www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXIV.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN GURUTZEKO ERAKUSTEA

 

 

A.

Jesusen gurutzeko itzaldi,
ta erakuste bi

 

        1. Gure Jesus maitagarria agertu zen giz-artean, gizonen Maisu izateko; ta bera jaio zenetik ill arteko denbora guzian, egin izandu zuen Jesusek bere egiteko au ezinobekiago; bada Jesusek egin, ta erran izandu zuena izandu zen erakuste garbi on eder ezin zuzenagoa.

        Adirazi dugu guk oraindañokoan gañerakoa, aldian aldiko zerbait agertzen dugula. Ekus dezagun orain azkenekoa; ta, iltzeko zegoela, bere gurutzetik Jesusek erakutsi ziguna: ta adi dezagun zer erraten digun bere lenbiziko bi itzaldiotan.

        Ekusi dezu zuk, nere anima, zein arrigarriak izandu ziran, ta zein bidegabekoak Jesusen gurutzeko nekeak?— Ekusi dezu zuk Jesusen neke oriek andirazteko, beren begiz, beren buruz, beren miiz, eskuz, ta alde guzietara, beraren etsaiak (eta anbat etsaiek) bere begietan Jesus maitagarriari egin izandu ziotena?

        Eta badakizu zuk, denbora berean, zer egin izandu zuen Jesusek bere etsai orren amurratuekin, edo orren galdu gaistoekin; edo badakizu zuk, oriez urrikaldurik bein ta berriz, ta maiz, eskatu izandu ziola Jesusek bere Aita eternoari, oriek egin izandu ziozkaten bidegabe guzien barkamentua, zer egiten zuten etzekitenen lanak zirala guziak, erraten ziola: Jesus autem dicebat: Pater, dimitte illis, non enim sciunt quid faciunt (Luc. 23. 24.)

        Ekusten dezu? Ez du Jesusek bere burutik oñetaraño bere etsaiak neke gogorrez, ta oñaze arrigarriz bete ez dioten zatirik bat ere.— Miia bera, odolik bagez, erdi igartua daduka Jesus maitagarriak; eta bere etsaiak eman dioten beazunarekin guztiz mindua; ta alere badarabil Jesusek bere mii bera bein ta geiagotan bere etsaien alde, ta erraten dio bere Ait Eternoari: Arrigarriak dira, nere Aita maitagarria, bai, nere etsai oriek zure Semearekin egin izandu dituzten gauzak: baña barkatu bear dieztezu zuk, batere utzi gabe, guziak arras.— Geienak beintzat ez dakite zer den, gaur oriek nerekin egin dutena; ta geiena dakitenak ere, ez dakite egiten duten gaistakeriaren erdirik.

        Eta, dena dela, nere Aita maitagarria, orain nik zure izenean daramadanagatik, eta zeren zuk niri nai didazun dakizun adiña, egin bear dezu orain nik eskatzen dizudan au; ta barkatu bear diezu zuk nere etsaiei, orain oriek nerekin egiten dutena.

        Gure Jesusen amorearen bazterrik bagekoa; ta Jesus beraren oraingo erakustearen ederra!— Jaungoiko-gizon batek baizik ezin eraman legizken nekez itotzen dadukate Jesus bere etsai erdi-amurratuak; eta, bereaz azturik, otoika dagoka Jesus bere Aita eternoari, urrikal dakiela, era onetan dadukaten, bere etsai bekatariak; ez ditzala gal, erraten dio Jesusek Aita eternoari; ta, galdu-lekuan, atera ditzala beren bekatupetik; eta, graziaz beterik, utz ditzala zeruko bidean ongi sartuak.

        A zer amorea, lan au egiten duenaren biotzean arkitzen den amorea! Au da alabaña, izandu diran etsairik andienak maitatzen dituenaren amorea!

        Eta, a! zer erakustea! bada bidenabar erakusten digu maitatzalle ezin andiago onek, guri geren lagunak egiten badigute, nai ez genuken gaizkiren bat orien gaizkiriari gaizkiz erantzun lekuan, urrikal gagizkiela beren animai oriek orretan egiten dioten kalteagatik; eta oriei guk begitarte onik galdu gabe, dagiegula alegiña otoitzez, ta beste moduz beren bekatutik lenbaitlen aterazteagatik.

        Ekusten dezu zuk, zein ederra den Jesusen oraingo itzketa, ta gurutzetik ematen digun lenbiziko erakuste au? Ikasi dezu? Baña egiteko? Ala gerta dedilla; bai arren, bai.

        2. Bere bi aldeetatik Jesusek zeduzkan lapurretatik, batak ezagutu zuen Jesusen otoitz onetan, ta gañerako beraren gauzetan, Jesusen Jaungoikotasuna; ta eman zion lapur onek Jesus maitagarriari biderik aski lapur beraren atsegin andizko itz batzuetarako.

        Beste lapurra gelditu zen, judatar gogortuen eran; ta, bere oñaze latz-gogorrak estuturik, asi zen Jesusi erraten judatar galduei aditu zieztenen erako gauzak; eta besteen artean: Zu bazara Kristo Salbatzallea, zertan zaude zu or gurutze orretan? Zergatik ez dituzu zuk zere esku oñetako iltzeak ateratzen? Zergatik etzara zu, sendaturik, ortik jaisten? Eta zergatik ez gaituzu ateratzen zuk gu ere onenbat geren nekeren artetik?

        Erran nai zion bere mintzoera onetan lapurtzarrak gure Jesus maitagarriari: Bai! lagun onarekin etorri gara gu leku eder onetara, gure Jaunari eskerrak! Gezurti baten ondoan gaude gu gaur geren gurutzetan ongi josiak; eta orregatik gaude gu gaur neke utsez ta oñazez agitz itoak. Zorigaistoan jaioak zu, ta gu guziok, onen gaizki bukatzeko guk geren egunak!

        Etzion itzik erantzun Jesus maitagarriak, era onetan mintzatu zitzaion lapur gogortuari: baña erantzun zion lapur beraren lagun onak, aren itzketa gaistoari, aren blasfemiari, ta errate eroari zegokan gauza bat, erraten ziola: Gizona, zer da, zuk orain darausazuna? Ez dakizu zuk, nor zaran zu; ta ez dakizkitzu zuk, zuk zerorrek egin dituzun gauzak? Orrenbat zure gauza gaistogatik iltzera zoaz zu. Ordu bat baño len, edo anitz geiago luzatu bage, zere Jaunari zu zere gaizki guzien kontuak eman bearra zara; ta zere Jaungoiko berari orain zuk damuz barkamentua eskatu bearrean, bekatu berriak egiten ari zara zu?

        Zuk eta nik ongi irabaziak daduzkagu, bai, orain guk daramazkigun geren nekeak; baña onek (baña Jesusek) ez du gauza gaistorik egin izandu bein ere, ta obenik bage darama bere gurutzeko neke au guzi-guzia.

        Era onetan itz egin zion Jesusen alde lapur onduak, edo ontzen asiak, bere lapur lagun gaisto gogorrari. Eta lapur ondu onen itz egitearekin, ta bere ixillera guztizkoarekin erakutsi zigun guri gure Jesus maitagarriak, era bereko aldietan, edo gaizki zenbait guk aditzen dugunean, egin bear duguna: edo erakutsi zigun Jesusek, guri erranak diranean, guk aditzen ditugun gaizkiak, ez-aditu egin, ta ixillik gelditzea; ta besteri erraten zaizkanean, erralle gaistoa itz onez ta bide zuzenez guk ixili-eraztea: eta, au guri Jesusek erakustean, adirazi zigun, nolanai erranak izan ditezela guk aditzen ditugun gauzak, oriek guk eramaten baditugu emeki, ta gure Jesusen eran, Jaun goi-zuzen maitagarriak billatuko duela gure alde aterako den nor edo nor: ta orduan gu aserretu, ta erriertan asitzen bagiña baño agitz obeki, geldituko garala Jaungoiko beraren, ta mundukoen begietan itzik atera gabe.

        Ai! au siñisturik, egiten bazenu zuk, gure Jesusek orain erakusten digun egiteko zuzen au!

        3. Jauna, erran zion gero Jesus maitagarriari lapur ontzen asiak berak: Jauna, iltzera zoaz zu; baña, orain nik dakusadanaz, zere Erreinuko Tronu zorionekora zaramatzi zu zere eriotzak: eta aratzen zaranean zu, oroi zaitez, arren, zere bazter onetan dadukazun lapur bekatari gaisoaz ere.

        Aitortzen ditut nik, bai (ta pozik alere), nere bizi guzian egin izandu ditudan, ta zuk dakizkitzun, gaistakeri guziak; eta aitortzen ditut guziak, egin ditudalako, ta oriekin zu nik aserretu zaitudalako damu andiarekin.

        Orain nik nere gaizki oriekgatik daramadan nere gurutzeko neke au izan dedilla, oriekgatik nik zuri zor dizudanaren alde; ta barkatuak gerta ditezela bertatik oriekgatik nik ditudan zor guziak. Bai arren, bai, nigatik ezpada ere, orain zuk or daramazkitzun zere nekeakgatik, eta dariezun odol eder-garbi orregatik!

        Au lapur ark erran orduko: ongi da, bai, erantzun zion Jesus maitagarriak; gaurdanik egoin zara zu ere, ni arkituko nazan tokian, ta, ongi illik, zeruratzeko daudenen artean; ta ni gero zeruratzen nazanean, an sartuko zara zu ere oriekin batean; ta an egoin zara atsegin ta kontentuz beterik eternidade guzi-guzian.

        Orra, nekaturik arkitzen den bekatariari, bekatariak bere bekatuakgatik dituela bere nekeak ezaguturik, bekatu beren alde, ta bere Jaunaren izenean oriek artzen dituenean, Jesus maitagarriak egin oi diona; bere bekatuak bekatariak bear bezala aitortzen edo konfesatzen dituen aldian, barkatu arras guziak: graziaz beterik utzi bekataria; ta bekatari gaisoari eman zerurako eskua, indarra, ta laguntza.

        Zein eta gure Jesus maitagarria! Zein beratxa! Zein ongillea! ta zein maitagarria!— Eta alere utzi nai dezu zuk zere Jesus lapur gaistoak bezala, zere gaizkiak konfesari baten oñetan ez aitortzeagatik? edo zere bide, urrats, eta pausu gaistoak ez-utzi-naiez?— Egunen batean damutuko zaitzu, bai, zuri ere, orain lapur gaistoari damutzen zaion bezala!

 

 

B

Jesusen beste bost itz-aldi,
ta erakuste

 

        1. Zenbat ere nekatua zegoen bere gurutzean gure Jesus maitagarria, etzen Kalbarioko mendian arkitzen, Jesusek aldi artan ekusten etzuen gauzarik batere.

        Etzeuden Jesusen gurutzetik urrun Jesus beraren Ama, ta S. Joan Ebanjelaria; ez-eta Maria Kleofe ta Maria Magdalena ere; ta, bere etsai gogorrakgatik Jesusek otoitz egin, lapurrari ontzen lagundu, ta onek Jesusi eskatu ziona eman ondoan, begiratu zion (zer begiz? nork au adirazi!) bere Ama maite maitagarriari.

        Bere begiratze berean biotzez adira zion, zenbat atsegin artzen zuen an ura ekusteaz; ura zen alabaña, gañerako guziak baño Jesusek maiteago zuen gauza bat.— Denbora berean adirazi zion Jesusek bere Ama maitagarriari zein penatua zegoen Jesus bera, ekusirik, zekusan bezala, beraren urrikariz, ta berak mundu gaistoagatik zeraman nekeagatik, bere Amaren biotza itsaso gazia baño gaziagoa, edo itsasoaren gazitasunak baño oñaze, min, ta neke geiagoz betea.

        Eta nolerebait arindu naiez bere Ama beraren biotzeko neke min airigarriak; eta seme onaren lan, al zitzaken guziak egin naiez, itz egin zion bere Amari; ta erran izandu zion: Orra zu, nere Ama maitagarria; orra zu laster gelditu bearra ni bage, ta bakarrik, mundu txar galdu-galgarri onetan. Baña bertatik ematen dizut nik nere ordez, zere aldean dadukazun gizon ori. Orra non dezun gaurgero errespetuz, ta bear den eran, begiratuko dizun zere semea: Ecce filius tuus.

        Eta, geiago baño geiago orretara gizon au beartzeko, itzultzen ditu gero Jesus maitagarriak bere bi begiak jandone Joan Ebanjelariagana; ta erraten dio oni: Orra, begira, orra non dezun zuk zere Ama. Badakizu zuk noren Ama den Ama ori; ta Ama orri, bere Amatasunagatik zor zaion begitartea, onestea, ta laguntza. Ez da zer ukatu ori guzia zuk orri bein ere: ta eman bear diozu zuk ori guzia bere denboran; ta eman bear diozu zuzen ta bear bezala.

        Zer zen au, baizik Jesus maitagarriak Seme onaren lanak bukatu, ta bere Amari azkeneko Adio esatea?

        Au bere Seme Jesusen aotik aditzean, nola gelditu ote zen Amaren biotz guztiz maitaria? Nola ez ote zen bertan itorik edo illik gelditu Jesusen Ama maitagarria?— Jaungoikoak ala naiez; ta gure onerako!

        Eta zer erran ote zuen orduan, san Joan Jesusen ta gure senide maitagarriak?— Zer erran zezaken? Itzik ere! Bada era orretako ontarteak ez dute itz egiteko lekurik ematen. Damuak, negarrak, eta atsegiñak lotuak utziko ziozkan jandone Joan Ebanjelariari bere biotza ta miia; ta, arrituaren eran idukiko zuen, zen eran edo zer egin ez zekiena bezala.— Etzion bada deus erantzun itzez san Joanek Jesus maitagarriari; baña erantzun zion lanez ta egiñez; bada egin izandu zuen beti zuzen-zuzen, ta ezin ederkiago, Jesusek orduan adirazi zion guzi-guzia: ta serbitzatu zuen alik ongiena, alik umilkiena, ta al zuen errespetu ta amore guziarekin Jesusen Ama maitagarria, Ama au ill ondoan, Jesusek berekin zerura eraman arteko denboran: ta ori da Jesusen ontarteei erantzuteko biderik onena; zuzen egitea, Jesusek berak manatzen digun guzi-guzia.

        2. Neketan ta bearrean arkitzen bazen ere, bere Amarekikoa egin zuenean, itzuli zen Jesus, bere Aitagana, ta asi zen erraten: nene Aita maitea, ta nere Jaungoikoa, ez dezu zuk ekusten bartanik asi, ta orain arkitzen garan orduraño, nik daramadana, ta gurutze onetan ekusten dudana? Irur modura doa, nere etsaiak ni emen nadukatela; ta ekusten dezu, nola nadukaten ni nere etsaiak: eta alere, ezer nik ezpanekusa baño geiago urrikaltzen etzakizkidala dirudi!— Au nola da, nere Aita maitagarria?

        Au erran ondoan, errain zion Jesusek bere Aitari biotzez, bada etzegoen itz anitz aldi batez errateko: baña badakizu zuk, nere Aita maitagarria, zergatik nagoen ni, nagoen eran, ta egin bedi nigan zuk nai dezuna, ta egin bedi zuk zerorrek nai dezun artean.

        Zenbait atsegin, edo zenbait indar berri artuko zituen Jesusek bere Aitagandik, bere neke gogorrak eramateko, bere neke gogorrak era onetan Aita berari agertu ziozkanean; bada orien eske zen Jesusen aldi artako bere otoitza; ta otoitz ona ez da utsik itzultzen bein ere gure Jaunagandik.

        Agerian, edo adi zezakeenak ekusten zutela, egin izandu zuen Jesusek bere otoitz au, ta era onetan egin izandu zuen Jesusek bere otoitz eder au, ikasi genezan guk guziok otoitz egiten geren neke ta premia modu guzietan; ta ikasi genezan nola guk geren otoitzak egin ere; edo eskatuz gure Jaunari bere esku-laguntza, ta guk nai genuken gauza ta ondasuna; ta ori guk ari eskatu ondoan, erranaz Jaun berari, digula gauz ura, edo, aren ordez, berak nai duena; bada au izain da aldi artan guri dagokiguna.

        3. Bazekien gure Jesus maitagarriak neke berri baten begira zegoela, Salbatzallearen bere lan arrigarri au bukatzeko.— Neke au ozpiñzekoa zen; ta au ere bere gain, beste guziekin batean, artu naiez, bere Aitari, bere otoitz au egin ondoan, erran izandu zion, an zeudenak aditzen ziotela: sitio: egarriz nago.

        Au aditu zuenean, an zeudenetatik batek eman izandu zion lasterkari: sartu zuen ozpiñarekin zegoen ontzi edo baso batean, itsasoaren afar edo pits arro, esponj edo beloki zati bat; eta nolerebait ara kañabera puntan ezartzen zuela, eman izandu zion Jesus maitagarriari bere ezpañetara.— Au ark egitean, erausiz zeuden gañerakok, eta erakerizko itzak erraten zituztela.

        Eta zer ote zen Jesus maitagarriak aldi artan egin izandu zuena?— Itz eroez kasorik ez; baña, Eskriturak ziona, ezin zuzenago: edo ezpañak zabaldu; ta mintasun utsa eramateko bear zen adina ozpiñ artu, ta geiago ez!

        Jesus maitagarria! nonbait andia da gure bekatuen zorra, ta zure Aitak guregan edo gu-baitan duen artzekoa; bada gure zorren alde orrenbat zuk gurutze orretan eraman ondoan, zere egarria iltzeko bezala, ematen zaitzun edaria ere ozpiñ utsa da, ta irabazgai guztiz nekagarria; ta ori zuk artu denboran egiten dituzu nekezko irabazi andi berriak.— Alere andiagoa da, gure Jesus maitagarria, guganako zure amorea; bada zere Aitaren ta gure amorez pozik daramazu zuk, lenen gain, edari latz orren azkeneko neke ori ere.

        Ez dakit nik zer egin, nere eskertasuna zuri erakusteko, nere Jesus maitagarria. Besterik zuk niri adirazi artean, nik egiñen dudana da, alik zuzena nik zure Legeko gauzak egitea, naiz errazak izan oriek, naiz latzak, naiz miñak, naiz gogorrak, naiz nolakoak nai, zuk zerorrek niri nere lan onetan laguntzen didazula.

        4. Edari latz onekin bukatu zituen Jesusek, bere Aitak gure gulpen alde eskatu ziozkan gauza guziak; eta oriek bukatu ondoan, erran izandu zion bere Aita berari: Orra, Aita, orra, egiñik dago zuk niri adirazi zenidan guzi-guzia: Consummatum est. Gizon eginik lurrean bizitzen ni asi ezkerozko denboran, egin dut nik, zuk zerorrek dakizun bezala, aldian aldikoa; ta egin dut nik au guzia, zuk nai zenuenean ta zuk zerorrek nai zenuen bezala; ta ez da egin bage gelditzen misterio, edo gauz andi edo txikirik batere. Gañerakoak aldebat uzten ditudala, nekezko gauzak ziran guziak, zuk dakizun bezala; ta agitz arrigarriak, beintzat bart arratsetik oraindañokoak.

        Baña, ziran baño arrigarriagoak izandu balira ere, guziak egiñen nituen nik zure amorez, ta gizonen onerako; ta egiñen nituen nik biotz osoarekin, ta zuk nai bezala, ta zuk zerorrek adirazten zenituen eran.

        Zenbat atsegin artuko ote zuen Aita eternoak, au guzia Jesusen aotik aditu zuenean? Bada atsegin egiten dio edozein gurasori bere seme onaren ibillera zuzenak; eta ezin ager diteke, Jesusek bereak baño, zuzenago gauzak egin izandu dituen semerik; ez eta, Aita eternoa bezalako gurasorik ere.

        Bere Aitari Jesusek atsegin au egitean, erakutsi zigun guri, Aita berarekin ta gure guraso ta kargudunekin guk egin bear duguna; edo erakutsi zigun nori bere gauzak zuzen egitea; ta geren egite zuzenarekin, bakoitzari dagokan atsegin garbi bero bat ematea.— Zorioneko umeak gu, ori guk egin ondoan, gu ere Jesusen eran iltzera!

        Nekezko lana da bai, batek beti egitea, Jaungoikoak bakarrik batzuetan, ta besteetan Jaungoiko berak gure gurasoekin edo gure eskudunekin batean, nai duena; baña gure neke au guzia laster bukatzen den neke txarra da, ta eternidade bateko atsegin-gloria dakarren nekea; ta orregatik da neke guztiz maitagarria.

        5. Itz au erran ondoan gertatu zitzaion Jesus maitagarriari, berez iltzen den argiari gertatu oi zaiona.— Argiak, berez iltzean, botatzen du, len baño ere gar andiagoa; ta gure Jesus maitagarria illik gelditu zen, iltzean bere Aita eternoari itz oso indartsu batekin erraten ziola: Aita, zure eskuetan uzten dut nik nere anima, edo nere ispiritua. Eta orra azkeneko Jesusen itzak!

        A! nork, bere iltzeko ordu artan, erran litzaken itz berak!— Nork esan litzaken oriek, bere biotzean, Jesusek baño asaldazio geiago ez duela, ta bere anima Aitaren eskuetan geldituko delako, edo Jaunaren graziarekin ill ondoan arkituko duelako, ustean!

        Uste au orduan nai duenak, artu bear du Jesusek orain erakusten digun bidea; ta bide au artu, ta ibilli bear du, bekaturako makurtasunak utzirik, aldapaz aldapa, ta nekez neke, gure Jesusen Lege garbiak ori eskatzen duen aldioro.

        Eta alere gure nekerik andienak ez dira, ez eun legoaz ere, gure Jesusek eraman dituen nekeetara urbilduko.— Ezurrez ta aragiz jauntzia zegoen gure Jesus, gu bezala. Gurea baño gorputz agitz minbereagoa zen gure Jesusen gorputsa. Jesusek etzuen obenik batere, ta gure amorez eraman zituen bere neke guziak.

        Eta zer? Guk geren onerako, ta geren kulpen alde ez dugu eraman bear, bizitza garbi zuzen batek eskatzen duen neke zatia; ta neke-zati, Jesusen neke gogorren aldean, ain arin-txar-txikia!— Bai, nere Jesus maitea, bai! ta pozik alere, zuri begiratuz, ta zuk niri nere lan onetan laguntzen didazula!

 

 

Consummatum est.

Joan. 19. 30.

 

        Bukatu dira beraz, Jesus maitagarria, zure aurtasuneko, zure gaztetasuneko, zure giza-denborako, ta zure pasioneko neke guziak?

        Bukata dira beraz zure Biotzeko illuntasunak eta tristurak, zure odolezko izerdiak eta flakiak?

        Bukatu dira beraz zure bi loetako, ta buru guziko arantzen zulatzeak, iltzez urraturikako esku-oñen oñazeak, eta buruaren erpiñetik beatz azkenerañoko neke ta min guziak?

        Egin dezu beraz gure bekatuen alde, zure Aitak eskatzen zuena; ta guk gerok nai izatera, izain dugu guk orien barkamentua, ta onak izateko bear dugun zure laguntza ta grazia?

        Ordu onez, bada, gure Jesus maitagarria; ta eternidade guzian bedeika zaitzatela zu, zure onenbat nekez baliatzen diranak; eta bedeika zaitzatela zu oriek, ni beren artean nautela!

        Eta zure nekeaz baliatzen ez diranak, Jesus maitagarria zure Legea urratuz, ta beren gogara dabiltzanak, zertan gelditu bearrak ote dira? Nola bukatu bear ote dituzte oriek beren egitekoak eta lanak?— Orretan badabiltza, ezin gaizkiago: bada oriek, beren egiteko oriek bukatu orduko, sartuko dira egiteko berri andietan, ta neke gogorrean; ta neke, eternidade guzian ere, bukatuko ez diranetan!

        Neke oriek nere gain artu bearra naz ni, orain nik ez artzera gure Jesusen izenean, ta nere onerako neke garbi labur batzuek!— Ez orrelakorik, ez, nere Jesus maitagarria: ez eta mundu guziagatik ere! Zurea nai dut izan nik, bizi naizaño baita beti-betiko eternidadean ere: ta bertatik nai ditut nik orretarako bear diran neke guziak.

        Betoz, bada, Jesus maitagarria; ta betoz zure laguntzarekin batean; bada nere nekerik luzeenak ere laster bukatuko diran nekeak dira; ta ez dira bukatzen, oriek dakazten sekulako atsegin-kontentuak; eta oriek nai ditut nik; eta, oriek dituen zerura nai dut nik, an zu beti ta beti maitatzen egoteko, nere iltzean emen ongi erran ondoan: bukatu da: Consummatum est: Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria; bai arren bai!

 

 

Ecce in manibus meis descripsi te.

Isai. 49. 16.

 

        Ezagun zaitzu, bai, gure Jesus maitagarria, garaitu dituzula zuk zere etsaitzarrak, iltzeko zaudela zu orren indartsu arkitzen zaranean, ta orren, itz andi-biziekin Aitari ots egiten diozunean, ar dezala bere eskuetan zure bizitza, zure espiritua, edo zure anima: Et, clamans voce magna, ait, Pater, in manus tuas commendo spiritum meum: bada, bere etsaiak garaitzen ez dituen soldaduak, ez dio eskaintzen ezer bere erregeri, ta ixillik dago, edo aiez ta negarrez, bere Erregek kontuak artzera deitzen dionean.

        Garaituak gelditzen dira, bai, zure etsaiak, Jesus maitagarria. Bear bezala atera dira, bai, zure pausuak, zure itzak, ta zure ukaldi guziak.

        Ongi nekaturik gelditu zara zu, bai; baña etzaitzu galduko, ez, zere neke guzietatik neketxo bat ere; neke orien alde itzuliko dizu zuri zere Aita maitagarriak, orain pozik artzen dizun zere nekezko bizitza; ta zere bizitza berriarekin batean emain dizu zuri zere Aita eternoak bere eskoi aldea; ta eternidade guziko gloria.

        Ongi: ta zertako dira, Jesus maitagarria, oraindañoko zure peleak, eta neke guziak? Ez dira oriek, garai ez nazaten ni nere etsaiak? Orregatik diozu zuk, nerekin diardukazula Isaias profetaz. Ona non zauden zu nere eskuetan letra ederrez ezarria, ta eskribitua; ta emen zenduzkadan nik zu, edo nere gogoan ongi sarturik zeunden zu, nere peleetan ta nere neke ta oñaze guzietan; ta nere neke-oñaze-pele guziak ziran zure onerako.

        Egia diozu, bai, nere Jesus maitagarria; egia diozu! Baña nik ez artu nai izandu nere onerako zure neke-pele-garaitzalleak! Ni oraindañoko nere denboran, zu utzirik ibilli izandu, nere etsai galgarrien artean, ista ta irri zure nekeez egiten nuela, edo bekatuz bekatu ta gaizkiz gaizki!

        Eta ez da au esker-gabetasun eroegia? Onetan iraun bear ote dut nik nere ill artean? Ez-eta begiak iste-idikitze batez ere! ta zorigaistoan egondu naz ni orretan beste anbeste denboraz ere! Nik gaurgero egin nai dudana da, nere Jesus maitagarria, nere leneko gaizki guzien barkamentua damuz erdistea; ta emendik aitziñako bizitz on batekin, zure eskuetan nere anima au uztea; iltzen nazanean ni, eraman nazazun zuk zere Aitaren eskuetara, ta eternidade guziko gloriara.— Orretarako dira Jesus maitagarria, zure eskuetako lan ta neke guziak. Balia dakizkidala bada; bai arren, bai!

 

 

Et., inclinato capite, tradidit Spiritum.

Joan. 19. 30.

 

        Gurutzearen ondoan zaude zu, Jesusen Ama maitagarria, ta ekusten dezu, nola gelditzen den or zure Semea.

        Bere Aita eternoari egin dio, or iltzean, zure Seme Jesus maitagarriak agur andi bat; eta denbora berean egin dizu zuri ere agur bera; ta izan bagez non utzi bere burua, an gelditu da, lantzak urratu bear dion bular aldeari begira bezala; ta, gure amorez ill delako egoerarekin.— Odolez, ta listuz guztiz betea daduka Jesusek bere buru bera, ta bere aurpegi guzi-guzia.— Biotzean dadukan odol tanta bat baizik ez diote utzi borrero gaistoak, edo gure bekatuak Jesus maitagarriari; ta ori ere laster aterako dio, bai, biotz beraren erdiraño sartzeko dagoen lantza gogorrak: eta gelditu da Jesus, illa baño ere illagoa dirudiela: ta zere Seme Jesus illa garbitu, ta ill-oialez zuk, Ama maitari maitea, estali naiagatik, ez dizute utziko zaitzen dauden soldaduak; eta lan ori oriek zuri egiten utziagatik, ezin egin zenezake zuk: bada zutik dago gurutzea, ta gurutzean iltze andiz josia dago Jesus; ta dago, zuk ezin erditsiko dezun lekuan!

        Zuk dagikezun guzia da, Ama maitagarria, negar ta oñazez urturik, Jesusi begira egotea!— Ala zaude, bai, Jesusen Ama maitagarria; ta, naiagatik ere, nola zenegike ori besterik zuk? Ill dizute alabaña, amak izandu duen semerik onena maitariena ta maitagarriena; ta Seme, gañerako ama guziak beren semeak baño agitz, eta agitz zuk maiteago zenuena: ta ill dizute obenik bage, ta oraindik eman den, sentenziarik eta eriotzik gaistoen gogorren, ta galduenarekin!

        Egizu, bada, negar ta negar, Jesusen Ama ezin maitariagoa; badezu, bai zergatik negar egin: ta ez dezazula begiratu zere Seme Jesusen iltzalle gogor galduetara; galdua naz ni bestela; bada ni naz, ni, nere bekatuekin orietatik bat; eta, bearbada, gaistoenetatik.

        Edo begiratzekoetan zuk orren iltzallei, izan bedi zere Semearen otoitz bera zuk egiteko, ta Aita eternoari zuk errateko: Aita, barka bekie nere Semearen iltzallei, edo bekatari tristei, orain ori iltzean egin duten bekatu izugarria.

        Kendu diozkate oriek, bai, zuk zerorrek dakusazun bezala, bere odola ta bizitza nere Seme Jesus maitagarriari: baña, bere iltzalle beren onerako, pozik zuri nere Semeak emanak dira oriek. Baña dakiztela, bada, ta geldi ditezela onduak, oraindañokoan gaizki bizitu diranak. Indazu atsegin ori, onenbat nere naigaberen artean.

        Ala egiñen du, bai, Jesusen Amak ekusten bagaitu gu geren gaizkiez ongi damutuak; eta, gaizki berririk ez egiteko asmoan, ziñez ta biotzez erraten diogula geren bekatuekin illerazi diogun bere Semeari: Nere Jesukristo, etc .

 

aurrekoa hurrengoa