kezkaz zena betea: minbere minberea zedukan alabaña Jesusen Amak bere biotza; ta ots oriek, eta Jesusen gorputz illari gizon oriek egiten ziozkaten ezinbestezko gauzak, berritzen ziozkaten borreroen otsetatik, eta berariazko min egiteetatik artuak zeduzkan oñazeak eta naigabe gogorrak.

        Baña guzia darama Jesusen Ama maitariak bere Seme Jesusek eraman zituen neke arrigarrien izenean, ta gure onerago: bada zor ezpadigu ere, ongai nai digu bekatari tristeoi Jesusen Ama maitagarriak; eta naiez, gu gal ez gaitezen, lenen gain artzen du Jesusen Amak neke berri au ere; ta artzen du ezin emekiago, ta gure amore andiarekin.

 

 

C

Jesusen gorputza gurutzetik kendu,
ta biztu arterañoko
Amaren neke-penak

 

        1. Nikodemusek eta Jose onak bere gurutzetik jaitsi zuteneko gure Jesusen gorputza, an arkituko zen orduko belaunikatua Jesus beraren Ama maitagarria.

        Artzen du lenbaitlen bere besoetan bere Seme Jesusen gorputz illa; ta erraten dio, biozez beintzat, ordu artarako Eskriturak dakarrena: Mirrazko zamatxo latza da neretzat nere Jesus maite-maitagarria; alere artuko dut nik, bai, ta nere nai osoarekin nere beso-bularren artean.

        Au ari erran bitartean, ta bere besoetan iduki zuen denbora guzian, begiratuko zion burutik oñetaraño bere Seme Jesusen gorputz illari: ta ekusi zuenean noraño sartuak zeduzkan bere buruko koroaren arantzak: eta ekusi zuenean Jesus beraren bularrean, ta esku-oñetan egin zutena, alde batetik soldadutzarraren lantza zorrotzak, eta bestetik borrero gogorren iltzetzarrak; eta ekusi zutenean gero nola zedukan Jesusen gorputzak bere bizkarra, nola bere aurpegia, nola ille guzia, ta nola gañerakoa, arriturik geldituko zen Jesusen Ama maitagarria; estutuko zuen Jesusen gorputz bera beregana al zuen indar guziarekin; ta, bere aurpegia Jesusen aurpegiari loturik, egoin zen, orain negarrez urtu bearra zirudiela, gero arritua bezala, ats edo asnase guzia galdurik; eta azkenean illaren eran.

        Eta ez ote zen illen ere, Nikodemus onak, eta Jose (negarrez urtuak noski oriek ere) bortxaz bezala, Ama penatuaren bes-artetik ez kentzera bere Seme maitagarriaren gorputza; ta lenbaitlen ungent-eder, ta aromaz beterik (erregeekin, ta gizon andien gorputzekin egin oi zen bezala), ta denbora berean ongi bildurik, artarako Josephek zekarren oial zurian, ez eramatera bere obira, an estalirik eta gilzaturik uztera, utzi zuten bezala?

        Oriek beren lan on au egin ondoan, nola gelditu ote zen Jesusen Ama? Zenbat naigaberekin?— Zenbat illuntasunekin? Zenbat damu, oñaze, ta kezkarekin? Gelditzen zen alabaña alargundurik, eta umerik bage; ta leoiak ere, izanik oriek diran bezain gogor-erreak, bazterrak orroz urratzen dituzte, beren umeak oriei norbaitek kentzen dieztenean!

        2. Ezinbestez kenduko zen Jesusen obi gañetik, edo obi bazterretik Jesusen Ama penatu maitagarria: ta kenduko zen, leneko arratsean Jesusek afaldu zuen etxe berean sarturik egoteko, illen artetik biztu, ta ager zekion artean bere Seme Jesus maitagarria.

        Zein luzeak Jesusen Amarentzat ordurañoko, edo andik asi ta igande goizerañoko orduak: Zenbat naigabez, ta kezka latzez beteak!— Menditik etxerakoan ekusiko zuen Birjin Am-andreak Pilatosenetik galbariorako bidea Jesusen odolez anitz lekutan ongi, edo agitz bustia; baita nola judatar gogorrak odol au, edozein gizonen odola bailiz bezala, oinpean zerabilten, ta listuz betetzen zuten ere: ta ekuste onekin berriro andituko ziran Birjin Am-andrearen nekeak.

        Bide berean, ta bideko atarietan adituko zituen Am-andre penatu berak judatarrak zerausten gauzak: urrikarizkoak batzuek, eta besteak gogor galduak: eta oriek ere izain ziran Ama beraren naigabe berrien gaiak: eta geienean gogoa ta biotza Jesusen obian zeduzkala; ta non dabillen ez dakienaren eran, sartuko zen Jesusen Ama leneko arratseko afaltegiko etxean.

        Etxeraño lagun egiñen zioten Jesusen ortzitzean arkitu ziranak; eta Nikodemusi, ta Jose onari esain zien, ura an utzi ta andik ataratzean, Dabidek Galaak-koei, Saul ortzitu zutenean, erran ziena; edo (2. Reg. 2. 5.) Jaungoikoak dizutela, zeren Erregearekin, edo Jesusen gorputz illarekin egin dezutenari dagokan guzia, ta bere bendizioa: ta ez naz ni, ez, azturik biziko zuen aldi onetako lan onaz, egunen batean ageriko den bezala.

        3. Oriekandik joan ondoan, geldituko zen Jesusen Ama, bere Seme berri San Joanekin, Madalenarekin, ta berari lagun egin zioten gañerakoekin.

        San Joan Ebanjelariak errain ziozkan Jesusen Amari, Amak berak ekusi etzituen gauzak; edo Jetsemaniko baratzean, andik Anasen etxerako bidean, ta Kaifasen etxean Jesusek egin, ekusi, ta eraman zituenak; baita bein ta berriz, ta anitz aldetara Pilatosenean egin ziozkaten bidegabeak ere; Herodesenekoak, eta beste zekizkienak utzi gabe; ta Jesusen Ama maitea, oriek eta berak zekizkienak gogoan zerabiltziela, egondu zen gau ta egun bere gelan sarturik, eta itsaso guziak gazitasun baño oñaze, illuntasun, ta naigabe geiago zedukala bere biotz guztiz minberean.

        San Joan Ebanjelariak, Santa Maria Madalenak, eta gañerakoak egiñen zuten al zutena, Jesusen Amaren penak zerbait arintzeagatik.— Baña anitz eta andiak ziran, ta guztiz arrigarriak, Birjin Amaren penak, eta guztizkoak ziran Ama birjinari bere biotzean, Seme maitearen, neke-penak egin ziozkaten zauriak, eta llagak; eta etzen, ez, orren aisa arin zitekena, oriek zekarren oñazea.

        Oñazez beterik, bada, Galbarioko mendian, oñazez beterik Jerusalengo kaleetan, ta oñazez, naigabez, ta penaz beterik egondu zen Jesusen Ama bere bakartasunean.— Eta Jesusen Amaren oñaze miñezko betetasun guziak izandu ziran gure bekatu zikin arrigarriakgatik.

        A bekatu madarikatuak: eta zorigaistoan agerturikako bekatuak, gure bekatu gaistoak! Zuek izandu zarate, zuek Jesus onaren ta Jesusen Ama maitagarriaren borrero gogorrak, eta nere buruaren galgarriak! Ez al zarazte sartuko berriz nere gogoan edo nere biotzean!

        Ez arren, ez, gure Jesusen Ama maitagarria, ez. Zuk oraingo egun latzetan ekusten dituzun neke gogor, ta naigabe izugarriakgatik eskatzen dizut onenbat ontarte. Zuk niri au ukatuko ez didazulako uste osoan gelditzen naz ni gaur. Ala gerta dedilla, Jesusen Ama maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Haec porta Domini, justi intrabunt in eam.

Ps 117. 19.

 

        Bekatarien Ama maitagarria; ta zer ote da, ta zenbat zuk gaur ekusten dezuna Jerusalengo Galbarioko mendi orretan!— Nekea da, dio; ta neke guztiz andia nik emen gaur ekusten dudana. Nekea da, bai; ta neke guztiz izugarria, neke guztia ikaragarria; ta neke nere biotz minbere onen erdiratzallea; baita emengo nere neke guzien artean arritzekoena den nekea da, emen, illik utzi ondoan, nere Seme Jesusi egin diotena!

        Zer egin diote, bada, zure Seme Jesusi, Jesusen Ama maitagarria?— Lantzatzar batez urratu bere bularra, ta zulatu biotza.— Zakurtzar amurratuak dirudite, lan onetan dabiltzan soldadu galduak edo borreroak; bada berak nai zuten guzia, bizirik zegonean, egiñ ta ere, ez dira beren egiñaz aspertzen; ta, illtzez josirik illa utzi ondoan, egiten diote nere Seme maiteari lan au bezain lan gogor, itsusi, zikiña!

        Egia diozu, Jesusen Ama maitea, bai; baña gure bekatuak izandu dira Jesusen borreroen eskuak irabilli dituzten langille gaistoak; eta ez dira gelditu oriek, ez, era orretan Jesusen biotza utzi artean!

        Guk egin genituen geren egiteko gaisto, edo pekatu oriek, anitz aldetara; bada egin genituen artuz, erabilliz, ukituz, edo geren eskuz; egin genituen ibilliz, sartuz, jostatze zikiñez, edo geren oñekin: egin genituen, arintasunes, ta begi galduz; ta egin genituen jan-edanetako animalkeriz, aragiaren atsegiñez, edo geren gorputz gaistoz; eta era orretako gure bekatu oriekgatik da, burutik oñetaraño, ta bere eskuetan Jesusek daraman aldi onetako neke guzia.

        Baña guk egin izandu ditugu, oriek guziak baño bekatu geiago ere! Guk leku egin izandu diegu (ta askotan alere) geren biotz loietan anitz asmo makurri, anitz gogoeta lizuni, ta naikunde gaistori! Eta gure bekatuera oriek ere eskatzen dute berena!

        Oriekgatik da, bada, Jesusen biotzak, eta Jesus beraren Amak gaur daramatena. Bekatu beren barkamenturako gerta dedilla Jesusen gaurko neke guzia; baita, Jesus nekatuari begira dagokala, beraren Ama maitagarriak izandu duen naigabe, oñaze, ta neke guzia ere; bai arren, bai!

 

 

In die illa erit fons patens...
in ablutionem peccatoris.

Zachar. 13. 1.

 

        Zer geiago ekusten dezu zuk gaur bekatarien Ama maitagarria, Galbarioko mendi nekezkoan?

        Ekusten dut, dio, nere Seme Jesus gurutze batean iltzez josia. Ekusten diozkat Jesusi iltzez urratuak bere bi eskuak; eta ekusten diozkat oñak ere iltzez lotuak eta josiak.

        Eta zer egiten dute zure biotzean, Ama Birjina, era orretako ekuste gogor oriek?— Urrikariz ta naigabez betetik urtzen iduki nere biotz bera; ta iduki bidenabar ni zer egin ez dakidala, nere Seme, era onetan dagoenaren, oñaze gogorrak arintzeko.— A! ni nerau antxe nere Seme maitearen gurutze berean josten nindutela badere, ken al baneza nik, dio Jesusen Amak, gurutze artatik nere Seme maitagarria! edo, an berarekin josten nindutela baliz ere, arin al banitza zerbait Jesusen oñaze-neke-arrigarriak; maite dut alabaña nik, ezin geiagoraño, nere Seme Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria, ta nereak bailira baño geiago naigabetzen naute ni nere Seme Jesusen nekeak!— Baña ez bata, ta ez bestea erditsi dezaket nik gaur; ta orain nik dagikedan guzia da, itsasoaren gazitasunak baño gazitasun, min, edo oñaze geiagorekin nere biotz au beterik, berari begira egotea!

        Damu dut, bai, Ama maitagarria, ekusi bearra nik gaur zu, zu gaur arkitzen zaran eran, ta orrenbat naigaberekin! Eta, ezaguturik nere oben-kulpak dirala era orretan Jesus dadukatenak, eta zu ere orren naigabetzen zaituzten neke-gaiak, oben kulpa berak nolerebait urratu naiez nago, edo garbitu naiez orien loi galduetatik nere anima.

        Zure Seme Jesus bere gurutze orretan, Zakarias profetak egungo egunerako agertu ziguna gure guzien iturri ederra da. Iturri orren ura, da Jesusi or bere esku oñetatik bere buruko zuloetatik, eta bere biotz guztiz maitaritik darion odol garbia. Ur orrekin nik nere anim-au garbitu ezkero, arinduko dira zerbait, Jesusen Ama maitagarria, zure naigabe arrigarriak: eta Jesusen neke andiak. Eta, ala gerta dedin, erditsi bear didazu zere Seme beragandik, nere garbitze on orretarako bear dudan laguntza ta grazia. Bai, arren, bekatarien Ama urrikaltia, bai!

 

 

Vere languores nostros ipse tulit,
et dolores nostros ipse portavit:
et nos putavimus eum quasi leprosum,
et percussum á Deo, et humiliatum.

Isai. 53. 4.

 

        Zer ote da, Jesusen Ama maitagarria, azkenik zuk Galbarioko mendi latz orretan ekusi izandu dezuna; ta andik jaitsi, ta gero zere bakartasunean gogoan darabiltzun gauza!— Nik, dio, begiz ta gogoz gaur ekusten dudana da, gurutze batean ezin gaizkiago judatar gogorrak ezarria nere Jesus maitagarria. Or ekusten dut nik nere Seme Jaungoiko-gizon ori, itxura ezin galduagoan; ta zauriz, usteltasunez, ta lepraz betea dirudiela; ta ekusten dut nik ori or, juez batek, gaistagin gaisto guziak zentzarazteagatik, ezin geiagoraño galdurik dadukan baten eran.

        Au nik gaur ekusten dudan eran ekusteak; eta nik au gogoan gau-egun erabilli dudan eran erabiltzeak ler-erazi lezake edozein amaren biotza, ta, bizirik banago ni, ez da, ez, izan gabez nik, bertan ni illik gelditzeko bear den diña naigabe, ta anitz eta asko geiago ere. Bizirik nago bada ni, onenbat ekuskari gogor ekusi ta ere: ta bizirik nago ni, ala naiez nere Seme Jaungoikoak eta beraren Aita eternoak.

        Egin dedilla, bada, Jaungoiko berak nai duena; ta lenbaitlen atera dedilla illen artetik, Aita beraren eskoietik egoteko dagoen nere Seme Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria. Artean ezin duke, ez, nere biotzak, kezka, naigabea, illuntasuna, ta oñaze arrigarria besterik!

        Baña Aita eternoa, zergatik au onela? Zergatik dago Jesus, izanik au, asma diteken gauzarik ederrena, onen itxura txarrean, ta onen ez-ekustekoa?— Eta zergatik egon bear du naigabez beterik, obenik ez duen, Jesusen Ama maitagarriak?

        Ez dakizu zuk zerorrek, bekatari txarra, zergatik diran Ama-Semen gauza arrigarri oriek? Ez dakizu zuk zerorrek nola bizitu zaran zu, oraindañoko zere denboran! Ez dakizu zuk zer den Aita eternoarentzat zure ibillera zikiña, ta ibiller orri zegokan sekulako nekea? Bada ori zuk baldin bazenekien, zertako da oraingo zure gald-egitea!— Artu zituen, bada, bere gain Jesus maitagarriak, gure bekatuei zegozten eritasunak, naigabeak, eta zor guziak; eta arren alde da orain Jesusek daramana.— Biotzez, ta amorez bat zen Jesusen Ama bere Seme Jesus maitagarriarekin; ta Seme berea orretan ekusi ezkero, ezin zegoken beraren Ama, ezin geiagoraño naigabetu bage.— Eta orra zu, bekatari txarra; orra zu azkenean, Ama-Semeen borrero arrigarria! Orra zu, orregatik, ez dakit, zertan gelditu bearra!

        Eta ez ote zara geldituko ere?— Zintzatzen ezpazara, edo ez ongi zu bizitzera, nai-ta-ez!— Eta ez ote zara zentzatuko zu, orain badere? Ez ote dezu damuz, ta urrikiz, ta guztiz umilki eskatuz erditsiko, oraindañoko zere erakerien barkamentua, ta ongi, ta zuzen gaurgero bizitzeko grazia? Bai baldinbere! Egizu bada zerbait bertatik orretarako; ta errazu itzez ta biotzez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa