www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III)
Sebastian Mendiburu
1760, 1905

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Irugarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1905.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LXX.garren OTOITZ-GAIA

ALDAREAN DAGO
JESUSEN ODOL GARBI,
ANIMEN GARBITZALLEA

 

        Gure Jesus gelditzea, gelditu den eran, aldareko bere Sakramentuan, edo gelditzea Jesus or ogiaren idurian, ogiaren soñekopean edo ogiaren aintzuraz ta akzidentez estalia, aski ta sobera zen guri guganako bere ongi naia, ta amore andia guztiz ederki adirazteko: baña, guri au obeki adirazi naiez, gelditu zen Jesus bera ardoaren idurian ere, edo kalizan; ta gelditu zen Jesus jan-edan gai orien idurian gure animen janari ta edari izateko.

        Sakramentu au emen Jesusek utzi ta lenbiziko denboretan komuniatzen ziranak, komuniatzen ziran Apaizen eran, edo hostiaren ondoren ardo konsagratutik ere artzen zutela; baña gertatzen ziran Jesusen Odolaren ixurtzea, eta beste gauzak; eta gero kendu zen komunio-era ori; ta Erromako eran bizi diranetatik ez da aspaldian, franzesen erregea baizik, orrela komuniatzen denik: gañerako Apez ez diranak, ostia utsarekin komuniatzen dira.

        Baña bi aldiz, lenekoen eran, ez artuagatik, berebat artzen dute lenekoak eta orain onela komuniatzen diranak; bada ez dago kalizan, ostian dagoena baizik, bietan dagoena eta batean bietan ez egonagatik; zeren Kalizan, Jesusen Odolari ditxezkola, daude ostian, Jesus beraren Gorputzari ditxezkola dauden gauzak; eta ez da ostian, kalizan ez dagoen gauzarik; ez eta kalizan ere ostian dagoen gauza bera baizik.

 

 

A.

Nola, ta zertako ixuri zuen Jesusek,
aldareko bere Sakramentuan
ematen digun bere odola?

 

        Orain Jesusek duen, ta aldarean guri ematen digun bere Odola, anitz alditan, ta zatika azken tantaraño Jesusek ixuri zuen Odola da: ta gure amorez ixuri zuela guri adirazteagatik, ixuriaren eran daduka, edo zañetatik aterea balego bezala daduka, Jesusek kaliz konsagratuan bere Odol au.

        Noiz, uste dezu, asi zela Jesus gure amorez Odol au ixurtzen?— Bera jaio, ta zortzigarren eguneko.

        Nola ixuri ote zuen orduan Jesusek lenbiziko Odol-zatia?— Zirkunzisioko kanibetak aragi zatitxo bat kentzen ziola, ta oñaze andiekin, ta desondra txar-itsuriarekin.— Bai; oñaze andiekin ixuri zuen Jesusek bere Zirkunzisioko Odol-zatia: badakizu alabaña zein minberea den, adin artako aurtxo bat; eta zein andia, aurtxo minbere bati, bere gorputzeko edozein zatiren kentzeak eman oi dion miña ta oñazea, ta Jesusi, bere Zirkunzisioko aldi artan kendu zioten, beste edozeñ aurri bezala, bere aragi zatitxo bat; eta kendu zioten au alde guztiz minberetik: eta kendu zioten oñaze guztiz andiekin; ta denbora berean gelditu zen Jesus maitagarria odola zeriola, ta bere ondra ere illundurik gelditzen zitzaiola; bada kendu zioten bere zatitxo au, bekatariari bezala, ta bekatariaren arrastoarekin edo señalearekin uzten zutela. Eta alere pozik eraman izandu zuen gure Jesus maitagarriak orduko kanibet-ukaldia, bere Odol ixurzea, ta desondra guzia.

        Badakizu zergatik? Zeren zekien gure Jesus maitagarriak au zela aldi artan argandik aren Aita eternoak nai zuena, ta bere Aita eternoari atsegin au egiteagatik.

        Baña zertako nai ote zuen orduan Aita eternoak au bere Seme Jesus onagandik?— Gure onerako, ta guri erakutsi naiez era bereko aldietan guk egin bear duguna; baita nola egiten den ere.

        Noiz ote?— Bere denboran, edo gure Jaunaren Legeak, edo aren ordez dagoen edozeñek manatzen digunean.

        Zer ote da, orduan guk egin bear duguna?— Ezer utzi gabe, manatzen edo agintzen zaikun guzia.

        Baña nola?— Latza den, gogorra den, oñazezkoa den, edo alkegarria den edo ez, begiratu gabe; ta itsu-itsuan bezala, ta gure Jaunari guk atsegin ori egiteagatik; eta ori guk egitean, egiten badigu norbaitek ebakitzeren bat, edo edozein txarkeri, gure Jaunaren izenean au guk eme-emeki, ta batere asaldatu gabe, ontzat artzen dugula.— Onetarako da, ta lan au onela egiten guri erakusteko, aldi onetako Jesusen Odol-ixurtze oñazezkoa.

        Eta erakuste au berau egiten digu guri gure Jesusek Aldareko bere Sakramentutik, orduan ixuri zuen Odola, gañerako bere Odol guziarekin batean, emen eskeintzen digunean.

        Ikasi dezu? Egiten dituzu zuk zuzen-zuzen? Egiten dituzu zuk guztiz osoro, ta batere trikatu edo gelditu bage, zere Jaunak zuri manatzen dizkitzun gauza guziak, naiz latzak izan, ta naiz arin-errazak? Eta egiten dituzu zuk gauz oriek, nai dezula, biotz osoz, ta naigabe kutsu guziak andik kendurik?— Berebat gertatzen zaitzu zuri, zuri ez dagokizun, edo zuk nai etzenuken, zerbait egiten dizuten aldietan?

        Ala bada, badakizu zuk zere Jesus maitagarriak, Zirkunzisioko bere Odol-ixurtzearekin, ta Aldarean geroz ematen dizun Odolarekin adirazten dizun zere egitekoa. Egizu zuk au beti, dakizun bezala; ta ongi egiñen dezu zuk zuri dagokizuna, ta aldi onetan Jesus maitagarriak zugandik nai duen lenbiziko gauza.

        2. Bigarrena da, bere bigarren Odol ixurtzearekin Jesus maitagarri berak erakusten diguna.

        Jesusen bigarren aldiko Odol ixurtze au agitu, edo gertatu zen Jetsemaniko baratzean, Jesus bera bere etsaien eskuetara baño len: ta agitu, edo gertatu zen gure Jesus maitagarria, bere neke etorkizunetarako bere burua prestatzen zegoela.

        Bazekien, (bai, ta ongi alere), gure Jesusek, ordu artatik asi, ta bera bere gurutzean ill arteko denboran, eraman bearko zuen nekea, neke guztiz arrigarria zela: ta bere Aitari atsegin egiteagatik, eta gure onerako naiagatik Jesusek (nai zuen edozein neke, ta gauza), bazekien Jesusek zenbat naigabe, zenbat oñaze ta neke ziran Jesusen Aitak nai zituenak eta orrenbat neke oriek guziak Jesusek artu naia pelean bezala ibilli ziran Jesusen biotz min bere maitarian; ta bere pele onen nekeak utzi zuten Jesus, burutik oñetaraño izerdi odolezkoa zeriola: baña azkenean Jesusen nai onak garaitu zituen, uste zituen, nekeen naigabeak.

        Zertako ote zen gure Jesus maitagarriaren aldi onetako odol ixurtzea, ta beraren barreneko pelea?— Guri erakusteko, egin bear duguna guk, gure pasione bizien naikunde makurrak garaitu naiez dabiltzanean arrazoia, edo, eginbear den nekezko gauzaren ezaguera.

        Zer gauza ote da, guk egin bear dugun, nekezko gauz ori?— Ongi begiratzea guk bein eritasunari, bidegabeari, oñazeari, esker gaistoari, edo datorkikegun edozein gauzari: ta gero ori guk emeki eramateko, geren Jaungoikoagandik bear dugun Jaungoiko beraren laguntza indartsuari, ta graziari; baita, Jaungoikoaren laguntz onekin emeki guk ez eramatera geren neke oriek, guri dagokigun sulezeko neke arrigarriari ere: ta ori guzia guk ongi ekusi ondoan, ez sulezeratzeagatik gu, ta andik iges egin, ta geren Jaunaren eskutik datozen ondasunak guk irabazteko, geren pasioneak guk eskuratzea; ta era onetako, edo beste edozein lan edo neke datorkigunean, ori emeki ta zuzen eramateko, geren buruak guk ongi prestatzea; orretarako maiz begiratzen zaiola odolezko izerdiarekin prestatu zen gure Jesus maitagarriari; ta Jesusen Jetsemaniko neke arrigarriari.

        Ori guzia guk egitera, egiten dugu Jesusen orduko odol-ixurtzeak erakutsi ziguna, ta geroztik Jesus bera bere odol guziarekin aldareko Sakramentuan erakusten dagokiguna.

        Baña uts-egin dut noski nik (eta askotan alere) oraindañoko nere denbora guzian: ta zorionekoa ni, leneko nere utsak aterarik, prestatzen banaz ni, usketa berririk ez egiteko; ta, usketa berriak egin lekuan, egiten badut nik, nere Jesusek len ta gero erakusten didan bigarren gauza au.

        3. Irurgarrena da, bere irurgarren, ta gañerako odol-ixurteekin, ta geroz Aldareturik Jesusek guri erakutsia.

        Berriz ta berriz ere ixuri zuen Jesusek bere Odola; bein ta berriz Pilatosen etxean, gero Galbarioko bidean, ta azkenean Galbario berean; ta Galbarioan, ill baño len, ta ill ondoan: ta bazter guzietan ixuri zuen Jesusek bere Odol au anitz nekerekin; bada ixuri zuen edo anitz eta anitz azot-ukaldiz urratzen zutela, edo arantz zorrotz-gogorrezko koroarekin bere burua zulatzen ziotela, edo beraren gorputz larrutuari itsasia zegoen soñekoa kenduz ta ezarriz, edo era orretan zegoela, gurutze astun luzearekin jaiki-erori zerabiltela; edo iltzez esku-oñak zulatuz, edo burdiñezko lantza gogorrarekin bular-biotzak urratzen ziozkatela.— Orra zenbat alditan, (ta aldian zenbat nekerekin!) atera zioten Jesus maitagarriari bere zañetan, ta gorputz guzian, ta bere biotz maitarian zuen Odol guzia! Eta orra gure Jesusek ematen digu aldareko bere Sakramentuan ongi bildua orrenbat alditan gure amorez ixuri zuen bere Odol au guzia.

        Zertako ote?— Ez dakizu? Komuniatzen garanetan guzi-guzia guk edateko; ta denbora berean ekusirik guk, gure amorez ixuri zuela Jesusek bere odol au guzia; ta ixuri zuela geien-geiena etsaien eskuz ta neke arrigarriekin, ordez eskañi dezogun guk Jesus berari, gure zañetan ta gure biotzean arkitzen den guzia; baita ixuri bear bagenu ere den guzia, gure etsaiak nai duten bidez, ta bidegabe; edo ordez eskañi dezogun itzez guk, eta adirazi dezogun biotzez gure Jesus maitagarriari, artuko dugula guk beraren izenean, ta alik emekiena, edozein naigabe, kezka, ta neke; neke, kezka, edo naigabe ori guri datorkigunean geren etsaien eskutik, edo beste edozein bidez ta eran.

        Au da, bai, au len ta gero Jesusek guri erakusten digun irurgarren gauza: ta, au guri eragin naiez ziran Jesusen leneko bere odol-ixurtzeak; eta odol-ixurtze ain gogor-arrigarriak: era onetarako bererako dira Jesusen Odol beraren Sakramentuko guganatzeak.

        Baña egin ote dugu guk, gure Jesusek erakusten digun gauz eder ondasundun au? Egin ote dugu guk onen laurdenik ere?— Ez eta gutiago ta gutiago ere! Eta lan onetan ari bearrean gu, nai ez genuen itz erdi bat guk aditu orduko, oinpeko suge bat bezala giñan gu, edo sutuak eta furrustaka genbiltzan gu.— Eta berebat gertatzen zekigun guri, edozein txarkeri guk ekusi orduko.

        Baña ezaguturik orain guk, gure Jesus maitagarria, oraindañoko geren eskergabekeria, ta zure Odol ederrak lengo bere ixurtzeekin, ta Aldareko oraingo egoerarekin adirazten digun guzia, egin nai dugu gaurgero guk, (eta alik zuzenkiena) au guzia; zuk zerorrek orretan laguntzen diguzula. Lagun egiguzu bada, dagikezunak bezala: bai arren, Jaungoiko maitagarria, bai!

 

 

B.

Aldareko bere Odolean Jesusek
agertzen dizkigun ontasuna ta amorea

 

        Illen artetik bizturik Jesus ateratzeko, bildu zuen Jesusek berak berez, nai duen guzia dezakenak bezala, edo bere Aingeru onak orretarako bidaldurik, ixuri zuen bere Odol guzia.

        Odol au, anitz lekutan zetzan odola zen; ta baldin bildu bazuten Jaungoikoak artara bidaldurikako Aingeruak, batzuek joan ziran Pilatosen etxera, besteak Jetsemanira, besteak Jerusalengo kaleetara; besteak Galbarioko bidera; ta gañerakoak Galbario berera: ta ez-da-bai-da batean bildu zuten zen guzia, tant-erdirik ere utzi gabe; ta utzi zuten Jesusen zañetan, ta bere tokian, andik atera zenean bezain garbi-ederra.

        Ez da erraz adiraztea guk, zenbat atsegin artu zuen Jesusen Anima maitagarriak, bere Gorputza artu, ta ekusi zuenean an bildua ixuri zuen bere Odol guzia: artu zuen alabaña orduan bere Odol au berriz ez ixurtzeko; ta artu zuen, berari Salbatzalleari bezala, zegokan neke arrigarrizko bere lan guzia bukatu ondoan; ta Salbatzallearen lanak eskatzen zuen poz-atsegin guzia bertatik artzen zuela; ta poz-atsegin bera eternidade guzian beti artzeko.

        Bada, andia bada soldaduen poz-atsegiña, soldaduak beren etsaiak garaitu ondoan, etsaien diru zerbait, arma, ta soñeko elkarren artean zatitzen dutenean, zer-nolakoa izain zen Jesus onak berak bere pelean ixuri zuen odol guzia bildurik, eta bere tokian ekusi zuen aldian, eta bere odol-ixurtzetik, eta Pasioneko neketik zetorkion gloria artu zuenean, orduan artu zuen bezala, izandu zuen poz-atsegina? Zeruko santu ta santa, ta aingeru guziak dutena baño anitz eta anitz andiagoa: ta orregatik, guk adirazi dezakeguna baño agitz eta agitz andiagoa.

        Poz-atsegin bera du geroztik beti gure Jesus maitagarriak; eta ez du galtzen, ez, Aldareko bere Sakramentura datorkigunean ere. Ez: poz-atsegin-kontentu berberarekin, ta guzi-guziarekin datorkigu Sakramentu andi onetara; ta Sakramentu onetara datorkigu, guganako ongi naiez ta amorez ezin geiagoraño betea; ta datorkigu, guri emen bere odolez grazia ta atsegin andiak ematera.

        Norañokoak dirala uste dezu zuk, guri emen eman nai dizkigun grazi-atsegin-ondasunak?— Guk artu al guzi-guziak. Eta anitz eta andi-andiak guk argandik emen artuagatik, anitz geiago, ta andiagoak ar ditzagun naiarekin gelditzen da emen gure Jesus maitagarria, ta nai luke Jesusek urbiltzen bagiña gu maiz-maiz, ta aldioro, lenagoko aldian baño ontzi andiagoekin, edo anima, ongi baño obeki prestatuekin, aldian baño aldian grazia ta atsegin geiago guri emen bere Sakramentu andi onetan emateko.

        Jesus! ta gure Jesusen ontasuna, ta amore bukaerarik bagekoa! Anbat Jesusen odol-ixurtzeri ain gaizki guk, eta bekatuz erantzun izandu; ta alere gure Jesus bere odol guzia berekin duela Aldareko bere Sakramentura, or odol ori guzia, ta, orrekin batean, guk ar-al adiña grazia, atsegin, ta kontentu guri ematera guri Jesusek, geren esker-gabetasun itsusiagatik, eta gañerako bekatu arrigarriakgatik guk artu bear genituen emengo neke andiak, eta geroko sulezea eman lekuan?— Egin zezaken onelakorik gure Jesus maitagarriak, Jesus ez izatera Jaungoiko-gizon ezinobea? Ez izatera gure Jesus gure ezin maitatzalleagoa?

        Ekusten dezu, orain badere, zein andia den, ta zein bazter bagekoa, gure Jesusek bere odolaren emaeran erakusten digun ontasuna ta amorea? Ez oraindik bear bezala, ez. Adi zazu oraindik orretarako zerbait geiago.

        2. Ostegun Santuz, ta gugatik ill baño len utzi zigun guri gure Jesusek Aldareko bere Sakramentuan, bere zañetan, bere biotzean, ta bere barren guzian zuen odol guzia.

        Au guri gure Jesusek uztean, erran izandu zien, ordu artan berekin zeduzkan bere Apostoluei: Ona non dezuten kaliz onetan testamentu berriko nere Odola; ta Odol, zuekgatik eta mondu guziaren onerako, nik ixuri, edo eman bearra; ta bekatu guzien barkamenturako nik pozik emain ta ixuriko dudana.— Eta ala gero Jesusek eman ere, ta ixuri zuen, guk len ekusi dugun bezala.

        Ekusten dezu zein ona den gure Jesus, ta zein emallea?— Bekatu guzien barkamenturako ta mundukoen onerako, aski zen edozein bere Odol tanta Jesusek ixurtzea; baita agitz eta agitz gutiago ere: ta gure Jesus maitagarriak orretarako ixurtzen ditu Odol-tanta bat ezezik, anitz milla Odol-tanta ere; bada ixurtzen du, beregan, edo bere baitan zuen Odol guzi-guzia. Eta, zuena baño anitz eta anitz geiago berekin Jesusek aldi artan izatera, ixuriko zuen, tantarik gelditu gabe, orduko guzi-guzia ere.

        Munduko guzien, ta anitz milla milloien onerako ixuri zuen aldi artan Jainko-gizon Jesus maitagarriak berekin zuen odol guzia: baña, beraren Aita eternoak ala nai izatera, berebat egiñen zuen Jesus maitagarriak edozein gizon bakar-bakarragatik ere; baita munduan garan guziokgatik ere, bakoitzagatik bein, eta banaka gero gañerakoakgatik, edo munduan zenbat garan, anbat aldiz ixuri bear izandu balu ere, ta aldian ixuri bearragatik, len ixuri zuen adiña neke ta oñaze arrigarrirekin.

        Ekusten dezu orain, len baño obekiseago Jesusen ontasuna, ta guganako ongi naia ta amorea?

        3. Bada badezu oraindik geiago zer-ekusi Jesusen Odol eder maitagarrian.

        Jesusen Odola da, ekusi dezun bezala, testamentu berriko Odola! Testamentuan bereisten da ondorengoa edo erederoa, ta uzten dira zenbait manda edo amoriozko señale; ta egin zuen Jesusek arrats artan au guzia, egin zezaken eran, ta egin zuen ontasunez, ta amorez beterik arkitzen zen Jaungoiko-gizonak bezala.

        Jesusen etxea zeru guzia da, ango bere gloriarekin. Zeruko gloria, bazterrik bageko gloria ta ondasuna da; ta bat ezezik, nai duten guziak batetan, ta eternidade guzian artu, ta ase ditzaken ondasuna, Jesusek berezi zuen bere ondorengoa, edo beraren ondoren an sartu bearra, berarekin batean beraren gloriaz an jabetzera.

        Nor ote da ori, edo zein?— Jesusen odol garbian garbitzen den edozein, edo Jesusek nekezko bere odol-ixurtzez irabazi zigun graziaren ur ederrarekin garbitzen dena, ill artean zikintzen ez dela; edo anditu ta zikinduagatik Odol beraren konfesioko, edo aldareko, edo beste edozein Sakramentuko graziaren iturrian garbitzen dena; baldin ateratzen bada mundutik bere azken garbiera onarekin.

        Zergatik Jesusek guri onenbat ontarte?— Bere ontasun utsez ta bazter bageko bere amoreakgatik! Ekusten dezu norañokoak? Adi zazu zerbait oraindik.

        Zer señalamentuak eta mandak ote dira, Jesusen odolezko, edo Odolaren Testamentuko mandak eta señalamentuak?— Agitz ederrak eta andiak. Agintzen die gure Jesus maitagarriak, edo señalatzen die bekatari txar guziei (artzera prestatzen diraneko) beren bekatuen urratzea ta bekatu beren zor guzien barkamentua.— Agintzen die Jesusek eta señalatzen die bekatari berei, ta gañerako zerura nai duten guziei beren biderako bear duten graziaren ondasuna ta laguntza guzia: ta, oriei au guzia Jesusek emateko, ez die besterik eskatzen, baizik bear dutenean, ta noiznai, umilki ta zuzen ori bera oriek berari eskatzea.

        Eskatzen badiote au oriek Aita eternoari, berak beren komunione aldietan artzen duten Jesusen odola agertzen diotela, anbat obe: au da alabaña, eskatzen den gloriaren ta gloriazko bear diran gauza guzien gaia edo prenda.

        Ekusten dezu zer den, gure Jesus maitagarriak bere odolaren Testamentu berrian egiten ta agertzen duena? Zein ona! Zein andia! Zein bazter bagekoa, Jesusek emen agertzen digun, bere ontasuna ta amorea!— Au an ekusteagatik badere, etzara zu maiz elizarako? Ez diozkatzu zuk agur-ta-agur andiak egiñen Jesus maitagarriari aldareko bere Sakramentuan, an agertzen dizun bure ongi nai ezin andiagoagatik?— Eta, ar dezakezun ezkero zere komunionean, ez dezu artuko zuk bein, ta berriz, ta dukezun aldi guzietan zere Jesusen odol eder-garbi guzia; ta, beraren odol onekin batean, ta bere ontasun ta amore guziarekin, zere Jesus guzia?

        Artu zazu zuk, bai; ta egizu zuk au, alik ongiena, ta aldioro guztiz ederki prestatzen zarala.— Egizu zuk au, bai, ta egizu aldian, al dituzun zeruko ondasun guziak artzeko asmoarekin, ta bidenabar asmo on bat zuk arturik, alik zuzenena zu geroz geiago zeruko bidean ibiltzeko; ta bertatik eska zaiozu zuk, leneko zere utsegite guzien barkamentua ta au guzia.

 

 

Sponsus sanguinum tu mihi es.

Exod. 4. 25.

 

        A, nere Jesus maitagarria! erran dezoke gaur Jesusi, ongi nai dion edozein animak. A, nere Jesus maitagarria! ta zein odoltia zaran neretzat orain, edo gaur zu! Jaio berria zara gaur zu! Zortzi eganeko aurtxoa zara zu! ta alere odolturik ekusten zaitut nik gaur zu, ta odolturik ekusten zaitut nigatik, edo zuk niri ongi naiez!— Nonbait andia da, nere Jesus maitagarria, zure biotz orretan gaur arkitzen den niganako zure amorea, ongi naia ta sua; zure su, ongi nai edo amore orrek, ni bezain gauza txar bategatik orren goiz ta laster arrerazten dizkitzunean orren neke gogorrak!

        Damuturik ote zaude zu nere Jesus maitagarria, aldi onetan zuk nigatik egiten ta ekusten dezunaz? Ez dezu ekusten zein ezagumentu txarrekoa ni; ta zein eskergabea? Ez dezu ekusten ez dudala nik egiten orrenbat zere odol-ixurtze ta nekerekin zuk niri erakutsia? Edo ez dezu ekusten, gure Jaungoikoak nai duena, nai duela, dakidaneko nik egin bearrean gauzaren bat, ez orduan, ta ez gero egin oi dudala nik orrelakorik?— Alere etzaitzu zuri, gure Jesus maitagarria, aldi artan zuk egiñaz batere damutzen? ta zuri damutu lekuan, aldarean zaude zu gau ta egun, ta beti, len odolez, ta zere neke andiarekin erakutsi zeniguna, odolez berriz emen erakusten; ta bein, edo bein gu zentzarazi naiez.

        Eta ez ote dugu guk, gure Jesus maitagarria, noizbait, noizbait zentzatu bear? Ez ote gara noizbat, noizbat asiko gu, zugandik guk gaur ikasten dugun au egiten? Zerbait neke txar guk geren gain ez artu naiez, utziko ote ditugu guk geren Jaunaren gauzak, eta agintze-manuak?— Datozen gure denboretan ibilli bearrak ote gara gu, oraindañoko guzian bezala, Jesusen aurtasuneko odol-ixurtzeari, ta geroztik beti Aldaretik agiten digun odolezko erakusteari begiratzen ez diogula?

        Ez baldinbere! Galduak gara gu, gu ala izatera; ta galduak gara gu, esker bageko gizatxar errebesen eran; ta anitz atsekabe ta neke gogorren artean gero sartu bearrak! Jesusek berak digula, ez aratzeko, ta erakusten diguna zuzen egiteko, bearko dugun beraren laguntza ta grazia. Bai, arren, bai!

 

 

Accessistis ad...Testamenti novi
mediatorem Jesus, et sanguinis aspersionem
melius loquentem quam Anel.

Hebr. 12. 24.

 

        Zorionekoak, Jesusen Testamentu berriko ondasunetan nai adiña zati dezutenak (erraten digu S. Pablok)! Zorionekoak Jesusen Odol ederrean sartu ta garbi zaitezkeenak; eta zorionekoak Jesus ona bezalako bitarteko bat arkitu dezutenak! bada bitarteko on onek Aldareko bere Sakramentuan erakusten dio bere Aita eternoari, gugatik ixuri zuen, ta gure bekatuak atera zioten, bere odola. Guk au Jesusi atera diogu, Abeli berea bere anai gaisto Kainek atera zion bezala gaizki, ta biderik bage.

        Baña ez da, ez, Jesusen odol ixuria, Abelen odola bezalakoa. Abelen odolak eskatu, ta erditsi zuen Kainen eriotza: ta Jesusen odolak Aldaretik eskatzen dio Aita eternoari gure gaizkiaren barkamentua, ta sekulako gure bizitza; ta au ark guri erditsiko digu, guk ere Aita eterno berari ziñez egitera eskaer bera, ta otoitz zuzen bear den erakoa.

        Ez da, bada, zorionekoa, gutatik edozein, guk Jesusi egin ondoan Kainek bere anaia Abeli egin izandu zion lanaren erako lan gaisto bat, arkitzen dugunean guk Jesus eta geren alde, ta gure bitarteko egiña?

        Ez gara gu zorionekoak, arkitzen dugunean guk (guk arkitzen dugun bezala emen aldareko Sakramentuan) gure Jesus, guk gerok ixurerazi genion bere Odol guziarekin gugana naiez, Jesusen odol au agertuz guk palaka dezagun aserre dadukagun gure Jaungoikoa, ta atera dezagun guk Jesusen odol beretik gure zorren alde guk bearko dugun pagu guzia?

        Atozea; ta ez dugu guk, ongi prestatu ezkero bere Sakramentu andi onetan Jesus artzera, ta Jesusek emen emain digun graziaren laguntz onarekin emeki eramain, Jesusen lege berriak dakarren zer edo zer neke?

        Au onela den ezkero (den bezala) nere Jesus maitagarria, prestatuko naz ni nere alegiñean, nere gauz egite au ongi, garbiro, ta zuzen egitera: ta egin dezadan nik au, bein ere uts egin bage; ta izain nadin ni denbora berean, zuganatzen diran zorioneko orietatik, eman bear didazu zuk, nere Jesus maitagarria, zere gogargia, laguntza, ta grazia. Bai, arren bai!

 

 

Terra, non operias Sanguinem meum,
neque inveniat in te locum latendi clamor meus.

Job. 16. 19.

 

        Komuniatzen zaran anima, begira zazu zuk, eta ongi begira, zer egiten dezun Jesusen odol guziarekin arkitzen zaran aldietan! Ez dadukazula zuk or zere barrenean Jesusen Odol ori, lurpean datzan gorputz baten odola bezala, ta zer zuri adirazi nai dizun, aditzen ez degula.

        Zure damuz ta konfesariaren absoluzioz urratuak arkitzen diran bekatuen zorren barkamentu eske dagoka zure berrenetik Jesusen Odola Aita eternoari. Zu komuniatzen zaranean, zure barren beretik eskatzen dio Jesusen odol berak Aita eterno berari, utzi zaitzala zu, ura ortik atera gabe, elurra bezain zuria bere begietan, ta bere birtutez, ta doaiez ongi-ongi ta guztiz ederki apaindua.

        Eskatzen dio denbora berean, dizula zuri bere graziaren bizitza zati berri-indartsu bat; egin ditzatzun geroz zuk, len baño lan anitz obeak, eta anitz geiago; eta eskatzen dio, egin zaitzala zu berekin bat, edo dizkitzula zuri, berak dituenen erako asmo ta gogo zuzenak; eta, guzia zuzen egiteko zuk, bearko dezun beraren laguntza ta eskua.

        Au Aitari eskatzen dion denboran, eskatzen dizu zuri ere Jesusen odol berak, dagizula zuk, batere nagitu bage, lan onetarako zure aldetik egin bear den guzi-guzia. Zaudela zu prest, zure bizierak eta urteak dakazten nekeak Jesusen izenean biziro zuk, eta arinki, eramateko; ta bekatu bat ez egiteagatik, zuk zere zañetan ta biotz guzian dezun odola bertan emateko: ta eskatzen dizu bidenabar, zabilzala zu birtutez birtute, ta zure Jaunak zugandik nai dituen gauza guziak zuzen egiten dituzula.

        Eta begira, nere anima; ez da zer estali zere belarriak, Jesusen odolaren itz egite zuzen eder-ezinobe oriek ez aditzeagatik.

        Guziak dira, zuk zerorrek ekusten dezun bezala, amorez beteak, ontasun utsezkoak, eta zuri dagozkitzunak. Eta, oriek orain zuk ez aditzera, ta egiten ezpadezu zuk oriek adirazten dizutena, galdua zara zu eternidade guzirako, ta sulezean erretzen egon bearra.

        Ara etzoazen zu, ta itz on oriek adi ditzazun emeki, kontuz ta bear bezala; garbi zazu zuk gaur zere biotza gortzen zaituen zere bekatuaren loietik; eta, bekatua egin zenuelako damu andiarekin, errazu orain alik zinkiena: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa