www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAINKO-BILARI

 

                        Aita Bastres Senpertarrari

 

Lazkaon dago, Aralar zolan, euskal-lurrean etzana,

Euskal-ametsik den zabalena asmatu duen gizona...

Nork daki orai Euskal-Herrian, nork daki haren izena?

 

Ez ote duk ba nehoiz aditu, Euskal-Herriko jendea,

Nundik hoin bero dukan arima, nundik hoin azkar fedea,

Nundik ez zaikan hiri nausitu oraiko gezur-mendea?

 

Hain laket baituk supazterretan zer nahi kondan aitzea,

Ez ote duk ba sutzen ikusi xaharren begitartea

Gazter aipatuz gizon gaitz horren ihurzurizko elea?

 

Haren mintzoak, haren besoak, haren behako kartsuak

Frangotan ditek ikararazi hire elizen murruak,

Nola galernak oihan kaskoak, ukur-araziz buruak...

 

Entzun gaupetik, euskal-jendea, entzun gaur hire Arima:

Zerk ote hola traberi nausi mendetan barna herama?

Entzun, han, Aiten boz eta karrak, iduri itsas-marruma...

 

Entzun Axular eta erretor saindu guzien ostea

Eta gain hautan moldatu hauen mendez mendeko jendea,

Entzun gaupetik su-deiadarka Bastidarreko Semea:

 

«Euskal-Herriko gazte beroak, euskal-bihotzek sortuak,

Mendi harrokak bezein tematsu, tirainak bezein zaluak,

Argi hasteko herdoi gorriak bezein arrai ta kartsuak.

 

Euskal-Herriko gazte maiteak, eukal-lurraren lorea,

Nundik duzue zuen barnean duzuen urre-gosea,

Nundik amestu, diru-egarriz, herritik kanpo joatea?

 

Hirirat edo itsasoz harat bihotza amets bazoazte.

Bazoazte eta zenbat, ondikotz! han ilun hilen zarezte,

Oro galdurik: diru, zorion, gizontasun ta sineste...

 

Ai, urrutirat so dauden Orhi, Artaburu eta Larrunak

Eta gazteak jada milaka ereman itsas-uhainak

Mintza balaite, guri salatuz zer egin diren geienak!

 

Zenbat amaso dauden aiduru...Ai balakite gaixoek!

Zertako bada joan zaizkiote etxeko-seme zoro hek,

Beretu nahiz urre dioten ifernu pindar horiek?

 

Euskal-Herriko gazte maiteak, Jaunak dena suz eginak,

Ene ahotik entzun auhenez euskal-lurraren auhenak,

Beha, iturri eta ibaika, zer nigarrak doazkonak...

 

Jaunak barnea egin dautzute itsas-mendi hauk bezala

Eta hara nun mundu guzian deus zuetaz gai ez dela.

Zerk ase ote ala nork bete zuen bihotzen zabala?

 

                          * * *

 

Zatozte! Nik dut, bai nik dut egun zuen barnea aseko.

Nik dautzuetet bila zoazten zorion hartaz beteko.

Eskuko daukat zuen Amets, huna mendi hauk lekuko.

 

Zatozte eta ene ondotik igan euskal-gain hartara.

Goazen denak bat, airos harturik aitzurra eta aizkora:

Ken lur hortarik harri-laparrak, zuhaitz erroak atera.

 

Zatozte kantuz, zatozte bozik, ekar zuen su guzia,

Hor, denak anai, aurki dezagun nihun ez daiten loria

Eta toki hau deituko dute: Euskaldun zeru-mendia!

 

Zuen odolak jitez behar du borroka eta gudua:

Nahiko gudu izanen dugu, garraituz gure burua

Eta gain huni tirain-orroaz oldartuko den mundua.

 

Zuen gogoak, ezin asea, ez du jasaiten mugarik:

Lurreko itzal haukien orde, huna ba huna nasairik

Ezin amestu goiko izaite neurri-gabeko hetarik.

 

Igan ba eta, besoz-beso hel, lanoez harat behaka,

Hor asetzeko, hor zoratzeko gogo-ta bihotz beteka;

Lurkeriz arin, gutarik libro, hel gaiten eta hor finka,

 

Lurra aitzurtuz, elgar maitatuz, goian alatuz gogoa,

Zorion-sutan aurki dezagun aurki gozoen gozoa:

Diren guzien iturburu den betiereko Jainkoa.

 

                          * * *

 

Oi Belokeko gain dohatsua, nehork ez jakin gainttoa,

Mendiak oro baino gorago duzu gaurgoiti kaskoa,

Zure larrerat urtu delakotz Jaun Goikoaren Gogoa.

 

Zure alorren zirrimarreri urrundik beha egoki,

Laborariek jakinen dute nolaz lan egin jainkozki

Eta zer gisaz beren lurraten bai zeru eta boz aurki.

 

Gau eta egun joanen baitzaitzu zerurat euskal-otoitza,

zu zare orai hortxet izanen euskal-lurraren bihotza,

Zu mendez-mende euskal-arima zainduko duen arkaitza.

 

Hor, euskal-mugan geldi-araziz ipar-aize hilgarria,

Ez duzu hemen sartzen utziko gezurra eta lohia,

Zuk, zerurako galernen pean gizalde hunen argia.

 

Agur, Beloke, Euskal-Herriko Golgota-mendi saindua,

Zenbatek dute zutan eginen bihotz-eskaintz kartsua,

Zutan jasanen, zorion-pleinuz, amodiozko Pairua.

 

Kristoren pare, Kristoren maitez, euskal-bihotzik maitenak,

Behin betiko izaite osoz, Jainko baitan bat eginak,

Kantuz dituzte lurreratuko gauez-gau zeru-uhainak.

 

Agur, Beloke gain dohatsua, fede histuen pizgarri,

Osteka zaitzu jendea jinen kar eta bakez egarri,

Zuri gaindika baitoakizu goiko Bizia iturri.

 

Zure kaskorat iganak eta zure uretan aseak,

Biziko dire hiltzen ikusiz erresumak ta mendeak

Eta suntsitzen irrika zauden mundutar fedegabeak.

 

Diren guziak Jaunak garrazki suaz frogatu ondoan,

Hek, oso garbi, mundu guzien hautsak, errautsak oinpean,

Jaun-Goikoraino iganen dire zorion oso-osoan,

Urrezko hedoi artalden pare iduzkiaren jitean...

 

        Goraipa-zue, itsas mendiak eta zelaiak,

                                goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, iturburuak eta ibaiak,

                                goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, izar, iduzki eta hedoiak,

                                goraipa-zue Jainkoa!

        Bai eta gorets eta goraltxa beti, orotan

                                eta menderen mendetan...

 

Ez ginen eta... —zuri, Jainkoa, ospe, goresmen, esker ta kantu—

Hara nun garen Euskal-Lurretik goi-argiraino loratu...

Ez ginen eta... —zuri, Jainkoa, ospe, goresmen, esker ta kantu—

Hara nun garen beti-betiko zuri so behar zoratu...

 

        Goraipa-zue, zeruak eta zeruko bazter zoratzaileak,

                                goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue, denez gabetuz Mundu berrirat igan jendeak,

                                goraipa-zue Jainkoa!

        Goraipa-zue hedoiez-hedoi lorios heldu euskaldun Jainko Semeak,

                                goraipa-zue, goraipa-zagun Jainkoa!

        Bai eta gorets eta goraltxa beti, orotan

                                eta menderen mendetan!

 

                          * * *

 

Lazkaon dago, Aralar zolan, euskal-lurrean etzana,

Bi zurtxurien artean eta ibai hegian emana,

Euskal-ametsik den zabalena asmatu duen gizona.

 

                          * * *

 

Hartu nau tanpez, orai lau urte, haren euskaldun-sukarrak:

Joan naiz gainez-gain ea nun ziren sutu zituen bazterrak,

Ea nola pitz herra-galernak handik ufatu su garrak.

 

Igan naiz, eta gain saindu hortan, nuen lehiaz beteak,

Bihotza amets, begia bero, aurkitu ditut gazteak

Otoitz-ameska aitzurtzen ari, nola lehengo fraideak.

 

Zeru-min beraz minez daudenen batetaratze gozoa!...

Denek bat lantuz lur zerutu hoik eta otoiztuz Jainkoa,

Kartsuki dugu bila bilatzen Aintzinekoen Gogoa.

 

Batek pil-pil bat, bertzeak hats bat, bertzeak aldiz pindarrak,

Xorta-xortaka biltzen ditugu hek utzi amets ondarrak.

Ai! baginitu hauen pizgarri Lazkaon dauden hezurrak:

 

Oi Lazkaoko fraide anaiak, idek ba hobi ziloa

Eta sistuka, zirimolaka iduri aize-hegoa

Mendiz hainditik etor bekigu, etor, haren hats beroa.

 

Sistu-galernan etxen barnea daldararaziz doala.

Zelaiez-zelai furfuriaka, zuhaitz ostoak bezala,

Gazte bihotzak har, susta eta hunat airaraz ditzala.

 

Zirimirolan, furfurifian eta gaineri fereka,

Oro sustatuz iragan beza zonbeit garaztar erreka,

Orro burrunban hel bekigu, hel, bildu su-gaier ufaka.

 

Eta, gurekin kantuz jeikirik zelaitar jende guzia,

Euskal-Lurretik izarretarat —hau loriaren loria—

Gauez-gau zaiku berritz iganen goiko suaren Argia,

Euskal-zainetan burrustan sartuz betiereko bizia...

 

                          * * *

 

                Oi Jainko-bilaren sugar zoraleak,

                Igan, igan arinki, ere ilunbeak.

                Guziak argi ditzan zeruko bakeak

                Igan, igan airoski, pitz euskal-jendeak.

 

                Bazter guzietarik zueri begira

                Zorion-dantzan joaki izarren aldera,

                Begiak oro beite boz eta lillura,

                Urretik diten libra, lohitik atera.

 

                Dantza-mantzari altxa zuen su-besoak,

                Zirimirolan eskain euskal-ke gozoak,

                Euskal-jende guzien arima beroak

                Noizbeit hurrupa ditzan zeruko Jainkoak.

 

                Zirimiro mirolan hau dantza! hau boza!

                Aize-hego gauetan mendez-mende dantza;

                Eta, zueri beha, lurrak ikus beza

                Gain huntan daitekela Jaun-Goikoa goza.

 

                Oi fraide ixilaren bizitze gozoa,

                Jadanik baitu harek gozatzen Jainkoa!

                Bihotza libro eta zeruan gogoa,

                Lurra bozik aitzurtuz zeru alde doa.

 

                Amodioz barnea hain baitu zabala

                Eta mugarik gabe Jainkoak bezala,

                Jaunarekin mundua harek derabila

                Otoitzean eginez bere lan ixila.

 

                Oi Jainko bilarien gaintto dohatsua,

                Zerurat igor beti euskal dei kartsua.

                Euskal-jender, Beloke, zabal-zak zerua,

                Bazter orotan piztuz Jainkorako sua.

 

 

aurrekoa hurrengoa