www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXVII.garren OTOITZ-GAIA

GOGOZKO KOMUNIONEA

 

        Gure Jesus maitagarria joan oi zen aldiren batzuetan, eriak arkitzen ziran tokira, eriak sendatzeko: baña beste batzuetan sendatzen zituen eri berak, ara bage, ta orien sendaera ori eskatzen zioten tokitik.

        Zergatik egiten ote zuen, edo zertako bere azken sendaer au gure Jesus maitagarriak?— Guri adirazteko, gugana komunioz sarturik egiten dituen animetako sendaerak, egin ditzakela berak gugana bage, ta bere Aldaretik ere.

        Nola da ori?— Guk gerok eskatzen diogula Jesus maitagarriari, gugana komunioz etortzen baliz, eskatuko genikeon eran.— Eskaer au da Gogozko komunionea. Au ere ondasun andizko komunionea da; ta orregatik guk orain ekusi bearra.

 

 

A.

Zein eskaer ona den
Gogozko komunionea

 

        Eskaer guztiz ona da gogozko komunionea, egiten bada, Kafarnaun zeritzan erri bateko soldaduen Nagusiak egin zuen otoitz eta eskaeraren eran.

        Gaizki zedukan soldaduen nagusi onek, eta perlesiaz elbarriturik bere mutiletatik bata.— Aditu zuen nonbait sendatzen zituela gure Jesus maitagarriak gaizki zeuden gaisoak beren eritasunetatik; eta, naiez, senda zezan beraren mutill au are, bidaldu ziozkan onetarako Arteko onak: misit ad eum Seniores judaeorum. (Luc 7. 3.).

        Bitartekoen otoitza aditu orduko artzen du Jesusek eri beraganako bidea. Baña, ara zijoalako otsa aditu zuenean eri beraren Nagusi soldadudunak, igorri ziozkan Jesusi bere adiskideak, beraren izenean ari erratera: Jauna, ez dezazula orrenbat neke, ta enoju ar. Ni ez naiz nere itxean zu artzeko diña; ez, eta zure begietan agertzeko diña are; ta orregatik eskatu dizut Artekoz nere mutillaren osasuna. Au oni zuk emateko, ez dezu bear zuk, zauden lekutik itz bat erratea baizik: dic verbo, et sanabitur puer meus (v. 7.).— Soldadudun Nagusiaren mandatu au Jesusek aditzean: Ez dut arkitu (erran izandu zuen), onenbat uste ta siñiste israeldar guzien artean; ta gero: ala gerta dedilla: eta ordu berean gertatu zen guzia; ta mutil elbarria gelditu zen osasunarekin: et reversi, qui missi fuerant, domum, invenerunt servum, qui languebat, sanum. v. 10.

        Ekusten dezu soldadu Nagusi jentil batek erdisten duena? Baña oartu ote zara zu au ark erdisteko egin izandu zuenera?

        Siñistu zuen ark beinik bein gure Jesusen eskua ta al guzia, edo bai zegikela gure Jesus maitagarriak eskatzen ziotena.— Eskatu zion gero, Arteko onak billaturik, Jesus beragandik erditsi nai zuena.— Eta azkenean, ezaguturik ark berak bere ezer-eza, etzen trebetu izandu bere etxean Jesus artzera; ta eskatu zion Jesus maitagarriari, zegiken ezkero, eman zezola, zegoen tokitik, eta batere igitu bage, eskatzen ziona.— Orra soldadu-Nagusi onen eskaera; ta orra zein ona.

        Bada era berekoa da, gogoz ongi komuniatzen denarena.

        Badira zenbait anima, berak nai adiñetan, Jesus komunionean artzen trebe ez diranak.— Ez dakite beraz zenbat diran, komunione oneko ondasunak?— Ez da orregatik; ez.— Zergatik, bada?— Zeren ezagutzen duten, batetik Jesusen izate andi-eder-arrigarria; ta bestetik beren zirtzilleria, ta ezer-ez utsez dena betea: ta bi gauz orien ezagumentuak ematen dien beren komunionean izate oriek biak alkarganatzeko beldurra.— Beldur onegatik, bada, edo, Apeztasunak daraman adiñetan komuniatzeko beldurrez, etziran apez egin izandu, beste anitzen artean, san Benito ta san Franzisko.— Beste zenbait, apezak izanagatik, egunoroko beren komunioneak beldurtzen dituela, ez dute egunoro Meza eman oi, edo urtearen buruan zenbait egunez uzten dute (ta ez nagitasunez, edo beste aitzaki eroz, baizik umiltasunez, ta errespetuz) Meza ematea.

        Bide berez dabiltza beste anitz ez Elizakoetatik ere; ta, nai andiak dituztela maiz eta maiz komuniatzeko, ez dira komuniatzen, komunia litezkeen egun guzietan. Eta, komuniatzen diranetan ere, komuniatzen dira ikara ta beldur andiarekin.

        Anitz damu, ta negarrekin erran oi ziozkan santa Teresak konfesariari bere uts txikiak; eta alere, ura komuniatzean, ikaraz arrotzen ziran aren buruko ille-ondoak. Eta berean, edo agitz ikaratutik komuniatzen dira, zenbait aldiz beintzat, beste anitz anima garbi-birtutetsu ere.— Anima oriek utzi oi dituzte urtearen buruan zenbait komunione; baña beren aozko komunione orien ordez egiten dituzte naiez, ta gogoz, beste zenbait; eta beren gogozko komunione orietatik ateratzen dute, aozkoetatik atera lezaken adiña atsegin ta ondasun edo beintzat anitz.— Berebat egin dezakee egunoro, ta egunean askotan ere, egun guzietan komuniatzen ez diranak; bada naiez, ta gogo; ta siñiste bizi garbiarekin zeruko janari eder au jaten dutenak, irabazten dute, ta erdisten, dio Trentoko Konzilioak, anitz on ta ondasun: voto... coelestem panem edentes fide viva... fructum... et utilitatem sentiunt. sess. 13. c. 8.

        Baña nola egiten ote da gogozko komunionea?— Kafarnaungo soldadu-nagusiak erakutsi digun eran.

        Atozea, nere anima: ta ez dago agitz nagi zure gorputza bere gauz onetarako? Bai? Eta ez da zure gorputz ori zure mutil, ta serbitzari bat bezala, edo zuri zere lanetan laguntzen dizun zere erdia? Ori ere bai? Orra, bada, non eri dadukazun zuk ere zere serbitzaria, edo zere zatietatik bat.

        Atoz oraindik: eta ezin ken dezake gure Jesusek, zure gorputzak bere gauz onetarako duen eriera, edo nagitasuna?— Bai, ta errazki, edo aisa aski alere.

        Nola ote?— Komunionez guztiz ederki.

        Eta beste bideren batez?— Baita bestez ere, bada badagike Jesusek, bere Sagrariatik atera bage, gugana sartu, ta egin oi duena; eta egiñen ere du, ori guk ongi ta bear den eran eskatu ezkero.

        Eta ezin dagikegu guk eskaera on au?— Zergatik ez, oraindik jentil zen soldadu batek egin izandu bazuen, guk ekusi dugun bezala ederki ta zuzen.

        Billa zatzu bada, zuk, zere Mezak enzutean, edo zere Jaungoiko sakramentatua ekustera elizaratzen zaran aldietan zere osasuna, ta nai dezun beste gauza guzia; ta billa zazu, zere artekotzat arturik bein gure Jesus maitagarriaren Ama maitaria; gero Ama onen Esposo, ta Jesus beraren Ait-orde san Jose; ta biekin batean, zu zaitzen zaituen zere Aingeru ona, ta zere izeneko Santua.— Oriek laurak, eta nai dituzun beste Santu guziak arteko arturik ager egiozu Jesusi orien eskuz, edo orien itzaletik, zere eritasun, zere bearra ta premia; ta erraiozu zere uste ta umiltasun alik andienarekin.

        Ona nere Jesus maitagarria; ona ni, zuk orain dakusazun eran! Eritasanez beterik arkitzen naz ni nere burutik oiretaraño! Ekusten dezu zer antusteak, zer gogoetak, eta zer naspillak nik beti, gau ta egun emen darabiltzidanak!

        Gauz on bat nik nere gogoan artu orduko, aienatu, edo galerazi didate niri, nork daki zenbat asmo erok, eta oroitzapen lizun-txar-loi-galgarrik eta eternidaderako nere gauzak zuzendu-nai bat datorkidaneko, emen datoz nere gogo berera, nere egiteko ta lan txar-zirtzillak, eta galerazten didate, edo nasten, nik bearren-bearren nukena.

        Buruaren eran arkitzen da, nere Jesus maitagarria, nere biotz au ere; bada arkitzen da gauza gaistoetara oituegia, aztura txarrez guziz betea, gaiz aldera erdi-eroria, edo guztiz makurtua, ta gauz onetarako naigabez, ta illuntasunez bete-betea. Orra sein eria nere barren aldea! Ekusten dezu zuk au, nere Jesus maitagarria?

        Bada ez da batere obeki arkitzen, ez, ageri den, nere zatia. Zein ekusle txarrak (ekusten dezu) nere begiak! Bear ez diran gauzetan dira biak, nik nere betazalak zabaldu orduko; ta gauza txar galgarri orietatik oriek nik kentzeko, zuk dakizun lana ta nekea da orduan niri oriek ematen didatena.— Eta bearriak? Predikuen ta itz onen igesi, al dutenean; ta, eleak, lausengak, itz ariñak, marmariak, eta kanta ta soñu likitsak aditzeko, beti zabalduak.— Nere aoa, edo nere ezpañak?— Arrosarioak, eta otoiz onak errateko, gutienean erdi-makurtuak; eta, bear ez diran erausietako, guztia itz-ontziak.

        Eta nere esku-oñak, eta gorputz guzia?— Atsegin zaleak, jostaketen billaleak, jan-edanez, ta loz ase, ta aspertu naiak, eta denborri berean gure Legeko gurutzearen etsaiak.

        Au onela, edo laburkiago, zuk ari agertu ondoan, errain diozu Jesus sakramentuari zere Bitartekoen artetik; ona nere Jaungoiko maitagarria, ona zein eri arkitzen den gaur nere mutill, edo nere lagun gorputz nagitzar au! Zuk badezu, bai, au bezalako eriak sendatzeko bear den jakiundea, eskua, ta indar guzia. Senda dezakezu zuk nere gorputzaren eritasun au oraingo nere komunionean, edo nere komuniatu nai on au ekusi orduko.

        Ontarte andi bat lizake neretako, komunione on batean zu nik artzea; ta pozik artuko zinduzket, bertatik nik, artara prestaturik arkitzera. Ai! nik artarako baldin baneduka Aingeruen edertasuna, ta zure Amaren, ta gañerako Santu-Santa guzien birtutea!— Baña ekusten dezu zuk, nere Jesus maitagarria, zein gabe nagoen ni; ta bestela ere ezin ar zaitzakedala nik edozein orduz, ta gogoak niri ematen didanean.

        Zu zere Sakramentuan nigana ez etorriagatik, ar dezaket nik eskatzen dizudan ondasuna, ta nik bearko dudan zeruko zure grazia; bada zuk, zere itz batekin badagikezu ori guzi-guzia, ta zuk zerorrek deritzazuna.— Egizu, bada, nere Jesus maitagarria, zere Ama Birjiñagatik; egizu zere Ait-orde maite san Josegatik: egizu, ni zaitzeko, eman zenidan zere Aingeruagatik, eta nere izeneko ta debozioko Santuakgatik; eta egizu zere biotzeko amore andiagatik.

        Zu zerori nik obeki maitatzeko, ta nere gauzak nik ongi, ta zuzen egin naiez da, orain nik zuri eskatzen dizudan osasuna ta grazia. Eta nola zuk ukatuko didazu niri, gauza zuzen orietarako eskatzen dizudan gauzarik bat ere? Ez da erraz ez; ezin dagikezu ori zuk, ez, nere Jesus maitagarria.

        Era onetako eskaera da gogozko komunionea: ta ori da gure Jesusi atsegin andi bat egiten dion komunionea, edo eskaera.

        Ekusten dezu zein erraz den ori egitea. Eta bertatik oitu zaitetzen orrelakoetara, agertu nai dizut nik, era orretako komunione bakoitzean zuk irabaz dezakezuna.

 

 

B.

Zein ondasunduna den
gogozko komunionea

 

        Ar dezazula zuk zere Jesus zure komunionean, edo dagoela Jesus aldareko bere Sakramentuan, Jesus beti da Jesus; beti da Jaungoiko-gizona gure Jesus, ta beti-beti ondasun guzien Jauna ta Jabea.— Eta arki dedilla bat bere komunionean gure Jesus onarekin, edo bere komunionean Jesus artzeko gogoarekin, beti ar dezake anitz, Jesus onagandik; bada non-nai eman dezake gure Jesus maitagarriak berak nai duena; ta ematen ere digu dagokiguna, bear den eran eskatu ezkero: ta orregatik da ondasunduna gogo onezko komunionea.

        Baña zein ondasunduna?— Berez, bazterrik eta neurririk bagekoa; baña aldian, egiten duenaren grazia ta gogoa diñakoa.

        Grazian egon bear du, ta ongi bere Jaungoikoarekin, gogozko komunionetik ondasunaz aterako dituen animak: eta, grazia geiago duen animak, guti duena bezain ongi prestatu ezkero, ondasun geiago aterako du gogozko bere komunionetik; eta aldi artan, onendako ondasundunagoa da, edo besteari baño ondasun geiago uzten diozkana beraren gogozko komunionea.— Eta gerta liteke noizbait, gogozko komunione bat egiten duen animak, aozkoa egiten duenak baño, geiago irabaztea, bere prestatze ta eskaera obeagatik. Ala irabazi zuela bein Santa Jetrudisek, dio Santa onen gauzen berria ematen digun berrilari on batek.

        Eri zegoen bein santa Jetrudis, ta ezin komunia zitekeen eran, gañerako seroreak, edo konbentuko Monjak komuniatu bear zuten egun batean. Bere ezin komuniatu au ark ekusi zuenean, itzuli zituen bere begi gogoak bere Jaunagana, ta erran izandu zion itzez, edo biotzez: ona Jauna, ni ez bein ere zu artzeko diña; ta gaur, artako banengo ere, ezin ar zaitzakedan eran! Ekusten dezu zuk zein andia den nere zu artzeko prestatu naia; ta prestatu ondoan, zu komunionean artu-gogoa. Oraingo nere nai-gogo au gerta dedilla komunione ondasundun, edo oraingo nere nai-gogoak dizula zuri, komunione berak adiña atsegin ta gloria; ta niri nik orain bear dudana.— Ala gertatu ere zen; ta, seroreak komuniatu ondoan, adirazi zion gure Jaungoiko maitagarriak Santari, konbentuko seroreak beren komunionearekin baño, geiago irabazi zuela Santak bere gogo utsezko komunionearekin. Haut. n. 915.

        Berez ez du orrenbat egiten gogozko komunioneak; eta gogozko komunioneak baño ondasun geiago uzten du animan aozko komunione osoak. Ala ere, urtearen buruan atera dezakezu gogozko zere komunioneetatik besteetatik adiña, ta geiago ere.

        Zergatik ote?— Zeren aozkoak, edo komunione osoak baño, geiagotan ta geiagotan egin ditezken gogozko komunioneak; eta aldian anbat ondasun ez artuagatik, era orretan ar ditezken azkenerako anitz eta anitz geiago: bada egunean, bein geienean, aoz bat komunia diteke; ta gogoz, anitz eta anitz geiagotan, ta berak nai duen aldioro.

        Ageda de la Kruz, edo Gurutzekoa zeritzan, santo Domingoko serore birtutetsu bat beti zegoen komuniatu-nai andi baten suarekin; ta bere su onek buka etzezan ura egun gutiren buruan, erran izandu zion bere konfesariak, egin zitzala noizean bein bere gogozko komunioneak; eta egin oi zituen egunaz eun aldiz, ta beste anbestetan gauoro. Apud P. Parra com. espir. plat. 12.

        Zenbat irabaziko ote zuen onek urtearen buruan gogozko onenbat bere komunionerekin?— Guk ez dakigu; baña anitz eta anitz, egunen batean ageriko den bezala: bada badakigu guk era orretako komunione bakoitzak atsegin egiten diola gure Jesus maitagarriari, ta eman-erazten diozkala Jesusi bere ondasunetatik, Jesusek berak santa Jetrudisi erran izandu zionaz.— Eta badakigu besterik ere; bada badakigu, beretzen duela gogoz ta naiez komuniatzen den animak gure Jesus maitagarria.

        Ala adirazi zion Jesusek berak santa Matildari.— Santa Matilda, beste seroreak komuniatu ziran batean, komuniatu nai andi batekin arkitu izandu zen; baira eri zegoen, ta etzen komuniatu.— Seroreak komuniatzean, agertu zekion Jesus Santari katadera, edo tronu eder batean; ta, arturik, beraren izenean Dabidek erranak daduzkan itz batzuek (itzak dira: gabe arkitzen diranen errumeskeriagatik, eta beartsuen negarrak aditurik, utziko dut orain nik nere egontokia: propter miseriam inopum, et gemitum pauperum nunc exurgam. Psal. 11. 6.) jaiki zen Jesus bera, zegoen lekutik, urbildu zen Santa eriagana, ta erran izandu zion: izan dedilla, den zirtzillena, lurreko gauza bat, izan dedilla pits bat, edo lasto zatia, ez du ura batek erditsiko nai utsarekin; baña, izanik ni, nazana, beretuko nau ni, nai uts, negar malko, edo suspirio batekin (Haut. num. 914.) Ekusten dezu?

        Anitz langilleren artean ari zen bat, S. Franziskoren eliz bat egiten. Erori zen gañeko zur andi bat, eta eman izandu zion gizon langille oni, ta utzi zuen erdi-lertua ta eriotzeko tranzean.— Kristio onak bezala eskatu zituen langilleak Elizako gauzak, eta berezki komunionea. Lagunak, ustez, etzuela iraunen gure Jaun sakramentatua ari ekarri artean, naiez, ta gogoz komunia zaitezke, erran zioten san Agustinen itzekin, ta komuniatu zara; ez da orain besterik bear: crede, et manducasti.— Egin zuen langille eriak, erran ziotena, ta besterik ez. Agertzen zaio urrengo arratsean san Franzisko, bildots baten antzan Jesus zekarkiola; ta erraten dio: ona zuk aoz artu nai zenuen, ta gogoz ta naiez artu dezun bildotsa. Au zuk zere naiez, ta gogoz artzearekin artu dezu animako osasuna edo grazia; ta orain artuko dezu zere gorputzarena ere: ta arturik, joan zen urrengo egunean bere lanera, ezer izandu ezpalu bezala. In ejus vita.

        Ekusten dezu nolakoak diran, ta norañokoak, gogozko komunioneetatik batek atera ditzaken ondasunak. Eta ekusten dezu, zein aisa ta erraz atera ditezkeen ondasunak diran ondasun oriek. Naiz zaudela geldirik zu, naiz lanean arki zaitezela; naiz eri, naiz osasunarekin; naiz bakarrik, naiz lagun artean; nondik-nai ta edozein orduz, doazke zare naia, ta gogoa aldareko zure Jaunagana ta egin dezakezu zuk zere komunione ondasundun au: ta zenbat ere ziñezkoagoa, zenbat ere beroagoa, aldiko zure komuniatu nai ta gogo au, anbat andiagoa, anbat grazia geiagozkoa zure gogozko ta naiezko komunionea.

        Eroa ni, nere Jesus maitagarria, ta milletan ta milletan eroa, egiten ezpaditut nik (eta maiz alere) komunione onen ondasundunak: bada alakoa lizake, Indietako ondasunak, nai utsez ta gogoz irabaz litzakela, irabazten ez dituena: ta, Indietako ondasun guziak baño, geiago ta geiago balio du, onelako komunioneetan irabazten den graziaren edozein zatik.

        Geiago irabaz dezazun gogozko komunione bakoitzean, au egin baño len artu bear dezu zuk zere gogoan, aldareko Sakramentuaren gain emen arkitzen dituzun otoitz-gaietako gauzaren bat edo beste; edo orren lekuan, komuniatu ondorako agertu ditugun eskerbideetatik deritzazuna.

        Ori zuk egitera, ezagutuko dezu gure Jesusen izate andi ederra; ezagutuko dezu zere ezer-eza; ezagutuko dezu Jesusi zuk zor diozun ongi naia, ta bazterrik bageko amorea.— Ori guzia zuk ezagutzeak berotuko du beraganako amorez zure biotza, ta sartuko dizu zere biotz berean komuniatu nai andiagoa; ta nai ta gogo irabazi andiagoa.— Ori zuk egiten badezu elizaratzen zaranetan, goiz-arratsetan, ta egunaz noizean bein, irabazi andiekin arkituko dezu zere anima emendik ateratzean ta eternidade guzi-guzian.

        Egiñen al dezu zuk au gutienean bost aldiz zu jaikitzen zaranetik etzin ordurako, edo dela eliza berean, edo elizara begira zaudela, edo gure Jesus sakramentatua arkitzen den aldarera itzultzen zarala? Ez da ori geiegi izain, ez, Jesusi zuk zor diozunaren alde, geiagotan ta geiagotan egiten badezu ere.

 

 

C.

Gogozko komunioneak ez dira
aozkoak eragozteko
edo galerazteko

 

        Nai du Jesusek, bai, naiez ta gogoz guk ar dezagun bera geren komunionean, edo nai du dagizkigun guk gogozko geren komunioneak; era onetan ematen digu bere ondasunetatik anitz; baña naiago ditu aozko, ta izatezko komunioneak, umilki oriek guk egiten baditugu, ta bear den eran; ta gogozko komunioneetan baño, ondasun geiago eman oi du era orretakoetan: ta ez dira zer-utzi komunione oriek, lenbizikoakgatik.— Egitzkitzu, bada, lenbizikoetatik, al dituzun guziak; eta alik ongiena guzi-guziak; baña ez dezazula utzi bat ere bigarren orietatik ori da Jesusi atsegin geiago egiteko bidea; baita zuk geiago, ta geiago irabaztekoa ere.

        Bai: beinik bein atsegin geiago artzen du gure Jesus maitagarriak gure bularrera dakarren komunione onean, gogo utsezkoan baño; bada Jesusen atsegiñak dira gurekin egotea, ta gurekin biotzez biotz jardukitzea; ta zenbat ere alderagotik au egiten duen, anbat berez andiagoa da gure Jesusen atsegiña.— Eta ekusten dezu, gogozko komunionean baño, aozkoan ta izatezkoan alderagotik diardukala gure Jesusek komuniatzen denarekin.— Atsegin geiago duela alderagozko, edo izatezko komunionean gogozkoan baño, adirazirik daduka Jesusek berak bein baño geiagotan ere.

        Senako santa Katalina etzen bein garaiez elizara, nai zuen bezala, konfesatu ta komuniatzeko. Jarri zen, asia zegoen Meza enzuten, bere komuniatu nai andiarekin.— Komuniatu zen an naiez ta gogos; ta alere Jesusek orain guk diogun au guri adirazi naiez, egin izandu zuen Santak berak nai zuena; bada nola etzekiela, arkitu zen Mezako osti-zatia aoan zuela, ta artu zuen bere Jesus sakramentatua, ta komunionea. (Raymund. de Caun. iu ejus vita).

        Estanislao Koska deritzan Jesusen Konpañiako santu gazte batek, Jesusen konpañiara baño len nai izandu zuen bi aldiz komuniatu, askotan egin oi zuen bezala; baña bietan erejeen artean arkitzen zen, ta ez zuela nork eman komuniatzera. Ala ere gertatu zen ark berak nai zuena.— Nola ote?— Aingeruen eskuz; bada, bere bi aldietan eman zioten Aingeruak komunionea, elizaren batetik eramaten ziotela Osti konsagratua. In ejus vita.

        Berebat gertatu zaie beste zenbaiti ere; ta orien artean, Buenabentura deritzan santu ta doktore andi bati.— Mezakoa zen doktore santu au; ta ekusirik aldareko Sakramentuaren izugarritasuna ta gizonaren ezer-eza, iduritu zekion obe izain zela, Meza ta Mezako komunioneak utzi, ta gogozko komunioneak egitea, ta Jesusi erratea: «Jauna pozik ni komuniatuko nintzake ta atsegin andi bat nuke nik orretan; baña ez naz ni, ez, artarako diña; ta egizu zuk, zere Aldaretik niganatzen baziña, egiñen zenuken guzia, ta indazu zere lagunza ta grazia».— Au egin zuen Santu Doktoreak, Meza enzuten zegoen batean.— Jesusek denbora berean adirazi zion, naiago zuela urbil zekion umilki, Mez-ematera ta komuniatzera. Zer bidez? Mezako osti-zatitxo bat aoan sartu, ta komunionea ematen ziola.

        Zu etziñake, zere bizitza guzian artan ariagatik, prestatuko bein ere, bear lizaken bezain ongi, komuniatzeko. Egizu alegiña, zere biotza zuk konfesione umil batean ongi garbitzeko. Ken zaitez gero bekatu-bide gaistoetatik. Eragotz izkitzu, al dezun eran, zere bekatu ta uts txikiak ere.— Egizu zuk egiñ ala zere pasione galgarriak eskuratzeko, ta lurreko guziekin ongi etortzeagatik.— Emaiozu zuk beti nori berea, ta zere Jaunari, zor diozun zere biotza; ta au ere, bere amorioz ta ongi naiez ederki betea. Eta au zak egiteko gogoarekin arkitzen bazara zu, noizean bein zuk zere utsak egiñagatik, ez da zer-iutzi maiz komuniatzea.

        Komunia zaitez, bada, zere konfesari on jakintsuak adirazten dizun guzietan. Orretan atsegin geiago egiñen diozu zuk Jesus maitagarriari gogozko komunioneetan baño: ta geiago irabaziko ere dezu.

        Bai; gogozko komunioneak baño, geiago dakar berez, gogozko ta aozko komunioneak; badakar alabaña gogozkoak dakarren guzia; ta orrekin batean dakar Sakramentuarena ere; bada Sakramentuak ex opere operato, edo berez, ematen dio grazian komuniatzen denari grazi berria; ta orren gain, bere nai-gogo ta prestaera onari dagokana; ta azkeneko grazi au baizik, artzen ez du, gogozko komunionea baizik egiten ez duenak.

        Ar dezazun bada, zuk au ta beste guzia; ta ar dezazun alik geienetan, komunia zaitez zu maiz-maiz edo konfesari onak adirazten dizun adin alditan; ta gañerako denboran egizkitzu zuk, elizaratzen zaranetan, ta al dezun guzietan, zere gogozko komunione on beroak.

        Egiten badituzu zuk bata ta bestea: ta zenbait denboraz emen zu bizitzera, ongi ondasundun, ta aberats sartuko zara zu, bai, zere zeruan. Ala gerta dedilla, bada: bai arren, bai!

 

aurrekoa hurrengoa