www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXII.garren OTOITZ-GAIA

KOMUNIONEKO ONDASUN ANDIEN
IRABAZBIDEA

 

        Ekusi dugu, zergatik galtzen dituzten batzuek komunioneko ondasun guziak, eta besteak ondasun bereetatik zati andiak; eta orain ekusi bear dugu, oriek guk irabazteko, komuniatzera baño len egin bearko duguna; egin bagez guk, egin dezakeguna, gal ez ditzagun orrenbat balio duten gauzak.

 

 

A.

Komuniorako prestatzeak eskatzen duen
lenbiziko gauza da animaren garbitasuna

 

        Mana zeritzan zeruko janari bat denbora luzean bidaldu zien gauoro gure Jaungoiko maitagarriak israeldarrei. Israeldarren janari au zen, gañetik zetorren gauza ze-ze zuri bat; eta zen aldareko Sakramentuaren itzala, aintzura, edo imajina.

        Lurrera zetorren israeldarren janari au, baña ez, au artzeko lurra prestatu artean.

        Nola uste dezu, egiten zela Manaren lurreko prestazio au?— Zeruko intz garbi eder batekin. Intz onek lur guzia estali artean, etzetorren lurrera zeruko Mana: ta lurrera zetorrenean, etzuen lurrik ukitzen bein ere: guzia gelditzen zen intz gañean, ta garbi-garbia. (Num. 11. 9.)

        Zergatik ote?— Guri adirazteagatik guk egin bearra, ongi egiteko guk geren komunioneak; edo guri adirazteko nola prestatu bear dugun guk geren biotzen lur au, gure Jaunaren Mana eder, aldareko gure Sakramentua, guk artu uste dugunean.

        Zer ote da, orretarako guk egin bearko dugun lenbiziko gauza?— Graziaren intzez ongi-ongi guk geren animak estaltzea; edo bekaturik batere bage guk oriek idukitzea.

        Bai, dio san Pablok: ekus beza komuniatzeko dagoen edozeñek, nola dadukan ark bere anima. Begira beza bere biotzeko bazter ta zoko guzietara; edo ekus beza, bere eskuz, bere begiz, bere miiz, bere bearriz, gogoz, edo edozein beste bidez uts egin ote duen noizbait bere Jaunaren Legeko gauzetan, ta bere ekusaldietan arkitzen dituen utsketa guziak utz bitza bere konfesariaren oñetan: baña, larriak beintzat, ez sugeak bere izurria edo pozoia bezala.— Sugeak, egarriturik edatera doanean, uzten du ugaldean izurria, edo bere pozoia, san Epifaniok dionaz (haeresi 37.); baña uzten du, bere ur-aldia edan artean: ta, ongi komuniatuko denak, eta bere pasionen egarria, graziaren urez, ill nai duenak, utzi bear ditu gogoz ta biotzez beti-betiko bere uts, andiak beintzat, eta bere bekatuak: eta oriek ark ala ez uztera, artzen du, dio san Pablok, komunionean bere galgaia edo bere kondenagarria: Judicium sibi manducat, et bibit. 1. Cor. 11. 29.

        Bere galgai, edo kondenagarri au ez artzeko; ta orren ordez artzeko bere komunionean zerbait zeruko grazi ta ondasun eder, aski du bekatariak itzez, ta gogoz, konfesariaren oñetan bere bekatu larriak uztea.— Baña, artu nai badu anitz komunione oneko grazi, ta beste anitz ondasun, utzi bearko ditu, bere bekatu larriekin hatean, bere oben txikiak ere; eta, oriek baizik ez dituen anima garbiak, bere oben edo kulpa txiki-berak.

        Len ekusi dugun aldareko Sakramentuaren itzal, edo Mana ura zen, az-azia, edo azaren biia baño, gauza txikiago edo zeago bat, edo begien ninien erakoa: erat autem Mana, quasi semen coriandri (Graec.) quasi pupilla oculi. Num. 11. 7. Eta badakizu, edozein pitsek min ematen diola gure begiko niniari.— Bada, gure begiko niniak pitsa baño, begitan artuagoa daduka gure Jesus maitagarriak, den oben-kulparik txikiena ere. Eta, bere Jesus onagandik anitz nai duenak, ez du al-baz eraman bear, Jesusi begitan eman dezoken gauzarik txikiena ere, komunioneko maira urbiltzen den aldietan.

        Ojala, dio, Nierenberg deritzan gizon birtutetsuak: ojala, garbitzen balira komuniatzeko dauden gure animak, purgatorioko suan zeruan sartzeko daudenak garbitzen diran eran!

        Ekusten dezu? Ala garbitu izandu ote dezu zuk zure ori, zu komuniatzen ziñan aldi guzietan? Lenbiziko aldian komuniatzeko zu prestatu ziñan ordutik begitan artuak ote daduzkatzu zuk zere bekatu larri guziak? Ez ote diozu geroz zuk orietatik bati ere lekurik egin zere biotz txar loi orretan?— Andiak ezezik, bekatu txikiak ere utzi oi dituzu zuk gogoz, ta biotzez, komuniatzeko zu konfesatzen zaran aldietan? Ala bada, zorioneko Jesusen umea zu, ta, zere komunioneetatik ondasun andiak atera oi dituzun anima zu! Zabiltza beti zu gisa berean, ta zuk aterako dituzu zere komunioneetatik, zuk uste dezun baño ondasun andiagoak.

        A! baña ni ez izan era orretan komuniatzen diran anima prestatu garbi-garbietatik! Nik, nere komunione batetik komunione bestera, egin oi, leneko nere utsak baño uts itsusiagoak ere; eta, askotan beintzat, leneko nere utsak baño ere, uts andiagoak, baita batzuetan larrietatik ere!

        Nolakoak izandu ote dira, bada, nere Jesus guztiz maitagarria, oraindañoko nere komunioneak? Artu izandu ote dut nik nere komunione orietan zure ondasun orietatik zerbait bada ere?— Ez, anitz beintzat, nere bizierak gaur dionaz! Bada, nik orduan orietatik anitz artzera, ez zuen ain aisa galduko, ez, ta ez nintzan itzuliko ni, ez, itzuli nazan bezain laster ta fite, nere leneko utsetara!

        Barkatu bear didazu zuk nere Jesus maitagarria, oraindañoko nere ibillera txar au, ta komuniatze bear ez bezalakoa. Besterik izain da, bai, emendik aitziñakoan, zuk zerorrek orretan niri laguntzen didazula. Nik gaurgero billatuko dut, bai, zugana ni urbiltzen nazan aldietarako, al dudan garbierarik andien-andiena.

        Ongi egiñen dezu orretan zuk, bai; bada orain Jesus maitagarriak nai duena da, len beti nai izandu zuena; ta len beti bere gauza guziak nai izandu zituen zuri-garbiak.

        Aingeru, ta Serafin guziak baño agiz garbiagoa zen, gure Jesusek beretzat billatu zuen Ama Birjina. Jesusen Apostolu guzien artean garbiena san Juan Ebanjelarla zen; ta guzien artean oni agertu ziozkan gure Jesus maitagarriak bere ongi nairik andienak.

        Ezkabitsuak, eta bekatariak garbitzen zituen gure Jesusek oriek bere aldean, edo beregana artzeko; ta garbitu nai izandu etzuten fariseo-tzarrari ta zuen erakoei gogor beti begiratu izandu zien gure Jesus maitagarriak.— Bere bizitzan ezezik, bera ill ondoan ere gure Jesus maitagarriak nai izaudu zituen oial zuri erosiberriak, eta obi garbi, gorputz illek ukitu bagekoa.

        Ekusi zazu, bada, naiko duen, edo ez, gure Jesus maitagarriak, bere gorputz-animak ongi garbiak idukitzea edozein komuniatzallek, komunionean beraren barrenera datorreneko Jesus maitagarria.— Baña zer izan oi da zuk egin oi dezuna, garbi-garbian zu, ta zure Jesusek nai duen eran ta ongi komuniatzeko, ta zuk zere komunionetik ondasun andiak ateratzeko? Ez dakizu noski zuk zer egin ere. Nik orain adiraziko dizut gauz au zuri.

 

 

B.

Komuniorako prestatzeak
eskatzen duen bigarren gauza da
gure Jaungoikoaren beldur andi bat

 

        Oar zaitez ongi zu, dio san Bernardok (serm. 1. de Nativ.), eta begira zazu, komuniorako zu prestatzen zaran aldietan, zer janari ote den orduan zu artzera zoazen janaria: bada, zuk ori ongi ezagutu ezkero, gertatuko zaitzu zuri, len Patriarka Jakobi gertaturikako gauza bat, eta geldituko zara orduan zu, bere aldian ura bezain beldurtua.

        Bere aitak agindurikako gauza bat egitera zijoala, etzin zen Jakob Patriarka, gauak artu zuen leku edo toki ageri batean.— An lo zetzala Jakob au, ekusi zuen onek berak lurretik zerurañoko eskalera luze bat. Ekusi zuen, eskaler onetan jatsi-igan zebiltzala gure Jaungoikoaren Aingeruak; eta eskal-buru berean ekusi zuen bere Aingeruen, ta gure guzien Jaungoiko maitagarria: eta aditu zuen, nola Jaungoiko berak berari erraten zion beste gauzen artean: Ni naz, ni, ongi bizitu ziran Abran ta Isak, zure atzinekoen, Jauna ta Jabea. Nik emain dizkizut zuri onenbat, ta anbat gauza. Nik lagunduko dizut zuri zere bidean, ta nik ekarriko zaitut zu sasoi onean, ta zere osasunarekin, zere bazterrera edo tokira.

        Au guzia, ta era bereko beste gauzak aditu ondoan esnatzen da, edo iratzarten da Jakob; ta, ai! dio, ona, ona gure Jaungoikoaren tokia: ta ez nintzan ni artara batere oartzen! eta zen guzia guztiz ikaraturik: arrigarria da, dio, leku au! Emen ez da, gure Jaungoikoaren etxea, ta zeruko atea edo sarbidea beste gauzarik batere! Orra Jakobi aldi edo arrast artan gertaturikakoa. Gens. 28. á v. 11.

        Aita eternoak berezi dizu zuri gure Jesusen legeko bide garbia, zerura zu zuzen igateko. Zere bidean zu zabiltzan denboran, zure atseden ordua etorri orduko, edo zure komunioneko denbora urbiltzen denean, aldebat utzirik zuk lurreko zere gauzak, begira egiozu, bere Aingeruz Aldare berean ingurutik arkitzen den Jesus maitagarriari; ta, ara baño len adi zazu zuk, zure Jaungoiko maitagarriak adirazi nai dizuna. Zer ote?— Or Sakramentu orretan, or arkitzen dela gure amorez gizon egin zen Jesus maitagarria. Ori bera dela ogeita amairur urtez zugatik, nork daki zenbat, egin ta eraman izandu zuen gure Jaungoiko-gizona. Ori bera dela, bere Pasione santako neke-tormentu izugarrien artean, zuen odola, ta bizia, zure onerako eman izanda zuen Aita eternoaren Seme maitagarria. Eta ori bera milla, zazpieun, ta anbat urtetan aldarera datorren Jesus maitagarria.

        Zertara datorkigula, zuk uste dezu?— Zure animako janari on indartsu izatera. Zure anima bera zeruko, ondasunez betetzera. Zuri zere lan on guzietan bere eskua ematera; ta zu berekin zerura eraman, ta eternidade guzian atsegin-kontentuz beterik an idukitzera.

        Zuk au zere Jaungoikoari aditzera, edo zuk au elizaratzen zaran aldietan, astiz ta kontuz ekusten bazenu, komuniatzeko asmoa artzen dezunetik, ez ote ziñake zu ongi ta galanki beldurtuko? Joain ote ziñake zu gero komuniatzera, joan oi zaran adiña ausardirekin? Eta egoin ote ziñake zu komuniatu ondoan, egoten zaran bezain otz, epel, edo aisolakabe?— Ez dut uste. Ez eta zerorrek ere. Ezagutzen dezu, bai, zuk ere, zuk ori guzia zere gogoan ongi sartzera, ikara geldituko ziñakela zu, ta ezin urbilduz bezala, anbat zor diozun, ta ain bazter bagekoa den, Sakramentu orretako zere Jaungoiko maitagarri altsua zuk zere baitan or artzera. Eta, urbiltzekotan ere, urbilduko ziñake zu, nola zauden ekusteko, lenago zuk zere buruari ongi-ongi begiraturik, eta animako uts eta pits guziak lenago kentzen zenituela.

        Era onetan nai du gure Jesus maitagarriak goazkion gu komunioneko maira; ta artu bear dugu guk, gu ara baño len, orretarako bear den astia ta tokia.— Au guzia guztiz ederki adirazten digu guri gure Jaungoiko maitagarriak bere Lege zarreko gauza batekin.

        Israeldar bat eskontzen zenean bere erriz ta bazterrez kanpoko emakumearekin, artu bear zuen ill-bete bat emazteki onek, artara bera prestatzeko. Kendu bear zituen bere buruko illea edo billoa, ta bete azkazal guziak, baita leneko bere soñekoak ere; eta soñeko berriarekin egon bear zuen doluz, ta negarrez bere gurasoen gain denbor onetan guzian: ta, ori guzia ark egin artean, etzen urbiltzen bere senar israeldarragana.

        Atozea, bat eginik gelditu nai dezu zuk zere Jesus maitagarriarekin, zere komunionean zuk au artzen dezun aldietan?

        Ongi: baña nongoa ote zara zu, edo zer eran arkitzen zaran anima? Zu ez zara, beren bekatu zikiñekin gure Jesus len ill izandu zutenetatik bat? Azi ote dira zure buruko illeak, edo zure gogoeta arro arin loi-galgarriak? Azi ote dira zure pasioneen azkazalak, edo zure utsak eta zure bekatuak?— Zartu ote da zure soñekoa, edo galdu ote dezu zuk zere Jaungoikoaren grazia, edo gauz-onetarako zere naia ta gogoa?

        Badezu beraz zuk ongi zer egin, komuniatzera zu urbildu baño len.— Zer ote?— Zere soñeko zarrak utzi, ta graziaz ta debozione zuri zeruko loredunez zuk zere anima ederki jaunztea; zere buruko ille gaistoak, edo zuzen ez dabiltzan zure oroitzapen ta gogorazio guziak, ebakitzea; baita zere pasioneen azkazal guziak, edo orietatik datozen bekatuak ere; eta, zu konfesatu baño len astiz, ta galanki zuk negar egitea zere bizitza gaistoaren, ta zure Aita maitagarri Jesusi zuk emanikako atsekabeen gain.

        Orra gure Jaungoikoaren Lege zarreko gauzak zuri adirazten dizutena: ta orra, zuk kontuz egitera, ongi zu beldurtuko zaituzten gauzak. Bada zuk ala oriek egitera, gogorako zaitzu askotan zuri, zure Jesus maitagarria zutaz ez urrikaltzera, galdua ziñala zu zere bekatuakgatik eternidade guzirako: gogorako zaitzu zuri denbora berean zere bekatuen itsustasuna; ta geldituko zara zu alkez ta lotsaz ongi betea: gogorako zaitzu zuri zere etsai amurratuen indar arrigarria, zure pasioneen sua ta kea, ta gaitzerako zure zerorren makurrera: eta au guzia zuri gogoratzean, gogorako zaitzu zere Jaunari zuk zere bekatuekin eman izandu diozun aser-bidea ta orrenbat orrelako gogoratzeko beldurtuko du, bai, zure biotza: ta zere beldur onek, eta zuk zere Jaunagandik arturikako ondasunei gazki erantzun diezulako damuak, eragiñen dizu zuri kontuzko zere konfesionea, ta anitz-anitz lagunduko dizu zere anima garbi-ez ori ongi garbitzen.

        Zorionekoa zu, era orretan beldurturik bada ere, uzten badituzu zuk, zere Jesus Sakramentatua artzera urbildu baño len, zere leneko soñeko zatarrak, azkazal billo zikiñak, edo zere oben kulpa andi ta txiki guziak; bada orduan zuk zere komunioneko maian artuko dituzu zere Jesus onagandik zeruko anitz ondasun ta doai-era.

 

 

C.

Komunioneko prestatzeak
eskatzen duen irugarren gauza:
batek bere burua eskuratzea

 

        1. Bere burua batek bere eskuratzea, zeruko bere bidean zuzen ibiltzea da; ta era orretan or ibiltzea da, gure Jaungoikoari beti atsegin egitea, begi ariñak bilduz, mii itz-ontzia isil-eraziz, sartu-atera galgarriak utziz, lagun gaistoetatik iges egiñez, ta gorputz atsegin-zale nagiari ukatuz nai lituken zenbait gauza; ta eragiten zaizkala, nai ez litukeen barurak, bearrak, eta beste nekeak.

        Oriek arantzak dira, ta arantz, gure aragiaren gogoeta gaistoari miñ anitz ematen diotenak; baña arantz zorrotz orien artean arkitzen dira, gure Jesus maitagarriak ongi nai dien lirio zuriak, edo anima garbiak. Sicut lilium inter spinas, sic amica mea inter filias. Cant. 2. 2.

        Au ez da, ez, gaur arratsean zuk komuniatzeko asmoa artu, ta bigar komuniatzera joatea; lenagotik asi, ta kontuz egiten den lana da, gauz au guzia zuk egitea!

        Ala au egitea gure Jaungoikoak guri erakutsi naiez eragin oi zuen len gauz oni dagokan beste gauz eder bat.

        Lege zarrean ere baziran, orain bezala, gure Jaungoikoaren Bazkoak. Orduko Bazko orietarik batean bazuten israeldarrak, oraingo gure komunionearen aintzura zuen jate bat. Bildots-jatea zen israeldarren orduko jatea.

        Bazkoz jaten zuten beren bildots au, eraman bear zuten israeldarrak berak, bost egunez lenagotik, beren etxeetara.— Badakizu zertarako?— Beinik bein ongi prestaturik, eta bear bezala, jan zezaten ura israeldarrak; eta guri gero gure Jaungoiko maitagarriak adirazteko, Nazianzoko san Gregoriok dion gauza bat.

        Zer gauza dela au, zuk este dezu?— Ez dugula guk komuniatu bear, geren animaren bost leloak ongi garbitu artean.— Zer leio ote dira gure animaren leio oriek!— Oriek dira: bere begiak batek, bere bearriak, bere sudur aoak, eta atsegin txarren bat ar dezaken gorputz guziaren edozein zati; bada, or dira gure ekusteak, or dira gure aditzeak, gure usai-egiteak, gure jan-edan itzak, eta ukitzeak; eta or, leio orietan arkitzen dira, edo leio orietatik datoz gure bekatuak: ut sensus expurget, á quibus peccatum oritur, et circa quos bellium commititur. Orat. 42. n. 27.

        Nola garbitzen dira gure leio oriek?— Damuzko gure konfesioaren ur ederrarekin ta gure animaren zikin-bideetatik aldatuz guk oriek, edo bear den garaiez kenduz.

        Ori guzia zuk egiñik, komuniatu izandu ote zara beti zu?— Ezetz dio, zu komuniatu ondoko zure bizierak.

        Ekusi zazu, bada, nola urratzen diran lenagoko zure utsak, eta bekatu guziak; eta ezaguturik urratzen dirala oriek konfesione jeneral batean, edo bekatu guzien zure konfesionean, asi zaitez artara prestatzen, ongi komuniatzen gero asteko zu.

        2. Era onetan guk geren animak prestatze au, komunione onerako, adirazi zigun gure Jaungoiko maitagarriak, bildotsaren Bazkoz eragiten zituen beste zenbait gauzarekin ere.

        Etzen zillegi Bazko onen atzeko zazpi egunetan, legamia edo orantza zuen ogirik jatea.— Egun orien buruan, beren bildotsa jatera baño len, lotu bear zuten israeldar jaleak beren gerria ta soñekoa, bideren bat artzeko abian bazeuden bezala. Artu bear zituzten beren oñetakoak; baita beren makilla edo eskuko bakulua ere; ta era artan, ta zutik zeudela, jan bear zuten israeldarrak beren bildotsa; ta jan bear zuten au, ez gordiña, edo egosia, baizik ongi errea; ta jan bear zuten, orantzik edo legamirik etzuen ogiarekin, ta letxuga miñekin. Orra, orduko bildotsa jateko, Jaungoikoak israeldarrei eskatzen ziena. Exod. 12.

        Eta nola nai ote du gure Jaungoikoak, guk jan dezagun, edo guk gure komunioneetan ar dezagun, geren bildots eder, bekatuen kentzalle Jesus maitagarria?— Israeldarron orduko bildots jateak adirazten digun eran.

        Zer adirazten digu orantzik bageko ogia zazpi egunez jate onek?— Geren bekatuen damuz, ta ziñezko urrikiz ongi guk geren biotzak asetzen ditugula komunionera urbiltzea.

        Zer adirazten ote digute israeldarren oñetakoak?— Animako grazia, ta gure Jaungoiko maitagarriak nai duen bidez ibiltzeko asmoa.

        Zer oriek berak beren gerriak, edo gerrintziak lotzeak?— Baruz, ilduraz, nekez, ta jan-edana laburtuz guk geren gorputzei, beren aztura gaistoak kentzea.

        Zer oriek beren soñekoak, biderako eran, ezartzeak?— Loiezko bide galgarri, edo okasione, ta lagun txar, ta toki zikinetatik guk iges egitea.

        Eta zer adirazten ote zuten bildots beraren erretzeak, eta israeldarren eskuko bakuluak, edo artzai-makillak?— Ongi komuniatu nai duenak begiratu bear diela lenik, eta astiz alere, Jesusen neke-tormentu guziei, baita beraren gurutzeko odol isurtzeari, ta eriotzari ere.

        Orra, bada, nola prestatu bear duten beren komunionerako, beren komunionetik ondasun andiak atera nai dituzten animak. Ibilli bear dute anima oriek guztiz kontuz, ta biziro; ta beren bekatuen alde beren buruak nola-ere-bait nekatzen dituztela. Ibilli bear dute, lenagoko beren ibillera galduak uzten dituztela, ta, al dituzten gauz onak egiten dituztela; oben-kulpa guzien loiak edo arrautsak konfesioneko iturri garbian ongi kentzen dituztela: Jesusen bidegabeko nekeen, edo gugatik gure Jesusek eraman izandu zituen tormentu arrigarrien urrikaltasunez, ta Jesusi berari bere amoreagatik zor diogun amorez beren biotzak betetzen dituztela; baita gogoz ta asmoz ere, Jesus beraren ondoren zeruko bidean zuzen ibiltzeko, Jesusek berak bereisten digun gurutzearekin, ta berak nai duen eran.

        Au egiten duten animak, edo komuniatzalleak, eskuratzen dituzte laster beren buruak.— Au egiten duten animak beren Jaungoikoaren gogara dabiltza, ta aterako dituzte ondasun andiak eta zeruko laguntzak beren komunioneetatik.

        Atera oi dituzu zuk ondasun oriek zereetatik? Ez? Baña egiten ote zenituen zuk orretarako, gure Jaungoikoak nai dituen gauzak? Eskuratzen ote zenuen zuk artarako zere burua, edo zere barren guzia?

        Anitz nekatzen zenuen zuk zere gorputza, zere animako loiak, eta loi-pitsak ere kentzen zenbiltzala? nekatzen ziñan zu, zere begi-bearriak, eta zere animaren gañerako leioak zaitzen, orietatik sar etzekizun zuri etsai zikingarririk?

        Eragiten ote zeniozkan zuk zere gorputzari, zere bekatuen alde, ta zure Jaungoiko maitagarriaren izenean zenbait baru, edo zenbait miñ ematen zioten gauza ta ildura, edo mortifikazione? Ordu-erdi zenbait egin oi zenituen zuk, zugatik len zure Jesusek egin izandu zituen gauzak, eta orain zuk or bere aldarean zor diozun amorea gogoan arturik zeundela? Ez? Zer bada? Aisa bizi? Gogo txarrari atsegin egiñ. Ibilli zu zure gogoak nai zuen eran, ta otz-otzean gero komuniatu? Eta era orretan nai zenituen zuk komunione onetako ondasun andiak?

        Eroaren asmoa! Oriek artuko dituen animale artu bearko ditu, bai, beste prestaerak; eta, zenbat ere aren prestaer oriek obeak, anbat andiagoak, ark andik aterako dituen ondasunak.

 

 

Abjicientes omnem immunditiam,
et abundantiam malitiae in mansuetudine
suscipite insitum verbum:
quod salvare potest animam.

Jacob. 1. 21.

 

        Egun bero-erre bat aski da, lorerik ederrena igarturik uzteko; baita gorputzeko sukar edo kalentura biza bat ere, norinai bere bizia kentzeko. Au badakizu zuk, nere anima; ta ala ere zikintzen dezu zuk, zere naiezko bekatuz, zere barrena? Ta alere egiten diozu zuk zere buru gaisoari, bear ez den atsegin txarra?

        Begira zazu zuk zertara zoazen, zere komunionean gure Jesus maitagarria artzera urbiltzen zaranean. Urbiltzen zara zu, orretaratzen zaran aldietan, txerto guztiz eder bat zere animara zuk ematera, erraten dizu Santiagok; bada ematen diozu zuk orduan zere animara Jaungoiko-Seme gizon egiña: ori da alabaña aldareko gure Sakramentuan arkitzen den txertoa.

        Nor bazara zu, zere txerto onek ekarreraziko dizkitzu fruta on-goiso-galantak, edo zerurako irabazi ederrak: eta oriek gero zuk ez galzera, oriek eta zu guziok sartuko zarazte gero, gure Jesus bera dagoen tokira, ta eternidade guziko glorian.

        Bai: baña ez da aratzerik, ez da irabazirik, eta ez dakar gauz onik animak, txerto au beregana artuagatik, usteldua badago anima bera, edo bekatuz loitu-galdua.

        Eta nola arkitzen ote da gaur nere anima? Aragiaren naikundeen, loikerien, ta asmo txarren ondoren zebillela, erdi-nekatua, ta zerurako guztiz igartua, edo graziaren ezatasunik bage.— Zein eta galdu galgarria egoera ori, komunioneko txerto ederra nere animak bereganatzeko!

        Eta zer ote negike nik bear den eran, edo alik ongiena nereganatzeko komunione oneko nere txerto eder ondasundun au!— Santiago Apostolu berak diona: aragikeriak, eta bekatuaren loitasun guziak aldebat uztea, ta biotz eta gogo garbi umil batekin ni nere komunionera beti urbiltzea.

        Au egiten ez duen anima ez dago, ez, bere komuniorako bear bezala prestatua ta, era orretan ori komuniatuagatik, izain da, txertatu ondoan txertoa igartzen utzi, ta leneko adar gaistoak botazen dituen sasi-sagarra bezala; ta, surako baizik balioko ez duen anima.

        Ez al naz ni era orretako anima komuniatzalle gaistoetatik? Zure bizitzak ori adiratziko du; ta, ori zuk ezagutzeko, ez dezu oni begiratzea baizik. Ez dezadala nik nere baitan ekusi, nere Jesus maitagarria, komunione agitz ondasunduna, ta ondasunduna baizik! Ez emen, ez!

 

 

Abscendit Moises faciem suam:
non enim audebat aspicere contra Deum.

Exod. 3. 6.

 

        Baldin bazineki zuk gaur norañokoa den, ta nolakoa, aldare orretan or arkitzen den gure Jaungoiko-gizona, ikara geldituko ziñake zu, ta non zauden zu ezpazeneki bezala, zu elizaren zaran aldietan.

        Gorderik dago, bai, or; ta ogi-idurian nire Jaungoiko-gizona, ta orrekin, or ezpalego bezala da zu bezalako zentzubage, edo sinist erdi-illarekin arkitzen diran guzientzat.— Oar zaitez bada ongi-ongi, ta begira egiozu siñiste onezko begi garbiekin; ta gertatuko zaitzu zuri, orain nik diodan au, ta prestatuko zara zu ongi komuniatzera. Ez nazu siñetsi nai zuk ni? Adi zazu, Moisesi bein gertatua.

        Ardiak zaitzen zebillen Moises, Oreb zeritzan Jaunaren mendian. Ekusten du Moisesek an lar bat, den guzia su ta gar egiña; ta alere etzala larra auts egiten; ez eta, surik ezpalu baño geiago, igartzen ere.— Gauzaren ekustekoa! erraten du Moisesek, gauza ekuskarri au ark an ekustean; eta nola gertatzen ote zen ikasi naiez, badoa Moises, alderagotik lar sutu au ekustera.— Baña, ibiltzen asten deneko: begira Moises, begira, erraten dio, erretzen zegoen lar berean arkitzen zan Jaunak; begira, ez urbildu zu, ta kendu zuk or bertan zere oñetakoak: Emen arkitzen da alabaña zure aitziñekoen, ta zure Jaungoikoa. Au aditu zueneko ikaratu zen Moises; estali zuen bere arpegi guzia; ta etzen trebe izandu bere begiak lurretik jasotzera. Exod. 3.

        Ekusten dezu! Bada etzen Jaungoiko bera, baizik zeruko Aingeru bat, an arkitzen zen Jaun ura.— Eta nor arkitzen da aldareko gure Sakramentuan?— Jaungoiko-gizon gure Jesus maitagarria!— Baña nola?— Bere gorputzeko larra edo Biotza gure amorezko sugar egiñik dadukala: ta geiago ta geiago gu maitatu naiez, bein ere urtzen edo aitzen etzaiola.

        Eta zuk artu nai ote dezu, komunionean era onetan arkitzen den Jaungoiko-gizon au? Eta etzara ikaraz erdi-illa gelditzen? Ez dakizu beraz zuk, ongi beinzat, nor den ta nolakoa aldare orretan arkitzen den gure Jaungoiko-gizon ori? Ikasi zazu, bada, ara baño len; ta etzaitezela zu berriz urbildu komunioneko maira, zere oñetatakoak, edo lurreko gauzen zere naikunde galduak utzi artean; ta ezpada, beldur ta ikara andiarekin. Ez arren, ez!

 

 

Surrexi, ut aperirem dilecto meo,
manus meae stillaverunt myrrham,
et digiti mei pleni myrrha probatissima.

Cant. 5. 5.

 

        Erran ote dezakezu zuk, komuniorako prestatzen zaran aldietan, anima santak bein erran izandu zuena, esan zuenean: «Jaiki nintzan ni nere Jaungoiko maitagarriari ateak idikitzera, ta nere esku guziak mirraz beteak arkitu nituan nik, eta nere eriak, edo beatzak, mir ederrenarekin».

        Baña zer erran nai izandu ote zuen anima santak bere itzketa illun onekin?— Erran nai izandu zuen, atsegin egin naiez anima santak bere Jaungoikoari bere ager-aldietan, garbitu zuela anitz bere nekerekin bere barren guzia, ta nekatu zituela orretarako bere begiak, eta bere gorputzaren gañerako ate-leio guziak; eta bere biotzetik asi, ta azkazal baterañoko guzia zedukala mirraz, ta nekez guztiz betea.

        Aditzen dezu? Erran dezakezu zuk beste orrenbeste, komunionean zu, zere Jesus artzeko aoa idikitzera zoazenean? Damuz, ta urrikiz ongi garbitua daramazu zuk beti ara zere biotza? Mirraz beteak daude zure begiak, zure bearriak, eta zure esku-oñak? edo anitz nekatzen dituzu zuk zere betazalak, ekus ez dezaten begiak, ekusi bear ez duten gauzarik?— Anitz nekaten dituzu zuk zere oñak, zere etsai gaistoen, ta gaitz-bideen igesi, ta elizaz eliza, ta bide onez on zabiltzala gauz on anitz egiteko?

        Ala bada, mir ederrarekin arkitzen zara zu, edo ongi prestatua, gure Jesusi zuk komunionean zere ezpañak eta biotza idikitzeko: ta zuk zere komunioneetan artuko dituzu ondasun andiak.

        Baña, ala arkitzen ezpazara zu, asi zaitez bertatik artara prestatzen; ta artu zazu, ori zuk egin bagez galdu dezunaren damua: baita galtze ori eragin dizuten bekatuena ere; ta errazu ziñez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa