www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXVII.garren OTOITZ-GAIA

 

 

Ez gaitu Jesusek, illagatik, utzi;
gurekin gelditu da biztu ondoan;
ta laguntzen digu anitz aldetara
Elizako bere Sakramentuekin

 

 

        Itzez, lanez, ta bere anitz nekerekin erakutsi zigun guri gure Jesus maitagarriak, bera ill arteko denbora guzian, zerura nai dutenak egin bear dutena; baita orretarako egin-bidea ere.

        Jesusek guri erakutsi au atzendu etzekigun, ta izan genezan guk lan onetan nork lagundu, adirazi zien bere Apostoluei, ta orien buruan guri guzioi, etzituela utziko lurrekoak, zerura bera joanagatik, lurreko gizon guziak bukatu artean: Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consummationem saeculi: Matth. 28. 20.; ta, erran bezala, gelditu zen orretarako, ta emen arkitzen da geroztik Jesus maitagarria aldareko bere Sakramentuan.

        Andiak dira ta ederrak, bai, Sakramentu onetako Jesusen erakusteak eta laguntzak, baña ez bakarrak: badira Elizan onetarako, Jesusek utziak, beste sei Sakramentu ere: ta aldian aldiko bere Sakramentuz argi egiten die Jesusek, edo laguntzen die, era batean ez izanagatik, bearrean daudenei, edo nai duten guziei.

        Nola uste dezu?— Ekus dezagun orain au, irrist batean badere, obeki gero ekusteko aldareko Sakramentuarena; ta bidenabar orain ekusteko, zein andia den, edozein Sakramentutan guk Jesusi zor diogun argia ta laguntza; ta zein bazter bagekoa Aldarekoan Jesusek guri agertzen digun ongi naia ta amorea.

 

 

A.

Lenbiziko bere irur Sakramentuetan
gure Jaunari zor diozkagu
anitz laguntza

 

        1. Sakramentu guzien asiera, edo lenbiziko Sakramentua, da Bataioa.

        Bataioko Sakramentu au utzi zigun guri gure Jesusek, Adanen jate gaistotik datorkigun zauria sendatzeko, edo bekatu etorkiaren edo orijinalaren atzaparretatik guk geren animak ateratzeko; baita Linbora bearretik ere.— Uzten du bada Bataioak ala aterea, bekatu etorkiarekin arkitzen den anima; ta uzten du bidenahar bere Jaungoikoaren graziarekin guztiz edertua, birtutez agitz apaindua, ta Jaungoiko beraren ume maite egiña.

        Au onela, aurra aurrik bataiatzen denean. Baña anditua bada, bataiatzea dena, ta berak egiñikako bekatuak ere dituen gizakia edo emakumea, bekatu oriek ere barkatzen zaizka bere bataioan, bere bekatu orijinalarekin batean; baita oriei zegoten sulezera-bearra ere; ta ala aur ura, nola anditu au gelditzen dira (ez galtzera, oriek orduan arturikako zeruko grazia) zerurako deretxan, edo eskuarekin.

        Au guzia gurekin gure Jaunak egiteko eskatzen duena da, bataiatzen dena gain-bera urez buztitzea; denbora batean erraten duela ori egiten duenak; Nik bataiatzen zaitut Aitaren, ta Semearen, ta Espiritu Santuaren izenean: Ori da alabaña, Jesusek guri gure onerako utzi izandu zigun Bataioa; ta estutasunean, edo premlan, edozeñek egin dezaken gauza; ta dakienak egin bear duena, Bataio bagez gal ez dedin anima.

        Gelditzen zaiku guri, ongi dakienak lan au gurekin egiñagatik, edo gu bataiaturik gelditu ondoan, gaitzerako geren markurtasuna ta griña, edo gelditzen dira agitz asaldatuak gure barreneko pasioneak.— Baña gure pasioneen bortxazko asaldazioak, eta nai ez genituken gaitzerako gure makurerak ta griña guziak, ez dira bekatuak; eta, oriek gu gaitzera eraman nai gaituztenetan, emain dizkigu guri gure Jaungoikoak gaitzaren ezaguera, zeruko bere grazia, ta zeru bera galtzeko beldurra, onerako naikundea, ta bere laguntza; ta gure Jaunaren laguntz onekin batean, ta bataioak ekarri, edo eman izandu zigun birtutearekin, eskura ditzakegu guk, gerok nai dugula, geren pasione asaldatuak; ken gaitezke gu gaitz bide makur-limuri guzietatik; eta guk ori aldi orietan egiten badugu, gaisto bat egin lekuan, egiten ditugu zerurako irabazi ondasundunak edo andiak.

        Eta orra Jesusen lenbiziko Sakramentutik, edo Bataiotik guri datorkiguna; ta, zeren Sakramentu au Jesusek utzi zigun, Jesus maitagarriari guk zor diogun amorea.

        2. Bigarren Sakramentua da konfirmazioa: Sakramentu au gure Jaunaren grazian, ta zeruko birtutean anima gogortzeko den Sakramentua da.

        Berez Obispo Jaunarena, edo Obispo jaunak ematen duen sakramentua da konfirmazionea.

        Sakramentu au artzen duenak, (ongi artzera) artzen du, lenaren gain, grazi berria ta birtutea; ta gelditzen da, bere etsaiak garaitzeko, ta bere jaunaren legeko gauz onak egiteko, len baño indar ta biotz geiagorekin; ta, bear den ordurako irabaziak daduzkala, Jaun beraren gogar guziak eta laguntzak.— Era onetan gelditzen den konfirmatua gelditzen da, apostoluaren eran, erran dezaken bezala: Nork eragotziko dit niri, nere Jaunak egin didanaren alde, nik nere Jaun bera ziñez maitatzea? Naigabez ni betetzen naben batek, edo bestek? Nola ni galduko naben asmatzen dabillen galgarriren batek? Nere etsai gaistagiñaren tentuak, edo nere erioak? (Ad Rom. 8. 35.) Eskergabegia nintzake ni, ori nik egitera, ta guztiz beldurtia!

        Beldur au guk aisa garaitzeko, ta bidenabar garaitzeko guk lotsak eta alkeak, zenbait gauz umill egin bear diranean, nagiren batzuek eta gaistoak begira dagozkigula, oliozko ta balsamozko krismarekin egiten digu Apezpikuak, edo Obispo jaunak gurutze bat geren kopetan edo bekokian: ta, ark au guri egitean, ematen digu gure Jaungoikoak, Ezekiel profetaz adirazi zuen ez-alkea, erran zuenean: Etzaitezela lotsatu batere, nere legeko (edo Ebanjelioko) gauzak egitean; nik emain dizut orretarako, zurekin dabiltzan bekatarien kopeta baño kopet gogorrago bat; baita diamantea ta suarria bezala aurpegi indartsu bat ere. c. 3. 8.

        Badakizu zuk zer gauzak diran Konfirmazioko indar berriarekin guk egin bear ditugun gauzak!— Beinik bein, gure Jaungoikoak manatzen dizkigun gauz andi guziak, bat bakarrik ere utzi gabe; bada guzietatik bat, edo edozein, guk berariaz utzi ezkero galtzen dugu guk genuen grazia ta zeruko bidea.

        Konfirmaturik arkitzen denak egin bear duen bigarren gauza da, bekatu txikiak ere bere alegin guzian aldebat uztea; bada, oriek ark era orretan ez uztera, egunoro galduko ditu bere gauz onetarako guztiz onak diran gogargi anitz, eta Jaungoikoaren laguntza; eta azkenean autsiko du bere Jaunaren legea.— Espiritu Santu berak adirazia da, guk orain ekusten dugun egiteko au.

        Konfirmatuaren irurgarren egitekoa edo gauza da, Jesus maitagarriak guri erakutsi dizkigun gauzak, manuzkoak edo manatuak ez izanagatik, zuzen egitea.— Bekatu andi-txikiak utzi, ta ori egiten dutenak, beren egoak osoak daduzkaten, edo nai duten eran egoan dabiltzan egaztiak bezala dira; bada dabiltza, beren Jaungoikoa gogoz, biotzez, ta al duten indar guziarekin maitatzen dutela.

        Eta ekusi zazu, anitz den, edo ez, guk gure Jesus maitagarriari zor diogun amorea, lenen gain Konfirmazioan egiten dizkigun bere ontart andiakgatik, emen ematen dizkigunean orrenbat gauz on egiteko, ta egiten ditugula, zerua irabazteko bear ditugun laguntzak eta indarrak!

        3. Jesusek guri utzirikako irurgarren Sakramentua da Konfesionea. Sakramentu au bataiatu ondoko bekatuen barkamenturako, Jesusek utzirikako Sakramentua da.

        Bataioan, ta Konfirmazioan ematen zaikun grazia guk ez galtzera, ez lizake konfesio bearrik, dio Trentoko Konzilioak: baña zeren ongi zekien Jesus onak gure txarkeria, gure ezer-eza, ta gaitzerako gure makurtasuna; ta zeren zekien bataiaturikako geienak, aurtan ez iltzera, galduko zutela orduko beren grazia, ta egiñen zituztela gaizkiak gaizkien gain, edo bekatu agitz itsusiak, orien egille gaisoen onerako; ta oriek beren bekatuen azpitik atera zitzaten beren buruak, eman izandu zigun irurgarren Konfesioneko Sakramentu au.

        Bekatupetik bere burua konfesionez ateratzean, bekatariari zerbait lan dakarron egitekoa da: baña lan erraz-arin-laburra da, lan onek dakarren ondasunaren aldean.

        Bekatarien egitekoa, edo bekatariak onetarako egin bear dutena da, damuz beterik, konfesariari beren bekatu guziak agertzea, edo ongi ekusi ondoan, zenbat diran ta nolakosk egin dituzten bekatuak; ongi ekusi ondoan beren bekatuakgatik galdu duten grazia, ta grazi onek ematen zien zerurako eskua: ta ekusi ondoan, aserretu dutela, ta batere biderik gabe, alde guzietara maitatu bear zuten beren Jaungoikoa: ta aserretu dutela bertatik, edo Jaungoiko berak nai duenean, sulezera aserretzalle berak botatzeko eskua ematen diotela; ta denbora berean arturik bekatu, larririk beintzat, berriz ez egiteko asmoa, ta egin zituzten guziak zuzen, ta dakizkiten eran, Konfesariari erratea; eskatzen diotela beren Jaungoikoari guzien barkamentua, Konfesariari dagoten penitenzia ta absoluzionea. Orra bekatariaren konfesioneko neke ta egiteko guzia.

        Eta egiteko onen ondoko absoluzioneak dakarren ondasuna?— Guztiz andia: bere bekatuakgatik bekatariak galdurikako grazia ta birtute guzia; grazi birtute berekin egiñikako irabazia; ta bidenabar bekatariaren oraingo nekeari, edo konfesatzeari dagokan grazi birtute zatia. Ori guzia da konfesione zuzenetik bekatariak ateratzen duen ondasuna.

        Bai: ongi konfesatzen denari itzultzen diozka gure Jaungoiko maitagarriak bere gaizkiekin, edo bekatu lizunekin, galdurikako ondasun guziak, eta, bere konfesaldian egiten duenagatik, ematen dio zerbait geiago.— Orregatik arkitzen da, konfesatu ondoan bekataria, bekatura zenean baño grazi geiagorekin, ta birtuteen indar berriak arturik; eta arkitzen da, leneko bere irabazi guziekin, ta oraingo bere konfesionean egiten dituen irabazi berriekin.

        Eta konfesione batetik bestera bekatu berririk ez egiñagatik, berriz ta berriz lenak konfesatzen baditu bekatariak, au egiten duen aldioro egiten ditu zerurako irabazi berriak; eta geldituko da, denbora berean bera, bere etsaiak garaitzeko len baño indar agitz andiagoekin; ta bere etsai galgarri beren tentaldietarako irabaziak daduzkala bere Jaunaren gogargiak, biotz-ukierak, eta laguntzak.

        Ondasunen andiak Sakramentu onetan Jesusek ematen dizkigun ondasunak! Eta zein merke ematen dizkigun guri oriek gure Jaungoiko maitagarriak! Geren gaizkiaren damuzko aitortze bategatik! Gure Jesusen ongille maitagarria!

 

 

B.

Gañerako Sakramentuetan
gure Jaunari guk zor diogun ondasuna

 

        1. Oraindañokoan baño obeki ezagutuko dezu zuk zein ongillea den gure Jaungoiko maitagarria, ekusten dezunean gurekin bere laugarren Sakramentuan Jaungoiko berak egiten duena.

        Laurgarren Sakramentu au (ta irurgarrena, bataiatu ezkero bekatu larririk egiten ez dutenendako) Aldareko Sakramentua da.

        Aldareko Sakramentu au, Jesusen bazter bageko amoreak baizik ezin eragin zezaken Sakramentua da; ta Sakramentu, gure Jaungoikoak egiñikako gauzarik ekuskarienen ekuskaritasuna beregan bildurik dadukala; bada berekin, edo bere baitan gorderik daduka Sakramentu andi onek (ta, nork daki nola? guk alegiñean au adiraziko dugu, gure atsegin onerako, ta esker onetara guk geren buruak beartzeko) ogi-ardoen azalpe labur batean, edo ogiaren ta ardoaren aintzuran, edo iduripean, ta ogi-ardoen soñekoz, ta akzidentez estalirik, gure Jaungoiko-gizon Jesus maitagarri guzia bere gauza guziekin.

        Baña zertako ote?— Guk nai dugun aldi guzietan gure biotzeraño sartzeko; araño sarturik bere graziaren indar berriak eta sustentoa guri emateko; gure animaren birtuteko epeltasunak kendu, ta anima bera deboziozko suz beroturik iuzteko; ibilli dedin gerozko bere denboretan birtutez birtute, ta berari dagozkan egiteko ta lan guziak guztiz garbiro ta zuzen egiten dituela, edo bere Jaun andia ziñez maitatzen duela, al duen ongia lagun guziei egiten diela, ta bidenabar zerurako irabazi andiak egiten dituela.

        Onenbat ondasun ta geiago guri eman naiez dago gure Jesus aldareko bere Sakratuentuan gau ta egun, milla zazpieun ta anbat urte dela; ta Sakramentu onetan dago, or ezpalego bezala; ta gisa berean egon bearra da mundua bukatzen den artean.

        Zergatik dela deritzazu zuk, orrenbat Jesusen ondasun, ta beraren orrenbat orko egote?— Guri geiegi naiez, edo zeren ezin geiagoraño maite gaituen gu.— Ekusten dezu zein ongillea den gure Jesus, ta zein maitagarria?

        Bai? Bada obeki, edo ziñezago errain didazu zuk au, ekusteko zauden zenbait gauza ekusi ondoan.

        2. Bostgarren, Jesusek guri utzirirako Sakramentua da Azken Oliadura. Sakramentu au da, bere bizitzaren azken aldean ta eriotzeko orduan, bataiatuari laguntzeko.

        Zenbait aldiz laguntzen dio azken oliadur onek eriari bere eritasunak garaitzen, ta ematen dio leneko buru osasuna.

        Eta, naiz osasun au eman, ta naiz ez, bekatuan baldin badago, Azken-Oliadur au artzen duen eri gaisoa, ta denbora berean arkitzen bada ongi damuturi bere bekatuez, baña mututua, edo ezin konfesa diteken eran, barkatzen zaizka oliadur au artzean bere bekatu guziak, itzultzen diozka bere Jaungoikoak, galduak zeduzkan ona ta grazia, ta ematen dio grazia-zati berri bat ere.— Barkatuak badaude ordurako eriak len egin izandu zituen bekatuak, ematen diozka Jaungoiko berak, len zuenaren gain, grazia zati andiak; barkatzen diozka dituen bekatu txikiak, oriez damutzen bazaio eri oliatuari; baita barkatuak dauden bekatu andien zorrak ere, edo guziak, edo guzietatik zati andiak.

        Eri gaisoari bere zor guziak barkatu naiez; ta orretarako bere bekatu guzien damu andi bat arturazteko, eragiten du Jesus maitagarriak Azken Oliadura eri beraren begietan, bearrietan, sudurrean, aoan, eskuetan, ta oñetan, edo bekatu-bide guzietan.

        Denbora berean ematen dio Jesusek eriari bere oliadurarekin anitz indar ta laguntza, eritasunak ekarri oi dituen naigabeak emeki eramateko, ta etsaiaren tentu gaistoak garaitzeko.

        Ona non gure Jesus maitagarriak ematen dion bakoitzari, oraindañokoan guk ekusi ditugun bere bost Sakramentuetan zeruko bidean sartzeko, bide berean zuzen ibiltzeko, bideko bere etsaiak garaitzeko, ta bide au ongi bukatzeko bear duena!

        Onenbat, edo erdia badere, egiten balute lurreko erregeak beren soldaduekin, erregeak oriek beren gerrara bidaltzen dituztenean, soldadu guti lirake, etsaiak garaitu gabe, erregeren begietara itzuliko liranak; eta ala oriek beren erregeetara itzultzera, kastigu onak artu bearrak lirake.

        Eta zer artuko ote dute, Jesusen aitziñeratzen diranean, beren etsaiak eta pasione galgarriak garaitzen ez dituzten kristio gaistoak, edo, lurreko erregeen soldaduak baño laguntz agitz obeak dituzten animak?— Zer, baizik beti-betiko sulezea?

        Kastiguaren arrigarria!— Bai, baña era orretako animak ongi irabazia!

        3. Bidez dabillenak bear du noizean bein bere ostatua, ta ostatuan nork eman bere jan-edana; ta onetarako utzi zigun Jesusek seigarren Sakramentua.

        Sakramentu au Ordena da. Ordenak edo Sakramentu onek, ematen diozka bataiatuari bere apezak.— Apezak dira zeruko bideko, ta gure Jaunaren ostalari andiak. Bide bereko ostatuak dira elizak.

        Ostaturatzen denean bat, baldin zikindurik, edo loiturik aratzen bada, lenik ongi garbitzen da, maiean jartzeke: eta elizako maiera nai duenak, bekatu larriz loiturik, edo txikien arrautsez beterik arkitzen den aldietarako badu Eliza berean, bekatu larrien loia, ta txikien arrautsa kentzeko, konfesioko iturria, ta graziaren ur garbia; ta ur au ark eskatu ezkero, ongi, ta bear den eran ark au eskatzen duela, emain dio ango ostalariak, edo apezak bere absoluzionean. Ur au Apaizak konfesatzen denari eman ondoan, ederki prestaturik emain dio jan-edan ezinobe bat; bada emain dio Jesusen gorputza, ta odol guzia, biei ditxezkon gauzekin; ta, oriek elizako maian ark artzearekin, artuko ditu graziaren indar andiak, zeruko bidean birtutez birtute gain ibiltzeko.

        Bere ostatu, edo eliza beretik, ara dena atera baño len, erakutsiko diozka apaiz berak gerozko bideak, edo bere bidean zuzen ibiltzeko jakin bear dituen gauzak; baita bide bereko bere etsaiak garaitzeko, ta eriotz on baten besoetan gelditzeko, jakin bear dituenak ere. Eta, baldin berak nai badin lagunduko dio bere bide guzian ere; ta eritzen denean, lagunduko dio elizako gauzekin, ta eun itz on, ta zeruko gauzarekin.

        Orra non ordenak guri ematen dizkigun, guk ongi bizitzeko, ta obeki geren egunak bukatzeko bear ditugun, ta geren bizitzan ta eriotzan eskua ematen diguten maisuak, animako gurasoak, sendatzalleak, juezak, eta lagun onak.

        Ekusten dezu zein ederki begiratzen digun guri gure Jesus maitagarriak?— Ekusten dezu zein ederki artuak daduzkan Jesus berak bere bideak eta neurriak, eman dakigun guri, guk bataiatzen gaituzten egunetik asi, ta azken asnaserañoko guzian bearko dugun guzi-guzia, bizitz on bat guk emen egin ta eriotz bear bezalako baten eskuz igan gaitezen gero atsegin-kontentuzko zerura?— Ezin geiagoraño ez maitatzera gu gure Jesus maitagarriak, egin zezaken gure onerako onenbat gaina, ta laurdenik ere?— Zaude, bada, jakinaren gañean eskergabe txarra, zere Jaungoikoagatik zuk egin bear dezuna ordez egiteko.

        4. Onenbat izanik ere orain guk ekusten dugun au, ez da, ez, au Jesusek egiñikako guzia.

        Au guzia Jesusek egin zuenean bizi ziranak ill ziran, bai, anitz luzatu gabe: ta balia zitezen onenbat ondasunez, orduan bizi ziranetatik nai zutenak, eta gero beste anitz, utzi zuen Jesusek beste Sakramentu bat ere.

        Sakramentu au Ezkontza da, edo Matrimonioa: ta da umez bein mundua, ta gero zerua onez ta santuz beterik uzteko Jesusek utzirikako Sakramentua. Beren Sakramentu onetan badute ezkonduak, bear bezala, ongi, ta zerurako beren umeak azitzeko bear duten indarra, laguntza, ta grazia.

        Jaungoikoaren laguntza ta graziarekin batean, ta berak alegiña egiten dutela, aisa eramaten dituzte ezkonduak elkarren utsak: laguntzen diote elkarri beren lanetan: billatzen dute, beren umeak azitzeko, bear dutena; erakusten die ume berei itzez, ta beren bizitza onarekin, orien umeak jakin bear dutena; ta ori baño geiago jakin nai badute, ematen diezte erakusle onak, edo bear dituzten erako maisuak; eta iuzten dituzte zerurako bidean ongi sartuak, eta gurasotarako, Apeztarako, edo Jaungoikoak nai duen edozein gauzetarako ederki prestatuak, edo gai-on egiñak.

        Eta, gu guzietatik batere jakin bear dena jakin bagez, gaista etzedin, utzi zigun Jesusek bere Ebanjelloa; ta Ebanjelioan gure lege labur-zuzen garbia.

        Gure lege an guri adirazteko, utzi zizkigun Jesus maitagarriak eliz-nagusi zuzenak, predikari onak, eta konfesariak; eta oriek, eta era bereko beste gizon jakintsuak agertzen dizkigute itzez batzuetan, ta askotan libruz, guri geren lege garbian dagozkigun gauzak.— Orra nola ta zenbat aldetara, bera biztu ondoan laguntzen dien Jesus maitaigarriak, mundu onetan bizi diranei.— Orra zein maitagarria gure Jesus, leneko bere neke arrigarri, ta gauz onakgatik ezezik, geroztik egiten duenagatik ere!

        Zorioneko umeak, Jesusen onenbat erakustez ta ontasunez baliatzen diranak; bada oriek izan bear dute, izain dutenak emen, bizitz on batek dakarren atsegin ta kontentu garbia, ta gero eternidade bateko beren gloria!

        Baliatu ote naz ni oraindañokoan Jesusen erakasteta ontasun oriez? Orain bertan ni iltzera, zerurako nintzake ni? Eta zerurako ote nintzake anitz irabazirekin?— Ekus dezadan nik gaur au astiro; oraindañoko nere utsak aldebat nik emen bertatik utzirik, asi nadin egiten, egiten dudanean, ta gero eternidade guzian atsegin-kontentuz beterik iduki bear nauena.

 

 

Nemo mundus a sorde, nec infans,
cujus est unius diei vita super terram.

Job. 14. juxta 70.

 

        Ez da munduan arkitzen bat, ez; ez eta arkituko ere, naiz dela egun bateko aurra, bekatu galgarriaren loitasun likits bagekorik.

        Amaren baitan bizitzen asi orduko, berekin du edozein aurrek Adanen bekatuaren loikeria, edo bere bekatu orijinala.— Ordutik giñan gu guziok gauz-itsusiak, graziaren soñekorik bage arkitzen giñanak, eta gure Jaungoikoaren etsai galduak.— Jaio, ta andituagatik gu, ez genuen gerez guk eskurik batere, geren buruak garbitzeko. Zikin-ill bearrak giñan gu, ta betiko galduak garbi gintzakena, guzaz urrikaldurik, noizbait ez agertzera.

        Agertu zen azkenean urrikarizko gure garbizalle au?— Bai bada; ta artarako guztiz egokia.

        Nor ote?— Aita eternoaren Seme bakar guztiz maitagarria.

        Nola?— Gizon egiñik, edo gurearen aintzurako larru-aragiz jauntzia.

        Non jauntzi izandu zuen bere soñeko orren umil ori?— Bekaturen pitsik ere izandu etzuen Birjin Ama baitan.

        Ongi: baña zer egin zuen Jaungoiko-gizon onek, gu garbiturik eta bekatu gabe uzteko?— Gure bekatuen alde Aitak eskatu ziona; edo sartu bein bere burua, ekusi den bataiorik arrigarrienean, edo nekez, odolez, izerdiz, urratzez, iltzez, ta arantzez beterikako Pasionean, ta gurutze bateko eriotz izugarrian; ta, au egin ondoan, eman guri bataio erraz bat, edo graziaz beterik dagoen lenbiziko bere Sakramentua.

        Au guk artu orduko, utzi genuen gure bekatu etorkiaren itsustasuna, ta gelditu giñan gu zeruko graziaren soñekoarekin, ta birtutez guztiz apainduak. Eta zein aisa!

        Anbat egin zenuen zuk orretarako Jesus maitagarria! Eskerrak zuri orrenbat zure ontartegatik; eta sekulako eskerrak: bada ala ere zuri guk emain ez derozkitzugu, zure ontarte oni zor zaizkanen laurdenen laurdenak ere! A eman bagenizkitzu guk eman alak badere!

 

 

Statue tibi speculam: pone tibi amaritudines:
dirige cortuum in viam bonam, inqua ambulasti.

Jerem 31. 21.

 

        Zer gertatzen ote zaie, bataioan garbitu, ta ondasunez beteak gelditzen diran animei, orien gorputzak anditzen diranean, ta adiñetan sartu, ta laster, edo anitz-anitz luzatu gabe?— Geienei beintzat, orduan arturikako grazia galdu, ta bekatu likitsen loiez zikinduak gelditzea.

        Etzekien gure Jesus maitagarriak gertatzeko zegoela au guzia?— Bai bada; ta orregatik utzi zigun konfesioko Sakramentua: Urrikiturik len egiñaz, ta geren gaizkiaz damuturik arkitzen giñanean gu, berriro geren animak garbitzen guri laguntzeko; erraten zuela Jeremiasez: Bai; banekien nik, bataiaturikako ura aragiz jauntzirik zegoela, ta gaitzera guztiz makurtua; ta ekusi nuenean aren bekaturatzea, ta orregatik galtzea, urrikaldu nintzaion ni, nere Seme indar gutizkoari bezala; ta eman izandu nion, bere burua bigarren aldian garbitzeko, konfesioko Sakramentuko graziaren ur ederra; au ari nik ematean, erraten niola: zentzugabea! anbat nekezko nere Pasioarekin prestatu nizun nik zuri Bataio ederreko nere Sakramentua: ango urarekin, ta nere graziarekin, kendu nizun nik bekatu etorkiaren edo orijinalaren loi guzia; ta ona non berriz ere ekusten zaitudan nik zu loiez ta bekatuz zikindua, ta sulezera-bearra!

        Ea: idikizatzu zuk, orain badere, zere begiak, dio Jesus maitagarriak; begira zazu zere ispillura, edo zere barrenera: ta ekusi zazu nola zauden zu, ta zein ederra.— Sasiko basurdeak, eta mendiko artz otsoak ez dira gaur arkitzen zu bezain izugarriak; ez.

        Ekusten bazenu zuk nola dadukazun gaur are anima, bertan illotza geldituko ziñake zu.— Zere lan gaisto itsusiarekin aserre dadukazu zuk zere Jaungoiko maitagarria; ta zeren lan gaistoaz ongi damuturik, ez eskatzera zuk zere Jaungoiko berari orren barkamentua ta bere grazia; ta ari zuk ori ez eskatzera, berriz alakorik ez egiteko itz osoarekin, galdua zara zu beti-betirako; eta eternidade guzian erretzen ta lertzen egon bearra zara zu.— Aditu dezu?

        Bai nere Jesus maitea, bai! ta ni bezain gauza txar bategatik zuk egiten dezunaz guztiz arriturik, adirazi didazun guzi-guzia egin naiez nago!— Oraingo nere nai au ere zuk zerorrek emanikakoa da, nere Jaungoiko maitagarria!— Au bezala, indazu zuk onek eskatzen duen guzia zuzen egiteko grazia. Bai arren, bai!

 

 

Haurietis aquas in gaudio de fontibus Salvatoris.

Isai. 12. 3.

 

        Ur garbi-eder-onak dira, bataioan ta konfesioneko iturrian arkitzen diran graziaren urak.

        Gisa bereko urak eta edariak dira, gañerako Sakramentuetakoak ere: ta guziak utzi dizkigu guri Jesus maitagarriak, geren egarri guziak iltzeko.— Eta, orra, erraten digu Isaias profetak, orra, zeren Salbatzalieak zuei utzirikako iturri ederrak. Edan zazue, aldian aldikotik; eta edan dezakezue aldian edan-al guzia, gaitzik egiñen dizuelako batere beldurrik gabe.— Zenbat ere geiago edaten duten anima garbiak iturri orietan, anbat atsedete ta atsegin andiagoekin arkitzen dira berak; eta denbora batean arkitzen dira, berriz ta berriz edatera itzuli naiak.— Edate oro arkitzen dira indar geiagorekin, zeruko beren bidean biziro ibiltzeko, ta beren Jaungoikoaren legeko gauzen uztarria arin eramateko.

        Zorionekoak ala dabiltzan animak, eta era orretako ibillerak eskatzen dituzten edate on guziak egiten dituztenak; bada oriek, beren bidea bukatu ondoan, sartuko dira Jesusen Jauregian, zeruko Palazioan, ta eternidade guziko atsegin-kontentuan.

        Orietatik izandu ote zara zu zere oraindañoko denboran? Maiz urbiltzen ote ziñan zu Jesusen iturri eder on orietara? Maiz konfesa-komekatzen ote ziñan zu? Anitz edaten ote zenuen zuk, aratzen ziñan aldioro?— Andik ateratzean, gelditzen ote ziñan zu, berriz ta berriz ere ara nai andiarekin? Ori da Jesusen iturri garbi ederretatik atsegin andiarekin, ta anitz edatea; ta ori gure Jesus maitagarriak gugandik nai lukena.

        A! baña ez ori bera nik nai izandu, geienetan beintzat! Askotan ni, berandutik berandura baizik, ez iturriratzen! Edo bakan ni konfesatzen; ta orduan ere oztasun andiarekin, ta egarririk edo nai andirik bage komunioratzen ni; ta ez edaten nik, edo nik andik ez ateratzen, atera nezaken ura ta grazia; ta, orregatik, birtutez birtute nik ibilli bearrean, bekatuz bekatu, ta oztasunez oztasun ibilli izandu!— Damuturik nago ni, bai, (ta ongi alere) nere Jesus maitagarria, ta denbora berean barkamentu eske, oraindañoko nere erakeriaz.— A! zuk niri barkatu ondoan indazu, arren, egarri andiarekin gaurgero iturri orietara ni urbiltzeko grazia, lenik zuk kentzen dizkidatzula lenagoko nere bekatu guzien loiak.— Ori eskatzen dizut gaur nik, itzez ta biotzez orain erraten dudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa