www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXVI.garren OTOITZ-GAIA

KOMUNIATU ONDORAKO

 

        Komuniatu ondoan arkitzen dira anitz komuniatzalle, orduan Jesusi zer erran ez dakitela: nekatzen dira laster mututurik elizan egotez, ta andik ateratzen dira, anitz luzatu bage, ta gure Jesus maitagarria bere itzarekin an, Jesusek adirazi nai lieken gauzarik aditzen ez dutela.

        Ez diote oriek onenbat txarkeri egiñen beren Jesus maitagarriari, guk oraindañoko otoizgaietan ekusi ditugun gauzetatik bat, edo beste, aldi orietan oriek beren gogoratzera. Eta, izan dezaten geiago ta geiago zertan egon beren ordu ezinobe orietan, ukituz bezala, orain ekusi bear ditugu beste zenbait otoitzgai labur, ta eskerbide zuzen, ta zeruko ondasundun ere, ar ditzatzun zuk, aldian nai dituzunak, edo geienik zuri orretan laguntzen dizutenak.

 

 

Ongi komuniatu denaren
lenbiziko esker-bidea

 

        Esker-bide au artzen da Jesusek gizon egitean, ta denbora berean onen Amak egin zutenetik.

        Zer egin ote zuen gure Jesus maitagarriak, bera gizon egin zenean?— Bere Birjin-Amaren baitan artu egontokia; ta, zeren toki au eman zion bere Ama birjinak, bere Ama birjina utzi ondasunez, graziaz, ta zeruko doaiez guztiz betea.

        Nola etorri ote zen gure Jesus maitagarria bere Amaren baitara?— Amak berak nai zuela.— Eta zer egin ote zuen orretarako gure Jesusen Amak, eta zer gero bere Seme Jesus bere baitan zedukan denboran?— Artu izandu zuen umiltasun ezinobearekin bere Jesus, ta egondu zen Jesus berarekin esker utsez, ta amorez ongi betea.

        Aingeru batek erran zionean Jesusen Ama maitagarriari, aren baitan gizon egiteko zegoela Trinitateko bigarren Persona, arritu bezala zen, zen guzia, ta gelditu zen, zer gertatzen zaion ez dakien baten eran; ta azkenean Aingeruari erantzun ziona zen: ni naz nere Jaunaren serbitzaririk ezer-ezena; ni ez naz orrenbat ontarterako diña; baña ori nere Jaunak niri egin nai didan ezkero, egin dezala berak ongi deritzana: ecce ancilla Domini, fiat mihi secundum verbum tuum. Luc 1. 38.

        Ontart andi, edo bere Jaunaren fabore au artuagatik, etzen arrotu, ez, gure Jesusen Ama maitagarria; ta bere Jaungoikoa bere baitan gizon egiñik ekusi zuenean, errain zuen gero, era berean zegoela arkitzen zenean, S. Isabelen etxean erran izandu zuena: ezer-eza, ta umiltasuna da nere Jaungoikoak nere baitan ekusi izandu duena; ta, zein ona, zein eskuduna edo altsua, ta zein ongillea den, agertu naiez, egin ditu gaur berak nerekin, Jaungoiko berak baizik ezin adirazi ditzakeen ongiak; gauz andiak, eta ontarteak, edo zeruko faboreak. Bere serbitzari umill beldurtientzat ditu gure Jaungoiko maitagarriak bere ondasunak.

        Guztiz urrikaltia da gure Jaungoiko bera; ta ongi egitez ez da nekatzen bein ere: argatik ark niri egiñak dira, nik beragandik artuak daduzkadan ontart andiak. Orien alde gaurdanik nik egin dezakedana, ta egin uste dudana da, emen ni bizitzen nazan denboran, ta gero eternidade guzi-guzian nere Jaun, orien beren emalle maitagarriari, esker onak esker bero garbien gain itzez, gozoz, ta biotzez nik ematea: Magnificat anima mea Dominum. Ibid. v. 46.

        Ikusten dezu, gure Jesus maitagarriak bere Amarekin, ta Ama maitagarri berak Jesus berarekin egiten dutena, Jesus maitagarria bere Amaganatzen denean?— Orra, bada zu komuniatzen zaran aldian, zuk artu dezakezun lenbiziko eskerbide zuzen garbi-ondasunduna. Au zuk artzera, esan dezakezu zuk Jesusen Amaren eran, al dezuna; eta besterik ezpadakizu, emen arkitzen dezun au: Ona nik nere barren onetan gaur, Ama Birjinak bere baitan len gizon eginik iduki izandu zuen nere Jaungoiko-gizon berbera!— Ama Birjina zen, gure Jaunaren eskuetatik atera den gauzarik ederrena, andrerik birtutetsuena, ta Jaun beraren maitaririk andiena; ta ala ere arriturik zedukan Birjin Ama andre eder-birtutetsu-maitari au Jaungoiko-gizonaren bere baitako arkitzeak.— Bazterrik bageko gure Jaun au bera ote da, ni komuniatzen nazan aldietan nere baitan, edo nere bularrean arkitzen den Jaun andi maitagarria?— Bai bada, au berbera.

        Eta zer ote naz ni nera Jaun andi onen begietan?— Eta zer Jesusen Amaren ondoan?— Ar txar ustel-zikin bat adiña, edo ar txar bat zeruko eguzkiaren aldean baño, milletan ta ezin konta-al adiñetan txarragoa, ta txarragoa.— Eta alere ez naz ni ill-arritua gelditzen nere Jaun on andi maitagarri au nik, era onetako nere tokian ekusten dudan aldian?— Nola sartu izandu ote da nere bular onetaraño nere Jaun andi bazterrik bageko au?— Nik neronek bera billatuz, ta bera nik emen bertan sarrerazten dudala.

        Ausardiaren andia! Era onetako Jaun bat sar-erazi nik nere barrenera; ta nere barren au nik obeki prestatu bage! Barka zadazu arren, nere Jesus maitagarria, oraindañoko nere zentzagabekeria. Besterik izain da datozen aldietan, zuk zerorrek artan niri laguntzen didazula.

        Baña zertara etorri ote da nere baitara, gure Jesus maitagarria?— Bere ondasunez ni, bere graziaz, ta zeruko bere doaiez ni beterik uztera, ta bere Ama maitagarria bezala, birtutez birtute ibilli nadin ni nere ill artean, niri laguntzera.

        Eta, au guzia dakidan ezkero nik, orain dakidan bezala, ez ote naz ni nere Jaun on maitagarri onen amorez urturik gelditu bearra? Ez ote dira nere zain, muin, azur, ta zati guziak, ao, ta biotz egiñen, oni ni bere onenbat ontarteren alde eskerrak, eta eskerrak ematen egoteko?

        Zor zaitzu beintzat zuri, bai nere Jesus maitagarria, ori guzia, ta beste nik egin ala. Egin nai nuke, bada, nik ere au, zure Amaren eran; ta egin nai nuke nik au orain ta beti, ta eternidade guzi-guzian. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Bigarren esker-bidea

 

        Geren komunione ondorako erakutsi zigun guri gure Jesus maitagarriak bigarren esker-bidea, bera san Juan Bautistagana zen lenbiziko aldian gertatu izandu zen gauza on arrigarrizko batekin.

        Bera jaio baño len adirazi zion Jesus maitagarriak bere Ama maiteari joan bear zutela san Juan Bautista ekustera.— Au argandik ikasi orduko, artzen du Jesusen Ama Birjinak arako bidea. Etzen orduan oraindik jaioa S. Juan Bautista, ta alere, beren etxean sartu, ta Jesusen Amak santa Isabel ekusi orduko, ezagutu zuen bere Ama santa Isabelen sabeletik san Juan Bautistak, Ama Birjinaren sabelean arkitzen zen bere Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria, ta, atsegin-kontentuz beterik, asi zen an saltoka bezala, ta, al zuen eran bere agur umillak, eta ongi-torri onak egiten; ut audivit salutationem Mariae Elisabeth, exultavit infans in utero ejus. Luc. 41.

        Orduan san Juan Bautista bezala, zu ekustera dator zure Jesus maitagarria, zu komuniatzen zaran aldietan; baña an ekustera, san Juan Bautista baño agitz alderagotik; bada gure Jesusek ekusi zuen san Juan Bautista, beragana bage, ta Ama Birjinaren baitatik bere ama sant-Isabelen baitara; ta, zu komuniatzen zaranean, ekusten zaitu zere Jesus maitagarriak zere bular-barrunbetik, eta zere biotzaren ondo-ondotik.

        Ona, erran dezakezu zuk orduan, edo zu komuniatzen zaranean, esker-bide-onez zuzen, ta biziro zuk ibilli nai izatera: Ona non arkitzen den nerekin gaur nere Jesus Jaungoiko-gizon maitagarria: ta ona, emen arkitzen da niri ongi naiez, ta ni ekustera pozik etorria.

        Urrutitikako ekuste bat baizik etzion, len nere Jesus maitagarriak, egin izandu san Juan Bautistari: jaio bageko aurra zen alabaña oraindik orduan san Juan Bautista; ta ala ere, zeren aitzinatu izandu zion gure Jesus maitagarriak bere ezaguera, ta ezagutu zuen, zertara zoakion Jesus maitagarria, ta gure Jesusek bere joate artan egiten zion ontartea edo faborea, atsegin-pozez ezin egon zen, zegoen tokian, ta zegoen tokitik egin zion Jesus maitagarriari al zuen guzia.

        Niri egin dit gaur Jesusek berak nere gaurko komunionean agitz alderagotik beste bere ekuste bat; bada ona emen dadukat orain nik nere barren-barrenean nere Jesus, ni ekustera etorria. Eta ez dut nik, san Juanen eran gelditu bear atsegin-pozez urtua?

        Eta san Juan beraren eran, ez ote dut utzi bear nik, oraindañoko nere egontoki otz-epela, edo biziera birtute gutizko au, nere Jesusen amorioz beterik, Jesus beraganatzeko? Eta artuko ez ote dut, nik gure Jesusek niri erakutsirikako biziera, edo nekezko, ildurazko, ta zeruko irabazizko ibillera zuzen bat?

        Zer ote da S. Juan Bautistak egin izandu zuena, Jesusen ontarte oni bere aldetik erantzuteko, edo jaio baño lenago Jesusek egin izandu zion bere ekus onen alde?— Zeer? Al bezain laster uztea bere jait-etxea; sasi batean, edo eremu batean sartu; ta an jan txar-laburrekin bere gorputzari kendu bere gaitz-indarrak; eta, an bera bizitu zen artean otoitzez ta gogoz zeruan bizi, bere denboran gero erakusteko nai zuten guziei zeruko bide zuzena, ta artako ordua etorri zenean, eman bere bizitza edo bere burua; ta au eman ark bere Jaunaren Legearen alde, ta munduko guzien amorez iltzeko zegoen gure Jesus maitagarriaren amoreakgatik.— Orra orduan S. Juan Bautistak egin izandua.

        Eta zer ote da, nere Jesus maitagarria zure komunioneetako niganatze onen alde nik dagikedana? Mundu eroaren jostaketak, eta galbide guziak iuztea? Al dudan denboretan ni zure elizaratzea, edo nere gelan sarturik, zuri zere onenbat ontarteren eskerrak nik ematea, zuk an orduan niri adirazten didazuna, jakin bear dutenei gero nik adiraztea; edo, besterik ezin dudanean, nere biziera onarekin, ekusten nautenak zugana nik zuzentzea.— Ori guzia, ta anitz eta anitz geiago ere zor dizut nik zuri, aldi orietako, ta oraingo zure ekuste, ta niganatze onen alde; eta gutienean, ni au egiteko asmoan nago, zuk artan niri laguntzen didazula. Lagun zakizkit, bada, dezakezunak bezala; bai arren, bai!

 

 

Irurgarren esker-bidea

 

        Esker-bide au agertu zion gure Jesus maitagarriak ongi komuniatzen denari bere jait-egunean.

        Jaio zen gure Jesus maitagarria Belen zeritzan judatarren erri batean. Belen da ogitegia; ta ogitegi onetan, edo Belenen, jaio orduko, utzi zuen Ama Birjinak bere Seme Jesus, bi ganadu arkitzen ziran estalbi batean, guri adirazteko, ganaduen eran, edo animaliak bezala bizitu ziran, gizonen janari izatea zetorrela Jesus giz-artera.

        Ordurako an ziran zeruko Aingeruak, nor zen Jesus, itzez, ta soñu kantaz adiraztera etorriak.— Aditu zuten, Aingeru oriek ziotena, andik ez urruti arkitzen ziran zenbait arzaiek; eta bertatik joan izandu ziran gure Jesusi beren agur andiak, eta ongi-torri onak egitera; ta Jesus arkitu, ta ekusi zutenean egia zela Aingeru onak ziotena, egin ere ziozkaten; ta egin ziozkaten umiltasun ta amore guztiz andiarekin.— Eta beren lan au egin ondoan, itzuli ziran artzaiak, ekusi zuten, Jesus maitagarriak beren animetan emanikako ondasunekin, ta beren Jaungoiko maitagarria gloriaz, ta laudarioz betetzen zutela: reversi sunt pastores glorificantes, et laudantes Deum. Luc. 2. 20.

        Orra zein zuzena aldi onetan zure esker bidea.— Begira zaiozu zuk, zu komuniatu orduko zere buruari, edo leneko zere bizierari, ta ekusiko dezu noski, bizitu zarala len zu animalien eran, edo zere gorputzari nai zituen, edo al zenituen, jan-edanak eta atsegin guziak ematen zeniozkala, edo oriek orri emateko emen bazeunde bezala.

        Ekusiko dezu noski, zere adimentuz bizitu zarala zu emen lurrean, edo lurreko gauzetan, animalia bere bazkan, edo belarrean bezain sartua; ta ekusiko dezu noski, zure asmo-gogo, geienak beintzat, izandu ez dirala, ez, zerukoak edo bear bezalakoak: eta bizitu zarala zu, animalien eran, lurrerako jaio bazina bezala zu, ta ez zerurako.— Au zuk ekusi ondoan, begiratuko diozu, zere estalbian, edo zere barren orretan zuk dadukazun Aingeruen ogi on, zere Jesus maitagarriari, ta ekusiko dezu nork eman ote dizun ori zuri?— Orduan zuk ongi begiratzera, ekusiko dezu eman dizula zuri ogi ori guzia Jesus beraren Aita eternoak; eta eman dizula, bere Ama Birginaren eskuz ta bidez?

        Begira zazu gero, nola arkitzen ote den or zure Jesus maitagarria sakramentatua, ta ezagutuko dezu, or arkitzen dela bere Aingeruz inguratua, zuk ez-ekusiarren; bada, bere Aldarean zaitzen zutenak etzuten utziko bakarrik zugana zetorren aldian, ta zurekin or arkitzen den denboran. Eta or dago, oriekin batean, zu zaitzen zaituen Aingerua ere; ta or dago, zuri adirazi naiez, len Jesusen jait-arratsean beste Aingeru batek artzai onei erran izandu ziena.— Zer ote?— Orra orain komuniatu zaran anima; orra atsegin andizko berri bat: orra non jaio zaitzun, edo orra non agertu zaitzun zere baitan Jaungoiko-gizon zere Salbatzallea: ecce evangelizo vobis gaudium magnum... quia natus est vobis hodie Salvator, qui est Christus Dominus. Luc. 2. 11.

        Begira (esan nai dizu zuri zere Aingeru zaitzalleak) begira zein umill-maitagarria or zure Jesus! Ezer-ezezko estalkiz jauntzirik, eta ogi zatitxo baten aintzuran edo idurian, etorri zaitzu or bere Sakramentuan zere Jesus maitagarria. Begira zaiozu ongi-ongi. Orra non dadukazun ori zuk or zere biotzaren aldamenean: ta or dadukazu, aur egiñik jaio zenean ere baño iduri agitz labur-meagoan.

        Zere animako janari egiñik sartu zaitzu or zere barren orretan; ta sartu zaitzu, utzi naiez zuri, bere graziz guztiz edertua zere anima bera, bere gogargiz ongi betea zere adimentua; ta asmo, ta gogo onez agitz berotua zere naibidea, edo zere borondatea.

        Nor den, ta nola dagoen or gure Jesus ekustea besterik ez dezu bear zuk, au guzia bertan siñisteko: ta, au zuk siñistu ondoan, bear den eran zuk eskatzera, eskatzen diozun guzi-guzia emain dizu zuri zere Jesus maitagarriak; bada ori guzia zuri, ta zuk ar dezakezun on guzia egiteagatik, sartua dezu or zuk bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria.— Orra zuri zure Aingeru onak, zu komuniatzen zaran aldioro adirazi nai likezun guzia ta gauza; ta orra gauza ta egia oraingo bidez zere Aingeru berak zuri ordurako adirazten dizuna.

        Judatar artzai onak arkitu zuten gau artan gure Jesus maitagarria, bere Ama maitari ona, ta san Jose begira zegozkiola: invenerunt Mariam, et Joseph, et Infantem (ibid. v. 16.); ta zuk arkitzera or zere Jesus bera orien bien artean, edo oriek biak zuk zere arteko dituzula; ta egotera zu or, zere adimentuko begiak, eta biotzaren nai-gogoak beragandik kentzen ez dituzula, artuko dituzu zuk zere komunione onean zeruko anitz ondasun, ta zu geldituko zara atsegin-kontentuz ongi betea, ta milla esker, ta Jesusen laudario zere ezpañetatik darizkitzula. Orretarako da, aldi onetako esker-bidea: ta begira nola zabilzan zu, or bein sartu ezkero.

 

 

Komunioneko laurgarren esker-bidea

 

        Beste esker-gai eder bat ematen digu guri geren komunioneetarako gure Jesus maitagarri berak aurtasuneko bere Ejiptoratzean.

        Ejiptora zen gure Jesus maitagarria, bera jaio, ta anitz luzatu bage; ta Ejiptora zen bere Amaren besoetan, ta Erodesen igesi.— Jesus aratzean, galduko zutela, zion Isaias proietak, ango idolo galgarriak, leneko beren tokia: ecce Dominus ascendet super nubem levem, et ingredietur Egyptum, et commovebuntur omnia simulacra á facie eius. cap. 19. 1. Eta ala gertatu zela diote Eusebiok eta san Jeronimok 1. 6. dem. evang. c. 20. et lib. 1. c. 4.

        Zer erakusten ote digu gure Jesus maitagarriak Ejiptoko bere sartuera onetan, edo bere sartzean, ango idolotzar oriekin egin izandu zuenarekin?— Komunioneko bere sartu-aldietan egin oi duena.

        Zer da aldi orietan Jesusek egin oi duena?— Bekatuak eragiteko egokiak diran idolo txarrak, ongi komuniatzen den animatik kentzea. Zer idolo ote dira idolo oriek?— Bekatuak animan uzten dituzten illuntasunak, eta gaitzerako makurrerak.

        Bai: oriek kentzeko da, dio santo Tomasek, eta, oriek kenduz, bekatuak eragozteko, aldareko Sakramentua: contra hoc institutum est Corporis Christi medicamentum, tenebras ignorantiae illustrans, morbum concupiscentiae sanans, et morten urrobique. In 1. Petri cap. 2. v. 2.

        Zorioneko etorrera, nere Jesus maitagarria, gaur zuk nere komunionean nigana egin dezun etorrera, esan dezaket nik, niganatzen deneko nere Jesu sakramentatua.— Ogi utsaren iduriko odeipean, edo ogi-aintzuran sartu zara zu gaur niri ongi naiez nere barreneraño, ta sartu zara zu, nere Jesus maitagarria, adiuntz edo garai guztiz ederrean.

        Oraindañoko nere bekatuak lañopean nendukaten ni; ta lañope guztiz illun arrigarrian. Nere illunbe beltz lañozko onetan, ekusi bage nengoen ni, nik ekusi bearrak ziran nere zorrak, nere bearrak, eta zure ontarte andi ekustekoak: eta orregatik nengoen ni, zuri nik nere eskerrak emateko, nere zorrak ateratzeko, ta nik bear nuena billatzeko, egin bear nuenik niola ez nekiela. Eta denbora berean negoen ni laster eritzeko, ta bekatuz iltzeko bide guztiz egokian. Nere baitan daduzkat nik, langiro kalteti onetarako egiñak diran nere oikura gaistoak, eta gaitzerako nere makurrerak. Oriek askotan len eragin dizkidate niri, nork daki zenbat gaizki ta bekatu.

        Orrenbat aldiz oriek ni garaitzen nindutela, guztiz azpiratua nendukaten; ta nola nik oriek orain garaituko nituen, zu emen ez agertzera, oriek garaitzen niri laguntzeko?— Ongi etorri, bada, nere Jesus maitagarria; ta milletan ongi-etorria zu, nigana zatozen ezkero, orrenbat nere onerako.

        Aiena zazu gaur zuk nere adimentuko illuntasuna, ezagu ditzadan nik gaur, diran bezala emengo gauzak.— Auts egizkitzu zuk oraindañoko nere aztura gaistoak; ken egidazu zuk, gaitzerako nere makurrera ta tirria, gaitzat utzirik, asi nadin ni, batere luzatu bage, zure gauz onetan, ta nik zu biotz on garbiz emen ziñez maitatzen, gero ni zu maitatzen, ta maitatzen egoteko eternidade batez au zere zeruan. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Bostgarren esker-bidea

 

        Zuk komuniatu ondoan, gogora dezakezu Zakeo zeritzan gizon aberats, egiteko agitz natsgarri batzuetan zebillen batekin, gure Jesus maitagarriak egin izandu zuena ere, ongi egon nai badezu orduan zuk, eta zerurako irabazi andiak egiten dituzula.

        Zakeo au gure Jesus ekusi naiez ibilli zen Jesus bera Jeriko errian zebillen aldi batean.— Anitzen artean zebillen an aldi artan, gure Jesus maitagarria, ta gizon txikia zen Zakeo bera; ta, lurretik ezin ekusiz aitziñatu zen, ibilliz biziro, ta igan zen, Jesusek zeraman bideko arbola batera.

        Aratzean begiratu zion Jesusek Zakeori, eta ots egin zion: Jaitsi zaitez laster, Zakeo; bada konbeni da gaur ni zure etxean sartzea ta egotea.— Jaisten da bertan Zakeo, ta badarama Jesus maitagarria, bere atsegin andiarekin bere etxera.

        Au ekustean, marmarioz asi ziran gañerako guziak, eta gaizkika Jesusen gain, zeren sartu zen gizon bekatari baten etxean. Baña Zakeok erran zion Jesusi: ona, Jauna, niri gaur zuk egiten didazun ontarteagatik beartsuendako, nik ditudan ondasunen erdia; ta, egin badiot norbaiti nik kalteren bat, ematen diot bakoitzari zor diodana bezalako laur.

        Ekusten du Jesusek, ziñez diola Zakeok, aldi artan an erraten duena.— Ontzat artzen dio, an erran-erazten dion bere bekatuen damua. Barkatzen diozka bere bekatu guziak, eta ematen dio zeruko bere grazia.— Au ari Jesusek adirazten dio, erraten dionean: bai, ondu da gaur etxe au guzia: quia hodie salus domui huic facta est. Luc. 19. 9.

        Ongi prestaturik urbildu bear dezu zuk zere komunioneko maira, ta ekusten dezunean zuk an zere Jesus maitagarria zuganako bidean asia, aizinatuko zara, zere biotza nai andiz ta amore onez apaintzera, zere bular barreneko gelaratzen zaitzunean, ari agur umillak eta ongi-torri ederrak egiteko.

        Au zuk egin, ta al dituzun eskerrik onenak zere Jesus sakramentatuari eman ondoan, adiraziko diozu bertan berari zein beartsua uzten zaituen zu, berak nai duen guzi-guzirako, bere etortze orretan egiten dizun ontarte ta fabore andiagatik; eta, nola-ere-bait zere zor oni erantzun naiez, errain diozu orduan zuk, berari atsegin emateko den gauzaren bat, edo beste.

        Orietatik dira: ona nere Jesus maitagarria, ona; zuk niri emanak dira nere adimentua, nere naibidea edo borondatea, nere itzak, eta gañerako nik ditudan nere gauza guziak.— Guziak eman zenezkidan zuk niri zere gauz onetarako, ta nere lagun urkoen alde. Ez naz oraindañokoan ni ez gauz orietan aritu izandu, geienean beintzat; eta nik bear baño geiagotan aritu izandu naz, bai, bear etziran gauza galgarrietan. Artaz dut orain damu; ta ziñez alere!

        Gaurgero nere gauza guziak egin mate ditut nik, egin bear diran eran ta zuk nai bezala.— Oraindañokoan nere biziera galgarriarekin kaltear utzi izandu ditut nik, ni ekusten nindutenak. Nik orain ondu uste diet ori guzia; ta ondu uste diet, nere bizitza berri onarekin; ta itzez nik, eta al dudan eran erakusten diedala berei beren gauza guziak zuzen egiteko bidea.

        Zurea da, bai, nere Jesus maitagarria, oraingo nere asmo, ta gogo garbi zuzen au ere. Au bezala, eman bear didazu zuk nere anima, nere adimentua, nere biotza, ta ni nazan guzi au ondurik gelditzeko bear dudan guzi-guzia ere.— Etzara zu sartu, ez, nere etxe txar onetan, utsik ni, ta gabe zuk uztera. Ez dira orretarako egiñak ez, emengo erregeak; eta erregeen Errege zara zu, gure Jesus maitagarria. Egizu, bada, dagokizuna; ta, beste anitz zere gauzaren artean, indazu niri, nik orain zuri, eskatzen dizudan, guzi-guzia. Bai, arren, bai!

 

 

Seigarren esker-bidea

 

        Gorputz erien alde egiten zituen gure Jesus maitagarriak, emen bizi zen denboran, anitz ongi, ontarte ta on; guziak ziran, Jesusek berak animen alde egin nai dituenen siñuak.— Orietatik da (ta ona alere) san Pedroren etxean egin izandu zuen bat; eta da, komuniatu ondorako esker-bide guztiz zuzena.

        San Pedroren etxean txarki arkitzen zen, ta sukar andiarekin, edo kalentura gaistoarekin, san Pedro beraren ama-giarraba, gure Jesus maitagarria an sartu zen aldi batean. Ala Jesusek ura ekusi orduko, ukitu izandu zion bere eskua; ta au, besterik bage, aski izandu zen eri sukartiari bere sukarra kentzeko, ta berari bertan emateko bere osasuna.— Artzen ditu bertan bere soñekoak eri sendatuak; eta, jaikirik, ematen diote bere eskuz gure Jesus, bere sendatzalleari, bere barazkaria. (Matth. 8. 14.)— Orra aldi onetan Jesusek egiña! Eta orra orrek guri adirazten diguna, edo komunioneko bere ukitzez Jesusek berak gure animan egin dezakena!

        Baditu, bai, gure animak ere bere sukarrak, dio san Anbrosiok (l. 1. 4. in 4. Luc), eta, gorputzaren sukarrak baño sukar agitz gaistoagoak.— Animaren sukarra da, dio Santuak, ondasun alderako gure makurrera; animaren sukarra da aragiaren atsegin txarretarako limurtasuna ta tirrikazioa; animaren sukarra da leku andietan, ta egiteko ederren artean egon naia; baita naigabe orduetako ira, edo iraña ere. Orra animaren sukarrak, san Anbrosiok dionaz.— Eta orra dio san Ziprianok, oriek eta gañerako animaren eritasunak kentzeko aldareko Sakramentua: medicamentum ad sananas infirmitates.

        Orra, bada, zu komuniatu ondorako bertze esker-bide eder bat ere. Badituzu noski zuk ere besteen eran zere sukarrak, eta animako eritasunak?— Agertu bear diozkatzu, bada, zuk zere Jesus bera zere etxera datorkitzunean, edo zu komuniatu ondoan esaten diozula: zorionean agertu zara zu, nere Jesus maitagarria, oraingo zere ager-aldian; bada agertu zara zu gaur, nere bearrak eta premiak guztiz eskatzen zinduzten aldian! Ona, bada, ni nere Jesus maitagarria; ona ni eritasun pitsez, ta nere animako sukarrez guziz betea!

        Ongi arkitzen nazala ni, nik uste dudanean, ta nik gutien-gutiena uste dudanean etortzen dira, ta emen dabilzkit nere buru txar arin onetan, ta nere biotz gaitz aldera guztiz makurtuan, ni ongi nekatzen nauten, zenbait gogorazio ta gaitzerako asmo.— Oriek nik edo garaitu, edo aienatu orduko, edo oriek nik aienatu ta laster, badatozkit niri gisa bereko beste zenbait; eta askotan beintzat, lengoak baño ere agitz gaistoagoak; eta guziak, goizetik arratseraño narabilte, ezin burutuz bezala, ta anitz uts egiteko bidetan sartzen nautela, zenbait aldiz beintzat; eta zenbait uts eragiten dizkidatela.

        Zu zara, zu, nere Jesus maitagarria, nere animako sukar galgarri au kenerazi dezakezuna; ta gorputzaren sukarrak bezain aisa: ta, onara zaran ezkero, egizu nerekin zuk beste orrenbeste; ta indazu, niri gaur nere gauza guziak zuzen egiteko, ta bear bezala nik serbitzeko, bearko dudan zure laguntza ta grazia.— Zuk orain au nerekin egitera, bertatik utziko dut nik, bai, nere utsen oatzea: bertatik artuko ditut nik, bai, zeruko birtuteen soñekoak; eta bertatik nik zuri prestatuko dizut esker onezko, ta amoriozko janaria.

        Ori da zuri atsegin andi bat egiten dizun barazkaria; ta ori, nik orain, ta beti, ta eternidade guzi-guzian eman nai nikezun barazkaria. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Zazpigarren esker-bidea

 

        Komunione ondoan gure Jesusi esker zuzenak emateko, bide ona da Nazaretko israeldarrak agertu zutena.

        Sartzen da bein gure Jesus maitagarria nazarethdarren elizan, edo sinagogan; ta asten da au egiten, beste bazterretan egin oi zuena, edo asten da erakusten, nazarethdarrak jakin bear zutena: eta bere lan onetan asi zenetik lan bera berak bukatu artean, guziak zeuden Jesusi begira, itzik galtzen etziotela: et omnium in Sinagoga oculi erant intendentes in eum. Luc. 4. 20.

        Jesus maitagarri beraren eliza zera zu, san Pablok dionaz: tenplum Dei estis 1. Cor. 3. 16. Bere elizara dator gure Jesus maitagarria, gugana datorren aldian; ta onara dator, len israeldarren elizetan itzez egin oi zuena, emen isillik egitera, edo ongi komuniatzen den animari bertan adiraztera, berak jakin bear duena; ta adiraziko dio orduan, bai au guzi-guzia, anima berak orduan egitera Nazarethko israeldarrak bere aldian egin izandu zutena, edo anima komuniatzalleak bere gogo-begiak, bear ez diran gauzetatik kentzen dituela, aditu nai baditu Jesus sakramentatuaren itz mee ederrak.

        «A! ta zein gogoz agertuko niezten nik animei nere asmoak, eta nere gauza gordeak (erran zion bein Jesusek santa Teresari); baña lurreko gauzak eskanbill andia darabilte, orien biotzak, nereak bezain itz meak aditzeko! Utz balitzate, noizean bein badere, orretarako!».

        Eta nioz uztekotan, utzi bear lituzkee, berak komuniatu ondoan; orduan alabaña itz egiten digu gure Jesus maitagarriak, ezin alderagotik; eta aldi artako ordua da, guk arki dezakegun ordurik onena; bada orduan gaude gu, diran ondasun ta birtute guzien Emallearekin; ta emalle, guk ar-al guzia eman naiez arkitzen denarekin.— Zaude, bada, orduan zu, Nazarethko israeldarren eran; ta zaude zu, zere Jesus maitagarriagana bai, ta bestetara begiratzen ez dezula. Aiena zatzu zuk orretarako lurreko zere gogoetak, eta oroitzapen guziak; eta erraiozu zuk zere Jesus maitagarriari: loquere, Domine, quia audit servuss tuus: itz egizu zuk gure Jesus maitagarria, ta adirazi zadazu, orain nigandik zuk nai dezuna.— Ikasi naiez nago ni gaur, gaurdanik zuk nitaz nai dezuna; ta ikasi naiez, nik ikasten dudana bertatik egiteko.

        Bide zuzenez eraman naiko nazu zuk ni, eta zere ondoren, bein ere nik uts egin bage. Zorionekoa ni, ta milletan alere, au nik gaurdanik zuzen egitera; bada sartuko naz laster ni, zu zauden lekuan, edo zure zeruan; ta sartuko naz ni an, an nik eternidade bateko atsegin-kontentu osoak izatera.

        Badakit nik, bai, nere Jesus maitagarria, zer egiteko den zure ondoren ni zuzen ibiltzea. Zure ondoren zuzen dabillenak, eskura bearko ditu bere asal-aldietan bere pasioneak; ito bearko ditu bere barreneko naikunde lizunak, bendeka-naiak, eta bear ez diran itzetarako, ta gauza gaistoetarako bere tirriak.— Zure ondoren zuzen dabillenak, nere Jesus maitagarria, oinpera bearko ditu bere antusteak, eta mundu eroaren errate galgarriak; eta ez du egin bearko sulezeko galgarriak eragin nai likezkoa, bere gauz gaistoetatik batere.

        Au guzia egiteko asmoan nago ni, nere Jesus maitagarria; baita, gañerako zuk adirazten didazun guzi-guzia ere, artan zuk zerorrek laguntzen didazula.— Lagun zakizkit, bada, bortizki zu: ta adirazi zadazu zuk zerorrek nai dezuna. Ez dut nik izan nai, ez, oraindañokoan bezala eskergabea, ta nere galgarri gaistoa.

 

aurrekoa hurrengoa