www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXVII.garren OTOITZ-GAIA

ONGI KOMUNIATZEN DENARI
LAGUNTZEN DIO JESUSEK
BERE ETSAIEN LAN GAISTOAK URRATZEN

 

        Anima batek bekatu larri bat egin ezkero galdu du zeruko grazia, zeruko bizitza, ta bere Jaungoikoaren adiskidetasuna. Eta baldin sulezeko bere etsaiak eragiten badiozkate anima berari bekatu berriak, bekatu berrietara oit-erazten dutela, egiten diozkate, gaitz orren gain, beste irur lan gaisto edo gaitz ere; oriek dira anima bereko zauri itsusiak, ezkabi izugarriak, eta flaki andiak.

        Eta gero anima bera bere konfesionean zeruko graziaren bizitzara ta bere Jaungoikoaren adiskidetasunera itzuliagatik, ez da bertan sendatzen, ongi beintzat, irur bere gaitz edo eritasun izugarri orietatik; gelditzen zaio gure Jesus maitagarriari egiteko au ere, bekatari, Jaungoikoaren grazira itzuli dena komuniatzen den aldietarako.

        Baña komuniatzen bada era onetarako bekataria, guztizko bere sendatze au ziñez nai duela, ematen dio (ta anitz luzatu bage) bere animaren guztizko osasuna Jesus maitagarriak. Nola uste dezu? Goazen ekustera.

 

 

A.

Ongi komuniatzen denari laguntzen dio
Jesusek bekatuaren zauriak sendatzen

 

        Gaitzera zenbait denboraz oiturik bizitu den bekataria gelditu oi da, ongi gero konfesatuagatik, bere gorputzeko ezurrak autsirik, edo zauriz ta zuloz beterik gelditu den gizon erdi-ill baten eran. Era onetan gelditzen den gizon au, igitzen bada dagoen tokitik, arrastan dabil ta neke andiarekin, dabillen bide piska ere: baña geienean, ekusirik bere ezer-eza, ta igitzetik datorkiona, neke ta oñaze gutiagorekin egon naiez, geldi-geldirik egon oi da, bere gaistagin gogorrak iutzi zuten tokian: ta norbaitek laster an ari ez laguntzera, an bertan iltzear da.

        Era berekoa da anima bekatari konfesatuberriari gertatu oi zalon lenbiko lana, ta neke izugarria.

        Bekatuz bekatu ibilli izandu den, ta gaizkira gaizki oiturik arkitzen den anima, egon oi da bere adimentua ta bere naibidea, edo borondatea, beren erako zauriz agiz beteak daduzkala, edo egon oi da gauz onak ekusteko, Jaungoikoak emanik duen bere barua, bere adimentua, ta ezaguera, lañotan bezala daduzkala, ta, ekusi bear lituken gauzei gutitan, ta guti begiratzen diela.

        Eta zer dela, uste dezu zuk, anima gaizki oituari ortik datorkiona?— Zeer? Anima beraren naibidea, naimendua, edo borondatea gauz onetarako lotan gelditzea; ezin billa dezake alabaña ezagutzen ez duena; ta ez du ezagutzen, bere adimentuak agertzen ez dionik.

        An gertatzen zaion denboran erraz, aisa, ta arin joaten zaio anima gaisoari bere gogoa, bear ez diran lanetara: ta aisa gelditzen da anima lan txar orien artean, norbaitek ez iratzartzera, edo zenbait izu-aldirekin, edo bere Jaungoikoaren maitagarritasuna garbiro agertzen diola.

        Baña nor, edo zein izan oi da, era urrikalgarri onetan arkitzen den animaren iratzartzallea?— Gure Jaungoiko maitagarria, libruz batzuetan, predikariz, ta konfesariz besteetan, ta bertze zenbaitetan illez, biziz, edo berak obeki dakien eran: ta, zenbait aldiz beintzat, anima beraren komunione ondoan.— Garai, edo adiuntz au, da alabaña orretako, ta anima gaisoaren zauriak sendatzeko, garai guztiz egokia. Au da guri gure Jesusek bere parabola batean adirazten digun egia.

        Gizon bat zijoan bein (dio Jesus maitagarriak bere parabolan) jerusalendarren artetik, Jeriko zeritzan erri batera. Lapur zenbaitek, bere bidera aterarik, utzi zuten gizon au erdi illa, ta zuloz, zauriz, eridaz, ta odolez guztiz betea; ta utzi zuten, berekin zeraman guzia kentzen ziotela.— Ukaldikatu zuten, lapurrak utzi zuten toki berean, ta lapur berak iutzi zuten eran egondu zen bere zauri, zulo, ta oñaze guziekin. Samaritar urrikalti bat an agertu artean, apez, edo sazerdote batek lenago ekusi bazuen ere.

        Samaritarrak, era artan ura ekusi zuenean, artaz urrikaldurik, egin izandu zion al zuen on guzia. Geldirazi zuen zerion odola; garbitu ziozkan bere zauri ta zulo, edo erida guziak, eta lotu izandu ziozkan bear zen eran, edo bere olioarekin, ta ardo-txortarekin.— Eraman zuen gero ostatu batera bere asto gañean; maneatu zuen an, alik ongiena, ta iutzi zuen au urrengo bere etor-aldiraño, bere jan-edanetarako, ta senda-gaietako bearko zuena ematen ziola.

        Ekusten dezu? Orra bada, gure Jesus maitagarriak, ongi komuniatzen den anima bekatariarekin egin oi duena.— Jerusalen da anima obenik bagea, edo bekatu larrien loirik bage, ta zeruko graziaren osasunarekin dabillena.— Jeriko da bekaturatzen diranen lekua, edo tokia. Bideko lapurrak dira, anima beraren irur etsaiak, eta pasione galgarriak. Pasione etsaiak bear ez den bideren batean artzen badute bidez dabillen anima, betetzen dute bekatuaren zauriz ta zuloz; ta galeratzen diozkate zituen, bere Jaungoikoaren grazia, Espiritu Santuaren zazpi doaiak, birtuteen ondasunak, eta zeruko indar geienak, eta bere irabazi edo merezimentu guziak.

        Bizturik eta bizirik, edo zeruko graziarekin utziagatik gero apezak andik igarotzean, edo konfesatzen duenean anima bekatari au, ez diozka kentzen, guztiz beintzat, bekatuen zauri-zuloak, edo barreneko bere eritasunak.

        Orretara datorkio aldareko bere Sakramentuan Samaritar bat, edo nork zaitu ez dutenen zaitzallea (ori da itz orrek erran nai duena); edo datorkio Aita eternoaren Seme-Jaungoiko-gizon gure Jesus maitagarria: eta, Samaritar onek, edo gure Jesus maitagarriak ekusten dituenean komuniatzen denaren animara bere etsaiak, bidera aterarik egin izandu diozkaten bekatuen zulo ta zauri arrigarriak urrikaltzen zaio, dena bezala, ta Jaungoikoari dagokan eran.

        Ematen dio Jesusek, era orretan dagoen animari bere olioa; edo adirazten diozka len berak berari egiñikako ontarteak, eta orduan berriro egiten diona bere etortzearekin, datorkion bezala, aldareko bere Sakramentuan.

        Adirazten diozka Jesus maitagarriak gure Jaungoikoaren izate andia, Esku ta Jakiunde ezin andiagoa, ta beraren maitagarritasuna, ekuste leun-eder onen argiarekin aiena ditzan animak bere buruko lañoak eta lilurazioak, eta igirazi dezan bere biotza, bere Jaun andi-eder-on altsu au maitatzen aritzeko.

        Denbora berean ematen dio gure Jesus maitagarriak, ongi, kontuz, ta bear den eran komuniatzen den anima, len bekatuetara oituari bere ardoa, ta oñaze-bidea, edo agertzen diozka berak len eginikako bekatuari zegozkan nekeak, eternidade guziko suak eta garrak, eta suleko urratze, min, ta kezka arrigarriak; nolerebait bidenabar erraten diola; A zu zere buruaren galgarri-gaisto, anima zentzugabea! Orra nora bearra ziñan zu, ni zutaz urrikaldu nazan eran ez urrikaltzera!

        Zergatik utzi zenuen zuk zere Jerusalen, edo nere grazia, ta adiskidetasuna? Zergatik joan izandu ziñan zu Jeriko-bidez, edo bekatuz bekatu, ta gaizkiz gaizki! Zergatik egiten zenuen zuk, zere etsai amurraruak eta zure pasione sutu-lizunak nai zutena?

        Orra ortik zuk atera dezun ondasun andia! Orra nola zauden zu, ta zenbat zauri izugarrirekin onara zu edo komunionera, urbiltzen zaranean.

        Baldin isiltxorik egoten bada komuniatzen den bere aldietan, len gaizki bizitu zen anima, ekusiko du nola Jesus maitagarriak maneatuko diozkan bere adimentuko, ta naibideko zauriak ard-oliozko enplasto guztiz egokiarekin, edo ekusi ditugun onezko ta beldurrezko gauzen zeruko berri onarekin; eta, baldin anima berak berariaz bekatuz berritzen ezpaditu bere zauri berak, anitz luzatu bage, sendatuko dira guziak, eta, eritu ezpaliz bezain ongi geldituko da anima, dio san Zirilok: in nobis manet Christus, aegrotos curat, collisos reintegrat (lib. 4. in Ioan, cap. 17.)

        Orra Jesusi, ongi komuniatzen den anima bekatariak zor dion lenbiziko sendaera. Eta orra, orregatik, Jesus maitagarriari anima berak zor diona! Zorraren atsegiñezkoa! Zorraren on-andi maitagarria!

        Askotan artu ote dezu zuk, an aditzen dezun anima, gure Jesusen ontarte ta sendagai on eder au? Bai? Ez dezu beraz utzi zuk zere Jerusalen, edo zere Jaunaren grazia, ta zeruko deretxa, beintzat zure sendatze onetan gure Jesusek bere esku leunak erabilli izandu zituen zure komunione alditik. Ez dezu beraz geroztik zuk egin bekatu berririk batere, larrietatik beintzat?

        Bai? Egin dituzu zuk, arrezkero ere, zenbait bekatu berri, oben ta kulpa? Beldur naz, bada, komuniatu ziñala zu zere Jaungoikoaren graziaren bizitzarik bage; edo komuniatu ondoan egondu ziñala zu bazterrei begira, edo Jesusek adirazi nai zizunik aditzen etzenuela; ta elizatik atera ziñala gero zu, zere adimentuko ta naibideko, edo biotzeko zauriak ongi lotu bage, ta odola zeriezula, edo ao-begi-bearriak lurreko gauzetara makartuak zeneramatziela, edo zenekartziela.

        Ala da egia, nere Jesus on-maitea! Komuniatu ondoan, egon oi naz, geienetan beintzat, ni, nere asmo ta gogo guzia barraiaturik dadukala, ta zertan nagoen ere oartzen ez nazala; ta ateratzen naz ni elizatik, zure itzetxo bat ere aditu bage, ta elizan sartu nintzanean bezain otz-galdua.— Orrekin gero nere begi-adimentuak joan oi dira lurreko gauzen ondoren, ta gelditzen naz ni len bezain lañope izugarrian, zeruko zure gauzak ekusteko, ta zu nik ziñez emen maitatzeko.— Beldur naz, au berau gerta dakidan urrengo nere komunioneetan ere, zuk, nere Jesus maitagarria, nere zaurlei ez ematera anitz ozpin-ardorekin, edo izu-aldi ta beldur biziekin. Egizu zuk orain au, nere Jesus maitagarria, ala badere senda ditezen bekatuaren nere zauriak; bai arren, bai!

 

 

B.

Bekatariaren ezkabi izugarria
sendatzeko da ongi,
ta maiz komuniatzea

 

        1. Gaitz gaistoak ekarri oi du gaistoagoa; ta agitz gaitzago da, dakusazun bezala, gaitz bata ta bestea dituena ongi sendatzea: ta ori da, bekatuz bekatu ibilli den animaren neke ta lan izugarria.

        Gaizkitik gaizkira dabillen animak, leneko bere zauriak sendatu bearrean, berritzen ditu zauri berak, berriro bekaturatzen den aldietan; ta bekataria maiz orretaratzen dela, ta bere zaurien orrenbat berritzerekin, ager-erazten du, ezkabiaren izena eman dakikeon gaitz izugarri guztiz zikin bat, eta kentzea agitz gaitz den gaitza, edo eritasuna.

        Zer gaitz, edo zer eritasun dela uste dezu zuk, eritasun gaisto, bekatariari onen bortizki itsasten zaion eritasun edo gaitz-era au?— Au da gaitzerako griña makur bat, eta oitura edo kostunbre gaistoa; ta kostunbre, oitura edo gaitzerako griña makur gure gogo galduak guztiz nai duena; ta orregatik da gaitzerako griña, makurrera, edo oitura, bekatuaren zauria baño agitz izugarriagoa, ta kentzeko agitz gaistoagoa.

        Gaitzera gu gerez makurtuak gara geren gaztetasunetik; eta gaitzerako geren griña gaistoarekin arkitzen gara, zakur izteria eizirako bezala. Eizirako diran zakurrak, edo zakur isteriak, gutiren bat azkartzen asi orduko, eizira naiez daude, ta, artarako bidea duten guzietan arrastoan dabiltza.

        Lendabizirik eragozten bazaie zakur isteriei beren eizi-bidea, ta nai duten beren lan ori, edo zigorrarekin, edo katez ongi loturik etxe zaitzan beti idukitzearekin, edo era bereko zerbait beste gisatara, ez dira gero anbat eizi-zaletzen, edo aisa uzten dute beren eizi guzia. Baña eizira bein ongi zakur oriek oitu ezkero, etzaie kentzen bein ere beren eizira-naia, ta arako beren makurrera, edo griña.

        Ala gu ere: geren gaztetasunetik oitzen bagara gaitzetik urrun bizitzera, eliza zaitzera, edo elizako ta deboziozko gauz onetara, aisa zuzentzen degu guk gaitzerako genuen geren makurrera; ta joaten zaizkigu guri gaitzera bage, urteak eta urteak, eta bakan geroz gaitzeratzen gara, edo bein ere ez.

        Baña lendabizitik, edo geroiseago oitzen bagara gu gauza gaistoetara, edo oben-kulpetara, aunditzen zaiku guri gaitzerako geren griña, ta makurrera, ta itsasten zaiku andik laster oikura gaistoaren ezkabia; ta guztiz gaitz da geroz geiago onera guk geren biotzak zuzentzea, ta geren adimentu-biotz-animak bear den eran sendatzea, edo gaitzak eta bekatuak bear bezala guk geroz uztea.

        Bere bekatuak, eta gaitzera guziak ziñez iutzi nai dituenari agitz laguntzen dio gure Jesus maitagarriak, ongi komuniatzen den bere aldietan; ta, era orretan orrek ori maiz egitera kenduko dio, bai, gure Jesus maitagarri berak bere ezkabi izugarria, ta bekaturako bere aztura gaistoa.

        Baña orretarako egin bearko du bekatariak, Jeriko bidean galtzeko zegoenari samaritarrak eragin izandu ziona; edo bere gorputzaren oin gaiñean (au da, zentzu bageko, gure astoa) eraman bearko du bere anima ostatu on batera; edo, bekaturako bere bide gaisto makurrak utzirik, artu bearko du elizarakoa, toki onetarakoa, ta lagun gaistorik ez den bazterretarakoa.

        Eta gero bizi bearko du bere toki on, edo ez-zikingarri orietan gure Jesusek nai dituen gauza sendatzalleak, edo bere anima eriaren sendagaiak edo erremedioak zuzen-zuzen egiten dituela.

        Au egiten badu, gaizki oiturik dagoen bekatariak; oituko da, gerozko bere aldietan egin bearko dituen gauz onetara. Era orretan erdisten duen bekatariaren oitura onak garaituko ditu bekatari beraren aztura gaistoak, eta geldituko da bekatari len gaizki oituaren anima, len zituen ezkabi izugarriak edo oitura gaistoak bage.

        2. Era onetako bekatariaren lenbiziko komunionean ken lezake gure Jesus maitagarriak bere bekuetatik bekatariari gelditu zalon ezkabi lizun, edo oitura gaisto au ta utz lezake bekatari beraren anima on aldera guztiz itzulia.

        Ala egin izandu zuen len gure Jesus maitagarri berak san Pedro apostoluarekin; ta ala egin izandu du geroztik beste zenbaitekin ere: ta orain ere ori bera egin dezakela guri adirazteko da, Jesusek berak, giz-artean bizi zen denboran, egin izandu zuen gauza bat.

        Anitz jenderekin arkitzen zen batean, atera zekion gure Jesus maitagarriari bere bidera, ezkabi zikiñez, edo lepraz beterik arkitzen zen gizon bat, eta belaunikaturik, eta bere buruarekin lurra ukitu arterañoko agur andi bat egiten ziola, erran izandu zion; Jauna, zuk zere eskuan dadukazu, nagoen eran ni orain egonagatik, gaur bertan zuk ni sendatzea, edo garbirik uztea.

        Urrikaltzen zaio eriari Jesus maitagarria; luzatzen dio bere eskua; ta ukitzean, erraten dio: garbi zaitez bada, ta au Jesusek ari erran orduko, gelditzen da ezkabidun gaisoa batere ezkabirik bage, ta osasun oso-osoarekin.

        Berebat egin lezake noiznai gure Jesus maitagarriak bekatarien animako ezkabiarekin ere; baña ez du Jesusek, ez, beti ori egin oi.

        Zergatik uste dezu?— Zeren bekatari, animako ezkabidunak, zenbait aldiz komuniatzera joanagatik, joaten ez diran beren sendaera orretarako Jesusek eskatzen duen prestaerarekin: ta zeren nai duen gure Jesus maitagarriak senda ditezen era orretako bekatari ezkabidunak, berak beren buruei laguntzen diela, lagundu zion bezala orain ekusi dugun gañeko bere ezkabiarekin arkiten zen gizonak.

        Au bera egin zuten beste batean beste amar ezkabidunek ere.— Amar ezkabidunek eskatu zioten aldi batez batetan gure Jesus maitagarriari, urrikal zekiela arren, ta senda zitzala guziak: baña urrutitik eskatu zioten au, ta ojuka; ta etzituen ordu berean an oriek sendatu. Zijoazela erran izandu zien, beren osasunaren eske apezetara, edo sazerdotetara.

        Artu zuten amar ezkabidunak Jesusek beren osasunerako berezi zien bidea; ta oriek ori beren aldetik egitean, ta beren bidean zebiltzala, gelditu ziran ezkabirik bage guziak. (Luc. 17. 12.)

        Zabiltza bada, zu ere, Jesusek zuri erakutsirikako bidez, ta birtutez birtute; ta bertan, edo bere-bereala ez izanagatik, galeraziko dizkitzu, bai, azkenerako zere aztura gaistoak, eta geldituko zara zu batere gaitzik bage.

        Pozik ibilliko naz ni, nere Jesus maitagarria, zuk nai dezun eran, didazun gero zuk, deritzazunean, orain nik billatzen dudan osasuna: ta ibilliko naz ni alik ongien-ongiena, ta oraindañoko nere pausu galgarriak negarrez urratzen ditudala, ta zuk nai dezun guzia zuzen-zuzen egiten dudala.— Zorionekoa ni, ala badere (ta naiz dela anitz nere komunionearen buruan) erdisten badut nik, nere animan ezkabi gaistorik edo aztura makurrik bage gelditzea: bada ori nik beranduiseago badere erditsi ezkero, erdisiko dut nere Jaungoikoaren graziaren osasuna; erditsiko dut ongi sendorturik gelditzea, ta, gerozko denboretan gauz on anitz egiteko bidea.— Nere aldetik ezpada utsegiterik nere Jesusek nigandik nai dituen gauzetan, erditsiko dut nik au guzi-guzia; bada prest zaude zu, nere Jesus maitagarria, nik nere komunionetan, ta beste orduetan ere, bear bezala eskatzen dizudan aldioro zuk niri emateko, orretarako bearko dudan zure laguntza ta grazia.— Egiñen ote ditut nik gaurgero, oraindañokoan bezala, utsegite berriak?— Beldur naz baiez nere ondoren ez ibiltzera zu, nere Jesus maitagarria, zere gogargiekin, ta biotz ukaldiekin maiz-maiz ematen didazula. Urrikal zakizkit, bada, ta zabiltza era orretan; bai arren, bai!

 

 

C.

Ongi komuniatzen denaren
flakiak kentzera dator Jesus
aldareko bere Sakramentura

 

        Gaizkira, edo biziera gaistora oitzen den bekataria, gelditu oi da elbarri baten eran, gauz onetarako, edo gelditu oi da flaki andiarekin, ta lan onetarako orrenbat gogo, edo gogorik batere ez duela.

        Ongi komuniatzen denetan, bere Jesusen eskuetan dago bekataria; ta bere eskuetako bekatari au maneatzen du Jesus maitagarriak, samaritarrak ostatura eraman zuen bere eria bezala; ta samaritarrak ostalariari bezala ematen dio Jesus maitagarriak ongi komuniatzen den bekatariari, urrengo etor-aldiraño, edo lenbiziko bere komunioneraño (baldin luzatzen ezpadu geiegi beraren lenbiziko, edo urrengo komunioneak) bearko duena, edo ematen dio Jesusek, bere gauzak zuzen ta bear bezala egiteko, bearko duen bere laguntza ta grazia.

        Eta bitarte artan irauten ezpadu bekatariak bere lan onetan, edo bere gauz onetan, ez da flakiaz izain, ez, baizik beraren nagitasunez, beraren alferkeriz, edo beraren berriz bere gaitzera naiez: ta Jesusek, bere komunione onean eman zion laguntzarekin egiten ezpaditu egin bear diran gauzak, edo Jesusen laguntz au aldebat utzirik egiten baditu, egin bear ez diranak, eskergabe gaisto bat izain da, anbat Jesusi zor dion bekatari txar eri au; ta, Jesus beraren parabola bateko nekazari batzuek bezain galgarri gaistoa.

        Bere masti, edo ardantze berri baten jabeak eman izandu zien au zenbait urtetarako nekazari batzuei. Bere denboran jabeak igorri zituen nekazari orietara sari eske bere mutillak; eta igorri zituen, bein ezezik, berriz ta berriz, ta geiagotan ere: baña ardantzea zuten nekazariak esker-gaistoarekin itzultzen ziozkaten jabeari bere mutillak; eta azkeneko aldian illak utzi zituzten jabearen mutill eskale guziak.— Alere etzien jabeak nekazari borrero, edo illtzalle gaistoei gaitzik egin izandu; ta, presondegiren batean oriek sarrerazi, ta urkabean itoak utz erazi lekuan, igorri zien nekazari zordun berei bere Semea, au obeki artuko zutelako ustean.

        Baña gizatxar gaistoak, beren nagusiaren edo ardantze-jabearen seme au urrutitik ekusi orduko, ara, erran izandu zuten; ara bere Aitaren ondoren ardantze onetaz jabetu bearra. Ots, bada, ill dezagun ura, ta gurea da geroztik aren mastia, edo aren ardantzea.— Egiten dute beren erran galgarri au; ta, bidera aterarik, iltzen dute beren jaunaren seme maitea.

        Orra zein eskergabeak aldi artako nekazari oriek! Eta orra, (ongi oartzen bazara) orietatik bat zu zerori ere! Bada Jesusen parabolako masti edo ardantze ori zure anima da; ta zure anima orren Jabea, Aita eternoa.

        Eman zizun zuri zere Jaungoikoak zere animako ardantze edo masti ori, zuk ongi meneatzen zenuela, ekarri zitzan mats ongi umotuak, eta edari onak Jaungoiko beraren mairako, edo anitz irabazi on ta merezimentu zerurako.— Bidaldu, edo igorri ditu gure Jaungoikoak (eta anitz aldiz alere) jaki ta edari on, edo irabazi ta merezimentu orien eske, batzuetan bere predikariak, eta besteetan zure konfesariak, eta kargudunak: baña esker gaistoa, gogortasuna ta aienazioa baizik eraman ez dute zugandik batak eta besteak.— Igorri zizun Jaungoiko berak zuri len, gizon egiñik, eta geroztik zere komunionean, bere Seme Jaungoiko Jesus maitagarria; ta, zuk ori ongi artu lekuan, eman izandu zenion len zere bekatuz gurutzeko eriotza, geroz, san Pablok dionaz, gurutzeratzen dezu Jaungoiko-seme Jesus bera, gaizki zu komuniatzen zaran aldi guzietan.— Gauza guztiz arrigarria! Zuk zere gauz onetarako dituzun flakiak zuri kendu naiez etortzen zugana zure Jesus maitagarria, zu komuniatzen zaran aldi guzietan; ta bein ere zuk utzi nai ez gauz on orietarako zere flakiak!— Zuri zere lan onetan laguntzera eldu zure Jesus maitagarria, zuganatzen den aldi orietan; ta zuk, zere Jesus maitagarriaren laguntz indartsu ona artu bearrean, artzen Jesus bera, zere animako gurutze gogorrean, zere bekatuen iltzez josirik uzteko! Au ez da eskergabe gaistoaren lan guztiz itsusi-arrigarria?

        Ekusten du orain Aita eternoak zure lan gogor-gaisto-galgarri au; ta ekusten ditu bidenabar, edo zure langiro errebes onekin batean, len zuk egin izandu dituzun era bereko beste guziak ere: ta au guzia batetan Aita eternoak ekusi ta ere, isil-isililk dago Aita eternoa, ta ematen ez dizula zuri dagokizun ta ongi-ongi irabazia dadukazun beti-betiko sulezea.

        Baña ematen badizu zuri au, lenbiziko bekaturatzen zaranean, baldin artaratzen bazara zu?— Galdua ni eternidade guzirako!

        Ez, Aita eterno maitagarria, ez arren orrelakorik, ez! Ez dut berriz nik egiñen sekulan era orretako bidegaberik, ez. Artuko dut nik, bai, ta pozik alere nere Jesusen laguntza. Egiñen ditut nik, eta zuzen alere, egin bear diran gauza guziak; eta igorriko dizkitzut nik Jesus beraren eskuz guzi-guziak. Barkatu arren oraindañokoa, nere Jaungoiko maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Omne caput languidum, omne cor moerens...
vulnus, livor, plaga tumens: non est circumligata,
nec curata modicamine, neque fota oleo.

Isaiae. 1. 5.

 

        Ai anima gaiso bekataria! a bekatuz beterik arkitzen zaran nere anima! Nik ez dakit nola zauden zu, zauden bezain aisolakabean, ta beldur geiago ez dezula! Ez dezu zuk zere burutik oñetarañokoan, ongi nai dizun zatirik batere: ez dezu zuk, ez, eri ta gaizki ez dadukazunik erdi bat ere.

        Zauriz ta zuloz beteak arkitzen dira diranak; eta, gañerakoak baño ere agitz gaizkiago arkitzen dira zure buru-biotzak, edo zure adimentua, ta zure naibidea edo borondatea; bada argi guti du zure adimentuak, eta erdi-itsutua arkitzen da bere Jaunaren gauzak ekusteko; illunbetan bezala dabill, ta beti makur zure naibidea edo naimentua, zure biotza, ta borondatea; ta alakoak dira zure asmoak eta gauza guziak: guziak galduak, eta galgarriak!

        Ez dio niork ere bere zaurietan olioz eman nai zure animari; edo ez du zure animak berak nai eman dezon iñork olioz, argiz, edo senda-gaiez, bere begiak sendatzeko; era artarako zure Jesus zugana urbilduagatik, zu komuniatzen zaran zere aldietan, zere burua jiratzen diozu zuk beste gauzetara, ta ez diozu begiratu nai zuk, Jesus maitagarriak eman nai dizun argi ederrari, ez eta, bere gogargiz agertuko lizkitzun gauzei ere; ta gelditzen zara azkenean zu zere illunbean, ta zere gortasunean.

        Orrekin egiten dute zutaz zure etsaiak, berak nai dutena; ta, zure barren guziaz jabeturik, ateratzen dituzte zure anima gaisoan arkitzen dituzten ondasunak, eta uzten dute au bere Jerikorako bidean, edo sulezerakoan, ezer-ez bage, ta zauriz dena, ta zauriz bete-galdua.

        Orra zein ederki arkitzen zaran zu, nere anima galduegia! Eta era orretan arkitzen zara zu, zeren zuk berariaz uzten dezun zere Jerusalengo toki garbia, ta artzen dezun zere galbidea, edo, bear ez den jostaketa, itzegitea, jan-edana, jokoa, edo lagun galgarria.— Zere ibillera galgarri ta lagun oriek zuk ez uztera, ez dira sendatuko, ez, zure zauriak; eta galduko zara zu eternidade guzi-guzirako.

        Ez arren, nere Jesus maitagarria, ez! Utzi nai ditut arras guziak, nere lan onetan niri zuk laguntzen didazula.— Atoz, bada, nigana; atoz, nere Samaritar, edo laguntzalle on egiñik aldareko zere Sakramentuan, ta nere komunionean; ta atera nazazu zuk, zuk zerorrek nai dezun tokira. Egin nai dut nik gaurdanik zuk zerorrek nai dezuna, ala badere ni sendaturik gelditzeko, ta zauririk bage; ta gero zure ondoren arin, ta zuzen-zuzen ibiltzeko. Atoz bada, atoz, Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Vae vobis... Quia mundatis quod deforis est calicis...
intus autem pleni estis rapina, et immunditia.

Matth. 23. 25.

 

        A! ta zenbat sartzen diran elizetan, ta zenbat eta zenbat dabiltzan jend-artean, ederki jauntziak, bai, ta garbiro apainduak, baña denbora berean barrendik ustelduak eta zikindu-galduak!

        Iduri onekoak dira oriek emengo gizonen begietan; baña zeruko aingeruak begiratu ere nai ez die era orretako jendeei, ta gaude berak Jesusek begitan artuak daduzka; ain beltz itsusi-zikiñak arkitzen dira oriek beren adimentutik borondaterañoko basterretan, ta beren anima guzi-guzian!

        Ezkabi egiñak dirudite jenda-giro oriek, burutik oñetarañoko beren gauza guzietan. Gaitzera guztiz makurtuak arkitzen dira jendagiro berak, eta aztura gaistoz guztiz lizunduak; eta nork nai dezu zuk artu dezan, era orretako ontzi batean ematen zaion edaria, edo, gisa orretan arkitzen denak egiten duen gauza, naiz dela aintzura, edo iduri guztiz ederrekoa.

        Era orretan arkitzen ote zara zu ere! Ala bada, zure urrikalgarria! Zoaz zu lenbaitlen, zoaz zere konfesioko iturrira. Zoaz zu; baña zoaz damu ederrez jauntzirik, eta bekatuaren loikeri guzia konfesari on baten oñetan uztera; ta zoaz gero, umilki zere komunionean Jesusi eskatzera, garbi zaitzala zere bekatu guzien loietatik, eta, oriek berak zure adimentuan, ta naibidean edo borondatean utzi dizkitzuten aztura gaistoetatik, eta orien sarna itsusi, ta ezkabi izugarrietatik.

        Baña artuko ote nau ni nere Jesus Jaungoiko-gizon maitagarriak, anbat aldiz nik ura aserretu dudan bezala, aserretu ondoan?— Baita geiagotan ta geiagotan aserretu bazenu ere, umilki bazoazkio zu, ta berriz era orretako aser-biderik berari ez emateko asmoan.— Gure Jesusen onegia! Pozik joain naz, bada, ni, ta alik lasterrena, orrenbat on ta garbitasun eder nik nere anima gaisoari emateagatik.— Izan baledi oraingo nere garbiera, bein ere berriz ez galtzeko, biziko nazan nere denbora guzian! Ala gerta dedilla nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Aprehende arma, et scutum.
Exurge in adjutorium mihi...
dic animae meae: salustua ego sum.

Psal. 34. 2.

 

        Orra nere Jesus maitagarria; orra nola nagoen ni, nere etsai amurratu galduak ni galdu ninduten ezkero; ta nik neronek bekatu lizunak bekatuen gain egiten nituela, aztura gaistoz beterik eta indarrik bage bezala gelditu nintzanetik!

        Malkorrak dira, erortokiak dira, ta galbideak non-nai nik mundu onetan arkitu oi ditudanak; eta emengo toki guziak arkitzen ditut nik, etsai indartsuz guztiz beteak.

        Zer dagiket, bada, nik, ni orien eskuetara ezkero, bakarrik banoa ni ara, ta lagunik bage?— Illa gelditu, edo bekatu berrien zauriz, len baño ere agitz beteagoa, ta urrengo aldietan zer egiñen ote dudan ez dakidala!

        Au gerta ez dakidan niri, nere Jesus maitagarria, urrikari nauzun ezkero, nauzun bezala, artu zazu zuk orain bertatik niganako bidea; ta atoz laster, niri nere etsaiak garaitzen laguntzera; ta atoz orretarako komunione on garbi batean nere baitara, nere ezer-eza ta gabea alderagotik zuk ekustean, laguntz-indarsuago bat niri ematera.— Zu nerekin, ta nere alde ekusi ezkero, ez da etsairik, igesiari emain ez dionik; ez da etsairik, nere indargabeari ta flakiari begiratuko dionik; badakite alabaña, nere etsai amurratu gaistoak zuk ongi, ta dezakezun eran niri laguntzera, noiznai nik berak fite ta aisa garai ditzakedala.

        Anitz da, bai, nere Jesus maitagarria, nik orain zuri eskatzen dizudan eran, zere laguntz indartsu au ziñez eskatzea; ta ez nintzake trebe ni nere eskaer andi onetarako, nik dakidan bezain ongi ezpaneki, zein emalle luze ona zaran zu, naiz dela len aserreturik iduki zaituztenendako; bada den gaistoenari ere, bere gaizkiaz ziñez damutzen zaionean, zuri ark ori eskatu ezkero, bertatik zuk barkatzen diozkatzu bere obenak, bere txarkeriak, eta bekatu guziak; eta ematen diozu, bere gauzetarako bearko duen zere laguntza ta grazia.

        Ori bera da, nik orain zuri eskatzen dizudana, ta eskatzen dizut, erditsiko dudalako uste osoarekin; bada eskatzen dizut, begitan arturik nere oraindañoko bekatu guziak; eta alik ziñezena erraten dizadala: Nere Jesukristo Jauna: etc.

 

aurrekoa hurrengoa