www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZOKORRI

 

Itsa-mendien artean zauden zerurainoko Zokorri,

Urtean orai azken aldiko hoin maite zure gain horri

Iritzez iratz eta gainez gain nitzaiola ni etorri.

 

Urtea orai azken aldiko nere haurreko herrira

Iluntzeraino egon naizela begira eta begira,

Hango itsaso, zelai, mendiak hoin xoragarri baitira.

 

Oi Larruneri egin diotan azken behatze beroa!

Bihotza pil pil hantxet ikusiz aren lillura-kaxkoa,

Hari so baitzait amets zabalez haurretik sutu gogoa.

 

Urtea orai...Euskal-bezaterrez gaindika bete orduko,

Jaizkibel, Aia, Larruna eta Herri guzia lekuko,

Euskal-Amari eskuak luze otoitzez aitu nitzaio.

 

Gero zeruko azken garretan, lurra su baitzen egoki,

Larruna odol, hedoiak sugar, itsas-uhainak iduzki,

Barnean nuen Euskal-ametsa eskaini diot osoki.

 

Eta gibelat so egin gabe, Jainkoak berak deiturik,

Guziak utziz hegaldatu naiz sort-Herri urdin hartarik,

Hedoi artetik izar-pindarka zerua hasten zelarik...

 

                        * * *

 

Hego hil-sistuz, itsas marrumaz, oihan intzirez, dei minez,

Euskal-Herria zu ote zaitut negu gau hoitan auhenez,

Nik ere ote bihotza idor Ama ukatu dudanez?

 

Euskal-Herria, Euskal-Herria, horrela otoi ez mintza.

Auhen dei horrek minaren minez urtzen ari daut bihotza;

Hezurrak ere ez zaizkitan ur...ixil, oi, ixil, dei beltza!

 

Ahantzi ere bizia baino barnago nuen ametsa

Bai zure maitez, bai zu lekuko eskaini nuen arratsa,

Jaun-Goikoratuz zintzazketala azkarkienik goraltxa?

 

Ala geroztik Euskal-Herria, baduzu zerbeit urriki

Zure zaintzeko eta hil arte ez bainitzaitzu beroki

Mendiz mendi ta tirainez odol ixurtzen ibilki?

 

Zerbeit urriki zeren gaurgoiti ez nezakezun ni adi

Ezintzeraino kantu egiten deiadar eta mintzaldi,

Bazterrez bazter gazteri oihuz: Gora ta gora Euskadi?

 

Ixilik nago eta gain huntan zerutik hurbil galdua...

Nik dautzut-eta irabaziko oraino Euskal-gadua:

Ez ote duzu nunbaitik gauaz entzuiten ene kantua?

 

Ahal guziez gau-eta-egun zure begira naiz ari:

Egun oroz naiz zuretzat hiltzen zeru-alderat kantari,

Jainko odola dariotela nere zerume zaineri.

 

Xuti ba xuti larre-egin eta haitzpe eihartu hoitarik.

Ez galda beti auhen nigarrez uzten zaitudan bakarrik.

Xuti ba xuti! aski auhenik, aski dei eta nigarrik.

 

Ixilik nago bainan ni naizen zeruko argi zirrintan

Beha jadanik, mundu zenaren hil-errauts eta hautsetan,

Zenbat ta zenbat Euskaldun hezur hantxet agertzen zaizkitan...

 

Zure gerlari zaintzale gaitzak nun dira orai nun dira?

Xuti ditela, lurpetik xuti euskal-ondarren begira,

Jaunak ez ditzan hasarrez bota su-leizeeri behera.

 

Hauts, errauts, hezur ez da gelditzen, ez da ikusten bertzerik.

Ai, bainan sarri itsaspe, lurpe eta ilunbe hoitarik

Denak uhainka jinen zaizkitzu, goi-deiadarrek pizturik.

 

Sarri Euskaldun guzi guziak bat eta kantuz betiko,

Zorionaren zorionean Zokorriperat orduko,

Goiko Amari besoak zabal dantzari joanen zitzaizko;

 

Dantzari joanen eta nigarrez bai zorionez bai zeruz,

Bai eta hango urre-lanoan joan nitzaitzuna aurkituz

Menderen mende zure zaintzeko Euskal-Amari dei-kantuz.

 

                        * * *

 

Buruan jada inguruan dut elorri beltzen itzala,

Barnean pindar betiereko zorion argi zabala,

Huna, oi Ama, bihotz bihotzez gaupetik oihuz nagola:

 

                        * * *

 

Noiz dut Zokorrin, Euskaldun Apez, Euskal-Herria lekuko

Jaun Goikoari Jainko odola kantuz eskaintze ahalko,

Begira nagon argin zirrinta pizten ikusiz betiko...

 

Beloken, 3-3-43

 

aurrekoa hurrengoa