www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

 

LXII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN GALBARIOKO
LENBIZIKO NEKEAK,
ETA GURUTZERATZEA

 

 

A.

Jesusi eman zioten edari miña,
ta soñekoak kentzea

 

        1. Galbarioko mendira zeneko, kendu zioten Jesus maitagarriari bere bizkarreko edo soñeko gurutzea; baña, ezin geiagoraño nekatua bazegoen ere, etzioten eman borreroak atsedeteko lekurik Jesus maitagarriari. Batzuek asi ziran gurutzea bere tokian prestatzen, lenbaitlen an josirik Jesus uzteko; ta besteak an zebiltzan ezin-baldankiago Jesus berarekin.

        Oriek lenbizikorik Jesus onarekin egin izandu zutena zen, edaten ematea.— Andia zen, nai-ta-ez, Jesusen aldi artako egarria; bada neke anitz ekusi zuen Jesus maitagarriak leneko arratsetik asi, ta ordurañoko denbora guzian; ta anitz zen denbora berean Jesusi atera zioten odola.— Jesusen egarri andi au iltzeko, atera zioten Jesusi borrerotzarrak beren edaria. Baña zer edari!— Ardoz, mirraz, ta beazunez egiñikakoa! Ekusten dezu zein goisoa?

        Eta agitz gaisoagoa ote da zuk eta nik anitz aldiz, edo bekaturatzen ginan guzietan, Jesus berari eskañi oi genion edaria? Zenbat aldiz eskaintzen genion guk gure Jesus maitagarriari geren elizaratzea, geren an egotea, ta an guk egiten genuen zer edo zer? Baña zer zen au guzia?

        Zirudienaz, ardo ona ta edari goisoa: baña, askotan beintzat, gure asmo, edo gogoeta txarraren, edo egite galduaren beazunez; zena mindua edo zikindua!— Aldiren batzuetan eskañi diozkat nere Jaungoikoari nere konfesa-komekatzeak, baña baziran noski orien artean damu andirik bageko, ta ontzeko asmorik etzuten konfesioneak; eta oriek, eta orien ondoren zetozen nere komekatzeak zer edariak ote ziran gure Jesus onarendako?— Izurriz beteak; bekatuaren beazunez minduak; eta judatar gogorren borreroak Jesusi eman ziotena baño ere agitz gaistoagoak; eta orregatik, ezpañez ere, Jesusek ukitzen etzituenak.

        2. Eta zer egin ote zuen Jesus maitagarriak judatar gogorren borreroak eman zioten edari minduaz?— Aoan artu, ta bota; guri orretan adirazteagatik, bere naiez zeramatziela Jesus maitagarriak, judatar gogorren eskuetatik zetozkion neke guziak; eta etzuela nai, artu zekiozkan batere (nekeak zerbait arintzeko zen edari ura); ta prest zegoela, mintasun geiago ta geiagorekin ere bere neke guziak gure amorez artzeko.

        Au guzia Jesusek orain nigatik! Eta nik ezer-ez bat ere ez artu nai nere Jesus maitagarriaren izenean; ta onen amore andiari nola-ere-bait nik erantzuteko? Eta ni nere Jaunaren izeneko neke ta naigabe guzien igesi?— Eskerraren ederra! Jesusi diodan amorearen andia!— Eta alere, nazan bezain lotsagabea ni nere Jesus onarekiko!

        3. Borreroak, beren edari latz au Jesusi eskañi ondoan, kendu zioten bere soñean zekarren guzi-guzia; ta au mendi agerian, ta jerusalengoak, eta israeldarretatik nork daki zenbat, begira zegozkiola, arrerazi zioten Jesus maitagarriari, gizonek artu duen alkekizunik andiena; baita oñaze ta miñ anitz ere; bada bere alkandor-ordea, edo orratzez Amak bere aurtasunean egin izandu zion barreneko bere tunika, Jesus maitagarriarekin andituz joan izandu zena, ta egun artaraño bein ere Jesusek erauntzi gabea, itsatsirik egoin zen Jesusen bizkar ta gorputz odoltuari; ta borreroak, ura Jesusi kentzean, urratuko zioten Jesusi bere aragia; utziko zuten Jesus odola zeriola: ta tala osoa zen alkandor-orde, edo Jesusen barrengo tuuika au, burutik ateratzean (atera bear zioten bezala), nastuko zen Jesusen buru bereko koroarekin, ta koro bereko arantzak erabiltzearekin emain zioten borrero gogorrak Jesus maitagarriari anitz oñaze, ta min berri.

        Onenbat oñazerekin bada, gorputz azotez ta ukaldiz urratuarekin, ango zuloetatik eta burukoetatik odola zeriola, ta soñekorik gabe utzi zutenean Jesus maitagarria borrerotzar gogorrak; eta ala uztean Jesus egunaren erdi-erdian, ta anbat begira zegozkiola, zer lotsak, zer nekeak Jesusen aldi artako neke lotsagarriak?

        Bai? bada guziak dira zuk eta nik Jesusi emanak geren lotsagabekeriarekin, ta geren buruei guk eman geniezten atsegin loi-lizun-likits gaistoekin!-Ez dugu guk alkerik batere izandu geren gauza zikin-alkegarrietan! Utzi ditugu guk damutik batere bage bein, ta berriz, ta askotan ere, gure Jaungoikoak guri emanikako bere graziaren soñekoa ta birtuteen apaindura ederrak!— Egin ditugu guk askotan, egin bear etziran lanak eta gauzak; eta egin ditugu aldian, aldian baño ere txarragoak, galduagoak, eta itsusiagoak! Eta orra non orien alde kentzen diozkaten gaur gure Jesus maitagarriari (ta kentzen diozkaten, berriz ez emateko) bere soñeko guziak: eta kentzen diozkate, lenagoko ken-aldietan baño ere agitz alkekitzun geiagorekin, ta neke andiagoarekin.

        Eta alere ez gatzaizka urrikaltzen gu gure Jesus maitagarriari!— Anbat ango begiragin gogorren artean urrikaldu zitzaion norbait Jesus maitagarriari, oial zuriren bat emateko; gerritik au lotu, ta erdizka bazen ere estal zezan Jesusek bere burua, edo bere larrugorria.

 

 

B.

Iltzez josten diozkate
borreroak Jesusi bere bi eskuak
gurutzearen bi besoetan

 

        1. Beren edari miña eman, ta bere soñekoak Jesusi kendu ondoan, prestatu zioten borrero gogorrak Jesus berari bere gurutzea.

        Illuntasunik erakutsi gabe, ta bere nai andiarekin, urbildu zen Jesus maitagarria bere gurutze aldera. An umiltasun andiarekin, ta biotz osez, eskañi zion Jesusek bere Aita eternoari, Aita beraren izenean ta gure guzien onerako bere bizitza, ta gelditu zitzaion bere odol guzia.

        Au egin orduko, itzuli zuen Jesus maitagarriak bizkarra gurutzera, ta luzatu ziezten borrero gogorrei bere eskuak, gurutze beraren bi besoetan iltzez josteko.— Ezartzen dute borreroak Jesusen ez-esku bata bere tokian. Artzen dute iltze lodisko luze bat, an ura josteko. Ukitzen dute iltze-puntaz esku-zabala; ta, martillu baten ukaldi andiak andien gain ematen diozkatela, igarotzen diote Jesusi esku guzia; ta gurutzeari ongi josirik gelditu dedin Jesusen esku eta oñetan zulatu au, sartzen dute bururaño gurutzearen zurezko besoan lendabiziko beren iitzea.

        Zer diozu zuk, zere oben-kulpekin beren lan gogor au borrero oriei eragin diezun bekatari txarra? Jesusek orduan eraman izandu zuen baño aisago aditzen dezu zuk borrero orien lan gogor arrigarri au! Orratz batek zu, edo edozein arantz-puntak eskuan ukitu orduko, aika zaude, ta gaitz andi bat artu duen aurraren eran; ta orra, gure Jesus maitagarria geldirik dago, iltze luze lodi bat borrero gogorrak martil-ukaldika ondotik bururaño bere eskuan sartu artean!— Zer? Ez ote zen, gurea bezalakoa, ta guztiz minberea, gure Jesus maitagarriaren eskua? Baita agitz eta agitz min-bereagoa ere!

        Bada zenbat min, eta zenbat oñaze arr zion iltzetzar arrigarriak, borreroak ura martill-ukaldika eskuan Jesusi sartzean, ala sartu ondoan, ta gero Jesus bera illik gelditu arteko bere denbora guzian!— Ez da erraz, ez, au erdizka edo laurdenka ere guk adiraztea.

        Nai, ta ez, urratu zuen iltzeak bere bideko aragi guzia, baña an arkitu zituen zañ, eta gauza minbere guziak ere: eta Jesusen esku artako ezurrak ere utziko zituen iltzetzarrak, edo erdi autsiak, edo beren tokitik aldaratuak; eta utziko zuen eskua odola ta odola zeriola.

        Eta guziagatik ere ixillik gure Jesus maitagarria?— Bai: isillik Jesus, ta itz bat atera gabe onenbat bere eskuko urratze, oñaze, ta nekeren artean!

        Nork eman ote zion Jesusi onenbat indar, onenbat ixillera, ta onenbat pazienzia, onen neke, ta oñaze andien artean!— Bere birtute andiak, eta Jesusek berak niri didan ongi nai-amoreak.— Birtutearen arrigarria! Amorearen bazterrik gabekoa!

        Au guzia ekusi edo ezagutu ondoan, ez ote dut maitatuko nik nere Jaungoiko-gizon, onen maitagarria? Ez ote da orain badere, Jesus maitagarri, nigatik onenbat nekatuaganako, urrikaltasunez beterik geldituko nere biotz txar galdu eskergabekoa!— Anitz dela deritzazu zuk orain adirazten zaitzun gauza bata, ta bestea!— Bada, zenbat ere den, ez da oraindik, ez, Jesus onak zugatik eraman bear duenaren laurdena ere.

        2. Era onetan, ta onen gogorki bere esku bata josi ondoan, artu zioten Jesusi borreroak bestea ere. Ezarri zioten au gurutze beraren bigarren beso gañean.

        Au an ezartzean, ezagutu zuten borrero gogorrak, esku josiaren iltzetzarrarekin bildu zirala Jesusen alde arako zañak; eta ekusi zuten etzetorrela bere tokian, Jesusen esku josi-bearra; ta aratzeagatik, asiko ziran borrero gogorrak Jesusen besotik tira ta tira; orrekin aziko ziran an agitz Jesusen esku josiko oñaze arrigarriak: eta, Jesusen besoetako zañak luzatuz, ta agian au bertako ezurrei ere beren tokia galerazten ziela, eramain zuten borreroak zulaturik zedukaten gurutzearen lekura: ta, lenbizikoa bezain iltze lodi-luze-gogorrarekin (ta ari baño ere martill-ukaldi ta golpe geiago ematen ziozkatela, zeren ura bezain ongi ta zuzen ezin zegoken iltze au; ta orregatik Jesusen oñaze, neke ta miñ agitz geiagorekin) utzi zuten borreroak, bestea bezain josi-urratua Jesusen esku au: ta gelditu zen Jesus maitagarria, lenen gain, oñaze berriekin; Jesusek len zituen oñaze guziak berritzen zituzten oñazekin; ta orregatik, lenak baño ere oñaze agitz eta agitz andiagoekin.

        Eta, Jesusen leneko oñazeak baldin baziran ekusi dugun bezain arrigarriak, oraingo oñaze guziak, eta lenak elkar artzen zutela, nolakoak izain ote ziran Jesusen orduko oñazeak?

        Ez da erraz, ez, guk ori jakitea, Jesusek berak bure gogargi onez ez adiraztera.— Baña guk dakigun apur au ere aski ta sobera da, guk egin bear dugun lan ona guri eragiteko.

        Baña zer lan ote da guk orain egin bear dugun, geren lan au?— Zer lan? Guk geren gauzak ongi zaitzea.— Zergatik uste dezu zuk dauden bezain zabaldu-atereak arkitzen dirala gaur gure Jesus maitagarriaren bi besoak!— Zeren zuk zere oriek zabaldu izandu zenituen, dakizun besarkak, edo beste zenbait lan loi zikin egiteko.— A nonbait orretara baño len, igartu-erreak gelditu bear zukeen zure beso gaistoak!

        Zergatik ote daude ain urratuak, eta ain odoltuak gure Jesus maitagarriaren bi eskuak?— Ez dakizu zuk zerorrek, galdu-txar-loi-zikin-likitsa? Etzara oroitzen zu, arako zere ukitze zikin ta eskuka galdu-galgarriez?

        Damu gaistoan ekusi zenuen zuk bein ere bein, ta berriz, ta askotan itsatsi, ta zuk zerorrek dakizun eran erabilli izandu zinduen gizaki gaisto ura!

        Zergatik ala dauden gaur gure Jesus maitagarriaren eskuak?— Eta zuk zere esku oriekin zere bakartasunean arturikako atsegin gaistoak? Eta zuk, era orretan zeundela, utzirikako sulezeko bar-arrastoak? Eta oriekin berekin zuk len eginikako artze gaisto ta lapurkeriak?

        Orra, bada, zergatik dauden gaur, dauden bezala, gure Jesusen eskuak! Eta orra, zuk gaurgero utzi bearko dituzun langiro gaistoak, egin uste badituzu zuk, zere Jesus maitagarriak agertzen dizkitzun beste garbiak.

 

 

C.

Oñak josi ondoan, uzten dute Jesus
borreroak ezin adirazi-ala oñazerekin

 

        1. Jesus maitagarriaren esku biak gurutzearen bi besoetan ongi josiak utzi orduko, artu izandu zituzten borrero gogorrak Jesus beraren bi oñak, eta josi zituzten oriek ere gurutze berean, eta josi zituzten bakoitza bere iltzearekin, edo iltze batekin biak, Jesus gurutzetuaren aintzura edo imajin geienetan ekusi oi dugun bezala.

        Jesusen oin biak iltze batekin josteko, andia zen nai ta ez, borreroak arturikako iltzetzarra: ta iltzetzar onekin Jesusen oin bata bestearen gain, ta Jesusen oin biak elkarrekin josteko, anitz izandu ziran, ta andiak, borreroen martill-ukaldiak edo golpeak.

        Eta, esku bakoitza banaka, ta bere iltzearekin josten ziotela ere, eskua izanagatik oña baño agitz meagoa, ain andi-gogor-izugarriak izandu baziran, ta guk asma al baño ere agitz andiagoak, Jesusen esku bakoitzeko neke-oñazeak, zer oñazeak eta zer nekeak ekusi izandu ote zituen Jesus maitagarriak, oin biak batetan, ta iltzetzar arrigarri batez borrero gogorrak josten, ta urratzen aritu zekiozkan denbora guzian?

        Eta, ezin asmatuz bagaude gu nola eraman zitzaken guru Jesus maitagarriak bi eskuetako oñaze utsak, zer erran dezakegu guk, ekusten dugunean neke oñaze arrigarri oriekin batean daramatziela Jesusek berak bere oñetako oñaze-neke izugarriak ere; ta guziak daramatziela, ezer ezpalerama bezain ixillik, eta emeki!— Zeer? Jangoiko-gizonaren eramatea dela oñaze-nekeen eramate guztiz arrigarri ori.

        Besterik ezpadere, ezin jakin ote genzake guk, zergatik ote diran Jesusen oñen urratze izugarri oriek, eta Jesusen oñetako orrenbat neke ta oñaze?— Ori bai; ta aisa alere.— Zergatik bada?— Nere ibillera ain gaistoakgatik; nere sartu-atera ta egote bear ez diranakgatik; eta zeren ni nenbillen, etsaiak niri erakutsirikako nere jostaketa zikinetan; etsai beraren urratsetan, ta pausu galgarrietan; ta zeruko nere bidea, ta lege guztiz garbia aldebat utzirik, etsaiak niri gaizki-naiez egiñikako bideetan.

        Era onetako nere oñen ibiller galduen alde dira, bada, Jesusek bere oñetan gaur ekusten dituen iltzez joste, urratze gogor, ta neke ta oñaze guzi-guziak.

        Zorionekoak zu ta ni, guk onela, edo onen nekatua gure Jesus ekusi ondoan, zentzatzen bagara gu gaur, bertatik guk uzteko oraindañoko geren bide galduak, pausu galgarriak, eta ibillera gaisto-zikiñak:

        2. Lenago lurrean sarturik ezpazedukaten gure Jesus iltzatuaren gurutze andi au, sartuko zuten golpez borrerotzarrak, lenik orretarako egiñik idukiko zuten lurreko zuloren batean.

        Golpe onekin dardaratu zen, nai-ta-ez, gure Jesus maitagarriaren gorputz minberea: len zeuden baño anitz urratuagoak geldituko ziran Jesusen esku-oñak; eta kargatuko zen Jesusen oñ iltzatuen gain Jesus beraren gorputz guzia; ta geldituko ziran, len arkitzen ziranetik agitz atereagoak Jesus maitagarriaren bi besoetako ezurrak; eta geldituko ziran, len baño ere agitz luzatuagoak.

        Eta, zenbat Jesus maitagarriaren oñaze berrirekin gertatuko zen au guzia? Nork an adirazi!— Jesusek berak.

        Baña nori adirazi naiko ote dio au guzia gure Jesus maitagarriak?— Orretarako prestatzen diran diran anima garbiei.

        Nai dezu zuk, bekatari txarra, prestatu zere anima Jesusen agertze eder orietarako? Bai? Ken zatzu bada zuk zere begiak, liluratu oi zaituzten lurreko gauzetatik. Utzi zatzu zuk, zere biotza trabatzen dizuten aragiaren naikunde gaistoak eta gogoeta lizunak; eta begiz ta biotzez begira zaiozu zuk, eta asti-astiro, zere Jesus maitagarriari; ta adiraziko dizu zuri Jesusek, zuk adi-alean, orain berak zugatik daraman neke arrigarria.

        3. Ez dezu ekusten zein andia den, denbora berean Jesusek daraman alkekizuna? Larrugorrian dadukate geiena, ta listuz, ta zikinkeriz dena loitua, gure Jesus maitagarria! Lurrak ezin ekusi duen gaistagin arrigarriren bat bailiz bezala, lurretik kendurik dadukate gure Jesus maitagarria judatar gogorren borrerotzar galduak!

        Gure Jesusek esku-oñ gaistoak izandu dituela adirazi naiez, ta lapur andi bat bailiz bezala, bere oin-eskuak josirik daduzka, bere bi bazterretan gurutzetuak daduzkan lapur biren eran; ta, israeldar guzien arteko gaistoak zentzarazi naiez bezala, edo orduraño gaistatu etziranak gaista ez ditezen gerozko denboretan, era orretan dadukate judatar gogorrak Jesus maitagarria; ta era orretan dadukate, anitz milla gizon begira-begira dagozkiola bere begietara. Ekusten dezu zer alkekizuna, bere egoera lotsagarri onetan Jesus onak daramana?

        4. Eta norañokoa den, nola-ere-bait orain zuk astiz ekusteko, era onetan dagoen gure Jesus maitagarriaren nekaera, begira zaiozu Jesus gurutzetuari bere bazter guzietara, ta bere burutik bere oñetarako guzi-guzian.

        Orra, bere esku-oñak iltzez urratuak daduzka, ta milla oñazerekin arkitzen dira oriek, bere gurutzean Jesus borreroak josi zutenetik; eta alere bere gain dute esku-oñ oriek gañerako Jesus beraren ezur-zain ta gorputz guzi-guzia.

        Buru guzia arantzez beterik daduka, ta nork daki zenbat odolezko iturrirekin gure Jesus maitagarriak! eta orregatik daduka oñazez lertzen, ta erdi bi egiña bezala.

        Era onetan, dadukan bere buru au ez du non iduki Jesus maitagarriak, gurutze gogor berean ez izatera: ta burua gurutzeratzen badu, sartuko zaizka, len baño barrenago, buru berean dadukan koroiatzaren arantza zorrotzak; eta geldituko da lengoen gain, oñaze berri arrigarriekin.

        Buruan duena du Jesus maitagarriak bere esku-oñetan, bere bizkarrean, ta bere gorputz guzi-guzian: ta Jesusen gorputz guzia dago zuloz, zauriz, ta oñazez betea.

        Geldirik badago bere gurutzean gure Jesus maitagarria, oñaze ta oñaze dago, ta atsedeteren pits bat ez duela; ta, zerbait atseden naiez, nola-ere-bait igitu ezkero, edozein igitzek berritzen ta anditzen diozka Jesusi bere oñaze guziak; eta ez da gure Jesus maitagarria burutik oñetaraño nekea ta nekea, miña ta miña, ta oñazeak oñazen gain besterik.

        Eta au zenbat denboraz uste dezu? Irur orduz! Eta zergatik?— Nere atsegin txarren, ta bekatu loien alde.

        A nere bekatu, ta atsegin madarikatuak! Zuek zarazte, zuek zorigaistoan agerturikako nere animaren, ta gure Jesusen galgarriak!— Etorkizunak bazeundezte zuek, etzenukee nigan arkituko, ez, lekuren pitsik ere: bada, orain nik ekusten dudan eran nere Jesus maitagarria ez ekusteagatik, banegike nik, bai, ez dakit zer!

        Eta gaurgero ez berritzeagatik nik nere Jesusen neke orren arrigarriak, egiñen dut nik, bai, Jesus maitagarriak laguntzen didala, nik egin ala; ta ez dut egiñen, ez, gaurgero bekatu berririk batere.

 

 

Loquimini ad cor Jerusalem, et advocate eam;
quoniam completa est malitia ejus.

Isai. 40. 2.

 

        Itz egin bekie jerusalendarrei beren biotzetara, erraten digu gaur guri gure Jaungoiko maitagarriak. Deitu bekie orain oriei ekustera gaur berak egin dutena; bada egin dute Jerusalengoak gaur, egin zezakeen gauzarik gaistoena, edo beren gogo gaisto galgarriak eman izandu diena.

        Baña zer ote da, Jerusalengo jendeak, eta israeldar galduak egin dutena?— Zeer? Arako gurutze artan guk gaur ekusten duguna.

        Nor ote da gurutze artan ain itxura txarrean, ta iltzez josirik iltzen dagoen ura?— Iduriz, edo aintzuraz, lurrean den gizonik gaistoena.— Eta izatez?— Eternidade guzian izandu den Jaungoiko ezinobea: Jakiunde utsa den Jaungoiko guztiz maitagarria: egin ditezkeen gauza guziak, zeru-lurrak egin zituen bezain aisa, edo itz batekin egin ditzaken Jaun ezin-altsuagoa: ta irur erirekin, irur beatzekin, edo bere jakindearekin, bere ontasunarekin, ta bere alarekin edo eskuarekin mundu guzia, berak nai duen eran, dadukan ta darabillen Jaungoiko-gizon maitagarria.— Auise da, bada, auise, judatar gogorren ta gure amoreakgatik gizon egin zen Jaungoiko-semea: ta auise orain gurutze onetan irur iltzek dindilirik, eta judatar berak nai duten eran dadukatena.

        A gure Jesus maitagarria! judatar gogorrak eta gure bekatuak dira zu josirik or zaduzkaten iltze lodien errementariak; eta, guk egiñikako gauzak ezin dukee, zu or bortxaz idukitzeko diña indar ta esku!

        Iltze sendorragoak dira, bai segurki, zu burdiñezko iltze oriekin batean, or zaduzkaten iltzeak: eta iltze oriek dira zuk guri ongi naia; zure Aita maitagarriak diona zuk egin naia; ta zure Aita berari, zor zaion ondra eman naiez, gure oben-kulpen zorrak zuk atera-naia.

        Eskerrak eta eskerrak zuri guk, gure Jesus maitagarria, zere amoriozko ta ongi naiezko iltz-ederrekin, gure gogo zikiñekin batean gurutze orretan gugatik zuk daramazunaz; ta nolerebait zuri guk ori eramaten laguntzeko, josi gaitzatzu gu zuk or zere amorearekin, ta bekatu berririk egiteko beldur andiaren iltze bortitzarekin. Bai arren, bai!

 

 

Usque ad interiora velaminis...
praecursor pro nobis introivit Jesus,
secundum ordinem Melchiseilech Pontifex
factum in aeternum.

Heb. 6. 20.

 

        Goiti zatzu zuk zere begiak, eta ekusi zazu nor ote den; ta zer ari den or gurutze orretan dadukazun orrako ori.

        Ori da, bai, ta or dadukazu zuk, S. Pablok dion bezala, eternidade guzirako Apez-Nagusi, edo Aita santa egiñik arkitzen den Jesus maitagarria. Jesus maitagarri, Aita santu edo Apaiz-Nagusi au, gurutzeko Aldare orretan or ari da odolezko sakrifizio, ezin andiago bat, egiten; edo or ari da, mundu galduak oraindik ekusi duen ta ekusi dezaken Meza berririk andien-andiena ematen.

        Igan da Jesus, bere odolezko Meza andi au ematera gurutze orretako Aldarera; ta igan da, bere Mez au emateko, bear zituen soñeko-era ta apaintze guziekin; igan da alabaña, buruan daramala bere Tiara, edo arantz zorrotz gogorrezko bere koroa. Eskuko artzai-makilla, edo bakulloa da lurrean sarturik dadukan bere gurutzea; beatzetako eraztunak dira bere eskubiak urtatzen diozkaten iltze gogorrak; eta bere burutik oñetarañoko soñekoa da bere gorputzeko aragi zuria, zuloz, urratzez, listuz, ta odolez, ezin-geiagoraño josi-bordatua.

        Era onetan igan da gaur gure Jesus maitagarria bere gurutzeko Aldarera; ta Aldare orretan Jesusek bere Aitari eskaintzen dion Hostia da bere burua; ta eskaintzen dio, duen odol ta bizitza guzi-guziarekin; ta eskaintzen dio, Aita beraren ta gure guzion amoreen suz an errerik uzteko; ta gure zor guzi-guzien alde.

        Ekusi zazu, zein andi izugarriak diran zure ta nere bekatu gaistoen zorrak; bada Aita eternoak artzen du orien alde, zuk ekusten dezun adiña balio duen Ofrenda ta Meza, edo Jaungoiko-gizon bat, Aita beraren amorez gurutze batean illa ta urtua.

        Zer izain zen zutaz ta nitaz, nene eran ta guztiz gaizki zabiltzan bekatari txarra, gu biokgatik, eta munduko guzien alde Jesusek bere gurutzean ez ematera bere odolezko ta bizitzazko Mez andi au?— Guk gerok ekusi, edo ezagu dezakeguna!

        Eta zer ote da oraingo bere Mezagatik, eta ontarte onen andi baten alde, Jesus onari zor zaiona?— Esker garbi-garbiak; eta oriek ere guk maiz emanak: gure biotz, Jesus beraren amorez askotan urtzen den bat; eta uts berriren loirik artzen ez duena.

        Emain ote diozu zuk, nere erako bekatari txarra?

        Nai nuke beintzat; eta ziñez alere! Jesusek berak didala, orretarako bear den laguntza ta grazia; bai arren, bai!

 

 

Sederunt eum eo in terra septem diebus,
et septem tibus, et nemo loquebatur ei verbum;
videbant enim dolorem esse vehementem.

Job. 2. 13.

 

        Anitz umeren gurasoa zen Job Santua, ta anitz ganaduren ta ondasun andien jabe aberatia, egun bateraño; baña egun batean galdu zituen Job Santuak bere ondasun guziak, galdu zituen bere ganadu guziak; baita bere ume guziak ere; ta gauza oriek guziak galdu, ta laster gelditu zen Job Santua burutik oñetarañoko zauri arrigarriarekin, goroztegi zikin bat bere oartzetako artzen zuela, oatze berean eri etziñik; eta bere zauri izugarritik zerion materia ta usteltasuna kentzeko, tella zati bat baizik etzuela.

        Ikasten dute, Jobi gertatuaren berri ustekabeko au Joben irur adiskidek; eta badoaz Job santua bere eritasunean, ta kaltedi arrigarrian ekustera; ta, era artan Job oriek ekusi orduko, emen dira irurak aika, ta negar ta negar; ta urratzen dituzte, beren naigabe latzak eta tristurak artaratzen dituela beren soñekoak; eta, beren buruak autsez betetzen dituztela, gelditzen dira arrituen eran, zerura begira, ta beren Jaungoikoari galdez bezala, nola edo zergatik dadukan Job santua, dadukan eran ta ain itxura urrikalgarrian!

        Beititzen dituzte gero beren begiak; eta, ekusten dituztenean aldi artako Joben neke-oñazeak, gelditzen dira arrituen eran, ari begira, ta itzik atera gabe, zazpi gau osoz ta zazpi egunez.

        Aldi artan au egin izandu zuten gizonak, zer egiñen ote zuten, Jesus ezagutzera, Jesus oriek ekusi ezkero, orain guk ekusten dugun, ta judatar gororrak dadukaten eran, edo arantzez guztiz urraturik dadukala bere buru guzia; ta arantzak egiñikako zuloetatik odola ta odola dariola? Azot-ukaldiz ta golpez bere bizkar guzia erraietaraño zulatua: etzin nai badu, bizkarrez baizik ezin etzin diteken eran; ta etziten bada, zur latz gogor baten etzin bearra.

        Ekusi balute bada Joben irur adiskideak au guzia; ta ezin igi ziteken eran, gure Jesus maitagarria; ta ekusi balute gure Jesus maitagarria gurutze batean esku-oñak iltze luze-gogorrez guztiz josiak, eta odolezko iturri egiñak zeduzkala; eta alere nior urbil ez zekion zerbait laguntzera, an ura zaitzen zeudela, Jesus beraren borrero gogorrak, eta etsai erdi amarratuak, zer egiñen ote zuten oriek berak?

        Anbat arritu ziranak, bada, beren adiskide Job zauri batekin ekusi zutenean (ekusi bazuten ere beren adiskide Job goroztegi bera batean etziñik, eta bere eskuz balia ziteken bezala), nola arrituko ote ziran; beren Jaungoiko-gizon Jesus maitaria, berakgatik itxura nekatu-izugarri onetan ekusi ezkero?— Bertan noski otzak gelditzeko eran.

        Eta ekusten dut nik gaur, era berean; ta ekusten dut nik bein, ta berriz, ta askotan ere nere Jaungoiko-gizon au; ta nere Jaungoiko-gizon guztiz nekatu au ekusten ezpanu baño geiago ez naz ni biotzez illuntzen!— Galdu ote dut nik nere siñistea? Galdu ote dut nik nere buru au, edo zer egin ote zait niri oraingo aldian?

        Nik zer dakit, bada, nere Jesus onegia!— Indazu, arren! zuk, oraindañoko nere zentzagabekeriaren, ta egin ditudan bekatu guzien ziñezko damua; orien keak nik nere burutik kendu ondoan, ekus dezadan nik, nigatik zuk or gurutze orretan daramazuna; ta urrikal nakizun ni zuri oraindañokoan ez bezala.— Ori eskatzen dizut nik gaur, nere Jesus maitagarria, zin-ziñez erraten dudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa