www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXV.garren OTOITZ-GAIA

GURUTZEAN ZEGOENEAN JESUS,
AITA ETERNOAK ONEN ALDE EGIÑA

 

 

A.

Zeruan Aita eternoak egiña

 

        1. Jesusen odol tanta bat, edo Jesusen nekerik txikiena, aski ta sobera zen munduko bekatu guzien alde; zen alabaña Jaungoiko-gizonaren gauza; ta orregatik zen bazterrik bageko balioa.— Baña nola-ere-bait guri adirazteko bekatuaren zor itsusi-arrigarria, ta guganako Jesusen amore ezin-andiagoa, nai izandu zuen Aita eternoak, eraman zitzan beraren Seme Jesus maitagarriak ekusi ditugun oñaze guziak eta gurutzeko eriotza.

        Eta bidenabar guri adirazi naiez, onegatik zela, ta ez ezin-geiagoraño Jesusi Aita eternoak naigabez, Jesusek zeramana, ta, au guzia Jesusek zeraman denborako Aitaren isillera ta bere Seme Jesusen alde geldirik bezala egotea; Jesus bera bere gurutzean zegoen denboran, ta Jesus an iltzean egin izandu zituen Aita eternoak zenbait gauza, nor zen Jesus ta zenbat Aita berak Jesusi nai zion ongi adirazten zutenak.

        Borreroak Jesus gurutzean josi, ta laster, eguerdia bazen ere, ta odeik eta lañorik bageko egunaren erdia, beltzez bezala jauntzi zen zeru guzia; argirik bage bezala gelditu zen eguzkia, ta ez-gau-ez-egun egiñik gelditu ziran gañeko aizea, ta azpiko lur guzia; alakoa zen egun artako illuntasuna!— Alere etziran izutu apez-nagusiak, eskriba gogorrak, Lege zarreko erakusleak, fariseotzar arroak, eta gañerako Jesusen etsaiak. An egondu ziran guziak Jesusi begira ta iskirioka, Jesus ill arteko denbora guzian, zeruaren dolura ta orduko illuntasunera oartzen etziranen eran; ta bear bada, oartu ere bage: ain itsutuak zeuden oriek, edo ain erre-amurratuak Jesus onagana!

        Andik urruti, ta itsasoaren beste aldean arkitzen zen (ta jentil oraindik, eta Jesusen berririk bage) Dionisio Areopajita deritzan Santua; ta erran oi da, arriturik gelditu zela gizon andi jakintsu au, eguzkiaren orduko illuntasuna ekustean ta erran izandu zuela: Edo neketan dago gauza guzien Egillea; edo mundua bukatzera doa.— Eta denbora berean Egille au, edo Jesus ona neketan (ta alako nekeetan!) dadukaten judatar gogorrak, ez dira oartzen ere egun artako, ta bertan dadukaten illuntasun berera; ta atsegin andiarekin daude, neketan dagoen, Jesus obenbageari istaka ta begira: izanagatik orduko illuntasuna, orien ibillera gaistoak erakarria, ta Jesus obenbagearen alde Jesusen Aitak bidaldua.

        Illuntasun au etzen izandu, ez, orren denbora laburrekoa; iraundu zuen Jesus ill arteko denbora guzian, edo irur orduz bezala: ta arte guzian egondu zekiozkan Jesus maitagarriari irriz ta istaka judatar gogorrak: eta, Jesus ill ondoan, ta illuntasuna kendu ta ere, lenekoak gelditu ziran, Jesus ill-erazi zuten apez-nagusi, kargudun, fariseo, ta gañerako judatar gaistoak.— Orra zer den pasionatuarena, ta gorrotuan edo gaizkian gogortuz ta gogortuz, edo gaizkira oituz, dijoanarena; gaizkitik atera bage gelditzea!

 

 

B.

Jesusen alde Ait-eternoak
Jerusalengo Elizan egiña

 

        Zeuden bezain itsutuak geldi etzitezen judatar galduak, edo ezagu zezaten nor zen gure Jesus maitagarria, edo Jesus zela, gurutze artan orduan egonagatik, judatarren, israeldarren, ta munduko guzien Salbatzallea, egin zuen geiago ere Aita eternoak Jesusen alde.

        Jerusalengo Elizan bazen Sancta Sanctorum zeritzan Aldare ta leku berezi bat. An zeuden Testamentuko Arka ta Lege zarreko zenbait gauza.— Leku au etzen agertzen bein ere. Kortin andi-eder batez gorderik zegoen; ta aratzen etzen, juduen Aita santua baizik; eta ori ere urtean bein baizik etzen aratzen.

        Jesus iltzean, urratu zen gain-bera kortin au guzia, ta gelditu ziran agertuak, eta nork-nai ekusi zitzaken eran, barrengo gauzak. Aldare onen, ta ango gauzen agertze au gauz arrigarria zen judatar, ta israeldar guziendako; zen alabaña Jaungoikoak adiraztea, bukatu zirala Lege zarreko zeremoniak, eta egiteko guziak: etzuela geroztik toki artan Jaungoikoak jarduki nai judatarren Apez-nagusiarekin: ta berak illerazi zuten Jesus zela ordu artatik sekulako Apez-nagusia: Jesusen Eliza berrian izain zirala geroz-geiago, Jaunak ontzat artuko zituen Mez-ofrenda ta sakrifizio guziak: Eliz onetan agertuko zituela, Jesusen ordez geldituko zen Aita santuaren ezpañez, jakin bear ziran gauzak; eta gauz oriek, eta gañerako Jesusen Lege berriak bereisten dituenak, zirala Jaungoikoak begi onez ekusiko zituenak; eta oriek egiten ez zituztenak, ezin izan zitezkela Abranen, Isaaken, ta Jakoben semeak, edo zerurako diranen lagunak.— Orra zein agertze arrigarria, kortin au urratzetik etorri zen agertzea!

        Lege zarra zen judatar gogorren aitzakia, Jesusi bizia keneratzteko: ta Jesus bere gurutzean illik gelditzean, adirazten die Jaungoikoak judatarrei, bukatu dela juduen Lege zarra, ta ez duela Jesusen Lege berria baizik nai.— Ez-ekusi egin zioten judatar gogortuak beren Jaungoikoari, orain ekusten dugun agertze arrigarri au ekusi zutenean: baña ekuserazi zien Jaungoikoak, eta aitorrerazi egi au, emendik atera, ta sulezera aurtiki zituenean: ta orduko, edo Jesus ill zeneko beren ez-ekusiagatik, eta gañerako beren bekatuakgatik, an egoin dira lertzen ta urratzen eternidade guzian judatar galduak.

        Eta ez ote zara zu ere an bertan egon bearra, judatar itsuen erako bekatari txarra, zere ez-ekuste ta ibillera gaistoakgatik?— Jaungoiko berak adirazi dizkizu zuri, bai: baña bein baño geiagotan ere, zuk dakizun etxe artako zure sartzeak, zuk dakizun arekiko zure egoteak, zure ibillerak, zure itzketak, zure eskukak, eta kontuak; zuk dakizun dantzako zure ukitzeak, zure erabiltzea, zure begiratzeak, zure oinkak, zure edateak, zure egoteak, zure andik atera ondoko zikinkeri ezaguntzak, eta asmoak, edo zuk an, edo aratzearekin, eragin oi dituzun gauzak dirala sulezekoaren legeko gauza galdu madarikatuak.

        Au guzia zuri zere Jaungoikoak adiraztean, adirazi dizu ez dirala bat ere obeak zure ebastea, zure lapurreriak, zure gorrotuak, zuk zere bakartasunean egin oi dituzun zere barekeriak, edo erabiltze lizunak.— Baña zuk ez ekusi, ez-aditu edo ez-jakin egiten zenion bere ager-aldi eder orietan zere Jaungoikoari, ta era berean zu ibiltzera datozen denboretan, edo zu ill artean, judatar gogor itsuen bide makurra daramazu zu eta Jesusen Legea zikintzen dezula zabiltza ta gero, zu ill ondoan, judatar gogorren bazterrean, edo oriek baño barrenago, sulezean sarturik gelditu bearra zara. Zorigaistoan jaioa zu, aratzen bazara zu emendik zu atera ondoan.

 

 

C.

Lurrean ta arrietan Jesusen alde
Aita eternoak egiña;
ta judatar gaistoen gogortasuna

 

        Zeruko eguzkia, zeru bera, ta Jerusalengo Eliza zebiltzanean onenbat dolu ta damurekin bezala Jesusen eriotzan, etzen geldirik egondu, ez, mundua, edo Jesusen oin-peko lurra. Asi zen au ere, al zuen eran judatar gogorrei adirazten beren gaizki arrigarria, ta ibillera zikin-bidegabekoa: ta, delarik ere mundu au, dakizun bezain astuntzar pisua, asi zen mundua, galdurik dagoela dirudien gizon baten eran, dardaraz ta ikar-ikara, damuz ta naigabez bere burua auts egin bear bazuen bezala.— Eta, auts egin ezpazen ere etzen gelditu mundua, ez, len bezain osoa, edo len bezalakoa; bada bere dardarekin erdiratuak utzi zituen, ta autsiak bere arrietatik anitz; eta denbora berean idikiak gelditu ziran, edo zabalduak illen obiak edo sepulturak.

        Orra zein bidegabezkoa zen gure Jesusen eriotza! Orra zein andiak ziran gure Jesusen nekeak, eta judatar gogorren bekatuak.— Oriek ezin eramanez, edo, bere gaiñetik bekatu oriek kendu naiez bezala, ikara dago mundua, edo munduko lurra; ta batetik bestera dabil mundua, ezinegonez dagoen lekuan, edo bere tokian; edo dabil, nola-ere-bait bere tokitik iges egin nai balu bezala; ta bertzerik ezin duenean, urratzen ditu munduak bere erraiak, eta autsten du bere biotza; bada autsirik uzten ditu bere barreneko arriak; eta oriek dira lurraren biotz-erraiak.— Eta, ekusirik mundu berak, edo lurrak, judatar gogorrak Jesus onarekin egiten dutena, uzten die illei zabaldurik bidea, obietatik atera ta joan ditezen, Jesusen eriotzan negar egitera.

        Lurraren ibillera, ta egiteko izugarri au ekusi zutenean judatar gogor, Jesusi begira zeudenak, beldurrez ikara gelditu ote ziran, ta Jesusi eman ote ziozkaten, zor zitzaion siñistea ta damuzko siñuak?— Bat ere!

        Nola gelditu ote ziran, bada?— Jesus onagana, len bezain amurratuak gelditu ziran oriek, eta len baño ere agitz gogor-gaistoagoak. Gertatzen zekien judatar galduei, gure Jaunaren oraingo lanekin, lurrari eguzkiarekin gertatu oi zaiena.— Ematen diozka eguzkiak lurrari ta ematen diozka agertzen denetik gorde arteko denbora guzian, bere argia ta berotasuna, ta lur galduak, eskerka urturik gelditu bearrean, erantzuten die eguzki ederraren onenbat ontarteri gogortuz, ta bilduz; ta zenbat ere eguzkiak argi ta bero geiago ematen dion lur eskergabeari, anbat lurra bilduagoa, ta anbat gogorragoa.

        Ematen diezte Aita eternoak judatar gogorrei Jesusen alde anitz siñale ta ezagu-bide; ta zenbat eta geiago ematen diezten, anbat itsu gogorragoak gelditzen dira judatar galduak.

        Ori bera gertatzen zaie beren gaizkietan anitz bekatariri, beren gaizkian oriek bein gogortzen asi ezkero.— Ordutik oriek epelki aditzen dituzte, edo otz-otzean beren Jaunaren meatxu izugarriak, eta gizonen erranak.— Andre txar izukorren, ta aur txiki beldurtien ikaragarriak dirala uste dute oriek, gure Jaun guztiz altsuaren erranik bortitzenak; eta, guziak aditu ondoan, gelditzen dira ezer ez aditu ezpalute bezain berri ta otz; eta, bideak eman orduko, an dira oriek leneko beren gauza makurretan; eta egunoro dira, len baño ere agitz gaistoagoak.

        Eta era onetako gizonetatik zer itxedan diteke?— Zer, baizik egunoroko gaistakeria, ta beren erio gaistorañoko denboran, gogortuz ta gogortuz berak ibiltzea!— Bitartean agian konfesatuko dira era orretan dabiltzanak, noiz edo bein; ta bear bada, konfesatuko dira maizago ere: ta azkenean konfesa-komekatuko dira iltzeko ere; baña beti konfesatuko dira, era orretan bizi diranak, beti bezala, edo biotz gogorrarekin; beti iduri utsezko asmoekin; ta beti batean; edo bein ere ontzen ez dirala, edo ondu-nai ziñezkorik artzen ez dutela.

        A zuek, era onetako bekatariak, zorigaistoko, judatar gogorren lagunak! judatar gokorrak baño, geiago Jesusen nekez naigabetzen etzarazten gizonak zuek, edo neketan zuek zeren Jesus ekusiagatik, neke beretarako bide berriak, edo gaiak egiten dituzuenak; eta zeren bide galgarri oriek utzi naigabez, sulezera bearrean arkitzen zaraztenak!

 

 

D.

Ondu nai dutenak egin bear dutena

 

        Sulezeko bukaera galgarria nai ez dutenak egin bear dute, Jesusen eriotzan Jesusi begira zeuden anitz juduk eta israeldarrek egin izandu zutena.

        Zer egin zutela, deritzazu zuk israeldar ta judatar oriek?— Jesusen gurutzeko denboran ta Jesus iltzean agertzen edo gertatzen zenari ongi-ongi begiratu; ta orduko zeruaren illuntzak, lurraren ikarariak, arrien autsteak, eta gañerako gauzak adirazten zietena, erne ta kontuz aditu; ta, ezagutu zutenean ezagutu zuen bezala, guzia zela Jesus onaren alde, edo zeren Jesus maitagarria obenik bage erabilli zuten ain gogorki Apez-nagusiak, eta orien lagunak, eta zeren illerazi zuten Jesus gurutze batean iltzez josirik lapurraren eran ta lapur artean, damuz ta naigabez beren buruak bete, ta zerbait gerta zekien beldurrez, an gelditzen baziran berak, ala illerazi zuten gizatzar galduen artean, bertatik artu beren etxeetarako bidea, ta beren Jaungoikoa urrikal zekien, ta zernai oriez egiteko eskuarekin egonagatik, begi oriez begiratu zezaien, beren bularrak ukaldika urratuz, ibilli beren etxeetarañoko bide guzian; bidean batzen zituztenei adirazten ziela beren urrikia ta beren beldurra.

        Au berau egin oi dute, guti-jakiñez oartu gabean bezala, ta beren pasioneren batek erdi-itsutzen dituztela, bekaturatzen diranak.— Oriek, ezagutzen dutenean, edo misioneren batean, edo garizuman, edo konfesariaren oñetan, egin dutena, edo beren erakeriekin, beren utsekia, beren txarkeriekin Jesusi egin dioten atsekabea, ta atsekabe onetatik etorri dakikeena, gelditzen dira, beren gaizki eginaz ongi damuturik; artzen dute asmo bero bat, berriz alakorik, edo gaizki berririk ez egiteko; egiten dute konfesione jeneral, edo leneko beren konfesioneen berritze zuzen bat: uzten dituzte utsegin-bideak, sartu atera bear ez diranak, jostakera gaistoak edo limuriak, eta lagun galgarriak; eta itzulten dira beren baitara, edo kontu onera; ta beren begietan, beren pausuetan, edo ibillera zuzenean, ta beren bizitza guzian adirazten dute, ez dirala, ez, len ziranak; beldurtu dituela, ta agitz alere, beren Jaungoikoak; eta, Jaungoiko berari berriz atsekaberik ez eman naiez, utzi dituztela munduko erakeriak, eta, aragi arin galgarriak nai lituken ibillera loiak, eta atsegin txar gaistoak.

        Zorionekoak ori egiten dutenak, ori egiten dutela ill arteko beren denboran; bada erraz barkatzen die beren Jaungoiko maitagarriak egille oriei, orduraño bere bizi txarra, ta ematen die bertatik bere grazia ta adiskidetasuna, ta gero bere orduan beren gloria.

        2. Gis-onetan itzuli ziran judatar onduak, begitan eman izandu zien beren itzultze onarekin, Jesus gurutzetuaren aldean gelditu ziran judatar gogorrei.

        An bertan ere izandu zituzten judatar berak, gisa bereko beste anitz begitan-emalle; bada, an zeuden soldaduen nagusia, jentil izanik ere, begira zegokan Jesusi, ta oartu zitzaion, zeru lurretan, ta gurutze berean ere gertatzen zenari; ta, ekusirik, nola itz egin zion Jesus maitagarriak, bere iltzerakoan, Aita eternoari; ta ekusirik, zeruan, lurrean, arrietan, ta obietan denbora berean gertatua, ikaratu zen, zen guzia; ta judatar gogorren erranari batere begiratu gabe, asi zen erraten.— Bai segurki, ageri da bai, ta siñisten dut nik, obenik bageko gizona zela, emen gaizki judatar gogorrak illerazi duten gizon au! Berak ziona zen au, bai: au Jaungoiko-gizon egiña da, ta Jaungoikoaren Semea.

        Nagusi jentil oni gertatua zekien onen soldaduei ere, geienei beinzat; eta onek ziona zioten oriek ere; ta ori zioten judatar gogorren beldurrik batere bage.

        Baña zer ote zioten judatar gogorrak?— Beti bat: ez dela Jesus soldaduak uste dutena; ez eta, negarrez itzuli diran israeldarrak diotena ere.

        Nor bada?— Gizon gaistagin arrigarri bat, judatar galduen ustez; bere gurutzean illik ongi dagoen bat; eta an ere luzaro ezin dagoken gizon gaistagin bat.

        3. Au ala dela munduari adirazteko, gurutzean josirik zegoen Jesus, gaizki baño gaizkiago ekusi naiez, bidaltzen dituzte judatar oriek beren arteko zenbait, Pilatosi eskatzera, dauden tokian autsi dakiztela Jesusi, ta bere bi lagunei beren zankoak; eta au egin, ta, anitz luzatu gabe, beren gurutzeetatik kendurik, sar ditzatela lurpean, ekus ez dezan niork urrengo egunean, oriek bezain gauza gaisto-arrigarrik.

        Au guzia zen, ill ondoan ere, al zuten txarkeri guzia Jesusi judatar gaistoak egiteagatik; eta denbora berean, Jesusen alde itzuli ziranak kenerazi naiez, eta besterik jarri etzedin orien eran, Jesus onagana, edo Jesusen gauzak ontzat ematera.— Orra gaizkian gogortzen diran gizonena! Berena, ta berena, baizik ezin ekusi zuten judatar gogorrak.

        Denbor andian ibilli ziran len judatar gogorrak, Jesus galtzeko bideen billan. Anitz nekerekin bazen ere, arkitu zituzten azkenerako beren bide galgarri oriek.— Bide galgarri orietan zebiltzan, denbora artan izandu zien begitan maiz aski Jesus maitagarriak judatar gogorrei. Berebait egin izandu zien Pilatosek ere.— Baña ez ekusi, edo ez aditu egiten zuten beti judatar grgorrak.

        Azkenean judatar gogor beren lagunak, aldi artan an arkitzen ziran soldadu jentilak, zeru-lurrak, eta biziak, eta illak guziak dabiltza judu gogorrak zentzarazi, ta beratu naiez: baña alere, ingudiaren eran, daude beti judatarrak; eta, Jaungoikoaren orrenbat ukaldik beratu bearrean, gogorrago egiñak uzten dituztela dirudi orien biotzak.

        A, gu ere bekatuz bekatu gabiltzan judatar galduen erako bekatari gogorregiak! Bertatik gu, edo lenbaitlen beratzen ezpagara, beldur izan gaitezke, bai, izain dela gure bukaera judatar gogor orienaren erakoa!

        Gure bekatuekin ill genuen guk ere judatar gogorrak bezala, edo oriekin batean, geren Jesus maitagarria: ta, geren gaizki egiñaz damuturik bizi bearrean gu, bizitzen bagara judatar gogorren eran, ta atsekabe berrien gaiak ematen diozkagula, gure Jaungoiko maitagarriari, zer bideak dira, ta zer ibillerak, guk ekusten ditugunak?

        Judatar gogorrak egin izandu zituztenen erakoak; sulezerakoak, eta guztiz galduak!— Bideen makurrak! Ibilleren arrigarriak! Izu bagintzate gu, orain badere, guk, oriek utzirik, artzeko artu bear ditugun, zuzen-garbiak.

 

 

Deus autem rex noster ante saecula operatus,
est salutem in medio terrae.

Ps. 72. 11.

 

        Sekula guziko Jaungoiko maite, gure amorez gizon egiñak, egin izandu zuen ostiral santuz munduaren erdian, edo Galbarioko mendi gañean, gure onerako, ziñez ara nai dutenak, zeruratzeko, bere aldetik egin bear izandu zuen guzi-guzia.

        Bere lan andi au egin zuen an gure Jesus maitagarriak irur orduz, gurutze batean iltzez josirik judatar gogorrak zedukatela.— Baña zenbat oñazerekin? Zenbat bere naigaberekin?— Zerorrek ezagu dezakezu!

        Orduko bere neke arrigarriakgatik, etzuen Jesusek kendu, ez; ez eta ezda-baida batez ere bere gogoa bere Aita eternoagandik. Nekerik ezpazuen bezain sosegu andiarekin egondu zen Jesus maitagarria otoitz eta otoitz egiten, ta eskez ta eskez bere Aita maiteari, gure onerako diran gauza guziak.

        Gauzaren arrigarria! Aita eternoak, judatar gogorrei adirazi naiez, bere Seme Jesus maitagarriarekin egiten zeuden lan itsusiaren beltztasuna, uzten du illundurik eguerdi garbian bere eguzkia; ta uzten du egun bera, gau beltz illunaren eran: ta gure Jesus denbora berean judatar beren alde otoitz eta otoitz Aita berari, gal ez ditzan betiko beraren Aitak judatar berak.

        Gauzaren arrigarria nekez itotzen gure Jesus! nere bekatuakgatik, judatar gogorrenakgatik bezala; ta ala ere nere Jesus nekatu maitagarria eskaka bere Aitari, atera nazala ni (ta batere luzatu gabe) nere bekatupetik; bete nazala ni emen bere graziaren ondasunez, ta denboraz gero bere aldamenean zeruko atsegin-kontentuz, ta betiko gloriaz: ta ala ere aisa ni, ta nere gogara; jostatzez jostatze ni, ta gaizkitik gaizkira, Jesusi nik orretan ematen diodan atsekabera, ta nere buruaren kaltera batere begiratu gabe!— A zer eskerreria, nik onetan Jesusi agerzen diona! A zer burua!

        Eta ez ote diot nik, oraindañokoaz ongi damuturik, Jesusi lagundu bear bere bakartasunean, bere gurutzeko nekeetan, ta bere soseguzko otoizean, milletan urrikaltzen nazala ni, nigatik Jesusek daraman neke arrigarriaz?— Bai baldinbere; orretarako billatzen dudala nik elizan, edo gelan, bein ta berriz, ta askotan nere bakartasuna. Bai, zuk laguntzen didazula, bai, nere Jesus maitagarria, bai.

 

 

A facie Domini mota est terra.

Ps. 113. 7.

 

        Zer ote da gaur zuri gertatzen zaitzuna, nere anima? Gurutze batean josirik Jesus iltze gogorrekin! Esku-oñak eta bere buru guzia zulatuak Jesusek, eta odolezko iturri egiñak! Bizkar guzia, aragirik bage, ta ango ezurrak, eta barrengo erraiak berak ere, agerian bezala bost milla azot-ukaldi, ta geiagorekin Jesus maitagarriak: burutik oñetaraño Jesus oñazez betea, ta doloretako retabloa ditudiela; ta Jesusi begira zu, ta era onetan zuk Jesusi begiratuagatik, ezpaliz baño geiago zu Jesusez urrikaltzen etzarala?

        Zure amorez au guzia Jesus maitagarriak; eta zu Jesus alerik, edo bat ere maitatzen ez dezula?— Zure bekatu itsusi-loi-zikiñakgatik Jesusen onenbat neke, pena, ta oñaze gogor; ta zu, Jesusek deus ezpalerama baño gueiago penatzen etzarala?— Arrizkoa da zure biotza, lurrezkoa da, edo zertazkoa, onen otz egoteko, Jesusen zuganako onenbat amoreren, ta su biziren bazterrean?

        A nere Jesus maitagarria! Lurrezkoa da, bai, nere biotz txar galgarri au; lurrezkoa da; baña lur guztiz gaistozkoa; gaistatu didate alabaña oraindañoko nere bekatuak; eta utzi didate, arri koskor batek duen gogortasuna baño gogortasun agitz gaistoagoarekin.

        Ala ez izatera, beteko zen, zen guzia damuz, ta urrikiz, zu zauden eran nik ekusi orduko; ta denbora berean geldituko zen, zure oinpeko lur, edo, mundu ikaratua baño agitz ikaratuagoa; ta zure eriotzan arriak bezala, austen ezpazen ere, geldituko zen, zu zauden eran zenduzkalako illuntasunez ta damuz, ongi-ongi betea!

        Utz dezan bada, orain badere, bere gogortasuna ta gaistakeria, betor, arren! gure Jesus guztiz nekatu-maitea, betor, betor, zuri dariezun odol orren zerbait zati: ez da, ez alakorik artarako, zuk zerorrek dakizun bezala, gure Jesus maitagarria. Ez al didazu zuk niri gaur au ukatuko! Ez arren, ez!

 

 

Irruat super eos formido,
et pavor in magnitudine brachii tui.

Exod. 15. 17.

 

        Nara naikunde makurrak dira, nere Jesus maitagarria, ta nere pasione sutu-galgarriak, judatar gogorrekin batean zu gurutze orretan ezarri zaituzten borrero galduak!

        Ill ziran, bai orduko judatar gogorrak. Erretzen daude, ta egoin ere dira, bein ere bukatuko ez den sulezeko eternidadean, zurekin oriek izandu zuten betiko beren gogortasunagatik: eta orien beren lagun gaisto izan bearra naz ni, nik ez uztera oraindañoko denboran erabilli ditudan nere langai gaistoak!— Baña ez nik oriek utziko, lenik beldurtzen ez dirala nere pasione asaldatuak, eta makurtasun galduak, edo nere ezur-zañak eta biotz txar galgarri au!

        Baña noiz, edo nola oriek beldurtuko dira; edo nork, edo zeinek oriek izurazi ote litzake?— Zuk, zuk, gure Jesus maitagarria, zuk nai izatera; bada, nai duen guzia dagiken besoa da, zure beso indartsua; arkitzen da alabaña zure besoa, zerekin dezun Jaungoikotasun guziarekin, indar guzi-guziarekin.

        Baña ez, Jesus maitea, ez dezu zuk orretarako batere zer igitu. Aski da, bai, aski orretarako zure Aita eternoak, zere gurutzean zuk zere eskuak josiak daduzkatzula, lurrean ta zeruan erakutsi edo agertu diguna: bada, orri ongi guk, edo orri maiz ta astiro guk begiratzera, geren burutik geren onetarañoko guzi-guzian beldurtuak geldituko gara gu; ta ziñezko damuz ta urrikiz beren bularrak ukaldikatzen zituztela, beren etxeetara joan izandu ziran israeldar onen eran: bada, ala begiratu ezkero, ekusiko dugu eguerdi argi batean batetan illundua zeru guzia, ekusiko dugu oinpean, ikaratua lurra, ta ekusiko ditugu lurraren ikarariekin idiki-zabalduak illen obiak; eta, au guzia guk ekustean, ekusi nai badugu guk, ekusiko edo ezagutuko dugu, ez-ontzera, kenduko gaituela gu, anitz luzatu bage, bere gainetik, ikara dabillen lurrak berak; eta aurtikiko, edo botako dituela gure gorputzak beren obietara, ta gure anima galduak sulezera; bada, eguzkiari argia kentzen dion gure Jaungoikoa ez dago, ez, era orretakoei begitar onak egiteko, edo era orretakoak zeruan artzeko.

        Begiratuko ote diozu zuk, nere anima, noizean bein edo maiz, oni guziari, ta zure amoreakgatik, ordu ain gogorrak bere gurutzean eraman zituen gure Jesus maitagarriari!— Ori zuk zuzen egitera, eskurako dituzu, bai, zere pasione asaldatuak. Ez diezu zuk utziko lekurik zere naikunde gaisto galgarriei. Ongi biziko zara zu, emen bizi zaraño; ta begi onekin artuko zaitu zu zere Jaungoiko maitagarriak, iltzen zaranean.— Egin gogo ote dezu zuk au guzia?

        Bai, nere Jesus maitagarria, bai, zuk niri laguntzen didazula: ta lenago ni nere lan onetan aritu gabez, ta nere bekatu guziez ongi damaturik orain erratera noa: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa