www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

AXULAR EDO LURRAREN KANTUA

 

                        Ene apezgai anaieri

 

Oletako gainetan Larrun zolaraino

Zoin ardura nindoan larrez larre kantuz,

Bihotza hegal eta behakoa lano,

Amest-lur zabal hortan gogoa alatuz!

 

Etxe kaxko apalean, haitzen eta gainen

Gozoari begira eta hurrupaka,

Oletako xokorat noiz ote naiz ganen

Patarrez patar eta errekaz erreka?

 

Ez ote naiz geiago arrats apalean

Larrunak xoraturik haitz pean jarriko?

Gaineri amets-kea doakotenean

Ez ote zait geiago arima urtuko?

 

Atsegiñez urtua, gezoz lanotua,

Erdi lo, erdi zoro, iratzen artean,

Noiz ote dut entzunen Lurraren kantua,

Gauak azken lillurak zeruan histean...

 

                    * * *

 

Oi orduan da gozo Larrungo pe hoitan

Euskal-lurrari soinuz eta amets-kantuz

Petik darionean arima airetan,

Azken arrotz-urratsak urruntzen adituz...

 

Orduan...ilargia gorri den gauetan,

Gaupean ixildurik Sarako ezkila,

Haize-sistuka eta gaineri herrestan

Axularren itzala larretan dabila.

 

Hantxet Euskal-Arima atxeman orduko,

Zelaiez-zelai eta errekaz-erreka

Biak gauez-gau arin, mendiak lekuko,

Zirimolan doatzi elgarri besarka.

 

Zirimolan, airean eta zirurika

Bira-bira doatzi amodio irriz

Iratzeri fereka, gaineri musuka,

Oteak harrotuz ta haitzak daldaraziz.

 

Zirimol-errabian, zorion-auhenez,

Etxez-etxe gau-dantzan lerratuz dabiltza;

Aitasok xutiturik, «Aitaren» eginez,

Su ondotik diola: Haurrak, has otoitza.

 

Izarrak su-pindarka, haitz eta errekak

Atsegin marrumaka, gain guzietarik

Arbasoen gogoak, zintzurtzat harrokak,

Tanpez irrintzinaka dauzkiotelarik.

 

Su-zirimolan eta inguruz-inguru

Larrungo buruari sutan doazkote

Airez-aire gateko eta zeruz-zeru,

Zirimiromirolan Jainkoratu arte...

 

                    * * *

 

Otoi, Axular, Euskal-Herrien betiereko Apeza,

Galerna haizez, izar-su beroz sugar zadazu bihotza,

Gaupetik entzun zure gogoaz goraki nadin gaur mintza.

 

Hedoietarik gorago gauaz adituz zure izena,

Hezurrak gozoz urtuak dago amets-nigarrez Larruna,

Ez baitu segur ahanztekoa zoin maiz zitzaizkon igana.

 

Argia gabe Jainko odola bihotzeratu ondoan,

Oihanpez eta larreri goiti barnea sutan zindoan,

Beha ta beha baitzinauden han Larrungo mendi kaxkoan.

 

Iduzkipean handik ikusiz Euskaldun etxe xuriak,

Itsasoaren urdin zabala, pentzeak eta mendiak,

Gozoen gozoz lilluratuak bazagozkitzun begiak.

 

Lilluraturik bai eta laster bihotzmin lanbroz beteak

Orroituz peko zelai, itsaso eder hoitako semeak

Zoin jakitatez gabeak diren eta lurkeriz goseak.

 

«Euskal-Herriak egin ditutzun zeruetako Jainkoa,

Entzun zazu ba nere egungo apez-deiadar beroa:

Zabaldu gabe ez utz hiltzerat Euskal-Arima gaixoa.

 

»Urrikal ziten, ene otoitzak zutaraino joan ditzala

Su, fedez, gozoz gaindika bete Euskal-bihotzean zabala

Eta Herri hauk busti dituen Kristo Jaunaren odola.

 

»Orroit Lur hunen zutaratzeko apez nauzula hautatu.

Oi, zuri esker, goi jakitatez eta iduzkiz sugartu

Asmu berriak Euskal-mintzoan nik sartzen ahal banitu!

 

»Bai, Jauna, onar Euskal-Arimak egiten dautzun oihua

Menderen mende zerurat zabal, Euskarak garbi zaindua,

Jaun Goikoraino helaraz dezan, Euskal-Lurraren kantua».

 

                             * * *

 

Haize burrunba, ortzi karraska, Larrungo gaina su-pindar...

Eta hedoien artetik jautsiz itzultzen zinen, Axular,

Bihotz gogoak Jainkoz beterik, dena su, amets eta kar.

 

Gaua orduko bazaudelarik xirola-sistuz artzainak,

Ostatuetan kantu-orroaz rau-de-rau itsas-gizonak,

Supazterretan boz-daldaraka amatxi gazte izanak.

 

Zuk belauniko, lantuz Euskara, zabalduz Euskal-goga,

Burua sutan moldatu duzu, Axular apez beroa,

Hil-hurren ziren Euskal-Herrien betiereko Geroa.

 

                             * * *

 

Saran dugu, Axular, zure hil-errautsa,

Bihotz barnean aldiz zuk piztu Ametsa,

        Zu lagun mendez mende

        Euskaldun baikaude

                Oi Axular!...

Gora Euskal-Gogoa, Gora Jaun Goikoa!

Gora Gora Euskara, gurea Geroa!

 

Huna mende berriak argitzen zaizkola

Eta Euskal-Gogoa herrestan dabila,

        Orai beharko baitu

        Hil edo gaztetu

                Oi Axular!...

 

Hasi duzun lanari bihotz osoz lotuz,

Gu ere aiko gare, pertsuz eta kantuz,

        Euskaldunen bihotzen

        Euskaraz zabaltzen

                Oi Axular!...

 

Suz eta zeruz Euskara apainduko dugu

Nausi xutitu-eta egin dezan oihu:

        Doala ba erdara

        Herritik kanpora!

                Oi Axular!...

 

Kantuz jinen gitzaitzu Euskaldun anaiak

Ikasle, laborari eta apezgaiak

        Euskal-Gogoa sutan

        Altxatuz airetan

                Oi Axular!...

Denak soinu, orduan berpiztuko zare,

Iduzkia soineko, Larruna aldare,

        Euskal-Lurra betiko

        Jaun Goikoratzeko

                Oi Axular!...

Gora Euskal-Gogoa, gora Jaun Goikoa

Gora gora Euskara, gurea Geroa!

 

15-6-43

 

aurrekoa hurrengoa