www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXXIX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEK ALDARATZEAN,
GURI ONGI NAIEZ,
EGITEN DUENA

 

        Ongi nai dizula norbaitek zuri erranagatik, ez diozu zuk siñisten, baldin ark, ori egin dezakela, laguntzen ezpadizu zuri, bideak dakarrenean, ta zure premietan. Baña ori ark orduan, ta era bereko beste aldietan zurekin egitera, bertan siñisten dezu zuk, ongi nai dizula zuri, itzik ark ez atereagatik, zuri berak nai, edo ez naiaren gañean.

        Au onela den ezkero (den bezala), ez dezu zuk, gure Jesusen alderatzean, gugatik Jesusek egiten dituen gauzetara begiratzea baizik, Jesusen guganako nai andia, ta amore bazterrik bagekoa zuk ezagutzeke. Goazen onetarako, Jesusen gauz orietatik zenbait badere ekustera.

 

 

A.

Laur gauz on arrigarri,
Jesusek, aldareratzean
gure onerako egiten dituenak

 

        1. Dabidek bein, aldareko Sakramententuari urrutitik begira zegokala; ara, zion, ara janaria, Jaungoikoak bere beldurtientzat, eta anima garbiendako Elizan utzia; Ara gure Jaun guztiz urrikaltiaren gauz arrigarriz, ekuskariz, edo milagroz beterik arkitzen den janaria: memoriam fecit mirabilium suorum misericors, et miserator Dominus. (Ps. 110. 4)

        Egia den, edo ez, Dabidek aldi onetan diona, zuk zerorrek errain didazu, ark or adirazten dituen milagro orietatik zenbait ekusi ondoan.

        Eta ekusi zazu lenbiziko lekuan aldareko Sakramentuko janari au bera. Ez dute orrelakorik egiten, ez zure sukaldariak, eta barazkalgiñak.

        Zer janari dela, deritzazu zuk, ore zatitxoa, edo ogi piska dirudien aldareko gure janari ori?— Ori da, bada, iduriz ogi-apur mee biribil bat; baña izatez Aita Eternoaren Seme-Jaungoiko, Gizon egiña.— Apezak konsagrazioko bere itzak erran orduko, or arkitzen da aldareko Sakramentuan, zein ere andia den, gure Jesus maitagarriaren gorputza; ta arkitzen da, gure amorez berak len isuri zuen odol guzia bere zañetan dadukala.

        Or arkitzen da ordu beretik aldareko Sakramentu batean Jaungoiko-gizon Jesus beraren anima; ta anima, gure Jaun guztiz altsuaren eskuak egin izandu duten gauzarik ederrena; ta arkitzen da or gure Jesusen anima eder au graziaz, birtutez, ta zeruko doaiez ezin-geiagoraño apaindua.

        Or bertan aldareko Sakramentuan arkitzen da Jaungoikoaren Semetasuna, ta or bidenabar arkitzen da Semetasun onekin bat den Jaungoikotasuna; baita Jaungoikotasunarekin bat diran Aitasuna, ta Espiritutasuna ere; edo (itz bitara guzia bil dezadan) or aldareko Sakramentuan arkitzen dira, ogi-iduri, edo aintzur txikipean gure Jesusen gorpuz-odolak, Jesus beraren gizatasuna, ta gure Jaungoiko guzi-guzia.

        Ekusi dezu zuk, edo ekusi diteke, era onetako janaririk, eta onenbat indar ta izate, edo sustanzia duen bokadurik? Manea zezaken gure Jaunari andi au, guzia dezaken gure Jaungoiko berak baizik! Ez da aldareko gure janari au guztiz arrigarrizko ekuskaria? Ez da au milagro ezin andiagoa; ta milagro, ez gizonak, eta ez aingeruak asma zezakena?

        Ala da, bai: baña ezin jakin genezake guk zertako ote den ogi-iduriaren, edo ogi-aintzuraren, ta Jaungoiko-gizonaren elkarganatze arrigarrizko, ta janari andi ori?

        Bai: Ori da gugana gure Jesus etortzeko, ta gure barrenera gure Jesus sartzeagatik, emen bertatik guri laguntzera, edo emen bertan guri ematera, guk geren etsaiak garaitzeko, geren pasione galgarriak eskuratzelo, birtute guziak guk irabazteko, geren animak guk apaintzeko; ta bidenabar gloria, ta gloria irabazteko, bearko ditugun beraren esku, grazi, ta laguntza guziak.

        Andia da, gure Jesus maitagarria, ezin uka diteke, zere etorer onetan, zuk agertzen dezun guganako ongi naia, ta amorea! Ez dut orretara nik oraindañokoan, bear bezala beintzat, begiratu!

        Bein, ta berriz, ta askotan ere ekusi bear dut ori nik, eta aldioro kontuzago, ta astiroago, zuri orretan nik zor dizudan zere niganako amorearen anditasuna nola-ere-bait ezagutzeko; ta zure amore andi oni al dudan eran erantzuteko.

        Zorionekoa ni, nik au zuzen egitera! Eta egiten badut au ala nik, nik ekusiko ditut, bai beste arrigarrizko ekuskariak, eta zure milagroak ere.

        2. Aldareko Sakramentu bereko bigarren ekuskarri arrigarria, edo milagroa da, konsagrazioko itzekin, Apezaren eskuetako ogia gure Jesusen gorputz egiñik gelditzea, ogitik ogi-aintzura, ta iduria besterik gelditzen ez zaiola.

        Ori da, paretak eta arrimoak erori ondoan, tellatu utsa, ezeri, edo deusi lotu bage, ta niork ez dadukala, bere tokian, edo aize gañean gelditzea bezala.— Tellatuaren era onetako geldiera au gure Jaungoikoaren milagroa lizake, bada lan au Jaungoiko berak baizik, ezin dagiken lana da, ta gisa bereko lana da, ta milagro arrigarria ogiaren zuritasuna, ta gañerako ogi-iduri, edo aintzura utsa aldareko Sakramentuan, bat ere ogi kutsurik bage gelditzea.

        Zertako ote da gure Jaungoikoak aldareko bere Sakramentu onetan egiten duen arrigarrizko bigarren ekuskari, ta mirakulu au?

        Ori da (baldin zuk ezpadakizu) guri geren komunioneetarako beldur guzia kendu naiez, edo zer egiten dugun ezpageneki bezala, ar dezagun guk aoaren idik-aldi batean gure Jaungoiko-gizon-Jesus maitagarri guzia.

        Orretarako gordetzen da gure Jesus guzia ogi-iduripean, edo ogi apur baten aintzuran, ta sartzen da gure barrenean gure Jaungoiko-gizon Jesus bera ogi-bokadu baten eran.

        Eta, ala ez etortzera gure Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria, nor trebe izain lizake, komunione batean gure Jesusen aragi-odol, ta gorputz guzia, ta orrekin batean beraren anima, ta oni ditxezkon Jaungoikotasuna, ta Jaungoiko guzi-guzia batetan artzeko?

        Ekusten dezu ekuskari zein andi-eder arrigarria den gure Jesus maitagarriak bere gordeera onetan egiten duen mirakulua, edo milagroa! Ekusten dezu zertako den, gure Jesusen lan berri, Jesusek berak baizik ezin zegiken au; edo ekusten dezu gure onerako dela au guzia, ta Jesusek, gu ondurik utzi naiez, edo gu bere birtutez guztiz apaindurik iuzteko!— Eta bidenabar ekusten dezu zuk, gure Jesusen lan andi onek zugandik eskatzen duen esker-aldia, edo biziera. Zein garbi-ona au, ta zein umil-birtutetsua, al dezun eran zuk erantzun bear badiozu, besteri ezpaliz ere, aldi onetan Jesusek egin dizun ekuskari, ta milagro ontartetsuari, edo zeruko ondasunen ekarleari!

        Erantzun izandu ote diozu zuk oni oraindañokoan al bezain ongi, bear zen eran, zuzen-zuzen ta guztiz garbiro?

        A nere Jesus maitagarria! Ez, eta bear zen laurdenaren laurdenik ere: ta ori nik egin bearrean, egin izandu ditut, ni komuniatzen asi nintzan egunetik egungo eguneraño, zuk zerorrek dakizun adiña gaistakeri, ta bekatu! Orra zein galduak oraindañoko nere ibillerak! Orra zein eskergabe-txarrak!

        3. Irurgarren gauz ekuskari, ta Jesusen aldareko mirakuloa, edo milagroa da, gu komuniatzen garan aldietan gurekin Jesusek egiten duen gauza bat. Zer ote?— Ogiaren iduri, edo aintzura utsarekin gure gorputzari Jesusek ematea, ogiak eman bear ziozkan indar guziak: bada komunioneko Kopoi andi batean dauden osti konsagratu guziak batek janagatik, ez luke janen ogi-apur bat ere; ez da an alabaña ogirik batere, siñistez dakigun, ta ekusi dugun bezala; ta alere, gosea kentzeko, ta gorputzak indarrak artzeko, berebat lizake oriek guk jatea, edo jatea guk bertze anbeste ogi-zati, edo osti konsagratzake, edo konsagratu gabe.

        Zertako ote da gure Jesusen oraingo mirakulu, edo gauz arrigarri au?— Guri Jesusek adirazteko, ez dugula guk zer izutu, ekusiagatik guk, gauz onetarako gure ezer-eza ta gabea: eta bidenabar guri adirazteko, gaitz aldera geien-geiena makurturik arkitzen denak, bekaturik geiena egin oi dituenak, eta nork-nai, ongi ta maiz komuniatzen dela, izain duela Jesus onagandik, gaitzerako bere gos-egarriak iltzeko, ta egin bear dituen, bere gauz on guziak egiteko, bearko duen zeruko jan-edana, laguntza, ta grazia: bada gure Jesus onarentzat ori, ogirik bage, ogiaren lanak egitea ta indarrak ematea bezain lan erraza da, ta ori bera da, guk nai dugula, gure Jesusek pozik eta pozik egiñen duen lana, ta ekuskaria; ta ori, ta era orretako gauzak egitera dator aldareko bere Sakramentura datorren aldietan gure Jesus maitagarria.

        Nere anima txarra, zertan zaude bada zu, zauden bezala, orrenbat zere uts-oben ta bekaturen artean? Natural gaistoa, edo griñ errebesa dezula diozu zuk, eta ezin zuzendu dezula gaitzerako zere makur-era ta oitura gaistoa.

        Bakarrik egin bear bazenu zuk zere lan ori guzia, egia zenioke zuk, ori zuk diozunean: baña zuri zere lan orretan laguntzeko dago, ta zure begira zure Jesus maitagarria aldareko bere Sakramentuan.

        Zuk an Jesus artzera, baldin zuk zere Jesus umilki, garbi-garbiro, ta bear den eran artzen badezu, emain dizu zuri zere Jesusek, bai, zere lan orretarako zuk bearko dezun guzi-guzia; baita geiago ta geiago ere; bada, zu artzalle baño, emalle obea da gure Jesus maitagarria, ta eman dezake gure Jesus maitagarriak, munduko guziak artu ala, ta geiago ta geiago ere.— Eta artzen ezpadezu zuk, zu komuniatu bagez, izain da, edo zeren etzaran zu komuniatzen bear bezala. Eta, ala izatera, zure galdu-galgarria!

        4. Gure Jaungoikoak aldareko bere Sakramentuan egiten duen laurgarren ekuskaria, edo gauz on andi arrigarria, da Jaungoiko-gizon Jesus egitea, aldareko osti txiki batean ezezik, osti bakoitzaren zatirik txikienean ere. Orregatik Apezak erdiratzen duenean mezako ostia, edo komunionekoa, ez da erdiratzen, ez, gure Jesus maitagarria; oso-osorik arkitzen da Jesus maitagarri bera osti beraren erdi, edo zati bakoitzean; ta, osti-erdia artzen duenak, artzen du osti oso-oso bat artzen duenak adiña: ostiaren zati bakoitzean arkitzen da alabaña gure Jesus maitagarria, zure itza arkitzen den bezala, zu aditzen zaituztenen bearrietan; ta orregatik oso-osoro; bada zure ondoan dauden guziak aditzen dute, zuk itz egiten dezunean, zure itz guzia; ta aditzen zaituen bakoitzak aditzen du zure itza, ura bera bakarrik balego bezain ongi, ta osoro; ta zure itz berbera ta itz osoa da, zure aldamenean dagoen bakoitzak, eta an arkitzen diran guziak aditzen dutena.— Era berean, bada, Jesusek barbera da bakoitzak artzen duena bere komunionean, naiz ar dezala ark berak bakarrik osti osoa, naiz lagunarekin ta erdiratua, edo osti-erdia; Jesus guzi-guzia arkitzen da alabaña osti konsagratu guzian; ta Jesus guzi-guzia osti beraren zati guzietan.

        Orra bada lan bat, gure Jaungoiko altsu maitagarriak baizik, ezin dakikena; gauz andi bat txikitzea, edo txiki baten diñako tokian bildurik uztea, baña gauz andiak bere anditatsuna galdu bage; ta gauz andi, era onetan txikitu edo bildu bera denbora batean anitz lekutan arkitzea, ta bere leku ta toki guzietan oso-osoro arkitzea.— Norbaitek egin dezake gauza gutian, edo gai txikiren batekin gauz andi baten aintzurako gauzaren bat, edo beste; ta Teodoro zeritzan maisu batek egin izandu zuen, euli baten egapean gordetzen zen brontzezko karroza bat; eta karroza, berari zegozkan laur zaldik tiratzen zutena: baña Teodororen karroza-zaldiak, eta era bereko beste gauza txikiak, txikiak dira beti, ta aldian toki labur txar bat baizik betetzen ez dutenak.

        Gure Jesus maitagarria da bakar-bakarrik, den diñako Jaungoiko-gizona dela, ostiaren edozein zatitxotan arkitzen dena; ta, arkitzen dena, osti bakoitza arkitzen den tokian, naiz arkitu ditezela ostiak emen, ta Indietan, ta Afrikan; ta toki bakoitzean arkitzen da, beste tokitan arkitzen ezpaliz bezain oso-osoro.

        Zertarako au onela gure Jesus on maitagarria?— Aisago guk arki dezagun komuniatzeko geren deretxa, ta gure Jesusen laguntza ta grazia; ta bidenabar Jesusek guri erakusteko geren umil-bidea, edo, nonnai gu, ta nolanai egonagatik, kontent egoteko bidea.

        Nola erdits dezakegu guk, zorioneko geren bide au?— Guk geren gogoan darabilgula gure Jesusen aldareko egoera, ta guk geren bekatuakgatik sulezean egon-bearra.— Gauza oriek biak guk maiz geren gogoratzera, edo gogoratzen baditugu, guretzat geiegiko tokia iduriko zaiku geren etsaien oinpea ere; ta arrezkero guk pozik eramain ditugu orien eskutik datozkigun nekeak: bada, ori guk egin ezkero, jakiñen dugu guziak daramatzigula gure Jesusen izenean, ta eternidade guzirako zeruko leku zabal-eder-andiak irabazteagatik.

        Banegi, bada, gaurdanik badere nik au, Jesusen aldareko egoera onen alde, ta nere onagatik! Badagiket nik, bai, nai izatera, ta nere Jesusek niri laguntzen didala; ta niri lagundu naiez da Jesusen bere Sakramentuko bilduera ta gordetze guzia.

 

 

B.

Sakramentu bereko
beste bi gauz andi, ta milagro

 

        1. Aldareko Sakramentuko bostgarren gauz on-arrigarria da, dagoen eran Jesus or egotea.

        Nola dagoela, uste dezu zuk aldareko bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria?— Ill baten eran, ta bizitzarik ezpalu bezala. Or ditu Jesusek, bai, aldareko bere Sakramentuan bere bi begiak; baña ogiaren iduripean daduzka, edo Sakramentuko estalkiz gordeak.

        Or daduzka bere Sakramentu berean bere bi oñak, bai, baña lotuak bezela, ta ez igitzeko eran. Or daduzka bere bi eskuak, bai, baña geldirik daduzka biak, eta igitzen ez dirala.

        Or bertan daduka Jesusek bere miia ere; baña ezpaleduka bezala da; bada ez du or Jesusek itzik ateratzen. Gau ta egun, ta aste guzian egonagatik Jesus (dagoen bezala) aldareko bere presondegi guztiz txikian, edo Sakrarian, isill-isillik dago beti, ta asnase bat ere ematen ez duela.

        Andik ateratzen badute, urbiltzen diranen komunioneetarako, ez du Jesusek, an iduki dutelako naigaberik erakusten, ez.— Naiz onak dirala, ta naiz gaistoak, aldi orietan komuniatzen diranak, gisa berean doa or bere Sakramentuan gure Jesus maitagarria, edo isill-isillik doa guzien bularretara, edo biotz aldera.

        Naiz dela gau-erdia, naiz goiz otza, naiz arratsa, eriren bati elizako gauzak eman-ordua, ez du apezak, aldareratzea besterik bear, Jesus artu, ta ara eramateko; eri gaisoaren etxerako da Jesus, apezak nai duen edozein ordutan, ta apezak nai duen eran. Ez dio galdetuko Jesusek apaizari, ez, nora daraman, edo norengana. Dela aberatsa eri gaisoa, dela beartsua, dela erregea, dela nekazaria, dela zalduna, dela agota, dela zarra, dela gaztea, edo dela edozein eratakoa, berebat da Jesus maitagarriarendako; ta, deus bat erraten ez duela joain da, bai, gure Jesus maitagarria, apaiz daramanaren eskuetan, komuniatu nai duen eriagana; ta eri gaisoa sukarrez erretzen, erdi usteldua, edo iltzeko abian egonagatik, sartuko da Jesus sakramentatua eri beraren aoan, ta estomaka loi-karkaisez betean; ta an bertan egoin da Jesus sakramentatua, Sakramentua bukatu artean, edo ogiaren iduria ta aintzura galdurik gelditu arteraño: ta pozik egoin da an, baldin iltzen dagoena, edo komuniatu den eri gaisoa Jesus beraren grazian arkitzen bada.

        Ori baño ere agitz eta agitz geiago da, zenbait aldiz gure Jesus maitagarriari emen, aldareko bere Sakramentuan, agitzen edo gertatzen zaiona.

        Lapurren batzuek ebatsi izandu dituzte zenbait aldiz elizetako Sagrarietatik, ango urrea, edo zillarra izan naiez, komunioneko kopak; eta, beren lapurreria estali naiez, kopa beretan arkitzen zituzten osti santak bota izandu dituzte, batzuek ezkaratzetan, besteak goroztegietan, eta besteak edozein zokotan edo tokitan; ta aldi orietan gure Jesus maitagarria an egondu da geldi-geldia, ta itzik atera bage, norbaitek jaso artean, edo ogi-iduria ta aintzura, edo Sakramentuko akzidente guziak, aitu arteraño.

        Beste zenbait aldiz egin dituzte judatar gogorrak, eta ereje gaistoak gauza gaistoagoak ere aldareko Sakramentu berarekin, ta gure Jesus maitagarriarekin; bada batzuetan aurtiki dute oriek gure Jesus sakramentatua, su gañean irakiten zegoen urera; besteetan nastu dute garagarrarekin, mandoen zaldale egiteko; ta zenbaitetan josi dute mai gañean kanibetez, edo urkabean iltzez. Eta ala ere isillik egondu da, itzik atera bage, gure Jesus sakramentatua.

        Zer bada? Ez ote daki gure Jesusek, aldi orietan berari gertatzen zaiona?— Bai; ta ederki alere: ez da alabaña gure Jesusen animako begientzat estalkirik; eta guzia dakusa or Jesusek, zuk eguerdian, eskuetan dadukazun gauza baño ederkiago.

        Nola, bada, ez ditu gure Jesus sakramentatuak auts-egiñak iuzten, orren gauz itsusi-arrigarriak berari egiten diozkaten gizatxar oriek?— Guri ongi naiez, ta guri erakusteagatik geren aldietan guk ere egin bear duguna.

        Noiz ote?— Nai ez genuken zerbait egiten digutenetan.

        Zer ote da, guk geren aldi orietan egin bear duguna.— Ezpaliz baño geiago argatik gu ez asaldatzea, ta gure Jesusen izenean guk, egiten zaikun bidegabe guzia isili-isilltxorik artzea.

        Ori guri erakusteko, ori guri eragiteagatik, eta, orrekin irabazten diran zeruko ondasun andiak guri eman naiez da, illarena dirudien, gure Jesusen aldareko egoera.

        Ekusten dezu zer egoera gure Jesusen aldareko egoer on-arrigarri au? Bada badu oraindik geiago ere zer ekusi Jesusen emengo egoer on erakusle onek.

        Zer, uste dezu? San Joan ebanjelariak ekusi izandu zuen bat.

        Zer eran, edo nola ekusi zuela deritzazu zuk, san Joan ebanjelariak gure Jesus aldareko bere Sakramentuan?— Bildots ill baten eran; baña zutik: vidi agnum stantem, tanquam occisum. (Apoc. 5. 6.)

        Zer erran nai ote du era orretako gure Jesusen zutikako egoerak?— Illaren eran egonagatik, egiten zaizkan txarkerietarako, prest dagoela or gure Jesus maitagarria, ongi komuniatzen diranei laguntzeko, beren txarkeriak, nekeak, eta naigabe guziak eme-emeki eramaten: quasi paratus juvare certantes. (Carthus. hic).

        Ekusi dezu, au baño, egote, ta egite ederragorik? Ez?— Bada oraindik bada besterik ere Jesusen aldareko Sakramentuan, ta da seigarren ta azkenik ekusi bear dugun Jesusen gauza ekuskaria, edo mirakuloa. Zer? denbora bereko beste egoera bat.

        2. Aldareko bere Sakramentura etorriagatik gure Jesus maitagarria, Meza ematen den denboran, ez du Jesusek uzten, ez, zeruko bere tokia. Aldarean dagoen denbora berean, batetik bestera apezak daramatenean, ta, komuniatzen diranekin arkitzen den denboran, bere zeruan arkitzen da gure Jesus maitagarria: ta an arkitzen da bere Aita eternoaren eskoi aldetik: eta an arkitzen da Jesus maitagarria, bere Sakramentura etortzen ezpaliz, arkituko lizaken eran.

        Zergatik au onela?— Andik, eta emendik, edo zerutik, eta emen bertan lurrean ere guri lagundu naiez. Zerutik, an Aitari eskatzen diola, guk emen bear dugun grazia, ala, ta eskua; ta emen, emanaz guri bere esku bera, bere laguntza ta grazia.

        Orretarako da, bada, Jesusen an ta emen batetan arkitze on arrigarri, edo oraingo milagro au, ta Jesusen egoera, onen arrigarri-eder ekustekoa.

        Ekusten dezu zuk orain badere, edo ongi-ongi ezagutzen dezu, gure onerako gure Jesus maitagarriak aldareko bere Sakramentuan egiten duena. Ekusten dezu zenbat gauz on arrigarri, ta zenbat milagro egiten dituen gure Jesus matagarriak, komunione bakoitzean gure barrenera erortzeagatik, eta gure animei alde onetatik egin naiez, ar dezakeen on guzia?

        On onen laurden bat egiten balizu zuri zere erregek, etzenuke egiñen zuk zere bi belaunak lurrean zeneduzkala, ta berak nai bezala, ark zuri manatzen lizukena? Eta zugatik zure Jesus erregeen Errege Jaungoiko-gizon maitagarriak egiñikako orrenbat gauzaren buruan, egin izandu dezu zuk zure Jesusek nai zuena, guzia izan arren arrazki ta aisa zuk egin zenezakena?

        A, nere Jesus maitagarria; ez eta erdien laurdenetan ere! Baña nik gauzak ongi ezagutu bagez izandu da, oraindañoko nere eskergabetasun onen gaisto au; edo izandu da zeren oartzen ez nintzan ni gure onerako zuk or aldareko zere Sakramentuan egiten dituzun gauz on arrigarri, ta milagroetara: eta, oriek nik ezagutu ezkero, orain ezagutzen ditudan bezala, nai dut izan zurekiko eskerdun ona; ta egin nai dut nik, zure laguntza onarekin batean, zuk nai dezun, ta niri dagokidan bizitza, gaurgero ongi ta maiz ni komuniatzen nazala.

        Nere bizier on au bertatik arizen asitzeko, orain damuz nazan au beterik, erratera noa: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

 

Semetipsum exin anivit,
formam servi accipiens,
in similitudinem hominum factus.

Philip. 2. 7.

 

        Nomal arritzekoa den gauza da, gure Jaungoiko maitagarriaren jakiundea, ta beraren guganako ongi naia ta amorea!

        Orra, erraten digu san Pablok, orra gure Jaungoikoak gure onerako arkitu duen bidea, ta egin duen gauz arrigarria! Galduak ekusi ginduen gu gure Jaungoikoak geren bekatu loi zikin-galgarriakgatik; eta geren bekatupe likits izugarritik gu ateratzeko, zer bide artu zuela uste dezu zuk, edo zer egiteko? Jaungoiko berak baizik ezin asmatu, ta ez artu, zezaken bat: Irurtasun andiko, edo Trinitateko Jaungoiko-semea, gizon egiñik gizonen artean agertzea.

        Otzak, beroak, eta eguraldi-era guziak egin izandu zituen gure Jaungoiko maitagarriak: eta, oriek egin izandu zituen gure Jaungoiko bera, gizon egiñik, bizitu zen ogeita amairur urtez, otzak, beroak, eta beste eguraldi-giro gaistoak, beste edozein gizon bezain galanki nekatzen zutela.

        Denbor orretan berean ekusi zuen gure Jaungoiko-gizon onek beste edozeñ gizonek ekusi zezaken adiña neke ta lan; ta, guri gaisoei, guk jakin bear dugun guzia erakutsi, ta zerurako bear duguna bere Elizan utzi ondoan, ill zen bera gurutze bateko milla nekeren artean.

        Orra zertaraño beititu, edo makurtu zen gure onagatik, gure Jaungoiko andi-maitagarria! Orra zenbat eta zenbat laburtu zen, bazterrik ez duen gure Jaungoikoaren izate eder-andi-arrigarria: besteren peko gizonaren iduriraño!

        Baña zein ere andi-arrigarria den gure Jaungoiko maitagarriaren orduko beititze, makurtze, ta laburtze au, agitz eta agitz andiagoa da beraren aldareko beititze, makurtze-billze-laburtzea; bada bera gizon egin zenean, bazuen gure Jaungoiko maitagarriak gizonaren aintzura bazen ere; baita bere gizatasuna ere; baña aldareko bere Sakramentu onetan ez du gure Jaungoiko-gizon onek, ogi-mee-zirtzill baten aintzura ta iduri utsa besterik.

        Orduan etzuen agertzen gure Jesusen gorputzak, orain zeruan agertzen duen bere edertasun ta glori arrigarria, eta orduan Jesusen gorputz berak berez zuena, ta geroztik agertzen duen bere edertasun guzi-guzia, ta Jaungoiko-gizonaren izatea, orra non arkitzen den aldareko Sakramentu orretan ogi-aintzuraz, ta akzidentez jauntzi-estalia, ta ogi apur bat bailiz bezala.

        Nigatik izan gure Jesus maitagarriaren aldareko makurtze, biltze, ta laburtze ezin andiago ta arrigarri au, ta ala ere nik ez ematen gure Jesus maitagarriari, eman oi diozkadanak baño esker geiago ta esker obeak!

        Nigatik izan gure Jesusen emengo umillera guztizko guziak; eta alere, umiltzen nazan baño geiago ez umiltzen ni, aldareko nere Jesus beraren begietan!

        Nere amorez izan gure Jesusen aldareko lan andi, ta mirakulozko biltze guzi-guziak; eta alere nik ez maitatzen nere Jesus maitagarria, maitatzen dudan baño zerbait obeki, edo obekiseago!

        Ez da au nornai arritzeko den gauza txar-itsusi bat!— Ala da, bai, nere Jesus maitagarria, ta ala da! Eta alkez gaur ez dakit nik zer erran zuri, edo zer adirazi!

        Barkatu arren, nere Jesus maitagarria, nere oraiñdañoko eskergabetasuna; ta lagundu, arren, zuk zerorrek niri gaurdanik asi, ta ni ill artean, beste gisaz nere gauzak egiten! Bai arren, bai!

 

 

Discite á me: quia mitis sum, et humilis corde.

Matth. 11. 29.

 

        Zertako gorde ote zara zu orrenbat or, aldareko zere Sakramentuan, gure Jesus maitagarria? Ez dezu ekusten zuk, zu or orrela ekusten zaituzten gaistoak ez dutela kasorik egiñen zure Legeaz ez eta zutaz ere? Ez dezu ekusten zuk ereje gaistoak eta judatar zenbaitek zutaz or egiñen dutena?

        Lurreko erregeak urkabez, soldaduz, ezpatez ta sutunbez betetzen dituzte bazterrak, norinai nai dutena eragiteko; ta, ala ez izatera, eriotzez, lapurreriz gaizkiz, ta bekatuz bazterrak beteak laudezke, ta erregeak berak oorerik bage.

        Egin dakizun, bada lurreko guzien aldetik zuri zor zaitzun agur andi, ta begiratze guztiz umill bat; eta egin dezaten oriek zure ooretan, zure izenean ta beren onerako, egin bear duten guzia, edo berak al dutena, ez dezazula zuk, gure Jesus maitagarria, era orretan gorde zere eskua, zere aala, ta zere izatea.

        Baña zer ote da, nere Jesus maitagarria, nik nere aldi onetan darausadan au? Itz egin ote dut nik, ero batek bezala, ta zu ezagutzen etzaituenaren eran?

        Bai, nere Jesus maitagarria, bai; bada zuk, len artzen bazenuen ere ejerzituetako Jaun izugarriaren izen andia, gizon egin ziñanetik amorezko gure Errege zara zu; ta amorez, edo onez eragin nai diguzu guri, gugandik zuk nai duzun guzia; eta noizbait zuk orain ere gu izutzen bagaituzu sulezearekin, ta ara daraman erio gaistoarekin, izubide galgarri orietatik gu atera naiez da, ta amoriozko zere bide zuzenean gu sarrerazteagatik, or gero guri zuk zerorrek erakusteko, zerorrek egin zenuen bizitza ta zere umillera, ta mansotasuna; umilki, ta asaldatu bage artuz guk, eta eramanez geroz guri egiten zaizkigun txarkeriak, edo guri datozkigun nekeak eta naigabe guziak, gabiltzan gu zure ondoren, ta zuk laguntzen diguzula, birtutez birtute, zeruan guk zu, zere Sakramentuko estalkirik bage, ta edertasun utsez jauntzia ekusten ta ekusten eternidade guzian egoteko.

        A nere Jesus maitagarria; egizu zuk nitaz nai dezuna; ta iguzu guri guzioi, zuk dakizun eran, ta zuzen, bizitzeko bear den zure laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Ego dispono vobis... regnum, ut edatis
et bibatis super mensam meam in regno meo.

Luc. 22. 30.

 

        Zeruko bere maian daduzka gure Jesus maitagarriak ango zaldunak (zaldunak dira ango guziak). Ez da bukatzen, ez, Jesusen zeruko maia. An zeruan badute, aratzen diranak, artu al adiña atsegin ta kontentu; eta kontentu-atsegin ezin garbiagoak.

        Zerukoak bezala, Jesus onarenak dira lurreko guziak ere, guziakgatik isuria da alabaña Jesusek zuen odol guzia; ta, guziak ara eraman naiez dago beti aldareko bere Sakramentuan; ta guziei eman naiez beren biderako bearko duten bere laguntza ta grazia.

        Bere laguntz au oriei emateagatik, eri errumesenak eskatzen badute aldareko beraren Sakramentua, naiz eska dezatela beren osasunan, ta naiz eritasunean, an doa Jesus bere Sakramentuan orietara, orien beren janari izatera: ta, milla lekutatik deitzen badiote ere denbora berberean, denbora berean ara doa Jesus maitagarria, apezen eskuz, lan berbera ango guziekin egitera, naiz aberatsak izan oriek, naiz errumesak, eta naiz zarrak izan, naiz gazteak; eta era onetan emen dabillen denbora berean dago Jesus maitagarria zeruko bere tokian, an angoak zaitzen bezala, ta an lurrekoak bear dutena bere Aita maitagarriari eskatzen diola; ta emen lurrean ari da ongi komuniatzen diranei, ta eskatzen dioten guziei, laguntzen.

        Lurreko bere lan au egiteagatik, ekusten ditu gure Jesus maitagarriak, nork daki zenbat txarkeri ta komunione gaisto: ta alere, nai dutenei lagundu naiez, ta ongi bizi diranen amoreakgatik, guzia darama Jesusek isill-isillik, eta itzik atera bage.

        Ekusten dezu zuk, zein andiak diran bere guganako ongi naiak gure Jesusi aldareko bere Sakramentuan eragiten diozkan mirakuluak, eta gauz on-andi ekuskariak?— Oriek guk ekusi ondoan, egon ditezke gure biotzak, dauden bezain otzak, eta Jesus onaganako amore bageak? Burdiñezkoak bide dira (baldin ala badaude), edo arria baño agitz gogorragoak, edo ez dakit zer erran!

        Nere bekatu gaistoak dira, nere Jesus maitagagarria, niri nere lan esker-gabe galdu au eragin izandu didatenak! Urra baneza nik au damuz, ta urrikiz, ta asmo berriz, amorez gero nik zure amoreari nola-ere-bait erantzuten asteko. Asi nadin orretarako al guziarekin orain erraten: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa