www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXXIV.garren OTOITZ-GAIA

NOLA EGIN BEAR DEN
AZKEN KOMUNIONEA

 

        Azken komunionea da, bere bizitza onetatik besterako abian dagoenean, batek egiten duena. Komunione guziak eskatzen dute komuniatzallearen animan, adirazi digun garbiera, prestatzea, ta apaintza; baña azkenekoak eskatzen du au guzia; ta eskatzen du, al den kontuzena egiñikakoa; bada ez dira urrengo komunionean aterako, ordukoan egiten diran utsak; ez du alabaña azkenekoak urrengotik, eta lenekoak atera ditezke beste aldiren batean, edo azkenekoan.

        Utsik orduan ez dagigun, goazen orain orduko lanak ekustera, ta, nola egiten diran ikastera.

 

 

A.

Azken-aldian komuniatzeko dagoenak,
utzi bear ditu gogoz ta biotzez
lurreko gauzak eta asmoak

 

        Lurreko gauz anitz bage, bizi dira anitz emen lurrean. Gauzarik ez dutenei eskatzen die gure Jaungoikoak azken komuniorako, gauzen naia, ta gauzetatik etorri oi diran atsegin txarrak, beren gogotik uztea.

        Ondasundunak, edo lurreko gauzekin arkitzen diranak, egin bear dute ori guzia? Baita geiago ere.— Zer bada?— Bereak ezpadira dituen gauza guziak, nori bereak ematea; ta gañerakoak, dagozkanari, edo berak ongi deritzanari.

        Bai: ondasundunak, ill baño len, al badu, atera bear ditu bere zorrak; eta ezin duenean, egin bear du bere alegiña, lenbaitlen oriek atera ditzan bere ondorengoak.— Ori ark egin ondoan, utziko die gañerakoa, utzi bear dienei; ta utziko die, utzi bear dien eran, biztu ez dedin auzirik, edo naigaberik, artzekodunen artean. Eta, nori utzi ezpadu eriak, edo baldin badu zer utzi bere gogora, utziko du bide onez, ta bere Jaunari atsegin egiñen dion eran.

        Au zuk egin ondoan, kenduko dezu zere gogo guzia lurreko gauzetatik, eta galbide guzietatik, eta asiko zara zu zere animako gauzak zuzentzen, zere Jaunarekin zu zere eriotzan ongi gelditzeko.

        Buruak ordu artan laguntzen badizu, ta artarako zaudela zu, gogorako dituzu zuk zere biziko txarkeri ta oben-kulpa guziak, edo al dituzunak. Ekusiko dezu gero oriei zegoten sekulako sulezea. Ekusiko dezu, zure Jaungoikoa zutaz ez urrikaltzera, ara bearra ziñala zu, ta an kiskiltzen ta erretzen beti, ta beti, egon bearra. Ekusiko dezu zein andia den zure Jaungoiko maitagarriaren ontasuna, ta zeren ezinobea den zure Jaungoiko maitagarria, ematen dizula zuri asti au guzia, zere damuz, zere konfesionez, ta Jaungoiko beraren graziarekin zere oben-kulpa guziak urratzeko.

        Izuturik gero zu zere bekatuen itsustasunaz, oriei dagozten neke bizi-arrigarriez, ta zuk zere oben kulpekin eman izandu diozun aser-bideaz, jarriko zara naiez ta gogoz zere Jesusen oñetan, ta eskatuko diozu zere Jaungoiko berari, bera gizon egin zenetik ill arteko denbora guzian eraman izandu zituen neke-tormentuakgatik, eta bere ontasun-Emalle andiagatik, urrikal dakizula zuri ordu artan, ta dizula ordurañoko zere uts guzien barkamentua, ta berririk egin bage iltzeko grazia.

        Errain diozkatzu gero zere konfesariari alik zuzenena zere uts eta kulpa guziak; eta emain diozu konfesari berari, erraten dizun guzia zuzen egiteko itza; ta emain diozu zere itz au, etsai galgarriaren tentaerak, eta aragiaren naikunde makur guziak garaitzeko asmoan.

        Au guzia, bere anitz neke bage, egiten du ordu artan, len maiz konfesatzera oitua dagoen eriak; len bere konfesione jenerala bein ta berriz egiña dadukan eriak; leneko bizitza txarrak utzirik, kontuz bere gauzak egin oi zituen eriak; eta kalterik egin bage bati ere, nori berea ematen ziola, ta itzez, ta lanez, bearrean arkitzen ziranei lagundu izandu dien eriak.

        Era onetan bizi ez den bekataria, anitz neketan arkitzen da, dio san Agustinek (serm. 48. ad Fratr.) azkeneko bere eritasunean. Sukarrez ta oñazez daduka gaisoak bere gorputza. Kezkak kezkekin, ta tristurak-tristuren gain doazkio orduan bere biotz erd-illera.

        Erioaren oroitzapenak nasten dio orduan eri gaisoari barren guzia Etxeko guziak, gau illun bat baño illunagoak arkitzen dira eri beraren begietan; ta, zenbait beintzat, beren negarra ongi dariela orduan an arkitzen dira.

        Bekatari bera bizi naiez dago; ta, ez duela zer beldurtu, esaten diote bere lausengariak. Edariz, odol-isurtzez, ta egiten diozkaten gauzekin. Sendatu uste du, ta bizi len bezala, eri galduak. Baña denbora berean iltzeko beldur andiak ditu; ta, ill ondoan, sulezera bearko duelako goganber arrigarriak; eta orrenbat kezkaren artean, ez du egiten eri illunduak, ongi beinzat, bearren dena edo eriotz on baterako bere gauzak prestatzea.

        A zer kezkak, eta zer damuak, orduan orrela dagoen eriak izain oi dituenak! Damuz dago ordu artan eria lenagotik ez egiñaz, egin bear zukena, edo lenagotik ez asiaz bere Jaunaren Legeko gauzak zuzen egiten: lenagotik ez egiñaz, orduan atsegin egiñen zioten gauzak; eta lenagotik ez serbitzatu-maitatuaz, serbitza-maitatu bear zuen eran bere Jaungoiko maitagarria.

        Etortzen zaio noizbait eri gaisoari, au egiten asi nai iduri bat; baña illuntzen diote biotza leneko bere bekatuak, eta bere etsai gaistoak.

        Adirazten diote, bere etsai oriek, berandu dela orretarako, ez dela orretarako sasoi ona eritasunekoa; sendatzen denean ariko dela bere lan on orietan. Era orretan doakio denbora, egin bear duenik egiten ez duela, beintzat bear den eran; ta, nork daki nola bukatzen duen bere biziera.

        Gaizki buka ez dezazun zuk zerea, ta utz ditzatzun zuk zere azken-eritasunean lurreko zere gauzak, eta asmo txar galgarri guziak, egizu gaurdanik zuk, zere Jesus maitagarriak orretako guzioi erakusten diguna.— Zer ote?— Irur gauza.

        Lenbizikoa da ongi loturik gu gerok ibiltzea: sunt lumbi vestri praecincti: edo guk geren bearriak, adimentu-biotzak, eta gorputz-animak bide galgarrietatik mugaz ta lenbaitlen kentzea; ta bide onez ta birtutez oriek berak guk erabiltzea, nai duten gauza gaistorik bein ere uzten ez zaiela gure aztura, ta pasione zkingarriei; ta bidenabar eme-emeki, ta gure Jaunaren izenean eramaten ditugula geren gurutzea, ta geren neke guziak.

        Bigarren lekuan, guk, eriotz on bana erditzeko, egin bear dugun gauza da geren argia guk eskuan dugula, ibiltzea: et lucernae ardentes in manibus vestris: edo maiz guk geren gogora ekartzea, ez dituela gure Jaunak bein ere gugandik kentzen amoriozko bere begiak, begira dagokizula beti, ordua datorrenean guri geren gauzak agertzeko: ta, orietarako bearko dugun beraren laguntza, guk nai dugula, berak guri emateko: sulezeko nekeen beldurrak, eta gure zerura-naiak eraman gaitzaten gu, geren gauzak zuzen egitera, ta gure Jaungoiko maitagarria ziñez maitatzera.

        Eta azkeneko lekuan guk orretarako egin bear dugun gauza da, urte guzian, egunoro, ta egunaren ordu bakoitzean gogoan guk erabiltzea gure ill-bearra, ta gure eriotzari darraikon kontu izugarria; ori guk gaizki emateko, beldurrak eraman gaitzan gu geren gauzak zuzen egitera; edo egitera, geren eriotzeko orduan guk naiko dugun bezala, ta geren erioak, oartukabean bezala gu bukatuagatik, ongi prestatuak arki gaitzaken eran: et vos similes hominibus expectantibus Dominum suum. Luc. 12. 35.

        Irur gauz oriek zuk garai onez egitera, ez dira anitz sartuko, ez, lurreko gauza galgarrietan zure gogo-asmoak; eta aisa zuk andik kenduko dituzu azkeneko zere eritasunean, orduan zuk zere biotza ongi prestatzeko azken zere komunionera.

        A zer atsegin-kontentua, zere lan onetan mugaz asiaz, zuk ordu artan artuko dezuna! Eta a zer atsekabea, orduan zuk artu bearra, garai onez zu ez astera orain ekusten dugun zure prestaeran!

        Atsekabe au nai dezu zuk, edo atsegin-kontentu ura, zere azken ordu artarako? Zure eskuan arkitzen dira bata ta bestea: ta, ordu artako atsegin aldera zu itzulzera, prest arkitzen da gure Jesus maitagarria, artarako bidean, edo, ura ekarri oi duten, gauz onetan zuri laguntzeko.

        Alde onetara itzuliko zara zu, bai, zuk zentzurik izatera: ta zorionekoa zu, ala zuk egitera, irauten badezu orretan zuk zere ill arteko denboran; bada onak izain dira orduan, ta zure Jaunaren begietan guztiz ederrak, orduko zure komunionea, ta zure eriotza.

 

 

B.

Azken aldian komuniatzeko
dagoenak egin bear dituen
gañerako gauzak

 

        Lurreko gogo-asmoak aldebat utzi, ta damuzko konfesione garbi on bat egin ondoan iltzeko dagoen eriak itzuli bear ditu animako bere begiak bere Jesus maitagarri sakramentatuagana, elizatik au datorkioneko, al duen ongiena bere gauzak prestatzeko.

        Eri gaisoak ekusten du bere burua ordu artarako len zenetik dena mudatua, ta lurrez ta loiez beterik arkitzen den zaku baten eran.— Ezin igitu da geroz batetik bestera eri gaiso au, ezpada besteren baten eskuz, edo bere neke andiarekin.— Buruko miñez dago beti, ta bere begiak ezin jaso dituela. Erraiak sukarrez erretzen daduzka; ta bular guzia karkaisez betea. Erdi-illa dirudi bere burutik oñetaraño, ta aur batek adiña indar ez dadukala dago. Ezin baliatu da bere eskuz, nai bezala beintzat; eta Jaungoiko berak daki, nola dabillen orduko aren garbitasuna.

        Eri geienen etxeak txarrak dira; orien gelak etxeen erakoak, eta gelatako gauzak eta oatzea ez agitz obeak.

        Ona nola, ta non arkitu oi diran eririk geienak, bere Jaun andia azkenik artu bear duten denboran!

        Bere Jaun andi au artzeko dagoen eriak, ekusi bear du au guzia, aisa aldaratu nai badu bere gogoa lurreko gauza txar guzietatik, eta, au ark egin ondoan, itzuli bear ditu bere gogo-biotzak, argana datorren bere Jaun andiagana, ta zerbait astirekin oni ark begiratzera, geldituko da eri gaisoa arrituaren eran, ta erraten duela: Gauzaren arrigarria! Jaungoiko-gizon bat or aldareko gure Sakramentuan; eta or ura nigana etortzeko! Ura; ta nigana? Zeruko pillare, ta Aingeru guziak errespetuz ikara daduzka, Sakramentu orretan arkitzen den nere Jaun andi orrek; eta alere nigana etortzeko dago orain Jaun andi au?

        Ezer-ez bat bezala izan ni nere Jaun andi onen aldean; ta orain ezer-ezagoa nere eritasunarekin, ta ni nagoen ustel-bidean; ta alere niganako abian Jaun aundi au aldareko bere Sakramentuan?

        Etzenekien zuk, nere Jesus maitagarria (erran dezake eriak gero), nor nitzan ni, ta nolakoa nere denboran? Ez dakizu zuk zenbat aldiz zikindu dudan nik nere biotz au nere oben-kulpekin, ta anbat nere uts-bekatu arrigarrirekin?

        Nere bekatu bakoitzari zegokana zen sekulako sulezea; ta guzientzat zeuden an, nork daki zenbat neke-urratze ta tormentu!

        Ez dakit oraindik nik egin ote dudan, edo ez, zugandik nik nere bekatu orien barkamentua erdisteko diña; ta, egin badut ere, zure etsai gogor gaisto bat izandua naz ni, ta zure ontart andi au ezin irabaz nezakena!

        A! baña ez eldu zu nigana, nere Jesus maitagarria, zere artzekoak artzera! Eldu zu zere ontasun andiak nigana zakartziela, ta nitzaz zu ongi, ta guztiz urrikaldurik! Eldu nigana zu, niri nere nekeak arintzera, edo nere neke oriek arinkiago eramaten, niri laguntzera! Eldu zu, zere zerura ni gaur zuzendu naiez, ta nigandik zuk nere etsaiak aienatzeagatik! Eldu zu zere graziaz nere anima, ta zere amorez nere biotza, nik nai dudala, bete-beteak uztera! Eldu zu nigana gaur, nere bearrik batere bage, ta nere bearrak, edo gabeak zakartziela; bada ni, anitz gauza gabe, ta zure bear andiarekin arkitzen naz gaur; eta zeren geiegi zuk niri nai didazun, da gaurko zure nigana-naia!

        Zorioneko umea bada ni, nik gaur ateratzera amoriozko zure etorze onetatik, atera dezakedana; bada aterako dut nik, nere etsaiak garaitzeko, nere pasioneak eta nere naikunde guziak eskuratzeko, zerurako irabazi andiak nik egiteko, ta eriotz on baterako bearko dudan guzi-guzia.

        Ez dakit nik, nere Jesus maitagarria, zer egin gaur, zu niganatzen zaranean, zuri egiteko nik al dukedan ongi etorririk onena! Itxura txarrean naduka ni gaur orretarako nere eritasunak; ez daude gaur, ez, nere biotz au, ta nere adimentua, ez eta nere indarrak ere, beste zenbatek ordu onetan egin zituzten gauzak egiteko!

        Zer, Uste dezu zuk, anitzek egin zutela gure Jesus sakramentatuarekin, beren azkeneko komunionerako Jesus sakramentatua uste zutenean? San Jeronimok artu izandu zuen ordu artarako doluzko soñeko bat; eta lurrean gero belaunikaturik, egin zituen negar andiak, eta damuzko eskukaldika ongi nekatu zuen bere bularra, bere azken komunionea artu baño len.— Toskanako Duke Lorenzo Medizis, bere soñekoak arturik, atera zitzaion bidera, bere etxen zetorkion gure Jesus maitagarriari. Eman ziozkan an esker umilki-ederrak bere amoriozko etorreragatik; eskatu izandu zion bere uts andi-txiki guzien barkamentua; ta guztiz debotki komuniatu ondoan, itzuli zen bere oatzera: au, santu baten bakearekin, bere bizia Jesus beraren eskuetan uztera.— Geiago da, lenbiziko Dabid Eskoziako erregek ordu artan egin izandu zuena; bada, bi apaizek laguntzen ziotela bere oñez joan izandu zen elizara, an animaren biderako bere jatea, edo azken-komunionea artzera; ta artu izandu zuen, anitz gauz on egin ta eman ondoan. Eta gero bere etxera itzulirik, eta, bere jauregitarrei au, zegozten gauzak erraten zieztela, ill zen eme-emeki bere oatzean.— Eta Uniades zeritzan Ungariako gizon andi bat joan zen ordu artan elizara, Dabid onen eran, ta egin izandu zuen Dabid onek baño zerbait geiago; bada, Dabidek bezala bere Jauna an artu ezezik, an bertan gelditu zen apez artean, bere eriotzaren begira; ta an bertan ill ere zen, apezak otoitz, ta otoitz ta erregu bere alde zeduzkatziela.

        Zenbat ere den au guzia, etzuten egin gizon oriek; gure Jesusi ez dagokan gauzarik batere. Ala ere, ez digu ordu orretarako orrenbat eskatzen guri gure Jesus maitagarriak: ordurako guri gure Jesusek eskatzen diguna da, orienaren erako debozione batekin, ta al dugun umiltasunarekin geren oatzean guk ura azken-komunionean artzea, lenik eskatzen zaiola gure bizitza guziko utsen barkamentua, ta gu ill artean uts berririk ez egiteko grazia. Onetarako prestatuko zara zu orduan alik ongiena: ta, elizatik dakartenean gure Jesus sakramentatua, aterako zatzaizka bidera zu zere naiez ta gogoz Jesus maitagarriari; ta egiñen diozu agur ta agur; ta emain diozkatzu biotz osoz, ta amore andiarekin zere eskerrak eskerren gain.

        Au berau egiñen dezu zuk zere Jesus bera zere gelan sartzean: ta, noiz ere baño zinkiago, zere komunionean zere aoratzen, ta bularreratzen zaitzunean.

        Au guzia zuk era onetan egitera, egiñen dezu, ez gaizki, orduko zere egiteko au; ta anitz irabaziko dezu ordu berean, ta eternidade guzirako, zere azken komunionean.— Badakizu zuk, nola au ikasi dezakezun ordu artarako?— Gaurdanik orduraño ongi, ta maiz, zu komuniatzen zarala; ta zu komuniatu aldian orduko zere komunionea, azken-komunionea bailiz bezala zuk egiten dezula.— Zuk au ala egitera, prestatuz prestatu ibilliko zara zu, aldi artako komunionerako, ta aisa zuk, indar gutirekin orduan zu egonagatik, bukatuko dezu komunione artarako zere prestaera.

        Ekusten dezu zuk, zere gauz au era onetan zuk egitetik zuri datorkikezun ondasuna; ta ori zuk ez egitetik izan dezakezun sekulako kaltea.

        Artu, bada, zuk emen bertatik, artarako zere neurriak, ordu artan naiko dezun bezala: ta ez zuk zere begiei liluratzen iutzi lurreko gauza txar, ta atsegin eroen artean. Ez arren, ez!

 

 

C.

Iltzen dagoenaren
komunio ondoko eskerrak

 

        Komunionea artu ondoan, itsiko edo ertsiko ditu eriak gorputzeko bere bi begiak, eta animako bere begiekin begiratuko dio, bere barrenera sartu zaion Jesus maitagarriari.

        Ekusirik gero eri berak, Jesusek bere etortze onetan egiten dion ontart arrigarria, egiñen diozka Jesusi biotzez, ta animaz, al dituen agur, muñ egite, ta eskerrezko siñu guziak, eta errain dio, ordu berean Maria Ejiftziaka deritzan santak, Suriok dionaz, Jesus berari erran izandu ziona, edo «Orain Jauna, orain» utzi nazu zuk zere bakez beterik, eta, zuk zerorrek adirazia zenedukan eran: bada ekusi dute gaur nere begiak, eta nerekin dadukat orain nik, ordu onetan uste nuen nere Jesus maitagarria. Badagikezu nitaz gaurgero zuk, zuk zerorrek nai dezuna; ta eraman nazakezu zuk, zerorrek nai dezunean, zere gloriara. Ara naiez nago, bai, ta eternidade guzian an zuri eskerrak eskerren gain emateko ustean; ala gerta dedilla, bada; bai arren, bai!

        Agertuko diozka gero Jesusi ni berak bere flakiak, ta bere bear-erak ta gabe guziak; eta errain dio: Badakusazu zuk, nere Jesus maitagarria, zer eratan arkitzen nazan ni, orain nagoen orduan.— Itz bat ateratzeko indarrik bage arkitzen naz ni, zuk zerorrek dakusazun bezala. Bular guztiz galduarekin nago, ta buru erdi nastuarekin. Illundurik arkitzen da gaur urte adimentua; ta nere biotz au guzia, tristura ta tristura baizik ez dela!

        Guztiz izugarriak dira gaurko nere etsaiak, eta emen dabiltza guziak, ni galdu naiez! Lagun zakizkit, bada, nere Jesus maitagarria; ta errain dut gaur nik, len Dabidek zion gauza bat edo, zurekin batean ni ez nezala batere nere etsaien beldur. Dominus mihi adjuntor, et ego despiciam inimicos meos. Ps. 117. 7.

        Baña, Jauna (erran dezake gero); ez dakit zer gerta lekikedan niri emen ni luzaro bizitzera, edo sendatzen banintz ni. Nik zu berriz galtzeko, ez dut nai bat ere sendatu; emen bertatik igan nai dut nik zure erresumara, edo zure zerura, an ni beti ta beti zu maitatzen egotera. Eta zorigaistoan ez naz ni onetan beti aritu izandu, ni zu ezagutzen asi nintzanetik! Orretan ni ordutik beti aritzera, ez nintzan ni, ez, orain arkituko arkitzen nazan bezain zordun, ta bekat-arrastoz betea!

        Nere bekat-arrasto, edo nere bekatu barkatuen zorrak eskatzen dute Purgatorioko anitz su ta neke, zu nitaz ez urrikaltzera. Guztiz urrikaltia zara zu, nere Jesus maitagarria, ta nere urrikariz anbat eta anbat neke eraman zenituen Jaungoiko-gizona. Zuk zere neke oriekin irabazi zenuena nere onerako da, ta nere zorren alde, ni nor banaz; ta nik egitera, orretarako zuk eskatzen dezuna.

        Zuk orretarako nai dezuna, ta nik gaur dagikedana da, nik zuri umilki eskatzea; ta eskatzen dizut zere urrikaltasuna, ta niri, ni nagoen eran eman dezakedazuna; ta, badut uste, artatik zuk batere ukatuko ez didazala.

        Ala ere, gelditzen diran zorren alde izan ditezela oraingo nere nekeak, eta emendik nere eriotzeko orduraño eraman bear ditudanak, eta gero ere gelditzen badira zenbait nere bekat-arrasto edo zor, emen nago ni zuk nai dezuna zure Purgatorioan eramateko; ta nago, an ongi-ongi ni garbiturik, lenbaitlen zeruan sartu naiez ongi betea.

        Eskerrak zuri, nere Jesus maitagarria, zeren ekarri ninduzun zuk zere Lege garbira. Siñisten ditut nik zure Lege garbi onek erakusten dizkidan gauza guziak: eta damuz nago ni, nik len zuzen egin bageaz Lege onek niri erakutsiak: baña denbora berean, nago barkatu dizkidatzulako ustean, ta berririk ez egin nai andiarekin.

        Maite zaitut nik zu, nere Jesus maitagarria; ta maite zaitut nik munduko beste gauza guzien gain; ta beste gauza guzi-guziak galduko nituke (ta pozik alere) nik, nere maitatze au ez galtzeagatik. Maitatze berean iraun nai dut nik, bizi nazaño; baita sekula guzian ere. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Bona et mala, vita et mors,
paupertas et honestas á Deo sunt.

Exod. 11.

 

        Gaitzak, eta nekeak, gauz onak eta leunak bezala, gure Jaunaren eskutik datozen gauzak dira ta guzi-guziak dira gure guzien onerako datozen gauzak, guk oriek artzera artu bear diran eran; bada munduko gauz on guziak dira, oriekin guk geren buruak obetzeko: ta mundu bereko gaizkiak eta neke gogorrak ere dira, oriek guk artzen ditugula geren obenen alde, edo gure Jesusek gugatik eraman zuenaren izenean, izan ditezen gure animen onerako.

        A nik guziak, onak eta gaitzak, edo leunak eta gogorrak artu izandu banitu beti-beti nere on onetarako! Zenbat ondasun ekarriko zidaten niri egungo egunerako!

        Ar banitza nik gaurgero badere, nere ill arteko denboran! Nere Jaungoikoak orretarako niri emanak dira guziak; eta ez, nik oriek gaizki artzeko; ez eta oriek nik maitatzeko ere.

        Nere bearrerako, ta beartsu gaisoei nik laguntzeko, niri nere Jaungoiko onak emanak dira, nik ditudan ondasunak eta gauza guziak. Zorioneko umea ni, nik oriek orretan erabiltzera, bada egiten dut nik orduan, nere Jaungoiko emalleak nigandik nai duena, ta nere gauzak nere onerako dira.

        Eta beartsu ni biziagatik noizbait, ez dut nik galduko, ez, nere zorion au, nik orduan egitera nere Jesus onarena, edo nik orduan eme-emeki, ta nere Jaunaren izenean artzera nere gabea, bearra ta premia.

        Nere Jaungoiko beraren eskutik datoz nere bizitza, ta eriotza. Iltzeko jaioak gara mundura gatozenok; eta gure eriotza da eternidade baten eztarria.

        Gu ongi iltzera, sartuko gara gu atsegin-pozezko eternidadean; ta egon bearrak gara geroz gu Aingeru guzien artean, ta gure Jaunaren glorian. Zorioneko umeak gu, azkenean gu aratzen bagara!

        Ara naiez ote zaude zu nere anima? Utzi, bada, bertatik zuk zere gaizkiak, eta galtz-bide makurrak. Egin gaurgero zuk gauz ona, eta kontuzko lanak; eta, gaizkitzen zaranean zu, erne, ta kontu, aldi artako zere gauzak ongi zuzentzeko, ta bear den eran ta orduz elizako gauzak artzeko.

        Au zuk ez egitera, era gaistoan artuko zaitu zu zere erioak, eta galduko zara zu sekula guzirako.— Zorigaistoan jaioa, era onetan, berak bere burua galdu nai duena! Etzaitezela izan zu zori orretakoetatik: ez arren, ez!

 

 

Oculi omnium in te sperant, Domine,
et tu das escam illorum in tenpore oportuno.

Ps. 144.

 

        Zein maitaria zaran zu, gure Jaungoikoa, ta denbora berean zu zein maitagarria! Zure begira gaude gu, edo zure bear ezin-andiagoan, munduan garan guziok! Zugatik ez izatera, ez genuke guk mundu guzian deus ere; eta, zuk ez idukitzera gu, gu bertan illak geuntzazke, ta batere atsik bage.

        Baña bizirik gaduzkatzu zuk, zuk zerorrek dakizun orduraño; ta ematen diguzu guri zuk, guk artarako bearko duguna, edo bearko dugunaren irabazbidea; ta ematen diguzu guri ori guzia, guri ongi naiez.

        Ez gara gu, ez, ill arterañokoak, zentzurik bageko ganadu-arrai-egaztiak bezala. Illtzen ez dena da gure anima; ta, bein illagatik, biztuko da gero gure gorputza; ta gorputz eta anima bizi bearrak gara gu eternidade guzi-guzian, edo beti ta beti.

        Geroko bizitz on bat irabazten laguntzen diguzu zuk, gure Jaungoiko maitagarria, guk gerok nai dugula. Ematen dizkigutzu guri zuk, guk bear ditugun denboran, zere gogargiak; eta, guk nai dugunean, zere Sakramentuetako jan-edanak; baita, geien-geienei beintzat, azkeneko eritasunean ere; bada guti dira Elizakoak bage iltzen diran kristioak.

        Ekusten dezu, guztiz on maitagarria dela gure Jesus, gurekin berak gure bizitzan egiten duen guziagatik; eta ez gutiago azkeneko bere etortze onegatik.

        Gauza arrigarria! Jaungoiko-gizon, Aita eternoaren eskoi aldean gloriaz beterik dagoena edozein eri-txar galduren etxera, gelara, aora, ta bular zikiñera bere Sakramentuan, eri gaisoari bere nekeak emeki eramaten laguntzera, eri berari bere grazia ta doaiak ematera, illundurik dadukan bere biotza arintzera, beraren etsaiei indarrak kentzera, ta penatzen duten bere pasioneak eskuratzera! Egin lezake Jesusek onen laurdenik ere, Jesusek berak eri gaisoei guztiz ongi ez-nai izatera?

        A gure Jesus maitagarria, ta nola prestatu oi dira eri geienak, aldi orretan zu artzeko?— Ez noski, ez bear den bezala! Anitz eri ikaratzen dira, aditu orduko, artzeko daudela zu.— Zergatik ori orrela?— Zeren ezagutzen duten, ez bide dela urrun orien eriotza; ta agitz beldur diran, emen gaizki ill ondoan, galduko dirala eternidade guzirako.

        Ordu artan ongi prestatzen diranak, izan oi dira, len maiz, eta bear zen eran komuniatzen ziranak. Ori da, nik artarako gaurgero egin uste dudana. Ala gerta dedilla, bada: bai arren, bai!

 

 

Heu mihi, quia incolatus meus prolongatus est!

Ps. 119. 5.

 

        Ai ene! erraten zuen Dabidek bein; eta erran oi dute, Dabiden eran, emengo ezer-eza, ta zeruko gauzen ona ta edertasuna ezagutzen dutenak: ene! ta zein luzea den emengo nere egoera, ta nekezko bizitza! Noiz bukatu bearrak ote dira emengo nere egunak? Noiz artean iraun bear ote dute emengo nere nekeak, emengo nere kezkak, eta emengo nere naigabeak?

        Gogora datozkidanean niri zeru artako atsegin-pozak, ango Aingeruak, eta an zuk, nere Jaungoiko altsu maitagarriak, zereei agertzen diezun zure edertasuna, begitan ematen didate niri emengo gauza guziak; eta ara naiez-ta-naiez nago ni, nere gogorazio au aitu arte guzian!

        Egia da, bai ditudala noizean bein nik nere goganberrak, nere kezkak, eta nere naigabeak ere, nere ill bearra niri gogoratzen zaidanean; baña ez datoz oriek, ez, nere emen gelditu naietik; eriotzaren ondorengo kontuetatik datoz oriek; ez dakit alabaña nik nola arkitzen garan orietan zu ta ni, biok.

        Nik orain dakidan guzia da, damuturik nagoela ni oraindañoko nere utsez, ta bekatu guziez; ta bekatu berririk ez egiteko asmoan, zu bezain Jaun on maitagarriari atsekaberik ez eman naiez; ta era orretan arkitzen denari barkatu oi diozkatzula zuk bere leneko bekatu guziak.

        Badakit besterik ere nik, bai, nere Jesus maitagarria; bada badakit etorri zarala zu, ni nagoen gelara, ta nere bular berera, egonik ni nagoen eran, eri, ta era txar ezin galduago onetan.

        Eta zertara etorri bear zenuen zuk onara, ezpazen begitan nik arturik neduzkan nere kulpak barkatzera, zere grazi anitz niri ematera, ta zere zerurako ni emen markaturik uztera?

        Uste orretan biziko naz ni, bizi nazaño, ta bai zuganako nai andiarekin.

        Nere nai au ere zuk zerrorek niri gaur emanikakoa da, nere Jesus maitagarrla, ta ni zuk zeretzat nadukazalako siñua.

        Indazu zuk, ni nere siñu onekin iltzeko grazia, ta oraindañoko nere uts guziak begitan arturik, bizitzekoa. Ori orain nik erditsi naiez, erratera noa, al dudan damu guziarekin: Nere Jesu Kristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa