www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAKES EDO ZERU-MENDITIK

 

                        Lehengo euskal-anaietarik bat

                        Italian hil, etsaiari oldarka

 

Euskal-mendiak, euskal-etxeak eta euskal-itsasoa,

Kartsuki beha egon zaitzue haren behako beroa,

Zeru-menditik sutan luzatuz zuen alderat besoa.

 

Neurrigabeko ametsez bete haren bihotz hoin suharrak

Zuek maitatu zaituztelako, Euskal-Herriko bazterrak,

Ezin gehiago zaizkitet orai maiteak eta ederrak.

 

Hain baitzen maitez ezin asea hiltzen zakusan Herriaz

Haren behako sarkorrak zauzte apaindu goiko loriaz,

Haren besoak lurpetaraino betiereko biziaz.

 

Euskal-mendiak, euskal-etxeak eta euskal-itsasoa,

Kartsuki beha egon zaitzue haren behako beroa,

Zeru menditik sutan luzatuz zuen alderat besoa.

 

Harek hoin maite euskal-mintzaira, has oihuz eta hil-kantuz.

Euskal-mendiak, euskal-hedoiez, ur atsegabez, ur doluz.

Hil baita, bai, hil, burua gora; zuen etsaiak garraituz.

 

Hil da ondikotz! baina Erroman hari zoakon bezala

Eta geroztik haren hil-hatsa bihotzez bihotz dabila,

Haize burrunban Herrian piztuz haren goi-amets zabala.

 

Euskal-mendiak, euskal-etxeak eta euskal-itsasoa,

Kartsuki beha egon zaitzue haren behako beroa,

Zeru menditik sutan luzatuz zuen alderat besoa.

 

Euskal-fraideen zeru-mendirat iganik Jainkoz egarri,

Azken aldiko zitzaikun hura hiltzerat gabe etorri;

Ez dut ahantzi erran zaukuna, begitartea sugarri.

 

Ez dut ahantzi, ez ahantziko orduko haren burua

Mendi hauk zaindu, uhainak hezi Aiten odolak sutua

Sutua nola gauerakoan iduzki garrek zerua.

 

Euskal-mendiak, euskal-etxeak eta euskal-itsasoa,

Kartsuki beha egin zaitzue haren behako beroa,

Eta erran du sutan luzatuz zuen alderat besoa:

 

Bertze Herriak eraiki dire odolaz,

Euskal-Herria eraikiko da otoitzaz!

 

Aditu dugu Euskal fraideek aditu zure oihua,

Aditu ere ixuri duzun odolaren dei kartsua:

Gau eta egun menderen mende euskaldu otoitz-kantua,

Mendi huntarik airatuko da, zure hil-hatsak piztua.

 

                            * * *

 

Illargi xuri amesgarrian, fraide itzalak iduri

—Zuhaitz hezurrak zerurat luze gurekin otoizka ari—

Ixil ixila gabiltzalarik pentsatuz gure hileri,

Hek...guri beha sistuz dabiltz izarrez izar dantzari...

 

«Legaztar Jakes, Lazkona eta bertze euskaldun lagunak,

Jaun Goikoan den betiereko Euskal-Herrirat iganak,

Zuek hil geroz euskal-lurrari usu doazko auhenak;

Noiz ditu tanpez denak boztuko zuen goiko irrintzinak?»

 

Illargi xuri amesgarrian, fraide itzalak iduri,

Ixil ixila gabiltzalarik pentsatuz gure hileri,

Hek...guri beha sistuz, dabiltza izarrez izar dantzari...

 

Bizirik dire bizirik eta biziagorik guziak

Guk plekan, irriz, kantuz ikusi hil gazte maitagarriak.

Atera laster heier agurka, altxa zerurat begiak:

Gain hartan gaitu bateratuko zinezko Euskal-Herriak.

 

Azken goiz hartan, zelai mendi hauk bilakaturik hil-herri,

Jautsiko dire dena iduzki, hezur errautsen pizgarri,

Irrinzin eta irrintzinaka euskal-lurpeko hileri:

Pitz gaiten eta airez-aire joan, hek zerurat aintzindari.

 

Ilargi xuri amesgarrian, fraide itzalak iduri

Ixil ixila gabiltzalarik pentsatuz gure hileri,

Hek...guri beha sistuz dabiltza izarrez izar dantzari.

 

Noiz gaitu joanen gaupe hautarik Piztearen goiz ederrak?

Noiz gare denak lano gainetan batetaratu beharrak?

Ai, hek bezala Jainkoan hilik, gure zorion nigarrak!

Ai, Euskal jenden kantuak eta betiereko eskerrak!

 

Euskal jenden kantuak eta betiereko eskerrak!

Ilargi xuri amesgarrian, fraide itzalak iduri

—zorion hura, esker-kantu, esker-kantu hek jadanik gozatzen ari—

Ixil ixila gabiltzalarik pentsatuz gure hileri

Hek...guri beha sistuz dabiltza izarrez izar dantzari.

 

20-11-44

 

aurrekoa hurrengoa