www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXIX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN KORPUTZAREN
ALDAREKO EGOERA

 

        Tolestaturik dagoen oial ederra bezala, da (ekusi dugun bezala) Aldareko Sakramentua. Urrez, zillarrez, ta lorez beterik egonagatik oial bat, ongi zabaldu artean, beste edozein oial bezala da, edo beintzat ez da ezagutzen, dagokan eran ta bear bezala, oial onen balioa.

        Ori bera gertatzen zaio, Aldareko Sakramentuari, astiz, ta banaka ez begiratzera, Sakramentu onek gordeak daduzkan gauza guziei; bada gañerako begiratzea, nasteka, ta batetan begiratzea da; ta Sakramentuko gauzak ez ongi, ta ez erdizka ere ekustea.

        Asi gaitezen Sakramentu onen gauzak astiz, ta banaka ekusten; ta ekus dezagun lenbizi-lenbizikoa, emen arkitzen den, Jesusen gorputz maitagarria.

 

 

A.

Nolakotsua den,
Jesusen gorputzak Aldareko
Sakramentuan duen edertasuna

 

        Konsagrazioko itzak erraten dute, ta siñiste onak erakusten digu, Aldareko Sakramentuan arkitzen dela gure Jesusen gorputz maitagarria.

        Nola, uste dezu?— Obian biztu, ta artu zituen edertasun ta gañerako bere doai guziekin.

        Gure Jesus maitagarria gurutzean ill, ta irurgarren egunean, atera zen Linbotik Jesusen Anima, an arkitzen ziran anima on guziak berekin zekazkiela.

        Oriekin batean sartu zen Jesusen Anima, bere gorputza ortzitu zioten arrizko obi berrian.

        Erakutsi zien an, berekin zekartzienei, nola zegoen aren gorputza; ezagu zezaten, oriekgatik, eta mundu guziagatik, bere gorputz artan ekusi, edo eraman izandu zuena; ta, ura ekustean, arrituak geldituko ziran Linboko anima on guziak: alakoa zegoen alabaña!

        Ote dakizu zuk nolakoa zegoen orduan an, gure Jesus maitagarriaren gorputz au?— Buru guzia zedukan arantza zuloz betea, ta zerbait anditua. Aurpegia zedukan ill-oria, ta, borrero gogorrak eman ziozkaten okabilkak, eta eskukaldi gogorrak ongi agerian zeduzkala.— Besoetako ezurrak beintzat, tiraka atereak. Bere sorbalda ta bizkar guzia ezur-erraietaraño larrutua, ta urratua.— Esku-oñak batetik bestera iltzez zulatuak: eta, burutik oñetaraño, zen guzia, doloreetako retablo bat egiña.— Eta au zegoen, edozein illen gorputza bezala, edo ill oial zuri batez inguratua.

        Linboko anima onak ezezik, zu ere, zuk an ekustera gure Jesus maitagarriaren gorputz au oriek aldi artan ekusi zuten eran, ongi damuturik, edo naigabe onez ongi beterik geldituko ziñan, bai; ta urrikarizko negar onak egiten zenituela; ta denbora berean ezaguturik zuk, zere bekatu itsusi arrigarriekin, arrerazi zeniozkala Jesus maitagarriari, eta artan zegoen bere korputzeko karramitsak edo arrastoak adirazten dituzten nekeak eta penak, geldituko ziñan zu, oriek zuk arrerazi zeniozkalako urriki andiarekin, era orretarako bide berririk ez emateko asmoan, edo berriz bekaturik ez egiteko naiez, ta gogoz ongi betea.

        Begira zaiozu, orain badere siniste onaren begi garbiz; ta egizu ori bera: ori da orain Jesus maitagarriak zugandik eskatzen duen urrikaldia.

        Zein ere urrikalgarria zegoen gure Jesusen gorputza, Linboko animak, Animarik bage bere obian ekusi zutenean, gorputz berean bere Anima sartu orduko, gelditu zen Jesusen gorputza, ill oialik bage, mirra, ta aroma guziak aldebat utzirik, eta ezur bakoitza bere tokian zedukala.

        Gelditu zen, bere borreroen ta gizon gaistoen ukaldietatik zituen usteleren, ta anditasunen señale guziak kenduak, zauriak joanak, ezurrak estaliak, eta gauza guziak, bear zen eran zeduzkatziela: ta gelditu zen, guk adirazi dezakegun baño agitz, eta agitz edertasun andiagoarekin.

        Eta orra, bekatuaren eriotzetik bizten den anima baten ispillu ederra! Ispillu orretan ongi zuk, eta maiz zere buruari begiratzera, ekusiko ta ezagutuko dezu, zein itsusia den, bekatuan datzan anima baten egoera; ta zein ederra, graziaren biztueran sarturik arkitzen denarena.

        Bekatuz illa datzan anima dago, mendiko ikatz beltz bat baño agitz beltzagoa. Era onetan datzan animak, beren tokietatik atereak daduzka bere adimentuaren, ta nai onaren ezur guziak, edo gauzak; eta gauz onetarako, berez, ezpaliz bezala da; bada ari bere Jaungoiko maitagarriak ez argi egitera, illunbean dabil; ta Jaungoiko berak bere eskua, onez ez ematera, ez da aterako anima bere bekatuaren loipetik, eta galdu-bearra da eternidade guzirako, sulezeko beltz guziak bezala.

        Baña, bere gaizkiez ongi ta ziñez urrikiturik, eskatzen badiozka anima berak gure Jangoiko maitagarriari bere argia ta laguntza, emain diozka biak gure Jaungoikoak; eta aterako du bere bekatuaren obipetik, eta emain diozka bere graziaren bizitza, ta birtuteen edertasuna; ta utziko du, ekusten duten Aingeruei atsegin andiak ematen dieztela: ta denbora berean utziko du, gauz onetarako bear duen esku ta indar guziarekin.

        Ekusi zazu dituzun, edo ez, bizitza, edertasun, esku, ta indar berak; eta ezpadituzu, egizu lenbaitlen alegiña, oriek zuk zere Jaunagandik izateko. Eta begira; ez berriz zuk oriek galdu; bein irabazi ezkero!

        2. Bat diran ezkero, diran bezala, Jesusen gorputzak bere biztean arturikakoa, ta orain duen edertasuna, ekusteko guk Aldareko bere Sakramentuan Jesusen gorputzak duen edertasuna, ekus dezagun orduan ark artua, ta orain berak bere glorian duena.— Ekus dezagun, diot, illunbean bezala, ta guk emen ekusi, edo ezagu dezakegun eran.

        Jesusen Gorputzak bere biztean arturikako, ta geroztik bere glorian duen edertasunak garaitzen du beinik bein zeruko edozeinen edertasunik andiena. Zenbat, uste dezu? Eguzkiaren argiak krisellu txar baten argia adiña, ta anitz geiago.

        Baña norañokoa ote da zeruko baten argia ta edertasuna?— Juizioko eguna joan ondoan, eguzkiak izan bear duen argia bezalokoa: tunc justi fulgebunt sicut Sol in Regno Patris eorum (Matth. 13. 43.) ta Jesusek dionaz, orduan eguzkiak izaindu, orain baño zazpi aldiz, edo zazpi bider argi geiago: Et lux solit erit septempliciter, sicut lux septem dierum. (c. 30. 26.)— Ekusi zazu, andia den, edo ez, Jesusen gorputzaren argia ta edertasuna.

        Eta oraindik au zuk obeki ekusi, edo ezagutu nai badezu, adi zazu S. Bernardinok dion, ta gure ekuste oni dagokan gauza bat.

        San Bernardinok diona da (i. 4. serm. de Asumpt.), Jesusen Amaren gorputzak bakarrik bai duela, Santu ta Santa guzien gorputzen argi guzia adiña argi; ta argi geiago ere.

        Gauz arrigarria! Zeruko gorputz bakoitzaren argia, eguzkiaren oraingo argia baño zazpi aldiz andiagoa! Zeruan arkituko anitz milla milloi gorputz; eta gorputz bakoitza orrenbaterañoko argiarekin: ta alere, orien guzien argia baño argi andiagoa, Jesusen Amaren gorputzak duen argia ta edertasuna? Baietz, dio Santuak.

        Ongi: ta Jesusen gorputzaren argia, ta edertasuna?— Zeruko gorputz guziena, ta oriekin batean bere Amaren gorputzarena baño anitz eta asko bider andiagoa ta andiagoa; da alabaña Jaungoiko-gizonaren gorputzari dagokan bezalakoa; ta, gañerakoen gorputzei orrelakoa dagoten ezkero, ez dagoka arenari, adirazi duguna baño txikiagoa edo laburragoa.

        Orra zenbat argirekin; orra zenbat edertasunekin arkitzen den, Aldareko Sakramentuan dagoen gure Jesusen Gorputza.

        Onenbat argi ta edertasunekin an ekustera zuk zere Jesus maitagarria, pozez bertan illik geldituko ziñake zu, ta asnaserik gabe; ta ezin komunia zindezken eran.

        Ez dator orretara, ez, gure Jesus maitagarria Aldareko bere Sakramentura: gure biotzeraño sartu naiez dator; ta gu bertan ondasunez beteak uztera: ta orregatik dator, edertasunik eta argirik ezpalu bezala, ogi apur baten antzan, aintzuran, edo idurian; ta aur batek ere ezpañen idek-aldi batez ar dezaken eran.

        Ekusten dezu zuk, norañokoa den gure Jesus maitagarriak bere Sakramentu onetan agertzen digun amorea? Ekusten dezu zein maitagarria den gure Jesus, gure amorez emen sakramentatua, edo ain guziz gordea?

 

 

B.

Jesusen gorputzaren
zenbait aldetako argi bereziak,
eta edertasuna

 

        Zein ere andia den Jesusen gorputz guziko argia ta edertasuna, agitz andi-ederragoa da Jesusen gorputz berari bere esku-oñetan ta bularrean ageri zaiona.

        Gañerako bere argiaren aldean, zer argi dirudiela deritzazu zuk Jesusen gorputz maitagarriaren esku oñetako, ta bularreko zulo lekutik ageri zaion argi andi eder onek?— Eguzki ezin-ederragoa bere izar ederren artean.

        Arkitzen da, bada, gure Jesusen Korputz guzia, len guk ekusi dugun argi, ta edertasun guziarekin; ta, bere edertasun au guzia andi dakion, beraren leneko neke arrigarriei dagoten eran, eman izandu diozka Aita eternoak bere esku-oñetan, ta bere bularrean argi agitz andiagozko bost eguzki bezala; ta bostetatik bakoitza ezin ederragoa.

        Bere esku-oñak iltzez, ta bularra lantzaz bezala, zulatu zioten borrero gogorrak Jesus maitagarriari bere burua, arantzezko koro guztiz arrigarri batekin; ta arantz bakoitzak zulatu zuen tokitik aterazen zaio bere buruan, esku-oñetan, ta bularrean bezalako argi eder-andiago bat; eta Jesusen esku-oñetako ta bularreko argiak gorputz guziko argia bezala, buruko zulo-tokietako argiak ere garaitzen du buruko beste argi guzia; ta argi onek egiten du bidenabar Jesus maitagarriaren buruaren inguruan, asm-al diteken baño ere, koroi agitz eder-ta ederrago bat.

        Biztu, ta bere obitik atera zenean gure Jesus maitagarria, agertu zen alde guzietatik argia ta edertasuna zeriola; baña Jesusen gañerako edertasun guzia garaitzen zuen Jesusek bere buruan zekarren argizko koroi ezin-ederragoak.

        Era bereko argiarekin bere esku-oñak eta bularra eguzki egiñak zekartzien Jesus maitagarriak; eta nekaera bereziren bat izandu zuten Jesusen gorputzeko aldeak edo bazterrak, bazuten, bai, orduan, ta badute gaur ere, orien nekeei zegoten beren edertasuna.

        Gisa onetan agertu zen gure Jesus bere Aita maitagarriaren begietan, ta an ura agertu orduko, adirazi zion Aita berari, garaituak gelditzen zirala beraren etsaiak, eta ezin zuzenago egiñak Aitak berak eman ziozkan egiteko guziak.

        Zenbat atsegin artu ote zuen Aita eternoak, bere Seme guztiz maitagarria era onetan ekusi zuenean?

        Ordu artarako an egoin ziran, Aitak berak bilduak, zeruko aingeru ta kerubin guziak; eta guziak bertan belaunikaturik, linbotik Jesus berak atera zituen anima guziekin batean, egiñen zioten Jesus maitagarriari agur bat ezin-andiagoa ta errain zioten, atsegin-kontentuz liluratuak arkitzen diran batzuen eran, Errege salmariak, edo Dabidek, aldi artarako utzirik zedukana, edo: Ona non agertu den gure Jaungoikoak egiñikako bere egun andia! Au da, bai, au, zeru-lurrak atsegin andiz bete dizkigun eguna; ta aspaldi guzian mundukoak bere nai andiarekin, ta bere begira zeduzkana! Izan dedilla bada, Jaungoiko-gizon, gure Errege Jesus, gure gloria ta gloria geiagorako; ta bekatari guzien onerako.

        Bere obitik atera zenean, zeduzkan argi guzia ta edertasuna, daduzka Jesusek, Aldareko Sakramenturatzen denean, guk oriek geren gorputzen begiz ez ekusiagatik; eta bere obitik ateratzean aingeru-kerubinak egin izandu zioten agur guzia, ta anitz geiago ere zor zaio Jesusi bere argizko etortze eder onegatik; orduan alabaña, ala agertu zen Jesus illen artetik ateratzeagatik, eta bere onerako; baña, Aldarera datorkigun aldietan gure onagatik datorkigu, ta gu guziok bere ondasunez, argiz, ta graziaz bete naiez, ta gure amorez emen, illaren eran, egotera.

        Baña egiten ote dugu guk, zerutik etorririkako aingeruak, eta kerubinak egin izandu zutenaren laurdenik ere? Anitz nekatzen ote gara gu geren eskarrak ematen gure Jesus etorri maitagarriari, bere onezko etortze eder onegatik? Askotan urbiltzen ote gara gu, agur andiak guk emen Aldareko Sakramentuan Jesusi egitera?

        A, nere Jesus maitagarriai Or zaudenik ere etzait niri gogoratzen (askotan beintzat) egun osoetan! Anitz eta anitz egun joaten zaizkit niri, zugana ni bein badere urbildu gabe: ta, noizbait ni orrara urbilduagatik, zugandik ongi urrun ibilli oi dira orduan ere nere gogoa, ta nere asmo guziak!

        Orra bada, nere Jesus maitagarria: orra, zure Sakramentura etortze ederraz nik egin oi dudan kasoa, edo begiratzea!— Orra nola erantzun oi diodan nik, zuk or agertzen didazun bazterrik bageko zure amoreari! Berebat gertatuko ote da, datozen denboretan ere, edo ni bizi nazaño? Ez baldinbere! Ez arren, Jesus maitagarria, ez!

 

 

C.

Jesusen Korputzak aldarera
dakartzien doaiak

 

        1. Baditu gure Jesusen Gorputzak bizturik milla zazpieun ta urte geiago; ta alere arkitzen da gaur, biztu zen egunean bezala; ta gisa batean egon bearra da eternidade guzi-guzian ere.

        Ez du otzak, ez du beroak, ez du eritasunak, ez eta zartzeak ere, Jesusen gorputzarekin ekustekorik.— Beti ta beti arkituko da Jesusen Korputza era batean: beti osasunan, beti atsekaberen pitsik gabe; ta beti-beti Jaungoiko-gizonaren gorputzari dagokan bezala, atsedete osoarekin, nekerik ez duela, atsegin-kontentuz betea, ta nai duen eran.

        Zeruan dago beti gure Jesusen Korputza, aldarean egonagatik. An, ta emen dago beti bere Jaungoikotasunarekin; ta an ta emen dago ezin aisago, ta ezinobeki.

        Bukatu ziran, bai, Jesusen eriotzarekin, Jesusen Gorputzaren iltze ta neke guziak; eta Jesusen biztearekin asi ziran, eternidade guzian iraun bear duten Jesusen pozak, atsegin utsak, eta kontentuak; eta non-nai, ta nolanai egonagatik Jesus maitagarria, ez du Jesusek galtzen bere zorioneko doai orietatik batere; ta beti da bat gure Jesusen zorioneko Gorputza; ta beti galtzerik bagekoa, ta ezin ill ditekena. Orra, bada, Jesusen Gorputzaren lenbiziko doaia; ill ez-bearra!

        Doai onekin dator bada, gure Jesusen zorioneko Gorputza aldareko bere Sakramentura; ta, gu komuniatzen garanetan, gure bularretara.

        Zergatik, uste dezu, edo zertarako?— Graziaren bizitzan gu guztiz sendorturik uzteko, edo bekatuaren erio gaistoaren atzaparretatik betiko gu atera naiez.

        Orretarako, gu ara ongi prestatuak bagoaz, argi egiten dio Jesusek gure adimentuari, ekus ditzan emengo bideak, diran bezala; ta, bide gaistoak utzirik, ar ditzan birtutez birtute daramatenak.

        Ongi prestatuak gu Komuniora bagoaz, berotzen du an Jesusek gure biotza bere amoriozko suarekin, eta ematen diozka gure animari indar andiak, bide oneko bere etsaiak, eta tentu guziak garaitzeko; ta ematen dio denbora berean an gure Jesus maitagarriak bere laguntza ta eskua, erori bage dabillen geroz geiago, ta pausu on luzeak ematen dituela.

        Ai! au guzia irabaz baneza nik nere komunioneetan; ta au guzia nik irabazteko, urbiltzen banintz ni nere Komunionera biotz umill ta ongi prestatuarekin!— Lagun zakizkit, arren, nere lan onetan ere, nere biotzeko Jesus maitagarria. Eskatzen dizut nik au zere biotzeko amore andiagatik.

        2. Atera zen bere obitik gure Jesus maitagarria, berriz ez-ill bearra ezezik, nekerik berriz ezin duken Gorputzarekin.

        Arrezkero su bizitan sartuko baliz ere gure Jesusen Gorputz au, ez litzake erreko batere. Ezpat-ukaldiak, eta sutunbaren tiroak, eta balarik andienak ere ez lioke, aizeko pitsik txikienak baño kalte geiago egiñen gure Jesusen Gorputz eder ill ez-bearrari. Ezpiritu uts-utsa bezain urrun arkitzen da gaur gaizki, ta gaina galgarri guzietatik, gure Jesusen Gorputz zorionekoa; ta era onetantxe datorkigu guri gure Jesusen Gorputz au, gu komuniatzen garan aldioro.

        Ote dakizu zuk zertara?— Egiten zaizkigun naigabe ta txarkeri guziak, arrizkoak bagiña bezala, beraren izenean emeki guk eramateko, asmoz beterik gu uztera.— Ori guk egitera, ta bidenabar artzen baditugu guk, asaldatu gale, gure legeak dakartzien neke ta atsekabe guzia, badute gure animak, Jesusen Gorputzaren bigarren doaiak aldareko Sakramentuan erakusten diguna; ta gu artean, guk au ez galtzera, eternidade guzian egoin dira gure gorputzak, Jesusen zorioneko Gorputzaren eran, edo nekerik eta naigaberik ekusten ez dutela.

        Eta nork ez du emen artu bear, bear bezala, edozein txarkeri, naigabe ta neke, eman dakion gero, eternidade baterako, doai au bezain doai eder-billagarria?

        3. Jesusen Gorputzak, obitik ateratzean zuen, ta Aldarera dakarren, irurgarren doaia da bere arintasuna ta ibillera bizia.

        Ekusten dezu, lurretik zein urruti arkitzen diran zeruko izarrak?

        Bada emendik izarrak baño, izarretatik urrutiago arkitzen da Jesusen Gorputza; ta alere, Apezak konsagrazioko itzak erran artean, egiten du Jesusek andik Aldarerañoko bidea; ta berebat egiñen luke, milla ta milloi bider urrutiago ta urrutiago balego ere; bada, san Bernardok dionaz, gogoak adiña bide egin dezake zerukoaren gorputzak; eta badakizu, ez-da-bai-da batean gogoak egin oi duena, ta arkitzen dela, berak nai duenean, denbora berberean ere, emen ta zeruan, ta non nai, gure gogoa.

        Era bereko doala, ta ibillera, gu ill ondoan, gure gorputzei eman naiez, dator gure Jesus bere Gorputz doatsuarekin aldarera, ta aldareko bere Sakramentuan gure barrenera.— Ez dugu guk orretarako, gure Jesusek bere etortze arin onekin erakusten diguna egitea besterik bear.

        Ote dakizu zuk zer egiteko den, gure Jesusek, aldi onetan agertzen digun egiteko au?— Au da gure Jaungoikoak bere Legean manatzen dizkigun gauzak zuzen egitea, ta egitea guk gauza orietatik bakoitza bere aldian laster, ta gog-onarekin.— Erne egotea gu, gure Jaungoikoak elizan, bidean, predikuan, libruz, edo geren bakartasunean adiratzen dizkigun gauzak ontzat artzeko; ta alik leenena, ta zuzen, ta ongi oriek egiteko.

        Egin ote dut nik au oraindañoko nere denboretan?— Ez beintzat beti. Ez eta erdietan ere! Egunen batean au ageriko da!

        4. Jesusen Gorputzaren Aldareko laurgarren doaia da Gorputz beraren meetasuna; ta nondik-nai sartu-gaia.

        Biztu zenean, atera zen bere obitik gure Jesus maitagarria, Gorputzik izan ezpalu bezain aisa, ta gañeko arria kendu ere bage.

        Nola, uste dezu? Arritik igarotzen zela Jesusen Gorputza, eguzkiaren argia kristal batetik igarotzen den bezain aisa.— Berebat aterako zen gure Jesusen gorputza, arriak baño agitz geiago atera-bideak kentzen dituen bronzez ingurutua egonagatik aren obia: gloriaz betea zegoen alabaña, biztu zenetik, gure Jesusen Gorputza, ta orregatik, espiritu utsa bailiz bezala zen lan onetarako Jesusen zorioneko Gorputza.

        Berebat geldituko da gure gorputza ere, lan berarako, orain guk zuzen egitera Jesusek bere doai onekin erakusten digun gauza.

        Zer gauza ote da bere ateratze mee onetan gaur guri gure Jesusek agertzen diguna?— Geren asmo astun-loi-galgarri guziak guk uztea. Aragiaren naikunde zikinei geren biotzetan tokirik guk ez egitea. Zureak ez diran gauzen kargak zuk ez artzea, edo oraingoz artuak badaude, bere lekura oriek zuk itzaltzea; ta zere biotza orain ongi garbiturik amore onaren suarekin, lurreko ezatasunik bage lenbaitlen zuk uztea.— Orra gorputz doatsutarako emen azitzen denaren zorioneko egoera. Orra gure Jesusen gorputzak, bere doai ta edertasun guziekin gure gorputzentzat billatzen duen egoera zorionekoa.

        Eta izanik gorputzen egoera au, zuk zerorrek ekusten dezun bezain ondasunduna; ta egoera ondasundun, eternidade guzian iraun bearra, ez ote dugu guk irabazi bear gure Jesusek Aldareko bere etortzearekin erakusten dizkigun gauza txiki zenbait ez egin naiez?— Gure ero galduak, ori guri gertatzera!

 

 

Egredimini et videte, filiae Sion,
regem Salomonem in diademate,
quo coronavit illum mater sua.

Cant. 3. 11.

 

        Atozte animak (erraten dizue Eskritura santak zuek komuniatzeko zaudezten denboran; edo zeren Jesusi zuek, zeren agurrak egitera elizan sartzera zoazten aldian) atozte bada, ta ekusiko dezue, nola arkitzen zen len Pilatosen etxean, ta nola dagoen gaur aldareko bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria.

        Len ezarri zion Sinagoga gaistoak, ugaz-ama gogorrak bezala, edo ezarri zioten len Lege zarreko israeldar gogorrak, arantzazko koro izugarri bat errege Salomon, bakezko errege, Jesus maitagarriari; baña orain orren ordez, eta orrek arrerazi ziozkan oñaze ta neke gogorren alde, ezarri dio gure Jaunaren jakiundeak, edo Aita eternoak, argiz ta izarrez egiña baliz baño agitz ederragoa den beste bat.

        Ekusi zazu orain al dezun eran edo siniste onez, ta zeruko argiarekin, zein ederki daokan gure Jesus maitagarriari bere argizko koro au.— Begiz zuk gaur dagoen eran gure Jesus ekustera, atsegin utsez bertan illa geldituko ziñake.— Ill etzaitezen, bada, ta zure irabazirako, gorderik dago gaur gure Jesus maitagarria ogiaren aintzuran edo soñekopean: baña zein ere gorde bildua dagoen or gure Jesus maitagarria, adirazi zaitzun baño ere agitz eta agitz ederragoa dago: ta denbora berean, urbiltzen zaizkanak ongi artu naiez dago.

        Zoazkio, bada, agurrak eta agur on umillak egitera. Ori, ta anitz eta anitz geiago ere zor diozu zuk, or gorderik agertzen zaitzun orri: ori da alabaña zure Jaungoiko ongille maitagarria; ori da zure Salbatzallea; ta ori zure Erregea: baña Errege ezinobea, ta ezin maitagarriagoa; ta Errege, zure onerako, milla nekeren buruan, bere bizia ta odol guzia emanikakoa.— Edertasunez jauntzirik dator gaur, ta gloriazko koroarekin zure Errege maitagarri ori; ta era orretan datorkizu, zuri adirazteko or, bera dela beraren izeneko nekeen irabazia.— Zoazkio, bada, bere erakuste andi eder onen eskerrak ematera; ta gaurgero berak nai duena baizik egin nai ez dezula, itzez edo biotzez or berari erratera.

 

* * *

 

        Atozea, dio gure Jesus maitagarriak, atozea; utzi dezake ama batek atzentzera bere erraietako umetxoa? Ekus dezake ark bere umetxo au negarrez itotzen, oñazez beterik edo beste zerbait itxura galgarrietan, ezpaliz baño geiago urrikaltzen etzaiola!

        Ez da erraz arkitzen, ez, orrenbat gogortasun ama baten erraietan. Baña arkitzen baliz ere gogortasun ori aren baitan, ez naz ni, ez, dio Jesus maitagarriak era orretakoetatik.— Amari bere umeak baño, anitz neke geiago zuk niri arrerazi izandu didazu, bai. Nere Pasio guziko, ta nere gurutzeko neke guziak zuk niri arreraziak dira edo nik neronek zure amorez artuak. Eta nik, naiagatik ere, ezin atzen zaitzakedana zara zu: eskuetan dadukat alabaña nik zure izena; ta maiz begiratzen dut nik nere bi eskuetara, nere esku beretako zuloen señaleak edo siñuak nere Aitari nik agertzeko zure ta gañerako bekatari guzien alde.

        Aldarean ni gorderik egonagatik, ez daude, ez, neretzat gordeak, dio Jesus maitagarriak, nere eskuak; ez eta zure izena ere.

        Beti zaude zu nere gogoan; beti zaude zu nere biotzean; ta zu niganatzen zaran guzietan, edo zuk ni komunione oneko maian artzera, edo zuk niri aldareko nere Sakramentuan agur egitera, atsegin on bat ematen didazu zuk niri; ta gelditzen naz ni, zu beti ta beti nere biotzeko amorearen suan erre edo urtu-nai andiarekin.

        Atoz bada maiz-maiz, atsegin ori niri zuk emen egitera. Ez dira izain, ez, etortze galduak, aldi orietan niri zuk egiten dizkidatzun etortzeak. Orien alde emain dizkitzut nik zuri (ta pozik alere), zuk ni maitatzeko, ta zere burua zuk ontzeko bearko dituzun gauzak.

        Jesus, ta zure onegia! ta zure maitagarria! Munduaren bazterrik urrutienean arkitzen baziña ere, ez nuke atseden bear, zu nik ekusi artean; ez eta kendu bear ere zure begietatik, ezinbestez baizik; eta, onen alde zaduzkadala, egon bear dut nik ezpaziña baño geiago billatzen etzaitudala.— Ez nuke bear, ez, nere Jesus maitagarria; baña ori da, askotan beintzat, nik oraindañokoan egin izandu dudana!— Baña orain, len nik orren gaizki egiñaz ongi damuturik, eta era bereko gaizki bat berriz ez egiteko asmoa arturik, eskatzen ditzut nere gaizki guzien barkamentua, ta oraingo nere asmo zuzen garbi on onetan irauteko grazia. Indazu au zuk, nere Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Vide arcum, et benedic eum qui fecit illum;
valde speciosus est in splendore suo.

Eccli. 43. 12.

 

        Zure Eskrituran esaten zaiku, gure Jaungoiko maitagarria, zeruko odei artean agertzen zaikunean, anitz aintzura, iduri, edo kolore dituen arku bat, eskerrak eskerren gain, ta anitz benedizione zuri guk emeki emateko, zeren arku au den zure eskuetako gauza; ta gauza den bezain ederra.

        Baña badut nik, bai, nere lan on zuzen orretarako arku ederragorik are; ta arku zeruko au baño maizago niri agertzen zaidana; ta arku zure esku beretakoa; bada badut nik Aldareko Sakramentuko odeipean Jaungoiko (zure birtutez) gizon egiña; ta Jaungoiko-Gizon ez ill, ta ez neka ditekena; Jaungoiko-Gizon gogoa bera bezain ibillea; Jaungoiko-Gizon Espiritu uts-utsa dirudiena; ta Jaungoiko-Gizon anitz-iduriz, argiz, ta edertasunez bear den eran jauntzia.

        Arku eder onegatik, bai, emain dizkitzut nik orain, ta beti, ta eternidadean al ditudan esker guziak: bada, arku eder onegatik ez izatera, itoa nintzake ni aspaldi guzian nere bekatu zikiñen ubeldez, ta sulezera bearra nintzake ni beti ta betirako.— Arku eder onek daduzka lotuak bezala zure eskuak, nere Jaungoiko maitagarria, niri zuk oraindañoko nere bekatuakgatik gaitzik ez egiteko.— Arku onek eskatzen dizu, agertuz zuri, zugatik berak egin ta eraman izandu duena, ta zuk zerorrek orregatik eman diozun edertasuna, barka dizkidatzula orain arteko nere bekatu guziak; ez nazazula utzi berriz bekaturatzen, ta didazula zuk niri, orretarako bearko dudan zure laguntza ta grazia; bai, ta anitz geiago ere.

        Eskerrak, bada, zuri, Aita eternoa, zere odeietako arku ederragatik, eta ori ekustean berritzen dituzun zere bakeakgatik.— Baña eskerrak eta eskerrak, eta eun milla bider, milloietan zuri eskerrak, aldareko Sakramentuko odei zuri-gorrien artean dadukazun zere Arku eder ta ederrago, zere Seme gizon egiñagatik; bada onek, odeietako beste ark baño agitz obeki palakatzen zaitu zu; ta au da, au, nik nere alde dukedan Bitartekorik onena.

        Zure Arku eder nere Bitarteko ezinobe onen amoreakgatik, bada, ta onek zure izenean egin duenagatik; baita au ekusteak zuri ematen dizun atsegin andiagatik ere, indazu zuk, nere Jaungoiko maitagarria, gaurgero bekatuz nik zuri atsekaberik ez egiteko grazia; ta oraindañokoan egin ditudan guzien barkamentua. Ori eskatzen dizut damu on andiarekin, ta zin-ziñez erraten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa