www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXIII.garren OTOITZ-GAIA

KOMUNIONEKO ONDASUNAK
ESKATZEN DITUZTEN
ANIMAKO APAINTZAK, ETA ESKERRAK

 

        Lenagoko aldian guk ekusi dugun prestaera, anima bekatuen loietik garbitzea da; ta, berriz loiera ez dedin, loi-bide galgarrietatik urrun-eraztea.

        Au guzia egin ondoan, bere komunionetik ondasun andiak atera nai dituenak, apaindu bear du birtutez bere anima.

        Etxe bat, den ongiena garbitua egonagatik, ez dago errege artzeko eran, paretak agerian, ta gelak utsak badaduzka. Apaindu bear dira dagozten eran etxeko bazter guztiak, atsegin egiñen bazaio, an sartzeko dagoen erregeri.

        Badakizu zuk, ez dela Jesus diñako erregerik nion ere: ta sartzen dela Jesus errege andi au, zu komuniatzen zaran aldian zure etxe barrenera, ta biotz ondoraño. Ekusi zazu, bada, zein ederki apainduak egon bear duten zure gauzak, Jesusi zuk, zugana sartzean, atsegin egiteko, ta zere komunionean zuk Jesusen ondasun andiak irabazteko.

 

 

A.

Komunioneko ondasunak
eskatzen dute adimentu
argi onez beterikako bat

 

        Gela bat, izanagatik den ederrena, ta egonagatik gela bera gauz ederrez ongi betea, leze bat bezala da, illunbean badago, ta argirik bage gela; ta, ala dagoeño gela, ez da arkitzen, gel artan sartu ta an egon nai duenik.

        Animaren gela bat bezala da gure adimentua; ta animako gure gela onetan, eta anima guziko etxean, bear den bere argi berria, ta ondasun guzia uztera dator gure Jesus gure komunionean; cibabit illum pane vitae, et intellectus (Eccil. 15. 3.): ta ezin datorke gugana gure Jesus maitagarria atsegin andiarekin, ta ondasun anitz uztera, gure gela edo adimentua, ta anima guzia illunbe beltzean, edo bear ez den eran arkitzen diranean.

        Illunbe beltzean dagoen anima, jakiunderik ez duen anima da, edo, ekusi bear dituen gauzak adimentuzko argiz ta begiz ekusten ez dituen anima: ta, era orretan arkitzen den anima, ez da arkitzen, ez, komunioneko ondasunak eskatzen duten eran.

        Au guri gure Jesusek adirazteko da Ejiptoko, Persiako, ta Babiloniako erregeak egiten zuten gauzatxo bat.— Billatzen zituzten errege oriek, beren mairako ta beren alderako, Eunukoak deitzen ziran gizon gazteak.— Nolakoak, Uste dezu? —Iduri onekoak, dio Eskritura santak, eta utsik gabekoak: pueros, inquibus nulla esset macula, decoros forma.— Baña billatu ondoan, egon bear zuten gizaki gazte oriek irur urtez beren erregeren begietara bage. Anbatez egondu ziran beintzat, Nabukodonosor zeritzan Babiloniako erregerenak: ut enutriti tribus annis, postea starentin conspectu Regis. Dan. c. I.

        Zertarako ematen ote zien errege oriek orrenbat denbora beren gazte serbitzalleei?— Ikas zezaten beren erregeren begietara baño len, an ibilliko ziranak jakin bear zutena; ta beren erregek, oriek aren begietan agertzen ziranean, arki zitzan jakiundez beteak, nola an aren begietan ibilli ta nola beren gauzak egin ongi zekitenak, eta, goizetik arratserañoko, guzia ezinobeki egiten zutenak eruditos omni sapientia, cautos scientia, et doctos disciplina. Era orretan an agertzen ziranak beren oorez, ta ondasunez betetzen zituzten gero errege berak; eta, zeren era orretakoetatik atera izandu zen, Daniel zeritzan Jaungoikoaren profeta, artu zituen Nabukodonosor erregegandik, eta onen ondorengo erregeen eskuetatik, erregeetatik gizonak ar ditzaken gauzarik andienak. (Ibid. et seq)

        Baña artarako ongi prestatzen etziranak, eta gero beren egitekoetan uts egiten zutenak, presondegian gelditzen ziran, edo urkabean: ori egin zuen beintzat Faraon zeritzan, Ejiptoko erregek bere bi eunukorekin. Genes. 11.

        Eta zer, uste dezu, egiten zutela erregeren maian eunuko, edo gizon gazte, artarako prestatu oriek?— Jan-edana ara poliki eraman.

        Eta orretarako orrenbat ikaste ta jakiunde?— Bai, bada!

        Zergatik ote?— Guri adirazteko, nola urbildu gu komunioneko gure Errege andi Jesusen maira.

        Nola, bada?— Animan oben-pitsik ez dugula, ta guziz garbi-ederrak, eta zeruko argiz ta ekustez adimentua beterik dadukagula: Guk an egin bear ditugun gauza guziak ederki dakizkigula; ta guziak au geren poz-atsegin andiarekin egiten ditugula: ala adiratzen digu san Joan Krisostomok. Eunuchos Regi decet assistere..., nullam habentes maculam, mente sublimes, hilarem habentes animae oculum, et acute videntem.

        Baña zer ote da, komuniatzera doan animak lenik ikasi bear duena?— Ikasi bear du anima onek zer den errege guzien Erregeren mairatzea; eta mairatzea, ez Errege andi oni komuniatzalleak an jaten emateko, baizik Erregeren maian berak jateko, ta jateko berak an, ez Erregeren janari eder-goisoren bat, baizik Errege bera, jale beraren animako janari egiña.

        Gauzaren andi arrigarria!

        Errege batek deitzen bazinduzu zu, berarekin beraren maian zuk barazkaltzera, poz andi bat artuko zenduke zuk batetik, eta beste alde geldituko ziñake, zer gertatzen zaitzun ezpazeneki bezala, eta erregek zu deitzen zinduenetik, erregeren aldera zu joan arte guzian, egoin ziñake zu erregeren ontart edo fabore andi ura zere gogotik ezin utzi zenuela; ta egoin ziñake, ango gauzak nola egin ikasten, batean ere ez uts egiteagatik, eta atsekaberik erregeri ez eman naiez.

        Ongi: erregeen Errege Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriak deitzen zaitu zu komunioneko bere maira? Zuk an barazkaltzean, an egon bear du zurekin zure Errege andi onek; eta, an egon ezezik, zure barrenera sartuko da, zure janari egiñik, aldareko bere Sakramentuan? Eta ez dezu zuk, zu ara baño len, ongi-ongi ikasi bear zer lan ote den zu egitera zoazen ango zure lan au? Ez dezu zuk ekusi bear nor ote den, zu deitzen zaituen, ta zure barreneraño sartzeko dagoen zure Jaungoiko-gizon Errege andi au?

        Eta ala ezpazoaz zu, edo zuk ezpadakizu zertara zoazen zu ara, edo ezpazeneki bezain oartukabean bazoaz zu zere komunionera, joain zara zu ara, komunione oneko ondasunak eskatzen duten eran?

        Oarkabe orretan joan izandu ote zara zu, oraindañoko zere komunioneetara?— Beldur naz baietz, bada zuk zerorrek dakizu, zein berandu artu oi zenuen zuk aratzeko asmoa: ta, komuniatzeko asmoa gogoan zuk artuagatik, etziñala zu beldurtzen batere; etzenuela zuk begiratzen nor ziñan zu, ta nor, bere maira ta barazkari ezin andiagora deitzen zinduen Jaungoiko-gizona.— Orrekin jaikitzen ziñan zu zere komunioneko egunean, beste edozein egunetan bezala. Urbiltzen ziñan zu zere komunioneko elizara otz-otzean. Era berean egiten zenuen zuk an zere aitormena, edo zere konfesionea: bazindoazen andik zu lenbaitlen zere komunioneko maira. Artzen zenuen zuk, ozka iduri batean; zere Jaungoiko-gizon guzia: ta artzen zenuen ogi-zati bat artzen bazenu bezala; ta gelditzen ziñan gero zu, zere Jaun andi onekin ezpazeunde bezain gogo barraiatuarekin.

        Au da, komunioneko ondasun andiak eskatzen duten, zure animako apaintza? Onenbat illunbetan arkitzen den adimentuko zure gelan, sartuko dela deritzazu zuk bere poz-atsegin andiarekin gure Jesus maitagarria. Era orretan arkitzen den animari utziko diozka gure Jesus maitagarriak, bere ondasun andiak?

        Orra, bada, zergatik galtzen dituzun oriek zuk zere komunioneetan! Berriz zuk era bereko galtzerik egin nai ezpadezu, oar zaitez zertara zoazen, komuniatzera zoazen zere aldietan. Ekusi zazu orduan zuk, alik ongiena zere ezer-eza, ta artzera zoazen zere Jaun andiaren izate bazterrik bagekoa; ta zu joain zara, joan bear den eran, ta zere adimentua argi onez, bear den eran ederturik daramazula: ta joain zara, Jesusen ondasun andiak artzeko, ongi-ongi prestatua.

 

 

B.

Komunioneko ondasunak
eskatzen dute biotz,
amore garbiz beterikako bat

 

        Errege Salomonek egin izandu zuen, bere gogora ibiltzeko, karroz eder bat. Karroz-onen olak, Libano menditik ekarriak ziran, edo usteltzen ez diran zedr-olak. Gorri ederrez, edo purpuraz estalia zen karroz onen igan-bidea, edo eskala. Zillarrezkoak ziran onen pillareak: baña urrezkoa zen karrozaren barrengo jar-tokia. (Cantic. 3. 9.)

        Zergatik au guzia?— Guri adirazteko, nola guk artu gure Jesus maitagarria geren komunionetan, edo nola prestatu guk artarako geren gauzak, eta beste guzien artean geren biotzak.

        Nor da ezperen Salomon baketi errege andi au?— Aldareko Sakramentuan arkitzen den gure Jesus maitagarriaren aintzura, edo imagina.

        Eta Salomon Errege andi onen karroza?— Komuniatzen den edozein gizon edo emazteki; bada komuniatzen den edozeñek darama batetik bestera bere Jesus maitagarria, bere karrozak Salomon zeraman bezala.

        Eta mendi Libanoko karrozaren olak?— Oriek dira, usteltasunik bageko asmoak: edo, bein ere bekatura bage, gauz onetan beti, ta beren Jaunaren serbitzoan iraun uste dutenen naia ta gogoa.

        Karrozaren zillarrezko pillareak?— Gañerako birtute guziei eskua ematen dien laur birtute andiak. Oriek dira Prudenzia, edo noiz ta nola gauzak egin, erakusten duen birtutea. Justizia edo zuzentasuna, ta Jaungoikoaganako ta Lagun urkoei, edo proximoei dagozten gauzak zuzentzen dituen birtutea. Fortaleza edo indardia, ta gure etsaiak eta tentuak garaitzen, ta geren Legeko nekeen gurutzea aisa eramaten, laguntzen digun birtutea. Eta Tenplanza edo jan-edanean ta gañerako geren gauzetan bide-erdiz garamatzien birtutea.

        Eta zer da Salomonen karrozaren igan-bideko purpura gorri ederra?— Batek bere bekatuen alde, ta bere Jaunaren izenean, artzen duen edo daraman ildura, ta nekea.

        Eta Salomonen, edo gure Jesus maitagarriaren egontokiko urrea?— Ori da Jesus beraganako gure biotzen amore garbia: amorea da alabaña birtuteen artean, metalen artean urrea bezala, edo onena ta geiena balio duen birtutea.

        Ekusten dezu nola egon-bearra zaran zu, zu komuniatzen zaran aldietan, komunioneko ondasun eder-andiak zuk irabazteko? Jesusen Karroz eder bat bezala, edo zere anima ongi-ongi garbiturik dadukazula, zere bekatu-bide gaistoetatik oñez ta gogoz kendurik bizi zarala, ta gauz on anitz egin naiez guztiz betea, zere Jaunari atsegin andi bat, eta norinai dagokan guzia zuzen-zuzen egiteko asmoan, zuk egin bear dituzun zere gauza guziak zuzen egiteko prest, eta denbora berean leneko zere gaizkien damuz, ta, Jesusi ar-erazi zeniozkan neke-tormentu ta bidegabe guziakgatik urrikariz ta naigabez zarana betea.

        Ori guzia zure animaren, ta zure biotzaren prestaera, edo apaintz-ederra da komunione onerako; baña bear du oraindik zure animak komunione orretarako zure prestaer orrekin batean, bere biotzaren beste apaingarri bat ere.

        Zer ote?— Gure Jesus maitagarriaganako, al den amorerik andiena.

        Baña non arkitzen ote da amore andi eder ori?— Otoitz onaren sutegian. Konfesatu ondoan zoaz zu baztertxo batera, ta ekusi zazu astiz ta kontuz zuk an, zer egitera zoazen zu; ta zaude zu au geldi-gelditxoa, au guzia zuk an ongi ekusi artean.

        Begiak ertsirik an zu zaudela, errazu biotzez: Ongi: ta zertara goaz gu orain, nere anima? Komuniatzera. Zer da komuniatzea? Jaungoiko-gizon bat, bokadu baten eran guk an artzea.— Ez da gure Jaungoiko-gizon ori Aita eternoaren Semea; bere Jaungoikotasunagatik Aita bera bezain bazterbagekoa; asierarik bagekoa, ta bukaerarik ezin dukena?— Ez da gure Jaungoiko gaizon sakramentatu ori jakiunde, ontasun, ta indardi uts, gauza guzien Egillea?— Ez da ori Aita eternoarekin, ta Espiritu Santuarekin Jaungoiko bat; eta Jaungoiko, zeru-lurrak bere ondoan, asm-al adiña zeru-lur egiten balitu ere, guzien betegarria, ta geiago ta geiagokoa?— Ez da gure Jaungoiko-gizon sakramentatu ori nigatik gizon egin zen Jaungoikoa? Nigatik ogeita amairur urtez anbat eta anbat eraman, ta ekusi izandu zuen Jaungoiko-gizona? Nigatik anbat milla neke, tormentu, ta oñazerekin, ta bi lapurren artean gurutze batean josirik zegoela, illik gelditu zen Jaungoiko-gizona?— Eta ori bera da, ta ori guzi-guzia, orain nere barren txar onetan sartzeko dagoena?

        Ongi: ta zertara etorri nai ote du Jaun onen andi onek, nere barrena bezain toki zirzil loi txar batera?— Ni bere ongiz ta doaiez ongi beterik uztera. Siñistuko zenuen? Baña itxozu.— Etzuen izandu bekaturik batere Jesusen Amak. Beti-ta-beti bizitu zen Jaungoikoaren graziz, ta zeruko doaiez guztiz edertua. Ama onen baitan Jaungoiko-Semea gizon egitera zijoanean, prestatu zuen Espiritu Santuak Amaren anima, lenaren gain ezin ederkiago; eta alere arriturik arkitzen da Eliza santa, nola etzen gure Jesus maitagarria ikaraturik arkitzen bere Ama onen sabelean arkitzen zenean: Non horruisti Virginis uterum. Eta ara zen gure Jaungoiko maitagarria mundu guziaren onerako,

        Bada orrenbat onerako zela gure Jaunaren orduko birjin-Amaganatzea, ta izanik Ama birjina zen bezelakoa, gauza orren arritzekoa bazen gure Jaunaren arganatze au, Jaun beraren niganatzea, nere on utsagatik; eta izanik ni nazan bezelakoa, nor ez da bertan arritua ta erd-illa geldituko?

        Au zuk, eta era onetako beste gauzaren batzuek astiz ta kontuz zere gogoan erabiltzera; ta ezagutu ezkero zuk, alere zugana naiez dagoela zure Jesus maitagarria, arrizkoa ezpada zure biotza, asiko da maitatzen ta maitatzen bere Jaungoiko-gizon sakramentatu onen maitagarria: ta urbilduko zara zu zere komunioneko maira umiltasunez ta ikaraz ongi betea; urbilduko zara zu zere begiak lurretik ezin jaso dituzula, ta alere urbilduko zara, onenbat maite zaituen Jesus maitagarria zeretu naiez, Jesus beraren Biotzeko suarekin zere biotz txar orri suz emateko, ta zere Jesusen amorez urturikako, biotz batekin Jesus maitatzeko gogoz betea.

        Era orretan urbiltzera zu zere komunioneko maira, zuk zere Jesusi, bere Sakramentuan zuk au ekusi orduko, egiñen diozu, buruz ta biotzez, al dezun agurrik oberena. Zere miiratzen zaitzunean gero Jesus bera, egiñen diozu zuk amoriozko muñ eder bat: eta eramain dezu zere atsegin andiarekin zere barreneko gelara, ta biotzaren aldamenera, ta gero an egiñen dezu, geroiseago guk adiraziko duguna.

        Era onetan komuniatzen den animak artzen du bere Jesus maitagarria karroz eder batean, ta biotz amore garbiz beterikako batekin; ta, ala ura artzen duen animak egiten dio bere Jesus maitagarriari atsegin agitz andi bat. Eta irabazten ditu bere Jesusen ongi naia, ta zeruko ondasun andiak.

        A! Baña ez nik orrela artu oi gure Jesus maitagarria nere komunioneetan! Orregatik galtzen ditut nik zeruko anitz ondasun ta nere Jaunaren laguntza; ta arkitzen naz gaur ni, arkitzen nazan eran, ta anitz utsez ta bekatuz betea. Besterik izain al da etorkizunean? Bai oraingo nere ustez, ta nere Jaungoiko maitagarriak bortizki niri laguntzen didala. Ala gerta dedilla bada: bai arren, bai!

 

 

C.

Komunioneko ondasunak eskatzen dute
biotz eskerdun eskale bat

 

        Israeldarren manak eskatzen zuten (len guk ekusi dugun bezala) ez zikintzeagatik, lurraren, ta bere arterako intz garbi bat; eta denbora batean eskatzen zuen bere gañerako zikintasun bera eragozteko ona zen estalki, izotzaren aintzurako bat: eta gure Aldareko Manak, edo gure Jesus sakramentatuak eskatzen du, bein biotz zeruko graziz ta amorez ongi estali bat; eta gero komuniatu ondoan biotz eskerdun-eskale bat.

        Zuk zere Jesus sakramentatua, len ekusi dugun eran artu orduko, baztertuko zara, artako ona den tokiren batera, ta, an zu belaunikaturik, egiñen diozu zuk zere Jesus maitagarriari, errege bati etxa-jaun batek, ura onen etxeratzen denean, egin oi diona; edo egiñen diozu, berak zuri egin dizun komunioneko ontarte andiagatik agur umil eskerdun bat.

        Zein andia dela deritzazu zuk, zere komunionean ta bere etortze amorezkoan egiten dizun ontarte au?

        Santa Isabelek, onen seme san Joan Bautistak, eta San Pedrok adiraziko dizute zuri au. Santa Isabel, arritua bezala gelditu zen, Jesusen Ama ber-etxean ekusi izandu zuen aldi batean, ta bere arrierarekin esan izandu zuen: «ai ene! ta nondik niri onenbat ontarte ta fabore? Nere Jaunaren Ama nere etxera?»— San Joan Bautistak, Jesus ekusi zuen beste aldi batean: «Ara (erran izandu zuen): Jaungoikoaren bildots, (edo Seme) bekatuen kentzailea: ni ez naz, ez, aren oñetako lokarrietan eskuak erabiltzeko diña».— Eta san Pedrok, Jesusek oñak oni garbitu nai izandu ziozkan batean; «Jauna (erran izandu zion, guzia ikaraz asaldaturik, eta, non arkitzen zen etzekienaren eran), zuk niri oñak garbitu? Ez Jauna, ez; ez eta sekula guzian ere!».

        Ekusten dezu?— Bada, irur oriei kanpotik gure Jesus maitagarriarekin gertatua orren ontart andia bada, zer ontart izain ote da Jesus bera zuk zere barrenean, komuniatzen zaranetan dadukazun eran idukitzea; gogoz, ta biotzez zuk an berari nai diña agur ta adorazione egiteko, nai dituzun eskerrak emateko, ta bearko dituzun beraren esku-laguntzak eskatzeko?

        Orra, orain era orretan zugana etorri naiez, bere Aldare orretan or egondu da gure Jesus maitagarria, joan diran milla zazpieun ta anbat urtez, bitarte orretan ekusten dituela kristio, edo kristau gaistoetatik, eta ereje ta judu gogorretatik, ezin erran al adiña sakrilejio, gaizki, ta bidebage: ta, zuri dizun amoreagatik guzia eraman du or Jesus maitagarriak, itzik atera bage, ta isill-isillean. Illaren eran dago gau ta egun, ta bakarrik geienetan, or aldarean orrenbat denboraz: ta zuri ongi naiez da orren orko egotea.

        Zer zor ez diozu, bada, zuk, zugatik or orrenbat egiten duen ta orain zuk artu al adiña ondasun egin naiez, zere komunnioneetan zuk zerekin dadukazun zere Jesus maitagarriari?

        Zu etzara trebe bakarrik, ez, orrenbat ontarteri eskerrez eranzuteko, ta dei egiezu, orretan zuri laguntzera, mundu guzian arkitzen diran gauza guziei; ta eska zaiezu ziñez, egin dezotela, zurekin batean, zerekin dadukazun zere Jesus maitagarriari, al duten agur ta begitarte on guzia: adorent eum omnes fines terrae: ta eman dezoztela, beren izenean ta, zure ordez eskerrak eskerren gain, orain zurekin batean ezezik, gero sekula guzian ere. Eta zuk ere, zere aldetik orain oriekin batean al dituzun guziak emanagatik, ez dezazula galdu geroko zere aldia.

        Nola arkitzen ote zara zu oraingo aldian? Eriskote?— Orra, bada, or dezu zuk, aldareko zere Sakramentuan gure Jesus, den sendatzallerik onena. Eskazaiozu, bear ez diran gauzetan zere eskuak ez erabiltzeko, ekuste ta aditze txarretatik zere bearri-begiak kentzeko, ta zere miiari, itz ariñik erraten ez uzteko bear dezun zeruko laguntza ta grazia: baita zere gogorazio galgarriak, eta naikunde makurrak aienatzeko bearko dezun guzia ere.

        Eskatzen badiozu ori zuk ongi-ongi, ta ondu nai bero andiarekin, emain dizu zuri zere Jesus maitagarriak, batere luzatu bage.

        Ager egiozkatzu zuk zere Jesus berari zere egitekoak, eta zere ibill-er guziak. Gald-egiozu zuk, nai duen berak utz ditzazun zuk onelako lagunak, alako sartu-aterak, eta zerorrek dakizkitzun itzketak, jan-edanak, eta jostatze ariñak: eta egizu gero zuk, Jesusek zuri aldi artan adirazten dizun edozein gauza.— Egiten badezu zuk au guzia, egiñen diozu zuk Jesus maitagarriari atsegin andi bat; baita, nork daki zenbat on zere animari ere.

        Denbora berean eska zaiozu zuk Jesus maitagarriari, adirazi dagizula nondik artuko dezun nola ibilli zaitezken, ta zer egin dezakezun, bear den eran egiteko zuk zere gauzak. Umilki zuk au Jesusi eskatzera, etzaitu, ez, illunbetan utziko zu Jesus maitagarriak, eta agertuko dizu Jesusek zuri, orduan zuk jakin bear dezuna.

        Len guk adirazi dugun eran prestatzen den animak, eta era onetan eskerrak ematen dituen eskalleak, ondasun andiak aterako ditu, bai, bere komunioetatik; eta zuk ateratzen ezpadituzu zereetatik, zureak dira obenak; bada guzi-guziei nai die ongi gure Jesus maitagarriak, eta norinai betetzen dio Jesusek, ongi prestaturik daraman ontzia.

        A nere Jesus maitagarria! eta nik, au lenago jakin bagez, galdu ditudan ondasunak! Dakidan ezkero nik au orain dakidan bezala, prestatuko ditut nik nere anima, nere adiruentua, ta nere biotz au, komuniatzen nazan aldietan zure eskutik artzeko nik anitz grazi, anitz gogargi, ta anitz amore.— Damu dut nik orain, nik au lenagotik ez egiñaz; baita, ori egitea eragotzi didaten nere bekatuez ere; ta eskatzen dizut nik gaur orien guzien barkamentua, ta berriz berririk ez egiteko grazia.

 

 

Venerunt Aaron, et omnes seniores Israel,
ut comederent panem... coram Domino.

Exod. 18. 12.

 

        Nola joaten ote zara zu, zere komunionera urbiltzen zaran aldietan. Aurren eran, edo buruzko gizonak bezala!

        Zertara zoazen zu, orduan zuk ongi-ongi ez begiratzera, aurren eran zoaz zu zere komunionera; bada aurrak dira, era orretan dabiltzanak, edo aurrak egin oi dituzte beren gauzak, zertan dabiltzan anitz oartu bage.— Eta era orretan bazoaz zu komuniatzera, grazian zu ara joanagatik, irabaziko dezu zerbait, bai; baña ez irabazi zenezaken guzia; ez noski, ta laurdenik ere.

        Ai ene! Anitz galdu dut beraz nik oraindañoko nere komunioneetan; bada era orretan komuniatu naz ni nere denbora guzian! Orregatik zen noski ni, komuniatu ondoan, lenago nintzan eran izatea.

        Zer egin nezake nik gaurgero ongi komuniatzeko, ta irabazi andiak nere komunione bakoitzean nik egiteko? Buruzko israeldarrak jate bat egin zuten eran, nik nere komunioneak egitea!— Nola egin ote zuten oriek beren jate ori?— Beren Jaunaren begietan, ta errespetu andiarekin.

        Oar zaitez ongi zu, komuniatu naiez zauden denboran nora zoazen zu, ta zer eratan; edo ekusi zazu ongi zuk, zu zere komunionean artzera zoazena zure Jaungoiko berbera dela, ta Jaungoiko gauza guzien kontu-arzalle guztiz zuzen-zuzena; ta ekusi zazu gero nola zoazen zu, zere Jaungoikoa zuk an artzera; edo ekusi zazu zuk zere miiz, zere eztarriz, ta zere biotzez egin izandu dezuna.

        Nora erabilli ote dezu zuk zere denboran zere mii ori? Erran ote dituzu zuk, ez errateko obeak ziran zenbait itz, ele, ta berri? Zere jan-edanez egin ote dituzu zuk zenbait uts, edo zere animaren zenbait zikintze? Zer asmoak izandu ote dira, zer gogoketak, eta zer naikundeak zere biotz orretan zuk oraindañokoan izandu dituzunak? Zuzenak guziak, guziak garbiak, edo bear zen erakoak?

        Ez dakizu zuk, zere miiz ukitzen dezula lenetik, zere Jesus sakramentatua? Ez dakizu zuk zere ao eztarriz daramazala zere Jesus sakramentatu bera zere biotzaren aldameneraño, eta orregatik guztiz garbiak egon bear dutela zure zati oriek guziak, eta zure animak?

        Baña, obenik zuk, edo bekaturen pitsik ezpazenu ere, nor zara zu, orren Jaun andi bat zere baitan artzeko?

        Artzera bazoaz, bada, joan zaitez ederki prestaturik, joan zaitez alik ongiena; ta, zu orduan egitera zoazen lanak eskatzen duen beldur guziarekin, atera nai badituzu zuk zere komunionetik, atera ditzaketzun ondasun guziak.

 

 

Quemadmodum desiderat cervus ad fontes aquarum,
ita desiderat anima mea ad te, Deus.

Psalm. 41. 1.

 

        Basoko ganadurik ariñenak ez du, egarriz dagoenean, iturrirako, gure Jesus maitagarria maite duenak komuniorako adiña nai ta gogo. Gogoratzen zaionean, Jesusen maitatzalleari, bere Jesus maitearen ontasuna, bere Jesusen ongi naia, ta Jesus beraren eman ala, ta eman gogoa, ezinegonez bezala dago, bere Jesus maitagarriagana naiez; ain maitagarria da gure Jesus, ongi ezagutzen dutenentzat.

        Ongi Jesus ezagutzen dutenak, egon nai lukee beti ta beti beren Jesus maitagarri maitearekin, beraren Biotzeko amore ezin-andiagori amorez, alegin guzian eranzuten diotela.

        Ezer-ez bat deritzate gure Jesus maite dutenak, berak bakarrik Jesus maitatzea; ta nai lukee, maita lezaten munduko beste guzi-guziak ere, guziak atera lezaten Jesusen maitatze garbi-eder orretatik, eta aldareko beraren Sakramentutik, atera dezakeen on ta ondasun guzi-guzia.

        A, gure Jesus maitagarria, erran oi dute maiz, eta komuniatzeko dauden aldietan noizere baño zinkiago: A gure Jesus maitagarria, non-nai, ta zere gauza guzietan zara zu guztiz maitagarria, baña guretzat beintzat, ez nion ere, aldareko zere Sakramentuan adiña. Gure amorez or zu arkitzen zara ezer-ez bat dituzula, ta or arkitzen zara zu gau ta egun preso, ta gugana naiez, gu zere onez, ta ondasunez beteak uzteko!

        Guk au guzia ongi ezagutzen bagenu, nola genudezke gu gauden bezain otzak, gauden bezain galduak, eta gu gauden eran?

        Gañerako guzi-guzietatik bakar bat zuganatzen ezpaliz ere, zuganako nintzake ni, nere Jesus maitagarria; ta zuganako nintzake alik eta maizena; maite zaitut, alabaña, emen zuk agertzen didazun zere amoreagatik; eta, zuganako nere amore au, al dudan eran nik zuri agertzeko, urbilduko naz gaurgero ni, oraindañokoan baño agitz maizago komunioneko zure maira, ta eramain ditut nik zu nere barreneraño, an zuri nik nere biotzeko amore au erakustera, ta zuk zerorrek didazun zere Biotzetik su zati andi bat, gaurgero geiago ta geiago nik zu maitatzeko.

        Zorionekoa ni, zure amorearen su onek auts egiten balu nere biotz au!

        Orra gure Jesus maite dutenen izketa. Ikas baneza nik ere! Nere Jesus maitagarriak didala nere komunioneetan, orretarako bear den argia ta laguntza: bai arren, bai!

 

 

Benedic anima mea, Domino, et omnia
quae intra me sunt nomini sancto ejus.

Ps. 102. 1.

 

        Eskerrak dira, emalle onari dagozkan gauzak. Baña zer eskerrak gure Jesusi dagozkanak komunioneko aldian?

        Ezin garbiagoak; ezin andiagoak: bada beti da gure Jesus emalle, baña komunioneko aldian, beste alditan baño agitz da emalleago; ematen du alabaña bere eman-aldi artan, bere buru Jaungoiko-gizon guzi-guzia, ta komuniatzen denaren apaintzak eraman ala.

        Ni ez naz, ez, era orretako eskerrak emateko diña: baña deituko ditut orretarako nik bein nere gauzak, eta gero al ditudan beste guziak.

        Atozte, bada, Jesusi orain ederki eskerrak ematera, komunione onetan egin dizkidan ontart andiakgatik. Atozte, nere begiak; atozte, nere bearriak; eta atozte nere ezpain-mii-aoak; eta atozte zeren Jaunari agur andi bat eta apamuñak egitera.— Atozte nere eskuak, atozte nere ezur-zañak, eta atoz zu ere, nere zañetako odol guzi-guzia, eta betor bakoitza, bere eran gure Jaunari eskerrak ematera.— Atoz, atoz zu ere, nere adimentua, nere Jesusi nik orain zor diodan guzia niri zuk erakustera, ta zere erakuste eder onekin nere biotz au ongi berotzera, gero nik, al dudan amorerik andienarekin, maita dezadan nere Jaun, onen on emalle maitagarri au.

        Atozte zuek ere, zeruko Aingeru garbiak; atozte Kerubin jakintsuak, atozte Serafin maitariak; eta egizue zuek ere zeren esker-ematea.

        Baña, ez gara orretarako zuek eta ni bakarrik aski; ta betoz geren lan berean guri laguntzera, zeruan arkitzen diran Patriarkak eta Profetak, ango Santu-Santa guziak; eta, guziekin batean, guzien Erregin, ta Jesusen Ama Birjina; baita zeruko eguzki-izarrak ere, lurreko lore-belar, itsasoko arrai, zeru-lur-aize, ta gauza guzi-guziekin batean.

        Guzi-guziak, bada, bedeika zaitzatela zu, gure Jesus maitagarria, nerekin batean, zeren nigana etorri nai izandu dezun, etorri zaran bezala, ta zere etor-aldi onetan egin didazun ontarteagatik.

        Au guzia gogoan idukiko dut nik, bai, bizi nazaño; ta gaurgero biziko naz ni, nigandik ezpazindoaz bezala, ta zurekin diardukadala gogoz ta biotzez.

        Lenago nere lan au ez egiñaz dut damu; baita au egitea eragotzi didaten nere bekatuez ere: ta damu onek idarokitzen derezkit orain niri, erratera noan itzak: Nere Jesu kristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa