www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXIII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEK GURUTZETIK EKUSI,
TA ADITU ZUENA

 

 

A.

Ekusten ditu Jesusek
bere neke gogorretan
zenbait gauza guztiz nekagarriak

 

        1. Adirazi ditugun gurutzeko nekeak aski ez dirala, baditu, bai, Jesusek bere gurutze berean beste anitz neke ere; ta orien artean sar ditezke bere begietatik, eta bearrietatik Jesusi sartzen zaizkanak; edo sar ditezke, bere gurutzeko denboran Jesusek izandu zituen bidebage, ekuste, ta aditze latz-gogorrak.

        Baña zein ote da lenbizikorik Jesusek bere gurutzetik ekusi zuen gauza latz-gogorra?— Lenbizikorik an Jesusek ekusi zuen ekuskari latz gogorra, zen ango laur soldadu borreroak egin zutena.

        Jesus gurutzean soldadu oriek seguratu orduko, Jesusek an zeramatzien neke-oñazeetara anitz begiratu bage, artu zituzten berak, Jesusi kendurikako soñekoak; eta alkandor-ordea, edo barreneko tunika osorik utzi, ta gañerakoez egin zituzten laur zati, ta artu zuen suertez nork berea.— Alkandor-ordearen, edo josterik etzuen Jesusen barreneko tunikaren gain bota zituzten soldadutzar oriek beren bota-erak, edo suerte berriak, eraman zezan osorik, eta urratu bage, botaeraz edo suertez ateratzen zuenak.

        A borreroak, borrero gogorrak: baldin bazenekite zuek, txartxoak diruditen, ta odolez beteak dauden, Jesusen soñeko oriek balio dutena, etzenitukee, ez, darabiltzkitzuen eran erabilliko! Orien ertz bat ukitzea aski zen, bai, oriek berekin Jesusek zekartzien denboran, edozein eri bertan sendatzeko; ta, orien zuntzetan edo albiñetan arkitzen den edozein odol-tantak balio du, zeru-lurrak, eta egin ditezkeen gauza guziak baño agitz eta agitz geiago: odol tant ori alabaña Jaungoiko-gizonaren odola da; ta odol, Jesusen zañetan ez egonagatik, Jesusen Jainkotasunak beregandik utzi gabea.

        Baña ez dakizue zuek, soldadutzarrrak, orrelakorik; gizatxar galdu baten odolez zikindurikako soñekoak dirala uste dezue zuek, Jesusen soñeko oriek; eta ezer-ez batean daduzkitzue Jesusen soñeko orrenbat balio dutenak; eta zuek soñeko oriek artzean ere, artzen dituzue zeren buruak likisteko beldur andiarekin.

        Soldadutzarren era onetako ergelkeriak, era beraren soñekoez onela oriek jabetzeak, begitan eman bear zioten, nai-ta-ez, Jesus maitagarriari; bada etzen ori, ez, era orretako soñeko batzuei zegoten ibillera; eta bere soñekoen erabillera onek gogorako zion Jesus maitagarriari gero kristio, edo kristau gaistoak beren komunione zikiñetan beraren odol esku-oñetatik eta gorputzaren asko aldetatik ordu artan zerionari, ta beraren gorputz-animei, ta Jaungoikotasun guziari bein, ta berriz, ta askotan eman bear zioten tratu galdu eskergabekoa.

        Eman ote diozu zuk ere? Eta zenbatetan?

        2. Ekusi zuen gure Jesus maitagarriak bigarren lekuan, nola borreroak eseri edo jarri ziran, bakoitza bere soñeko zatiarekin; ta nola zeuden an Jesus bera zaitzen, Jesusek bere gurutzean zeraman orduko nekeaz anitz oroitzen etzirala; ta, berena baizik gogoan etzutela.

        Orien orduko lan au ekustean, ekusten zuen gure Jesus maitagarriak gurea ere; edo ekusten zuen, nola biziko giñan gu, geienok beintzat, Jesusen orduko nekeak anitz gogora gabe, izanagatik oriek gure amorez Jesusek artuak; eta ekusiko zuen, Jesusen neke oriek gogoan genituela, eraman bear genitukeen goizeko, arratseko, eta jaietako ordu-zatiak galduko genituela guk berriketan, jostaketan, bear ez bezalako jan-edanetan, ta anitz zikinkeritan: ta ekuste onek anitz estutu zuen, nai-ta-ez, gure Jesusen Biotz beratx maitagarria.

        Ekusi zuen Jesusek irurgarren lekuan, nola zegozkan berari begira bere etsaiak; eta begira zegozkala, odolez ase ondoan ezpañak lamikatzen dagoen zakur baten eran, edo, ain penaturik eta iltzeko tranzera Jesus bera ezarri zatelako, atsegin-kontentuz beteak.

        Ekusi zuen bidenabar beraren orduko nekeez baliatu gabez, sulezeko kateetara bearko zutela (ta ori oriei gogoratu ere gabe) Jesusen etsaitzar berak: eta denbora berean ekusi zuen, au bera gertatuko zitzaiola munduko zatirik andienari; ta onenbat ekuste galdu-illun-makurrek gurutzeko bere neke guziak baño geiago ta geiago nekatzen zion Jesus maitagarriari bere biotz maitari-urrikaltia.

        3. Au guzia Jesusek ekustean, ekusi zuen andik ez urruti bere Ama maitagarria ere; ta ekusi zuen au, an, Jesus bera zegoen gurutze berean iltzez josirik arkitu baliz bezain nekez ta naigabez betea; ta ekusi zuen an, bere Ama maite au, milagroz ez izatera, bizirik ezin iraun zezaken eran: anbatekoa zen orduko Birjin-Amaren biotzeko illuntasuna, tristura ta damua.

        Eta zenbatekoa izandu ote zen, aldi onetako ekuste onek Jesusen Biotz minbere maitariari arrerazi zion neke-pena ta naigabea?— Ezin ezagu dezake au, ezagutzen ez duenak, zenbat zen Jesusek bere Amari nai ziona.— Guk erran dezakeguna da, Jesus maitagarriari, bere Ama maitea era onetan ekusteak, gañerako bere naigabe ta neke guziak baño agitz geiago illundu, nekatu, ta prensatu ziola bere Biotza; bada bere Biotzaren prensazio, nekaera, ta illuntasun au, bere Amari zion amoreari zegokana zen; ta amore au ezin andiagoa.

        Jesusek ekusi zituen, adirazi ditugun gauzak ezezik, ongi nai zioten beste zenbaiten negarrak ere; ta orien artean ekusi zituen, bere Amarekin an arkitzen ziran emakumeenak. Eta, nola zen gure Jesusen Biotza ezin-eskerdunagoa, ta guztiz beratxa, urrikaldu zekien oriei ere, ta orien nekeak ere illundu zioten, zegoenetik anitz geiago, bere barren guzia.

        Eta, itz bitan guzia nik orain adirazteko, erran dezaket ekusi zituela Jesus maitagarriak, ekusi ditugun gauzen gain, beraren Biotza illuntzeko onak ziran beste anitz ere; ta, lenak eta oriek guziak elkar arturik, agitz anditu ta arrigarritu zituztela Jesusen Biotzeko neke oñazeak.

        A nere Jesus, nigatik onen nekatua; ta nik zuri zor dizudan amorea! Eta noiz ni amore oni nolerebait erantzuten asi! Gaur bertatik nai nuke nik, zuk zerrorek artu laguntzen didazula.

 

 

B

Ekusi zituen Jesusek bere tormentuzko
gurutzetik anitz gauza nekagarri

 

        1. Jesusen guganako amore au obekiseago guk ezagutzeko, ekusi bear ditugu banaka orain batetan ekusi ditugun Jesusen gurutzeko nekeetatik ere beste zenbait. Orietatik dira, Jesusek adituz ekusi edo izandu zituenak; eta oriek ere, ekusiz izandu zituenen erakoak izandu ziran. Aditu zituen Jesusek gurutzean josirik egondu zen denboran gauza guztiz arrigarriak.— Orietatik batzuek aditu zituen, bidez zidoazen jendeetatik, edo joan-etorri zebiltzanetatik. Aditu zituen beste zenbait, an arkitzen ziran eskribatzar ta fariseo gaistoetatik.— Besteren batzuek aditu zituen israeldarretatik; baita, bere bi aldeetan zeduzkan gurutzeetako lapurretatik ere.

        Aditu zituen bidebageko gauza oriek guziak, oriek aditzean gertatzen zitzaiola, mundura den gaistoenari gertatu oi ez zaion gauz arrigarri bat: bada nornai urrikaltzen zaio iltzeko tranze gogorrean arkitzen den edozein gizoni, gizon au izanagatik, ordurañoko denboran munduko gizon gaistoenetatik bat; eta izanik gure Jesus, zen bezala, obenik bageko Jaungoiko-gizon guztiz on maitagarri bat; eta egonagatik aldi artan, Jesus zegoen bezala, anbat eta anbat nekeren artean, ta bere eriotzeko ordu agitz gogorrean, gogortu ziran, begira zegozkanak, ez urrikaltzeko Jesusen egoera mindu guztiz arrigarriaz.— Orra, Jesusek baizik, ekusten ez duen gizonen gogortasuna! Eta orra Jesusen naigabeetarako bide latz guztiz arrigarria!

        Eta zer zirala, deritzazu, edo nolakoak, aldi nekagarri artan Jesusek an aditu zituen gauzak?— Era askotakoak. Bidez zidoazenak, edo an guti gelditzen ziranak, ekusten zutenean gure Jesus gurutze batean iltzez josia, begiratu gabe an Jesusek zeramatzien oñaze gogorretara, ta neke ta tormentu izugarrietara, asi izandu ziran istaka, edo burlaz; ta, beren begi zorrotzekin Jesusi begiratzen ziotela, ta beren buruak batetik bestera zerabilztela, erran izandu ziozkaten nai zituzten gaistakeriak eta blasfemia guziak; eta besteen artean, A! zu bai, a, zu gizona! Urratuko zenuela zuk zenion, gure Jaungoikoaren eliz eder Jerusalengo au, eta gero irur egunez egiñen zenuela berriro, ta utziko zenuela ederki bukaturik!— Orrenbat esku dezun ezkero, balia zaitez zu zere eskuz zere onerako, ta geldi zazu zuk, al badezu, bukatzera doakizun zere bizitza: ta, zuk diozuna bazara zu, edo zu izatera, diozun bezala, Jaungoikoaren Semea; ots laster; utzazu gurutze ori, ta atoz gure artera.

        Bidezkoak gara gu, mundu onetan bizi garanok; eta geren bide au bukatuko dugu guk, guri geren bizitza bukatzen zaikunean. Guri geren bide au bukatu orduko, sartuko gara gu bukatzen ez den eternidade bateko bizitzan.— Geroko gure bizitza, oraingo gure ibillerari dagokan biziera da. Ongi ta zuzen gu bagabiltza bizi garaño, zorioneko bizitz atsegindun on batean sartu bearrak gara gu. Baña nekezko bizitza da, ta neke utsez beterikako bizitza, gure begira dagoen geroko bizitza, emen gu makur, ta eroen eran, ibiltzera.

        Eroen eran dabiltza, israeldar Jesusen istari galduen eran dabiltzan guziak, edo israeldar galduen eran Jesusen gauzei ista, ta burla, edo ez-ekusi egiten dienak, eta beren gogoak ematen diezten gauzak ekusten dabiltzanak.

        Eta nolakoak izandu ote dira, nere anima, oraindañoko gure ibillerak? Zuzenak? Zentzatuak? Bear bezalakoak?— Nola begiratu ote diozu zuk, zure amorez gurutze batean nekez ta oñazez itotzen dagoen zere Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriari? Negarrez, urrikiz, ta damuz beterik arkitzen zarala zu?— Era orretan zuk Jesusi begiratu badiozu, bide zuzenez zabiltzan anima zara zu; ta zerura zoazen anima zara: ta ala bazabiltza, zabiltza zu zabiltzan bidez, ta bide orietatik oñik atera gabe; ta zu azkenean sartuko zara billatzen dezun zere zeruko tokian.

        Baña istaka bazabiltza zu; edo zu bazabiltza, bear ez diran gauzak erraten ta egiten dituzula, Jesusen istaria zara zu, judatar gaistoen bidea daramazu zuk; eta oraindañoko zere gaizkiez ongi damuturik, zuk ez uztera zere bide galgarri guziak, sulezeko bizitza gogor gaistoan sartzera zoaz zu, ta sartzera eternidade guzi-guzirako.— Aratzen bazara zu, zorigaistoan jaioa zu, ta beti ta beti erretzen egon bearra!

        2. Bidezko gaistoen erranak baño atsekabe agitz geiago ematen zioten Jesus maitagarriari eskribatzarren ta fariseo gaistoen erranak.— Apezik andienak, oriek eta Jerusalengo gizon jakintsu adiñetakoak, Jesus gurutzean ekusi orduko, asi izandu ziran marmarioz elkarren artean, baña Jesusek adi zitzaken bezala, ta Jesusi atsekabe ta damu geiago baño geiago eman naiez.— Orra, zioten oriek, orra: illak biztu ditu len gizon gurutzetu onek; eri anitzi eman die len beren osasuna, ta egin ditu len besteen onerako gauz on anitz andiak: dagiela bada orain, al badu, zerbait on bere onerako.— Ez zion gizon orrek, Israldarren, ta gure guzien Erregetarako jaiorik etorri zen gizona zela ori!— Ekus dezagun bada: bada ala izatera, ez da ori orain gurutze orretan illen, ez; jaitsiko da, bai, ori bizirik ortik. Jaitsi bedi bada, ta bertatik artuko dugu guk ori gure Erregetako.

        Jaungoikoa bere alde zedukala, zion orrek; eta askotan ori guri orrek adirazirik daduka. Ala biz: baña zertan ezagutuko dugu guk orrek guri erran oi ziguna?— Jaungoikoaren Semea dela ere, erran izandu digu guri bein, berriz, ta anitz alditan ere. Lenak baño geiago da ori, ta agitz alere; ta, ala bada, aisa ta laster ken dezake Aita Jaungoikoak berak orain or daraman neke lotsagarritik.

        Eta onelako itzketa gogor galgarriekin begitan ematen zioten gizatzar arroak gure Jesus nekatu maitagarriari, gizon gezurtiren bat bailiz bezala: ta, ez Jesus, berak ziran gizon gezurtiak; bada gezurra zen orduan oriek ziotena, ta Jesusen gain ordurañoko guzian oriek erran izandu zuten geiena.

        Gezurrez, furrustadaz, ta meatxuz emanerazi zioten gizatzar oriek Pilatosi Jesus maitagarriaren gurutzeko sentenzia; ta gezurti gaistoak, gurutze batean iltzez josirik, odol ta odol zeriola, ta erioaren atzaparretan uzteko puntuan zedukaten gure Jesus maitagarria; ta alere etziran asetzen: ta begiz, buruz, ta itzez egiten ziozkaten al zituzten ista guziak.— Odolez asetzen ez diran, zakurrak ziruditen gizatzar berak; ain gorrotu andiarekin begiratzen zioten Jesus maitagarriari, edo ain amurratuak zeuden Jesus onagana!

        Arritzen ote zaitu zu, nere anima, Jerusalengo eliza-gizonen, gizon andien, ta judatar jakintsu orien gogortasunak, eta itsuera onen arrigarriak?— Bai noski.— Bai?— Eta izanik, askotan beintzat, gizatzar oriena bezain andi-arrigarria, Jesus onaganako zure gogortasuna, ta itsuera, ezpaliz baño, geiago ez diozu zuk zereari begiratzen!

        Atozea zu, bekatari txar eskergabea; ta ez dago, dagoen eran, gure Jesus maitagarria, gure bekatu lizun-loi-galduakgatik? Eta zenbat aldiz zuk Jesusen neke-penak arindu bearrean zere gaizkien ziñezko urrikiarekin, egin izandu dituzu itzez, eskuz, gogoz, gorputzez, ta zuk dakizun eratan, Jesus gurutzetu beraren neke berak berritzeko ziran gauzak, edo bekatuak?— Ongi da; ta egin ez dituzu zuk oriek, gure Jesus zuk zere Jainkotzat ezagutu ezkero?

        Eta garai onetan oriek zuk egitea ez ote da judatar itsu-gogorrak baño ere, itsu-gogorragoa izatea zu, Jesus onarekiko? A zer Jesusen umeak, zu ta ni biok!

        3. Azkeneko zer gertatu ote zitzaien apezen, kargudunen, ta jakintsuen erausiak aditzen zituztenei?— Oi dena. Guti zekiten, israeldar gaisoak siñetsi zuten, apez arroak eta gañerako andi-mandi gezurtiak ziotena; ta beren erakusle gaistoekin batean, erraten zioten oriek ere Jesus maitagarriari, miira zetorkien edozein gaistakeri.

        A gurasoak! A etxeko-andre nagusiak! A kargudunak! Eta zein arrigarriak izan bear duten, zuei zeren Jaungoikoak artuko dizkitzuten kontuak, zuek zeren etxekoak, zeren umeak, edo zeren pekoak ez ongi azitzera! Bada zuen gain izain dira, bai, zuenak ezezik, oriek, zuek ekusiz, zuei adituz, edo zuekgandik ikasiz egiten dituzten txarkeriak eta bekatu guziak!

        Guziak ekusten ditu gaur gure Jesusek bere gurutze nekagarritik; eta guziak dira, Jesusek borreroen eskutik artzen dituen neke guzien anditzalleak; eta guziak zuen oben kulpak; dira alabaña edo zuek zerok egiñak, edo nolerebait zuek zerok eragiñak, edo egiten utziak.

        Gaizkiarena! An arkitzen ziran erromatar soldaduak ekusi zuten, israeldar andi-txikiak Jesusi egiten ziotena; ta oriek ere gaitzerako israeldarrekin bat egiñik, asi izandu ziran, israeldarren eran, istaka, ta burlaz Jesus onarekin; ta Jesusen gurutze ondora urbiltzen zirala, erran izandu zioten, era orretakoak orretara ezkero, erran oi dutena; ta gañerako gauzen artean, erran izandu zioten: Ori: adi zazu; judatarren Erregea baldin bazara zu, zertan zaude or, gurutzetzar orretan?

        Jaitsi zaitez ortik zu; ta artu zatzu zuk, zure Erregetasun andiari dagozkan itxurak, etxeak, eta soñekoak. Begira zagozu zuk zere buruari, ta ez dezazula ori or zuk utzi galtzera. Gaizki dirudi, Errege bat bere buruaz ezin baliatuz, zu zauden eran, illik gelditzea.— Au guzia, ta anitz geiago, adirazi zioten aldi artan Jesusi soldadutzar arroak. Eta, elkargana gero itzulirik, asiko ziran irriz, ta farraz; ta luzaro egoin ziran, Jesusi, ero bati bezala, ista ta ista egiten ziotela.

        Ekusi zuen, Jesusen bi saietsetan gurutzeturik arkitzen ziran lapurretatik batak, soldadutzar arroak ziarduketena; baita an zeuden apaizak, eta fariseoak, eta gañerako israeldar galduak, edo judu andi ta txiki guziak ziotena; ta orrek ere artu izandu zuen orien itzketa bera, ta asi zitzaion Jesus nekatu maitagarriari erriertan, iskirioz, ta istaz; ta begitan eman zion Jesus maitagarriari, an aditzen zituen baldankeri ta gaizki guziekin.— Orra erakuste ta ejenplo gaistoarena: Etxetik badoa auzora; auzotik errira; ta erritik askotan erriz erri munduko bazterrik urrutienera!

        A gaisoak zuek, orretarako bidea ematen dezutenak!— Eta eman ote dut nik ere noiz edo noiz? A nere Jesus maitagarria; ta zenbatetan!

        4. Zer izandu ote zuen bere gogoan Jesus maitagarriak, au guzia aditzen zegoen denboran?— Au aditzeko denboran, ekusi zituen, bai, gure Jesus maitagarriak Adanen bekatutik asi, ta azken ordurañoko bekatu guziak; eta geroko gizonen bekatuak ekusi zituen judatarren orduko bekatu berriak bezain ongi, ta garbiro. Eta aditze, ta ekuste onek zenbat gogortu ote zituen Jesusen ordu artako neke arrigarriak?

        Neke oriek berez ezin arrigarriagoak ziran izatez. Bada orrenbat bekaturen astuntasuna beren gañera zitzaienean, nolakoak gelditu ote ziran, edo norañokoak?

        Ekusten dezu zuk, Jesus maitagarriak aldi onetan guri agertzen digun amorea? Bada gure amorez daramatzi orain Jesusek orrenbat neke; ta neke, gure bekatuz orrenbat astunduak: eta bear baliz ori, ni nerau bakarragatik eramain lituke Jesusek nekagiro oriek guziak bein ta berriz, ta askotan ere.

        Au badakit nik; eta ez naz alere ni nere Jesusen amorez zoratzen!— Au badakit nik; eta bizi naz ni alere, bizi nazan eran? A, nere Jesus maitagarria!— Ez nekien nik au guzia, ez, orain dakidan bezala: ta damurik ez dut nik au guzia jakin izandu lendabizitik! Bada au guzia ordutik nik jakitera, ordu beretik utziko nituen nik nere erakeriak, eta asiko nintzan ni zu ziñez maitatzen!— Dakidan ezkero nik au, bertatik nai dut asi nik nere lan onetan, niri gaurdanik biziro zuk laguntzen didazula.— Lagun zakizkit bada, nere Jesus maitari-maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Et sedentes servabant eum.

Matth. 27. 36.

 

        Etzaude gaizki, ez, Jesus maitagarria, gaur gurutze orretan zu zauden bezala! Zuri dagokizun Katadera, edo Tronua da Ait-eternoaren edo Katadera bera, ta an ere Aita beraren eskoieko aldetik egotea; ta orra non ekusten zaitudan nik gaur bi gaistagin lapurren artean, gurutze orretan esku-oñak iltzen josiak daduzkatzula, ta zere buru guzia arantzazko koro batek urratzen dizula!

        Zure guardiak dira zeruko aingeru, ta kerubin guziak; eta orien ordez orra non dituzun or laur soldadu-tzar, borrero egiñik, gurutze onetan iltzen zaduzkatenak.

        Zeruko guziak zutik daude beti, edo prest beintzat, zuk nai dezun edozein gauza bertan egiteko: ta soldadutzar oriek ez daude, ez, zuk oriei erraten diezun gauzarik egiteko; ta oriek orretarako prest egon lekuan, or dautza lurrean, edo jarririk or daude beren gogara!

        Ai! ori egoera, Jesus maitagarria, soldadu oriena; ta ori egoera denbora berean zurea! Soldadutzar sendorrak, gau guzia berak nai zuten eran eraman dutenak, laur pausu eraman, ta irur iltze zuri zere esku-oñetan zeren sartu dizkitzuten, anitz enoiatuak arkitzen dira; ta, zutik ezinegonez bezala, eseririk eta jarririk daude: ta zu, gau-goiz eraman ditezkeen gaistoenak eraman ondoan, azotez, ukaldiz, ta nekez zere etsaiak erdi illa zaduzkatela, zutik zaude zere guruzean!

        Oñak josten dizkitzuu iltze baten gañean dadukazu zuk zere gorputz guzia; ta, zere eskuz zu baliatu naiagatik, josi-urratuak daduzkatzitzu biak, eta oñaze bortitz arrigarriekin oriek ere!— Orrela zaude, zu, gure Jesus maitagarria, ordu batez, ordu bidaz, ta dezun odol guzia zere biziarekin nere amorez eman artean!

        Nigatik, zuk, nere Jesus, gaur daramazuna! Eta zer ote da, nik oraindañokoan zure amorez eraman izandu dudan neke, ta naikabe guzia?— Batere bezala edo ezer-ez bat, nigatik zuk or daramazun orren aldean; bada nik zu gurutze orretan ekusiagatik, elizan nagoenean ere, egin oi dut soldadu-tzar gogor oriena, edo jarririk, eta aisa ni an egotea, ta zure nekeak anitz ni penatzen ez nautela.

        Eta elizan nik au, ta zuri ni begira nagokizula, egiten dudan eskergabe txarrak, zer egiten ote dut gañerako nere gauzetan?— Zer? Nere burua nik zure izeneko nekeekin eskura bearrean, al ditudan aisak, asetzeak, eta atsegiñak ematea.— A, zer, nigatik gurutzean dagoen Jesus maitagarriaren umea ni?

 

 

Omnes videntes me, deriserunt me:
locuti sunt labiis, et moverunt caput.

Ps. 21. 8.

 

        Dabidek urrutitik ekusi zuen, zuk gaur ekusten dezuna, gure Jesus maitagarria; ta, gaur zuri zere etsaiak egiten dizkitzuten gauza gogorrak ekustean, zure izenean dio, den guzia naigabez beterik arkitzen dela: Ekusten ninduten guziak istaka zegozkidan niri nere gurutze nekegarrira! Ara niri, nitaz urrikaldu lekuan, erran izandu zidaten, gogo gaistoak ematen ziena ta berak nai zuten guzi-guzia: ta erran alak oriek niri erran ondoan, asi zekizkidan niri, urratu-josi-penatuari keñuka begiz ta buruz; ta etziran gelditu oriek ez istaz ta burlaz berak ongi aspertu artean!—

        Baña zuk, gure Jesus maitagarria, zer egin izandu ote zenuen, orrenbat bidegabe ta txarkeri ekusten zeunden denboran?

        Begiak bildu, ta gelditu ixili-ixill, zenekienak bezala, zere gain artuak zenituela zuk gure bekatu guziak; eta oriei zegozten gauzak zirala, zuk or ekusten, ta aditzen zenituen gauza guziak.

        Eta zer egiten dezu zuk, nere Jesus maitagarria, geroztik nik ista berak berritzen, ta gaistoagoak ere egiten dizkitzudan aldietan?— Zer egiten dezu zuk, nere Jesus maitagarria, niri nere gogoak ematen didan txarkeri au, edo ura, ta zure lege onaren urratzeren bat edo beste, egiten dudan aldietan?— Zer, nik seigarreneko bear ez diran itzak, kantak, lausengak, eleak, edo erakeriak erraten ditudan aldietan?— Zer, zuk nere aserrera sutuak aditzen dituzun aldietan?— Eta zer, nik nere ibilliz, asmatuz, ta keñadaz bidegabeak egiten ditudan aldietan?— Ixillik gelditu zu, ta itzik ere atera gabe.

        Zergatik au onela? Niri zuk erakusteagatik nai ez nuken gauzaren bat ekusten dudan aldietan nik neronek egin bear dudana.

        A! ikas baneza nik orain badere, zuk gaur erakusten didazun au, nere Jesus maitagarria! ta utz banitza nik orain, oraindañoko nere txarkeriak, ta oben-kulpak!

        Ori da, nere Jesus maitagarria, zuk oraingo zere egoera umil-ixillarekin eskatzen dezuna, ta nik egin bearra: izan nai badut nik zure erakoa, ta zerurako dauden zure umeetatik bat. Ala gerta dedilla; bai arren, bai!

 

 

Et lingua eorum gladius acutus.

Ps. 56. 5.

 

        Nai ez luken itz batek erdiratzen dio bati bere biotza, aditzen duenean itz ori anitzen artean, beintzat oriek orduan ura ontzat artu, ta istaz ta irriz abiatzen bazaizka.

        Eta zer izain lizuke, itz orren aditzalle guziak elkar arturik, betetzen balute denbora berean bera itz gaistoz, naigabe latzez, ta burlaz, ta irriz!— Orra bada, orra gaur gure Jesus maitagarriari gertaturikakoa!

        Itsasoak ur gazi adiña neke ta oñaze duela dago gaur gure Jesus maitagarria bere gurutzean; ta oriez urrikaldurik, negarrez egon bearrean, Jesusi begira dagozkanak, istaka dagozka guziak; eta erraten dioten, itz bakoitzarekin, ezpata zorrotz batekin bezala, igarotzen diotela bere bioz guztiz minbere maitagarria.

        Andiak ziran, bai, bere ekuste, ta aditze onetatik Jesus maitagarriari zetozkion naigabe-nekeak: baña agitz eta agitz andiagoak ziran beste ekuste batetik zetozkionak.

        An aldakan zedukan Jesusek bere Ama maitagarria. Bere Aita Eternoa ezpazen, etzen arkitzen Jesusek Ama an bezain maite zuen gauzarik bat ere; ezagutzen zuen Jesus maitagarriak, bere Ama onek au aditzen zituen gauzak ezin geiagoraño miñduko ziotela bere biotz minbere guztiz maitagarria: ta bere Amaren miñ arrigarri onek, bere min guziak baño, neke ta oñaze geiago eman izandu zion Jesusen biotz beratx-urrikalti maitagarriari; bada, bere Amari zion amorea ezin andiagoa zen; ta, Amari zion amorearen erakoak ziran Jesusen neke-oñazeak; eta orregatik ziran ezin andiagoak.

        Eta zuk zer diozu, Jesusen Ama maitagarria, zere Seme Jaungoiko-gizon obenbageko Jesus onenbat oñazerekin ekusten dezunean? Zer emain zenuke zuk, bere oñaze orien zati bat badere Jesus nekatuari orain zuk kentzeagatik? Emain ote zenuke zuk zere bizia, dezun odol guziarekin?— Bai, ta Jesusen gurutze berean iltzez josirik urratzen zinduztela ere!

        Siñisten dut, bai: badakit alabaña, bai, dakizula zuk nor den Jesus; bai dakizula zuk Jesusi zor diozun amorea; ta zure ezaguer onen erakoa dela zuk Jesus berari diozun amorea; ta zure amore au dela, mundukok izan dezaken andiena baño agitz andiagoa.— Eta nolakoa ote da, nere anima, zuk Jesus berari, ta onen Amari diozun amorea?— Ezin txarragoa!

        Eta ori orrela zuk, Ama Semeak zugatik daramatena ekusi ondoan?— Bai bada!

        Zergatik ori zuk orrela?— Zeren nere bekatuak ur egiñik dadukaten nere biotz txar galdu au; ta artu nai ez duen zeruko amorearen su au, era onetan arkitzen den biotzak!

        Urtu zaitez bada zu damuzko negarrez, idortu dakizun lenbaitlen zere biotza, gero zu Ama-Semeen amorez errerik gelditzeko: ta, orretarako, asi zaitez alik zinkiena orain erraten: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa