www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXX.garren OTOITZ-GAIA

ALDAREKO BERE SAKRAMENTUAN
JESUSEK AGERTZEN DIGUN
ONGI NAIA

 

        Itzez ez digu deus guri gure Jesusek agertzen aldareko bere Sakramentuan; baña Sakramentu beraz, ta Sakramentutik, eta Sakramentuan, egiten duenarekin adirazten digu andia dela guri digun ongi naia ta amorea. Ori da aldi onetan guk ekusi bear duguna, ekusteko guk, edo ezagutzeko, gure Jesus maitagarriari bere aldareratzeagatik, aldareratzen den eran, ta aldarean egiten duenagatik, zor diogun amorea

 

 

A.

Aldareko Sakramentu berak
agertzen digu ongi aski,
andia dela Jesusi
guk emen zor diogun
ongi naia ta amorea

 

        Gure Jesus maitagarriaren atsegin-kontentu-poz andiak dira gurekin emen egotea; emen gurekin egotea, ez nolanai, edo elizan Jesus, eta gu geren gauzetan, baizik guraso on bat bere ume onekin egon oi den eran; eta, batzuetan beintzat guraso bera bere umeekin baño agitz gure alderago.

        Guraso on bat, eta guraso onaren erako beraren umeak, al dutenean elkarrekin daude, elkarri beren barrenak eta gogoak agertzen dieztela, elkarri laguntzen diotela, ta elkar maitatzen dutela.

        Eta ori da, beinik bein gure guraso on Jesus niaitagarriak gurekin egin nai duena: nai du alabaña goazkion gu, bera guk noizean bein, edo lekua, astia, ta deretxa dugun guzietan, elizan ekustera; an, ari guk diogun maitatasuna agertzera; ta agertzera guk ari bidenabar geren kezkak eta bearrak, eskatzeko gero guk berari, geren kezka ta bear oriek ongi eramateko, ta bera maitatzeko bearko dugun bere laguntza ta grazia.

        Ori guzia ezezik, nai du gugandik geiago ere gure Jesus maitagarriak, bada nai du, ar dezagun bera, zenbait aldiz beintzat, eta alik maizena, geren komunioneetan; gure biotzaren aldamenetik guri orduan berak geren gauzak adirazteko; an berak bere ongi nai andia guri agertzeko, ta bertan guri an berak bere eskua, laguntza, ta grazia guri emateko.

        Bere nai bata, ta beste au agertzen dizkigu guri gure Jesusek irur eratara; ta lenbiziko lekuan, bera dagoen, bere aldareko Sakramentuz.

        Zer gisatan, edo nola egiten ote du gure Jesus maitagarriak bere ager-era au?— Sakramentu au guri agertuz, ta, Sakramentu beraz guri adiraziz, Jesusek berak guri erakutsi nai diguna.

        Baña zer ote da, aldareko bere Sakramentu onez Jesusek guri erakutsi nai diguna?— Jesusek berak gugatik len egin izandu zuena, ta emen gure onerako dakarren guzia.

        Zer ote da, gure Jesusek len egin izandua, ta orain or aldarera berekin dakarren ori guzia?— Ori da gure Jesusek, bera gizon egin zenetik ill arteko bere denbora guzian gugatik ekusi zuena, ta bere Pasioneko tormentu guzia; ta orrekin guziarekin gure onerako Jesusek berak irabazia.

        Ori guzia dakar, bada, gure Jesusek, aldarera datorren aldi guzietan; ta ori guzi-guzia dakar Jesusek gure onerako.

        Baña nola adirazten digu guri ori guzia gure Jesusek aldareko bere Sakramentuz?— Aldareko Sakramentu bera guri agertuz. Oar zaitez ezperen, ta ekusiko dezu.

        Atozea: Meza zuk enzutean, ez dezu ekusten agertzen dizula zuri Mez-emalleak bein osti konsagratua; ta, au utzi, ta gero kaliza?— Ongi da, ta zer arkitzen ote da Mezako osti konsagratuan?— Or arkitzen da, dakizun bezala, gure Jesusen gorputza, Jesusen gorputzari ditxezkon bere gauzekin. Eta Mezako konsagrazio ondoan zer arkitzen ote da Meza bereko kalizan?— Kaliz orretan or arkitzen da Jesus beraren odol guzia, odol oni ditxezkon gauza guziekin.

        Eta zertako ote da era orretan bein bata, ta bein bestea Mezako apezaren eskuz Jesusek guri agertzea?— Ori da beinik bein Jesusek guri adirazi naiez bere milla ta milla neke-tormenturen buruan, atera ziotela Jesusi borrero gogorrak, bere zañetan zuen odol guzia, ta utzi zutela gurutze batean odolik bage, ta gure onerako ill-ori-otza.

        Eta, nola orain arkitzen den kalizan Jesusen odol au, Jesus beraren gorputz-animekin, ta baru Jaungoikotasun guziarekin; ta arkitzen den ostian Jesusen gorputza bere odolarekin, bere animarekin, ta bere Jaungoikotasun berarekin; edo nola batean ta bestean arkitzen den bizirik, eta bere zeruan arkitzen den eran gure Jesus maitagarria, ta orregatik bere irabazi guziekin, Hostia, ta Kaliza agertzen zaizkigun eran, adirazten digu gure Jesus maitagarriak, or datorkigula len berak gugatik egin izandu zuenaren berri ona guri ematera, ta orduan berak irabazi zuenetik, bear dugun guzia guri eman naiez.

        Eta orra non bere Sakramentu beraz agertzen digun guri gure Jesus maitagarriak bere Sakramentuan guri digun ongi nai andia, ta amore bazterrik bagekoa.

        2. Au berau agertzen digu guri gure Jesus maitagarriak Sakramentu beraz beste aldetara ere.

        Atozea: zer gogoratzen zaitzu zuri, Jesusen Sakramentuko osti au ekusten dezun aldietan? Ez ote zaitzu gogoratzen zuri zer gaiez egiña ote den osti ori bera? Ote dakizu zer gaiez?— Gariz, bada, edo anitz alez edo granoz.

        Baña nola ote, edo zer eran?— Jotzen da errotan garia, edo arri tartean lertzen ta urratzen dira gari aleak, ants edo irin egin arteraño. Iralkitzen da trilla bai mee batean, ta kentzen zaio zai guzia. Egiten da gero urarekin irin guzia bat, eta erretzen da bi burdin goriren, edo ongi beroturen artean.

        Eta zergatik artu ote du gure Jesus maitagarriak Sakramentu andi onetarako ogizko ostia, ta ez beste gaiezkoa?— Ori guk ekustean, gogora zekigun, gure Jesus maitagarriak gure amorez eraman zuen neke arrigarria.

        Kendu zioten gure Jesusi bere borrero gogorrak bere soñekoa, iriñari iralkilleak bere zaia bezala.— Lertu bezela zuten Jesus bere borrero berak ostikoka, okabilka, ille tiraka, ta nork daki zenbat aldetara. Urratu zuten gure Jesus maitagarria azotez ta arantzaz borrero berak; eta azkenik gurutze batean burnizko iltzez josten zutela, iutzi izandu zuten gure Jesus maitagarria milla nekeren, ta oñazeren artean errea bezala.

        Ori guzia eraman izandu zuen gure amorez gure Jesus maitagarriak; eta ez du geroztik galdu gure Jesusek guganako bere amore andi au.

        Eta orra non, orduko bere nekeekin batean, agertzen digun guri gure Jesusek, Mezako osti au guri agertzean, ordu artan izandu zigun, ta geroztik ere beti digun, amore ezin andiagoa.

        Eta Meza bereko kaliza agertzean? Goazen ekustera.— Zer arkitzen ote da, kalizeko konsagrazio ezkero, kaliz berean?— Araistian guk adirazi dugun guzia; ta beinik bein gure Jesusen odol garbi-ezin-ederragoa ardoaren idurian, edo ardoaren aintzurarekin.

        Zer gaiez, edo zertaz egiten ote da Mezako ardoa?— Mats-alez.

        Baña nola ote?— Matsak oinpean lertuz, ta dolareetako ardatz-pera ardalariak biltzen dituztela; ta, ardazpe berean ongi-ongi estuturik duten ezatasun guzia mats-ale guziei kentzen diela.— Sartzen dute gero ardalari berak beren kupeletan, mats aleak zuten ezatasuna, ta eda-gaia: egosten da an bere beroarekin edar-gaian; ta gelditzen da, bear bezalako ardo ta edari egiña.— Eta orra gure Jesus maitagarriari gertatuaren itzal, bera diñakoa, edo aintzura ta imajen zuzena.

        Errazu ezperen: zer izandu zen gure Jesus Jetsemaniko bere baratzean?— Mats-ale, zure ta nere oben-kulpa gorren oinpean lertu bat bezala; bada badakizu, orduan oriek Jesusi eman erazi zioten odolezko izerdia.

        Eta zer ote ziran, Pilatosen etxeko bost milla, ta anbat odolezko azot-ukaldi, ta golpe? Zer Jesusen buruko arantza zorrotz gogorrak? Eta zer, Jesus beraren esku-oñak gurutze batean josirik iutzi zituzten iltze burdinezkoak?— Zer, baizik beste anbeste bere Pasione santaren dolareko ardatz astun-estutzalle-arrigarri? Bada, ezin erran ala estutzeren, ta nekeren artean atera zioten guziak Jesusi, bere zañetan, ta bere biotzean zuen odol ta ezatasun guzia.

        Nora zen gero, edo zer egin ote zen gure Jesusen odol isuri au?— Itzuli berriz Jesus beraren zañetara, ta biotz berera. Bai, gure Jesusen zañetan, ta beraren biotzean arkitzen da, andik len gure onerako atera zen gure Jesusen odol guzia, ta an bertan arkitzen da, gure amorez irakiten bezala: ta, ongi komuniatzen garan aldietan, ta guk gure Jesusen gorputza artzen dugunetan, an datorkigu, lurreko gauza txarren, ta aragiaren gure egarri loiak kentzeko, gure Jesus maitagarriaren odola.

        Eta ori da, oartzen diranei, Mezako kalizarekin Jesusek adirazten diena; bere leneko odol-isurtzeetan izandu zuen nekea ta nekea, ta orduko, ta orain or Sakramentu orretan, duen bere guganako ongi naia ta amorea.

        Baña zertako ote dira, Jesusen eriotzaren, ta bere eriotza baño len Jesusek izandu zituen neke arrigarrien, ta len, ta gero Jesusek berak duen guganako ongi nai andiaren orrenbat agertze?— Guri, geren onerako, Jesus maitagarriak eragin naiez, beraren neke-amore oriek adirazten digutena.

        Zer ote da gure Jesusen bi gauza era oriek adirazten digutena?— Lenbiziko lekuan, damuz, ta urrikiz guk geren biotzak betetzea, zeren gure bizitza gaisto galduagatik arrerazi generozkan gure Jesus maitagarriari orrenbat neke ta naigabe ta odol-isurtze.— Bigarrena, guri begitan arreraztea bekatu berrietarako bide guziak, eta bekatu berrietarako gu illen eran uztea.— Irurgarrena eme-emeki guk, eta gure Jaungoikoaren izenean eramatea geren eritasunak, barrengo geren kezkak, gure lagunen txarkeriak, eta nondik-nai guri etortzen zaizkigun neke guziak.— Eta laurgarrena, maiz guk geren gogoan artzea gure Jesusi guk aldareko bere Sakramentuan zor diogun ongi nai-amorea; ta ori guk geren gogoan maiz artzea, artu-aldi bakoitzean guk amoriozko eskerrak Jesusi emateko, al dugun guzietan Jesus bera bere aldarean ekustera joateko, eta noizean bein, ta ez bakan, gu gero komuniatzeko.

        Ala egin izandu ote dezu zuk oraindañokoan?

        A nere Jesus maitagarria! Ez eta oartu ere ni, zure kaliz ederrak, eta osti konsagratuak adirazten dituzten zure neke eriotz, eta amore bazter gabekora!— Zentzurik gabeko gizatxar bat bezala komuniatu izandu haz ni, ta bizitu oraindañoko nere denboretan! Komuniatzera nindoan ni (artaratzen nintzan aldietan) zertara ninjoan jakin izandu ezpanu bezala, ta zu nik, nere Jesus maitagarria, artu ondoan, gelditzen nintzan ni, ogi-zati bat jan izandu banu bezala, ta len bezain otz, eta debozionerik bage.

        Ezin gerta ziteken au baizik; ez nuen alabaña nik ezagutzen ere zure amore andia, ta nik zuri ordez, ta anitz aldetara zor nizuna! Baña jakiñaren gain biziko naz ni gaurgerokoan, ta beste eran nik nere gauzak egiten ditudala.

 

 

B.

Bere Sakramentutik Jesusek
egiten duenak agertzen digu,
guztiz andia dela
emen berak guri digun amorea

 

        Jaungoikoaren jakiundeak (dio Salomonek Prov. 9. 1.) edo Aita eternoaren Seme-gizon egiñak, egin izandu zuen etxe berri eder bat, eta sendortu zuen bere etxe au zazpi pillarerekin. Eman ziozkan emen bere etxe galant sendortu onetan bere Aitari, Aitak berak geiena nai zituen ofrendak.

        Prestatu zuen emen, onara zetozenentzat bere Maia: ta, etorri zitezen alkerik batere bage, igorri zituen, edo bidaldu, zetozkenen eske bere neskameak, edo serbitzariak; eta orien ezpañez banatu zuen onako berri on au: Jende gazterik bada, edo aur txikirik, betoz guztiak nere maira; eta, ez dakitenei erraten die, jan zazue zuek ere nere ogitik, zuek jan ala, ta ase arteraño; ta edan zazue orrekin batean, or nik emanik dezuten zeren ardoa.

        Orra Salomonek, edo Salomonen ezpañez Espiritu Santuak, gaur diona: ta orra gure Jesus maitagarriak aldareko bere Sakramentutik egiten duena, guri bere bazter bageko bere amorea, ta ongi naia agertu naiez; bada Jaungoikoaren jakiundearen, edo gure Jesus maitagarriaren, etxe berri au da Jesusek berak, gizon egiñik, ekarri zigun bere Lege zuzen-garbia; ta lege elizaz betea.

        Jesusen Lege berri, etxe galant, edo Eliz onen zazpi pillareak dira gure zazpi Sakramentuak.— Aita eternoari Jesusek emen emanikako ofrenda da Jesus bera, Aita beragatik eta gure bekatuen alde, gurutze batean ill izandua. Ogi-ardoekin emen arkitzen den maia da Jesus beraren gorputz-odol guzia dadukan aldareko beraren Sakramentua.— Barazkaltzera deiez dabiltzan neskameak dira, komunionera jende onak zuzen-erazten dituztenak. Eta, barazkaltzera deituak diran aurrak, eta jakiunde bagekoak dira, komuniatzen diran jende umill tolesturik bageak.— Eta orra zein andia, gure Jesusek orretan agertzen digun bere amorea.

        Goazen, guk au ekusi dugun baño obekiseago orain ekustera, ta orretarako bere zenbait tolestu Jesusen aldareko Sakramentu oni kentzera.

        Gure Jesus maitagarria aldareko bere Sakramentuan dago gau ta egun, ta urte guzian, guri ongi ta ongi naiez; ta or dago, edo or arkitzen da Jesus beti bere biotza gure amorez urtzen dadukala.— Era orretan or daduka gure Jesusek bere biotza, bere amorez gu erre-urtuak utzi naiez, ta obeki baño obekiago gu ekusteagatik. Orretarako gure barrenera, bear bezalako komunioneetan, maiz-maiz sartu naiez dago gure Jesus maitagarria.

        Baña ura gugana amoretsu bezain amoretzakeak, edo amore-bageak, izan gu geienok beintzat, gure Jesus beraganako! ta ez gu komuniatzen ere, ezpada bakanka, edo berandutik berandura; ta orduan ere, gure Jaungoikoak dakien bezala!

        Orregatik, berandetsirik bezala gure nagitasunaz Jesusek, edo ezin burutuz bezala, bere guganako amore bazter bagekoarekin, igortzen dizkigu komuniorako deitzalle onak; batzuetan bere predikariak, besteetan gure konfesariak, askotan libruak, zenbait aldiz geren gurasoak, geren etxekoak, edo ongi nai diguten, beste zenbait; eta, geren barrenetara maiz aski sartzen zaizkigun gogargiak, eta biotzen ukierak.

        Deitzale on orietatik bakoitzak egiten du bere aldetik alegiña, guri adirazteagatik Jesus onaganako gure eskergabetasuna; baita maiz komuniatu bagez (maiz komuniatzen ezpagara) guk gerok izan oi dugu zeruko gosea, ta grazi-bearra; ta gero gose-bear onek arrerazten digun bekaturako bide loi-zikin-galgarria ere.

        Eta, maiz komuniatuagatik gu, gu arkitzen bagara gero gutitan, edo bakan, ta gaizki komuniatzen diranak bezain goseti, ta egartsu, edo komuniatzen ez diranak bezain zeruko grazirik bage, ta bekatuz loituak, bide beraz agertzen digu Jesusek guri, nondik datorren orduko gure bearra ta gabea: edo agertzen digu, ori guzia datorkigula guri geren arrotasun ta antuste galgarritik, edo guk ez ongi ekustetik geren aurkeria ta ezer-eza, gauz onak guk egiteko; ta geren bekatu galgarrien, ta gure aragiaren atsegin lizunen errekarako, ta osin arrigarrirako gure makurrera ta limurtasuna; bada gauza bata ta bestea ongi guk ezagutzera, guk gerok billatuko genuke geren laguntzallea, ta billatuko genuke guk au umil-umilki, ta bear den eran: edo, ori guzia guk ongi ezagutzera, joain giñake gu maiz-maiz, ta bekaturako beldurrez beteak, geren komunionera: agertuko geniozke guk geren Jesusi geren bearrak ta premi guziak; eta eskatuko genioke gero guk gure Jaungoiko maitagarriari bere laguntza ta grazia; ta ibilliko giñake geroz geiago geren Legeko bidez, ta bekaturako bide galgarrien igesi ta igesi.

        Au guzia guri eragin naiez da aldareko orrenbat Jesusen egote. Au guzia guri eragin naiez dira Jesusen anbat mandatari, ta komuniorako deitzalle on. Eta ez du Jesusek bere lan au utziko, ez, mundua bukatu arteko denboran, edo aldareko bere Sakramentuan arkitzen den denbora guzian.

        Ekusten dezu, zer amorea, gure Jesus maitagarriak guri bere lan eder onetan aldaretik erakusten, edo agertzen diguna?— Ez du Jesus maitagarriak, ez, zuk zerorrek dakizun bezala, gure bearrik batere; eta gure bear baliz ere, ezin legike egiten duena baño geiago gure onerako.— Eta ez da au gure Jesusek guri aldareko bere Sakramentu orretan agertzea, ezin-andiagoa dela guri digun bere amorea?

        Eta nolakoa ote da Jesus maite beraganako gure amorea?— Gutatik anitzena beintzat, ezin laburragoa, ezin otzagoa, edo batere ez: bada ala ez izatera, nola genbilzke gu, gabiltzan bezain eskergabeak gure Jesus onarekiko, edo nola genbilzke gu, gabiltzan eran, ta geren komunionetik eta Jesusen aldareko Sakramentutik igeska ta igeska? Edo nola urbil gindezke gu, urbiltzen garan bezain zikin-otzak, edo epelak, gure Jesusen aldareko maira, komunionera, edo elizan guk gure Jesus ekustera?

        Ekusten dezu? Egizu, bada, gaurdanik bada ere, Jesusek bere aldaretik erakasten dizun amore bazterrik bageak eskatzen dizuna.

 

 

C.

Aldareko bere Sakramentuan
Jesusek egiten duenak agertzen digu,
guztiz andia dela berak guri
digun amore ondasunduna

 

        Aldareko bere Sakramentuan Jesusek guri agertu digun eran agertzea, ta Sakramentu beretik egiten dituen gauzak egitea, guri gure Jesusek agertzea da, or guri berak digun bere ongi naia, ta amore andia.

        Bere guganako ongi nai-amore au bera alde onetatik bezain ongi (eta agitz obeki) agertzen digu guri gure Jesus maitagarriak beste alde batetik, eta beste bidez ere. Jesusen beste bide au gure barren bereko bidea da; ta bide, Jesusek bere agerrera orretarako, gu ongi komuniatzen garan aldietan artu oi duena.

        Gu ongi komuniatzen garan aldietan egiten du gurekin gure Jesus maitagarriak, len ez bezala, guganako bere amore andiaren agertze on au: egiten du orretarako, ardi errebelatuen, edo galdurik zebiltzan ardien, ondoren nekaturik ibilli den arzai onak, noizbait oriek arkitu, ta sasitik atera ondoan, ardi berekin egin oi duena.

        Artzai onak erabilli oi ditu, nekez bildurikako bere ardiak eme-emekitxo, ta batere asaldatu bage. Eramaten ditu bein alde batera, ta bein bestera; ta aldioro eramaten ditu eraman bear diran tokira.— Bere ardiekin dabillen aldi guzietan berekin du beti arzai onak bere zakur sangaria, edo sangakaria.— Ote dakizu zuk zertarako?— Otso gaistoak aienatzeko, ta orien ortz odoltietatik bere ardiak gordetzeko.

        Goizeko intzak, eguraldi gaistoak, edo neguko otzak gaitzik egin ez dezoten, ez ditu artzai onak bere ardiak etxetik, bordatik, eta beren korraletik bere orduraño ateratzen. Eta, eguraldi ona denean ere, beroak zerbait estutzen asi orduko, eramaten ditu artzai onak beren itzalpera.— Artzai onak ez ditu sartzen bein ere belar gaistoetan bere ardiak. Udan belar batzuetan erabilli oi ditu artzai onak bere ardiak, eta neguan besteetan; ta aldian aldi artarako obeak dirala deritzan belarretan.— Elbarritzen bazaio bere ardietatik bat, lotzen du bertan, berak dakien bezala; ta alere ezin ibilli bada berez, edo bere oñez, artzen du artzai onak bere lepoan, ta ala darama bere tokira. Orra lurreko artzai onarena.

        Eta orra Jesusek bere ardi onekin, edo, ongi komuniatzen diran bere animekin egin oi duenaren itzala, aintzura, edo imajina.

        Berekin dutenean beren Jesus maitagarria, debotki komuniatzen diran animak baldin oriek aldi orietan badaude, Jesusen barreneko itz meak aditzen dituztela, adirazten die beren Jesus maitagarriak, leneko beren ibillera txar-galduen itsustasuna; ta adirazten die beren bekatuen sasi galgarritik ateratzearekin egin izandu dien ontarte andi, ta fabore guztiz ekustekoa.

        Au oriei adirazte berean, agertzen die gure Jesus maitagarriak, zein andia den, ta zein bazterbagekoa, Jesusek berak bere biotzean dadukan oriekiko ongi naia, ta amore garbi-ondasunduna; baita zenbateraño beartuak arkitzen diran ere, alik ongien-ongiena beren amorez amore oni berak erantzutera.

        Eta orduan ongi komuniatuagatik, arkitzen badira anima oriek, leneko beren bekatuakgatik, elbarri bezala, ematen die bidenabar gure Jesus maitagarriak, ongi sendatzeko bearko dutena, ta orrekin batean anitz grazia, indar, ta laguntza.

        Orrenbat adirazte garbi, sendagai sendor, ta ondasun zeruko ematen dien denbora berean, ematen die Jesus maitagarriak ongi komuniatzen diran anima berei beren poz-atsegin-aldi, ta ongi-ongi bizi nai andi bat ere; omnis saporis sua vitatem (sap. 16. 20.); ta, ala bizitzeko erakusten die Jesusek anima berei zer belar utzi, ta zer artu, edo nondik iges egin ta zer gauzak egin.

        Era orretako komunioneak egiten dituzten animak, Jesusek noizbait utziagatik, edo anima berak, beren komunionea bukatu ondoan, ez dira, ez, bakarrik gelditzen; gelditzen dira beren aingeru zaitzalle onarekin; ta gelditzen dira, Jesusen biotzeko amore zoragarria, ta Jesusen etor-aldi artan berak ikasi, ta artu dutena gogoaren ondoraño sarturik gelditzen zaiela: memoriam abundantiae suavitatis eructabunt: Eta orrekin aisa daramazte geroko denboretan beren neke, kezka, ta naigabe guziak; egiten dituzte zuzen, ongi, ta bear den bezala, beren gauza guziak; eta ordu beretik prestatzen dira urrengo beren komunionean ondasun berriak beren Jesus onagandik artzeko; ta orduan, ta gero, artzen dutenarekin doaz birtutez birtute, ta zerurako irabaziak irabazien gain egiten dituztela.

        Ekusi zazu orain zuk andia den, edo ez, gure Jesus maitagarriak ongi komuniatzen diranei agertzen dien amorea: ta ori oriei agertzean egiten dien ontarte ondasunduna!— Ez dizu noski oraindañokoan zuri agertu izandu Jesus maitagarriak, orrenbat ondasun ekarri dizkitzun bere amorearen berri andirik!— Zergatik ote? Nola izan oi zen zure komuniatzea? Nolakoa, komuniatu ondoko Jesusekin zure egotea? Eta nolakoa geroko zure ibillera?— Otz-otza, ta aragiaren, edo lurreko ezatasunez zere barrena zuk beterik zenedukala egin izandua? Jesus maitagarriarekin ezpazeunden bezala, egoten ote ziñan zu zere komunione ondoan? Komuniatu ondoan lenbaitlen elizatik iges egiten ote zenuen zuk; eta iges egiten ote zenuen zuk, gogotik utzirik zere Jesus maitagarria, ta geroz geiago Jesusez ez oroitzeko?

        Zer nai zenuen, bada, gerta zekizun zuri zere komunioneetan? Bizi zaitez kontuz, ta bear den bezala, zu datozen denboretan. Zoaz bear den eran, ta maiz-maiz komuniatzera zu, ta besterik izain da denbor orretan.

        Eta orain eska zazu, orretan lenago ez-asiaz, ta beste zere bekatu guzien barkamentua, ziñez erraten dezula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

 

Sentite in vobis quod in Christo Jesu.

Philip. 2.

 

        Gizon bategatik beste batek daraman nekeak adirazten omen du, gizon onek ari nai diona. Andia da beraz, ta ezin andiagoa, gure Jesus maitagarriari zor diogun ongi naia ta amorea; bada andiak izandu ziran, ta ezin andiagoak gure Jesusek gugatik eraman zituen neke-tormentuak, edo bere barreneko naigabeak, eta gorputzeko oñazeak.

        Jesus maitagarriaren barreneko neke arrigarriak asi izandu ziran Jesus beraren bizitzarekin, ta etziran bukatu beraren eriotzeraño: ta guztiak izandu ziran beti guztiz andiak, eta batzuetan beintzat ezin-andiagoak, eta odolezko izerditan gelditzen ziranak.

        Gure Jesusen gorputzeko nekeak izandu ziran, Jesusek berak barrendik izandu zituen neke beren erakoak; eta orregatik agitz izugarriak. Oroi zaitez ezperen arantzez, azot-ukaldiz, ta iltze gogorrezko, bere etsaiak Jesus maitagarriari bere gorputzean eman ziozkatenez.

        Ez dezu ekusten zein andiak, zein arriagarriak, eta zein parerik bagekoak?

        Oriek diranak, bada, ta bere barrendik Jesusek izandu zituen neka-giro gogor guziak dira, Jesusek berak aldareko bere Sakramentuz, edo ogi-ardoak eraman oi dituzten lertzez, ta urratzez, erretzez, ta egostez, adirazten dizkigun neke-tormentuak!

        Eta au dela (den bezala) gure Jesusek zuri agertzen dizun bide zerurakoa zer ote da gaurgero zuk egin uste dezuna? Zere gogo galduak ematen dizun besteren bat artu, ta aisa bizi? Zer? eta era orretan igan nai dezu zuk gure Jesusen erresumara?— Erakeria! An, Jesusen erresuman sartzen ez da, Jesusen bidez ez dabillen andi-txikirik. Arako bazara zu, eraman bearko dituzu zuk zere kezkak, zere naigabeak, eta zere neke-moduak; eta eraman bearko dituzu, bere neke-tormentuak, Jesusek eraman izandu zituen eran, edo gure Jaungoiko maitagarriaren izenean eme-emekitxo, ta bear bezala.

        Ori da gure Jesus maitagarriak zuri adirazi nai dizuna, beraren aldareko Sakramentura zuk begiratzen dezun aldi guzietan.

        Aditzen dezu? Egin izandu dezu zuk oraindañoko denboran, orain zuri adirazi zaitzuna? Ez? Etzara beraz zu gure Jesusen ume onetatik. Etzara beraz zu zerurako dauden anima garbi berezietatik.— Ez segurki, ez, beste biderik zuk gaurdanik, edo garai onez ez artzera. Artu zazu, bada, zuk au lenbaitlen; ta artu zazu gure Jesusek len artu izandu zuen eran, argatik zuk zenbait neke artuko badezu ere. Zerbait zu orretan nekatzen bazara ere, etzara nekatuko, ez, gure Jesus adiña. Eta, nekatuko zaran baño, geiago ta geiago nekatuko baziñake ere, bukatuko dira laster zure neke guziak, Jesus maitagarriarenak len bukatu ziran bezala; ta ez dira bukatuko sekulan zure atsegin-gloriak.

        Saia zaitez, bada, Jesusen ondoren, ta aren eran ibiltzera; bai arren, bai!

 

 

Reliquite infantiam, et vivite,
et ambulate per vias prudentiae.

Prov. 9. 6.

 

        Zertako da gaur orrenbat aurkeri (erraten digu guri gure Jesus maitagarriak aldareko bere Sakramentutik)? Edo zertako da gauza txar galgarri zenbaiten ondoren, on andiak aldebat utzirik, zuek zabiltzten eran ibiltzea.

        Antuste gaistoz beterik arkitzen zarazte zuek aspaldi guzian, ta aize utsa da denbor orretan guzian zuen janaria, ta zuen edari guzia; aize utsa da alabaña zuek billatzen dezuten emengo lekua, emengo eskua, ta emengo manu guzia; ta manu-esku-leku orren billan zarabiltzte zuek zere arrotasunak, eta aizezko antusteak.

        Orrelakorik ez denean zuen buruetan, aragi zikiñak zaramazte zuek zeren eskutik bezala, eskutik aur bat eraman oi den eran; ta zaramazte loiez loi, kezkaz kezka, ta naigabez naigabe; bada orretan gelditzen dira, ez beste tokitan, aragiaren poz-atsegin loi-lizunak, eta ibillera makur-lotsagarriak.

        Era orretan zuek zabilztenean, ateratzen zaizkitzue zeren bideetara mundu eroa, ta munduko lagun zentzubageak, edo gaizki dabiltzanak: eta agertzen dizkitzue beren lege ta bide gaistoak, bide beretan zuek sarrerazi naiez; ta sartzen ere zarazte zuek, orien beren lagun eroak izatera.

        Noiz artean, bada, zuek era orretan ibilli bearrak ote zarazte, dio gure Jesus maitagarriak, edo noiz artean idukiko nazue, ni zuek, nagoen eran, emen nere Sakramentuan zuen begira?

        Utzazue zuek; utzazue (ta bertatik alere) zeren aurkeri eroegia. Iges egizue zuek zeren lagun gaistoen artetik. Egiozue zuek ez-ekusi mundu galgarriari, edo munduko gaistoak erakusten dizutenari. Begira zaiozue zuek zeren lurrezko izateari, ta zeren laster, ta fite, ill bearrari. Eta ez da zuek zer-eman, ez, zeren aragiari atsegin debekaturik, joan nai ezpadezue zuek betiko sulezera, an kiskiltzen, erretzen, ta lertzen zuek eternidade guzi-guzian egotera.— Utzi zatzue, bada, zuek, dio gure Jesus maitagarriak, zeren aurkeri oriek. Atozte zuek onera nigana. Atozte zuek ni emen aldarean nere Sakramentu onetan ekustera, ta zeren komunione onetan ni artzera.— Ori guzia zuek zuzen egitera, nik emain dizuet zuei emen, biziera garbi on bana zuek egiteko bearko dezutena; ta gero sekulako gloria.— Ez dezue zuek ala ere nigana nai?

        Bai, gure Jesus maitea, bai; ta pozik alaere! ta zorigaistoan ibilli gara gu oraindañokoan ere zure igesi, ta geren aurkeri eroetan! Bukatu dira guretzat, bai, oriek ezezik, era berekoak, eta beste guziak ere. Bai, gure Jesus maitagarria, bai, sendorki zuk, eta beti guri laguntzen diguzula. Egizu, bada: bai arren, bai!

 

 

Implebit splendoribus animam tuam...
et eris quasi hortus irriguus et sicut
fons aquarum, cujus non defficient aquae.

Isai, 58. 11.

 

        Andia da, bai segurki, gure Jesus maitagarriari zor diogun, ontarte-faborea, zeren aldareko bere Sakramentua guri agertuz, adirazten dizkigun guri bere neke penak, eta bere biotzeko naigabe ta amore andiak. Andia da, bai segurki, Jesus berari guk zor diogun ontartea, zeren Sakramentu beretik, berez batzuetan, ta beste anitz aldiz anitz aldetara deiez dagokigun, an bera guk artzen dugunean ongi andiak ongien gain guri egin naiez: baña agitz eta agitz andiagoa da an bertan guk Jesusi zor dioguna; an alabaña bere eman naiak agertu ezezik, emate berak ere egiten dizkigu; ta emate, guk artzalle gerok artu al adiñakoak.

        Ara, dio Isaias profetak; ara gure Jesusek, ongi komuniatzen diranei egiten diena: betetzen diezte zeruko bere argiz ta edertasunez beren animak. Anima era orretan Jesusek beteak badute, erregeren lorezko baratz ederrak ur adiña, zeruko grazi, ondasun, ta doai; ta orien doai-ondasun-graziak dira, izan dezaten animak, beren birtuteak bear duten ezatasuna ta azi-bidea; bada berekin dute izatez beren komunionean; ta gero naiez ta laguntzez beren Jesus maitagarria da, aitzen ez den iturria, edo, eternidade guzian iraun bear duen graziaren emallea.

        Gure Jesus osa; ta zure maitagarria! Zeri dagokala guri zuk onenbat ontarte, onenbat ondasun, ta laguntza? Zer egin dugu guk bein ere zure alde, zu onela gure ondoren ibiltzeko? Zuk zeregana gu onenbat aldetara deitzeko; ta, zerekin zuk gaduzkatzunean, zuk guri onenbat begitarte on egiteko?

        Ezagun da, bai, bazterrik bagekoa dela, zure biotzak guri digun ongi naia ta amorea; bada, ez dezu zuk gure bearren pitsik ere; gugandik artu dituzu zuk, ez dakigu zenbat laburtasun ta txarkeri: ta, gurekin egiten dezuna zuk, zure ontasunetik eta zure biotzeko amore bazterrik bagekotik datorkigun ontartea da.

        Aingeru guziak zu, ta zeru-lurrak bedeika zaitzatela, gure Jesus maitagarria, guri zuk egiten diguzun, onagatik, eta aldare orretan erakusten diguzun zere amoreagatik. Eta, nola-ere-bait oni guk erantzuten asteko, iguzu zuk, oraindañoko gure txarkeri guzien damu andi bat, eta urriki bortitza; baita zere grazia ere, Orain guk ziñez errateko: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa